...eta gure heriotzeko orduan, Gabriel Aresti BIGARREN EGINTZA (Aurreneko egintza akabatu baino hamar minitu geroago. Guztia orduan bezala egonen da. Bost fraileak eta negro kapitaina, kadira banatan egonen dira orain jarririk.) SERAPHICUS: Baina zergatik? Zergatik egin liteke munduan holako bidegabe bat? Jauna, Zeruko Jaun gloriosoa, zure miserikordia neurtu gabean, nola hartzen du kabiera inuzent odola isurtzeak? ANGELICUS: Goiko Jaunaren bideak misteriotsuak dira. Haren urrikalmenduarekin kontatzen dugunean, bihotza gogortzen zaio. Orduan Hura maiteen dugunok, zihortuak izaten gara. BENEDICTUS: Ezkaitezin trista, anaiak. Orain zeruan dago, eta gugatik otoitz egiten du. Mundu honetan hainbeste neke eta dolore sufritu ondoren, betiko bizitzaren premioa irabazi du. Anaia kristar batentzat, martiritzaren erramu freskoa baino bukaera ederragorik eztago, hura ezpaita bukaera, egiazko hasiera baizik. ANGELICUS: Baina orain bakarrik gaude. Aitarik gabe, zer geneidike guk, urrikariok? Amaren magala galdu duen umezurtzaren moduan ibiliko gara negarretan bailera nekagarri honetan. SERAPHICUS: Gure bihotza probatu nahi du Jainkoak, baina gure bihotza ahula da, eta gure aitaren burubiderik gabe, ezkara Haren asturuen merezient izanen. Ekaitz honetan galdurikako lau europeano tristeok, nola gobernatuko gara? Kurajea, nundik aterako dugu? ALBINUS: Ahuleriatik indarra atera bebar dugu. CLEMENS: Batzarra egin behar dugu. SERAPHICUS: Zertarako? CLEMENS: Nagusi berria hautatu behar dugu. Erromatik hautaera datorren bitartean, behinik-behineko nagusi bat behar dugu. BENEDICTUS: Geroko utzi beharko da hori. Orain beste gauza bat egin behar dugu, guretzat oso garrantsia haundikoa. Gure nagusia zenaren gorputz hila, jentilen eskuetatik koberatu behar dugu, hari lur santua eman behar diogu. ANGELICUS: Bai, etorkizunean erlikia preziatua izaren da. Dudarik eztago santutu eginen dutela Erroman, eta orduan hemen, misioetxe trakets honen gainean, monasterio eder bat eginen dugu. Hau afrikanoen debozioaren bihotza izanen da. Erromeriak eginen dituzte honera, eta gure santuak mirakuluak obratuko ditu. SERAPHICUS: Bai; zuzen daude Benedictus eta Angelicus, Hirira joan behar dugu, eta bertan gobernariekin mintzaturik, gure nagusiaren gorputz santua entregatuko digute. ANGELICUS: Bai. Proposatzen dut: Albinus eta Benedictus joanen dira, gauza hoietarako habilak baitira. CLEMENS: Gainera, hemen dago gure Ntxutxuma Bakale ere. Haren uniformearekin errazago konponduko dira gaitzak. Okasio honetan haren kapitantzaz baliatuko gara, Akort zaude, Ntxutxuma? NTXUTXUMA: Hirira joanen eznaizela uste dut. Gaur ez, behintzat. Eta behar bada, bihar, etzi eta etzidamu ere ez. BENEDICTUS: Zergatik? NTXUTXUMA: Eta are gehiago uste dut, zuek ere denbora luzean etzaratela hiritik agertuko, ANGELICUS: Zer diosku honek? BENEDICTUS: Zergatik? NTXUTXUMA: Ndongomanguilako aireak eztio gaur osagarri haundirik blankoari eskeintzen. BENEDICTUS: Zer gertatu da? NTXUTXUMA: Atzo soldadoak errebelatu zirela badakizue. Orain Ndongomanguilan eztago soldado blankorik. ANGELICUS: Baina oraingo gobernun ezta blankoa. Zergatik errebelatu dira soldado negroak gobernu negro baten kontra? NTXUTXUMA: Zuek, fraileok, politika gaietan eztakizue ezer. Gauza politikan eztago gauza politikan. Baina gaurko gobernu guztia oso demokratikoa da, Bi demokrazi klase diferente daude: liberala eta sozialixta. Bien arteko diferentzia agirian dago. Aurrena kapitalaren aldekoa da, eta bigarrena kontrakoa. ANGELICUS: Eta guri ze axola digu kapitalak? NTXUTXUMA: Zueri, ezer ez, badakit. Baina gaur soldadoeri errebela arazi dieteneri bai, badirudi franko axola diela. Blanko guztien ondasunak eta jabetasunak kenduko dituzte. Gero, nekazarien artean lurrak partituko dituzte. Gaur goizean hirian, errepublika sozialixta bat proklamatu da. ANGELICUS: Eta gobernuaren formak ze inporta digu? NTXUTXUMA: Bai, badakit mundu honetan zuek eztadukazuela interesik. Zuen erreinua ezta mundu honetakoa. Baina bien bitartean, zuen bizitza arriskuan dago. Hemendik berehala alde egiten ezpaduzue, zuek ere irabazi eginen duzue martiritzaren erramua. Honela, monasterio bat egingabe, sei eginen dira. Gaztigatzera etorri naiz. Nire abisua ezpedi, beraz, alferrikakoa izan. Kolperik debaldean ematen, eznaiz zalea. Hitz bitan esplikatuko dizuet egoera. Negroak asperturik daude. Orain artean aski sufritu dute. Eta aurrerantzean sufritzeko, eztaude prest. Lur errea egin nahi dute. Blankotasunaren azken arrastoak suntsitu eta borratu nahi dituzte. ANGELICUS: Baina hori bidegabea da. ALBINUS: Negro herriak eztu barkatu nahi. NTXUTXUMA: Blankoaren ihiza hasi da. Leku guztietatik bilatzen zaituzte. Nun blanko bat aurkitzen duten, hantxe bertan bortxatu eta hil egiten dute. Andrea den ala gizona den, haurra den ala atsoa den, hori eztute begiratzen. Ndongomanguil aldean, eztago blankoentzat segurantzarik. Beraz zuek, hemendik eskapatuko zarate berehala. ANGELICUS: Bai? Eta nola? NTXUTXUMA: Jeep batean etorri naiz. Oraingo gobernuak mandatu batekin bigaldu nau mugaren bestekaldera. Pasaporte bat daramat, niretzat eta nirekin etorriko diren guztientzat, Portugesek ongi errezibituko zaituezte. ANGELICUS: Baina Portugalen eztadukagu zer eginik. ALBINUS: Ni hemen geratuko naiz, dena dela. Apaiz jantzia erantziz geroztik, niretzat eztago nire herrikideen artean batere arriskurik. ANGELICUS: Barka zazu, Ntxutxuma, baina iruditzen zait eztudala oraindik ongi ulertu. Gauza asko konpreni litezke mundu honetan. Konparazio baterako, Gure Aita Sanctusi gertatu zaiona. Soldado errebelatu berri batzuren artean aurkitu da ezer jakin gabe, eta badakigu munduko bazter guztietako soldado guztiak zer diren: arnoz eta odolez horditzen dira, eta mila soberania eta endemasia egiten dituzte. Baina hortik zuk esan duzunera, alde haundia dago. Gobernu batek, liberal edo sozialixta, nola egin dezake holako ordenamentu zoro bat, larruko kolorean finkatua bakarrik, blanko guztiak hiltzekoa? NTXUTXUMA: Gobernu, berriak hala agindu du. ANGELICUS: Baina nola eta zergatik? NTXUTXUMA: Zuen egoera ongi konprenituko eztuzuela iruditzen zait. Gauza penagarria da, nik ezin lauda dezakedana, baina nire laudorioekin edo nire laudoriorik gabe, hola gertatu da. Lege ofiziala eztela egia da, baina biharko ezta Ndongomanguilan blanko bat ere geratuko. Hemengo azaletik itzalduak izanen zarate. Ni orain artean, ongi konpondu naiz gobernari berriokin, eta soldadotzan lehen nendukan gradoa oraindik kontserbatzen dut. Ni ere kristaua naizela badakizue, naiz eta kristau izen bat onartu nahi ukan ezpanuen ere, Aita Sanctusen eskuetatik hartu nituen bataioko urak eta olioak. Baina ndongo on bat eta kristau on bat izan uste dut, ezpaitira gauza kontrarioak. Beraz, nire gobernuaren zerbitzupean segitu behar dut. SERAPHICUS: Orduan, bidegabe hauen errudun izanen zara zu ere. NTXUTXUMA: Gaitz erizten didazu. Eznauzu maite. Badakizue esaera zapar bat: Gerrak gerra eskatzen du, Nik nire beharra beteko dut. Mandatu hura beteko dut, eta Herodesek bezala nire eskuak garbitzen ditut. ALBINUS: Katixima ahaztu zaitzu, Ntxutxuma. Eskuak garbitu, Pilatosek egin zituen. NTXUTXUMA: Eta Herodesek eskurik garbitzen etzuela nola dakizu? Baina ezta hau bromatzeko tenorea. Soldado pikete bat abiatu da hiritik honera, zuen bila. Ordu bete barren, hemen aurkituko da. Galtzeko astirik eztago, Arinki prepara zaitezte, bestela misio-etxeko gurutzetik zintzilika agertuko dira zuen lauren gorputz hilak biliar goizcan goizik. CLEMENS: Begira, Ntxutxuma, holako gauza bat ezin erabaki diteke terrepente. Zurekin joaten bagara, bizia gordeko dugu, baina bai harekin batera ohorea galduko ere. Gure konpainian holako aferetan eztadukagu hautatzeko eskubiderik edo zuzenik. Bost minituan erretiratuko gara. Han gure Aita Nagusiak erabaki behar du. Eta bosten artean Aita Sanctus berri bat hautatuko dugu. Hari obedituko diogu. Hola gauzak erabakitzeko astia emanen diguzu, Ntxutxuma? NTXUTXUMA: Bai, baina kondizio batekin. Aita Albinus eztela erretiratuko. CLEMENS: Zergatik? NTXUTXUMA: Harekin mintzatu behar dudalako bakarrean. CLEMENS: Zuk zer diozu, Aita Albinus? ALBINUS: Ni eznago arriskuan. Eztadukat zergatik ezer erabaki. CLEMENS: Baina halare, kristau apaiza eta anaia kristarra zaren bezala, oraingo batzarrean parte hartu behar duzu. ALBINUS: Orduan zuri emanen dizut nire boza eta botoa. CLEMENS: Akort. (Lau blankoak kolejiora doan atetik ateratzen dira. Bakarrik geratzen dira beste biak.) NTXUTXUMA: Ordu gaitzean aurkitzen zara, Winifredo. ALBINUS: Komentuan sartu nintzenetik bestela deitzen naiz. NTXUTXUMA: Baina niretzat Winifredo Odunia izanen zara beti. Izen horrekin izanen da beti zure aipamena. ALBINUS: Zer nahi duzu nigandik? NTXUTXUMA: Gure artean behar zaitugu, Oduma. ALBINUS: Jainkoaren zerbitzuan nago, Bakale. NTXUTXUMA: Denbora batean ezta ndongoen herrian Jainkorik izanen. Erlijio guztiak debekatu dira. ALBINUS: Grado behere batera etorri gara, beraz. NTXUTXUMA: Tiraniaren azpian gaude. ALBINUS: Nor da, bada, soldado errebelatuen burua? NTXUTXUMA: Franfranbeltz. ALBINUS: Naikoa esan duzu. NTXUTXUMA: Zure laguna da. ALBINUS: Bai zera! Jainkoa eta deabruak behin hasarratu ziren, esan zuen euskaldun bertsolariak, eta ordudanik eztira adiskidetu. NTXUTXUMA: Prezioa jarri dio zure buruari. ALBINUS: Merke? NTXUTXUMA: Kario xamar. Bi mila dolar. ALBINUS: Nire anaieri esan diet lehen arriskuan eznagoela. NTXUTXUMA: Azti ederra zara, gero! ALBINUS: Asto haundia, ene tristea! NTXUTXUMA: Entzun zaidazu, Oduma, Franfranbeltz zororik dago. Eta haren asmoak zoro batenak dira. Gure herria, gure Ndongo herri maitea, arriskuan dago. Gaurko gure tiranoa ongi ezagutzen duzu zuk, Negrotasunaren Batzar Nagusian naikoa zer esan eduki zenduen harekin, Negrotastuna gauza faltso bat dela probatu zenionean zure heriotza zin egin zuen. ALBINUS: Poztu egiten naiz. Hola eztut nire anaiarik trantze gogor honetan abandonatuko. NTXUTXUMA: Gauza batzuk esan behar dizkitzut sekretuki. Zure isiltasuna prometitzen didazu? ALBINUS: Gure anaien kontra ezer esaten ezpadidazu, bai. NTXUTXUMA: Entzun, bada. Ndongomanguilako lehen Gobernua fundatu zenean, Libertatearen Alderdikoak ezkinaden akort geratu, gobernu hura frantsesek izendatua eta mantetidua izan zelako. Orduan Sozialixt Alderdi Batukoekin egin genduen tratua, gobernua behera botatzeko, eta Ndongo herriaren libertatea lortzeko. Urte betean ibili gara hola, tira eta bira, eta azkenean gure jomugara heldu ginen. Atzo bertan dimititu zuen gobernu zaharrak. Eta gure orduan geundela uste ukan genduen. ALBINUS: Zuek errebelatu zenituzten soldadoak? NTXUTXUMA: Bai. Gure artean gertatzen zena lotsagarria zen. Libertatea deklaratu baino lehen, hautaerak, elezioetara deitu zuten frantsesek. Nori bere botoa eman zioten, eta honela Ndongomanguilako Parlamentuan frantsesek presentatu zituzten deputatuak atera ziren. Gero gobernuan lastozko gizonak jarri zituzten, Europatik zetortzan dekretuak eta legeak firmatu besterik egiten etzutenak. Beraz, oro koloni denboran bezala geratu zen. Egiazko erreboluzio bat egin nahi ukan genduen, Ndongo herriaren alde, Ndongo herria nazio libre bat izan zedin, frantsesek markatu zituzten mugak aldatzeko, eta abar. Gobernuaren kontrako alderdi biak Gobernuko soldadotzan ere, leku asko harturik geunden. Baina juntaturik, harmetan jarri ginen, gerriletako gerra gogor batean, gero... ALBINUS: Gero, Franfranbeltz agertu zen... NTXUTXUMA: Eta badirudi soldado gehienek haren aginduak obeditzen dituztela. Negroen Inperioa muntatu nahi du. Afrikatik blankoak, arabeak eta hinduarrak despatxatu nahi ditu. Amerikan ere, Karibe itsasoaren inguruan, beste horrenbeste egin nahi du. ALBINUS: Bere teoriak egiaztatu nahi ditu, beraz. NTXUTXUMA: Zu fraile sartu zinen egunetik, gure partean eztago hura baino beste idei gizonik. Eta egia esan behar badut, herria haren alde dago. Eta horretarako zaitugu behar, hari kontra egiteko. ALBINUS: Baina ni Anaia Kristarren Konpainiari zor natzaio. NTXUTXUMA: Zure herriari zor zatzaizkio lehen. Baina hala ezpalitz ere, Franfranbeltz behera botatzen ezpadugu, Ndongomanguilan eztugu kristau misiorik urte askotan ikusiko. Gaur guztiak botako dituzte, katolikoak eta protestanteak. Gurekin etorri behar duzu, Oduma. Beste erremediorik eztuzu. ALBINUS: Nire anaiek zurekin ihes egiten badute, eztadukat zer esanik. Baina hemen geratzea erabakitzen badute, haiekin geratuko naiz. Jainkoari eskeindu behar diot nire bizia. NTXUTXUMA: Hemen geratzen baldin bazara, zure bizitza eztiozu eskeinduko, zure heriotza baizik. ALBINUS: Eta nire buruaren gaineko prezioa? Nola konponduko dugu hori? NTXUTXUMA: Kobratu eginen dugu. ALBINUS: Kobratu? NTXUTXUMA: Bai, Ongi pentsatu dut. Bart jente asko hil zen Ndongomanguilan. Eta ongi preparatu nuen gauza atzo. Zure adineko eta tamainiako gizon bat aurkitu nuen hilik karrikan, eta automobilean kargatu nuen. Gorputz hil horri zure arropak jantziko dizkiogu, eta gero esku-bonba bat lehertuko dugu haren aurpegiaren aurrean. Honela eztu inork ezagutuko, eta nire hitzari amore eta sineste emanen zaio. Diru hori kobratuko dugu. Eta honela etzaitue bilatuko ALBINUS: Eta ni, nun sartuko naiz? NTXUTXUMA: Hori ere konpondua dut. Orain hiru hilabete soldado bat sartu zen gure artean, nire konpainian, Bada ezpadan, zure fotografia bat lortu nuen. Lehen esan dudan soldadoa, eztu inoiz inork ikusi. Ofizialki misio berezietan ibili da beti. Sarjentuaren gradoa du, eta nire lehengusua dela esaten da haren paperetan, Nkulanguek Bakale. Soldado hori zu zara. Haren uniformea automobilean dago. joan zaitezi. ALBINUS: Anaieri igurikiko diet. NTXUTXUMA: Ez. Eztakigu zer erabakiko duten. Hemen geratzen badira, soldadoek, hil eginen dituzte, baina hala ere eztakigu hil baino lehen ezer galdatuko dieten. Orduan dakiten guztia esan dezakete. Eta arrisku horretan eztadukagu zergatik aurki. ALBINUS: Zuzen zaude, bai, hala dirudi. NTXUTXUMA: Zure anaien pausoak entzuten ditut, joan zaitezi agudo, sarjentuaren arropa jantz zazu, eta zurea gorputz hilari jantz zaiozu. Automobiletik mitraileta bat eta bonba bat hartzazu. Gero hilaren aurpegiaren aurrean leher zazu bonba hori, eta beste gabe joan zaitezi korrikan eta pizkor. Ndongomanguilara daraman kaminoan hirugarren bueltan itxadongo didazu. Hamar minitu barren zurekin ezpanago, lau aitekin estranjeriara joan naizelako izanen da, eta orduan hiriko nire etxean presentaturen zara. Nire andreak badaduzka zure gaineko aginduak. ALBINUS: Agur, Bakale. (Eskua luzatzen dio.) NTXUTXUMA: Gero arte, Oduma. (Eskua estutzen dio. Badoa Aita Albinus erdiko atetik. Momentu batzutan bakarrik geratzen da Ntxutxuma Bakale. Gerotxuago lau apaizak agertzen dira.) Arinki ibili zarate. CLEMENS: Bai. Hautaera ederra izan da. NTXUTXUMA: Eta nor izan da hautatua? CLEMENS: Hemen geratzearekin eztit fabore handia egin Albinusek. Laurok Albinus hautatu dugu Nagusitzat; haretzaz fidatzen gara, buru belarri. Gainera gugandik jakintsuena eta zuhurrena da. Baina haren botoa libre geratzen zen, eta niri eman zidalako niretzat izan da. Beraz harek lau boto lortu ditu, eta nik bat. Modu honetan Aita Albinusi zerbait gertatzen baldin bazaio, ni izanen naiz hemengo nagusia, eta hori ezta gauza atsegina. Ezta nire gustukoa. Obeditu errazki egiten da, baina agindu ez. NTXUTXUMA: Ederki beteko duzu paper hori, grado hori. CLEMENS: Zer esan nahi duzu? NTXUTXUMA: Aita Albinusi zerbait gertatzen baldin bazaio. (Barre egiten dute.) CLEMENS: Apropos, nun dago gure Aita Sanctus berria? Notizia esan behar diogu. NTXUTXUMA: Gauza gaitz baten gainean mintzatu gara, eta nirekin hasarratu da. Baratzera joan da, banana bila. Laster etorriko dela. CLEMENS: Eta ze gauza gaitz izan da hori? NTXUTXUMA: Bada... Gobernua prest egonen litzakeela kristau misioei bakean uzteko, baina kondizio batekin, Erromako Aita Santuarekin edozein har-eman ebakitzekoarekin. CLEMENS: Guk ezkenduke holakorik eginen. NTXUTXUMA: Banenkien nik. Gure gobernu berriak Aita Santu beltz bat nahi du Afrika guztirako, eta gure Winifredo Odumagan, zuen Aita Albinusegan pentsatu dute. Horregatik gazteatu diot. Banenkien uko eginen zuela, eta gazteatu egin diot. Gainera, barre egiteko kondizio bat jarri diote. Izenez aldatu behar du, Aita Albinus izan gabe, Aita Niger izateko. (Guztiek luzaro barre egiten dute. Baina haien barre algarak bonba lehertu baten hotsak mututzen ditu.) CLEMENS: Zer izan da hori? ANGELICUS: Goazin, bada, ikustera. (Angelicus, Benedictus eta Seraphicus kanpora joaten dira. Ntxutxuma Bakale eta Aita Clemens geratzen dira. Besteen bozak entzuten dira kanpuan: Aita Albinus! Zer gertatu da? Bonba batekin hil dute! Handik doa hiltzalea! Joan gaitezin haren atzera! Harrapa dezagun! Maradikatua!, eta abar.) CLEMENS: (Atera joaten da. Handik Ntxutxumari bihurtzen zaio.) Gure Nagusi berria hil dute. Zer eztute gure begiek aurrerantzean ikusiko? NTXUTXUMA: Orain zu zara nagusia. CLEMENS: Zuek, anaiak, bihur zaitezte! Gizon etoi horrek beste inor hil dezan eztut nahi! Bihur! Itzul! (Hiru apaizak sartzen dira.) NTXUTXUMA: Aita Clemens, orain zu zara hemengo nagusia. CLEMENS: Bai! ANGELICUS: Egia da! Konturatu ere eznintzen egin. BENEDICTUS: Gutti iraun dio nagusitzak gure Albinusi. NTXUTXUMA: Barkatuko didazue, baina hamar minitu barren, hemen egonen dira soldadoak. Astirik eztago. Nirekin etorriko zarate ala hemen geratuko? Nork erabakiko du? BENEDICTUS: Aita Clemensek. ANGELICUS: Bai, hura baita nagusia orain. SERAPHICUS: Hari obedituko diogu. NTXUTXUMA: Zer diozu zuk, Aita Clemens? (Honek eztu erantzuten. Beste hiru fraileen aurpegiak, urduri eta izerditan, Clemensen aurpegitik negroaren aurpegira doazi.) Zer diostazu, Aita Clemens? Hemen geratuko zarate? CLEMENS: Bai. NTXUTXUMA: Etzatortzate, orduan, nirekin? CLEMENS: Ez (Lau fraileak, zutik, eztira mugitzen. Harrizko irudiak dirudite.) NTXUTXUMA: (Zer esan ere eztaki.) Hala nahi baduzue, nik eztadukat zer esanik. Derrigorrean etzaituet eramanen. Zer egiten duzuen badakizue. Ni banoa. Agur. (Atera doa, baina biderdian itzultzen da.) Honera etorri naizenean beso zabalik errezibitu nauzue. Joatorduan berriz, eztago horretarako humorerik. Konprenitzen dut. Ni banoa. Agur. (Atera beste pauso batzuk eginik, berriz ere bihurtzen da.) Martiritza kristau zaharren moduan sufrituko duzue. Badakit. Baina nik eztizuet hola hiltzen utziko, arratoiak bazinate bezala. Zuen bizitzak azken momentuan defenditu nahi badituzue, hemen uzten dizuet nire mitraileta. (Atea zabaldurik, handik esaten die.) Adio! Bonne chance! (Eta badoa. Fraileak, beti zut-zutik, eztira mugitzen. Eta oihala erorten da, geldiro.) ...eta gure heriotzeko orduan, Gabriel Aresti |