Ametsen faktoria
Jose Maratin Urrutia Txotxe
Ametsen faktoria
Jose Maratin Urrutia Txotxe
Eztena, 2018
Ametsen faktoria
Jose Maratin Urrutia Txotxe
Eztena, 2018
[aurkibidea]

 

II.

ANTZOKI BARRUAN

 

Jauregi-Faktoria-Txurreriaren aurreko errekatik denok gauero botatzen ditugun istorio kontaezinek itsasorako bidea hartzen dute. Istorio bakoitzak bere argi propioa du eta hor doa, ea nork batzen duen.

 

Istorioak suzko geruza batekin babesturik doaz, eta suak bezala erakarri eta erre gaitzakete gehiegi hurbiltzen bagara.

 

Ausarta izan behar da oso, oso ausarta, batu eta erre gabe geruza horren barruan dagoen istorioa besteei kontatzeko.

 

Zorionez, erreka honen itsasoranzko ibilbidean, istorio ezkutuek hainbat faktoria, jauregi edota txurreria aurkituko dituzte, eta itsaso zabalean galdu beharrean, zuengana iritsiko dira.

 

 

LEHENENGO AKTOA

Ezertan hasi aurretik

 

(korkotx agertzen da eszenatokian.)

 

KORKOTX: Faktoria-txurreria honen aurrealdetik, hor aurrean dugun erreka horretatik, denok ditugun ametsak, pasadizoak, ipuin kontaezinak, hitz jarioak, proklamak, diskurtsoak, eskutitz bukatugabeak, inoiz ikasi ez ditugun otoitzak, izunak, desioak. pasatzen ari dira.

            Zuek, bai, zuek, gauero botatzen dituzue, eta hor joaten dira errekatik itsasorantz umezurtz, arima galduak bezala, betiere norbaitek batuko dituen esperantzarekin.

            Zuek uste duzuen baino gehiago jasotzen dira errekatik, eta faktoria-txurreria honetan forma ematen saiatzen gara, zuen plazererako.

            Istorio hauen bitartez zein ezberdinak garen ohartzen gara, eta era berean denok, bai, denok, pasta antzerakoarekin eginak gaudela konturatzen gara.

            Bale, bale, badakit mila aldiz kontatu diguzula buztinarekin eman zenigula lehenengo forma eta abar..., baina orain beste pasta bati buruz hitz egiten ari ginen.

            Lasaitu zaitezte, jakinean egongo zarete faktoria-txurreria guztietan horrelako arimak, fantasmak bizi direla. Han, beno, hemen bizi dena guztiaren nagusia da. Beno, hori da berak pentsatzen duena.

            Berari “Dena” deitzea gustatzen zaio, eta “guk ikusi ezin eta berak gu ikusten gaituena” oihukatu ezkero, hemen agertzen da txistuaren pare. Beraz, okurritu ere ez horrelakorik esatea.

            Beno lagunok, iritsi da unea zuek gutxi batzuek ikusten dutena ikusteko: faktoria-txurreria honek nola lan egiten duen.

            Ezertan hasi aurretik, argitu dezagun dikotomia erraz hau: ikuskizuna gerta dadin bi elementu ezinbestekoak behar ditugu. Batetik ikusleak, hor zaudete zuek txintxo-txintxo jarrita, eta bestetik, aktoreak. Non daude aktoreak? Aurrera, bada, aktoreak.

 

(aktoreak ikusleen artetik agertzen dira, Zuberoako maskarada edo pastoral baten musikaz lagundurik. aktoreak euren lana egiteko prestatzen dira.)

 

 

BIGARREN AKTOA

Hasi nahi eta ezin

 

KORKOTX: Zuetako norbaitek nire korkotxa malformazio genetiko bat dela pentsatuko du. Bada, ez lagunok. Gau batez, horrelako jakin-mina nuen zer ote ziren errekan behera zihoazen sutxo horiek, errekara hurbildu, jauzi eta bat irentsi egin nuen, hori bai, ustekabez.

            Ez dakit hortik ikusi dezakezuen, baina nire korkotxak argi propioa du. Beraz, ez nazazue nahastu imitazio faltsuekin.

            Askotan, batzuetan, behin. ziur galdetu duzuela bizitza, hori, bai, egunero iratzargailuak martxan jartzen duen hori, ez al den antzerki hutsa.

            Zenbat pertsonaia ezberdin izaten gara egunero?

            Ama, aita, semea, alaba, irakaslea, nagusia, langileen ordezkaria, amorantea, parranderoa, militantea, eroslea, saltzailea, ikuslea, protagonista, gidaria, bezeroa. Egunero, uneoro ari gara pertsonaia ezberdinak antzezten. Beraz, ze ezberdintasun dago hor edo hemen gertatzen denarekin? Non suertatzen dira maiztasun gehiagorekin fikziozko egoerak, bizitza arruntean ala hemen, oholtza gainean?

            Gauero ezkutuan errekara botatzen ditugun istorioak ez al dira gure benetako istorioak?

            Non dago egia gehiago, hemen ala hor?

            Non dago mundu bien arteko muga?

 

(Une horretan erditzeko zorian dagoen emakume bat agertzen da, izerditan azkenengo kontrakzioetan, eta korkotx albo batera mugitzen da.)

 

 

HIRUGARREN AKTOA

Jaiotza. Azkenean istorioa hastera doa

 

EMAGINA: Animo, Lurdes, hartu arnasa eta gero bultza egin.

LOURDES: Bai, bai, saiatzen ari naiz.

EMAGINA: Animo, neska, laster izango dugu gure artean. Hartu arnasa eta gero bultza egin.

LURDES: Jose Julian? Non dago Jose Julian?

EMAGINA: Hemen dago, zure ondoan, erditzea grabatzen.

JOSE JULIAN: Animo, bihotza, gutxi falta da eta, kolpe batzuk gehiago eta umea hemen izango dugu, gure artean.

LURDES: Joder, Jose Julian ezin duzu kamera utzi eta nirekin batera indarra egin? Ah, ah, ah, orain, orain...

EMAGINA: Animo, neska, bertan dago eta, arnasa hartu eta bultza egin.

 

(Eszenatokitik desagertu bezain pronto haur baten arrantzak entzuten ditugu.)

 

KORKOTX: Kontxo, indarraz hasi da kontakizuna. Ez iezadazue kasu larregirik egin, baina uste dut haurra neska bada, Miren Bihotz ipini behar diotela izena, eta mutila bada, Mikel.

 

 

LAUGARREN AKTOA

Familiaren antolamendua

 

(lurdes kotxesilla batekin agertzen da eszenatokian.)

 

LURDES: Arin, Jose Julian, umea haurtzaindegira eraman behar dugu eta!

JOSE JULIAN: Lurdes, ahaztu egin zait esatea, baina nire amak dio umea bataiatzen ez badugu, eguerdietan ez duela haurtzaindegitik batuko.

LURDES: Zure ama mandeuli bat baino astunagoa da. Esaiozu pikutara joateko, topatuko dugula beste norbait bere lana egingo duena. Haurtzaindegian hasteko egokitzapen-egunak, eta orain zure ama kaparradia ematen. Ez nuen uste ume batek horrelako buruko minik emango zuenik. Julian, utzi iezaiozu erretzeari, ohetikjaiki eta ez duzu besterik egin eta. Umea prest?

JOSE JULIAN: Bai!!!

LURDES: Sartu dizkiozu galletak kotxesillan?

JOSE JULIAN: Ez, ahaztu egin zaizkit. Lurdes, zer esango diot nire amari?

LURDES: Esan dizut bada, pikutara joan dadila!

JOSE JULIAN: Lurdes, badakizu hori ezin diogula esan. Etxearen hipotekarekin zein kotxe berria erosteko kredituarekin itota gaude. Non topatuko dugu beste pertsona bat amak egiten duena egiteko, eta gainera doan?

LURDES: Mundu guztia dago horrela, majito, eta ez dituzte horregatik euren seme-alabak bataiatzen.

JOSE JULIAN: Lurdes, mesedez, lau tanta buruan besterik ez dira... eta bake santua.

LURDES: Eta non gelditzen dira zure printzipioak eta zure gaztetako ateismo militantea? Eta honetaz ari garela, oraintxe bertan kendu behar diot umeari lepoan daraman gurutzetxo hori.

JOSE JULIAN: Hori ez! Ez liguke barkatuko, ez litzateke gehiago guregana hurbilduko.

LURDES: Beno, ikus dezazun fede txarrik ez dudala, ez diot kenduko. Tira, mugi gaitezen, beti bezala berandu gabiltza eta.

JOSE JULIAN: Eta zer esango diot amari?

LURDES: Funbarriko matxinoa baino astunagoa zara, pentsatuko dugu zerbait bidean. Zuk batuko duzu umea zure amaren etxean, konforme?

JOSE JULIAN: Ados!

LURDES: Eta utzi behingoz erretzeari!

 

 

BOSGARREN AKTOA

Miren Bihotzek beste begi batzuekin
begiratzen dio munduari

 

(miren bihotz eszenatokian sartzen da, esku batean plastikozko poltsa bat darama eta bestean klarion zati bat. Poltsatik panpina atera, lurrean jarri eta marrazkiak egiten hasten da. Halako batean panpinak duen gorputz-jarrera berdina hartuz, zera esaten dio:)

 

MIREN BIHOTZ: Begira Lupi, hemendik aurrera hau izango da gure etxea, gure mundua. Gustatzen zaizu? Polita, ezta? Goizero leihoa zabaltzerakoan itsasoa ikusiko dugu, eta bertatik agurtuko ditugu urrutira doazen itsasontziak. Agur! Agur! Bidai ona izan, eta ez ahaztu guri zerbait ekartzea itzultzen zaretenean. Zer? Ez dakizuela noiz itzuliko zarien? Lasai, bertan egongo gara zuek itzuli arte.

            Imajinatzen duzu gure etxea zazpi itsasotako opariz josita? Egunero jantzi ezberdin bat erabiliko genuke eta inguruko herritarrak gure etxera etorriko lirateke kafea hartzera edota festak egitera.

            Zer, gure etxean ez dudala zaldirik marraztu? Zuk zaldi bat nahi duzula! Hori berehala konponduko dugu, Lupi. (Zaldiarena egiten duen bitartean) Arrazoia duzu, nola joango ginen, ba, herrira erosketak egitera zaldirik ez badugu.

 

(Une horretan miren bihotzen lagun bat sartzen da, marta. miren bihotzek zaldiarena egiten jarraitzen du buru belarri. martak Lupi agurtzen du eta zaldia ikusten duenean zaldiak egiten dituen zaratak egiten hasten da.)

 

MARTA: Hi! Hi! Hii!!! Goazen herrira erosketak egitera! Hii!!! Hii!!!

MIREN BIHOTZ: Marta zelako sustoa eman didazun!

MARTA: Hara, igo zaitez nire bizkarrera eta goazen, trostan egiteko gogoa dut eta!

MIREN BIHOTZ: Bada, nik ez!

MARTA: Miren Bihotz, inoiz baino arinago eramango zaitut!!!

MIREN BIHOTZ: Ezetz, eta kitto.

MARTA: Jesus, neska, nik zure jolasean parte hartu nahi nuen, besterik ez.

 

(miren bihotzek Lupi hartzen du eta poltsa baten barruan gordetzen du.)

 

MIREN BIHOTZ: Gaurkoz bukatu da. Ekarri dituzu lanak?

MARTA: Zuk esandakoak.

MIREN BIHOTZ: Bada, lagun iezadazu hau garbitzen, nire amak logela nola utzi dudan ikusten badu, akabatu egingo nau eta.

MARTA: Oraindik asko falta da zure ama etor dadin. Kontaidazu istorioa, eta atera Lupi gaixoa poltsa ilun horretatik, ito egingo duzu eta.

MIREN BIHOTZ: Lotsatu egiten naiz. Dugun adinarekin eta oraindik ere panpinekin jolasten ibiltzea.

MARTA: Lasai, neska, nik hartz handi bat dut eta berari kontatzen dizkiot nire pelikulak, edota nire haserreak, eta norbait badatorrela sentitzen badut, armairuan sartzen dut.

MIREN BIHOTZ: Nola sartu zara etxean?

MARTA: Atea zabalik aurkitu dut.

MIREN BIHOTZ: Nire amama Enkarniri beti ahaztu egiten zaio atea ixtea. Nire ama enteratzen bada!

MARTA (marrazkiari begiratuz): Hori zer da, Miren Bihotz?

MIREN BIHOTZ: Cartagenara doan itsasontzi bat. Bueltatzen denean, banbuz egindako mahaiak eta aulkiak ekarriko dizkigu, eta koloretako hamaka bat etxeko aurrealdean jartzeko, ezta Lupi?

 

(Biak barrezka hasten dira, eta miren bihotzek poltsa airera botatzen du. Berriro ere esku artean duenean:)

 

MIREN BIHOTZ: Zuk uste duzu gure adineko neskak oraindik ere panpinekin ibiltzen direla ipuinak asmatzen?

MARTA: Galdetu iezaiozu nire hartzari.

MIREN BIHOTZ: Ez dakit zer egingo nukeen zu eta Lupi barik. Klarion txiki hau ustekabeko garraiobide magiko bat bilakatu da. Berarekin edonora joan naiteke, berarekin nire ametsak marraz ditzaket. Dudan arantza bakarra Lupi bidaide bakarra dela da.

MARTA: Hemen nauzu ni ere, baina ez nazazu sartu poltsa ilun batean.

MIREN BIHOTZ: Ez txotxola! Beno, Lupi bere gotorlekutik aterako dut.

MARTA: Hori da, aska ezazu! Gora Lupi!!!

MIREN BIHOTZ: Gora!!! Aizu, Marta, eta nola deitzen da zure hartza?

MARTA: Tomas!

MIREN BIHOTZ: Tomas!!!

MARTA: Tomas!!! Berak salbatzen nau egoera arriskutsuetatik, eta berak jipoitzen ditu gupidarik gabe nire etsai amorratuenak.

MIREN BIHOTZ: Paul.

MARTA: Kepa, Rosa...

MIREN BIHOTZ: Koldo, Ane, Miren, Maider, Maialen...

MARTA: Eta gorrotatuena?

MARTA eta MIREN BIHOTZ: Amaia Cordero!!!

MARTA: Uff, zer-nolako pisua kendu dudan gainetik, orain arinagoa sentitzen naiz, zure etxeko leihotik salto egin izan banu bezala. Begira nola egiten dudan hegan, banoa, banoa urrutira ilargia ezkutatzen den tokira...

MIREN BIHOTZ: Eta zer da hor goitik ikusten duzuna???

MARTA: Ea zer den hor ikusten den puntutxo hori... Itsasontzi bat... Marinelek Cartagenara doazela esaten didate... Itxaron momentu bat, berehala nator...

MIREN BIHOTZ: Baina zer da egin behar duzuna???

MARTA: Beste hamaka bat eskatu behar diet niretzat. Benetan jatorrak dira marinel hauek. Kakaoa eta kafea ekarriko digutela esan didate. Uff, demasa egin dudan hegaldia.

MIREN BIHOTZ: Marta, (lupiri begiratuz) gaur zure etxera joan behar garela uste dut.

MARTA: Bai???

MIREN BIHOTZ: Lupik esan dit Tomas ezagutzeko irrikan dagoela.

MARTA: Oraintxe bertan, Lupi!!!

MIREN BIHOTZ: Lagun iezadazu hau apurtxo bat txukuntzen. Nire amak ez ditu oso gustuko nire ipuinak.

 

 

SEIGARREN AKTOA

Familian zerbait handia gertatzen da

 

(Eszenatokian enkarna, jose julianen ama, sartzen da.)

 

ENKARNA: Lurdes! Julian! Etxe santu honetan inor ez da egoten ordu normaletan. Beno, hemen utziko diet frijituen orea eta natillak.

 

(Une horretan lurdes negar batean sartzen da, eta atzetik jose julian dago, zigarro bat erretzen.)

 

JOSE JULIAN: Ez da horrenbesterako, Lurdes. Galduta dabil eta bere bidea aurkitzen ari da. Hau aukera bat izan daiteke.

LURDES: Aukera bat! Aukera bat! Han eta hemen txorouseinak egiten besteen plazererako.

ENKARNA: Esango didazue zer gertatzen den? Ze kalamidade gertatu den familia honetan?

LURDES: Argitu iezaiozu zeuk, nik dudan disgustuarekin ezin dut eta. Eta Julian, utzi ditxosozko zigarro hori! Ez dakit nola ez duzun minbizirik, erretzen duzun guztiarekin.

ENKARNA: Nire aitak jo ta ke erretzen zuen eta azkenean asperkeriagatik hil zen.

LURDES: Beno, Enkarna!

JOSE JULIAN: Ze, ama, asteko oparitxoarekin!

ENKARNA: Beno, Jose Julian, kontatuko didazu zer gertatzen zaizuen?

JOSE JULIAN: Huskeriatxo bat, Miren Bihotzek ikasketak utzi dituela.

LURDES: Huskeriatxo bat. Gaur egun tontoenak ere lizentziatura bat ateratzen du. Gureak bide erdian dena pikutara bidaltzen du eta guk huskeriatxo bat bezala hartu behar dugu?

ENKARNA: Normala, ez zenuten bataiatu eta, klaro, neskatila kaskarina irten zaigu.

LURDES: Txorradarik ez, Enkarni, txorradarik ez. Nire pazientziak neurri bat du, entzun?

JOSE JULIAN: Bake santua. Zer, kafetxo bat hartuko dugu?

LURDES: Bakea, bakea, ez dakit nola ez zinen zure garaian fraide sartu.

JOSE JULIAN: Isilduko zara behingoz., badirudi zure mingainak geldi egon ezina duela.

ENKARNA: Ez da, bada, haurdun egongo gure neskatila?

LURDES: Bai zera. Okerrago, Enkarni, okerrago!

JOSE JULIAN: Gure alabak aktoresa izan nahi du, dena utzi eta buru-belarri sartu nahi da antzerkiaren munduan.

ENKARNA: Gure familian beti egon dira artistak, urruti joan barik tia Karmen plazaz plaza ibiltzen zen dantzan. Behin, ez dakit nongo plazan, urrezko dolar bat bota zioten.

LURDES: Hori mila aldiz entzun dugu. Gainera, haiek beste garai batzuk ziren. Entzun ondo! Miren Bihotzek ikasketak utzi ditu plazaz plaza ibiltzeko!

ENKARNA: Eskasagoa litzateke haurdun gelditzea, duen adinarekin eta bizitza oso bat aurretik izanik.

LURDES: K.O. teknikoa! Ni banoa Josuren bila autobus geltokira. Zuek egin sudur puntan jartzen zaizuena.

JOSE JULIAN: Ni zurekin noa, tabako barik gelditu naiz eta.

ENKARNA: Ez noa, bada, ni hemen bakarrik gelditzera. Hara, mugi, etxean artista bat izan behar dugu eta.

LURDES: Enkarna-Enkarna...!

ENKARNA: Lurdes, ez iezadazu ukatu, baina txikitatik izan da ume berezi bat.

JOSE JULIAN: Mugi, autobusa heltzear dago.

 

 

ZAZPIGARREN AKTOA

Makineria martxan jartzen da

 

(korkotx eszenatokian agertzen da.)

 

KORKOTX: Batek baino gehiagok txorakeriak esaten ditudala pentsatuko du esaten badut ausarta izan behar dela istorioak-sutxoak hartu, begiratu barruan zer dagoen eta gero zuei kontatzeko, zuen plazererako. Begira, begira zer-nolako giroa dagoen Miren Bihotzen familian, eskerrak familian lehenago ere izan dituztela horrelako esperientziak!

            Faktoria honetan lan egiteko oso pertsona ausarta izan behar da, printzipio eta indar handikoa.

            Ez hasi orain pentsatzen dohain genetiko berezi bat dutela bertan parte hartzen duten langileek, ez. Zuek bezalakoak dira, baina horrelako har, zizare bat sartu zaie eta istorioak berregituratzea, kontatzea, beste norbaiten azalean jartzea behar dute. Eta gezurra badirudi ere, ezin dute zuek barik bizi, zuek zarete euren ispilua, eta era berean, eurak zuena.

            Oholtzak halako dar-dar magiko bat du, eta konturatu orduko, barruan sartzen zaizu. Akaso hori da aktore-langileek sentitzen duten har edo zizare hori?

            Sinistu iezadazue: hona igo ezkero, dena beste era batean ikusi eta sentitzen dela. Horrelako erotika berezi bat du, atrapatu eta eszitatu egiten zaitu, zakilaren burua zein aluaren ezpainak bezain sentikorrak bilakatzen gara gu. Kontuz!: onerako zein txarrerako...

            Eta badakizue: larregi hurbildu ezkero, erre egin gaitezke edo, nire kasuan bezala, argitxo bat eraman betirako lepo gainean. Hor datoz faktoria-txurreria honetako langileak, ea zer kontatzen diguten...

 

(lukas aktore-langilea agertzen da eszenatokian libreto bat eskuan duelarik, eta handik gutxira elias aktore-langilea agertzen da.)

 

ELIAS: Kaixo, Lukas, beti bezala lehena, ohiturak ez galtzeko.

LUKAS: Zer egingo diogu, bada.

ELIAS: Ez zenituen besteak ikusiko.

LUKAS: Lasai, laster izango dira hemen.

 

(Beste bi aktore-langile agertzen dira.)

 

ELENA eta IZASKUN: Arratsalde on, Elias eta Lukas!

ELENA: Lanean hasteko prest.

IZASKUN: Miren Bihotz aldatzen dago, atoan izango da hemen.

ELIAS: Beno, ez dezagun denborarik galdu eta has gaitezen zerbait egiten. Atera zerraldoa eta bakoitza bere tokira.

MIREN BIHOTZ: Epa!!!

ELIAS: Zure tokira, hastera goaz.

MIREN BIHOTZ: Oso urduri nago! Buff!!! Hobe beste norbaitek egiten badu nire papera. Nik ez dut ondo egingo.

ELIAS: Lasai, ondo irtengo da dena.

 

(Zerraldoa bere tokian kokatzen dute, kandelak banandu eta eszena hasten da.)

 

ELIAS: Hiru esaten dudanean, musika sartuko dugu. Bat, bi eta hiru, nahi duzuenean.

 

 

ZORTZIGARREN AKTOA

Emanaldia hastera doa

 

(Musika hunkigarri batek girotzen du eszenatokia. Erdian zerraldoa, eta bere inguruan familia. Herritarrak euren ama zenaren azkenengo agurrean. Bizitzari bezala agurrari ere iritsi zaio bere ordua, eta felik —elenak antzeztua— ordulariari erreparatuz bukatutzat ematen du.)

 

FELI (elena): Itxi atea, Ramon, nahikoa da gaurkoz.

RAMON (lukas): Hori ez da tanatorioko arduradunaren lana.

FELI (elena): Ordua da, eta ni kokoteraino nago istorio honekin.

DORI (izaskun): Ea, Ramon, egin ezazu Felik eskatu dizuna.

RAMON (lukas): Banoa, beti zuen desioen morroi.

ELOISA (miren bihotz): Kandelak amatatuko ditugu, arima galdu batzuen itxura dugu eta.

DORI: Zure amaren azkenengo desioa zen. Berdin zitzaizkion tanatorioko kontuak zein erraustea, baina bere agurrean kandelak egon behar ziren.

FELI: Azkenengo momentura arte bere aginduak bete behar izan ditugu.

RAMON: Tanatoriokoak kanpoko ateak ere itxi ditu. Feli, ez duzu uste gure zeregina dela bere azkenengo nahiak betetzea?

FELI: Beno, bai... baina kandelekin egotea, errege eguneko kabalgatako pajeen antzera, bada beno...

MIREN BIHOTZ: Guk dugu errua...! Kaka zaharra, esaten nizuen hobe zela beste norbaitek egin zezala paper hau. Joder, ez diot puntua hartzen pertsonaiari.

IZASKUN: Lasai, neska, denok ditugu egun txarrak.

 

(elias sartzen da libretoarekin eszenaren zatia irakurtzen.)

 

ELIAS: Aupa, Miren Bihotz. Urduri zaude, denok bezala, eta horrelakoak gertatzea normala da. Istorio hau zurea da, zuk atera zenuen errekatik. Animo, ongi doa eta.

            “Inoiz ez diogu aurre egin. Aita hil zenetik, beno, betidanik esango nuke nik...!”

MIREN BIHOTZ: Nahiko, hartu diot berriro ere haria. Barkatu.

 

(Pertsonaian sartzen da berriro.)

 

ELOISA (miren bihotz): Inoiz ez diogu aurre egin. Aita hil zenetik, beno, betidanik esango nuke nik, bere kapritxoen morroi bizi izan gara. Ikasi hau, ez egin hori, ez dago ongi ikusita, lagun horiek ez dira zuretzako komenigarriak, gure familiaren izena herrian toki onean utzi behar dugu... Eta honi guztiari eusteko bera biktima bezala munduaren aurrean, Pedro Larrearen alarguna, lau seme alabekin bizitza korapilatsu eta aldakor honetan. Horrela urteak joan eta etorri, azkenengo unera arte. Eta guk ez genuen bere onetik atera nahi, bere ondasunen zatirik gabe gelditzeko beldurrez. Saiak bezala bere inguruan, bakoitza bere zatia galtzeko beldurrez.

DORI: Baina nola egin dezakezu berba horrela, oraindik ere bere gorpua hemen egonda? Oraindik ez dugunean denborarik eduki bera hil dela barneratzeko?

RAMON: Bera kutxa horren barruan dagoela sinistea kosta egiten zait. Baina Eloisari ere ez zaio arrazoirik falta, azkenengo urteetan bere eskuetan egon garen titere batzuk besterik ez gera izan.

FELI: Beno, txotxongilo-koadrila, abiatuko gara etxerantz? Ni gosez akabatzen nago.

DORI: Bada, ez ditugu jango zuk egindako erosketak. Etxean ez dago ezer. Ama gaixotu zenetik etxeko egoera kaotikoa da, ez dut uste gosaltzeko ere ezer dugunik. Amak jakingo balu!!!

ELOISA: Bada,joan gaitezen ondoko txinora. Eta ez iezaiozu horrelako garrantzirik eman ez duenari.

FELI: Animo, Dori, munduak aurrera egingo du gure ama barik ere.

DORI: Aurrera? Baina zuek ongi begiratu diozue zuen buruari? Etxeko hozkailua betetzeko gai ez diren hiru neskazahar eta mutilzahar bat. Ez zarete konturatzen etxeko motorra, arima, bihotza,joan egin zaigula?

ELOISA: Etxeko motorra, bihotza, zentsorea, nagusia, gure frustrazioen iturria.

DORI: Nahiko, Eloisa, ez dut uste hau denik tokirik egokiena.

ELOISA: Eta zer du toki honek besteek ez dutenik?

DORI: Bera oraindik hemen dagoela!

ELOISA: Horrela bada, entzun dezala ondo behingoz, guk zer pentsatzen dugun berataz. Ni desiratzen nago ze zati tokatzen zaidan jakin eta etxetik alde egiteko. Aspaldi egin behar nuena egiteko.

DORI: Zer? Etxetik alde egin behar duzula?

RAMON: Neu ere horretan nago, Dori. Ez zaitez haserretu. Haize freskoa behar dugu. Hainbeste urtetan elkarrekin murmurioka, azkenean horrelako ustel usain antzeko bat dago gure artean.

DORI: Ez nuen horrelakorik espero. Eta zu, Feli, zer dago zure isiltasunaren atzean?

FELI: Zure urduritasun horren atzean dagoen gauza berbera: zu bazoaz, ni etxean geldituko naiz, eta gelditzen bazara, bada hori, ni ere banoa.

DORI: Ezin dut sinistu gertatzen ari dena. Hipokritak, denok egon zarie bere inguruan une hau noiz helduko zain.

ELOISA: Ez zaitez babalorea izan. Hemen bizitzaren aurrean porrot egin duten lau pertsona gaude, eta zu tartean, majita. Konpon dezagun egoera hau eta kitto.

RAMON: Dori! Ikus itzazu gauzak diren bezala. Errealitatea hau da, entzuten ari zarena. Bera beldurtia zen eta horren lekukoak gara gu. Ez dezagun gure azkenengo abagune hau alperrik galdu, egin diezaiogun aurre behingoz bizitzari.

FELI: Inoiz ez da berandu.

DORI: Zuek bai babaloreak, akaso beranduegi da zuen ametsak betetzeko. Agian, gure amak ez zuen zentimorik ere, bere maila soziala pantomima bat besterik ez da izan. Akaso gure aitak ez zuen hainbeste ondare, edota gure amak, beharbada, dena bingoan gastatu zuen.

RAMON: Zer diozu!

FELI: Gezurretan ari zara!

ELOISA: Joan zaitez beste nonbaitera adarra jotzera!!!

ELIAS: Nahiko! Oso ondo! Nire ustez, muntaia gure eskuetan dago. Ea, zerraldoaren barruan dagoena, irten zaitez! Ahaztu egin zait bere izena.

ENKARNA (zerraldo barrutik): Enkarna!!!

MIREN BIHOTZ: Enkarna! Nire amama ere horrela deitzen da.

 

(Zerraldoa zabaltzen denean...)

 

MIREN BIHOTZ: Amama!

ENKARNA: Miren Bihotz!

 

(Besteek barre egiten dute egoera xelebre horren aurrean.)

 

ELIAS: Gaurkoz nahikoa, merezitako deskantsua hartuko dugu. Aldatu eta kanpoan elkartuko gara, lotu gabeko gauza asko ditugu eta.

 

(miren bihotz eta enkarna gelditzen dira eszenatokian.)

 

MIREN BIHOTZ: Lagunduko zaitut!!!

ENKARNA: Bai, kariño, lagundu iezadazu espazio-ontzi honetatik jaisten.

MIREN BIHOTZ: Itxaron, aulki bat ekarriko dizut. Baina, baina zer egiten duzu zuk hemen? Ezin dut sinistu nire begiak ikusten ari direna.

ENKARNA: Nik ere ez dakit oso ondo zer egiten dudan hemen. Uaah!! Haizea. Nire ametsetan beti pentsatu izan dut zerurako bidean beste erosotasun batzuk edukiko genituela. Ea taldekoek beste zerraldo bat aurkitzen duten, honek barruan ez du koltxoirik ere.

MIREN BIHOTZ: Badakizu, amama, taldean gogoa soberan baina dirurik, zentimorik ere ez, beraz... Beno, eta jakin daiteke nola sartu zaren taldean?

ENKARNA: Txarto ez banabil, zuek prentsan iragarki bat jarri zenuten: “Adineko emakume bat behar dugu antzerki batean parte hartzeko”. Eta larregi pentsatu gabe, hemen nago. Neska, asper-asper eginda nengoen etxean. Zerbait ezberdina behar nuen eta hemen nago. Mesedez, ez iezaiozu ezer esan zure amari.

MIREN BIHOTZ: Makaleko sustoa hartuko luke.

ENKARNA: Eta zure aitak?

MIREN BIHOTZ: Aitak, akaso erretzeari utziko lioke.

ENKARNA: Ezta mundua akabatuta ere!!!

MIREN BIHOTZ: Goazen besteengana, ea zer komentatzen duten. Oraindik gauza asko daude egiteko eta.

ENKARNA: Baina antzezteaz gain, gauza gehiago egin behar al dira?

MIREN BIHOTZ: Noski, maja! Eszenografia, jantziak, eszenan erabiltzen ditugun tresnak... Gainera, zuk primeran lagunduko diguzu, zuk guk baino hobeto kontrolatzen dituzu josteko kontuak. Garai batean, etxeko soineko guztiak konpontzen zenituen.

ENKARNA: Hemen ere jostera, ni pensar!!!

MIREN BIHOTZ: Amama, antzerki talde batean denetarik egin behar da, ikusiko duzu, ez duzu aspertzeko betarik izango.

 

 

BEDERATZIGARREN AKTOA

Falta zirenak

 

(enkarna eta miren bihotz taldearekin elkartzen dira eta korkotx sartzen da.)

 

KORKOTX: Hau ustekabea, familia oholtza gainean elkartu behar. Bi belaunaldi oholtza gainean elkartuta istorio bat kontatzeko. Lagunok, hau gutxitan suertatzen da. Beraz disfruta, goza dezagun egoera honekin.

            Faktoria pil-pilean dago, lanean jo ta fuego istorio bat errekuperatzen, bizitzaren pasarte bat berregituratzen.

 

(Halako batean musika indartsu batek ustekabean hartzen du korkotx. Musikak horrelako ukitu zerutiar bat du. Aurretik, halamoduzko laino baten aurretik aingeru dotore bat ikusten dugu atzetik, gurdi gainean emakume dotore bat, eta atzean hego jausi bi gurditik tiraka. korkotx albo batera egiten da, eta bere aurpegian desesperazio marra bat margotzen da.)

 

GABRIEL: Zuekin, jaun-andereok, dena!!! Zuek ikusi ez eta gu ikusten gaituena! Makur zaitezte!

DENA: Eman, Migel Angel, astoak tiratutako gurdi bat ematen du honek eta!!!

MIGEL ANGEL: Ahalegintzen ari naiz jauna, baina zu gizendu egin zara edo nik indarrak galdu ditut.

 

(Buelta osoa ematen diote eszenatokiari. korkotxek erreberentzia batekin agurtzen du.)

 

GABRIEL (denari begira): Hasieraren hasiera. Abiapuntu eta helmuga. Berak egin gintuen eta berari begira bizi gera. Galdera guztien erantzuna eta zalantza guztien sehaska. Bera!!!

KORKOTX: Bejondeizula, jauna! Hau da hau agertzeko modua. Lehen trumoiak eta tximistak erabiltzen zenituen, eta orain gurdi bat, asto batek.

MIGEL ANGEL: Kontuz, Korkotx. Ni etxe onekoa naiz zu bezala eta lan hau egokitu zait, ez da Gabrielek egiten duena bezain dotorea, baina beharrezkoa da, zeren honek aspaldi honetan ez du zimikorik ere gastatzen bere agerpenetan.

DENA: Zer diozu! Ixo!!!

KORKOTX: Eta noiztik mozorrotzen zara emakumez? Non utzi dituzu zure ile eta bizar zuri luzeak?

DENA: Ez dituzu gustuko nire jantzi berriak?

MIGEL ANGEL: Esaten nion nik aldaketa handia zela. Ni ohiturak mantentzearen aldekoa nintzen, baina Gabrielek eta berak ezetz, gaurkotu egin behar ginela, egoera berriei egokitu. Eta begira zer-nolako figura duen.

GABRIEL: Zaude isilik, zure lana gurditik tiratzea da eta.

DENA: Isiltzen ez bazara, zure azkenengo agerpen publikoa izango da. Hor egongo zara goiko zirrikituren bat garbitzen, gizaldi eta gizaldietan.

GABRIEL: Amen!!!

MIGEL ANGEL: Amen!!!

DENA: Korkotx, oso haserre nago zurekin, oso haserre. Batetik, etxe santu honetako nagusia naizelako, denon gainetik dagoena eta ez nauzu gonbidatu bertan agertzera. Ikusita gauzak nola doazen, bertara jaistea erabaki dut. Egia da azkenengo boladan ez nagoela nire unerik onenean, baina horrek ez du kentzen zor zaidan errespetua eta begirunea.

KORKOTX: Barkatu, baina inork ez zaituenez deitu, bada, ez dut horren beharrik ikusi. Hala ere, oraindik ez didazu itxuraldaketaren zergatia argitu.

GABRIEL: Ez dago horren beharrik, berak ez dio inori zertan arrazoirik eman behar.

MIGEL ANGEL: Bai, eta gero hor egoten da pelmada ematen, ea hurrengo agerpenean ze itxurarekin agertuko den. Ea tunika urdin argia edo zuria jantziko duen, begiak margotu edo margotu barik, beno, eta ezpainen kolorearekin...

GABRIEL: Migel Angel!!!

DENA: Ixo, bestela.

MIGEL ANGEL: Amen!!!

DENA: Eskerrak nire pazientzia infinitua den, bestela... Korkotx, gero eta herritar gehiagok ez naute kontuan hartzen, ez dakit nire lehengo itxurak beldurtu egiten zituen edo gaurko ereduetarako itsusia naizen. Aldaketa sakon bat behar nuen eta goitik behera aldatzea erabaki nuen, eta hona hemen emakume itxurarekin. Ea horrela aintzakotzat hartzen nauten.

            Begira, prest nago eskuzabalagoa izateko, itxura batean irekiagoa, eta nire figurazioa bakoitzak nahi duena izan dadila. Hor goian oso bakarrik sentitzen naiz, Korkotx, oso bakarrik.

            Lehen herritarrek gauza gehiago kontatzen zizkidaten. Orain errekak istorioz lepo doaz itsasorako bidean, eta ez dut jakiten nolakoak diren.

KORKOTX: Baina ez zinen zu denaren jakinean zegoena?

MIGEL ANGEL: Hori bera uste nuen nik ere. Baina bere zerbitzurako hasi nintzenean lanean, hura desengainua. Gauza asko jakin bai, baina dena...

GABRIEL: Migel Angel, muga guztiak gainditzen ari zera. Jauna!

MIGEL ANGEL: Amen!!!

DENA: Utz iezaiozu, bere zintzotasunak ez du parekorik, eta bere ahotan aurkitzen dut askotan bidea, Gabriel. Zergatik uste duzu dugula gurekin lanean, gurdiari tira egiteko kolpe ona duelako?

GABRIEL: Jauna!

MIGEL ANGEL: Amen!

KORKOTX: Nik ezin zaitut lagundu, gure lana argi horiek dituzten barrenak argitzea da. Hori bai, erre barik, gizakiak nolakoak garen hobeto ulertzeko. Zure kontuak, bada?

DENA: Baina, Korkotx, ni gizakia barik ez naiz ezer!

MIGEL ANGEL: Eta horrelako itxurarekin, gutxiago!

GABRIEL: Hegoak erreko dizkizut eta infernura joango zara, ea han zure ahoa itxita edukitzen ikasten duzun.

MIGEL ANGEL: A.

GABRIEL: Amen!!!

DENA: Ulertzen didazu, Korkotx?

KORKOTX: Ulertzen zaitut. Faktorian martxan jartzen ditugu ezkutuan botatako istorioak. Askotan kontaezinak direnak, baina era berean, nolakoak garen jakiteko beharrezkoak direnak. Horrek ez du esan nahi demaseko gertaerak direnik. Istorioak arruntak dira. Pentsa, istorio gehienak bukatu gabeak dira, askotan forma eta zentzu gutxi dutenak. Aldiz, zuk, gizakiok sufritzen ditugun gertaera garrantzitsuenak batzen dituzu, bizitzaren etorrera, heriotza, prezeptu moralak, bekatuak. Ez gara ausartu ere egin zurekin alderatzera, gu titiritero batzuk besterik ez gara.

DENA: Egia esaten badizut, Korkotx, azkenengo urteetan betiko ospakizunetarako deitzen gaituzte bakarrik: bataioak, ezkontzak, hiletak... galdetu bestela hauei. Gero eta aspergarriagoa egiten zait nire lana, kokoteraino nago begi bistan gertatzen diren gauzekin. Pasa iezazkidazu sutxo batzuk, arren!

KORKOTX: Ezinezkoa da, nik ezin dut horrelakorik egin. Denok bezala, faktoriatik sarriagotan agertu beharko zara. Eta, nire ustez, beste itxura batekin.

DENA: Ez zaizu nire itxura gustatzen, ala?

KORKOTX: Ez naiz ni, bada, aproposena itxuraz hitz egiteko. Beno, itxura baino gehiago, moduez pentsatzen ari nintzen ni.

MIGEL ANGEL: Gurdi barik, efektu berezi barik, hego itsusi hauek barik...

GABRIEL: Eta nola agertu behar gara, bada?

DENA: Ulertu dut, ulertu dut! Beno, eta joan aurretik kontatuko diguzu orain suertatzen ari den istorio honek nola jarraitzen duen?

KORKOTX: Ez dut ideiarik ere. Istorio hau Miren Bihotzek jaso zuen errekatik, eta bera eta ez beste inor da bere jabea. Joan aurretik zera galdetzea nahiko nizuke: ez zinen, bada, zu gizon itxurarekin gure artean egon? Ez zenuen behar beste ikusi nolakoak garen jakiteko?

DENA: Horiek kontu zaharrak dira, Korkotx, kontu zaharrak! (Une horretan telefonoaren txirrinak gogor jotzen du.)

KORKOTX: Goazen hemendik, honek jarraitzen du eta.

 

(Gure pertsonaia zerutiarrak badoaz eta telefonoak bere soinu sarkorrarekin jarraitzen du. Telefonoak jo eta jo, azkenean jose julianek hartzen du.)

 

 

HAMARGARREN AKTOA

Hauek inoiz ez dira ongi etorriak izango

 

JOSE JULIAN: Bai!!! Sí, bueno, esta última temporada aparece poco por casa.

            Mañana tiene que presentarse en el cuartel de “La Salve” de Bilbao a las 9 de la mañana. Bien, de acuerdo. Es algo grave?

            No, solamente son trámites administrativos.

LURDES: Norekin egon zera berriketan?

JOSE JULIAN: Guardia Zibilek deitu dute ea Miren Bihotz hemen bizi den galdetzeko, eta bihar bederatzietan “La Salve”-ko kuartelean aurkeztu behar dela esateko.

LURDES: Zer? Bihar? Nora?

JOSE JULIAN: Ongi ulertu duzu. Ni banoa kalera, tabako bila.

LURDES: Zu ez zoaz inora. Zure alaba bihar kuartelera joan behar da eta zu zure tabako ditxoso horrekin. Ez dakit nola zauden bizirik erretzen duzun guztiarekin. Alaba honek disgustuekin akabatu behar nau. Zer egingo ote zuen oraingo honetan?

JOSE JULIAN: Guardia Zibilak esan dit ez zela ezer garrantzitsua, arazo administratibo bat beste barik.

LURDES: Guardia Zibilak tartean sartzen direnean ez da ezer onik suertatzen. Gaur gauean etortzen denean entzun behar dit. Eta joan dadila antzerki kontuak ahazten, mundu horretan sartu denetik arazoak besterik ez ditu aurkitzen eta.

JOSE JULIAN: Ez ezazu zure burua engainatu, gure alaba beti izan da horrelakoa eta horrelakoa izaten jarraituko du. Eta debeku horrek, antzerkia ez egitearenak, ez du zentzurik, urari ezin zaio presarik ipini alde egin eta gero, Lurdes.

LURDES: Argi dago denak nire aurka zaudetela, ni asto baten pare jo ta fuego lanean familia hau aurrera ateratzeko, eta begira zer-nolako ordaina. Eskerrak Josu daukadala, ziur nago berak behintzat aintzakotzat hartuko nauela.

JOSE JULIAN: Ez ezazu pantomimarik egin, Lurdes. Eurak izan nahi dutena izango dira. Zu ezin zara egon une eta toki guztietan euren bizitza manipulatzen. Ongi dago bidea markatzea eta eurengatik arduratzea, baina eurak dira euren erabakien arduradunak, eurak eta ez beste inor. Miren Bihotzeri beti nahi izan diozu bidea ongi markatuta utzi. Zuk gazte aroan lortu ez zenituen helburuak bere bitartez lortu nahi izan dituzu.

LURDES: Edozein gurasori gerta dakiokeena, ala ez? Ez didazu esango hori ez dela bidezkoa?

JOSE JULIAN: Bai, baina entzun, gutxitan galdetu izan diozu berak zer pentsatzen duen. Bere hobe beharrez denez, hona eta hara bidali duzu berari ezer galdetu barik, jakinda berari gehien gustatzen zaiona istorioak asmatzea dela. Psikologo batengana ere eraman duzu oso berekoia dela argudiatuz, eta ea horrek ondoriorik eduki zezakeen bere garapenean. Eta berak une bat izan duenean zuk markatutako bide horretatik alde egiteko, sast! alde egin du, Lurdesen proiektutik hanka egin du.

LURDES: Ez iezadazu esan ezin zituela bide guztiak uztartu. Nik ez dut ezer antzezle izan nahi horren kontra, baina ama bezala ez dut ikusten oso bide ziurra denik.

JOSE JULIAN: Horretan ni ere zurekin bat nator, baina galdetu iezaiozu berari, Gurpilari makilak jarri ordez, hurbildu zaitez berarengana, bera den bezalakoa onartuz, eta horrela akaso...

LURDES: Hara, joan zaitez tabakoa erostera, bestela arrazoia eman beharko dizut eta hori, benetan diotsut, ez nukeela jasango. Joan aurretik, nor joango da bihar Miren Bihotzekin “La Salve”-ra?

JOSE JULIAN: Nik ezin dut, Patxik egun librea eskatu du eta biok ezin gara postutik kanpora egon. Zuk joan beharko duzu berarekin.

LURDES: Familia honetan egoera hauek dira gehien gustatzen zaizkidanak. Nik “Morales” sarjentuaren papera betetzen dut, ordainetan denon moskeoak jasotzeko nire aurka. Eta marroiak daudenean, denak alde batera egiten duzue eta berriro ere Moralesek eman behar du aurpegia. Zuk duzu aurpegi gogorra, konpañero.

JOSE JULIAN: Zu inor baino aproposagoa zara horrelako egoerei aurre egiteko.

LURDES: Honako honetan bai, joan zaitez tabako bila, bestela nik bidaliko zaitut, jo ta ostixa bat emanez.

JOSE JULIAN: Zure esanetara, Morales sarjentua.

 

(jose julian tabako bila joaten denean bi pertsonaia sartzen dira eszenatokiko beste aldetik: lurdes urduri dago eta, berehala, miren bihotz sartzen da. Karpetatxo bat darama eta paper batzuei begira dator elkartu aurretik.)

 

LOURDES: Dena ekarri duzu? Ziur zaude?

MIREN BIHOTZ: Lasai ama, dena ekarri dut eta berehala konponduko dugu korapilo hau.

LURDES: Lasai egoteko? “La Salve”-n gaude, guapita, “La Salve”! Eta hau ez da tokirik aproposena nire nerbixuak lasaitzeko.

MIREN BIHOTZ: Eskertzen dut zu etortzea, baina orain isildu zaitez eta nik egingo dut berba, ados?

 

(Biak hurbiltzen dira eszenatokiaren beste aldean dauden bi pertsonaiengana.)

 

MIREN BIHOTZ: Buenos dias, yo soy Miren Bihotz Zarrabeitia y esta es mi madre Lurdes Intxausti.

 

(Bietako bat altxatzen da eta eskua ematen die.)

 

MORALES: Buenos días, les estábamos esperando. Yo soy el sargento Morales y mi ayudante es el cabo Cifuentes. Me pueden dejar sus dnis? Siéntense, ahora mismo les atendemos.

 

(morales sarjentua badoa eta cifuentesek ez du burua paperetik altxatzen. Denbora aurrera doa eta ez da ezer gertatzen.)

 

LURDES: Ah, ze lotsagabeak! Zer uste dute, egun guztia dugula euren asuntoetarako? Zerbait esan behar diot horko horri.

MIREN BIHOTZ: Ama, mesedez, honelako tokietan beti suertatzen da gauza bera.

LURDES: Ez iezadazu esan behin baino gehiagotan egon zarela hemen!

MIREN BIHOTZ: Astean behin! Ez, joder! Eta isildu zaitez behingoz!

LURDES: Ez dakit zertara etorri naizen. Mesede bat egitera etorri eta isilik egon behar.

 

(morales sarjentua eurengana hurbiltzen da.)

 

MORALES: Bueno, perdonen la espera, pero ya saben, el trabajo se nos amontona.

 

(Une horretan hirugarren Guardia Civil bat sartzen da: el brigada mauleon. Ez du ezer esaten eta bueltak ematen ditu atzera eta aurrera.)

 

MORALES: Vayamos al grano. En nuestro centro de inspección de sueños e ideas perdidas de Etxebarri hemos detectado que usted, Miren Bihotz Zarrabeitia, recogió un sueño el día 8 de abril del río Ibaizabal y lo remitió por correo a la señora o señorita Isabel Etxeberria.

MIREN BIHOTZ: Así es.

MORALES: Quiero comunicarle que Correos no es el conducto adecuado para mandar este tipo de mercancía. Los sueños deben de ir debidamente certificados y deben de ser transportados por un agencia competente. Por lo tanto, nos vemos en la obligación de multarle.

MIREN BIHOTZ: ¿Qué? Yo no tenia ni idea de que los sueños no se podían mandar por correo como una carta normal. Es más, yo le comente al de Correos que era un sueño, y lo único que me requirió fue que lo empaquetara de forma adecuada.

MORALES: Lo siento señorita, pero “el desconocimiento de la ley no le exime de su cumplimiento”. Siguiendo los requisitos de la ley, se lo devolveremos para que lo remita adecuadamente. Por cierto, el sueño contiene elementos violentos que alientan al delito.

MIREN BIHOTZ: Pero desde cuando controlan los sueños, las ideas perdidas, las historias inacabadas...?

CIFUENTES: señorita, este departamento es de nueva constitución, pero le podemos asegurar que el control que realizamos de este tipo de mercancías es de conocimiento público. Es más, dentro de unos años se convertirá en asunto de vital importancia para la seguridad del Estado.

LURDES: Está bien, está bien, perdonen a mi hija, pero por lo que veo es un asunto intrascendente. ¿a cuánto asciende la multa?

MORALES: Tenemos que reconocer que la legislación es un tanto estricta, y la multa...

LURDES: ¿De cuánto?

MORALES: Entre 5.000 y 50.000...

LURDES: ¡Pesetas!

MORALES: No, ¡euros!

CIFUENTES: Tranquilas, al ser una sanción administrativa pueden recurrir y entre una cosa y otra el proceso puede dilatarse durante dos años.

MIREN BIHOTZ: Pero esto no tiene lógica, es un sin sentido. Nadie me avisó, y el funcionario de correos no me puso ningún impedimento. En todo caso el que comete el error es el funcionario de correos, y no yo.

MORALES: No le falta razón. Pero entiéndanos, la ley es la ley y nosotros...

 

(Une horretan mauleon agenteak parte hartzen du.)

 

MAULEON: ¡Señora, señorita! Tengan en cuenta que es nuestro deber, y el contenido de la misiva nos ha llevado a tomar esta determinación. Tengan en cuenta que en este territorio vivimos en una situación de excepción.

MIREN BIHOTZ: Pero si es la parte de un guión de un obra de teatro. Es inofensivo.

MAULEON: o sea que usted hace teatro.

MIREN BIHOTZ: Sí.

LURDES: ¡En mala hora!

MIREN BIHOTZ: Ama!

MAULEON: ¡Cifuentes! Apunta lo que ha dicho la señorita. El sueño es parte de un guión de una obra de teatro.

MORALES: ¿Quién toma la decisión de utilizar este material? Un material tan...

MIREN BIHOTZ: Entre todos. En este caso yo recogí la historia, pero decidimos representarla entre todos.

MAULEON: Muy curioso. o sea que las decisiones las toman entre todos.

MIREN BIHOTZ: ¡Correcto!

MAULEON: Apunta eso también en el informe, Cifuentes, las decisiones las toman entre todos. o sea todo lo hacen entre todos.

MORALES: ¿Desde cuándo se dedica a recoger este tipo de información?

LURDES: Desde que era una niña. Ya le decía yo que no le iba a traer nada bueno.

MAULEON: Me parece que de ahora en adelante, como te llamas... Miren Bihotz, vas a tener más competencia. Cifuentes, apunta en el informe lo último: que lo hace desde niña y su madre aquí presente le había avisado de que no le repercutiría en positivo.

MORALES: Ya ven que estamos haciendo un informe para que esto no vaya mas allá de una anécdota.

LURDES: Jolín con la anécdota.

MAULEON: Pueden irse y recuerden que los sueños, ideas perdidas, historias inacabadas... deben circular por canales adecuados, son parte de la Seguridad del Estado.

MORALES: Por ultimo, ¿nadie le comunicó cómo debía proceder?

MIREN BIHOTZ: ¡¡¡No!!!

MORALES: Que conste en el informe, Cifuentes.

MIREN BIHOTZ: Pero esto es un sin sentido. ¿Desde cuándo es un delito la correspondencia de sueños, ideas inacabadas...?

MAULEON: Mire señorita, no tenemos todo el día para atenderle. Somos conscientes de que para usted esto es un asunto desagradable y estamos haciendo todo lo posible para que este caso no trascienda. Pero tenga presente que a la Guardia Civil le compete todo aquello que tenga relación con la seguridad del estado. ¿y qué es más subversivo que un sueño o una historia inconclusa? Tengan por seguro que con el control sobre estos aspectos, la ciudadanía gana en seguridad.

MORALES: Porque no pensará que la Guardia Civil tiene una bola de cristal para adivinar todo lo que ocurre.

CIFUENTES: Con este método, señora, señorita, aumenta nuestra eficacia.

LURDES: Ya, así... informadas nos sentimos mejor.

MORALES: Si no tienen nada que añadir, nos retiramos, que tenemos que seguir trabajando.

CIFUENTES: Antes de retirarnos, señorita: ¿cómo acaba la historia?

MIREN BIHOTZ: ¡Ahora no me acuerdo!

MAULEON: Bueno, dejémoslo, que tenemos mucho trabajo acumulado.

 

(lurdes eta miren bihotz eszenatokian gelditzen dira.)

 

LURDES: Baina jakin daiteke ze istorio batu duzun?

MIREN BIHOTZ: Bada, istorio bat, familia askotan gerta daitekeena baina gero kaleratzera, kontatzera, ausartu ez eta errekara botatzen duguna.

LURDES: Baina zer du honek bereziki horrelako kaka-nahastea sortzeko?

MIREN BIHOTZ: Ama, sinets iezadazu, gertatzen ari dena kasualitate hutsa da, Guardia Zibila esparru guztietan muturra sartzen hasi da eta ustekabean nik batutako pasadizoa esku artera heldu zaie. Istorioaren gorabeherak ez du garrantzi handirik, bizi dugun gupida gabeko kontrolak baizik.

LURDES: Zure aitak bezain mingain arina duzu eta erantzuteko betarik gabe uzten nauzu. Ez da, bada, tabakoaren eragina izango?

MIREN BIHOTZ: Ama, mesedez!

LURDES: Eta ez al didazu kontatu behar zer gertatzen den istorio horretan? Zure ama naiz!!!

MIREN BIHOTZ: Antzezpenera etorri beharko duzu.

LURDES: Eta isunarekin, zer?

MIREN BIHOTZ: Ez dut uste momentuz ezer gertatuko denik. Eurak hor daudela jakin dezagun gustukoa dute. Gaur egungo Estatuek noraino sartzen ari diren muturra kezkatzekoa da, ez dute mugarik euren jokabideetan. Ederki gaude ez badugu ezer egiten. Goazen ama, nik, Guardia Zibilak bezala, gauza asko ditut egiteko, estreinaldi-eguna gainean dugu.

LURDES: Jesus, neska! Beldurtu egiten nauzu zure komentarioekin. Goazen, bada, ez zenuen pentsatuko ni egun pasa etorri naizenik.

 

(lurdes eta miren bihotz eszenatokitik desagertzen dira.)

 

 

HAMAIKAGARREN AKTOA

Ezin amore eman

 

(Ikusleen artean dena, gabriel eta migel angel agertzen dira. Oraingo honetan ez da gurdirik, ezta jantzi zerutiar edo deigarririk ere. Hirurak trajez jantzita doaz. gabrielek eta migel angelek panfletoak banatzen dituzte ikusleen artean. Ikusleok jakinean gaude nortzuk diren, baina bestela edozein erakunde politikoren baten partaide direla pentsatuko genuke.)

 

GABRIEL: Ez zaitezte nahastu imitazio faltsuekin: “Bera da inork baino hobeto aseko zaituena”.

MIGEL ANGEL: Gutxitan jaisten da gure artera, aprobetxatu ezazu aukera paregabe hau.

DENA: Migel Angel! Globoak eta gozokiak, globoak eta gozokiak! Eta zuk, Gabriel, metxeroak eta boligrafoak. Horrela, oso ondo.

MIGEL ANGEL: Globoak eta gozokiak! Ziur nahiago dutela bokadilo eder bat.

GABRIEL: Ez zaitez astakirtena izan. Hau da modurik egokiena gure mezua zabaltzeko. “Ez zaitezte nahastu imitazio faltsuekin! Bera da inork baino hobeto aseko zaituena!”

MIGEL ANGEL: Gutxitan jaisten da...

KORKOTX: Jakin daiteke honako honetan zertan ari zareten?

MIGEL ANGEL: Esan diet nik ere, hobe genuela isil-isilik sartzea eta beste edonork bezala emanaldia ikustea, baina...

DENA: Migel Angel, inoiz nire alde ere egingo duzu, ezta???

GABRIEL: Antzar horren lepoan gorbataren korapiloa egitea kostatu zaidanarekin...!!!

MIGEL ANGEL: Kontuz, ahatearen lepoa errazago bihurritzen da eta.

DENA: Nahiko!

GABRIEL eta MIGEL ANGEL: Amen.

DENA: Ez zaitez haserretu, Korkotx, daukagun konpetentziarekin ez didazu ukatuko ikusleria hau tentagarria ez denik.

KORKOTX: Baina ez geunden, bada, ados euren erabakia dela nori kontatu euren sekretuak, gertaerak.

DENA: Baina ziur egon bat baino gehiago oraindik ere galduta dagoela, zer egin, nori deitu jakin gabe.

GABRIEL (Boligrafoak eta metxeroak eskainiz): Horretarako gaude gu hemen, bidea errazteko. Ikus dezaten aukera horietatik guztietatik gurea dela onena, gurea dela biderik zuzenena, gurea dela bide bakarra.

DENA: Horrela izan dadila gizaldi eta gizaldietarako.

BIAK: Amen.

KORKOTX: Eta orain, joan zaitezte albo batera, emanaldiak jarraitu behar du eta.

DENA: Ondo da, Korkotx! Ondo da!

KORKOTX: Eta, mesedez, ahal izanez gero, isilik.

MIGEL ANGEL: Gorbata hau kendu dezaket? Korapilo honek ito egin behar nau eta. Hegoak ez dira praktikoak izango, baina korapilo hau...

 

(Hirurak elkarri begiratzen diote eta bata besteari isiltasuna eskatuz toki apropos bat topatzen dute emanaldia ikusteko. Eszenatokiko albo ezberdinetatik areto kanpoan ikusi izan ditugun sutxoak eszenatokira abiatzen dira. Batuak izan dira bertara joateko. Pozik daude, ez baitira itsas zabalean galduta geldituko. Gaur gauean bat izan da aukeratua, baina besteak jakinean daude faktoriak lanean jarraitzen duten bitartean iritsiko zaiela abagunea. Gaur bakarra izango da, horrela izan behar delako, eta hori festa ospatzea merezi du. Suek eszenatokia uzten dute.)

 

KORKOTX: Errekan batu izan ditugun beste istorio-sutxoak pozik daude, euretariko batek forma hartu duelako. Jakinean daude gaur ez dela euren gaua, baina ziur daude Faktoriak martxan jarraitzen duen bitartean iritsiko zaiela euren abagunea. Miren Bihotzek batutakoari fortunatu zaio bere ordua, korapiloa askatzeko ordua heldu da.

 

(Tanatorioko langileak zerraldoa sartzen du eszenatokian. Lehenengo ramon, gero dori, felik eta eloisak euren azkenengo agerraldian utzitako tokietan kokatzen dira.)

 

 

HAMABIGARREN AKTOA

Korapiloa askatzeko ordua heldu da

 

DORI: Zuek bai babalore koadrila, akaso beranduegi da zuen ametsak betetzeko. Agian gure amak ez zuen zentimorik ere eta gure amaren posizio soziala pantomima bat besterik ez da izan, akaso gure aitak ez zuen hainbeste ondare eta amak beharbada dena bingoan gastatu zuen...

RAMON: Zer diozu!

FELI: Gezurretan ari zara!!!

ELOISA: Joan zaitez beste nonbaitera adarra jotzera.

DORI: Bada ez, anai-arrebok, hasitakoari amaiera eman beharko diogu. Lehen Felik esan duen bezala, amari dena ongi lotuta uztea gustatzen zitzaion, eta hil aurretik bakoitzarentzako gutun bat eman zidan. Ziur zuen itxaropenak gutun hauei lotuta daudela, beraz, har ezazue dagokizuena. Ramon, Feli, Eloisa.

FELI: Postre ederra egunari amaiera emateko.

RAMON: Ez dut ulertzen zergatik ez diguzun arinago eman.

ELOISA: Hau gure ama zena bezalakoa delako. Dena kontrolpean izan eta berak nahi duen unean egin behar dira gauzak.

 

(Denak biziki zabaltzen dituzte gutunak.)

 

ELOISA: Aupa Josefina, zu bai emakume dotorea. Entzun nahi duzue zer idatzi didan, beno, eskertzekoa da behintzat egin duen azkenengo ahalegina.

FELI: Ez duela txakur handirik!

RAMON: Ama, engainatuta eduki gaituzu azkenengo momentura arte.

DORI: Agur etxetik alde egiteari, agur plan berriei, agur...

ELOISA: Dori, joan zaitez pikutara!

FELI: Esan, bada, Eloisa, horrez gain zer idatzi dizu gure amak?

ELOISA: Horrela dio:

 

            Eloisa, ume, biok jenio antzerakoa dugun emakumeak gara. Sua, sua dago gure barrenetan, eta horrek askotan ez digu mesede handirik egiten. Hala ere, bada indarra, kemena, gauzei aurre egiteko indar gehigarri bat. Ahaztu zaitez behingoz testamentuaz eta askatu ezazu barruan duzun indar hori guztia, ez baitago ezer banatzeko. Egin ezazu zure bizitza, ordua da eta.

            Zaindu zaitez,

            Zure ama, Josefina.

 

            Baina honek du aurpegi gogorra, bizitza guztian egon da nire nahiak, lagunak, ideiak, gustuak zapaltzen, eta orain alde egiteko ordua badela esaten dit. Eta zuei ez dizue ezer idatzi? Eta zuri, Dori? Edo zure gutuna zuriz zegoen? Noski, guztiaren jakinean zeundenez gero!

DORI: Hori ez da egia, nik zerbait sumatzen nuen, besterik gabe. Arratsalde batean beste gauza batzuk bilatzen ari nintzela amaren kontu korrontearekin topo egin nuen, eta orduan konturatu nintzen zein egoera ekonomikoan zegoen.

RAMON: Eta nola egin diegu aurre azkenengo urte hauei?

DORI: Ez dakit nola konpontzen zen, baina denok batu dugu mezu berdina gutunetan, eta sinets iezadazue, kontuetan ez dago txakur handirik.

FELI: Zer egingo diogu, bada? Mezuekin gelditu beharko dugu. Begira niri zer jarri didan: Feli, amante, etxeko emakumerik ederrena zara. Kaletik joaten zarenean gizonek nola begiratzen zaituzten ikusi besterik ez da egin behar. Zabaldu ateak, gizonak ate joka ari dira eta.

                        Zaindu zaitez,

                        Zure ama...

ELOISA: Benetan, perlatxoak dira gure amaren azkenengo komentarioak. Ea Ramon, Dori, zer idatzi dizue zuei.

RAMON: Hona hemen, zuk esan duzun bezala, beste perlatxo bat, Eloisa:

                        Ramon, gure mutiltxoa, kaltea besterik ez dizu egin gona artean bizi izateak. Ez duzu etorkizun erraza, kolpe handiak hartuko dituzu, baina baduzu beste inork ez duen dohain bat: edonora joanda ere, maitatua izango zarela.

FELI: Ole, Josefina!!

DORI: Hona hemen nirea:

Eskerrik asko, Dori, hau guztiau antolatzen laguntzeagatik.

ELOISA: Kontxo, zu ez zeundela jakinean?

DORI: Zuk irakurri duzu zurea, orain utziko al didazu nirea irakurtzen?

FELI: Eloisa, arrazoia duzu, utz iezaiozu bukatzen.

DORI: Beno, hor doa:

                        Egia da oso ama zorrotza izan naizela zuekin, eta zuen nahiak betetzen lagundu barik, gehienetan, beno, egia esateko, beti, oztopo bat izan naizela. Ez dakit berandu ote den egoera hau zuzentzeko, baina zuen baimenarekin, ezagutu izan duzuen Josefinaren bukaera nahi izan dut, eta zuen aurrean Josefina berri bat bezala berpiztu.

FELI: Dori, ez didazu esango hau guztiau papelada, antzerki, pantomima bat besterik ez dela izan, ezta?

ELOISA: Zer? Gure ama bizirik dagoela? Eta gu esaten ari garen guztia entzuten ari dela?

DORI: Galde iezaiozue barruan dagoenari, hau guztia bere ideia izan zen, niri laguntzeko eskatu zidan eta...

ELOISA: Galdetu barruan dagoenari, Dori!!! Gure amaren alaba leiala!!!

 

(ramon, bitartean, zerraldora hurbiltzen da.)

 

RAMON: Ama!!! Egia al da Dorik esan duena?

 

(Belarria zerraldo gainean jartzen du.)

 

RAMON: Barreak entzuten dira, eta ziur nago gure amarenak direla.

FELI: Zabaldu dezagun behingoz hilkutxa, histerika jartzen ari naiz eta.

ELOISA: Itxaron. Ez dut une hau galdu nahi.

DORI: Nora zoaz?

 

(Bitartean eloisak eta dorik belarria jartzen dute zerraldoan.)

 

FELI: Feli, duda barik, bere zurrungak dira.

 

(eloisa sartzen da eskuetan gasolina lata bat duelarik.)

 

ELOISA (latak daukan likidoa hil kutxa gainean botatzen du): Sua nintzela? Hemen bada sua, Josefina! Dirurik ez genuela, bada, horrela erraustean gastatu behar dugun dirua aurreztuko dugu.

DORI: Eloisa, bizirik dago! Burutik jota zaude, ala?

FELI: Ramon! Zuk duzu kutxako giltza, ezta? Bada, zabaldu ezazu behingoz.

ELOISA: Geldi denok!! (Metxeroa esku batean duela eta lata bestean) Ez nago prest berriro ere bera aguantatzeko. Bere heriotza antzeztu du bizitza berri bati hasiera emateko. Ongi da, baina nik ez dakit ez ote den bere beste trikimailu bat berari lotuta jarrai dezagun. Suak dena argitu eta garbituko du, antzezpena eta bizitza gauza bera izango dira.

 

(Zerraldo barrutik txaloak entzuten dira.)

 

RAMON: Txaloak jotzen ari da.

FELI: Duda barik, gure ama da.

ELOISA: Txaloak! Txaloak! Ea sua ematen diodanean txaloak jotzen jarraitzen duen.

 

(eloisak saiakera bat egiten du zerraldoari sua emateko, baina ahizpak eta anaia bere gainera doaz eta borroka egin ondoren, eskuetatik kentzen dizkiote metxeroa eta lata.)

 

DORI: Nire eskuetan inon baino hobeto daude metxero eta lata hau.

FELI: Ea Ramon, zabaldu behingoz hilkutxa.

ELOISA: Feli, baina ez zara konturatzen berriro ere bere eskuetan gaudela?

FELI: Agian arrazoia duzu, baina ama bizirik dagoela jakinda, hilkutxa barruan erretzea, bada.

ELOISA (belauniko eta pott eginda): Egin duen antzezpenerako amaierarik aproposena.

DORI: Beno ez iezadazue esan gure amak behin eta berriro gugandik onena ateratzea lortzen duela. Zu, Ramon, zure bizitzaren giltza topatu ezinik, Feli erdian, norbaiten astindua itxaroten, eta zu, Eloisa, zure barrenak dominatu nahian eta ezin, eta berba egiten duen honek morroi lanetan bere amaren mesedetan.

ELOISA: Gure amaren alaba leiala.

DORI: Aspaldi alde egin behar genuen bere gona petik, baina ez gara gai izan. Bere erruz edota gu koldar batzuk izan garelako. Gure amaren azken jokaldia izan da, baina honetan ez da izan bere nahiak asetzeko, guri laguntzeko baizik.

 

(Behingoz ramonek hilkutxa zabaltzen du.)

 

JOSEFINA (enkarna): Bikaina, bikaina. Ez nuen espero nire heriotzak horrelako eragin onik izan zezakeenik. Eloisa zure prontoa deskribatzeko ez dago hitzik.

ELOISA: Ama, mesedez, nahikoa da! Ez al zenuen beste modurik gu bakean uzteko? Antzezpen hau patetikoa da. Gu bezain patetikoa.

RAMON: Ez da zilegi gurekin egin duzuna. Agurtu zaitugu eta gure bizitzatik urruntzen hasi orduko, hemen zaude berriro ere gure artean.

FELI: Ama, a zer nolako montajea, bakoitzak gure bizitza egin dezagun. Zure jarreren ondorioak zeintzuk izan zitezkeen arinago pentsatu behar zenuen. Orain, akaso beranduegi da gauzen norabidea aldatzeko.

ELOISA: Oraindik hilkutxa gasolinaz blai eginda dago eta nik beste metxero bat dut poltsikoan.

DORI: Ez duzu uste gaurkoz nahikoa dela? Hara, ama, irten zaitez kutxa horretatik eta joan gaitezen etxera afaltzera.

FELI: Etxera? Txinora joan beharko dugu, etxeko hozkailua hutsik omen dago eta.

JOSEFINA: Zer, inork ez ditu erosketak egin?

RAMON: Ama, lehengo Josefina hil da. Orain beste Josefina bat berpiztu da, ez duzu gogoratzen, ala?

ELOISA: Hori da, Ramon, oso ondo. Eta orain berriro ere gure artean zaudenez, ez dakit zer forma eta asmorekin, esango al diguzu zer demontre egin duzun diruarekin?

JOSEFINA: Zer egingo nuen bada? Jan! Beno, zuen eta nire artean. Neska-mutilok ez dugu zentimorik ere. Azkenengo diruak lehengo Josefinaren hiletan gastatu ditut. Beraz, ipurdia mugitzeko ordua iritsi da. Denbora asko ez dela planez josirik zeundeten. Bada, ordua da ideiak martxan jartzeko.

DORI: Eta zuk zer egin behar duzu, ama?

JOSEFINA: Zuen tia Begoñarekin bizitzera noa bere herrira. Bera bakarrik dago eta etxe handi bat du, nahikoa biontzat, beno handiegia aukeran, baina Josefina berri honek ez du asmorik besteen bizitzan gehiago sartzeko. Zerbaiterako behar banauzue, han egongo naiz.

ELOISA: Baina, ezin zenuen gauza berbera egin horrelako espektakulua eman barik?

FELI: Hori diot nik. Zertarako?

RAMON: Eh, ama?

JOSEFINA: Zorretan sentitzen nintzen zuekin, zuen bizitzetan harresi bat izan naizenaren sentsazioa nuen eta zuen ahoetatik entzun nahi nuen, edota ziurtatu horrelakoa izan naizela. Eta zer aproposagoa nire heriotzaren antzezpena egitea baino? Denok nire inguruan, niri begira eta inongo traba barik nitaz hitz egiteko. Marko eszenikoa behintzat ez didazue ukatuko ezin aproposagoa zela. Egurra eman didazue, merezitakoa, eta orain askatasunaren sentsazioa zuen bularretan kolpeka egongo da, libre zarete.

DORI: Beno,jarraituko dugu honetaz berba egiten txinoan. Feli, ni ere gosez akabatzen nago.

ELOISA: Itxoin. Ama, onartu beharra dut urteetan egin duzun antzezpenik onena izan dela hau. Beraz, ganorazko bukaera bat behar du.

 

(eloisa amarengana hurbiltzen da eta muxu-besarkada luze bat ematen dio, josefinak metxeroa eskuetan duela...)

 

JOSEFINA: Seme-alabok: ospa dezagun Josefina Martinez de Gereñuren heriotza. Nahiz eta fede txarrarekin jokatu ez, larregi eutsi die gona pean bere seme-alabei. Aske zaudete, libre zarete!!!

 

(josefinak su ematen dio hilkutxari.)

 

ELOISA: Gora Josefina Martinez de Gereñu!

DENAK: Gora!!!

 

(Eskuetatik ebatuta denak hilkutxaren inguruan dantzan eta kantuan hasten dira:)

 

SUZKO AMETSAK
DABILTZA JIRAKA

 

Udaberria loratu da

Hilkutxa baten barruan

Suzko ametsak dabiltza jiraka

Gure etxeko zeruan

 

Egun batzuk ez dira onak

Batzuk hobeak dira

Gona peko kate erdoilduak

Behingoz apurtuko balira

 

Ez dago ezer tristeagorik

Menpeko izatea baino

Horregatik joango gara hegan

Gona petik ilargiraino

 

Gu gara gu ni izanik neu

Eta zu baldin bazara zu

Iragana itzaldu aurretik

Erre dezagun bidea

 

Lara lara lai

Erre dezagun gure bidea

 

(Martinez de Gereñu familian horrelako katarsi bat suertatzen da suaren inguruan. Suaren sugarra indarra galtzen doa eta, era berean, eszenatokian dagoen argia. Katarsi honek bukaera ematen dio emanaldiari. Argiak berriro ere pizten dira eta aktoreak kate bat osatuz ikusleak agurtzen dituzte. Pozik daude istorioa gorpuztu dutelako. Eszenatokiko albo batean ezaguna egiten zaigun pertsona bat agurra noiz bukatuko den itxaroten dago. miren bihotz egoeraz jabetu eta berarengana hurbiltzen da.)

 

MIREN BIHOTZ: Ze, ama, gustatu al zaizu emanaldia?

LURDES: Ondo, oso ondo egon da. Baduzue meritua benetan, makaleko lana egin duzue. Hainbeste ordu zertan ematen zenuten galdetzen nion sarritan nire buruari. Batzuetan nire burua ikusten nuen zerraldo barruan, kuriosoa ezta?

MIREN BIHOTZ: Eskerrik asko, ama!

LURDES: Gero, muntaia, ba, ez dakit, istorioa arraro xamarra egin zait, ez duzue gauza normaltxoagorik kontatzeko? Beno, eta gero Enkarna ikusi dudanean, ia konortea galdu dut. Eta zure aitak? Ez zekien burua non sartu, kalera irten nahi zuen zigarro bat erretzera, eta, imajinatuko duzun bezala, ez diot utzi. Zure amama demasa da, Enkarna, Enkarna...

MIREN BIHOTZ: Ama, gauza bat kontatu nahi dizut.

LURDES: Zer, ume?

MIREN BIHOTZ: Bada..., haurdun nagoela!!!

LURDES: Zer??? Zorionak, ume. (Besarkada luze bat ematen diote elkarri)

LURDES: Ziur zaude, behar diren frogak egin dituzu?

MIREN BIHOTZ: Baietz ama, goazen kafe bat hartzera eta dena goitik behera kontatuko dizut.

LURDES: Zure aita enteratzen denean... Badakizu, sentimental hutsa da.

MIREN BIHOTZ: Goazen, ama!

 

(Eszenatokia uzten dutenean, korkotx oraindik familiaren poztasunarekin kutsatuta edo, dantzan sartzen da.)

 

KORKOTX: Beno, lagunok, azkenean ikusi eta entzun dugu istorioaren bukaera.

            Fikzioa ala errealitatea? Zer dago egiatik gertuago: hemen gainean edo hor behean suertatzen dena? Akaso ez gara txanpon beraren aurpegi biak? Zer egingo genuke Faktoriarik gabe?

            Faktoria barik ez litzateke itsasoa istorioz beteko, eta horren ondorioz ez lituzkete erreken sarbideetan izugarrizko tapoiak sortuko uholdeak nonahi eraginez, gure egunerokotasuna zipriztinduz, eta kasu batzuetan gu bertatik jakin gabe nola irten jakin gabe itoz?

            Gora Faktoriak!!!

            Gaur gauean Miren Bihotzek batutakoa ikusi dugu, hurrengo batean batek daki...

 

(dena, migel angel eta gabriel korkotxen atzean kokatzen dira bera ohartu gabe.)

 

            Agurtzeko ordua heldu da eta atariko aurkezleak esan duen bezala, jainkoak bedeinka dezala ikusi duena eta barkatu ikusi ez duena.

HIRURAK (batera): Amen!!!