I. SARRERA
ANTZOKI AURREAN
ERREKAKO ESZENA
(Ikusleak aretoaren —Faktoria-txurreriaren— aurrean daudenean, ustekabean argiak itzali egiten dira eta nagusi-enkargatu bat areto barrutik irteten da. Kanpoan dagoen dorre behatoki batera igotzen da. Bi langile-aktoreren laguntzarekin dorre-behatokia mugitzen du. nagusiak behatokian dagoen kanpaia erraldoia astintzen du eta langile-aktore gehiago irteten da aretotik. Errekarantz mugitzen dira, bertatik batu behar dituztelako denok gauero botatzen ditugun ametsak, istorio galduak, pasadizoak edota ikasi nahi ez ditugun otoitzak. Zubi eta erreka ingurua portu txiki bat bilakatzen da. langile-aktoreek egin duten lanari esker, dena prest dago errekatik behera datozen istorio ezberdinak jasotzeko. nagusiak kanpaia jotzen du berriro, istorioak errekatik behera datozen seinale. Istorioen, pasadizoen, argitxoen atzetik, arinago irten den langile-aktore talde batek ametsen karabana bat osatzen du batutako istorioekin errekatik behera. Errekan nabigatzeko erabiltzen diren oihuak nagusitzen dira errekan, edo beno, hobe esanda, ez ohiko karabana honetan.)
Gidariak
(Hanka-paluetan eta suaz bidea zabalduz)
A: Bide onean, beti behera eta pauso onean.
B: Laurden bat eta sakonera hartzen...
A: Bide onean, beti behera eta pauso onean.
B: Erdi bat eta sakonera hartzen...
A: Bide onean, beti behera eta pauso onean.
B: Hiru laurden eta sakonera hartzen.
Soken bitartez almadia gidatzen
A: Tenka sokak eta tira dezagun batera.
B: Ongi.
A: Hirura biok batera.
B: Zurekin batera.
A: Bat, bi eta hiru.
B: Eup!!
A: Tenka eta tira.
Almadian/ txanalian
A: Bagoaz errekan behera.
B: Jaisten eta sakonera hartzen.
A: Sare bete istorio eta bide onean.
B: Laurden bat eta sakonera hartzen.
A: Hurbiltzen, erdi eta laster bertan. Mantso eta seguru bidea eginez.
B: Mantso eta seguru bidea eginez, erdi eta sakonera hartzen.
Zerraldoa
A: Ez, almadia ez da kutxa, hau da hilkutxa.
B: Tira eta tira, bizi guztiko soka-tira.
A: Bultza eta bultza, denok behar dugu laguntza.
(Behin erreka gainean dagoen zubira iritsita, bertan daramaten zama uzten hasten dira. Faktoria aurreko gunean lana destajuan egiten da. Errekak eta karabanak ekarri duen guztia deskargatu dutenean, nagusi-enkargatuak kanpaia jotzen du, denak faktoria aurrean batzeko.)
Faktoria aurrean
(langile-aktoreek arretaz begiratzen diete batu dituzten gauzei. Ezkongai-soinekoak, loreak, liburuak, barruko arropa, pistolak... Tamaina ezberdinetako kutxak. Objektu pilaketa handia dago faktoriaren aurrean, langile-aktore bat objektuek sortzen duten menditxoaren gainera igotzen da eta gauza guztien artean emakume baten barruko arropa hartzen du bere eskuen artean. Arropa usaindu eta ukitu egiten du. Bere akzioak desioa pizten du. Bata besteari begiratuz eta talde ezberdinak sortuz desio-eszenak irudikatzen hasten dira. Barruko arropa erakutsi duen langile-aktoreak objektuen artean ezkontza-soineko bat aurkitzen du; gehiago pentsatu gabe, jantzi eta eskura ikusi dituen lore batzuk ere hartzen ditu. Bere jantzi berria osatzen duenean lankide aktoreen arreta eskatzen du: Ehhh!!! langile-aktoreak buelta eman eta ohh!!! luze batekin agurtzen dute. langile-aktore batek une horretan izan duen bikotea utzi eta berarengana doa, besotik hartzen du besteen txaloen artean. Bakarrik gelditzen den bikotea haserre, oso haserre gelditzen da, eta, amorruaz itsuturik, pistola bat aurkitzen du gauzen artean eta denak mehatxatzen ditu. Mugimendu azkar batekin ezkongaiaren jantzia duen neskari begiratu eta tiro bat jaurtitzen dio. Hiltzaileak hilketaren tokitik hanka egiten du eta beste langile-aktoreek, sinistu ezinik, gorpua batu eta errekatik beherantz etorri den hilkutxan sartzen dute hildakoa. Festa bat izan behar zena era tragiko batean bukatzen da. Burumakur, badoaz berriro ere faktoriarantz, baina inork espero ez duenean, hiltzailea agertzen da berriro ere eta segizioa geldiarazten du. Pistola aginte-makila bezala erabiliz, hilkutxa jaisteko eskatzen du, zabaldu eta ezkongaiari apaingarri guztiak kentzen dizkio. Musu bat eman eta, denen harridurarako, langile-aktorea berpiztu egiten da. Atoan, hileta bat zena festa bilakatzen da, une batzuk lehenago ospatu behar zena. Festa giroan Faktoriarantz abiatzen dira.)
(Faktoria aurrean, ikusleei gonbita eginez.)
Dorre-behatokitik
Sar zaitezte, gizon eta emakume!
Sar zaitezte!
Hau hankaz gorako mundua da!
Linterna magikoa piztu dadila!
Irudia eta soinua. Bizitzaren ilusioa!
Etorri zaretenon begien jolaserako eta
hurrengo belaunaldien eredu onerako!
Zatozte sua botatzen duen erreka ikustera!
Eguzki jauna gaua argitzen!
Ilargi amandrea egun argiz!
Izar neskatilak zerutik jausita!
Luziferren hatsa unibertsoa lainotzen!
Hildakoak ispilua eskuan dutela paseatzen!
Aztiak, malabaristak!
Dragoi eta banpiroak!
Mutikoak txanpon bihurtzen duen makila magikoa!
Mundua dado-jolasean galduta!
Ez nahasi imitazio nazkagarriekin!
Jainkoak bedeinka dezala ikusten duena,
eta barkatu ikusi ez duena.
Sar zaitezte, gizon eta emakume
Sar zaitezte, zahar eta gazte!
Faktoriako ateak zuentzako zabaldu dira eta.
Sarrerak behean dituzuenok zuen eskubira dagoen atetik,
eta sarrerak goian dituzuenok laster zuen aurrean
zabalduko diren ohiko atetik.
Sar zaitezte, gizon eta emakume!
Sar zaitezte!
Hau hankaz gorako mundua da!