Ametsen faktoria
Jose Maratin Urrutia Txotxe
Ametsen faktoria
Jose Maratin Urrutia Txotxe
Eztena, 2018
Ametsen faktoria
Jose Maratin Urrutia Txotxe
Eztena, 2018
[aurkibidea]

 

Hitzaurrea

 

            Hamar urte bete ditu aurten Eztena arte eszenikoen jaialdiak. Hasieratik oso filosofia argiarekin egin genuen jauzi plazara: arte eszenikoetako eragileen arteko sareak sortu, sortzaileentzako elkargunea izan, ohiko zirkuituetan programatzeko zailtasunak dituzten lanei eta dramaturgiei erakusleiho bat eskaini, sortze prozesuan dauden lanak erakutsi, publiko aktiboaren ideia bultzatu...

            Mikelazulo kultur elkarteko antolatzaileontzat abentura itzela izan da. Hamar urtetan jende asko pasa da Eztenatik eta, batez ere, bizipen ederrak utzi ditu. Eztena arte eszenikoen ospakizun bat bilakatu da urtez urte eta, segur aski garrantzitsuena dena, emanaldietatik kanpo ere etengabeak izan dira solasaldiak, enkontruak, gogoetak, besarkadak, elkar ezagutzeak eta trukeak.

            Eztenak hamar urte bete dituen honetan beste proiektu bat jarri nahi izan dugu martxan, jaialdiak hasieratik izan duen helburuetan sakontzen lagunduko duelakoan: arte eszenikoetako hainbat lanen testuak plazaratu ditugu, edizio xume baina landuetan. Helburua, beste behin ere, jaialdiarena bera da: egun arte eszenikoetan dagoen aniztasun ideologiko eta estetikoa islatzen saiatzea, arrisku eszenikoak hartzen dituzten sortzaileen lanak aldarrikatzea eta haiek ikusgarri egiten laguntzea.

            Karrika antzerki taldea 2016an izan genuen bisitan Eztena jaialdian. Orduko hartan Zapoi! Hil arte edan antzezlana antzeztu zuten Niessen antzokian. Urtero antzezlan bakarra eskaini izan dugu Niessenen egitarauaren barruan, egitarau osoko ekitaldi guztiekin bezala goraipatu nahi izan dugun teatro mota bat eraman izan dugu bertako oholtzara. Kasu horretan Karrika Taldearen ibilbidea eta Txotxe zuzendari eta idazlearen lana aldarrikatu nahi izan genituen: “amateur” hitzaren erabilera komertzial eta interesatu bat hankaz gora jartzen duen teatro mota, familia bat osatzeraino lan egiten duen taldea: teatroa bizitzaren parte da, kultur emari, eta hori merkatuak inposatu nahi duen arte eszenikoen definizioa baino haratago doa. Horrez gain, eataeren garaian ezagutu genuenetik. Txotxeren lanak eragin handia izan du Eztenako lantaldea osatzen dugun askorengan: bere espazioaren erabilera, gustu estetiko exkisitoa, koreografia koral bisualki ederrak osatzeko gaitasuna, teatraltasun utopikoaren suaren transmisioa, bere konpromiso erabatekoa teatroarekiko eta teatroak proposatzen duen edukiarekiko. Bizitzak nahi baino arinago eraman du Txotxe gure albotik, esan beharreko guztiak, aitortu nahi izandakoak, helarazi nahi genizkion esker oneko hitzak behar bezala igorri gabe. Liburu hau Txotxeren lana eta teatroa sentitzeko modua plazara ekartzeko urrats bat izatea nahi genuke: marrazki eta testu ondare itzela utzi duelako bere ibilbidean, transmititua izateko zain dagoena oraindik. Baina obra oroz gain, sentimendu bat, su bat, bizitzaren aldeko oihu bat utzi digu Txotxek oinordetzan. Erraietan sentitzen duguna, konpartitzen duguna, gure gorputzen denborarekin amaitzen ez dena,

            Zapoi antzezlana ekarri zuen Karrika Taldeak Eztenara, baina hura beharrean Ametsen faktoria argitaratzea erabaki dugu. Txotxek antzerkia sentitzeko zuen moduaren isla ezin hobea delakoan. Lan honen irakurketarekin gozatuko duzuela espero dugu,

            Eskerrik asko. Txotxe, bihotzez: gora teatroa, gora utopia... sua!!!

 

Eztenako Lantaldea