Eko-logikoa
Aitor Txarterina
Eko-logikoa
Aitor Txarterina
Artezblai, 2002
Eko-logikoa
Aitor Txarterina
Artezblai, 2002
[aurkibidea]

 

Bigarren ekitaldia

 

bikoteak atea itxi ondoren.

 

OTSOA: Ni gose naz. Ez dakit zer janari mota izango da ontzi horietan, baina frogatzeak merezi dau.

 

Eltzeak diren lekura gerturatuko da eta zopa lurrera botako du.

 

DOLLY: (Ikaraturik, estraineko aldiz) Ez egin hori!, gizakiei ez zaie gustatzen lurra zikin ikustea! Are gutxiago beraiek presatatuko bazkaria bada lurrean datzana. Har dezagun eta behingoan bazkal dezagun gizakiak bezala.

HARTZA: (Uzkur begiratuko du dolly) Gero eta seguruago niz zu ez zirela ardi normala.

DOLLY: Normala, normala, ...tira, tira, egin kasu eta atondu dezagun mahaia.

 

animaliek mahaia prestatuko dute otordurako, tramankulu guztiak agerian geratuko direlarik: sardeskak, goilarak...

 

DOLLY: Gainera, haiekin hitz egiteko komeni zaigu harreman onak edukitzea. Hobeki eta errazago ulertuko dute eskatzen dieguna. (hartza eta otsoak deus konprenituko ez bailuketen elkartuko dituzte begiradak)

DOLLY: Ekin diezaiogun! (Janaria banatzen hasiko da) Hau zuretzat, eta beste hau zuretzat...

OTSOA: Hau ez da niri gustetan jatan estilo kulinario, baina tira, gose onarentzat ez dago jaki dongarik...

HARTZA: Eta zer uste duzue? Zer egin nahi dute gurekin?

OTSOA: Nik uste dot gu bota guran ibiliko direla. Ez dakidana da zelan egin aurre egoerari.

HARTZA: Ene ustez, aukera onak ematen ez badizkigute, gen geldituko girela. Eta zuk, Dolly, zer iritzi duzu?

DOLLY: Nik argazkilari bat behar dut. Bigarren platerra aterako dizuet. (Horixe eginen du)

OTSOA: Goxoa da bazkaria, momentuz zorionekoak gara, gero gerokoak.

HARTZA: Basoan bizi ginelarik, susmoa hartzen genion beltza zen eta gurera etortzen zen hodeiari. Bagenekien zer egin, non aterpetu. Gizakiekin ez dago xakiterik zer egin behar duten.

OTSOA: Tximista beraren ostean trumoia entzuten dogu. Egia da gizonokaz ez dagoela zer eginik, sartzera datozenean, urteten dabe, eta pozik datozela emoten dauenean, haserrea da aurpegian marrazten dana. Neuk ez dodaz gizon helduak ulerten: (Publikoari) eta zuek, zuek helduak ulertzen dozuez?

HARTZA: Badirudi sartu behar dutela.

DOLLY: Garbi dezagun zikindutakoa.

 

animaliak ariniketan garbituko dute dena. Leku berean, bazkaldu ostean bilduko da bikotea animaliekin.

 

EMAKUMEA: Ui! Hau bai ez nuela espero! Mila esker, Dolly, baina utzi, neronek jasoko dut guztia. Dena dela, oso detaile polita iruditu zait.

HARTZA: Nik ez ditut ardiak konprenitzen.

SENARRA: (Serio) Hitz egiten egon ondoren zera erabaki dugu:

DOLLY: Argazkirik ateratzea?

SENARRA: Ez. Pentsatu dugu zuok hirurak etxetik atera behar duzuela, modu on batean, baina atera behar duzuela, finean.

HARTZA: Eta nora eraman nahi gaituzue?

SENARRA: Bakoitzari emanen diogu irtenbide bat.

OTSOA: Neu, esaterako?

SENARRA: Zu, pentsatu duguna zera da... korrika egitea gustokoa duzu?

OTSOA: Atzetik dabilenaren araberakua.

SENARRA: Ene lagun batek orga bat du, zakur lera bat; egunero entrenatzen ditu, guztira zazpi zakur dira, sei samoiedo eta alsaziar bat... ez dakit zu prest zauden haiekin batera ibiltzeko...

OTSOA: Neuk neure klasekoegaz baino ez naz ibilten. Ni ez naz txakurra, ni otsoa naz.

SENARRA: Antzekoak zarete...

OTSOA: Zuek eta tximinoak legez, baina zuek ez zarete tximinoen artean bizi, zuhaitzik zuhaitz, ezta?

SENARRA: (otsoaren diskurtsoarekin harritua) Ba... ez.

OTSOA: Geu pez.

SENARRA: Toj, toj, toj... zu, hartza, begira, hoberena zenuke hautu hau hartzea; hemendik zenbait kilometrotara zoologikoa dago. Bertan zu bezalako hartzak daude, ongi elikaturik, gustura daude, umeek izugarri gozatzen dute haiekin: zoologikoko ikuskizunik handiena da, pentsa! Zer; erakargarria da, ezta? Animatu zaitut?

HARTZA: Ez. Gori eta kaiola bat, gauza bera. Zuoi ez zaizue laketzen kartzelan bizitzea, ezta?

SENARRA: Ba... ez.

HARTZA: Ezta guri ere. Gu libro izaiteko jaio gira.

SENARRA: (Sosegu falta nabariak) Tira, tira, ez gaitezen egoskorrak izan... eta zuk Dolly, zergatik ez zara zure laborategira itzultzen?

DOLLY: Argazkilaririk ez dagoelako. Nik izugarri maite ditut argazkiak.

SENARRA: Bai, jakinaren gainean gaude. Aizu, otsoa, eta autoan sartzen bazara eta nahi duzun mendizerrara eramaten bazaitut?

OTSOA: Eta nondik natorrela uste dozu? Mendietan ez dago bizitzerik: parke eolikoak, mendizaleak, abeltzainak, erreportariak, turistak, ehiztariak, futbolariak, Heidi eta bere koadrilla osoa... mendia gainpopularizaturik dagoela esaten da, edo holango zeozer... ejem, otsook be leitzen dogu lantzean behin... ez gara eskolatuak, baina basoko bizitzak be asko emoten dosku...

SENARRA: (Bere bizarrarekin arituko balitz bezala, zerrendatik ezabatuko du aukera hau) Orduan mendiaren aukera alde batera utziko dugu... (Tono berreskuratua) eta zuk, hartza, zirkoak maite dituzu?

HARTZA: Maite dudan zirko bakarra Gavamiekoa da, eta gau naturala duk. Ez da pailazorik, ez trapezistarik, xakin nahi baduk.

SENARRA: Bale, bale... badago beste aukera bat... lagun bat dut Austriako alpeetan... telefonoz deituko diot...

HARTZA: Nihaurrek eginen diat. Eman telefonoa.

SENARRA: (Harriturik, hartzaren agindutara. hartzak errepikatuko ditu zenbakiak aditutakoan) Hiru-sei-bost-bostlau-sei-zortzi-bat-bat-bi eta hiru. Wolfang du izena.

WOLFANG: Bai, nor da?

HARTZA: Elena.

WOLFANG: Elena? Zein Elena?

HARTZA: Elena hartzaaaa! (Orroaka hasiko da, wolfangek ohiu eginen du eta komunikazioa moztuko da)

SENARRA: (Noraezean) Baina, baina zergatik egin duzu hau enen lagunarekin?

HARTZA: Telefonoak ez ditinat maite. (Telefonoa eskuan utziko dio eta trankil-trankil esertzera doa)

SENARRA: (Harriturik, egoerak gain eginik) Dolly, hemen dut argazkilari baten telefonoa, deituko diot?

DOLLY: (Arrapaladan) Zein da? Norentzat egiten du lan? Non argiratzen ditu argazkiak? Zuri-beltza ala koloretan lan egiten du? Estudiorik dauka ala alokatzen ditu? Digitalarekin ateratzen ditu ala klasikoan nahiago du? Ezaguna da, hasiberria edo ez al du inork ezagutzen?

SENARRA: (Setiaturik) Hemengo bat da... auzokoa... ez dakit zer galdetu didazun...

DOLLY: Orduan ez xahutu indarrak alferrik, ni onenekin besterik ez naiz ibiltzen.

SENARRA: (Zerrendatik ezabatuko ditu aukera gehienak) Hau ez, honi ezta ere, azken honek ez du balio... azken aukera: otsoa jauna, antzerki talde batean Txanogorritxoren ipuin klasikoa ari dira antzezten. Zu bertaratzen bazara ziur aski otsoaren papera zureganatuko duzu. Antzezleak gaur egun biziki txarrak dira teknikoki, eta hauxe da zuk ongi ezagutzen duzun papera...

OTSOA: Ni Txanogorritxoren ipuinean? Zein da bertsinoa? Neuk Txanogorritxo eta bere amama jaten dodan hori? Jakin ezazu, gizaki inperfekto-ederto jauna, otsook be ondraduak garela eta luzimenduagatik ez gagozela prest tamaina hartako endredoetan sartzeko!

SENARRA: (Erabat etsita. Publikoari aitormena) Ez dago zer eginik!

 

Musika aditzearekin batera abestu eta dantzatuko dute. Musika eta tonoa? Vaudeville klasekoa:

 

SENAR-EMAZTEA:

            Zergatik guri gertatu zaigu

            zergatik izan behar dugu guk?

            Loteria ez dugu jokatzen

            ez dugu saririk espero

            hau saria baino gehiago

            zoritxar handia da!

HARTZA-OTSOA:

            Ohartu orduko gure mendia

            jendez gainezka zegoen!

            Bota gaituzte, baina oraintxe

            etxea lortu dugu.

            Ez da koba baino hobea

            ez du basoko usaina

            ez du erreka aldean

            baina seguru-segurua da.

DOLLY:

            Ni jaio nintzen telebistan

            kamara bat beti aurrean

            nire bihotzaren taupadak

            flashen zaratak dira.

            Ispilu bat nahi dut aldean

            nire artilea ikusteko

            luze badago eskiladoreak

            polit-polita utziko du.

DENOK:

            Ez dago zer eginik,

            elkarrekin bizi nahi eta ezin

            konpondu beharko dugu,

            dutxa erabiltzeko

            nork jaitsiko du zaborra

            zeinek eginen ditu erosketak

            nork ekarriko du dirua etxera?

            Elkarrekin bizi behar.

SENARRA: Ikusten dudanez, ez duzue inolako asmorik etxe hau uzteko.

HARTZA, OTSOA, DOLLY: Ez.

SENARRA: (Ikuslegoari) Zuek ere nahi duzue animaliak etxean geratzea? (animaliek baiezko keinuak eginen dituzte gizonaren gibelean) Bale, ez dago eztabaidarako betarik. Orain pentsatu beharko dugu nola antolatu, izan ere lehen esan dizuet etxea ez dela oso handia.

EMAKUMEA: Lo egiteko tenorea da. Zuek hemen egin ezazue lo, guk betiko lekuan eginen dugu. Txiza edo kaka egiteko: komuna.

HARTZA: Ezinezkoa dun, txiza ibiltzen dugulakotz gure lurraldea zehazteko.

EMAKUMEA: (Sutan) Ikusten badut. txiza komunetik kanpo, etxetik botako zaituztet! Eta berdin dio ehiztaria ala Ama Birgina dagoen kalean zuen zain! Aditu?

OTSOA: Ez jarri holan, andra. (hartzari) Lurralde komuna eukigo dogu komunean, konforme?

HARTZA: Gala beharko.

EMAKUMEA: Orduan, ongi egin lo. Ardiekin egin ezazue amets. Bo, zu, Dolly, argazkilariren batekin egin dezazula.

DOLLY: Mila esker, Madmoiselle.

SENARRA: Bihar arte orduan.

 

Argia itzaliko da une batez, orduantxe otsoa uluaka hasiko da. Segituan senarra itzuliko da presaka eta urduri eta argia berriz piztuko du.

 

SENARRA: Baina zer espektakulu da hau?

OTSOA: (Apal-apal) Barkatu, ilargi betea da eta... guk ohiturea hau dekogu, barru-barrutik ateratzen jaku... sena, badakizu.

SENARRA: Ba, gorde ezazu zure sena bame-bamean. Orain bai: bihar arte, eta ixo.

ANIMALIAK: Bihar arte.

 

Argia itzaliko da, baina finitu aitzin hartzak azken galdera zuzenduko dio otsoari.

 

HARTZA: Otsoa, seguru zira ez duzula ardi gau xan nahi?

OTSOA: Gose naz, baina ez dau merezi, auskalo zer dekon ardi madarikatu honek barruan. Ni bada ez bada libratu gura dot. Ondo egizu lo.

HARTZA: Gisa berean.

DOLLY: Ez dago argazkilaririk hor nonbait?

 

amaia