Lehen ekitaldia
Bikote zimeldu baten etxea. Hirian dago; auzokideak goian eta behean, ezkerrean eta eskuinean daude. Etxea ez da sobera handia eta eszenan ageri behar da sukaldea egongelarekin lotua. Sukaldeak honela izenda dezagun gailu eta traste oro dauka. Egongela apalagoa da, hau da, apalaz josirik dago. Karrika hotzetik sartzeko atea egongelan dago.
Goiza, emakumeak —ez patuak hala agindurik, gizonak inposaturik baizik— egongela garbitzen dihardu, xurgagailua lagun duela. Kontzentraturik dago zereginean eta hasieran ez da ohartzen atezain automatikoa joka ari dela. Gero bai, eta eskerrak, bertzinaz antzezlana ez litzateke inoiz hasiko.
EMAKUMEA: (Txirrina hainbatean jo ondoren) Bai?
HARTZA: (Ahots sendoa eta ziurra) Aizan, hor ekologistarik bizi al dun?
EMAKUMEA: (Txunditurik) Zer?
HARTZA: (Bide bertsutik) Ea kobazulo horretan ekologistarik dagoen...
EMAKUMEA: (Lipar batez pentsatuko du. Bere buruarekin arituko bailitzan. Mantso-mantso elekatuko da) E... ko... logistarik? ...bo... ni... ni etxekoandrea besterik ez naiz, baina nire senarra... bai. Bera ekologista da.
HARTZA: Orduan irekidan atea!
EMAKUMEA: (Zur eta lur, atea irekitzen dio, jakin gabe zergatik egiten duen. Handik gutxira etxeko txirrinaren hotsa adituko da. Atea zabaldu gabe galdegiten du) Bai, nor da?
HARTZA: (Sendo berriz ere) Irekidan atea, andrea, bertzinaz botako dinat.
EMAKUMEA: (Izutua) Bai, bai, atea ez bota, garestia da-eta! Sartu, sar zaitez... (hartza dela ohartzen da, deblauki) hartza jauna.
HARTZA: (Elekatzen den bitartean sofara doa, etzatera. Lasai eta sendo elekatzen da, deus gertatuko ez balitz bezala) Barkatu, jauna deitu didan baina ni zu bezalakoa naun: emea alegia... aizan, badun jatekorik kobazulo hontan? Tripak zorritan ditinat, negu osoa iragan dinat lo, beti egiten dinagu bezala, mokadu tristerik jan gabe eta mar-marmar istorioa jakinen dun, dokumentalen batean ikusiko huen... zer dun xateko? Orain goseak naun.
EMAKUMEA: (Harriturik, lekuz kanpo erabat, armairua seinalatuz) Hor, bigarren apalean eztia duzu... txilarrezkoa, labelduna...
HARTZA: (Haserre) Hi burutik hago! Bazkalburukoa lehenbizko platera aitzinean jaten dun?
EMAKUMEA: (Apal) Ez.
HARTZA: Ezta ni ere! Ez dun haragirik?
EMAKUMEA: (Abegitsu eta urduria) Bai, bai... zerri solomoa (hartzaren uko imintzioa) ...edo behi okela (hartzaren ezetza) ...edo arkume txuletak...
HARTZA: (Kontent) Ardia, bai goxoa! Emadan!
EMAKUMEA: ...baina, baina gordin daude; prestatuko dizkizut... labean sartuko dizkizut baratxuri eta olio zorrotada batez. (hartzak deblauki moztuko dio)
HARTZA: (Ironikoa) Zer uste dun, mendian laberik dugula? Ekarran ardi hori, dagoen gisan irentsiko dinat!
emakumeak hartzak agindukoari men egin eta erreakzionatzeko astirik gabe atezain automatikoa joka ari da. hartza bizkitartean besaulkira doa ardi txuletak irenstera.
EMAKUMEA: (Erantzuten) Bai?
OTSOA: Paraje horretan badau ekologistarik?
EMAKUMEA: A zer goiza!, zein da, soziologo bat?
OTSOA: (Haserre) Zer soziologo ta soziologondo! Ni otsoa naz!!! Zabalduizu atea, arriskupean nazelako, ... azkar!!!
EMAKUMEA: (Egoerak gatibatu du) Bai, bai, barkatu. (Atoan joko du otsoak etxeko atea) Bai, nor da?
OTSOA: Otsoa! Lehengo bera andrea; zabaldu, bizkor!
EMAKUMEA: (Publikoari, sasi-erretorikoa. Atea irekiko dio, halere) Emakumeak beti agindupean... egunen batean...
otsoa ziztu bizian sartuko da, atea hertsi, arnas sakona hartu eta behatxulotik so eginen du. Dena bakean eta arriskurik ez dela ziurtatu ondoren lasaitua har eta hartza den lekura abiatuko da, aldartea mudaturik. Orain erlaxatuago dago eta umorea bizitu zaio.
OTSOA: (hartzari) A zer sorpresa zu ikustea, Elena; ez neban espero.
HARTZA: (Jateari utzi gabe) Ezta nik zu ikustea ere.
OTSOA: (hartzari) Zelango bazkaria ari zaren jaten! Andra, ez dekozu okela gehiagorik?
EMAKUMEA: (Hasieran erantzunen zain geratuko da eta ondoren iratzarriko bailitzan jokatuko du) Baina, baina... zer da hau? Hau, jakin ezazue, basapizti parea, ene etxea da!!! Ene etxea!!! Zu, hartza, altxa zaitez ene besaulkitik, garestia da eta ilez betetzen ari zara... gero nola demontre garbituko dut? ...eta zu, zakur ziztrina, zer ari zara hemen, ene etxean... zergatik eskatu duzue ekologista bat? (Une honetan txirrina joko du eta emakumeak, urduri, erantzunen du) Bai, nor da oraingo honetan??!!
DOLLY ARDIA: Dolly naiz, etxe horretan ba al da argazki estudiorik?
EMAKUMEA: (Pentsakor) Estudio, estudio dena ez, baina ene senarrak... (dollyk moztuko dio)
DOLLY: (Hagitz alai) Orduan ireki ezazu atea, sartu nahi dut eta!
EMAKUMEA: (Publikoari zuzenduz, etsita) Zergatik irekiko diot ate madarikatu hau? (Txirrina joko du) Bai, nor da?
DOLLY: (Alai eta txoriburu) Artaldeko izarra!
EMAKUMEA: (Atea irekiz) Nor zara zu?
DOLLY: (Mantso bezain handiuste erranen du) Ardirik famatuena (Atepetik iragaitean txalo zaparrada ikaragarria adituko da, argazki flash zenbaitez lagundurik. Berak egoeraren jakituna izaki Hollywoodeko star baten pare jokatuko du)
EMAKUMEA: (Bere diskurtsoari berrekinez) Baina... baina zer ote da zirko hau? Zuek nortzuk zarete eta zer demontre ari zarete egiten?! Nondik etorri zarete eta zergatik sartu zarete ene etxean, jakin badaiteke!
HARTZA: (Jateari lagaz) Andrea, zu bezalakoa naun, nik ere kumeak izan ditinat eta...
EMAKUMEA: Aizu, errespetu pixka bat eskatu behar dizut, izan ere nik ez baitut umerik eduki orain artean!
HARTZA: (Harridura aurpegia) Ez? A zer arraroak zareten gizakiak. Guk urtero izaten ditinagu... bo, bikotea kausitzen badinagu, noski, hau ez delakotz lan makala hondar aldian, ez.
EMAKUMEA: (Gero eta serioago) Ez gaude niri buruz hitz egiten. Ea, bakoitza nor den berehalaxe jakin nahi dut, senarrari bazkaria prestatu behar diot eta oraindik ez naiz karrikaratu. Banan-banan, nortzuk zarete?
OTSOA: (Honek bere historia mimikaren laguntzaz eszenifikatuko du) Neu hasiko naz, zergaitik ez... ni otsoa nauzue. Leongoa naz, hango basoetan sortu nintzen, baina sasoi honetan Euskal Herrira ailegatzen naz. Orain dala urte bitik hona hartu dogu ohitura hau. (Ironikoa) Guri ere gustetan jaku turismoa. Taldean ibiltzen gara, gure nagusia Berto da. Berak gidatzen dau gure ibilbidea eta iharduna. Oso ona da, horrexegatik da gure nagusia. Ni bere gogokoena naz, lehena ailegatzen naz erbia, basurde, txanogorritxo, oreina... edozein animalia harrapatzera. Oso azkarra naz eta sekulako hortzak dekodaz: ikusi, ikusi ... (Erakutsiko ditu eta bertzeek baiezkoa eginen dute buruarekin) Gu pozaren pozez bizi izan gara orain artean. Baina orain txarto bizi gara; gure nagusiak zorigaitzak jota gagozela dino. Beitu neu, etxe honetan bakarrik, nire kideengandik urrun, eta triste, arriskupean. Beti lez pertsonengandik ihesi gabiltza, ehiztariek hil guran, abeltzainak be halan-holan... Oso fama txarra ipini doskue, beti leporatu doskue Txanogorritxoren heriotza, baina ez da egia, istripu bat izan zan: zubitik behera erori zan, bera bakarrik... basoko guztiok dakigu, ezta, hartza? (hartzak baiezko keinua eginen du buruarekin) Gaiztoak garela, ankerrak garela, otsoa baino txarragorik ez dala, eta ez dakit zenbat guzur eta esamesa pozoituak bota doskuez. Guk bizi baino ez dogu gura, besterik ez dogu eskatzen. Guk jan egin behar dogu, elikatu behar dogu, zuek legez. Arazoa ez gara gu, zuek baino, lur osoa zuentzako hartu dozue eta harrezkero ez dakizue zer egin soberan gagozenekaz. Gaiztoak izatekotan zuek zarie: pertsonok, ez gu.
EMAKUMEA: (Errezeloak gainditurik) Ez jarri horrela, otso jauna, akaso zuzen zaude, ez dakit, ni etxekoandre bat naiz, ez gehiago, ezta gutxiagorik ere... ez dakit zer esan... (hartza eta ardiari) eta zuek, nortzuk zarete?
HARTZA: (Jana finiturik, eta atzaparrak miazkatu ondoren) Bo, begira andrea, seguru niz gen bildu girenok ez girela etorri gustu hutsagatik, egoerak gala eskaturik baizik...
DOLLY: (hartzaren diskurtsoa oztopatuz; irri zabala) Ni oso happy nago hemen...
HARTZA: (Serio demonio begiratzen du dolly) ...ni, adibidez, Poloniarra niz jaiotzez, Bialowiezakoa hain zuzen ere. Gan sortu ninduten. Amarekin batera bizi nintzen, arbiak jaten, amuarrainak eta izokinak harrapatzen, (otsoak moztuko dio, diskurtsoa oztopatu gabe)
OTSOA: Bai, sona handikoak zarie langintza horretan, basoko guztiok entzun dogu hau noiz edo noiz.
HARTZA: ...eta ezti goxa dastatzen, marrubiak, mazuztak... denetarik zegoen gan. Hartz anitz bizi ginun Bialowezan, armonia handian. Bo, liskarrik ez zelarik, baina gau non nahi suertatzen da, ezta? Arras kontent nintzen ene amarekin kumea nintzelarik. Egun batean, ordea, hasi ginun aditzen berri txarra: gizonek erraten zuten hartz franko, gehiegi zela lurraldean eta batzuk kanporatu behar zutela. Goiz triste batean gizon batzuek kaiola handian sartu eta Piriniora ekarri ninduten. Ez nuen inor ere ezagutzen mendi altu hauetan. Zer zaila den han bertze hartzak ediretea!!! Zinez korapilatsua, ezinezkoa kasik: mendizaleak, abeltzainak eta batez ere, batez ere ehiztariak dira arriskutsuenak. Ez gaituzte bakean uzten, ez gaituzte maite, ez dakit zergatik ekarri gintuzten... aizu, nik ez nuen eskatu hara ekar nintzaten. Ene gogoaren kontra aritu dira beti, baina orain alde egitea erdietsi dut eta gen nauzu, ihes egin dut eta gaitzerdi, baina ekologista baten etxean sartu niz. Salbu gira gen, bederik.
OTSOA: (Antsiak bulkaturik) Bai ezta, andrea? Ekologista baten etxean sartu gara, ezta, egia da, ezta? Esan lehenbailehen mesedez!
EMAKUMEA: (Pentsati eta zalantza-dantzari) Mmm, ekologista, ekologista... nik uste dut bera ekologista dela, nahiz eta zenbaitetan... ez dakit, hobe duzue zuek zeuek galdetzen badiozue berari.
HARTZA ETA OTSOA: (Nahasturik, urduri eta algaraka. Zutik) Nola ez dela ekologista??!!! Zuk esan diguzu aurrekoan zure senarra ekologista dela, eta orain ez dakizula...? Arranopola!
OTSOA: (hartzari. Beldurrak airean) Akaso ehiztaria izango da eta hil egingo gaitu bere eskopetea zantarragaz!
HARTZA: (Kezkatua eta serio. otsoari) Gori ezta aipatu ere!
EMAKUMEA: Dena den, korapilo hau ez dut ulertzen, zergatik egon nahi duzue, zer dela eta horren antsia handia ekologista baten etxean egoteko?
OTSOA: Beitu andra, gizonak pentsatu dau lur osoa berarentzako dala. Eta holan jokatzen dau. Gu errespetatzen gaituzten bakarrak ekologistak dira; ez jake kutsadura gustetan, gure lagunak dira: gu defenditzen gaituzte... mundu garbiagoa gura dabe, arbolak eta zuhaitzak maite dabez...
HARTZA: ...lurra maite dute, haizea, txoriak, natura... Gizon gaiztoek kutsatzen dute eta triskantza ederrak egiten dituzte mendietan eta ibarretan: ekologistak gorren kontra dira. Bai, otsoak ongi eta zuzen erran du: ekologistak gure lagunak dira. Zure senarra ekologista bada gure laguna izanen da, eta gu salbu izanen gira. Bertzinaz arriskuan gira.
EMAKUMEA: Ulertu egin dut, bai, baina ez dakit zer egiten ahal dugun... ene gizona gero etorriko da... momentuz ez jarri urduri eta ikusiko dugu zer egin daitekeen zuekin... dena dela, zu, ardia, nor zara eta zer egiten du ardi bat etxe ondradu batean?
DOLLY: (Pixkanaka hurreratuko da eta famatu glamourdunaren gisan ibiliko da. Hello Dolly —Herman 1959, Louis Amstrongen bertsioan— abestia adituko da eta ardiak dantzatuko du. Koreografiakideak hartza eta otsoa izanen ditu. Bera da, prefosta, artista nagusia numero honetan. Finiturikoan zera erranen du:) Ni Dolly naiz.
EMAKUMEA: (Haserre samar) Dolly, Dolly! Zer axola zait niri zure izena? Zer egiten duzu ene etxean?
DOLLY: Hau ez da estudio bat? Niri izuuuuugarri gustatzen zaizkit argazkiak.
EMAKUMEA: Bada, hau ez da estudio bat. (Erlojua begiratuko du) Berandu da, berandu da! (animaliei) Erosketak egitera noa, laster izanen naiz hemen, berriz ere. Zaindu etxea, eta kaka edo pixa egiteko, komuna hortxe daukazue: jakinaren gainean zaudete, beraz, kontuz ibili. Gero arte.
HARTZA: (emakumea atera ondotik) Zer da komuna? Gen norberak bere lurraldea zehaztu beharko du, mendian bezala ezta? Bakotxak txiza egin duen lekua berea izanen da; usainak erabakiko du.
OTSOA: Ni ados nago zugaz.
DOLLY: Nik ez dakit usaina zer den. (hartza eta otsoaren barreak)
HARTZA: (Bere gorputza hozkailuaren kontra igurtziz) Bada, lur puxka hau enea da.
OTSOA: (Sofaren ertz batean txiza eginez. Gero usaintzen hasiko da berriz ere hartzak galdegiten dion artio) Neuk alde hau hartuko dot.
DOLLY: Nik ispilu bat behar dut, nire orrazkera ederra ote den ziurtatzeko. (Sukaldean hasiko da ispilua bilatzen). I’m happy, I’m Dolly (Abestuko du lelo hau bila den bizkitartean. Zartagina kausituko du, ispilua balitz bezala jokatuko du) Hau da hau! begira ezazue ispilu hau, zer bitxia den! (hartzari) Begira, begira, ispilu ederra ezta?
HARTZA: (Serio begiratuko dio dollyri eta mementu batez isilik geratuko da, hausnartzen arituko bailitzan) Aizan, ez al dun uste arriskutsua nizela? Ez dun pentsatu apika xanen zaitudala?
DOLLY: (Inuxente-inuxente, eta alai. otsoa eta hartzaren arteko elkarrizketa osoa aditzen geratuko da, bertze ikusle bat izanen balitz bezala) Ez.
HARTZA: (Usaintzen ari den otsoari) Aizak, otsoa, hik uste duk gau zinezko ardia dela?
OTSOA: (Usaintzeari utzi eta ardia soseguz aztertu ondoren) Tira, tira, neuk ezagutu dodazanak alkarregaz ibili dira, artaldian. Hau hemen ikustia bakar-bakarrik, ez dakit... susmo txarra ekarten dost... (Uzkur eta ingurua behatuz) ez da hemendik artzaina ibiliko? Honek amarruaren itxura dauko...
HARTZA: (Uzkur hau ere) Egia duk, ez dik bat ere normala ardia bakarrik... (otsoari) eta xaten badiagu?
OTSOA: (Goseti aurpegiaz begiratuko du dolly, harengana hurbiltzen den bitartean) Ez da bape idea txarra, ez.
DOLLY: Zergatik dituzu hain begi handiak, otsoa jauna?
OTSOA: (Haserre) Ez hasi orain Txanogorritxu bezala! Zuk oihu egin behar dozu, hori izan da zure betiko papera eta ez hasi orain aldatzen! Ea, hasi negarrez, zuok dakizuen lez...
DOLLY: (Alai, hala ere) Nik ez dakit oihu egiten... ni ez naiz ardi bat... ni Dolly naiz (Poltsa batetik aterako du aldizkari bat) Begira hemen, azalean... (Harro, gora begira) ni neu naiz, Dolly ardia, lehen ardi klonatua.
HARTZA: Klona... zer?
DOLLY: Klonatua, ni ez naiz nire amaren alaba, ni laborategi baten sortu ninduten, nire ahizpa baten igual-iguala naiz... Aditu: ene ahizpa baten zelula txiki bat hartu zuten laborategiko doktoreek. Zelula txiki horrekin ni sortu ninduten, 274 alditan huts egin ondoren. Dolly, egunkari eta telebista guztietan azaldu naiz. I’m famous, I’m Dolly.
OTSOA: (Pentsakor) Egia esateko zuok ardiok antzekoak zarie, bardinak ez bazarie...
HARTZA: Ez diat inoiz galakorik aditu... baina berdin ziok, xanen diagu hala ere, ez dik gala otsoa?
OTSOA: (Susmo txarpean) Ez dakit zer emoten eustan pentsatzeak laborategi baten sortu (Enfasiaz) dutela... ez dakit, neu ez naz fio teknologiagaz, geure klaneko nagusiak lehengo baten haragitegian sartu zan, gabean, eta txorizo pare bat ohostu ebazan. Bada, orain larri dago, ez dakit zer kaka klase botetan daben. Zeozer barri izango da, lehen botetan ez zana. Lehen txorizoa jaten genuen eta ez jaku inoiz ezebez gertatu. Hori txorizo pare bategaz jazo bada, pentsau zer gertatuko jaku ardi txoro bategaz.
HARTZA: (Pentsakor) Orduan ez dik komeni xatea?
OTSOA: Neuk ez dot halangorik esan. Baina uste dot kontuz ibili behar dala ardi honegaz... edo ardi itxurako elementu honegaz. (Urduri) Adi, eme! Atia zabalduko da-ta! Umeok, emakumeak galdetzen badau zelan portau garen zuek esan oso ondo portau garela, ados?
Zerraila hotsa entzun eta gutxira emakumea sartuko da, poltsak eskuetan dituela.
EMAKUMEA: (Aldarte onean. Umeei zuzenduko zaie) Kaixo, publiko, animalia hauek ongi portatu al dira? (Suposa dezagun ongi portatu direla erantzuten dutela) Eta zuek... ez sortu burrunbarik, nik bazkaria prestatu behar dut eta oso konzentraturik egon behar dut. Etzan lurrean eta pixagale bazarete deitu.
OTSOA: Lasai, andra, ez gara txizalarri lehenago ederto egin dogulako.
EMAKUMEA: (Asaldaturik) Nola egin duzula...? zer?!!! non?!!! baina, baina, zer animalia klasekoak zarete? Esatea ere! Deabruen arima!
HARTZA: (Zeharo trankil) Ni Ursus arctos niz, otsoa Canis lupus da, eta ardiak ez du historiarik, mementuz...
EMAKUMEA: (Ohiuka) Hartzazu erratza eta ohial busti bat oraintxe bertan eta utzi ene etxea telebistako iragarkietan baino distiratsuagoa!
OTSOA: (Uluka hasiko da men egiten duela adierazteko) Uuuuuuuuuuuu! (Erranikoa beteko du)
EMAKUMEA: Eta zuek biok, Etzan hor eta ixilik! Hau da goiza! (Bazkaria prestatzen hasiko da)
Zerraila zarata, berriz ere, hartza hara doa eta senarrarekin topo eginen du. Enkontru desiatua izan behar zuena ifrentzua bilakatuko zaio senarrari.
SENARRA: Kaixo Maritxu laztana... (Muxu bat emanen dio hartzari, inertziak bulkaturik. Gero instant batez hartza eta senarra elkarri begiratzen diote, isilunea, eta azkenik senarra histeriak jota oihuka hasi eta lasterka hasiko da etxe osotik, otsoarekin estropozu eginez-isilunea berriz, korrikari eta oihukari bertze behin, dollyrekin topo egin artio. Hemen prozesu bera hasiko da, isilunea, eta oihua eta abiadura. animaliek ere korrika eta uluaka, marmara ulergaitza sortuz taula gainean. emakumea egoeraren lekuko mutua izanen da)
EMAKUMEA: Geldiiii! Zu ere, Josemiel, basapizti hauen pare? Ai ene! Amak esan zidana egia zen. Ez zaitez mokourdin horrekin ezkondu, zoritxarreko bizitza izanen duzu...
SENARRA: (Bere onera itzulia, urduria oraino, hala ere) Maria, zer demontre da hau? Azaldu lehenbailehen, ez dudalako deus ulertzen...
EMAKUMEA: Eskerrak galdetu didazun... begira, hiru animalia hauek, beno, hartza eta otsoa ekologista batekin egon nahi dute, eta ardi arraro horrek argazkilari baten premia omen dauka. Horixe da guztia.
SENARRA: Ekologista baten etxean sartu behar duzuela? ... ez dut oraindik deusik ulertzen...
HARTZA: Menturaz ez duk samurra izanen konprenitzea, baina ezina ekinez egina...
OTSOA: Hasteko, zu ekologista zara? Barriketan hasi barik hobe da egia jakitea...
SENARRA: (Bere kolkorako arituko bailitzan) Ni, beno, Greenpeaceren elastiko bat dut... zaborra bereizten dut, organikoa dena poltsa baten, papera beste baten, metala beste baten... eta autoan antinuklerra daramat.
OTSOA: Ez dakit oraindiņo ekologista zaren ala ez, bardin dotso; gu, hartza eta biok, ihesean gagoz. Ez dekogu non bizi, basoan ezin dogu, larreetan are okerrago, hirian ezinezkoa... orduen ekologista baten etxien sartzea otu jaku.
HARTZA: Gala duk, bai.
SENARRA: (Txunditurik) ...eta horrexegatik sartu zarete gure etxean?
DOLLY: Nik argazkilari bat behar dut.
SENARRA: (dollyri serio demonio behatuko dio. Motel elekatuko da) Ni ekologista baino bankuko langile bat besterik ez naiz. Etxe honetan ez dago lekurik basapiztientzat, (dollyri begiratuz) ez eta laborategiko esperimentuentzat, etxea txiki samarra da, ez dago egoera honi eusteko eginda, eta garrantzitsuena: nik ez dut zuekin bizi nahi; guk ez dugu zuekin bizitza egin nahi. Hitz batean azaltzeko, hemen ez dago lekurik zuentzat. Ok?
HARTZA: Ba, jakin ezak, Mr. Faltsua, guk ez diagula gendik mugitzeko gogorikan.
OTSOA: (Etsita) Urtiak daroadaz honen atzian, eta orain, uuuuuuuuuu, kalera urten behar dogu. Bertan ehiztari zantarrak egongo dira gure zain eta konturatuko dogunerako hilda izango gara... eta dena sasiekologista honen erruagaitik.
DOLLY: Orduan ez dago argazkirik?
EMAZTEA: Josemiel, igual hobe da pixka bat hausnartzea, zerbait oker egin aurretik, ezta? Agian udaletxekoek zerbait egin dezakete gure kontra... animaliak karrikan utzi izanagatik... ez dakit, zigorren bat ezartzen ahal dute.
SENARRA: Orain gose naiz, bazkal dezagun eta ondoren zirt ala zart eginen dugu. Hobe dugu kanpoan bazkaltzea, lasaiago mintzatzeko.
EMAZTEA: Eta zer eginen dugu nik prestatu dudan bazkariarekin?
SENARRA: Basapizti hauek jan dezakete, bestela igoal landare guztiak janen dituzte.
EMAZTEA: Ez dakit apreziatzen jakinen duten, baina tira, jan ezazue; eltze handian arrain zopa duzue. Zabalagoan paella eta ontzi txiki horietan natillak.
DOLLY: Non dago argazkilaria?