Dolly ardia eri omen; otsoak heldu bide dira Euskal Herrira azkenak akabatu genituenetik hainbat urte iragan ondoren eta Pirinoaren alde bietan hartzak dira hizpide. Ez dira bertakoak, nahiz eta begirada luzatzen badugu ohartuko garen azken urte hauetan ez eze (zibilizazioa hainbertze aitzinatu den denboran, hain zuzen ere), betidanik izan eta egon dira han. Eta hor, eta abar.
Umeek badute animalien berri, badakite laborategi batean sortu dutela ardi gaixo bat. Badakite, jakin ere, otsoa nor den eta zertan den egun. Otsoa; neguko hotzean agertzen den basapiztia, gure akats ororen erantzulea. Begi bedi toponimian edo folklorean, adibide bi. Hartzaz deus gutxi erraten ahal da; toreroak bezala miresmena zein gorrotoa bereganatu du, berak jakin gabe, seguru aski. Otsoa bezala, azken hartzaren presentzia argazki horixka horietako baten zetzan.
Animaliak hizpide dira egunerokoan. Ez dakigu, baina, zer pentsatzen duten, nola, norekin... orain arte. Antzezlan honetan gidaritza eta hitza hartu dute. Ea zerbait ikasteko oraino gai garen.
Jokalariak
etxekoandrea: erruloak buruan, bertzerik gabe.
SENARRA: langilea eta ekologista omen.
HARTZA: Ursus arctos. Poloniar emea. Handik Frantziara estraditaturik.
OTSOA: Canis lupus. Leongoa berez, Araban iragaiten ditu oporrak.
DOLLY ARDIA: Bayer laborategiak. Sona handikoa mundu mailan. Mass mediako star.
WOLFANG: Austriako laguna.