Aitaren larrua
Tripak Kolektiboa
Aitaren larrua
Tripak Kolektiboa
Eztena, 2018
Aitaren larrua
Tripak Kolektiboa
Eztena, 2018
[aurkibidea]

 

Aitaren larrua

 

Tripak

 

 

Aitaren Larrua 2016ko ekainaren 19an
“Zurrunbilo” jaialdiaren barruan
estreinatu zen Baratza Aretoan.

 

Ideia eta zuzendaritza: Tripak.

Oholtzan: Maite Mugerza Ronse, Mayi Martiarena Litago eta Marina Suarez Ortiz de Zarate.

Musikaria: Andrea Berbois Laspiur.

Testuak: Tripak.

Argiak: Unai Lopez de Armentia.

Prozesuan lagun izan direnak: Oier Diaz Aranzeta, Unai Lopez de Armentia, Garazi Lopez de Armentia, Hannah Whelan, Elixabete Etxebeste Espina, Eztenako lagunak, Ander Lipus, Arriguri, Idoia Zabaleta, Laia Cabrera, Patxi Suinaga eta Bingen de Madariaga.

 

 

 

Pertsonaiak

 

aita

Maite Mugerza Ronse.

Beltzez jantzita, “hombreretan” pare bat peluka beltz eta luze, aurpegia buztin txuriz margotuta.

semea

Mayi Martiarena Litago.

Gimnasiako elastiko urdin argi eta dirdiratsu batekin jantzita.

alaba

Marina Suarez Ortiz de Zarate.

“Hombrerak” dituen titi-kapela eta kulero txuri handiekin, “hombreretan” pare bat peluka txuri eta luzeak.

musikaria

Andrea Berbois Laspiur.

Soineko hori eta gorri “gaseoso” batekin jantzita, ekialdeko zaldiko baten antzera.

 

 

 

 

 

Eszenatokian

 

(Ilunpetan. Atzeko partean figura bat ikusten da erdialdean, kontrargiz argiztatuta. Idulki baten gainean dagoen larrua da. Pixka bat mugitzen da, bizia erakutsiz. aita da larru barruan eta idulki gainean eserita dagoena. Ezker aldean ordenagailu bat eta eskuin aldean mikro bat eta grabagailu bat, 90eko hamarkadakoa.)

 

 

1. eszena.
Ipuin bat

 

(Off-ahotsean ipuin bat entzuten den bitartean, larrua mantso-mantso eroriko da aitaren aurpegia agerian utziz. Buztin zuriz pintatuta dauka, modu traketsean, egurats zabalean egondako estatua bat izango balitz bezala. Begiokerra da.)

 

OFF-AHOTSA: Bazen behin larru bat. Larruak ez zekien nondik zetorren, nor zen bere ama eta nor zen bere aita. Lurretik sortu zela bazekien, bertan lo eta bizi zelako, baina ez zen akordatzen bere sorreraz. Urteak eman zituen lurrean zain, baina, denbora joan eta denbora etorri, konturatu zen mugitu egin behar zela, bizidun modura bere nortasuna bilatu behar zuela, zein zen jakiteko. Lurretik arrastaka ibili eta gero lortu zuen saltoak egiten ikastea, denboraz hegan egiten ikasi zuen. Egun batean, hegan zela, zerbaiten kontra txokatu zen. Itsatsita geratu zen estatua baten kontra. Estatua gizon batena zen. Harrizko estatua zuria. Kolpe horrek zerbait berezia izan zuen larruarentzat, zerbait sexuala. Kolpe horretan igurtzi eta igurtzi hasi zen, estatua bizitu arte. Estatua gizon batekoa zen. Kolpe hartatik bi seme irten ziren, erdi animalia erdi ume. Estatua geldirik egotera behartuta zen, bere indar primarioa zelako, baina larruaren indarraz mugimendua lortzen zuen, indar berezia, seme-alabak hezteko.

 

(Argiak piztuz joango dira. alabak semea arrastaka sartuko du. Ez diote atzeko figurari jaramonik egiten eta eszenatokiaren aurrealderaino iristen dira. Bertan, biak zutunik jada, alabak semea izorratzen du atximur eginez eta abar. semeak ez dio kasu handirik egiten, bera ere begiokerra da aita bezala. Bat-batean, semeak alaba gelditzen du eta aita erakusten dio. alaba aitarengana hurbildu eta larrua kentzen dio bere figura osoa agerian utziz. alabak aita idulkitik jaitsiko du aitaren oinek lurra ukitu arte. Orduan, alabak larrua hartuta, semearen ondora alde egingo du.)

 

 

2. eszena.
Paseo bat

 

(Giro iluna. semeak poema bat xuxurlatuko dio alabari belarrira, eta alabak, berriz, mikroz errepikatuko du, publikoari kontatzen. Bitartean, aitak bere ametsetako irudiak —poemak deskribatzen dituenak— azalduko ditu, keinu bereizien bidez.)

 

 

Poema

 

(aitaren ametsetan, lorategiko paseoa.)

 

Antzinako jardiñean barneratzen zara gauero

Zure esku-ahurra bezala ezagutzen duzu orratzez

egindako orografia, poroz poro.

Astelehenetik ostiral arratsaldera bi aldiz

egunero zeharkatzen duzu.

Uso zimelak harrizko aingeruen gainean, tunbak.

Ibiltzen zoaz, pikuak lurrean, zilbor zabalduak biguntzen.

Maitasunak eztarria miazkatzen dizu.

Orain ur ertzean zaude, aintziretako alga azpisarea

biratzen dago

koral haitzak arrastatzen.

Arrain geruza bat behe-laino azpian infiltratuta, distiratsu.

Arrezife gatzagako ehundura eskeletikoaren fraktalen

profilak errepasatzen dituzu.

Zuk eskegitzen dituzu petrolio perla pisutsuak

elur oreinen lobuluetan

zure gorputzeko marrazkiak bailiran.

Harro sentitzen zara, zure aurrean elurtegi domo dorrea

gailur gardeneko kapela hidratatuaz,

gaur ilargi fumarola ikusten da belar errosetoiaren atzetik,

bukaeran.

Hanka azpiko tantodun molusku, maskor,

kuartzo oskol marea bizi-hilak,

(ohe harritsu higikorrak), fosil familia legendarioa

ezkutatzen du,

ahaztu zenuen haien gonbidapena.

Lotsagarria buztin deltak biribiltzen,

basaren barne deformazioaren lodiera,

baina jolasten zara.

Duna lerro egitura magnetikoaren arkutik,

dromedarioak bizkar puztuak ditu,

urre kolorezko ontziak, non eguzkia murgildu zen.

Azpiko titiek printzei emandako palakadak lapurtzen dute islapena.

Suge euria hasi da, lehenik haiek eta gero

azal lausotuak argi aurreko dantzan jauzten.

Ez nuen hori ikusi!

Begira sumendi konoetan faraoi naufragoa,

arriskua da, pena ematen dit.

Berandu da, limoi koloreko armiarmak

hilobietako kolkoetan sartzen dira.

Jarraitu dortoka zahar erradioaktiboaren izerdi aztarnei,

erreka-haize ferekatuei

Hodei itzal azpian honezkero lakuetan ondoratutako

polen unitateak, ekaitza.

natazko olatuaren deskarga zure bakardadean

Hosto bakarreko hirusta sorta berotuaren gainean

arrastaka, eskerrak...

 

 

3. eszena.
Jabeari zaldiak eskapatzen zaizkio

 

(aita begiak kliskatzen, poema eteten du eta bere izaera baldarragoa bihurtzen da. seme-alabak zaldi bihurtuko dira eta espazioan zehar mugituko dira.)

 

AITA: Piztu! Txispita! Txispitaaa... (Animaliak harrapatzen saiatuko da, haiei jarraituz. Azkenik semea harrapatu eta lotzen duenaren itxura egiten du) Txispita, ummmmm!! ondo portau e?!...

 

(alabak gogorrago eusten dio, behor basatiagoa da, baina azkenean aitak hura ere harrapatu eta semearen ondora eramango du.)

 

AITA: Hala, venga, hor, mala bestia! (Ipurdian jotzen dio, haserre baina maitasunez, eta aurrera doa) Joe tío.... ¡Qué susto!

 

(aitak bere seme-alabak garaitu ditu. Larru-pilora igoko da, harro, begioker, ispilu batean bere buruari begiratuko balio bezala.)

 

AITA (ahots grabe pausatuarekin): Aita naiz, (seme-alabak bere alboetan jartzen dira) horregatik hartu dut eskubide hau, izena ematekoa eta gero haien ondoan egotekoa, ni ezagutaraztekoa...

 

 

4. eszena.
Autostop egoera bat

 

(aita kamioilari zahar bihurtuko da, irri bat agertuko zaio, eskuak dardarka eta begiak txinatar eran jarriko ditu. seme-alabak errepide erdian topatzen ditu.)

 

ALABA (altxatu egiten da aitaren diskurtsoa moztuz): Aupa!

AITA (urrutira begira): Aupa!

ALABA: Nora zoaz?

AITA: Karretera bukaerarte!

ALABA: A...

AITA: Zuek ze? Galduta?

ALABA: Ez..

 

(semeak atzealdean zerbait txungoa ikusi eta kolpe bat emango dio alabari.)

 

ALABA (pixka bat izuturik): Txizagura daukat.

AITA: Ba, hemen ez dago komunik.

ALABA: Ba... zuhaitz baten azpian....

AITA: Zuhaitzik ez dao. In beharko dezu... al raso.

ALABA: Ba... hor bertan.

 

(alaba txiza egitera doa.)

 

SEMEA: Marinaaaaaaa.

ALABA (urrunetik): Bazatoz?

AITA (atzera begiratzen du une batez): Zu ze? Nerbioso? (Eskuetako dardara asko handitzen zaio.)

 

(musikaria eskuineko oihalaren atzetik agertzen da eta Bachen “Violin Partita N°. 2 in D minor, BWV1004. IV. Gigue” ahalik eta azkarren eta ahalik eta denbora luzeen jotzen du arkua instrumentutik banandu gabe.

semeak aita lurrera bota eta larruarekin estaliz itoko du. Gero gorputz estalia laztanduko du sexu-harreman batean bezala. alaba itzultzean aurrera begira geratuko da, ez du aita ikusi.)

 

ALABA: Listo! Zer? Goazen?

 

(Musika elektronikoa.)

 

(alaba gorpu estalia ikusi eta negar histeriko batean hasiko da. semeak, aldiz, hildakoa barrez laztantzen duen bitartean. Musika amaitu eta seme-alabak aldenduko dira, uzkurtuz. musikaria desagertuko da.)

 

 

5. eszena.
Ehiztaria

 

(aita larruarekin batera tentetuko da, animalia bat izango balitz bezala. alaba ehizatu nahian, mantsoki inguratu eta animaliak erakartzeko soinua egingo du. alaba, lau hankatan, kuriositatez hurbilduko da aitarengana. aitak larruarekin harrapatuko du alaba. aitak animalia aparta harrapatzeak dakarren poztasunez eta gogo biziz begiratzen dio alabari. Haren gainean igo eta zaldiz ibiltzen hasiko da).

 

SEMEA (Xabier Leteren moduan abesten):

            Mugitzen den zuhaitzaren gainean mugitzen gara

            Marraztutako hostoaren gainean

            eta han behean blaitutako lurraren gainean entzuten dugu

            basurdea bere betiko jarraibideari jarraitzen.

AITA (semearen kanta etenez): Besteek maite naute nire pisua justua delako, gauza asko sostenga ditzaket...

 

(alabak aita bere gainetik botatzen du.)

 

AITA (harrotasunez eta begioker, aurrera begira posatzen saiatzen da): Oso estetikoa naiz. Nire melankolia ere hortik dator. Tristura forma eta koloreekin janzten da. (alaba kapa moduan jartzen dio larrua aitari. Biak dromedario bihurtu eta paseatzen hasiko dira eszenatokitik) Horregatik nago inspiratua eta horregatik inspiratzen ditut besteak. (alabak aitarekin batera esaten du testua, larru barrutik) Begiratzea maite dute eta noizean behin nire planeta moduko begiek haien puntuak aurkitzea. (aitak bideari jarraitzen dio eta alaba larrutik atera eta erdian geldirik geratzen da, makurtuta) Non nagoen ez dakitela iturri bat entzuten imajinatzen naute, ilunetan, misteriotsu. (Gogor) Baina, zertaz ezagutzen nauzu jauna? (Pixka bat atsekabetuta) Ez dakit zer den jakin beharko nukeena azkenean maitatua izateko... Agian, mundua nola hasi zen jakingo banu... (alabak larrua lapurtzen dio) Zeinek igaro ditu gauak mapak errepasatzen? Zeinek eraman ditu gratis???

 

(alabak larruarekin ihes egiten du oin-puntetan.)

 

AITA (alabari begiratuz): Hori neria da!!!

 

(aita alabarengana abiatzen da. aita eta alaba aurrez aurre geratzen dira.)

 

 

6. eszena.
Borroka barriobajero bat

 

ALABA: ¡¿Quéé?! Pégame!

AITA: ¡Pe... pégame tú!

ALABA: ¡Pégame tú! ¡Pégame tú, ¿eh?, ¿eh?! ¡Pégame! (alabak aitari titiak ukitzen dizkio, probokatu nahian) ¡Una llamada y te quedas sin casa!

 

(aitak alaba ileetatik hartu, lurrera bota eta borroka bizian hasiko dira. Bitartean, iskanbilatik kanpo, semea dantzan hasiko da ordenagailuaren aurrean eta modu sentsual batean. Azkenean, semeak aitaren arreta deituko du keinu eta soinu berezi batez. aita semearengana abiatuko da, aurreko borroka ahaztuz.)

 

 

Erritu bat

 

(aita eta semea aurrez aurre. aitak lurreraino eramaten du semea, bere oinetan makurtuta utziz. aitak, aurrera begiratzen du, begioker, ispiluaren aurrean posatuz eta hanka bat jartzen dio semeari gainean, arroka bat balitz bezala.)

 

AITA (ahots grabe eta pausatuarekin): Nire semeak irlak dira. Nire besoetan mugitu izan dira bustita. Haien erritu basatien semea izan nahi dut, edo dantza egitean inguratzen duten palua!!! Ulergaitzaren kuttuna...

 

(semea askatzen da eta burla egingo dio aitari. aita lurrera jauzi eta zomorro itxura hartuko du. alabak larrua airean altxatu eta ikurrina bat bezala birak ematen hasiko da. Kolpe batez lurraren kontra botako du. semea hurbilduko da eta alabarekin batera larrua astintzen hasiko dira geroz eta indartsuago ekaitzezko laino bat sortuz. Zomorro den aita, lainoak erakarrita, larruaren azpian jarriko da. seme-alabek, bat-batean, aita estaliko dute larruarekin. seme-alabek, kumeek bezala, aita hila bere ahoekin eta kontu handiz baltsamatuko dute.)

 

 

7. eszena.
Agurra (bi aukera)

 

 

Agurra 1 (dantza bat)

 

(musikaria agertzen da eta biolinarekin Bachen “Violin Partita N° 2 in D minor, BWV1004. IV. Gigue” ahalik eta azkarren eta ahalik eta denbora luzeenjotzen du arkua instrumentutik banandu gabe.)

 

(seme-alabek dantza egingo dute. semeak euskal dantzetako pausoak nahasten ditu eta alabak batez ere bularrarekin egiten du dantza. Dantza intentsu hori musikariak jotzeari uzten dionean amaituko da. seme-alabak eszenatokitik doaz, eskutik helduta. musikaria ere beraiekin ateratzen da.)

 

(Isilunea.)

 

 

Agurra2 (western duelu bat)

 

(Atzeko pareta osoan proiekzio bat agertuko da. alaba bertara hurbiltzen da.

Proiekzioan semea eta aitaren arteko duelu bat ikusten da, aurrez-aurre, cowboyen erara.

alabak ezetz obsesibo batez mugitzen du burua, proiekzioari begira dagoela.

semea belauniko geratzen da aitaren ondoan. Proiekzioan semeak aitari bihotza oparitzen dio eta oholtzan gauza bera gertatzen da.

Proiekzioan su-artifizialak hasten dira.

Proiekzioa amaitzen denean, semea guztiz makurtzen da lurrean, bitxo-bolarena eginez, eta alaba guztiz geldirik geratzen da atzean.)

 

 

8. eszena.
Berpiztea

 

(aita, erdi ilunetan, eta ahalik eta geldoen, orain kapulu bat den larrutik irtengo da, haren forma aldatu gabe eta bere burua nekez atzera arrastatuz, eta harridura handiz bere gorputzari begiratuz oin punta atera arte. Argiak itzaltzen dira.)

 

amaiera