Hitzaurrea
Hamar urte bete ditu aurten Eztena arte eszenikoen jaialdiak. Hasieratik oso filosofia argiarekin egin genuen jauzi plazara: arte eszenikoetako eragileen arteko sareak sortu, sortzaileentzako elkargunea izan, ohiko zirkuituetan programatzeko zailtasunak dituzten lanei eta dramaturgiei erakusleiho bat eskaini, sortze prozesuan dauden lanak erakutsi, publiko aktiboaren ideia bultzatu...
Mikelazulo kultur elkarteko antolatzaileontzat abentura itzela izan da. Hamar urtetanjende asko pasa da Eztenatik, eta batez ere bizipen ederrak utzi ditu. Eztena arte eszenikoen ospakizun bat bilakatu da urtez urte, eta segur aski garrantzitsuena dena, emanaldietatik kanpo ere etengabeak izan dira solasaldiak, enkontruak, gogoetak, besarkadak, elkar ezagutzeak eta trukeak.
Eztenak hamar urte bete dituen honetan beste proiektu bat jarri nahi izan dugu martxan, jaialdiak hasieratik izan duen helburuetan sakontzen lagunduko duelakoan: arte eszenikoetako hainbat lanen testuak plazaratu ditugu, edizio xume baino landuetan. Helburua, beste behin ere, jaialdiarena bera: egun arte eszenikoetan dagoen aniztasun ideologiko eta estetikoa islatzen saiatu, arrisku eszenikoak hartzen dituzten sortzaileen lanak aldarrikatu eta ikusgarri egiten laguntzea.
Tripak kolektiboak Aitaren larrua lanaren sortze prozesua atalka ekarri zuen Eztenara: 2015ean “Piezak” saioan hamar minutu inguruko lagina eskaini zuen, eta gero solasaldian sortze prozesua zertan zen azaldu zuen. 2016ko edizioan pieza osorik estreinatu zuten, Niessenen. Lehen momentutik inpaktua sortu zuen Aitaren larruak: pieza laburra eskaini zutenean publiko osoa krak!eatua utzi zuten, ezeren antzik ez duen lan bat eskainiz. Barre egin genuen, deskontziertoa sentitu genuen... eta oro har hitz bat gailendu zen beste guztiaren gainetik: hipnotikoa.
Aitaren larruak euskal arte eszenikoetan nagusi diren kanonak hankaz gora, buruz behera jartzeaz gain ezker eskuin deformatu zituen, zirku artistiko baten gisan. Nork dio euskaraz ez dela gauza garaikide, apurtzaile, astintzailerik egiten? Tripak kolektiboko partaideak arte ederretatik datoz batez ere, eta berehala sumatzen da hori: espazioaren erabilera, pertsonaien bolumen plastikoa, performancearen mugetan Kantorren teatraltasuneraino garamatzan nahasketa definiezina. Ezinezkoa da Tripak kolektiboak transmititu zigun zirrara, ilusioa, teatro berriarekiko itxaropena paperezko formatuan behar bezala jasotzea, baina hala ere, pozik gaude liburu honek ozenki aldarrikatzen duelako: teatro hau existitzen da.
Lan honen irakurketarekin gozatuko duzuela espero dugu, gora antzerkia!
Eztenako Lantaldea