hector bere niengandik ihesean dabil, ezkutaketa jolas absurdo batean murgilduta dabiltza gela zabal eta minimalista batean. Gelan mahaia, aulkia, dibana eta sofa luze eta zabal bat daude. Kanpora ematen duen atea ezkerrean dago eta etxeko gainontzeko geletara ematen duen atea berriz, eskuin aldean. hectorrek eta bere bi niek arropa berdina daramate soinean eta halaxe izango da agertzen diren aldiro.
NIA1: (Jostalari) Hector. Non hago? Tira, elkarrekin egoteko eginak gaudek biok, hezur eta haragi gaituk... Hi haiz hezurra.
NIA2: Eta ni zer?
NIA1: Hi? Zera, hi, zera haiz... Ez hadi haserretu, baina oraindik ez diat gurekin zer egiten duan ulertzen. Egik kontu, asko estimatzen haut, baina berak ez hainbeste, hitaz zera pentsatzen dik... Zera haizela, apur bat, pixka bat... Zera bezala... Konprenitzen didak... Hanka biak apurtu nahi badizkiok ere, ez diat nik galaraziko. Hortxe zagok!
Berriro ere hectorren atzetik hasi dira, hura harrapatu nahian. hectorrek, azkenean, amore eman du, beste biak gainean dituela ohartu denean.
HECTOR: Ongi da. Aski duk!
hector sofan eseri da lur jota. niek beste horrenbeste egin dute. Haren aldamenean eseri dira, ezker eskuin.
NIA1: Patetikoa haiz. Ikusi egin beharko huke hire burua. Hondoa jo duk. Inortxok ere ezin dik norbere buruarengandik ihes egin. Saiatu zen azkena Michel Jackson izan zuan, eta begiraiok nola bukatu duen gizarajoak. (...) Neska horrek lagunduko dialakoan haiz oraindik?
HECTOR: Zergatik ez ba?
NIA1: Hire maitasun platonikoa aukeratzea ere... Hain gaizki al gaude elkarrekin? Azkenean hori ere ez zaik geratuko.
hirurak ohartu dira badatorrela esti. hector, azkar, dibanean eseri da, ezer gertatu izan ez balitz bezala. nia1 eta nia2 sofan geratu dira.
HECTOR: (Ahots behera) Berandu baino lehen egingo ditut zuekikoak.
NIA1: Hik egin ezak amets, koitadu horrek.
esti sartu da gelan, baso bete ur eskuan dakarrela.
ESTI: Hemen ura.
HECTOR: Mila esker, oso atsegina zara.
NIA1: Eta hi ergel galanta.
ESTI: Jarraitu kontatzen, zerk bultzatuta etorri zara kontsultara?
HECTOR: Tira, bi arrazoi badirela esango nuke.
ESTI: Zeintzuk dira ba?
NIA1: Ez zakiat zer demontregatik ordaintzen zaion hainbeste diru jendilaje honi, polita izango balitz sikiera...
HECTOR: Zera, apur bat deseroso sentitzen naiz.
ESTI: Deseroso?
NIA1: Jainko maitea, igartzen zaiok hasiberria dela. Pikutara maitasun platonikoa. Gizon batentzat ez zagok norbere Dulcinea aurkitu eta ezagutzea baino zigor gaiztoagorik.
HECTOR: Nahikoa duk! O, ez, ez dizut zuri esan. Zera, ordua dela iruditu zait... Baina oraindik ez, ezta? Oso etxe polita duzu, ze mendetakoa da?
ESTI: xxi. mendekoa, iaz eraiki zuten.
NIA1: Hi, hago ziur: hankak apurtuko dizkik honek.
HECTOR: Bistan da berria dela, jakina, baina segur aski aurreko bat bota ondoren eraikiko zuten...
NIA1: A ze lotsa.
ESTI: Etxeaz hitz egin nahi duzu, seguru?
NIA1: Jakina, hitz egin dezagun etxeaz, esan iezaiok logela erakusteko.
HECTOR: Hobe gaiz aldatzea, aukeran.
ESTI: Ederki.
HECTOR: (...) Nire etxea xix. mendekoa da. Aitaren aitona izan zen eraiki zutenetako bat. Handik urte batzuetara, pisua erosi zuen eraikin berean.
ESTI: Hara, zure aitaren aitona hori erromantiko hutsa zen.
HECTOR: Bai izan ere... Maitasun arazo bat zela medio egin zuen bere buruaz beste.
ESTI: Sentitzen dut.
HECTOR: Egia esan, sekula ez zen suizidioa edo hilketa saioa izan ote zen ziur jakin, izan ere, gorroto zuen bizilagun baten gainera erori zen.
NIA1: Zer diok? Ez al duk oraintxe bi hankak apurtzeko une aproposa?
ESTI: Bi bertsioen artean, zein duzu nahiago?
HECTOR: Ez dakit ba, biak ere... nahiko izugarriak direla uste dut...
ESTI: (Lotsaz) Jakina.
NIA1: Goazemak Hector, jasanezina duk hau. Ez duk hire helburua lortuko.
HECTOR: Laguntza behar dut.
ESTI: Noski, horregatik zaude hemen. Zergatik uste duzu laguntza behar duzula?
HECTOR: Zera, batzuetan...
NIA1: “Ahotsak entzuten ditut...”
HECTOR: Nola esan...
NIA1: “Ahotsak entzuten ditut...”
HECTOR: ... sentsazio arraro batek harrapatzen nau eta...
NIA1: Banekian, koldar hutsa haiz.
ESTI: Bai?
HECTOR: Ba... arraro sentitzen naizela.
NIA1: Ņo, ederto ari haiz, garbi eta zuzen, nik ez nikek hobeto deskribatuko, “sentsazio arraro bat arraro sentitzearen antzeko zerbait da”. Harrapa ezak!
ESTI: (...) Ondo da. Ongi baderitzozu, gauza pare bat egingo dugu amaitzeko.
Fitxa batzuk atera ditu estik. Frogan parte hartzeko asmotan hurbildu dira niak.
ESTI: Joan esaten zer ikusten duzun fitxa bakoitzean.
NIA1: Bi poxpolin larrua jotzen.
HECTOR: Lore bakarti bat.
NIA2: Hori aizkora bat duk.
NIA1: Agian hiru dituk...
Beste fitxa bat.
NIA1: Bi emagaldu larrua jotzen bi zakil dituen beltz batekin. Et, et, et, hemen hirugarren kikiliņo bat ere bazagok!
HECTOR: Neguko arratsalde bakarti bat.
NIA2: Odol putzua.
Beste fitxa bat.
HECTOR: Baliteke... bale bakarti bat izatea...
NIA2: Odol putzua.
NIA1: Emakume lodikote bat... nano batekin txortan.
Beste fitxa bat.
NIA1: A ze zakil puska!
HECTOR: Bazter batean utzitako giltza bakarti bat.
NIA2: Labana.
Beste bat.
NIA1: Beltz bat bi urdangekin txortan. Eta beltzak... bat, bi, hiru eta lau zakil zeuzkak.
HECTOR: Emakume bakarti bat banku batean eserita, triste dago.
ESTI: Nahikoa da.
NIA2: Odol putzua zuan.
NIA1: Sexua besterik ez dik neska honek buruan, arraioa!
HECTOR: Ondo egin al dut...? Betaurrekoekin baliteke... Honek gauzok, apur bat... zera jartzen naute...
ESTI: Ezin hobeto egin duzu. Orain, marraztu nahi duzuna orri honetan. Burura datorkizun lehen gauza.
“hector” bakoitzak arkatz bana hartu du estik eskainitako pototik eta hirurak hasi dira aldi berean neskak emandako orrian marrazten. Bukatu eta estiri eman diotenean, honek ia ezin dio harridurari eutsi.
ESTI: Tira, ba... Hori izan da guztia.
NIA1: Hara, monjatxoari ez zaiok gure artelana gustatu. Neska honekin maiteminduta egon hintzen, benetan?
ESTI: Ongi baderitzozu, datorren astean elkar ikusiko dugu berriro.
HECTOR: Ezin al da lehenago? Agian gaur arratsaldean...
ESTI: Ez dut uste...
HECTOR: Ordu pare bat barru etor naiteke berriro...
NIA1: Ez gu izorratu, Hector, nahikoa diagu.
ESTI: Egia esan, ez dakit... Hobe datorren astean... Normalean hala izaten da...
NIA1: Ikaratu egin duk.
HECTOR: Ikaratu egin al zaitut?
ESTI: Ez. Baina ez dut uste komenigarria denik... Hobe datorren astean etortzea.
HECTOR: (Dirua atera bitartean) Ongi, primeran, ederki... Jakina, normalean hala izaten da, eta normala ez dena anormala denez, ba, hobe bietako bat aukeratzekotan normala aukeratu... Esan nahi dut itzuliko naizela, datorren astean.
NIA1: Hi bai, anormala! Denbora galtzen ari haiz, Hector, diru horrekin geure buruei omenalditxo bat egitea hobe kasik, ezta?
HECTOR: Dirua nirea da!
ESTI: Jakina, Hector, baina uste dut argi geratu dela kontsultak 50 euro balio duela...
HECTOR: Bai, jakina, noski...
Eman egiten dio. estik karteran sartu du.
ESTI: Hector, zera... Zu eta biok ez dugu inoiz aurrez elkar ikusi? Ezaguna egiten zait zure aurpegia...
NIA1: Harrapatu hau.
HECTOR: (neskari) Ez dut uste.
ESTI: En fin... Oraidik ez didazu non lan egiten duzun esan.
HECTOR: Bulego batean.
NIA1: Soto ustel batean.
HECTOR: Kontablea naiz, kontularia.
NIA1: Etzak hori egin!
HECTOR: Baina ez haurrei ipuinak “kontatzen” dabilen horietakoa... (Berak bota eta berak barre)
estiren ezpainean irribarre ergela marraztu da.
NIA1: Hi haiz hi lerdoa, neska honekin oheratzeko aukera txikiena egonda ere, oraintxe zapuztu duk.
Badoaz.
esti telefonoa hartzera abiatu da presaka. Bitartean, nia2 gelan sartu da, zarata txikiena saihestu nahian. 50 euroak hartu ditu neskaren karteratik. Dirua bereganatu eta badoa kanporantz. esti ez da gertatutakoaz ohartu ere egin. Ama agertu da. Pozarren dabil hondartza exotiko bateko taberna batean.
CARLA: Zer moduz, maitea?
ESTI: Ama, ezin dut. Pastilak non gordetzen dituzun ere ez dakit eta...
CARLA: Jainkoarren, txikitxo, gora animo hori!
ESTI: Ezin dut egin, kasu benetan konplikatua da, ez dut halakorik inoiz ikusi...
CARLA: Jakina ez duzula ikusi, zure lehen bezeroa da-eta!
ESTI: Pazientea.
CARLA: Nola?
ESTI: Ezer ez, ahaztu.
CARLA: Ordaindu dizu? Ospatu egingo dugu, zure lehen soldata da.
ESTI: Ez dago zer ospaturik! Agian Biologia ikasten hasi behar nuke, edo arotza izateko prestatu... Kazetari izateko, beharbada...
CARLA: Kazetari?! (...) Hirugarren kaxoian dituzu.
ESTI: Nola?
CARLA: Pastilak, neska, hirugarren kaxoian dituzula, barren barrenean. Ez hartu bi baino gehiago.
ESTI: Zergatik ez diozu zerorrek kasu egiten? Ideia ona da, ez duzu uste?
CARLA: Nik dagoeneko ez dut inor hartzen, maitea. Interesgarriagoa da liburuak idaztea, sinets iezadazu, batez ere besteren batek zure ordez egiten duenean. Hartu atseden, txikitxo.
ESTI: Baina ama... Ama?
ama desagertu egin da. estik pastila bi irentsi ditu. Gero marrazkiari bistadizo berri bat eman eta hirugarren pastila bat hartu du. Karteran begiratu eta 50 euroak falta zaizkiola ohartu da, ez du ezer ulertzen. Badoa.
ama etxean sartu da, oporretatik bueltan dator, berarekin dakarren maleta lurrean utzi du. esti atera da. Zur eta lur geratu da ama itzuli dela ikusita.
ESTI: Baina... Zergatik ez didazu abisatu? Aireportura zure bila hurbildu besterik ez nuen...
CARLA: Ez haserretu, txikitxo, baina ez zait inoiz zure gidatzeko modua gustatu. Zer moduz?
ESTI: Ongi.
CARLA: (Sinesgogor) Jakina. Sarrerako lurra aldatu behar dut, gorroto dut sartzen naizenero egurrak egiten duen kirrinkikarranka: arima penatu bat ematen dut, edo okerragoa dena, antzerki aktore bat.
ESTI: Zer ba, ametsetako irla horretan egindako bekatuak garbitu beharra duzu, ala?
CARLA: Ez dago bekatuak arinduko dituen ezer, maitea. Bekatuak pilatzen joaten dira, urteen poderioz minbizia eragin arte.
ESTI: “Bekatu sendaezinaren bizi mina: min bizia”.
CARLA: Ez dago ez mediku ez apaizik hori sendatuko duenik.
ESTI: Bekatuaren patua: alferrikoa apaiz santua.
CARLA: Amen.
ESTI: Ez didazu ezertxo ere kontatu behar?
CARLA: Gizon bat ezagutu dut.
ESTI: Hara! Gizonak interesatzen zaizkizu, berriro ere?
CARLA: Nor zen jakin nuenean interesatu zitzaidan.
ESTI: Alderantziz zela uste nuen, benetan nor diren jakiten duzunean interesa galtzen duzula.
CARLA: Nire paziente izandako baten senar ohia da, Alberto Hidalgo. Goitik bera ezagutzen dut nik, eta hark, ostera, nor nintzen ere ez zekien. Are gutxiago nik neuk gomendatu nionik bere emazteari dibortzioa eskatzeko.
ESTI: Hara...
CARLA: Gizarajoak ez du ordutik bururik altxa. Lur jota dago.
ESTI: Ez zinen errudun sentitu?
CARLA: Ezta gutxiagorik ere, harekin oheratu bezain laster jakin nuen zuzen jokatu nuela.
ESTI: Senarrarekin oheratu zara?!
CARLA: Senar ohia, maitea, eta benetan, ez zen inolaz ere deus gogoangarria izan.
Kanpoko ateko txirrin hotsa entzuten da.
ESTI: O, kakazaharra, bera da!
CARLA: Nor, ordea?
ESTI: Nire pazientea!
CARLA: Ez zenuen espero, ala?
ESTI: Jakina espero nuela. Neronek deitu nion. Beste profesional batengana jotzeko gomendatuko diot.
CARLA: Ez duzu horrelakorik egingo.
ESTI: Gehiegi da niretzat, ama.
estik hectorrek egindako marrazkia ematen dio amari, baina honek ez dio begiratu ere egiten.
CARLA: Ez duzu atzera egingo. Ez dizut utziko. Denbora luzea eta diru mordoa gastatu duzu karrera aurrera ateratzen, normala dena baino askoz ere gehiago, zure perfekzionismo alu horregatik. Badakizu zenbat diru den hori?
ESTI: Baina nire diruz ordaindu dut karrera.
CARLA: Jakina, nor naizela uste duzu? Ama arduratsua naiz ni.
CARLA: Ni ere arduratsua naiz, badakit ezin diodala kasu honi aurre egin.
CARLA: (...) Txikitxo, gaixo mordoa dago munduan, lehenago ala beranduago aurre egin beharko diozu haietako bati. Ez duzu aukerarik.
ESTI: Mesedez, ama!
CARLA: Ongi da, ez didazu beste irtenbiderik uzten. Kasua bertan behera lagatzen baduzu, hasi beste etxe baten bila. Argi dago?
ESTI: Ni etxetik botatzeko gai zara?
CARLA: (...)
ESTI: Galdera inozoa izan da.
Berriro ere txirrin hotsa.
CARLA: Eman denbora zeure buruari, ezin duzu lehenengo saiakeran amore eman. Zabaldu atea, jainkoarren! Izan ausardia behingoagatik!
ESTI: Agian arrazoi duzu.
CARLA: Hala izaten da beti. Aukera ezin hobea da. Gaixo honi laguntzeko gai bazara, zure beldur guztiak uxatuko dituzu. Zure esku dago. Kasua utziz gero, akabo dena.
ESTI: (...)
CARLA: (Bere karteratik dirua ateratzen duen bitartean) Portzierto, ez dut oparirik erosteko astirik izan: tori, erosi nahi duzuna.
Badoa ama, estik eman dion marrazkia eskuan duela, nahiz eta oraindik ez dion irudiari erreparatu. Txirrin hotsa entzuten da, oraingoan etengabe ari dira jotzen. estik arnasa hartu eta atea zabaltzen du mahai gainean dagoen zanpagailua zanpatuz. Badator hector, bere bi niekin.
NIA1: Ikusten? Oraingoan entzun dik txirrin hotsa.
HECTOR: Ez zen nire asmoa horren era setatian jotzea... baina...
ESTI: Ez dio axola, ongi dago.
NIA1: Perfume usaina zagok, Hector. Atsegin hau, nonbait...
ESTI: Zer moduz, Hector?
HECTOR: Ondo, ongi.
ESTI: (Sinesgogor) Jakina. Eser zaitez.
Halaxe egin du hectorrek dibanean.
HECTOR: Harritu egin nau zure deiak...
ESTI: Bai, en fin... Agendan tartetxo bat nuela ohartu nintzen eta...
NIA1: Zer espero liteke gezurrik esaten ez dakien neska batengandik?
ESTI: Nola zaude?
HECTOR: Nire aitaren aitona etortzen zait etengabe gogora. Haren geneak ditudala uste dut.
ESTI: Erromantiko hutsa zu ere, beraz...?
HECTOR: Ez, suizida bat naizela uste dut.
ESTI: (...)
NIA1: Primeran, Hector, harira, kontsultak dirutza balio dik eta.
ESTI: Azaldu hori. Zergatik uste duzu suizida bat zarela?
NIA1: Galdetu zenbat paziente dituen.
HECTOR: Izan ere...
NIA1: Apustu egingo nikek bakarra heu izan baietz.
HECTOR: ... Ba, zera...
NIA1: Eskuak dar-dar batean dizkik. Drogazalea duk, agian...
HECTOR: ...Behin ahalegindu nintzen... nire buruaz beste egiten saiatu nintzen.
ESTI: (...) Kontatuko didazu zerk bultzatu zintuen hori egitera?
NIA1: Bultzatu? Ez al zuan ba suizidioa izan? Kar, kar...
HECTOR: Neska batekin irteten hasi nintzen... Ez, ez dut uste harekin maiteminduta nengoenik, eta argi dago bera ere ez zela nirekin maitemindu. Hasi eta bi hilabetera, beste gizon batekin alde egin zuen. Gizona korearra zen, koreeraz besterik ez zuen hitz egiten, eta gainera tartailoa zen... Hizmotela zela esan nahi dut. Halere, nahiago izan zuen hura ni baino.
NIA1: Segur aski oraintxe bertan txortan ariko dituk biak, jo eta su, bere anaia korear guztiekin batera, denak heure poxpolinarekin larrutan.
HECTOR: Aski duk! (...) Barka iezadazu.
ESTI: Ondo zaude?
HECTOR: (Baietz buruarekin) Poto osoa irentsi nuen, antsiolitikoak, gero beste poto bat, lasaigarriak, eta azkenik hirugarren poto bat, pizgarriak.
ESTI: Zer dela eta hartu zenuen erabaki hori neskarekin maiteminduta ez bazeunden?
NIA1: Galdera ona.
HECTOR: Galdera ona. Ba, segur aski, berriro ere bakarrik geratu nintzelako.
NIA1: Ni hirekin nengoan; tira, gu biok geundean hirekin.
HECTOR: Ospital batean esnatu nintzen, X abestia zegoen gelan jarrita... Maite dut abesti hori.
Kantuan hasi da. Halako batean, beste biak ere abesten hasi dira.
Hiru ahotsetan ari dira. esti erabat liluratuta geratu da.
ESTI: Hara, oso ondo abesten duzu...
HECTOR: Taberna batean kantatzen nuen aspaldian, zulo ilun batean... “Konectica”. Hiri osoko lekurik ederrena zela irizten nion orduan...
NIA1: (Nostalgia puntu batekin) Hala zuan, bai.
HECTOR: Baina jabea kartzelan sartu zuten, bere apartamentuan etorkin talde bat ezkutatzen zuelako.
ESTI: Gizon solidarioa, ez da bidezkoa halakoak kartzelan sartzea.
HECTOR: Egia esan, etorkinak banku lapurrak ziren.
ESTI: (...)
HECTOR: Lokala itxi zuen. Kale gorrian geratu nintzen. Nireak egin zuela uste izan nuen. Orduan ere saiatu nintzen nire buruaz beste egiten. Itsasoan sartu nintzen, itota hiltzeko asmo sendoarekin. Baina egun hartan ikaragarriak ziren olatuak: behin eta berriro itzularazten ninduten hondartzara. Ez zegoen olatu haiei aurre egingo zien kristaurik. Itsas ertzean esnatu nintzen. Hogeitik gora ume nituen inguruan, zerraldo nengoela oihuka. Ahoz ahoko arnasketa egiten ari zitzaidan haien andereņoa. Elkarrekin irteten hasi ginen gero... Totel korearrarekin alde egin zuen arte. Zuk baduzu haren antza; neskarena, esan nahi dut.
NIA1: Ai, ze polita... Atsegin duk! Gustatuta hago benetan neska honekin?!
ama dator, eskuan hectorrek marraztutako irudia dakarrela eta hari begira.
ESTI: Ama!
CARLA: Barkatu maitea, uste nuen azalduko zeniola dagoeneko gazte honi ez duzula kasuarekin jarraitu nahi.
NIA1: Hara, honek badik bai, halako “zera” , zer bat...
ESTI: Ez, zaude...
CARLA: Bai, badakit. Agian gogorregi jokatu dut lehen zurekin. Kasua bertan behera utzi nahi baduzu, ez dizut nik eragotziko.
nia2k, suminduta, zutitu eta amorruz begiratu dio amari.
NIA1: Zertan ari haiz? Hago lasai.
CARLA: Kaixo, Estiren ama naiz, Gomera doktorea, psikiatra.
HECTOR: Atsegin handia da.
ESTI: Ama...
CARLA: Ez da ezer gertatzen, txikitxo, ez duzu zertan gaizki sentitu, zaude lasai. (hectorri) Axola ez badizu, neronek jarraituko dut kasuarekin.
HECTOR: Tira, nik...
CARLA: Ulergarria da zalantzan egotea, normalean ez da halakorik egiten... Baina oker ez banago, zure kasua ere ez da normalegia, ez da hala?
NIA1: Azkarra duk... Atsegin diat!
ESTI: Ama, pribatuan hitz egin behar genuke.
CARLA: Ahotsak entzuten dituzu, ezta?
NIA1: Nola arraio asmatu dik?!
ESTI: Ama, bukatzen dugunean...
HECTOR: Bai, ahotsak entzuten ditut.
estik zur eta lur begiratzen dio mutilari.
CARLA: Ongi... Zatoz bihar goizean, nik lagunduko dizut. Ondo datorkizu lehen orduan?
NIA1: Ņo, bero-bero jarri naik. Esan iezaiok baietz, Hector!
hectorrek estiri egin dio so.
HECTOR: Ondo ari zela esango nuke...
ESTI: (Galtzaile) Nire amak nik baino esperientzia handiagoa du... Hobeto hartuko zaitu.
NIA1: Banengoan ba ni: hasiberria duk. Ez dik higatik borroka larregi egin... Tira, Hector, ez duk eta hitaz gogoratu ere egiten...
HECTOR: Baina...
CARLA: Zuk sendatu nahi duzu, bai ala ez?
HECTOR: (...) Ongi da.
NIA1: Bai...! Agur monjatxoari eta ongi etorri emakume heldu, harro-katxarro eta doktore dotoreari!!!
HECTOR: Benetan lagunduko didazu? Berriro ere... normala izango naiz?
CARLA: Nire hitza duzu.
Eskua carlari eman eta badoa hector. Haren atzetik nia1 doakio, pozarren. nia2, berriz, emakumeari begira geratu da, gorrotoz. nia1ek atzera egin eta besotik eutsi ondoren, gelatik ateratzera derrigortu du.
ESTI: Zergatik egin duzu?
CARLA: Zure hobebeharrez ari nintzela uste nuen...
ESTI: Bai, baina...
CARLA: Sinets iezadazu, ezingo zenioke kasu honi aurre egin.
ESTI: (...) Baina... Zuk zeuk esan didazu aukera ezin hobea nuela...
CARLA: Hara, badirudi zurekin ez dudala sekula asmatzen.
ESTI: Ez da hori, baina...
CARLA: Maitea, ahaztu duzu dagoeneko orain minutu gutxi negar intzirika ari zinela, nik kasua har nezan erregutuz?
ESTI: Baina arrazoi zenuen, ez badiot aurre egiten, gero ezingo dut... Zer dela eta iritzi aldaketa?
CARLA: Zure gaixoa interesgarria iruditu zait, besterik gabe.
ESTI: Interesgarria?
CARLA: Ezin diozu lagundu, oso kasu konplikatua da.
ESTI: Dagoeneko ez zenuela inor hartzen uste nuen...
CARLA: Kasu honek merezi du, ordea. Are gehiago: lepoa egingo nuke ponentzia on bat baietz garatu. Primerako aukera da Estatu Batuetan ezagutzera eman eta bertan liburuak saltzen hasteko.
ESTI: Horretarako erabili nahi duzu, kolegen aurrean zure egoa puzteko... Eta? Zer egingo duzu gero, bere beharrik ez duzunean? Kleenex batekin egiten den moduan zakarrontzira bota? Hori egingo duzu, ezta?
CARLA: Jainko maitea, txikitxo, hiztegia aberastu beharrean zaude. Zeharo ankerra da Kleenex-en metafora. Ezkon-eraztuna” bailitzan zakarretara botako dudala esan zenezake, aukeran.
ESTI: Ez zenuke horrela mintzatu behar, badakizu larrimina sortzen zaidala.
CARLA: Tira, maitea, honez gero gaindituta izan beharko zenuke antsietatearena... Egin nik bezala: erabat ahaztuta daukat dagoeneko nola utzi zenuen aldarean senargai koitadua.
ESTI: Ez jarraitu, arren...
esti azkar doa lasaigarri baten bila.
CARLA: Har itzazu beheko tiraderakoak. Aukera aukerakoak dira errudun sentitzen zarenerako.
ESTI: (...) Alde egin beharko nuke, hobe izango da horrela, alde egin behar dut etxe honetatik. Ez nauzu zuk botako. Ni neu joango naiz.
CARLA: Kontuz desio duzun horrekin, baliteke desioa betetzea eta. Baina zaude lasaigarriak bere lana egin arte, hizketaldi sosegatuagoa izango dugu orduan. Gero egingo dugu berba.
ESTI: Agian “gero” ez naiz hemen egongo.
CARLA: Ez izan inozoa, alabatxo, nora joago zara ba?
ESTI: Lagun baten etxera.
CARLA: Lagun bat? Nola du izena?
ESTI: Laguna.
CARLA: Eta zure karrera?
ESTI: Orain gutxi zapuztu didazu.
CARLA: Erabat petraltzen zara gauzak hain ilun ikusten tematzen zarenean. Zera egingo dugu: mutil horrekin saioetan gertatzen den guztiaren berri emango dizut.
ESTI: Hector du izena.
CARLA: Ongi deritzozu? Kasua jarraitu ahal izango duzu hartara, elkarrekin egingo dugu lan.
ESTI: Inoiz ez didazu halakorik proposatu.
CARLA: Eta ez damutzea espero dut.
ESTI: Sekula ez didazu konfiantza txikienik ere izan.
CARLA: Zu zara zeure gaitasunetan sinesten ez duena.
ESTI: Ez ni psikoanalizatu. Gorroto zaitut hori egiten duzunean.
CARLA: Zuk ez dakizu gorrotoa zer den, txikitxo. Gorrotatu, erdipurdiko jendeak gorrota dezake soilik.
ESTI: Ni lausengatzeko esaten duzu?
CARLA: Jakina. Lasaiago zaude orain?
ESTI: Ez.
CARLA: Ba hartu beste pastila bat. Gaur Jaimerekin afalduko dut, berandu iritsiko naiz.
Badoa ama. esti pentsakor geratu da.
Iluna.
ama agertokian azaldu da. Biharamuna duela igartzen zaio, ajea. Aspirina bat hartu du burukomina arintze aldera. Txirrin hotsa. amak, atea zabaldu aurretik dibana toki egokian kokatu du (izan ere, saioa grabatzeko asmotan dabil). Gero zanpagailua sakatu du. hector dator, bere bi niak atzetik dakartzala. amak eskua emanda egin dio harrera.
CARLA: Zer moduz?
HECTOR: Ondo, mila esker.
NIA1: Emakume hau handiegi geratzen zaik, Hector.
CARLA: Eseri, mesedez.
Guztiek egiten dute, hector dibanean eseri da, beste biak sofan.
CARLA: Alabaren oharrak irakurtzen aritu naiz. Zeure buruaz beste egiten saiatu zinela ikusi dut, bi aldiz.
HECTOR: Hala da, bai.
CARLA: Baina egoera aldatu egin da, laguntza eskatzeko gai izan zarelako. Hori oso ongi dago.
NIA1: Biharamuna dik.
CARLA: Esan iezadazu, noiztik entzuten dituzu ahots horiek?
NIA1: Gau osoa larrua jotzen eman dik, seguru.
HECTOR: Badira urte batzuk, hogeita bi urte nituenetik.
NIA1: Hainbeste denbora pasa duk?
CARLA: Ze eratako ahotsak dira, zer esaten dizute?
HECTOR: Hain... hain dira benetakoak... Beti gainean ditut, ez dago haiek isiltzeko modurik.
NIA1: Tira, hori negozia zitekek...
CARLA: Une honetan entzuten dituzu?
HECTOR: Bai.
CARLA: Eta zer esaten dizute?
NIA1: Une aproposa dela gainera salto egin eta ordu luzetan txortan egiteko.
HECTOR: Ba zera...
NIA1: Esan iezaiok barrabilik badaukak.
HECTOR: Ba... koldarra naizela diote.
CARLA: Iraindu egiten zaituzte?
HECTOR: Etengabe.
NIA1: Patetikoa haiz.
carlak eskua bekokira eraman du, burukominari eutsi ezinda dabil.
HECTOR: Ondo zaude?
CARLA: Burukomin apur bat dut, egia esan. Barkatzen badidazu... Aspirina hartuko dut.
NIA1: Banekian, ajea dik. Bestondo galanta! Atsegin diat!
HECTOR: Nahi baduzu beste baterako lagako dugu.
CARLA: Ez, ez arduratu, minutu erdian hemen naiz berriro.
Badoa carla. hector, adeitsu, zutitu egin da. Parada hori probestu du nia1ek, hectorren lekuan esertzeko.
HECTOR: Zertan ari haiz?!
NIA1: Ez diat doktore dotoreak gu ergeltzat hartzerik nahi.
HECTOR: Zoratu egin al haiz? Altxa hortik!
NIA1: Ez diat altxatzeko asmorik.
hector, nia1 besotik hartu eta hura dibanetik altxarazten saiatzen da. Nor baino nor ari dira, erdi borrokan bukatu arte. Bietako inor ohartu gabe, dibanean eseri da nia2.
ama dator bueltan. Harentzat nia2 da orain hector.
CARLA: Tira, hemen nago berriro ere.
HECTOR: Kaka! Zer egin diagu?
NIA1: Ez duk nire ardura, hirea izan duk errua!
CARLA: Entzuten dituzun ahots horiek iraindu egiten zaituztela ari zinen esaten.
NIA2: (...)
HECTOR: Jainko maitea!
CARLA: Ez al da horrela?
NIA2: (...)
NIA1: Mutu jarraitzen badik, denontzat hobe.
CARLA: Gaiz aldatu nahi duzu?
NIA2: Zergatik duzu ajea?
HECTOR: Jode.
NIA1: Jode.
CARLA: Ajea?
NIA2: Biharamuna... Ajea, bestondoa...
CARLA: Ez dut ajerik, eta gainera, hala izanda ere, nire gauzek ez dute garrantzirik, zugatik gaude hemen.
NIA2: (...)
HECTOR: (nia2ri) Jainkoarren, utz ezak!
NIA2: Ajea izatea ez litzateke oso profesionala.
HECTOR: Aski duk! Ospa nire lekutik!
hector nia2 altxarazten saiatzen da.
CARLA: Ongi al zaude?
hectorrek lortu du nia2 dibanetik urruntzea. Baina orain nia1 da haren tokia hartu duena.
NIA1: Listo, ez da ezer izan. Batzuetan burua bueltaka hasten zait eta... Pasa da.
beste biak nor baino nor ari dira, harik eta hector, nia1 bere lekuan jarri dela ohartzen den arte. hector amore emanda eseri da sofan.
CARLA: Iruditu zait...
NIA1: Pasa da, polit hori.
HECTOR: Jode...
NIA1: Badakizu? Egia esan, biharamuna baduzu ere, bost niri. Ez dio zure edertasunari inolako kalterik egiten. Entzuten ditudan ahotsei buruz hitz egiten jarraitzea nahi?
CARLA: Zuk hala nahi baduzu bakarrik.
NIA1: Gogaikarriak dira. Pentsatzen hasita nago intimitatea betirako galdu ote dudan. Ulertzen didazu ezta? Kanpaia jo ere ezin dut lasai egin.
HECTOR: Akabatu egingo haut, infernuan kiskaliko haiz!
NIA1: Nire sexu fantasiez hitz egitea nahi?
CARLA: Horretaz hitz egin nahi duzu?
NIA1: Zuk eskatzen badidazu...
CARLA: Une honetan Hectorrekin ari ote naizen jakin nahiko nuke.
HECTOR: Ez, ni naiz Hector! Harrapatu hau!
NIA1: Gela honetan nitaz aparte beste inor ikusten duzu, ala?
HECTOR: Ni naiz Hector! Bera iruzurtia da!
NIA1: (Erregistroz aldatuz eta hectorrenak eginez) Barka iezadazu, doktorea, ez dakit zer gertatu zaidan!
HECTOR: Putakume halakoa!
NIA1: Laguntza behar dut, esan dizut lehen ere. Badakit ni sendatzeko gai zarela. Barkatu deseroso sentiarazi bazaitut.
CARLA: Ez, lasai, ongi da. Zuk libre sentitu behar duzu, kontsulta leku aproposa duzu horretarako.
NIA1: Nahiago nuke zurekin ohean banengo...
HECTOR: Aski duk!
hector, berriro ere, nia1 bere lekutik kentzen saiatzen da, baina berriro ere, nia2 eseri da dibanean beste biak konturatzerako.
CARLA: Ongi zaude, seguru?
NIA2: Oraindik ez didazu erantzun.
CARLA: Nola?
NIA2: Zergatik duzu ajea?
hectorrek nia1ekin borrokatzeari utzi dio.
HECTOR: (Desesperatuta) Berriro ez, mesedez!!
hectorrek indarrez altxarazi du nia2 bere lekutik eta azkenean dagokion tokia berreskuratzea lortu du.
HECTOR: Ez nago ondo, andrea. Etxera joan nahi nuke. Beste egunen batean jarraituko dugu, beharbada... Oraintxe gogoratu dut katua paseatzera atera behar dudala...
NIA1: Zer katuri buruz ari duk?
HECTOR: Etxera itzuli behar dut.
CARLA: Zaude unetxo bat.
HECTOR: Joan beharra daukat.
CARLA: Ezin zaitut derrigortu, baina...
HECTOR: Tamalgarria da, badakit, baina katua... Hanka bat zaurituta du eta medikuak, albaitariak, paseatzera atera ezean elbarri gera daitekeela uste du, eta katuentzako gurpildun aulkirik ez dagoenez...
NIA1: Zer egingo diagu hirekin?
CARLA: Ongi da, baina berriro ere itzuliko zarela hitz eman behar didazu.
HECTOR: Nire hitza duzu.
NIA1: Gezurretan ari haiz.
CARLA: Itzultzen ez bazara gauzek okerrera egin dezakete.
HECTOR: (...)
CARLA: Ulertzen duzu, ezta?
HECTOR: Bai, jakina. Esan zenbat zor dizudan.
CARLA: Seguru zaude joan egin nahi duzula?
HECTOR: 50 euro ziren, ezta?
hectorrek dirua ematen dio.
CARLA: 80 euro, horixe da nire tarifa.
nia1ek txistu egiten du, dirutza izugarria dela iritzita.
HECTOR: Ez daramat hainbeste aldean...
CARLA: (50 euroak kaxoian gordetzen dituen bitartean) Tira, orain baduzu itzultzeko arrazoi on bat: 30 euro zor dizkidazu.
NIA1: Jakina itzuliko garela. Tira, Hector, ez kaikua izan.
HECTOR: Joan beharra daukat.
CARLA: Ez dizut nik eragotziko.
hector, carlari eskua luzatu ondoren, badoa kalerantz.
NIA1: Tira, Hector, antza denez honek ere ezingo hau lagundu.
Badoaz. carlak esku ahurra bekokira eraman du berriro, buruko minak hortxe darrai, temati. Badoa barrura. nia2 bueltan dator, isilean, eta kajoitik 50 euroak bereganatu ditu. Atzetik hector eta nia1 datoz.
HECTOR: Jakin daiteke zertan ari haizen? Utzi hori bere tokian eta goazen hemendik.
nia2k, ez du amore ematen: sakelan sartu du dirua.
HECTOR: Ezin diagu horrelakorik egin, ez duk bidezkoa!
NIA1: Zer axola ziok, itzultzeko asmotan haiz, ala?
HECTOR: Ez zagok ondo.
hectorrek bere sakeletik 50 euroak atera eta kaxoian sartu ditu. Kanporantz doala, bulegora sartu berri den estirekin egiten dute topo.
ESTI: Hector.
HECTOR: (Urduri) Banindoan. Oraintxe bertan joaten ari nintzen. Oraintxe, oinez, lasai-lasai.
ESTI: Zer moduz amarekin?
HECTOR: Ondo, oso ondo.
NIA1: Zoragarri, alde ederra, moņoņa!
ESTI: Pozten naiz.
NIA1: Esan iezaiok oso guapa dagoela. Esan iezaiok!
HECTOR: Joan egin behar dut.
ESTI: Ederki.
hector eta beste biak desagertu aurretik...
ESTI: Hector.
HECTOR: Bai?
ESTI: Zergatik erabaki zenuen nigana etortzea eta ez beste edozeinengana?
HECTOR: Konfiantza ematen zenidalako.
ESTI: Nola baina, ezagutzen ez banauzu?
HECTOR: Ezagutzen zaitut.
ESTI: (...)
HECTOR: Psikologia fakultatean ezagutu zintudan.
ESTI: Ez dut gogora...
HECTOR: Normala, asko ginen gelan, ikasturte bakarra egin nuen bertan. Baina zu ezagutzeko nahikoa.
ESTI: Horregatik egiten zitzaidan ezagun zure aurpegia...
HECTOR: Garai hartan ilea beste kolore batekoa zenuen. Atzean batuta eramaten zenuen... Gogoan dut iluntasunari diogun beldurraz egin zenuen lana. Bikaina izan zen.
NIA1: Aspergarria.
HECTOR: Bikaina izan zen.
NIA1: Aspergarria.
HECTOR: Bikaina.
NIA1: Aspergarria.
HECTOR: Bikaina!
NIA1: Aspergarria.
ESTI: Ez zen izan aspergarri samarra?
HECTOR: Ezetz ba!! (Damututa) Inola ere ez. Eta orain aste bi zure izena telefono zerrendan ikusi nuenean... deitu egin nizun.
ESTI: Hara... Zera, ba, berriro ere elkar ikusiko dugu, ezta? Amarekin hasi zarenez...
NIA1: Monjatxoak ez zakik ez duala itzultzeko inolako asmorik.
HECTOR: Noski, ikusiko gara.
Agurtu eta badoa hector bere bi “lagunekin”. esti bakarrik geratu da, unibertsitateko garaiak gogoratu nahian edo.
Ama agertu da.
CARLA: Irten egin behar dut. Bilera dut argitaletxekoekin, Jaimek azkenean iluntasunari buruzko nire lana argitaratzea erabaki du.
ESTI: Gai interesgarria.
CARLA: Zuk eman zenidan ideia, gogoratzen?
ESTI: Ideia baino zertxobait gehiago eman nizun...
CARLA: Jakina, gaitasun harrigarria duzu tesi on bat argudiatzeko. Ez zara hura garatzeko gauza, tamalez. Nire liburuak irakurri beharko zenituzke, inoiz ez duzu egiten eta...
ESTI: Guztiak irakurri ditut.
CARLA: Jakin daiteke zer gertatzen zaizun?
ESTI: Ezer ez, ez zait ezer gertatzen.
CARLA: Etenik gabeko depresio batean murgilduta bizitzea ez da osasunarentzat batere komenigarria, maitea. Gaurko gazteok berandu baino lehen ikasi behar zenukete ezin direla helburu guztiak lortu, arrakasta lortzea, norbere printzipioei uko egitea dela askotan. Badakit egia gordinegia dela, baina... egia da.
ESTI: Sekula ez zaitu depresioak harrapatu? Ez duzu inoiz burua galtzeko beldurrik izan?
CARLA: Bazkal ordurako itzuliko naiz. Zer prestatuko duzu?
ESTI: Entsalada bat neukan buruan, eta gero arraina.
CARLA: Ez egin labean, sikatu egiten zaizu.
ESTI: Zer moduz Hectorrekin?
CARLA: (...) Hobe itzuliko balitz, baina ez dakit ba... Oraindik berde samar dago. Inoiz ez dut berea bezalako kasurik ezagutu. Erraztasun harrigarriz pilatzen zaizkio bata bestearen gainean izaera ezberdin guztiak. Gogorra behar du.
ESTI: Eta ez diozu lagunduko?
CARLA: Nola lagundu laguntza ukatzen duenari?
carla badoa. estik kopa bat ardo atera du eta trago bakarrean edan du. Bigarrenez bete du kopa.
Iluna.
Parkeko bazter batean gaude orain. Banku bat dakusagu. hector eta bere niak datoz, garagardo botila bana eskuan, mozkortuta hirurak. hectorrek aurpegiera serioa du. hector eseri da bankuan nola edo hala. Bere ondoan nia2 eseri da. nia1ek zutik darrai.
NIA1: Eutsi goiari, Hector, hobe horrela. Gu biok ederto gaudek, elkarrekin goxo-goxo... Tira, hirurok. Familia bat gaituk. Bazakiat liskarren bat edo beste izaten dugula noizean behin, baina ze familiatan ez duk hori gertatzen? Poztu hadi, tira, goazen beste taberna batera zintzurra bustitzera. Etsigarria duk toki hau. Bozkatuko diagu zer egin? Zer iruditzen?
HECTOR: Itxi ahotzar hori, behingoagatik!
NIA1: Bale. (...) Hemen gaudenez, kantuan egingo diagu...
Sosen bat irabaziko diagu zorte pixka batekin. Izan ere, soto ilun horretan ordaintzen dutenarekin...
HECTOR: Hitz egiten segitzen baduk, ibaira egingo diat salto.
NIA1: Bale. (...) Zenbat gradutan egongo duk ura?
hector ziztu bizian zutitu eta eszenatoki ertzera abiatu da. Eszenatoki azpian ibaia dago.
NIA1: Ze, zertan habil? Ze ero haizek jo hau?
HECTOR: Egin egingo diat.
NIA1: Hi, zeharo mozkortuta hago hi!
HECTOR: Hobe, ez nauk enteratu ere egingo.
nia2 zutitu egin da, kezkatuta, hectorrek benetan bere burua botako ote duen beldur.
NIA1: Hi, hi, hago! Geldi hor! Tabernara joan nahi ez baduk, ez gaituk joango eta bakea!
HECTOR: Ezin diat gehiago.
NIA1: Hi, hi...
hectorrek buelta hartu eta nia1 uxatzen du.
HECTOR: Ospa, hoa hemendik, ez hurbildu!
NIA1: Lasai, gizona. Ezin diguk horrelakorik egin.
HECTOR: A ez?
NIA1: (...) Ongi duk, egin ezak behingoz, bota hire burua ibaira. Pikutara guztia! Akabo bizia, akabo musika, akabo hire bihotzeko Esti, popatik!
NIA2: (nia1i) Zertan ari haiz?
NIA1: Estrategia ezberdinak frogatzen.
hectorrek pauso bat eman du aurrera.
NIA1: Ezzzzz! Mesedez, Hector!
Tentsioz betetako isilunea egin da. hector, azkenean, ez da gauza bere buruaz beste egiteko. Negarrez lehertu da.
NIA1: Banengoan ba ni... Koldar hutsa haiz.
nia2 hectorrengana hurbildu eta besoa jarri dio gainean, lagunkiro.
HECTOR: Arrazoi dik. Hutsaren hurrengoa nauk.
NIA2: Inola ere ez. Ez egin kasurik kaiku horri.
HECTOR: Hala duk, ordea, ez diat xentimorik balio, gorroto zioat nire buruari.
NIA2: Et, et... Tira, lasai, pasa duk, pasa duk.
HECTOR: Bakarrik nagok mundu puta honetan!
nia2k beso artean hartu du eta hector negar intzirika ari da. Bi niek elkarri begiratzen diote.
NIA1: Hi, hi... Gu ere hirekin gaozak. Hi... Behin esango diat, eta hauxe azkena: hi tipo jatorra haiz.
NIA2: Bai horixe.
NIA1: Bularrean kabitu ezineko bihotza daukak, bihotz onekoa haiz, eta horrek asko balio dik. Hara, aitortu diat. Zer duen mozkortuta egoteak, putasoria!
HECTOR: Arrazoi duzue. Zuek zarete nire benetako lagun bakarrak.
NIA1: Hori duk eta.
HECTOR: Beti nire alboan.
NIA1: Halaxe duk, ezkondutakoak bezalatsu, zorionean eta atsekabean...
HECTOR: Biba zuek. (nia2ri) Aupa hi. Hi, hi ez zakiat nondik agertu haizen, baina asko estimatzen haut, jakin ezak.
NIA2: Baita nik heu ere.
Emozioak jota besarkatu dira.
HECTOR: Hau duk txizalarria.
NIA1: Bai, gizona.
hirurak ertz batera joan eta txiza egiten hasi dira.
esti agertzen da. hector, neska ikusi bezain laster txoritxoa zuloan sartu eta badoa neskaren parera. besteek txiza egiten jarraitzen dute.
HECTOR: Esti.
NIA1: Hara bestea...
ESTI: Hector... Nola zaude?
HECTOR: Ondo. Eta zu?
ESTI: Apur bat mozkortuta.
NIA1: Ederra mozkor koadrila!
nia2k ere bukatu du txiza parrastada. besteak, oraindik ere berean jarraitzen du.
ESTI: Leku hau atsegin zenuela esan zenidan eta...
NIA1: Oraintxe duk aukera ederra, Hector.
ESTI: Ez nuen egin behar baina... bizpahiru kopa edan ditut.
NIA1: Hiruzpalau, lauzpabost...
ESTI: Eta ardoak kalte egiten dit.
HECTOR: Gauza bera gertatzen zait niri. Behin bultzaka atera ninduten tabernatik, hanburgesak egiteko katu haragia erabiltzen zutela frogatu nahi izan nuelako.
ESTI: Eta? Egia zen?
HECTOR: Ez, arratoi haragia erabiltzen zuten.
ESTI: (...) Ez nago batere ondo.
HECTOR: Txantxetan ari nintzen... Taberna hura ez zen taberna egiaz, arrandegia baizik. Hurrengo egunean jakin nuen. Eseri nahi duzu?
ESTI: Bai, eskerrik asko.
esti bankuan eseri da. beste hirurak haren aldamenean eseri dira, nia1 ere bai, azkenean bukatu du eta txiza saioa.
NIA1: Utzi hizketaldia eta emaiok, Hector! Mozkortuta bazagok bihar ez duk eta ezertaz gogoratuko!
ESTI: Benetan gustatu zitzaizun unibertsitateko nire lana?
HECTOR: Bai, asko, bete betean asmatu zenuela uste dut.
ESTI: Zuk ere beldur zenion iluntasunari umetan?
HECTOR: Tira... ez zen beldurrik okerrena: Ablutofobia ere banuen...
ESTI: Bainua hartzeko beldurra.
HECTOR: Eta baita agirofobia ere...
ESTI: Kalea zeharkatzeari beldurra.
HECTOR: Alektrofobia...
ESTI: Beldurra zenien oiloei?
HECTOR: Batek mokoka egin zidanetik bai. Anuptafobia ere banuen... Eta badut.
ESTI: Bakardadeari beldurra. Beldur hori guztiok dugu barru barruan sartuta.
HECTOR: Atomosofobia...
ESTI: Zer da hori?
HECTOR: Eztanda nuklearren beldur nintzen.
ESTI: Hara.
HECTOR: Belonefobia...
ESTI: Orratzei beldurra.
HECTOR: Bazilofobia...
ESTI: Mikrobioei.
HECTOR: Klaustrofobia...
ESTI: Niri ere izugarrizko beldurra ematen zidaten toki itxiek.
HECTOR: Eskolionofobia...
ESTI: Eskolara joateari beldurra.
HECTOR: Joateari baino, bertan egoteari. Eskotomafobia ere jasan nuen...
ESTI: Zergatik zenion beldurra itsu geratzeari?
HECTOR: Hori oraindik ez dut gainditu. Egia esan, gutxi batzuk gainditu ditut. Adibidez, dagoeneko ez diot hegazkin batean sartzeari beldurrik. Batez ere, berriro hegan ez egitea erabaki nuenetik... Gimnofobia ere banuen...
ESTI: Txikiegia duzu ala? (...) Barkaidazu.
NIA1: Zergatik aitortu diok hori?
HECTOR: Hipopotomonstroseskipedaliofobia...
ESTI: Hipopotomo... zer?
HECTOR: Hitz amaigabe eta konplikatuak oker ahoskatzeko beldurra.
NIA1: Jode, Hector, sorpresaz beteta hago.
HECTOR: Jasan nuen okerrenetakoa Maieusiofobia izan zen.
ESTI: Haurdun geratzeko beldurra?
HECTOR: Mutikotan bai, orduan ez nekien gizonok ezin dugula haurrik eduki.
NIA1: Hi haiz ergela, hi...
HECTOR: Gogoan dut gangsterrei ere beldurra niela, eta txinatarrei, eta bizirik lurperatua izateari.
NIA1: Zerrenda polita, orain eman iezaiok musu, kaiku horrek, eta laga babokeriak beste baterako!
ESTI: Zein izen zuen amari diogun beldurrak?
HECTOR: Ez dut gogoratzen.
ESTI: Nik gorroto diot amari.
NIA1: Kaka, pikutara lardaskan ibiltzeko gure aukera!
ESTI: Barkatu, ez nuke halakorik esan behar. Ez da egokia, ez dakit zerk bultzatu nauen... Nire amak lagun zaitzake, hori egia biribila da... Ez zarela agian terapiara itzuliko uste du, egia al da? Ez egin halakorik, Hector. Ez utzi bertan behera terapia, errudun sentituko nintzateke, eta aspaldi egin zidan gainezka errudun sentimenduak. Gaindituko duzu!
HECTOR: Zergatik gorroto duzu?
ESTI: (...) Denagatik... Eta inbidia diodalako. Emakume interesgarria da, gogorra, ez dago hura kokilduko duenik... Edozein buruhausteri egin diezaioke aurre, eta inoiz ez diot kexu bakar bat ere entzun. Hori da jasanezin egiten zaidana. Ez du inoiz amore eman, ez nire aurrean behintzat. Erabili egin nauela pentsatu izan dut beti, baina orain ulertu dut ni ere baliatu naizela berataz. Ezingo nuke bera gabe bizi. Ez nuke jakingo nola.
NIA1: Ederra saioa, zer moduz 50 euro kobratzen badizkiok?
HECTOR: Nahikoa duk!!
ESTI: Barkatu, ez zintudan gogaitu nahi.
Alde egiteko asmo sendoz zutitu da esti.
HECTOR: Ez, ez dizut zuri esan... Beste hauek dira... Ahots hauek...
ESTI: Oker egin dut, ez nizun ezer kontatu behar...
HECTOR: Jakina baietz, atsegin dut zuri entzutea, atsegin dut zuri entzutea... Atsegin dut zurekin egotea.
NIA1: Bejondeiala, Hector, harrituta utzi nauk.
CARLA: Terapiarekin jarraituko duzu?
HECTOR: (...) Zera, nik...
ESTI: Ahotsak... ozen entzuten dituzu, ezta?
HECTOR: Nik ez dut uste...
ESTI: Eta zer esaten dizute?
NIA1: Musu emaiok ospa egin aurretik.
HECTOR: Zera... zera diote... zuri musu emateko.
ESTI: (...) Etxera itzuli behar dut.
esti badoa.
NIA1: Azkarregi ibili haiz Hector, horixe duk hire akatsik larriena, pazientziarik eza.
hectorrek sakelako telefonoa hartu eta deia egin du. carlaren etxea argiztatu da. Hango telefonoa joka hasi da. carlak, etxean sartu eta telefonoa hartu du.
CARLA: Bai, esan?
HECTOR: Hector naiz. Hector Martin. Hector, aulkian egoten dena... zera, dibanean...
CARLA: Hector, zer moduz zaude?
HECTOR: Sentitzen dut goizean gertatutakoa.
CARLA: Edan egin duzu?
HECTOR: Ez...! Bai, apurtxo bat.
CARLA: Ongi al dago txakurra?
HECTOR: Txakurra? Bai, primeran, ezin hobeto.
CARLA: Edo katua al zen?
HECTOR: Bai, bai, horixe bera, katua da, baina hain da handia... Batzuetan zaunka egiten du. Albaitariek ere ez dakite harekin zer egin.
CARLA: Ia.
HECTOR: Bihar hartuko nauzun jakin nahi nuke...
CARLA: Jakina, baina gezurrak esaten tematzen bazara, ezingo dizut askorik lagundu.
carlak telefonoa eskegi eta irribarre maltzurra egin du.
NIA1: Banekian nik katuaren kontu horrek ez zuela ezer onik ekarriko. Gezurrak buztana labur... hik bezala. Kar, kar, kar...!
hector eta beste biak badoaz. Arreta carlaren etxean jartzen dugu orain. emakumeak dei bat egin du.
CARLA: Kaixo, Jaime. Neu naiz. San Franciscora joateko aukera badago oraindik, ezta? Ni han egotea lortu behar duzu. Ponentzia bat aurkeztuko dut. Tira, Jaime, hain zaila ere ez da izango... Ez dizut ezer aurreratuko, rara avis horietako bat da. Ahozabalik utziko ditugu guztiak. Primeran. Dei iezadazu. Ciao.
Denborak aurrera egiten du.
Norbait ate joka ari da. esti agertu da pijama soinean jantzita. Atea zabaldu du. hector eta bere niak badatoz barrura.
NIA1: Hara, politago zagok gure neskatila pijamarekin.
HECTOR: Agian goizegi etorri naiz?
ESTI: Ez, ez, esango diot amari hemen zaudela. Itzultzea erabaki duzu. Pozten naiz.
HECTOR: Zuk eskatu zenidalako egin dut.
ESTI: Hector, sentitzen dut atzoko... Zera... Ni... Apur bat lotsatuta nago.
HECTOR: Ez, nik eskatu behar dizut barkamena, inozo baten pare jokatu nuen. Beti jokatzen dut inozo baten pare; horrek inozo bat naizela erakusten du, argi eta garbi.
NIA1: Ze ondo saltzen duan heure burua, konpaņero. Lanean gertatutakoa kontatzea besterik ez duk orain falta.
ESTI: Ez da egia, ez zara inozoa.
NIA1: Gezurra dio.
ESTI: Amari abisatuko diot.
esti badoa. nia2 sofa gainean aurkitu duen estiren zapi bat hartu eta hura usaintzen ari da.
HECTOR: Garunak urtu zaizkik, ala? Zertan ari haiz?
nia2k ez dio zapia eman nahi eta ihes egiten du. hector haren atzetik hasi da zapia eskuratu nahian. Bitartean, nia1 sofan etzan da eta pozarren begiratzen dio eszena dibertigarriari. Halako batean, ama datorrela ohartu da hector. Birritan pentsatu gabe, nia2aren gainera egin du salto, rugby jokalaria bailitzan. biak desagertu dira sofaren atzealdean.
CARLA: (nia1i) Eroso zaude?
NIA1: Leku eskasagoetan egondakoa naiz, baina sekula ez zu bezain laguntxo politarekin. Zergatik ez zara nire ondoan esertzen, eder hori?
CARLA: Non dago, Hector?
NIA1: Hector okupatuta dago une honetan.
CARLA: Tamala, nik bera bakarrik hartuko dut eta.
hector sofaren atzeko aldetik agertu da, zapia eskuratzea lortu du. Bizkar atzean gorde du. nia2 ere zutitu da.
NIA1: Tira, andrea. Ez horrela jarri... Ergel horri buruz edozer jakin nahi duzula ere, niri galdetu besterik ez duzu. Asko dakit hari buruz.
CARLA: Esaterako?
Hk 156
NIA1: Ba, adibidez, Hector zure alabarekin maiteminduta dagoela, zer iruditzen?
CARLA: (...)
NIA1: Ez da harritzekoa haserretzea. Nik ere ez dut harreman hori begi onez ikusten. Hari musu ematen saiatu zen.
HECTOR: Kabroi madarikatua!
CARLA: Nola dakit diozun hori egia dela?
NIA1: Ni han nengoelako. Hectorrek oso gustu txarra du. Nik nahiago zaitut zu.
HECTOR: Akabatu egingo haut!
NIA1: Hik ez huke eltxo bat ere akabatuko.
CARLA: Norekin ari zara?
NIA1: Hectorrekin, hementxe dago.
CARLA: Berarekin hitz egin nahi dut.
HECTOR: Entzun duk.
NIA1: Ondo da (Keinu eta imintzioka hasten da. Gero hectorrenak eginaz) Hemen nago jada.
HECTOR: Gezurra!!
NIA1: Ezin dut gehiago, andrea, zoratu egingo naiz... Zure laguntza behar dut.
CARLA: Konforme.
carlak mahaiko kaxoi bat ireki eta hiru bat pastila potoen artetik bat aukeratzen du.
CARLA: Hartu hauetako bi. Oraintxe.
NIA1: Zer duzu buruan?
CARLA: Hector bazara eta nire laguntza nahi baduzu, hartu egin beharko dituzu.
NIA1: (...)
HECTOR: Bai!!!! Harrapatu hau, izorrai!
NIA1: Zergatik ez dugu lasai-lasai hitz egiten? Esan al dizut zure alaba...
CARLA: Ez zait gaia interesatzen. Hartuko dituzu, bai ala ez?
NIA1: Ez naiz botikazalea, egia esan. Botikak errepresoreak dira, gure beldurra, lotsa... (Ez zaio besterik bururatzen) ...eta abarrak bezalaxe. Gustuko duzu, akaso, zoologiko bateko gorila gaixoa drogatuta ikustea? Libre behar luke guztiok barruan dugun animaliak, libre, zorion betea lortuko badugu. Ni neu zurekin larrutan egiteko amorratzen nago oraintxe, hortxe lurrean, edo hobe mahai gainean... Sofan, beharbada? Badakit zuk ere gauza bera desio duzula.
CARLA: Bururatu zaizu agian ezetz?
NIA1: Desioa erreprimitu egiten duzulako.
CARLA: Badago beste arrazoi bat: ez zaitut gustuko.
NIA1: Ez duzu nire eskuen leuna probatu nahi?
HECTOR: Aski duk!! Aski duk!!!
hectorrek indarrez hartzen du nia1 eta sofatik aldenarazten du, azkenik bere tokia hartuz.
HECTOR: Doktorea, eman, mesedez, pastila horiek.
CARLA: Zu al zara Hector?
HECTOR: Nire izena Hector Martin Gris da. Kolore gustukoena, urdina. Musika izugarri atsegin dut. 38 urte ditut. Abuztuaren 24an jaio nintzen. Amak Felisa zuen izena eta aitak berriz, Juan. Ez dut aita azken bost urteotan ikusi. Sekula ez nuen pianoa jotzen ikasi. Zoragarri jotzen zuen amak pianoa, aingeru baten pare. Pianoa apurtu egin zen, ordea. Amak berak apurtu zuen, banan-banan txikitu zituen sokak. Eskuarekin apurtu ezin zituenak guraizeekin ebaki zituen. Inoiz ez nuen jakin zergatik egin zuen. Ez dut anai-arrebarik. Bakarrik bizi naiz alokatutako etxetxo batean. Pipak jatea gustatzen zait. Gaur ez dut gosaldu. Hector Martin Gris da nire izena. Ni naiz Hector, ni bakarrik!!
Bakarrizketaren azken partea bi niek abestutako kantu erromantiko eta burlati batek lagunduta egin du.
NIA1: Zera ahaztu zaik esatea: hire nagusi pinpirina izaten dela fantasietako protagonista kanpaia jotzen duanean.
carlak pastilak eman dizkio eta hectorrek irentsi egin ditu biak.
NIA1: (Teatroa eginez) A! Zergatik egin duk? Nireak egin dik, bihotz taupadak isildu egin dituk, ai ene, ai.... Ez nian halakorik merezi... (Normal) Hara, ez diat eta ezer sentitzen... Aspirinak eman dizkik ala?
CARLA: Eseri, Hector.
hectorrek hala egiten du. nia2 ere eseri da nia1en aldamenean.
CARLA: Hobeto zaude?
HECTOR: Ez dakit.
CARLA: Hartu arnasa. (...) Lehen aldia da laguntza psikologikoa eskatzen duzuna?
HECTOR: Bai.
CARLA: Zergatik ez duzu lehenago egin?
HECTOR: Lotsa ematen zidan, eta beldurra, pudorea, badakizu, ikaratuta nengoen, ezin erabakita, apuroa ematen zidan, izua, kokilduta nengoen, zalantzak nituen, segurtasun falta... Sendatuko ote naiz?
CARLA: (...) Saiatuko naiz.
HECTOR: Zer eman didazu?
CARLA: On egingo dizun botika bat, hala espero dut behintzat. Baina entzun ondo, zuk terapiarekin segitzea nahi dut: kontsultara etortzen jarraitzen baduzu bakarrik emango dizut botika.
hectorrek bere niei begiratu die eta biek lo hartu dutela ohartu da.
CARLA: Ongi zaude?
HECTOR: Baietz uste dut.
CARLA: Primeran. Nire alabaren oharren arabera, taberna batean abesten zenuen.
HECTOR: Bai.
CARLA: Eta gustuko zenuen.
HECTOR: Oso.
CARLA: Niri ere gustatzen zait kantuan aritzea... Zergatik ez duzu zerbait abesten?
HECTOR: Ez dakit... Arraro samar sentitzen naiz.
CARLA: Ia. Ez kezkatu. Izan du inork familian zure arazo bera?
HECTOR: Nire amak klinika batean eman zituen hilabete batzuk.
CARLA: Ia.
HECTOR: Hark ere ahotsak entzuten zituela uste duzu?
CARLA: Ez dakit.
HECTOR: Amak ere asko atsegin zuen kantuan aritzea.
amak umetan abesten zion kantu bat abesten hasten da hector.
CARLA: Ze polita...
HECTOR: Ez dut ondo egin, ez dakit zer dudan. Zer eman didazu?
CARLA: Ez kezkatu horregatik.
HECTOR: Baina...
hectorrek berriro ere begiratu die bere niei, lo jarraitzen dute.
CARLA: Ongi da Hector, gauza bat argi utzi behar dugu. Nire gauzek, nire bizitzako gorabeherek, ez dute inolako garrantzirik, ezin dut eta ez dut nahi haietaz hitz egin. Eta nire bizitzaz ari naizenean, alabaz ere ari naiz. Ez duzu harekin inolako harremanik eduki behar. Zure arazoa da aztertu behar dugun bakarra, bestela denbora galtzen gabiltza. (...) Adibidez, zure arazoak izan du eraginik lanean?
HECTOR: Baietz esango nuke.
CARLA: Baietz?
HECTOR: Nahikotxo.
CARLA: Zer esan nahi du “nahikotxo” horrek?
HECTOR: Kalera bota naute.
CARLA: Hara, sentitzen dut. Zer gertatu da?
HECTOR: Tira... Sute txiki bat piztu nuen.
CARLA: Sutea?
HECTOR: Ez zen nire errua izan, beraiek izan ziren. (niei begiratu die)
CARLA: Beraiek!
HECTOR: Badakizu, beste horiek... ahotsak.
CARLA: (...)
HECTOR: Nagusiak txosten pare bat erretzeko agindu zidan... Ez dakit gai honi buruz hitz egin beharko nukeen.
CARLA: Hemen esaten duzun guztia bion artean geratuko da.
HECTOR: (...) Enpresa bateko txosten pare bat ziren. Haiek erre beharra zegoen. Baina... ahotsak zoratu egin ziren sua ikustean, suak mozkortu egin zituen, ezin izan nien eutsi, hura akelarrea hura! Guztia erre zuten.
CARLA: Guztia?
HECTOR: Bulegoko artxibategi osoa, solairu osoko artxibo guztiak. Ez zen txosten bakar bat ere libratu.
CARLA: Jainko maitea.
HECTOR: Ez dio axola, gorrotu nion lan hari.
CARLA: Askeago sentitzen zara orain?
HECTOR: Zera sentitzen naiz batez ere... behartsu. Ez dakit nola iritsiko naizen hilabete bukaerara.
CARLA: Zergatik ez zara abesten saiatzen? Biziki inportantea da benetan maite dugun horren alde apustu egitea. Ez zinen zoriontsuago abesten zenuenean?
HECTOR: Baliteke, bai. Abestu egin beharko nukeela uste duzu?
CARLA: Zuk hartu beharrekoa da erabaki hori.
HECTOR: Ezagutzen dut abeslari berriak behar dituen lokal bat, egia esan...
CARLA: Tira, horra ba aukera...
HECTOR: Agian saiatu egin beharko nuke.
CARLA: Zer duzu ba galtzeko?
Une horretan bertan, argi zenitala piztu da proszenioko ezker aldean. Offean entzungo dugu aurkezlearen ahotsa:
AURKEZLEA: “Eta amaitzeko jaun-andreok, sorpresatxo bat dugu zuentzat, ahots berri bat, erromantikoa, zuon guztion gozamenerako, dantza loturako aukera bikaina, eta bikotekideak lotuan nahi ez badu, eskatu adiskideren baten bikotekideari, normalen hura geurea baino gustukoago izaten dugu eta! Zuekin, Hec Martin!”
hector mikrofono aurrean jarri da. Urduri dago. Abestiaren lehen akordeak hasten dira. Hasi da hector kantuan, baina eskas samar ari da. Txisturen bat edo beste entzun da. Halako batean, hector mututu egin da. Txistuak areagotu dira eta musika isildu da. hector zer egin ez dakiela dago, derrepente desagertu nahiko luke. Eskuak burura eraman ditu, burua lehertzear du. Jasanezina da egoera. Baina, bat-batean, bere begirada eraldatu egin da. Keinua egin du musika berriro ere jotzen has dadin. Bere bi niak agertu eta ezker eskuin jarri dira. Oraingoan hiru ahotsetan egiten dute kantuan, abestiari sakontasun berezia erantsiz. Txistu hotsak isilduz doaz, erabat isiltzen diren arte. Abestia bukatu eta segundo gutxiren buruan txalo zaparrada izugarria entzuten da, apurka-apurka urruntasunean galtzen dena.
HECTOR: A ze arrakasta!
NIA1: Hobetu zitekeen.
HECTOR: Hobetu? Txantxetan ari haiz.
NIA1: Jakina. Baina ez duk berriro errepikatuko.
HECTOR: Zer esan nahi duk?
NIA1: Gu akabatu nahian segitzen baduk, akabo gure laguntza. Ezta, hi?
nia2k, sorbaldak altxa ditu. hector zer esan ez dakiela geratu da.
NIA1: Gure beharra duk, ez al haiz konturatzen?
Une horretan bertan esti agertu da, kopa bat eskuan.
ESTI: Hector, zoragarria izan da, liluragarria.
HECTOR: Esti.
ESTI: “Hec Martin”, izen aproposa. Banekien zu zinela. Kantuan hasi zara berriro. Pozten naiz. Utzi egin beharko zenuke zure kontabilitate lan hori.
HECTOR: Bai, zera... Horri dagokionez...
NIA1: Ez aitortu kalera bota hautenik, Hector, ez hanka sartu, dedio! Orain ez!
ESTI: Horixe da nire abestirik gogokoena, bazenekien?
nia1, hector bere lekutik kenduarazi eta hura zegoen tokian jarri da mugimendu azkar batez. nia1 neskaren aurrean dago orain, karin karan, eta hitzik esan gabe musu eman dio ezpainetan.
HECTOR: Baina, ze arraio...?
nia1ek, neskari musu eman ondoren, leku egin dio nia2ri eta honek ere musu eman dio neskari.
HECTOR: Ze arraiotan zabiltzate?!!! Zoratu egin al zarete?!!!
NIA1: Hiri laguntzearren ari gaituk, ergel halakoa! Nik nahiago diat ama...
nia2k musu luzea eman dio estiri.
NIA1: (Nia 2ri) Nahikoa diagu, hi! (hectorri) Ea, hire txanda duk.
nia1ek hector hartu eta neskaren parera eraman du. hectorrek ere musu eman dio.
ESTI: Hector... Ni...
HECTOR: Barka iezadazu, nik...
ESTI: Ez, ez, ez... Ez eskatu barkamenik, ez eskatu barkamenik, ez esan sentitzen duzunik...
estik beso artean hartu du mutila eta orain bera da hectorri musu ematen diona.
NIA1: Alu honek gurekikoak egin nahi zituela pentsatzea ere...
ESTI: Zatoz, goazen hemendik.
estik eskutik heldu dio hectorri, berarekin darama. beste biak atzetik.
neskaren etxean sartu dira. Guztiak.
HECTOR: Ziur ez dagoela inor?
ESTI: Esan dizut, ama antzokian dago.
estik musu eman dio hectorri, irrikaz. nia1 eta nia2 biluzten hasi dira.
NIA1: Beldur ninduan une hau inoiz iritsiko ez ote zen... Ekin, tarea diagu-eta!
nia1 eta nia2 ere hasi dira neskari laztanak eta zirriak egiten, eta baita hura musukatzen ere.
ESTI: Hector... A ze, a ze... Ederki ari zara. Jainko maitea!!
laurak sofan ari dira jo eta su, su eta gar, gartsu. Baina, bat-batean, hector ohartu da beste biak ere saltsa berean dabiltzala eta geratu egin da.
HECTOR: Ez, horrela ez, horrela ezin dut.
niek ere eten dute sexu zalaparta.
ESTI: Zer duzu, Hector? Dena ongi dago, primeran... zoragarri...
NIA1: Hi haiz hi ergela...
HECTOR: Ezin dut, horrela ez.
ESTI: Ez duzu kondoirik? Nire amak edukiko ditu, seguru. Bila noa.
HECTOR: Ez, ez, ez duzu ulertzen.
NIA1: Kaka zaharra!
ESTI: Zer da ulertu behar dudana? Atsegin ninduzula uste nuen... Ai ene, oker nengoen?
HECTOR: Ez, ez zara erratu, inola ere ez, atsegin zaitut, asko atsegin zaitut. Egia esan, bizitza osoan behin bakarrik maitemindu naizela uste dut: zurekin.
ESTI: (...) Orduan?
hector lehenago carlak emandako pastilen bila hasi da. Kaxoiak zabaltzen hasi da, urduri, trakets.
ESTI: Zertan ari zara?
NIA1: Hector, ez gu izorratu, utz iezaguk festan parte hartzen! Neska pozez zoratzen zagok, ez al haiz konturatzen?
ESTI: Hector, zeren bila zabiltza?
NIA1: Higatik egiten diagu, ez duk, hi?
nia2k sorbaldak altxa ditu. hectorrek azkenean aurkitu du bila zebilen potoa.
HECTOR: Kaka, bakarra geratzen da!
ESTI: Hector!
NIA1: Aurrera ba, babo hori, interesik gabeko pertsona bat izan nahi duk, grisa eta aspergarria? Hori nahi duk? Beste edozein bezain zozo tristea bihurtu?
hectorrek pastila irentsi du. estik esku artean hartu du potoa.
HECTOR: Zure amak pastila hauek eman zizkidan... lagundu egiten didate.
estik arretaz aztertzen du potoa.
NIA1: Lelotu egiten haute, zeharo ergeldu...
HECTOR: Lagundu egiten didate!
NIA1: Orain ez zaik altxako. Lotsagarria haiz.
HECTOR: Ahotsak isilarazten ditu botikak.
NIA1: Patetikoa haiz. Hire burua ikusi beharko huke. Esti hi etxera ekarri izanaz damututa egongo duk, lepoa egingo nikek.
ESTI: Barka iezadazu, nire errua izan da... ez zintudan hona ekarri behar.
HECTOR: Ez, ez hori esan.
NIA1: Ikusten? Nik arrazoi!
HECTOR: Zu pertsona... zoragarria zara, ez dut sekula zu bezalako inor ezagutu. Ezin zaitut burutik kendu. Lo hartzea ere kosta egiten zait. Eta gainera, zera... Zure azalari darion esnegain lurrin gozo hori...
NIA1: Bai, hara bestea, piņa kolada zaporea, no te jode!
HECTOR: Eta ez dizut minik egin nahi. Hain hauskorra dirudizu... Edozerk egin diezazuke min, edozein txikikeriak parez pare erdibi diezazuke arima, labana zorrotz batek bezala. Baina era berean, edertasuna bere osotasunean barneratzeko gai zara, zuzenean doakizu bihotzera. Badakizu gauza ederrekin gozatzen, barru barruan sentitzen dituzulako. Ez al da egia? Horrek ematen dizu aurrera egiteko indarra, horregatik dakizu bizirik jarraitzeak merezi duela. Horixe da duzun dohainik preziatuena.
nia2 lo geratu da.
NIA1: Jode, Hector. Une honetan animalia baten pare txortan aritu besterik ez, eta hi psikologo lanetan. Gizagaixo koitadua! (Pertsonaiak keinuka jarraitzen duen arren, ez da ezer entzuten, norbaitek bolumena jaitsi balio bezala ari da)
hectorrek, nia1i begiratu eta irribarre egin du.
HECTOR: Pasa da.
ESTI: Ez zenuke hemen egon behar, neurekoi hutsa izan naiz.
nia1 lurrera jausi da, ziplo. Une horretan bertan ama sartu da etxean.
CARLA: Zer ari da hemen gertatzen?
Estik eskuan duen pastila potoa ezkutatzen du agudo.
ESTI: Ama! Ni izan naiz, neronek gonbidatu dut Hector etxera, zera...
CARLA: Negar egin duzu?
ESTI: Ez, nik...
HECTOR: Ni banindoan...
CARLA: Hobe izango da, bai.
HECTOR: Bai, jakina... noski.
ESTI: Baina ama...
CARLA: Tuntun halakoa, ezin dugu gure pazienteekin inolako harremanik eduki, ondotxo dakizu! Horrela laguntzen diezu zure bezeroei?
HECTOR: Ez da bere errua izan. Egia esan, ez da inoren errua izan... Atea zabalik zegoen eta zu antzerkia ikusten eta... Gainera, ez da ezer gertatu, gauza berotzen hasi da, egia... baina gero eten egin dugu. Geratu egin gara. Orain bizitzaz ari ginen hizketan, bizitzako gorabeherez badakizu, sexu konturik batere ez!
CARLA: Hector, mesedez, nahikoa okertu dira gauzak. Zoaz, arren eskatzen dizut.
HECTOR: Banoa bai. Baina, zera... Banoa, bai.
Badoa. Esti zutitu egin da sofatik.
CARLA: Nora zoaz?
ESTI: Kanpora.
CARLA: Nola?
ESTI: Ondo ulertu badut, Hectorrek zure paziente izateari utzi dio. Orain beraz, nahi beste harreman eduki dezaket harekin, ez da hala?
CARLA: Ederra laguntza zurea! Erabat oker zaude, maitea. Maitasunak ezingo du zure laguntxoa sendatu, maitasunak ez du petrikilo faltsuek saltzen dituzten edabe miragarriek baino indar handiagorik, badakit zerbait horretaz.
ESTI: Bost axola zait zure iritzia, ama.
CARLA: Jainkoarren txikitxo, nerabe txolin bat bezala ari zara. Hectorrek arazo larria dauka, ederki dakizu hori.
ESTI: Eta nork ez du ba, arazorik?
CARLA: Zuk bai, behintzat... Hector baliatzen ari zara niri kontra egiteko, eta estrategia hori zentzugabea da. Eta arriskutsua.
ESTI: Edozein mutilekin hasten naizen bakoitzean gauza bera esaten didazu, ohartzen zara? Zergatik hartzen duzu dena zurekin zerikusia balu bezala?
CARLA: Ezagutzen zaitudalako.
ESTI: Joan beharra daukat.
CARLA: Zaude.
ESTI: Apropos ari zara, zurekin denbora alferrik xahutzea nahi duzu.
CARLA: Inola ere ez. Hectorrek nire pazientea izaten jarraitzen du, eta hori horrela den bitartean, ez duzu harekin inolako harremanik izango. Inolako harremanik ez!
ESTI: (...)
CARLA: Ez dut kasua bertan behera utziko. (...) Dutxatzera noa. Ez dakit nork bota duen izerdi gehiago antzokian, aktoreek ala aldamenean nuen emakumeak...
Badoa. Esti sofan eseri da, etsita. Halako batean, pastila potoa eskuan hartu eta pilula bat irentsi du.
Ilun.
Gomera doktorea Hectorrekin izandako saioetako bat ari da ikustatzen. Oraingoan, Hectorren papera egiten duen aktorea bakarrik ikusiko dugu.
CARLA: Esan iezadazu, noiztik entzuten dituzu ahots horiek?
HECTOR: Badira urte batzuk, hogeita bi urte nituenetik.
CARLA: Ze eratako ahotsak dira, zer esaten dizute?
HECTOR: Hain... Hain dira benetakoak... Beti gainean ditut, ez dago haiek isiltzeko modurik.
CARLA: Une honetan entzuten dituzu?
HECTOR: Bai.
CARLA: Eta zer esaten dizute?
HECTOR: Ba zera...
HECTOR: Ba... koldarra naizela diote.
CARLA: Iraindu egiten zaituzte?
HECTOR: Etengabe.
Carlak aurrera eragin dio zintari, bera aspirina baten bila joaten den punturaino.
Badoa Carla. Hector, adeitsu, zutitu egin da. Gero eseri egiten da azkar.
HECTOR (NIA1): Ez diat doktore dotoreak gu ergeltzat hartzerik nahi. (...) Ez diat altxatzeko asmorik.
Hector dardar gehiegizko batean hasten da.
Ama dator bueltan.
CARLA: Entzuten dituzun ahots horiek iraindu egiten zaituztela esaten ari zinen.
HECTOR (NIA2): (...)
CARLA: Ez al da horrela?
HECTOR (NIA2): (...)
CARLA: Gaiz aldatu nahi duzu?
HECTOR (NIA2): Zergatik duzu ajea?
CARLA: Ajea?
HECTOR (NIA2): Biharamuna... Ajea, bestondoa.
CARLA: Ez dut ajerik, eta gainera, hala izanda ere, nire gauzek ez dute garrantzirik, zugatik gaude hemen.
HECTOR (NIA2): (...) Ajea izatea ez litzateke oso profesionala.
Hector dar-dar gehiegizko batean hasi da berriro.
CARLA: Ongi al zaude?
Hectorren dardara eten da. Baretu dela dirudi.
HECTOR (NIA1): Listo, ez da ezer izan. Batzuetan burua bueltaka hasten zait eta... Pasa da.
CARLA: Iruditu zait...
HECTOR (NIA1): Pasa da, polit hori.
HECTOR (NIA2): Badakizu? Egia esan, biharamuna baduzu ere, bost niri. Ez dio zure edertasunari inolako kalterik egiten. Entzuten ditudan ahotsei buruz hitz egiten jarraitzea nahi?
CARLA: Zuk hala nahi baduzu bakarrik.
HECTOR (NIA2): Gogaikarriak dira. Pentsatzen hasita nago intimitatea betirako galdu ote dudan. Ulertzen didazu ezta? Kanpaia jo ere ezin dut lasai egin.
HECTOR (NIA1): Nire sexu fantasiez hitz egitea nahi?
Carlak grabaketa eten du. Alaba ondoan duela ohartu da.
ESTI: Badaki Hectorrek saioak grabatzen aritu zarela?
CARLA: Zergatik jakin behar luke? Ezin hobeto dago horrela. Nire lanaren parte da, badakizu.
ESTI: Zure lana?!
CARLA: Ez zenuke lo egon behar?
ESTI: Zer asmo duzu horrekin? Zure kolega kuttunei erakutsiko diezu?
CARLA: Ez zaizu liluragarria iruditzen?
ESTI: Nazka ematen dit.
CARLA: Tira, txikitxo, ondotxo dakizu San Franciscoko hitzordua oso garrantzitsua dela niretzat. Benetan interesatzen zaizu mutil hori?
ESTI: Ez dut uste San Franciscon pazientearen baimenik gabe grabatutako ezer onartuko dutenik.
CARLA: Haren baimena lortuko ez dudalakoan? Nik proposatutako edozer gauza onartzeko bezain izututa dago Hector. Eta izututa bizi den pertsona buztin puska bezain moldagarria da, edozer egin dezakezu harekin, nahi beste bider itxuraldatu.
ESTI: Bera sendatzeko giltza duzula ere esango diozu? Nahita ari zarela tratamendua atzeratzen?
CARLA: (...)
ESTI: Badakit harekin erabiltzen ari zaren botikak lagun diezaiokeela. Zergatik ez diozu behingoz errezeta egin eta tratamendua jartzen?
CARLA: Denbora behar dut kasua hobeto ikertzeko.
ESTI: Ezta pentsatu ere! Ez dizut harekin jolas egiten utziko!
CARLA: Bizitza kalitate duina berreskuratuko du aurki, niri esker.
Itxaron ahal izango du apur batean. Lotara noa, berandu da.
Ama logelarantz abiatu da.
ESTI: Ni ere horixe naiz zuretzako, ezta? Buztin puska bat.
CARLA: Noiz utziko diozu mukizu baten antzera jokatzeari? Zergatik geratzen zara beti gauzen alde ilunean trabatuta? Aski da! Laster harreman normala izango duzu zure Hector maitearekin.
ESTI: (...) Eta gu biok zer, noiz edukiko dugu harreman normala?
CARLA: Ni naizen modukoa naizela onartzen duzunean, beharbada.
Carla badoa. Esti gelan geratu da.
Ilun.
Norbaitek ateko txirrina jo du. Carla logeletara ematen duen atetik agertu da. Zer ordu den ikusi du. Berriro ere atea jo dute. Carla eseri egin da. Hirugarrenez atea jo dute. Carlak, patxadaz zutitu eta atea ireki du zanpagailua. sakatuta. Badator Hector, bere bi Niak lagun dituela.
CARLA: Egun on, Hector.
HECTOR: Egun on.
Hector dibanera doa zuzenean.
NIA1: Ez diat ulertzen nola nahiago duan alaba, emakume honekin zerua ikusiko huke, eta zorte apur batekin... baita infernua ere...
CARLA: Ez dugu terapiarik egingo, Hector. Beste arrazoi bategatik etorrarazi zaitut.
HECTOR: Zera, nik, nik asko sentitzen dut bart gauekoa, ez zen zure alabaren errua izan.
CARLA: Errua norena den, hori da gutxienekoa. Gure lanbideko arau nagusietako bat hautsi zenutela da kontua. Ulertzen?
NIA1: Argi eta garbi zagok, hi haiz ergela hi... Mundu osoan terapia batetik kaleratzen duten lehen pazientea izango haiz!
HECTOR: Ez da berriz gertatuko, nire hitza duzu.
CARLA: Damutzeko beranduegi delakoan nago.
HECTOR: Entzun, mesedez. Zuk bakarrik lagun nazakezu, okerra zuzentzeko prest nago, edozer egingo dut, zure laguntza behar dut.
CARLA: Asko estimatzen zaitut... eta bai, lagun zaitzaket. Baina egia osoa aitortzen hasita, litekeena da kanpoko laguntza behar izatea...
NIA1: Ze arraio esan nahi dik?
CARLA: Hara... Grabatu egin ditut saioak kameratxo batekin.
Nia2 suminduta zutitu da, begirada gogorra zuzendu dio emakumeari.
NIA1: Zertan ari haiz? Ez urduri jarri, aditu?
CARLA: Estrategia terapeutikoaren parte da. Saioak berriro ikusten ditut gero, xehetasunak lasaiago aztertu eta era egokiagoan laguntzeko.
NIA1: Ze arraio esan nahi dik?
HECTOR: Zer esan nahi duzu?
CARLA: Zure baimena behar dut, grabatutakoa lankide batzuei erakusteko.
NIA1: Bai zera!
CARLA: Baimena emanez gero, kasuarekin jarraituko dut, osterantzean, zaila izango da.
NIA1: Hago, HECTOR: pentsatu ondo ahoa zabaldu aurretik... Zorozale talde batek amorratzen egingo dik gure lepotik barre, entzuten ditiat dagoeneko haien algarak...
NIA2: Xantaia duk hori.
NIA1: Horixe bera: xantaia.
HECTOR: Zergatik ez zenidan hasieratik esan?
CARLA: Grabatzen ari nintzela jakin izan bazenu, ez zinatekeen zaren bezala agertuko. Izan zentzuduna, Hector. Azken aukera da.
NIA1: Galde iezaiok grabaketa horiek erakutsita ze etekin ateratzeko asmoa duen.
HECTOR: Ondo da, egingo dut.
NIA1: Galdetuko diok?
HECTOR: Kasuarekin jarraitzekotan... baimena emango dizut.
CARLA: Jakina jarraituko dudala.
NIA1: Et, et et... Ez hain azkar.
CARLA: Zure oniritzia dudala jasotzen duen dokumentuaren bila noa, sinatu besterik ez duzu.
Carla badoa delako dokumentuaren bila. Nia2 gela arakatzen hasi da, kamerak non egon daitezkeen behatzen.
NIA1: Negoziatzaile tamalgarria haiz, bahekien?
HECTOR: Bera da lagundu diezadakeen bakarra.
NIA1: (Nia2ri) Zertan habil?
NIA2: Kamera non ote dagoen...
NIA1: Laborategi bateko arratoitxoak bezalakoak gaituk, beraz. Dagoeneko ez zaik duintasun izpirik geratzen, ala?
HECTOR: (...)
NIA1: Bale, horrela baduk ez zagok beste erremediorik. Hectortarren izen ona babestu behar diagu. (Nia2ri) Aizak hi, utzi hori eta hator laguntzera!
HECTOR: Zer daukak buruan?
NIA1: (Nia2ri) Eutsi iezaiok gogor, azkar, ez dadila mugitu! Dagoeneko ez haiz nagusia...
Nia2k gogor eutsi dio Hectorri.
HECTOR: Baina, zer egin behar duzue orain, bihozkabeak!?
Nia2k ahoa estali dio. Hector saiatuko da askatzen, baina ez du lortuko. Badator Carla, dokumentua eskuan duela. Berarentzat, orain, Nia1 da Hector.
CARLA: Azken orrialdean sinatu behar duzu, hemen boligrafoa.
NIA1: Agian hobeto pentsatu beharko nuke...
CARLA: Tratu bat tratu bat da. Garbi azaldu dizut zein den egoera.
NIA1: Ez gaizki hartu, baina hutsune batzuk ikusten dizkiot “egoerari”.
CARLA: Adibidez?
NIA1: Nola lagunduko didate zure lankideek?
CARLA: Haien iritziak lagungarri izango dira. Hobebeharrez egiten dut, Hector. Zerbait gertatu da? Ahotsek zerbait esan dizute?
NIA1: Ahotsak mututu egin dira, doktorea.
CARLA: Seguru? Hectorrekin ari naiz?
NIA1: Guztiok gara Hector. Ondotxo dakizu hori.
CARLA: Ongi da, sinatzen ez baduzu, beste profesional batengana jo beharko duzu laguntza eske.
NIA1: Lasai, emakumea. Nik ez dut esan sinatuko ez dudanik.
Nia1ek dokumentua hartu eta bistadizo bat ematen dio.
NIA1: San Francisco?
CARLA: Han bilduko dira munduko profesionalik onenak.
NIA1: Hain urrutira joateko asmoa duzu, niri laguntzeko bakarrik?
CARLA: Esan dizut.
NIA1: Jakina, esan didazu.
CARLA: Ez dakit zergatik duzun hainbeste zalantza.
NIA1: Egia aitortuko dizut, zuk arestian egin duzun era berean. (Emakumearengana hurbilduz) Nik ere asko estimatzen zaitut zu, ikaragarri estimatzen zaitut.
CARLA: Burua galdu duzu.
NIA1: Sinadura hori nahi duzu?
CARLA: Zer nahi duzu, nik musu ematea?
NIA1: Modu egokia litzateke borondate onez ari zarela erakusteko, ez duzu uste?
CARLA: Ez dut uste Hectorrek hau onartuko lukeenik.
NIA1: Hector benetan ezagutzen duzulakoan? Zergatik ez didazu logela erakusten?
CARLA: Gutxi eskatzen ari zara zure duintasunaren ordainetan.
NIA1: Sinadura horrek bost axola niri.
CARLA: Ba utzi tontakeriak eta sinatu behingoz! Nigatik ez bada, egizu Hectorrengatik!
NIA1: Eta zuk erakutsi logela. Egizu Hectorrengatik!
CARLA: (...) Ongi da. Sinatu eta erakutsiko dizut.
Nia1ek sinatu egin du. Carlak dokumentua hartzeko keinua egin du, baina Nia1ek ez dio hartzen utzi.
NIA1: Dokumentu hau hementxe geratuko da, zuk emandako hitza bete arte. Ez jarri aurpegi hori, Carla, ez zara damutuko.
CARLA: Oso ongi, zergatik ez? Sexua nahi duzu? Ba sekula izan duzun onena emango dizut.
Carlak eskutik heldu du Nia1 eta logelara eraman du. Nia2 eta Hector zur eta lur geratu dira eszenari begira. Nia2 derrepente, biluzten hasi da.
HECTOR: Jainko maitea! Zertan ari haiz?
NIA2: Biluzten ari nauk, hik ez dakik zer den hori?
HECTOR: Hago geldi, arraioa!!
Nia2 geratu egin da.
HECTOR: Ez gaituk hor sartuko, aditu? Hau, zera, hau zera duk, amesgaiztoa, horixe! Ez duk gertatzen ari... Jode! Kabroi madarikatu hori jo eta bertan garbituko diat! Zerbait egin behar diat... (Nia2ri begira, erregutuz) diagu
Logelara abiatu da, baina zerbait entzun du gibelean eta gelditu egin da. Izan ere, Esti sartu berri da etxean.
HECTOR: Jode!
NIA2: Berandu habil, Hector.
Estik, jakina, ez ditu ikusten eta normaltasunez ari da. Poltsa sofa gainean utzi du.
HECTOR: Zerbait egin behar diagu!!!
NIA2: Zer moduz korrika ospa egiten badugu?
ESTI: Ama?
HECTOR: Ez dago etxean, joan egin da, oraintxe bertan, presaka zebilen, ziztu batean egin du alde, haren bila joatea onena, orkatila bihurritu baino lehen...
NIA2: Ez zaitu ikusten, ez zaitu entzuten.
HECTOR: Kaka zaharra!
ESTI: Ama?!
Esti logeletarantz doa.
HECTOR: Ez, Esti, ez egin horrelakorik... Ez!!
Esti desagertu da korridorean barrena. Hector ero baten gisan hasi da amak emandako pastilen bila, mahaiko kaxoietan. Ez ditu aurkitu.
HECTOR: Kaka, hementxe egon behar zuten!
NIA2: Berandu habil, Hector.
HECTOR: Hago isilik, lagundu pastilak aurkitzen!!
Konturatu da Nia2k arrazoi duela, Esti gelara itzuli da, aurpegiera zeharo eraldatuta, zurbil. Ama eta “Hector” ohe berean ikusi berri ditu, zirrika eta laztanka. Bat-batean, negarrez hasi eta korrika alde egin du etxetik.
HECTOR: Ez, Esti, ez da zuk uste duzuna, hori ez naiz ni. Ni naiz Hector, ni bakarrik!!
Esti desagertu da.
HECTOR: Jode!
Une horretan, Nia1 sartu da logeletara ematen duen sarreratik. Janzten ari da.
HECTOR: Kabroia! Kabroi alua!
Hectorrek, Nia1en gainera oldartu eta hura lurrera bota du. Ukabilkada ematekotan da, baina Nia2k eutsi egin dio, eta Nia1engandik apartatu du Hector.
HECTOR: Askatu! Askatzeko esan diat!
NIA1: Baina, hi... Ze ero haizek jo hau?
HECTOR: Ero haizea? Estik ikusi egin zaituzte, guztia ikusi dik! Putakumea!!!
NIA1: Bazakiat, gailur gailurrean geudenean sartu duk. “Coitus interruptus eta finiquitus”. Ama bainugelan sartu duk, lotsatuta... (Harro, dvda erakutsiz) Eta nik grabaketa eskuratu diat.
Hectorrek Nia2 gainetik kendu eta ukabilkada demasa eman dio Nia1i. Lurrera bota du. Hector korrika atera da etxetik, Estiren bila.
NIA1: Esker txarreko laguna... Gizatxar hori kapaz duk txikikeria honengatik bere burua ibaira botatzeko... Goazemak, ekidin behar diagu.
Bi Niak Hectorren atzetik abiatu dira presaka.
Parkeko bankua dakusagu orain. Esti dator, lur jota. Eseri egin da. Handik gutxira Hector iritsi da; segundo gutxi batzuen bueltan, beste biak.
HECTOR: Esti.
ESTI: Ez zaitut berriro inoiz ikusi nahi.
Estik bizkarra eman dio Hectorri.
HECTOR: Entzun, Esti, utzi azaltzen...
NIA1: Lan ederra daukak...
HECTOR: Ez nintzen ni. Nik ez nuke sekula halakorik egingo.
NIA1: Jakina ezetz.
ESTI: Utzi bakarrik, arren! Zoaz, ospa!
NIA1: Hobe lasaitzen denean saiatzea.
Hector amorru biziz zutitu eta Nia1engana hurbildu da.
HECTOR: (Ahots behera) Isiltzen ez bahaiz bertan garbituko haut.
Nia2k aukera probestu du eta Hector zegoen toki berean eseri da, neskaren ondoan.
NIA2: Esti...
NIA1: Begira zer egin duan.
HECTOR: Kaka!
NIA2: Entzun iezadan, Esti. Hau guztia nahiko konplikatua dun. Baina Hectorrek ez din gertatutakoaren errurik. Hirekin txoratxora eginda zagon Hector. Ez dinat sekula horrela ikusi. Hi haiz beretzat munduko gauzarik inportanteena. Hire beharra din, latz. Lanetik ere bota egin diten. Lehenago nahikoa arrazoi izango zuen bere buruaz beste egiteko, ez izan zalantzarik, baina ez din halakorik egin, borrokan jarraitu din, bizitzari aurre egin zion, ausart. Potroak eduki beharra zagon horretarako. Hik salbatu dun. Azkenean aurkitu din bizitzen segitzeko arrazoi bat.
NIA1: Hara, gure “mututxoa”.
NIA2: Hector tipo jatorra dun. Mundua handiegi geratu zaion, baina nori ez zaion, goiz ala berandu, hori gertatzen?
Estik buelta erdia eman du, Nia2ren hitzek bigundu egin dute.
ESTI: (Harrituta) Nor arraio haiz hi?
NIA2: Ni? Ni zera naun... bestea.
ESTI: Hi oheratu haiz nire amarekin?
NIA2: Ez, ez, hori beste bat izan dun. Guztiak din azalpen bat.
ESTI: Beste bat? Zenbat zarete ba?
NIA2: Hectorrez gain, beste bi.
NIA1: Nahastu egingo duk neska.
ESTI: Edozein kasutan, haren parte zarete denok. Hectorrek, beraz, badu zerekusirik amarekin gertatutakoarekin.
NIA2: Hectorrek ez gaitin beti nahi adina kontrolatzen.
ESTI: (...) Nirekin maiteminduta dago, benetan?
NIA2: Esan dinat, txora-txora eginda zagon hirekin.
NIA1: Zoro-zoro eginda, ondo esana.
Hectorrek kaskarrekoa eman dio.
NIA1: Ai!
ESTI: Berarekin hitz egin nahi nuke.
NIA2: Ados.
Nia2k, zutitu eta lekua eskeini dio Hectorri. Hector eseri da Estiren ondoan.
HECTOR: Kaixo, Esti.
ESTI: Hector zara?
HECTOR: Bai.
Estik zaplastekoa eman dio.
HECTOR: Ai!
NIA1: Ņo, eskuin-gantxo ederra din monjatxoak!
Estik orain musu sutsua eman dio Hectorri.
NIA1: (Nia2ri) Zur eta lur utzi nauk, benetan. Hori bai hori hitz jarioa. Hala ere, nik nahiago diat ama.
Nia2k kaskarrekoa eman dio.
NIA1: Ai! Baina...
NIA2: Hago behingoz isilik, babo arraioa!
Nia1 mutu geratu da. Estik eta Hectorrek musuka jarraitzen dute, Estik bat-batean, distantzia hartu eta zera esaten duen arte:
ESTI: Akabatu egingo dut nire ama.
Ilun.
Hilabete batzuk igaro dira. Carla gelan agertu da. Oso dotore jantzita dago. Sakelako telefonoa hartu eta deia egin du. Erantzuteko zain dagoen bitartean, belarritakoak jarri ditu.
CARLA: Kaixo, ni naiz, bai, Carla. Bai, zera jakin nahi dut maitea, ea dena prest dagoen. Jakina, ez, ez, gaur bertan izan behar du. Tira, horrek itxaron dezake. Ez, San Franciscokoa ez zen aurrera atera, egia esan, ez zen hain inportantea... Bai, horixe, datorren urtean beharbada... Bai, bai... Jakina, eta giltzak? Konforme. Mila esker, maitea.
Telefonoa eskegi du.
CARLA: Hoa antzarak perratzera, putre kontakatilua.
Ordulariari begiratu dio.
CARLA: (Ahots gora) Hala ba, txikitxo, berandu gabiltza. (...) Esti, Jainkoarren, utzi ispiluari begiratzeari. (...) Esti?
Esti agertu da soinean jantzi dotore bezain diskretoa duela. Haren begiek negarrez egon berri dela erakusten dute.
CARLA: Zer arraio gertatu zaizu?
ESTI: Sentitzen dut, ama.
CARLA: (Beldur puntu batekin) Alaba, mesedez, arren eskatzen dizut... berriro ez.
ESTI: Ezin dut. Egin egin nahi dut, baina pentsatze hutsarekin arnas-estuka hasten naiz, ito egingo naiz. Ospitalera joan behar nuke beharbada, ez duzu uste?
CARLA: Ez gara inongo ospitalera joango.
ESTI: Anbulategira orduan, bihotza gaizki dudala uste dut. Batik daki... Eta minbizia balitz?
CARLA: Ez da ezer gertatzen, primeran zaude, eta gainera, oso guapa.
ESTI: Minbiziaren aurka prebentzioa da garrantzitsuena. Garaiz harrapatuz gero, senda daiteke.
CARLA: Ezinezkoa da garaiz harrapatzea ezer ez badaukazu.
ESTI: A ze prebentzio eskasa, orduan!
CARLA: Nahikoa da, Esti! Hectorri deitu beharko diot berandu iritsiko garela esateko, ea zer aitzakia asmatzen dudan...
ESTI: Ez dago deitu beharrik.
CARLA: Hura ere urduritasunak jota ikusi nahi duzu, ala? Ondotxo dakizu osatzen ari dela, honek ez dio ezertan lagunduko, okerrera egin dezake.
ESTI: Ez dago deitu beharrik, dagoeneko nik neuk deitu diodalako.
CARLA: Nola?
ESTI: Ezin dut egin...
CARLA: Jakin daiteke zer esan diozun?
ESTI: Ezin dut egin...
CARLA: Zer esan diozu, Esti?!
ESTI: Ezin dut egin...
CARLA: Esti!!!
ESTI: Ezin dudala egin esan diot!
CARLA: Ai, ene, Jainko maitea!
Une horretantxe ateko txirrina entzun da.
CARLA: Hara, bera izango da.
ESTI: A ze lotsa! Ezin dut ikusi!
Estik korrika alde egin du bere logelara.
CARLA: Esti! Esti!
Carlak goiari eusteko arnasa sakon hartu du eta atea zabaldu du.
Hector eta bere Niak gelan sartu dira. Guztiek are arropa berbera daramate soinean: jaka eta pajarita.
HECTOR: (Kezkatuta erabat) Non dago?
CARLA: Zera... pajarita jarri duzu?
NIA1: Esan ez diat ba nik, barregarri geratuko ginela!
HECTOR: Gustuko ez baduzu, berehala kenduko dut.
CARLA: Ez, ez... ongi dago.
NIA1: Gezurretan ari duk.
HECTOR: Non dago? Berarekin hitz egin behar dut.
CARLA: Bere logelan giltzaperatuta. Historia errepikatzen ari da. Zuk aldegin arte ez da aterako.
HECTOR: Ezin al duzu konbentzitu? Psikiatra zara! Zuek badakizue jendea nola tratatu!
CARLA: Samurragoa litzateke banku lapurreta bateko bahituak askatzen saiatzea... Ahaleginduko naiz, hala ere.
Carla badoa barrura. Hector eta bere “lagunak” gelan geratu dira.
NIA1: Lepoa egingo nikek, ezetz gaur ezkondu, Hector.
HECTOR: Hago isilik!
Itxaronaldia tentsioz beteta dago.
NIA1: Honek ez dik itxura onik. Eta hire buruaz beste egiteko asmotan bahaiz, argi ibili, hirugarrenean beti asmatzen da eta.
HECTOR: Estirekin ezkonduko nauk, kosta lain kosta.
NIA1: Zergatik ez duk atea ostikada bat emanda botatzen?
HECTOR: Hago isilik!
NIA1: (Nia2ri begira) Honek gustura egingo likek...
NIA2: Isiltzeko, ostia!
Tentsioa gainezka.
NIA1: Honek ez dik traza onik.
Ama bueltan dator.
CARLA: Ez dago modurik.
HECTOR: Utzi harekin hitz egiten.
CARLA: Denbora galtzea litzateke. Bide bakarra dago hau konpontzeko.
Denek begiratu diote, jakinminez.
CARLA: Ezkontzaren ondoren egiteko asmoa nuen, baina lehenbailehen egitea onena.
Carla berriro sartu da korridorean barrena.
NIA1: Daturen bat falta zaiguk hau dena behar bezala ulertzeko.
Carla bueltan dator maleta bat eskuan hartuta.
CARLA: Apartamentu txiki bat erosi dut. Lagun batena zen, irrika bizia nuen aspaldi etxe hori erosteko. Hau zera... handiegia iruditzen zait. Urte gehiegi eman dut hemen. Bazen garaia nire alabarengandik bereizteko, ez duzu uste? Estik bakarrik egin beharko du hegan aurrerantzean, badu garaia. Hauxe da nire ezkon oparia. Bizitza osoa eman dut alaba kontrolatzen, hura menpean hartzen, eta badakizu zergatik? Ez nuelako hark ni bakarrik uztea nahi. Ez naiz ama ona izan, eta ez dut barkamenik eskatu nahi, ez dudalako merezi.
Hectorrek begirada Estirengan iltzatu du. Izan ere, Estik, amaren azken hitzak entzun baititu.
CARLA: Banoa, alaba maitea. Eta nire iritzia jakin nahi baduzu, doala pikutara ezkontza. Zuok biok elkar maite duzue, begibistakoa da hori, ez dezala maitasuna ezkontza ergel batek trabatu.
Isilune labur eta emozioz betetako baten ondoren, Esti amarengana hurbildu eta besarkatu egin du. Nia1 pieza erromantiko bat txistukatuz hasi da. Nia2k kokotekoa eman dio.
NIA1: Ai!!
CARLA: Banoa, taxi bat eskatuko dut.
ESTI: Ez duzu zertan...
CARLA: Esti maitea, ez naiz etxe honetan segundo bakar bat ere gehiago geratuko.
ESTI: (...) Utzi laguntzen. (Hectorri) Oraintxe nator.
Esti eta ama badoaz. Estik amaren maleta darama.
NIA1: Gaizki ulertu ez badut, orain etxe hau, etxe osoa esan nahi diat, bere metrotxo, altzaritxo eta atetxo guztiekin gurea duk, ez duk? Puta madre!
Nia1 sofan etzan da luze. Hector, pastila potoa sakelatik atera eta begira geratu zaio.
NIA1: Esaten ez nian ba nik jator askoa zela emakume hori. (Ohartu da Hectorrek pastilak eskuan dituela) Aizak hi, zertan habil?
HECTOR: Saiatu egin behar diat.
NIA1: Kaka saiatu! Hi ez haiz inor gu gabe, ondotxo dakik hori!
HECTOR: Saiatu egin behar diat.
NIA1: Baina, ez al zen ba garbi geratu...? Hi, hi traidore galanta, engainatu egin gaituk, guri esker iritsi haiz honaino, ez al haiz jabetzen? Bakarrik irauteko gai haizela uste duk? Noiz arte?
HECTOR: Bizitza osoa, beharbada?
NIA1: Patetikoa haiz. Hi, hi...
NIA2: Itxi ahotzar hori!
NIA1: Zer? Eta hik zer nahi duk?
NIA2: Arrazoi dik.
NIA1: Bere alde hago?
NIA2: Hi ez, ala?
NIA1: Zera... Jakina alde nagoela... Baina hire hobebeharrez ari nauk, Hector. Hi zera haiz... Nola esan? Apur bat... Zera bezala... Hik ulertzen didak...
HECTOR: Jakina, ederto ulertzen diat.
NIA1: (...) Eta betirako izan behar dik?
HECTOR: Tira...
NIA1: Agian noizbait gure beharra izango duk, ohean edo... edo abesteko.
HECTOR: Batek zakik...
NIA1: En fin... A ze babo parea!
Hectorrek pilula bi hartu eta irentsi egin ditu.
NIA1: Kaka!
Hector Nia2ren ondora hurbildu da, eta hura besarkatu du. Nia2 zeharo hukituta dago.
HECTOR: (Nia1i) Hik ez nauk besarkatuko?
NIA1: Inor estutzekotan, nahigo diat hire poxpolina.
Nia2 sofan eseri da, lasai.
NIA1: Pikutara guztia, patuaren puta! (...) Aizak Hector, atrebentzia ez baduk, aldatu izen artistikoa: Hec Martin lotsagarri geratzen zaik...
Amore emanda, sofan eseri da Nia1, bestearen aldamenean. Hectorrek pastila potoa mahai gainean utzi du, guztien bistan. Badator Esti. Elkarri begiratu diote, kartsuki. Esti badoa korrika Hectorrengana eta besarkatu egin du. Musu eman dio. Ondoren, eskutik heldu eta logelarantz darama.
ESTI: Zergatik azkenerako utzi? Has gaitezen ezkontza gauarekin!
Badoaz. Nia1 eta Nia2 bakarrik geratu dira.
NIA1: Ergela haiz gero! Bion artean aise konbentzituko genian... Orain egunero hartuko dizkik kabroiak pastila puta horiek, akabo festa!
Isilunea.
NIA1: Jode... Goxo-goxo egongo duk bera oraintxe, eta gu hemen. Jode!
Isilunea.
NIA1: Koma sakonean sartuko gaituk.
Isilunea.
NIA1: Nabaritzen duk zerbait?
NIA2: Oraindik ez.
NIA1: Nik ere ez.
Isilunea. Nia1 pastila potoa mahai gainean dagoela ohartu da. Zutitu eta mahaira hurbildu da. Pastila potoa eskuan hartu du eta bistadizo bat eman dio.
NIA1: (Irribarretsu) Putakumea!
NIA2: Zer duk?
NIA1: Hauek ez dituk botikak.
NIA2: Seguru al hago?
NIA1: Nahita egin dik!
Nia1 biluzten hasi da korrika eta presaka.
NIA2: Zertan habil?
NIA1: Berarekin nahi gaitik! Kabroi horrek ez dik gu jokoz kanpo geratzerik nahi!
Nia2, segundo pare bat pentsatzen eman ondoren, biluzten hasi da baita ere. Biak ala biak Estiren logelarantz doaz, ziztu bizian.
ESTI: (Offean) Jode, Hector, horrela, horrela, segi, segi, bai, bai bai Baiiiii!!!!!! (Bat batean garrasi egiten du, erabat izututa) Aaaa!!!!!
Esti korrika batean dator salara. Haren atzetik ama dator, Estik duen arropa bera soinean duela: ama Estiren Nia bihurtu da.
ESTI: Ze, zertan ari zara?!! Utz nazazu bakean, ez niri jarraitu!!
Hector eta bere bi Niak ere badatoz salara.
HECTOR: Zer duzu, maitea? Zer gertatu da?
ESTI: Zer gertatu den? Ba...
ESTIREN NIA1: (Estiri) Zure printzeak ezin nau ikusi, polit hori! Lotsagarri geratzen ari zara...
NIA1: Ez esan! Oraingoan ere ezingo diagu lasai larrutan egin, ala?
HECTOR: Ondo al zaude?
ESTI: Ba... Bai, bai... Ondo nago, ez dakit zer gertatu zaidan.
HECTOR: Zaude lasai, maitea. Beldurra ematen du bizitza berri bat hasteak, baina dena ondo aterako da.
ESTI: Jakina. (Bere Niari begiratzen dio errezeloz) Dena ondo aterako da.
Hectorrek musu ematen dio.
NIA1: Horrelaxe, Hector, ondo habil, goxo-goxo.
Hectorrek sofara darama Esti, musukatzen duen bitartean. Bere bi Niak badoaz festan parte hartzera, eta gauza bera egiten du Estiren Niak ere. Horrela bada, menage ā cinq hiperboliko bat osatuko dute.
ilun.
amaia