Ni naiz Hector, ni bakarrik!
Jokin Oregi
Ni naiz Hector, ni bakarrik!
Jokin Oregi
Artezblai, 2008
Ni naiz Hector, ni bakarrik!
Jokin Oregi
Artezblai, 2008
[aurkibidea]

 

HITZAURREA

 

Ni bestea naiz

 

Harkaitz Cano

 

            Denok gaude bakarrik, baina inor ez da bat bakarra. Jende asko bizi zaigu buruko pitzaduretan sortzen den parlamentu desordenatu horretan, eta ez ditugu denak guk uste bezain ondo ezagutzen. “Etsaia besteak dira” esatetik Rimbauden “Je est un autre” esatera dagoen aldea besterik ez garela iruditzen zait askotan. “Ni bestea naiz” idatzi zuen Rimbaudek, eta horrekin, bere burua bihurtu zuen bere buruaren etsai bakar, bere buruaren lagun bakar.

            Gugan dagoen bestea gara, eta gugan dagoen beste horrek bizi gaitu. Beste horrek egiten gaitu batzuetan hobeak, ausartagoak, sortzaileagoak. Baina baita zikoitzagoak, koldarragoak eta kamutsagoak ere. Bestea gu garelako. Bestea aipatzea, poseitua izan denaren koartada edo aitzakia izan liteke usu: “ez nintzen ni, beste bat nintzen, ez nekien zer egiten nuen, nire baitatik kanpo nengoen!”. Baina beste hori izan liteke egun batez ustekabean egin duzun zerbaitekin era baikorrean harritzen zaituen poz hauskorraren eragile ere. Ezezaguna eta ederra den lurralde horretarako bidea ahalbidetzen duen tresna da bestea. Bestea da burua zanpatu eta aurrera egiten uzten ez diguna, baina era berean, jauzi mortal hirukoitza egitera garamatzan tranpolina ere bada. Denok dugu bestea burutan. Garen beste hori, eta ez garen hura. Hortik dator, beharbada, zenbaitek inauterien zain pasatzea urtea; hortik, halaber, transformismoaren joera liberatzaileak duen arrakasta itzela.

            Gizakiaren konstante nagusienetakoa da bestearen bilaketa: bidaiatzen dugunean edo inoren konpainian gaudenean, hurkoaren baitan bestea bilatzen dugu etengabe, baina ez kanpoan bakarrik, geure baitan ere bai. “Das Andere” (Bestea) izena jarri zion Adolf Loos arkitekto arrazionalistak bere aldizkariari, buruaz beste egiten dute euskal suizidek, hitz beste eginez aldatzen dugu gaia, bataz bestekoaz mintzatzen zaizkigu estatistika hotzak, “beste bat” oihukatzen du publikoak kontzertuaren amaieran berez nahi duena “beste bat” ez, baizik eta “betiko kantu bera” izan arren, gehienetan.

            Eta gugan nahiz gugandik kanpo, geure baitako armairuetan zein lagunen armairuetan bizi diren beste horiek dira, hain zuzen, Jokin Oregik antzezlan eder hau jorratzeko aintzakotzat hartu dituenak. “Ni naiz Hector” aldarrikatzen du protagonistak izenburutik bertatik, “Ni, Klaudio” izan nahiko lukeen autoafirmazio ezinezko bat eginez, autoafirmatzeko behar horrek berak norbere gabeziak salatzen dituen jakitun. Latinezko adagio zaharrak dioena: excusatio non petita...

            Woody Allenen eskolatik edaten du egileak Hectorren nortasun destolestuak eragiten dituen egoera kontraesankor eta umoretsuak sortzeko, baina litekeena da gutxien espero denean umorea garraztea, ezagun baita Woody Allenek dituen beste nien arteko bat gehiago dela Ingmar Bergman barnerakoi eta iluna.

            Oregik ezin hobeto egin duen bezala, esango nuke denok gonbidatu nahi genituzkeela maisu horiek guztiak nortasun anitzek osatzen duten gure garun barrunbeetako akelarre gordin, zoro, gozagarrira.

            “Barkatu esatea, Hector, baina ez zara zu hemen Hector bakarra: ni ere banaiz Hector...”