Hiru jolas gaizto
Xabier Mendiguren
Hiru jolas gaizto
Xabier Mendiguren
Elkar, 1993

 

Jokalari bakarrarentzako
ikusleekiko jolasa II
(erakusketa)

 

            Oihala jasotakoan JOKALARIA agertzen da, aurreko jolaseko gisa eta modu berean: esmokinez, irribarretsu, txalo artean ikusleei musuak bidaliz. Lehen bezalako music-hall-eko doinuak aditzen dira, eta hizketan hasi behar duenean amaitzen da musika. Aurretik beste jolas bat egon bada hizketaldia ezin izan hasierakoa bezalakoa; doinua eta hizkera lehengo berak dira, baina soberan dago lehengo agur luzea.

 

ADIBIDEZ: Kaixo jaun eta andreok. Hemen gara berriro ere, zuekin arratsalde goxo bat igarotzeko asmoz. Zuen txolarteak betetzeko gainera, zer hoberik antzerkia baino? Antzerkia ametsa da, antzerkia ikasbidea da, eta antzerkia jolasa ere bada. Eta horixe egin behar dugu guk oraingoan ere: jolastu. Zuek eta nik. Konforme?

            Ikuslegoa agurtu eta gero, jokalekutik jaitsi eta pasabidean barrena ibiliko da ikusleen artean bikoteak behar dituela adierazten diela: gizon-emakumezkoen bikoteak: senar-emazte, ezkongaiak eta halakoak. Gutxi gorabeherako zertarakoa ere bai.

 

ADIBIDEZ: Bikoteak behar ditut orain. Bikoteak: senar-emazte, andregai-senargaiak eta halakoak. Nork parte hartu nahi du? Ez izan beldurrik jaun-andreok! Hau ere lehiaketa bat da, bai, aldez aurretik aitortzen dizuet, baina ez aurrekoa bezalakoa: hartan indarra eta trebetasuna behar ziren, eta oraingo honetan berriz neurtuko dugun gauza bakarra jatortasuna izango da. Egia esanda, lehiaketa baino areago erakusketa bat izango da. Guk ikusi, eta sinpatikoena zein izan zaigun pentsatuko dugu. Baina ez da borroka izango, ez. Saria gure txaloak eta esker ona izango dira. Inor apuntatzen da? Benga! Ez izan lotsarik. Hitza ematen dizuet oraingoan ez duzuela korrika egin beharko, ez salto, ez nekerik hartu. Oso lasaia izango da dena.

            Pentsa daiteke inor ez dela gogozko partaide agertuko, eta agertuko balitz eta JOKALARIAren gustoko ez suertatu, honek edonolako aitzakia batez errefusatu egingo luke: lehen ere parte hartu dutela edo auskalo zer. Azkenean beraz JOKALARIAk berak aukeratu beharko ditu, eta ez esan arren hauexek izango dira bikote aukeraketarako erabiliko dituen irizpideak: gazte samarrak izan daitezela (zaharrak ez behintzat); itxura onekoak (bai neska bai mutila), eta aukeran sinpatiko itxura izan dezatela, jolaserako gertu egotearena alegia. Benetako bikoteak izan behar dute, ez elkarren ondoan eseritako ezezagunak, eta guzti hori ziurtatzeko haiei buruzko galdera bat edo beste egin diezaieke, pasabidean bertan. Bi bikote aukeratu beharko ditu (edo lau; azken aukera hau jolasari iraupen berezia eman nahi izanez gero hobestekoa da; kasu horretan, guk bi diogun guztietan biderkatu egin behar, eta une zehatz batean adieraziko dugu egon daitekeen diferentzia). Aukeratu ondoren behartu egingo ditu, ikuslegoaren konplizitatea erabiliz, agertokira igotzera. Oholtza gainean, zutik ikusleei begira, JOKALARIAk izena galdetuko die eta gogoan hartu, aurrerantzean bakoitzari bere izenez dei egiteko. Izena galdetu ondoren txotxolokeriaren bat edo beste ere esan-galdetuko die, telebistako aurkezleek egin ohi duten moduan. Guzti honen ostean atzean dituzten kabinei begiratzeko eskatuko die.

 

ADIBIDEZ: Tira, laga ditzagun alde batera broma txiki hauek, eta begira ezazue mesedez atzeko aldera. Ikusten dituzue horko kabina horiek? Bueno ba bertan sartu behar duzue. Bai, bai. Bertan sartu behar duzue: bikote bakoitza kabina batean. Kabina banatan bikote bana. Ados?

            Bi kabina hauek telefono kabinen tankerakoak dira, oso gutxi gorabehera, baina bada zenbait alde eta desberdintasun: bajuagoak dira batetik (bi metro baino gutxixeago aukeran) eta zabalxeagoa izan daiteke ikuslegoari paralelo geratzen zaion aldea, perpendikular geratzen zaiona baino. Atzeko aldean, hau da, ikusleek ezin ikus dezaketen aldean, ate bat dute; kontrako aldean, hau da, ikusleen bistan dagoenean, gorputz osoko ispilua dute barrualdetik, kanpotik ikusten ez dena; ez dute sabairik; pareta guztiak oholezkoak edo plastikozkoak izan daitezke, barruan zer gertatzen den ikustea erabat galerazten dutenak; azpiko aldean kabinak mugitzea posible egiten duten gurpiltxo batzuk ere izan behar ditu; horrez gainera, geroxeago, dagokion unean adieraziko ditugun beste hainbat berezitasun, garrantzi handikoak. Bikoteei kabinak erakusten dizkien bitartean hizketan segituko du.

 

ADIBIDEZ: Ikus dezagun zernolakoak diren kabina hauek.

            Hemen, zirkoan bezala, kutxa magikoak erakutsi egiten dira, trukorik ez dutela ikusteko. Hemen daukagu atea, eta kabinari buelta emanez gure ikusle guztiek ikusteko moduan utziko dugu. Denok ikusten duzue orain? Atea zabaltzen dugu, eta zer dago barruan? Ezertxo ere ez. Ikusten duzue? Hor aurrean ispilu bat eta besterik ez. Hutsik. Konforme zaudete orain? Utzi dezagun bada lehen bezalaxe, eta goazen beste kabina ikustera. Honek ere ate bat du atzeko aldean...

            Horrela erakutsiko dizkie kabinak eta bere bazterrak. Ondoren jolasari hasiera emateko, bikoteei kabinetan sartzeko aginduko die. Sartu eta gero, barrendik ixteko atea.

 

ADIBIDEZ: Eta orain ixtazue barrendik atea. Ondo begiratzen baduzue berehala ikusiko duzue ate kantoian dagoen krisketa. Eragin orduan krisketari eta itxi atea, horrela inor barrura ez sartzeko, zuen baimenarekin ez bada. Bai? Itxi duzue?

            Ateak zabaltzen saiatuko da orduan JOKALARIA, eta itxita daudenez “oso ondo” esango die. Ondoren berak ere itxi egingo die kanpo aldetik atea, alde horretan ere bai baitauka krisketa. Hizketan hasiko zaie bikoteei, beren izenez deituz beti ere.

 

ADIBIDEZ: Bueno ba. Denok txintxo-txintxo zuen kutxetan sartuta zaudetenez, entzun ezazue ondo esan behar dizuedana. Orain hasiko da jolasa. Nik zenbait gauza egiteko aginduko dizuet, eta zuek bete egin beharko duzue; konforme? Itxoin bada apur batean musika egokia jartzera noa eta.

            Bazter batera doa, eta musika martxadun eta tropikala entzungo da: kubarra, brasildarra, Puerto Ricokoa edo antzekoa aukeran, halako sentsualtasun eta animazio ahalmen bereziak baitituzte. Une oroz musika mota hau entzungo dugu, baina aldian behin jeneroz aldatuz, hau da, behin samba, hurrena mambo, bestean salsa, hurrengo batean guajira, eta abar luzea. Klimax unea edo iritsi arte, gero eta erritmo biziagoko musika jartzea izango da errespetatu beharreko lerroa, guk adieraziko dugularik noiz ailegatzen garen une horretara. Musika entzuten hasi bezain laster isil-isilik kabinetarantz doa JOKALARIA eta zera egingo du: aurreko aldean dagoen pareta kendu; pareta horren bestaldean dago ispilua, baina ispilu hori beste aldetik kristal gardena dutenetakoa bide da: egur edo plastikozko pareta kentzen duenean bikotekideak ikusleen begien bistan geratzen dira. Guzti hau, noski, bikoteetakoak konturatu gabe egin behar da; pareta horiek prest egon behar dute hotsik atera gabe aise kentzeko. Bestalde, litekeena da bikoteak begi bistan geratzean ikusleak barrezka hastea. Honek bikoteak txundi ez ditzan, errezelorik sor ez diezaien, paretak kentzen hastean JOKALARIAk tontakeriak esaten aritu beharko du, Karibeko beltzen ahoskeraz edo, barregarri gertatzeko.

 

ADIBIDEZ: Hau da muzika gozoa, ai mamaita! Hau da beltz guztiek dantzatzen dugun doinua. Honek zartzen dizkit neri txingurriak gorputzean. Ai ene amatxo maitea! Hau da zabelean zortzen zaidan kilika, ui! Baina zelako gustua ematen digun muzikatxo honek! Zuek ere dantza egiten al duzue? Egin ba dantza nerekin batean. Nork ez du dantzatuko Karibeko doinu martxoso honekin? Hau da guri guztatzen zaigun zoinua. Hau da muzika katxondoa. Ai mamaita!

            Horrela segituko du gezurrezko paretak kendu bitartean eta geroxeago. Ondoren ahoskera normalez hitz egiten segituko du, bikoteetakoei zuzenduz.

 

ADIBIDEZ: Bueno, ari al zarete dantzan? Holaxe, holaxe behar du; guri hemen kanpoan ere ez zaigu martxarik falta, ez ezazuela pentsa. Hala ere, hor barruan inork ikusi gabe ze goxo, ezta? Nik ere nahi nuke nere maitetxoarekin bakarka eta holako txoko batean egon. Hori berotasuna izango genukeena! Bero-bero egongo ginateke, eta pentsatzen ari naiz zuek ere berotuta zaudetela honezkero. Ezta? Bueno ba: orain, zuek denok, W, X, Y eta Z (izenak esanez) soin gainean daramazuen arropa handi hori kendu behar duzue: jertsea, jaka, berokia... Ez dakit zer daukan bakoitzak baina kendu egin behar duzue; benga! Kendu eta gero non utziko duzue? Hor ez dago zintzilik uzteko kakorik, eta ezin egongo zarete arropa eskuetan duzuela! Neri emango dizkidazue arropak, nik ondo gordeko ditut eta. Eman bada. Atzeko atetik ez, e! Sabai gainetik; sabai gainetik atera eta neronek hartuko dizuet.

            Bazterrera joan eta zutikako lau pertxero, lau esekitoki aterako ditu JOKALARIAk; bi kabina baten aurrean jarriko ditu eta beste biak bestearenean. Bikotekideek soingaineko arropa hori ematen diotenean, lagun bakoitzaren arropa pertxero batean eskegiko du. Orain musika alda dezake, tankera berekoa baina biziagoa jarriz. Egin behar dutena adieraziko die ondoren, biluzteko alegia.

 

ADIBIDEZ: Bueno: uste dut iritsi dela unea. Orain arte ez dizuet esan baina ezin gaitezke gehiago luzatu gezurretan. Zuek orain egin behar duzuena zera da: biluztu; arropa guztia kendu; larru gorritan geratu. Konprenitu duzue? Bai, badakit gogorra dela, badakit zer ari zareten pentsatzen: jakinez gero ez zinetela jolasten hasiko, baina egin egin behar duzue. Jolasaren parte bat da, nahitaezkoa. Gainera ez duzue hor barrutik atera beharko, ezta atea zabaldu beharrik ere. Hortxe egongo zarete ezkutuan, zuek bakarrik, lau pareta artean. Azken batean zuen etxeko bainugelan bazeundete bezalaxe izango da. Konforme zaudete? Benga: ez izan horren estuak: zuen laguna besterik ez dago ondoan. Gainera, musika honekin gogoa ere ematen du, ezta? Ni egia esan, gustora biluztuko nintzateke zuen egoeran egonez gero baina... nik, aurkezlea naizenez, txintxo-txintxo egon behar. Zuek aprobetxa dezakezue orain...

            Horrela aritu beharko zaie komentzitu arte; eskean, negarrez, haserre eta nahi adina erregistro erabiliz kabinetakoek jolas proposamena onar dezaten. Desinibizioa eta holako argumentuak ere erabiliko ditu. Azkenik baten bat hastea aski litzateke ziurrenik besteak ere bultzatzeko. Epel baldin badabiltza iruzurraz ere balia daiteke: bikoteei esan beste kabinakoak hasi direla haiek bakarrik falta direlarik, bi kabinetakoek beraiei dagokiela deia pentsa dezaten, ez baitute elkarren berri. Biluzten animatzen direnean JOKALARIAk geldiarazi egingo ditu une batez, eranztea ezin dela nolanahi egin adieraziz.

 

ADIBIDEZ: Itxoin ezazue momentutxo batean, ez hasi arropak botatzen. Eranztea arte ekintza bat da beti ere: bere ingurua behar du, bere giroa, bere koreografia. Ez dakizue zuek ze alde dagoen streap-tease zabar eta eder baten artean! Gauzak poliki egin behar dira: maitasunez, kuttuntasunez, ez automatikoki, ez edonola. Guzti honetan bilatu behar dena armonia da, armonia. Hara: hasteko, dantzaren erritmoan aritu beharko zenukete dantzan eta ondoren, nik arropa bat esaten dudanean, “alkandora” adibidez, denok batera alkandora kendu behar duzue. Ulertu didazue? Badakit ez daukazuela ikuslegorik. Zuen laguna besterik ez. Hala ere, bakarrik gaudenean ere ez dugu edertasuna, artea alde batera utzi behar. Zuek ez duzue sekulan ispilu aurrean pailazokeriarik egin? Bai, ezta? Ez duzue inoiz bakarrik zaudetenean artista poserik hartu? Ez zarete horretan saiatu? Bai, noski. Horrela bada, has zaitezte dantzan, ni ere horretantxe ari naiz eta. Egia esan, zuek galde zenezakete ea zertan jardun behar dugun kanpoan gaudenok. Bueno, gu ere saiatuko gara pasibo ez egoten, jolasean parte hartzen. Begi bistan dago hobeto pasatuko genukeela zuek ikusiko bazintuztegu, baina horrela ere badu bere grazia. Zuek, arropak kendu ahala neri eman beharko dizkidazue kabina gainetik, eta ezin duzue pentsatu ere egin nola lan egiten duen imajinazioak halako eragile txiki batez. Morbo pittin bat ere badago honetan, baina ikusten ez dena ikusten dena baino estimulo erakargarriagoa suertatu ohi da. Ez duzue uste? Beraz, zuen txoko horretan gorderik, kanpoan gauden guztion fantasma erotikoak berpizten arituko zarete, eta ezer erakutsi gabe gainera! Hori da bikainena! Tira! berriketa gutxiago eta ea mamian sartzen garen. Dantzan ari zarete? Bai? Bueno ba, segi dantzan baina bitartean kendu beharko duzue... zapata bat! Benga azkar! Zapata bat hona. Bat bakarra gero! Bat, bi eta hiru esandakoan bota ezazue; aber: denok duzue eskuetan? Ea ba: bat, bi eta hiru! Iepaa!

            Zapatak botatzen dizkiotenean jaso egingo ditu eta bakoitza dagokion pertxeroaren oinean utzi. Sistema hau erabiliz eskatu beharko dizkie JOKALARIAk kabinetakoei bere jazki guzti-guztiak, azkenean biluzik geratu arte. Bitartean hizketan aritu beharko du taigabe, oinarrizko bi lege hauek kontutan izanik: kabinetakoak ez konturatzea gainontzekoek ikusi egiten dituztela, eta ikusleek ahalik ondoen pasatzea, ahal den barre gehien eraginez. Bi lege edo helburu horiek betetzeko zera da egin dezakeena: gelditu gabe aritu barrukoek egiten dutenaz suposaketak egiten, guztiz okerrak direlarik suposaketa guzti horiek —bi alderditatik okerrak: egia ez direlako, eta lizunkeriazko ohizko uste eta esamolde gaiztoak direlako—. Esango dituen guzti horiek edo gehienak kabina gainetik ematen dizkioten arropetan oinarritzen dira, jazkietatik abiatuta egiten baititu bere baieztapen eta ziri sartzeak; beraz, esango dituenen gidoia zaila da aldez aurretik zehazten, unean unekoak izan behar baitute. Jazki eta arropak kentzeko hurrenkera ere ez da zehatza, baina proposamen gisa, hauxe izan daiteke: zapata bat, jertsea balego, prakak edo gona, alkandora, brusa edo nikia, beste zapata edo oinetakoa, galtzerdiak edo pantiak, elastiko edo sostenak, eta galtzontzilo eta kuleroak. Jakina, zenbait partaidek ez du jazki hau edo bestea erabiliko, baina JOKALARIAk ezjakinarena egin behar du, ikusiko ez balu bezala, eta jazkiren bat falta denean ustezko jabeari zergatik ez duen bota galdetu. Zehaztu ez dugun jazkirik balego hobe luke JOKALARIAk ez aipatzea ohizkoa ez balitz —faja, kalentadore direlakoak, e.a.— horrek salatu egin bailezake. Hizketan ari dela, kabinetakoei eta ikusleei zuzenduko zaie aldizka, gelditu gabe batetik bestera dabilela.

 

ADIBIDEZ: Bueno, zer moduz zabiltzate orain: ondo? Segitzen al duzue dantzan? Segi bada: bestela jolasak bere saltsa guztia galtzen du. Ez neri esan gezurrik gero, sabai gainean bideo kamara ezkutu bat jarriko dut eta, egiten duzuen guztia filmatzeko. Ederki egongo litzateke, ezta, ikusleok? Jarri hor kamaratxo ezkutu batzuk eta guk zinemako pantaila handi-handi batean egiten duten guztia ikusi: X potroetan hazka ari ote den, Y eta Z muturreoan edo gauza okerragoetan ari ote diren, W-k titi handiak ote dituen... Bueno, hori sujetadorea ematen digunean jakingo dugu; bitartean jai, edo zain. Zuek barrukoak lasai, ez dago kamararik eta. Baina hurrengo ikuskizun baterako pentsatu egin behar dut: ez da batere ideia txarra, ez. Tira, hori hurrengorako utziko dugu, eta orain alkandora bota behar didazue. Oraindik ez, nik esandakoan. Ez larritu zuen arropagatik, hemen pertxero batzuk jarri ditut eta txukun-txukun jarriko ditut zintzilik, ez kezkatu. Orduan ba, nik bat, bi eta hiru esandakoan alkandorak, edo brusak edo nikiak edo dena delakoak bota behar dizkidazue; Akort? Hasi beraz kentzen, botoiak askatzen... Zein erotikoa den botoiak askatze hori, ezta? Zuek ez al duzue uste maitasun zeretan ekintzarik kilikigarrienetako bat prestatzea bera dela, aurreko urratsak, laztanak baino lehen datorren zeremonia guzti hori? Askatutako botoi bakoitzak maitasunezko promesa bat egiten digu, eta aldez aurretik dastatzen dugu geroko festa. Eztala? Neri behintzat holaxe gertatzen zait. Bueno: askatu dituzue botoiak? Eskuetan daukazue jazkia? Orduan: bat... bi... eta hiru! Eup! Eman zurea, beste hau, honunzkoa... bildu ditut. Orain bakoitza bere pertxeroan uztea...

            Gutxi gorabehera horrelakoa izan daiteke bere jarduna. Bestalde, zenbat eta arropa gehiago kendu, hainbat eta pikanteagoak izango dira JOKALARIAren txiste eta iruzkinak. Hasiera batean onar daitezkeenak badira, gero eta berdeagoak, gaxiagoak botako ditu. Esate batera, hona hemen sosten eta elastikoak kentzerakoan esan dezakeena.

 

ADIBIDEZ: Hotza al dago zorua? Hotza? Galtzerdiak kendu eta gero oinak zoru gainean jarrita hoztu egingo zaizkizue beharbada. Horrek halere, badu bere konponbidea; zein den? Oso erraxa: dantza! Dantza egin ezazue eta berehalaxe berotuko zarete. Baina ez gehiegi berotu, bestela behar baino lehenago bukatuko duzue eranzten. Imajinatzen ari naiz X, Wri eskua kulero azpitik sartzen, atzeko aldetik, beste eskua ere sartu bi ipurmasailak estutuz, jira eta jira bi eskuak masa goxo horretan gero eta ipurtzulotik gertuago, eta zuloa gero eta zabalago, gero eta bustiago, gero eta gosetiago... Baina utz ditzagun alde batera zikinkeria horiek eta segi dezagun gure zereginean: dantzan. Gainera, orain, oinetakorik gabe gustorago arituko zarete noski. Lehen zapata bakarrarekin arlote samar ibiliko zinetela pentsatzen dut, ez dakit. Aizu, Y, ez iezaiozu Z-ri eskua paketean sartu, txoriak ihes egingo dio eta. Ez, orain gorritzeak ez du balio, harrapatu egin zaitugu eta. Baina ez al duzu ikusten paketea horren bero eta handi jarriz gero... Beno, beno, ez dut hitz egingo, bestela... Baina gogoratu hor ixurtzen hasten bazarete gero zikinune zuriak geratuko direla, eta horiek ikusi egingo direla... Baldin eta, baldin eta ahoan ixurki goxo xuri epela edaten ez baduzue... Baina zer zerrikeriak ari naiz esaten? Zuek txintxo eta pormal egon hor barruan eta kitto. Ni saiatuko naiz nere imajinazioari eusten. Badakizue: hemen, ezer ikusi gabe, irudi pornografikoenak etortzen zaizkigu burura, nahi gabe ia-ia. Bueno, dantzan ari zarete? Bai? Segi orduan; baina emeki-emeki, musikaren doinuan, elastikoa kendu behar duzue, kamixeta, kamixetarik baldin baduzue. Eta bestela sostena. Bai, bai: sujetadorea. Orain agertuko dira bai, orain artean ezkutuan egon direnak. Ai, ai, ai! Nik ez nuke gehiegiz-' ko preskurarik izango ez, hor barruan banengo. Ari zarete? Kendu dituzue kendu beharreko guztiak? Bai? Ui, begira begira Y-ri, ze titi handi mardul sendo biribil politak dituen. Horiek ditun horiek... errapeak! Lastima, ile luze, itsusi horiez beterik edukitzea. Pintzak erabili beharko ditun, pintzak. Eta W-k... aizan, ez ezan bularra ezkutatu. Lotsatu egiten al haiz orain?

            Lasai asko utzi dion ba lehen X-i astindu batzuk ematen! Hala: berriketa gutxiago eta segi dezagun gure kontuarekin. Eskuetan duzue denok jazkia? Bai? Orduan nik bat, bi eta hiru esandakoan sabai gainetik pasatu beharko didazue; Ados? Ea bada: bat... mugitu gorputz bero horiek doinuarekin!... Bi... prest zuen arropatxo intimo horiek eskuan... eta hiru! Ekarri, eman, hau da, listo. Ui, ui, ui, hauek dira kolore kitzikagarriak, hauek. Ez ninan uste, W, sujetadore beltza erabiliko huenik. Jesus, Maria eta Jose. Beltza... eta zein lurrintsua gainera. Hau perfume zoragarria! Goizean goizik ebakitako krabelinaren gozoa... arrosa bezain freskoa... lore exotikak bezain sarkorra... zorabiatzekoa! Ze perfume erabiltzen dun? Bueno, esango didan gero. Zer ez ote nukeen nik emango nere masaila bere bularraren erdi-erdian pausatzeagatik, bi tontortxoen artean, begiak itsuturik eta sudurra halako usain goxoaz mozkor-mozkor eginda. Baina bueno, badu norekin jostaturik. Gainera, ikusi al duzue zenbat ile kixkur geratu den X-en elastikoan? Bular iletsuko gizona, alajainkoa! Hor arituko zaio bere W kuttuna bere ttitti mutturretan jolasean, mihi punttaz miazkatuz... Fuera, fuera, fuera! Baztertu egin behar ditut irudi lizun guzti horiek burutik, bestela ezin izango dut lorik egin gaur gauean. Egia esan, horko norbaitekin egonez gero lo egin behar handirik ez nuke izango baina. Gainera, nork daki?, akaso hor barrukoak txintxo txintxo daude, ezertxo ere egin gabe eta gu berriz gauzarik itsusienak asmatzen. Edo okerrago dena: bekaturako asmorik ez zutenak tentatzen. Beraz, zuek, hor barrukoek, ez duzue ezer aditu, entzun duzue?, guk ez dugu ezer esan eta zuek ez duzue ezer aditu.

            Keinu ugari egingo du etengabe JOKALARIAk, eta sarritan barruan daudenen imintzioak ere bai, ikusleei barre eragiteko imintzio isilak. Honela segituko du beraz, prozedura horretaz bikoteetako kideak larru bixitan, biluzik, geratu arte. Belarritako, erloju, kate eta abarrak eskatu beharrik ez dago. Erabat erantzi ondoren hor arituko zaie, txantxetan, berdekeriak esanez, aldi luze samar batez, dantzara bultzatzearekin batera larrutara ere bultzatzen dituela. Musika ere ozenago, gogorrago, biziago entzun daiteke tarte horretan. Pikarokerietan luzaro aritu ondoren beste doinu neutroago batez mintzo zaie, jolasaren beste parte batera igaro behar dutela iragarriz, musika ere gozoago jarrita.

 

ADIBIDEZ: Bueno, honezkero nahikoa dantza egin duzue, ezta? Nahikoa denbora izan duzue behintzat dantzatarako eta jo behar zenituzten guztiak jotzeko. Gainera, hau ez da zita etxe bat; hau antzokia da eta hona antzerkia egitera etorri gara, eta horrekin segituko dugu. Hori da nere asmoa behinipehin. Jolasean aritzeko igo zarete, eta jolasean aritu gara orain artean. Baina jolasa ere aldatu beharra dago noizik eta behin; bestela aspergarri suertatzen da; ezta? Bueno: orduan guk, guztiok, aurrera egingo dugu jolasaren beste parte batekin, lehen zatia amaiturik baituzue honezkero. Ez beldurtu, ez. Zuetakoren bat edo beste gaizki pentsatzen ari da honezkero, edo gaizki esaka ahapeka, nik ez entzuteko moduan. Ez larritu: ez zaituztet larru gorritan utziko ikusleen aurrean; hitza ematen dizuet, antzerkilariaren hitza. Eta gainera, gogora ezazue krisketaz itxi duzuela zuen atea. Inortxo ere ezin daiteke zuen kabinan sartu, zuen baimenik ez badu; eta ez da inor sartuko. Oraindik ere larri? Oraindik ere bai? Zeren beldur zarete? Arropak ez dizkizuedala itzuliko pentsatzen duzue nonbait. Ez ezazuela horrelakorik pentsa. Uxatu ideia gaizto horiek zuen buruetatik, nik ez bainuke sekula ere horrelakorik egingo. Seguru egon zaitezte kabinatik atera baino lehen arropa guzti-guztiak itzuliko dizkizuedala, eta goitik behera jantzita irtengo duzuela.

            Horrela hitz eginez, pertxeroak baztertzen ditu, eta zera egingo du JOKALARIAk ondoren: kabinak agertokiaren erdialdera bultzatu, bata bestearen aldera alegia, bi paretak elkarren kontra, erantsita geratu arte. Bultzatze hori erraz egin daiteke kabinen azpikaldean dauden gurpiltxoei esker, eta bultzaketan ari dela hizketan arituko zaie barrukoei, lasai daitezen.

 

ADIBIDEZ: Ez estutu mugimendu honengatik, ez estutu.

            Hau jolasaren jarraipena besterik ez da, hurrengo partearen hasiera. Ez zaizue ezer txarrik pasako. Nere ustez gainera, oso ondo pasatuko duzue: ondo baino hobeto, lehen baino askozez gustorago.

            Kabina horiek prestaturik daude, elkarren kontra geratu diren bi pareta horiek kentzeko. Kenketa hau egin ondoren ez da hutsunerik geratu behar kabinen barrualde eta kanpoaldearen artean; beraz, ondoko bi pareta horiek kentzeko modurik egokiena, itxura denez, gaineko aldetik altxatzea litzateke. Horixe izango da hain zuzen JOKALARIAk egingo duena. Horretarako eskaileratxo bat erabili beharko du, paretak aise kentzeko eta zeruan uzteko. Ikusleen aldetik igota aritu beharrean kabinen atzeko aldetik arituko da. Kabina barrukoek JOKALARIA bere gainean ikusten dutenean barkamena eskatuko die.

 

ADIBIDEZ: Ez larritu, begiratu ere ez dut egingo. Ikusten duzue? Begiak itxita dauzkat, ikusi behar ez dudana ez ikusteko. Ez kezkatu, berehalaxe bukatuko dut eta, egin beharrekoa. Oraintxe. Pareta hauek kentzea besterik ez da. Momentu bateko zeregina. Pareta hau, eta gero bestea. Holaxe. Ez naiz begiratzen ari. Eta barkatu molestatu bazaituztet, ez da nere asmoa izan. Kito! Holaxe bukatu, eta jaitsi egingo naiz.

            Bi paretak kendu ondoren jaitsi egiten da JOKALARIA. Elkarren kontra zeuden bi paretak kentzean, jakina, bi kabinak kabina bakar bihurturik geratu dira: kabina zabalago bakar bat. Bi bikoteak elkarren ondoan, elkarren begi bistan geratu dira orain. Hauen erreakzioa ez dakigu zein izan daitekeen. Ikusleen eta JOKALARIAren begien aurrean geratu dira laurak batera, eta lau lagunek zer egin dezaketen, nola senti daitezkeen edo burutik zer pasatzen zaien suposaketan arituko da JOKALARIA, ikusiko ez balituzte bezala, betiko moduan.

 

ADIBIDEZ: Oh la la! Badakizue zer egin dudan? Badakizue zer gertatu den? Bi kabinen arteko paretak kendu eta elkarren ondoan geratu zaizkigu bi bikoteak. Elkarrekin, kabina bakar batean, dauzkagu W, X, Y eta Z. Ui, ui, ui! edozer gerta daiteke orain. Eh Y, zein gustatzen zaizu gehiago, zurea ala bestea? Nork du zera ederragoa? Orain, orain duzue konparaketak egiteko parada ezin hobea. Gainera ezin inor ezkutatu. Zer, ondo ari al zarete pasatzen? Bai edo ez? Honek bai duela martxa ederra! Egoera honek musika bixiagoa merezi du. Hau saltsa goxoa hau!

            JOKALARIA bazterrera doa eta musika bixia entzungo da ostean, ordura artekoetan bixiena, aurrekoen tankerakoa baina; hortik aurrerakoan lasaiagoak izango dira, hau izango baita nolabaiteko une gorena, beroena. Musika jarri eta gero, betiko leloa: barrukoek bere ustez edo egiten dituzten lizunkeriez hitz egingo du: beharbada bikote aldaketa egina dutela, agian baten bat kanpoan utzi eta menage à trois, laukotearen ohe biribila apika. Ohizko beste teknikak ere erabiliko ditu: barrukoen imintzioak, edo lau lagunetako bati egotzi beste bat egiten ari dena: esaterako, X baldin badago paretaren kontra herabe jarrita, Zri zuzenduaz holakorik ez egiteko esan. Aldi batez horretan arituz gero eta barruko lauek ezer interesgarririk egiten ez badute, berehalaxe arropa itzulketari ekingo diola adieraziko die JOKALARIAk. (Lau bikote balira, lehendabizi kabinak binaka elkartu, bi eta bi, pareta kentzearena burutzeko, eta ondoren bi kabina bikoitzak, laurak azken batean prozedura berberaz batu)

 

ADIBIDEZ: Tira, honezkero nahikoa jolastu duzue eta uste dut laster emango diogula bukaera gureari. Ez zarete kexatuko, ezta? Jolasean hasi eta jostailuz aldatzeko aukera eta guzti eman zaizue. Nik beste horrenbeste egin ahal baneza! Baina ez nadin bekaiztia izan. Zuek ondo pasatu baduzue guk ere ez dugu horren gaizki igaro, telepatiaren bidez zuen gorputz eta jarrera ponpoxoak bisualizatzen. Eztala? Orduan, berehalaxe jantzi egingo zarete berriro; arropak itzuliko dizkizuet; konforme? Baina aurrena dantza egin behar duzue; erantzi zareten bezala, jantzi ere saltsaren erritmoaz egin behar duzue. Dantzan ari zarete? Bai? Berriz ere eskailera hartuta igo egingo naiz eta dantzari ez bazabiltzate hortxe geratu beharko duzue gero! Dantzan orduan? Bueno ba. Oraintxe etorriko zaizkizue airean gora zuen arropatxo maiteak.

            Pertxeroetarantz doa, denak erdian eta elkarren ondoan jartzen ditu, eta jazkiak itzultzeko alderantzizko bidea egingo du: aurrena galtzontzilo eta kuleroak, gero sosten eta elastikoak eta abar. Zapatak, biak bukaeran, azkenerako itzul diezazkieke, jazteko jolasetik aparte geratzen baitira. Lehendabizi kulero eta galtzontziloak hartuko ditu eskuetan beraz, eta nahi izanez gero hauen usain, itxura, kolore eta abarrei buruzko iruzkinen bat edo beste egin ondoren, jazteko erabiliko duten sistema zertan datzan adieraziko die.

 

ADIBIDEZ: Baina jolasa ez da oraindik amaitu, ez ezazuela pentsa. Bizitza bera ere jolasa izaten da askotan eta ez da berehala amaitzen. Hemen ere, arropak jazteko, ez dizkizuet denak batera emango. Gainera, zoruan utzi beharko zenituzkete eta nork daki ez ote liratekeen zikinduko? Ez: banan-banan emango dizkizuet, zuek nere eskuetan jarri dituzuen bezala; baina, erne: bi baldintza bete behar dituzue arropak jaztean. Bi baldintza. Bat ez: bi. Aditzen didazue? Lehenengo baldintza: inork ezin du bere arroparik jantzi. Hau da, nik denon arropak emango dizkizuet, eta bakoitzak berea ez den beste bat jarri beharko du gorputz gainean. Ezin dezake beraz, inortxok ere, bere jazkirik bere gainean jar. Ulertu didazue? Bai? Orduan bigarren baldintza: inork ezin badu norberaren arroparik jantzi, orduan bereak besteri eman behar. Bueno ba, adi egon: inork ezin du bi aldiz segidan, bata bestearen atzetik, lagun berberaren bi jazki soin gainean jarri. Adibide bat: W-ren kulero beltz usaintsu hauek botatzen ditut: nola berak ezin dituen jantzi, Y-ri ematen dizkio, esate baterako. Orduan, horren atzetik sostenak emango dizkizuet. Eta W-ren sosten polit hauek, W-k ezin ditu jantzi bere arropa delako, eta Yri ere ezin dizkio eman bi aldiz segidan, behin bai eta hurrengoan ere bai, ezin delako pertsona beraren, hau da, W-ren, arroparik jantzi. Beraz sujetadorea X-k edo Z-k jantzi beharko luke. Konprenitu duzue? Inolako problemarik gabe? Guzti hau zuzen bete beharko duzue, hor goian nere kamara ezkutua baitago, ez ahaztu; eta gainera, bukatu ondoren konprobatu egingo dugu jolasaren arauak bete ote dituzuen.

            Arauak behar bezala ulertarazi arte arituko da. Ondoren arropa banaketan hasiko da JOKALARIA. Arropa mota bakoitzetik jasotako lau aleak batera emango dizkie kabina barrukoei gezurrezko sabaiaren gainetik, lehen bezala teatralki “bat, bi eta hiru” esan ondoren. Arropa mota batetik bestera denbora tarte egokia utziko du, jazteko asti lasaia, eta JOKALARIAk beti bezala gezurrezko suposaketaren jokoarekin segituko du. Ikusirik nork noren arropak jazten dituen, berariazko iritzi okerrak izango dira beti bereak. Hemen ere izango du, nola ez, bere gaxi apurra, nolako piura ote duen honek beste horren arropa harekin eta abar. Eranzketa prozesuaren kontrakoa gertatuko da hemen: lehen zenbat eta arropa gehiago kendu hainbat gaxiagoak, lizunagoak ziren bere txiste eta iruzkinak. Orain, aurrera egin ahala, zenbat eta arropa gehiago jantzi, hainbat eta serioagoak. Azkeneko arropak gainera, begien bistan geratuko dira barrukoek irteten dutenean. Arropa guztiak banatzen bukatzen duenean, JOKALARIAk jalgitzeko, kanpora ateratzeko agindua emango die kabina barrukoei, eta hauek atera baino lehen, noski, ispilu-kristal direlakoei lehen kendutako pareta jarri beharko die eta kanpo aldetik itxitako krisketak zabalik utzi, hurrenkera horretan.

 

ADIBIDEZ: Beno, jantzi zarete? Bukatu duzue jazten? Orduan atera egin beharko duzue, badakizue, ezta? Honezkero behin betirako hor barruan geratu beharko zenutela sinetsirik zeundeten; baina ez: nik hitza eman dizuet jantzita eta zuen gorputz zati ezkutu horiek hemen kanpoan agirian jarri gabe aterako zinetela eta halaxe egingo duzue. Prest zaudete? Jadanik ahaztu bide zaizue nolakoa den agertokia, antzokia eta dena. Baina lasai. Orain irten egingo duzue, eta guk guztiok, ikusleek eta nik, txalo zartada gogor, bero eta luzea joko dugu. Eztala? Merezia baituzue. Jolasteko prest egon zarete eta egin ere egin duzue, profesionalak bezala gainera. Bueno, profesionalak ere ez, jolasean ez baitago profesionaltasunik. Jolastu, zaletasun hutsez egin behar da, zuek bezala. Irten beraz, lehenbailehen, eta ikusle guztiok txalo egiteko pronto. Kabina barrukoak aterako dira, eta berehala JOKALARIA eta ikusleak txalo zartaka hasiko dira. JOKALARIAk kabinetakoak ilaran jarriko ditu, ikusleei begira, eta txaloei erreberentziez erantzunaraziko die, ikuskizun buruetan egin ohi den legez. Ondoren JOKALARIAk ikusleak ixilarazi eta jolasaren eranskin bat proposatuko die.

 

ADIBIDEZ: Eskerrik asko, jolaskide maiteok, horren ongi moldatu zaretelako; eskerrik asko ikusle bihotzekook, ezer ikusi gabe ere horren txintxo portatu zaretelako. Honenbestez bukatutzat eman beharko dugu jolasa; baina amaitu baino lehen beste jolas ttiki bat egingo dugu. Hobeki esanda, igarkizun bat izango da. Nik galdera bat egingo dizuet, eta zuek erantzuna igarri egin beharko duzue, asmatu. Hauxe da: ez dugu gure lagunok nola jazten ziren ikusterik izan; baina ezagutzen dugu ze arropa zituzten eta badakigu ze arau, ze baldintza errespetatu behar zituzten jazterakoan. Bai, ezta? Orduan, zuek zera asmatu behar duzue: gure lau lagunok nola dauden jantzita. Hau da: kanpoaldeko jazkiak begi bistan ikusten dizkiezue, ezta? Bai, baina barrukoak zein ote dituzten, nork zein, nork norena jantzi ote duen ez dakigu. Hala ere baliteke norbait oso azkarra izatea, beste batzuek loteria maitatzea, besteren batek begi telepatikoa izatea. Guztioi proposatzen dizuedan igarkizuna beraz, hauxe: nola daude une honetan jantzita goitik behera, edo hobeki esanda kanpoaldetik barreneraino gure lau lagunak? Erantzuna papertxo batean edo postal batean idatzi, eta helbide honetara bidali: (antzoki horren helbidea eman beza). Irabazleen artean sari eder bat zozketatuko dugu, eta irabazle bakarra balego harentzat izango litzateke sari polit hori. Zuek noski, lagunok, ezin dezakezue parte hartu, bai baitakizue, ondo asko jakin ere, nola zaudeten barne eta kanpo, jantzita. Zuek adieraziko didazue orain erantzuna, eta badakizue ikusle guztiok: idatzi, parte hartu eta sari eder bat irabazteko aukera izango duzue. Besterik ez. Agur!