Hiru jolas gaizto
Xabier Mendiguren
Hiru jolas gaizto
Xabier Mendiguren
Elkar, 1993

 

Jokalari bakarrarentzako
ikusleekiko jolasa I
(lehiaketa)

 

            Oihala altxatu eta JOKALARIA sartzen da, jauzika, esmokin dotorez jantzirik, txalo artean ahal bada: horretarako ikusle batzuekin hitz egin daiteke lehenik, txaloka has daitezen. JOKALARIAk besoak altxatzen ditu, pozarren, eta hizketan hasten zaie ikusleei, goi mailako showetako aurkezleen gisan. Mikro bat erabil dezake nahi izanez gero, baina txikia izan beharko luke eta paparrean utz daitekeenetakoa, ondoren batetik bestera ibili behar baitu eta mikro batek enbarazoa sortuko lioke. Sartzen denetik Broadwayko musika entzun daiteke. Ahal izanez gero, bakarrik lan egiten duelako sentsazioa eman behar zaie ikusleei, eta teknikarien laguntza badu ere, musika jarri eta kendu egiten den bakoitzean sartu deneko bazterrerantz joko du, han musikaren gorabehera gobernatuko balu bezala. Esan dugun legez, ikusleei zuzentzen zaie: agurra egiten die eta ikuskizunari ekiteko jolasean hasiko direla adierazi.

 

ADIBIDEZ: Kaixo, jaun-andreok. Arratsaldeon (edo Gabon) gizon eta ume, andre eta zaharrei. Ongi etorriak denok gure antzerki honetara. Arratsalde goxo eta atsegina pasatzen saiatuko gara hemendik aurrera. Eta horretarako denok batera jokatuko dugu, zuek eta nik. Baina hasteko, kolorez eta festaz emango diogu hasiera gure ikuskizun honi, antzerkia jaia baita azken batean. Eta zer jai hoberik, zer alai eta politagorik, globoak baino?

            Horrela jardun dezake, edo beharbada luzeago, eta ondoren bere atzean dagoen olana baterantz joan eta altxatu egingo du. Kolore guztietako globo multzo handi bat ageri da, dozena batzuk, antzokiaren eta ikusle kopuruaren arabera. Globoak aire hotzez daude puztuta, hots, ez dira sabaira igotzen. JOKALARIA globoak banatzen hasiko da, ez ordea lehen ilaretako ikusleei soilik: agertokitik jaitsi eta pasabidean zehar doa ikusleei globoak banatuz. Horretarako egoki izan daiteke, mordoxka bat batera eramateko alegia, sokatxo bat izatea muturrean, korapiloan. Bitartean hizketan arituko zaio jendeari, globoa eman ahala hitz bat edo beste esanez.

 

ADIBIDEZ: Tori globoa; zuk ere bai neskato. Hartu globo hau; gorria ez zaizu gustatzen? Tori bada urdina. Eta zuk ere bai potola. Hartu; zer? ez duzula nahi? Hartu beharko duzu zuk ere. Horko bibotedun horri ere bai, eta amonatxo honi, denok jolasteko globoak! Tori eta eutsi eskuan galdu gabe, holaxe, holaxe. Tori, tori zuk ere...

            Zenbait bidaiatan globo guztiak banatu eta gero, aurrena agertokira igota, ondoren jaitsita, pasabidean gora eta behera dabilela hizketan arituko zaie ikusleei, egin behar dutena azalduz.

 

ADIBIDEZ: Bueno: entzun ondo egin behar duzuena. Nik esandakoan globoak apurtu behar dituzue, denok batera. Zulatu egin behar duzue; ulertzen duzue? Atzamarrez, edo koska eginda, edo jostorratz batez... baina kontuz! oraindik ez duzue globoa puskatu behar; nik esandakoan. Konforme? Eta denok batera gainera. Denak prest zaudete? Heldu globoei indarrez esaten dizuedanean zulatzeko. Bai? Orduan bat, bi eta hiru esaten dudanean apurtuko duzue. Ea ba. Bat... kontuz, kontuz, oraindik ez. Bi... denok prest, denok prest, oraintxe dator momentua eta. Eta... hiru! Zulatu!

            Jendeak globoak puskatu, eta globoen barruan hautsa zegoenez, irin tankerako hauts hori globoak zulatu dituzten ikusleen gainera erortzen da. Hautsa kolore askotakoa izan daiteke: batzuei gorria eroriko zaie, besteei urdina, beste batzuei berdea, honako hauei horia, horko horiei laranja, harunzko haiei arrosa, esate baterako, guk erabiliko dugun kolore banaketan. Hautsaren kolorea globoarena bera da; beraz, JOKALARIAk globoak banatzerakoan apropos kolore batekoa edo bestekoa emango dio pertsona bakoitzari, geroxeago ikusiko baita kolore bakoitzaz zikindutakoek zer egin behar duten. Hautsik gabeko globoak ere izan daitezke, noski, beste kolore batzuetakoak eta ugari nahi izanez gero. Globo hausketa gertatu eta berehalaxe hitz egiten segituko du JOKALARIAk, zikindutakoen artean sor daitezkeen haserreak baztertu asmoz, hasiera batean.

 

ADIBIDEZ: Ez larritu, ez larritu. Zikin horiek ez dira ezer.

            Hautsa besterik ez da. Oso erraz garbitzen da, lasai. Etxean zepiloa pasatu eta garbi-garbi geratuko zaizue, seguru. Ez zaitezte kezka. Hori gainera gure jolasaren parte bat da, jolasaren hasiera. Edo jolasean hasi aurretik egin beharreko zera da, hobeto esanda.

            Hemendik aurrera datorrena jolasa antolatzeko modu bat besterik ez da. Beste modu asko ere izan daitezke, ariketak eta zereginak aldatuz, baina funtsean gorde behar dena zera da: jolasaren tankera barregarria, eta koloreen araberako zereginen banaketa. Ikusleak mugiarazten hasiko da lehenik JOKALARIA.

 

ADIBIDEZ: Bai, bueno, begira: gorrizkoek, hauts gorria daukazuenek, jokalekura igo behar duzue. Bai, bai, bai, horra, gora. Altxa, benga, zatozte nerekin. Aupa, andrea; jaiki mutiko. Agertokira igo behar duzuela, ez geratu hor geldirik; goazen ba, goazen.

            Horrelatsu arituko da gorrizkoak oholtzara igoarazi arte. Gorria zen talderik jendetsuena globodunen artean. Ez dugu kopurua zehaztuko, hori bi datuen baitan baitago: ikuslego osoaren kopurua eta agertokiaren neurria. Zenbat eta jende gehiago eta toki zabalagoa izan, hainbat ikusle gehiago jarriko ditu parte hartzen. Hitz egiteari utzi gabe, bazter batean pilatuta dauden aulki tolesgarrien bila bidaltzen ditu batzuk; ekartzen dituztenean beste batzuei aginduko die aulkiak zabaltzeko, esertzeko moduan uzteko alegia, eta beste zenbaiti berriz aulkiak jokalekuan zehar jartzeko: ikusleak dauden aldea ez beste guztiak aulkiz betetzeko. JOKALARIAk ez die une batez ere geldirik egoten utziko: batetik bestera dabil, “zuk hau egin, hik hori eraman ezak, hik hura ekar ezan, zuek horko horiek kendu”, eta abar. Izan ere, agertokia tramankuluz eta paketez beterik dago; tramankulu horietako batzuek ez digute momentuz ezertarako balio baina ondoren aipatuko ditugun zereginetan erabiltzekoak dira, bere garaian ikusiko denez. Azkenik aulkiak jarrita daudenean gorrizko ikusleei esertzeko aginduko die; denak esertzeko adina leku ez badago, zenbait zutik gera daitezke, erreserban, geroko eginkizunean norbait oso nekatzen denean haren ordez aritzeko. Zutik dauden hauek edo beste batzuk bidaltzen ditu JOKALARIAk pakete bat hartzera. Paketea eramaten diote, zabaldu, eta puztu gabeko globoak ateratzen ditu barrendik, beti bezala hizketan ari delarik.

 

ADIBIDEZ: Hara, hauxe da paketea. Zer uste duzue dagoela barruan? Ez dakizue? Ea bada: ikus dezagun. Soka askatu, goiko estalkia kendu, eskua sartu eta zer aterako? Globoak, kolore guztietako globoak! Ez zaizkizue gustatzen? Lasai, hauek ez zaituztete zikinduko. Baina, zein tristeak diren globoak horrela, ezta?, puztu gabe, ximurtuta, udazkenak ihartutako lore maxkalak bezala. Horrek badu ordea, bere konponbidea, konponbide erraza horratik: puztu egingo dituzu, puztu egingo dituzue eta globo polit, potolo eta koloretsuak izango ditugu. Bale?

            Globoak atera ondoren banatu egiten dizkie eta puzten hasteko esan, puztu eta korapilo bat egin ondoren bertan uzteko. Gorrizkoak globoak puzten hasten dira, eta bitartean JOKALARIA berriro jaisten da pasabidera, oraingoan berdezkoak ateratzeko eta oholtzara eramateko. Lehen bezalaxe jardungo du, jendea erakarriz, bultzatuz, guztiak gora igo arte. Han daudela, gorrizkoei puztuketan segitzeko esaten die, eta ondoren berdezkoei mintzo zaie.

 

ADIBIDEZ: Bueno. Ikusten duzue nola ari diren zuen lagun hauek globoak puztutzen, ezta? Bada, zuek egin behar duzuena zera da: horiek puztutako globoak zulatu. Erraxa, ezta? Erraxegia, egia esan. Globo bat puztutzea lan neketsua da, eta zulatzea berriz momentu batean egiten den gauza. Orduan, zera egingo dugu. Ikusten dituzue horko triziklo horiek? Bai? Bueno ba; zu, bai zu, eta ondokoa, bai, zoazte horra eta ekar itzazue trizikloak. Bizkor. Horko hori ere bai. Holaxe. Eta zuek ez geratu begira: segi globoak puztutzen. Ea ba, hona hemen trizikloak.

            Trizikloak ekartzen dizkiote: bost bat. Berdezkoak gehiago dira. Orduan bost aukeratzen ditu triziklozale aritzeko, besteak erreserban utziz, geroago azalduko dielarik noiz sartu beharko duten erreserbek. Triziklo gainean daudenei hitz egiten die, besteak izkina batean daudelarik.

 

ADIBIDEZ: Bueno, eseri trizikloetan, eseri. Esertzeko.

            Bueno. Lehen ere esan dizuet globoak zulatu behar dituzuela, ezta? Eta eskuz egitea erraxegia litzatekeela ere bai. Orduan, orain zuek egin behar duzuena zera da: triziklo gainean ibili, batetik bestera, globoak zapalduz. Ulertzen duzue? Trizikloarekin egin behar duzue, ez eskuz. Hala, lehiaketatxo bat daukagu: zuek globo guztiak lehertzen saiatu behar duzue, eta beste hauek berriz globoak puztu eta globoak puztu. Bueno, hasi lehenbailehen; hasi jada!

            Triziklodunak globoak lehertzen hasten dira, eta bitartean JOKALARIA berriro ere pasabidera jaisten da, oraingo honetan laranjazkoen bila. Lehengoetan bezala arituko da denak agertokira igo arte. Hara bildutakoan hizketan hasiko zaie, gorrizko eta berdezkoei berean segi dezaten animoak ematen dizkien bitartean. Halaxe esango die laranjazkoei, beren zeregina azalduz.

 

ADIBIDEZ: Bueno: ikusten duzue nola ari diren gorrizkoak globo puzten eta berdezkoak globo puskatzen, ezta? Segi zuek puztutzen, ez etsi! Eta zuek ere adi, jarraitu zuen lanari. Gatozen gurera: zuek ere izan behar duzue zeregina. Aber hi, eta hi, zuek biok joan hor eskubitara eta ekar itzazue horko makila luzeak, bai, paretaren kontra daudenak. Eta zuek ekar ezazue horko pakete hori, gorrixka. Arin.

            Makila luze horiek ekartzen dizkiote: zankoak direla esaten die JOKALARIAk eta bera igo egiten da batzuen gainean, hortik hizketan segituz, gorrizkoak eta berdezkoak animatu ondoren.

 

ADIBIDEZ: Ikusten duzue zein erraxa den? Zuek ere igo egin behar duzue ba. Ez, ez, ez, ez kejatu. Oso erraxa da, ikusiko duzue. Benga, egin proba zuetako batzuk: bai, zuk, eta zuek ere bai...

            Guztira bost zanko-pare direnez lau lagun igotzen dira azkenik, eta —ohi denez— balantzaka hasiko dira, eta laster erori edo bere borondatez jaitsi. Dena dela zanko laburrak izan behar dute, jende aritugabea aise ibiltzeko modukoak. Goian dagoela beste laranjazko bati ekarri duten kaxa zabaltzeko eskatzen dio: bertan plastikozko aro mordo bat dago, handiak, koloretakoak. Bat edo beste emateko esaten die, eta hitz egiten segitzen du, zanko gainean eta aro parea buru bueltan.

 

ADIBIDEZ: Entzun ondo egin behar duzuena, oso garrantzitsua da eta. Batzuek zanko gainera igo behar duzue, eta hemendik egin behar duzuena zera da: hartu aroa, hor behetik lagunen batek emango dizuena, eta triziklodun hauetakoren bati aroa burutik behera sartzen saiatu. Holaxe.

            Zanko gainean dabilela, globoak lehertzen saiatzen den triziklodun baten atzetik abiatu eta aroa botatzen dio, burutik behera sartzeko asmotan. Ondoren jaitsi egiten da zankoetatik eta bost lagun igoarazten ditu, denei egin behar dutenaren azalpena egin ondoren.

 

ADIBIDEZ: Gainean zaudetenok aroa sartu behar diezue berdezkoei, triziklodunei, eta behekoek goikoei aroa pasatu. Aroa sartzen dieten berdezkoa eliminatuta geratzen da. Konprenitu duzue? Entzun duzue berdezkoek? Norbaiti aroa sartzen badiote behin-betiko eliminatuta, eta bere ordez beste batek igo beharko du trizikloan. Zankoetan dagoena eroriz gero ez da eliminatuta geratzen, baina beheko batek igo beharko du gora haren lekuan, eta eroritakoak aroak pasatzen lagundu. Ondo ulertu duzue?

            Ondo konprenitu arte xehe-xehe adierazi beharko die berriro jolasaren prozedura. Ondoren, jokoa edo jolasa martxan utzita beste behin jaisten da pasabidera, eta oraingoan falta diren hiru koloreetako multzoak bilduko ditu: urdinezkoak, horizkoak eta arrosazkoak. Denak batera aterako ditu baina kolore bakoitzekoak elkarrekin gelditzeko esango die. Hiru taldeak batera igoaraziko ditu agertokira, zeina bete-bete eginda dagoen honezkero, eta hiru multzo horiek bi bazterretan eta erdi erdian jarriko ditu. Ondoren talde batetik bestera ibiliko da etengabe, kolore horretakoei zer egin behar duten adieraziz. Jendez arrosazkoena da askozez osatuena. Urdinezkoak gutxi batzuk dira (4), baina propio aukeratutakoak: gizonezko indartsuak denak. Horizkoak ere gutxi dira (4) eta hauek ere aukerakoak: neska betaurrekodunak. JOKALARIA, esan dugun bezala, txoro moduan ibiliko da batetik bestera zatikako azalpenak ematen, eta bien bitartean gorrizko, berdezko eta laranjazkoei ere mintzatuko zaie, globo gehiago puztutzeko esanez, eta norbaiti tranpa egiten ari dela, eta kontuz ibiltzeko zankoetatik erori gabe, horrelaxe segitzeko, eta abar luzea.

 

ADIBIDEZ: Aber, zuek, urdinezkoak, zatozte hona; joan hadi horra eta ekar ezak hortxe dagoen xorro hori, bai: horixe! Zuek, horiak, ikusten dituzue hor atzeko eskailerak? Bai? Joan bada eta zabal itzazue, zabaldu eskailerak. Eta zuek segi puztutzen, badirudi indarra ahitu zaizuela eta! Ea bada, arrosa guztiak hemen, nere inguruan: zuek hartu kantoi horretako kutxa arrosa handi hori, zuentzat da eta. Urdinak! Ekarri duzue xorroa? Zer dago barruan? Horixe: txapel gorriak eta porra zuriak. Zuek izango zarete ordena-zerbitzua: jantzi txapelak eta porrak berriz gerrikoari lotu. Zuek zabaldu dituzue eskailerak? Aizu, kontuz triziklo horrekin, zapaldu egingo nauzu eta! Eskailera zabaldu baduzue orain hartu xorro horretako lapitzak, paperak eta kalkulagailuak, eta kontuak atera behar dituzue. Oraintxe nator. Aizu, kontuz zankoetan erori gabe. Ekarri duzue kutxa? Astuna, ezta? Bueno ba hau musika kutxa bat da, eta honako zera honi eraginez gero, maratila moduko eragingailu honi emanez gero musika sortuko da; gainera hemen paperak eta guraizeak dituzue. Inork badaki kadenetak eta antzeko laboreak egiten? Zuk? Zuk ere bai? Bueno: besteei hasi erakusten nola egiten diren. Bai, bai, bai: oraintxe bertan, ez da txorakeria bat. Aber zuek, urdinok: orain bai zaudetela beldurgarri! Esan dizuet lehentxeago ere: zuek ordena-zerbitzua osatzen duzue: orduan, bikote bat: hi eta hi, hemen jar zaitezte, eta beste biak beste izkinara joango zarete. Norbait eliminatuta geratzen denean zuek hartu eta behera eraman beharko duzue, errukirik gabe. Konforme? Nik esaten dizuedanean eramango duzue eliminatutakoa. Zuek ez al zarete oraindik eskaileretara igo? Igo bada. Ez dagoela kalkulagailurik? Orduan lapitzez eta paperez egingo dituzue kontuak. Aber, denok dauzkazue eskuan papera eta lapitza? Bai? Zuek idazkariak izango zarete, kontularitza eramango dutenak. Zuk gorriek zenbat globo puztu askatzen duten kontatu beharko duzu, eta apuntatu. Eta globo bat askatzen den bakoitzean ozenki esan behar duzu: “globo txuri bat askatu!” edo “globo gorri bat askatu!”. Ulertzen? Ea bada: egin proba; esan lotsarik gabe ba! Holaxe; zuk berriz triziklodunek zulatzen dituzten globoak kontatu eta apuntatu behar dituzu; eta bakoitzean ozenki esan: “globo berde bat lehertu!”. Bai? Esan ba. Esan zure lagunak bezala! Hori dun eta! Aber: zuk kontatu behar duzu zankodunek triziklodunei zenbat aro sartzen dizkieten, eta baten bat sartzen duten bakoitzean holaxe esan behar duzu: “triziklodunari aro bat sartu!”. Eta urdinak, ordena zerbitzukoak etorri eta eliminatuta eramango dute. Konforme? Zuk berriz zankoetatik erortzen direnak kontatu behar dituzu; bai? Apuntatu eta esango duzu: “zankodun bat lehenbizikoz erori!”. Bat erortzean beste batek igo beharko du, eta horrelaxe. Baina baten bat hiru aldiz erortzen denean eliminatuta geratuko da. Orduan zuk esan beharko duzu: “zankodun bat hirugarrenez erori!”. Egin proba zuk ere, ea nolako ahotsa duzun! Altuago. Horixe! Zuek, urdinok, aditu duzue? Zankoduna hirugarrengoz erortzean, kalera! Aber arroxak, oraindik ez al zarete musika jotzen hasi? Hasi ba zu! Maratilari eraginez. Eta zuek zer moduz kadenetarekin? Polit-politak egin, irabazleei emateko dira eta; beraz, luzeegiak ere ez.

            Era horretan segituko du JOKALARIAk, etengabeko harat-honat estresgarrian, guztiei egin behar dutena azalduz. Laburbilduz adieraz dezagun hemen kolore bakoitzekoen zeregina: gorrizkoek beren aulkietan jarrita globoak puztu behar dituzte etengabe: puztu, korapiloa egin eta agertoki gainean askatu; baten bat oso nekatu denean zutik daudenetakoren batek ordezka dezake, eta horrela ari daitezke txandaka, baina beti ere aulkietan daudenek baino ezin dezakete globorik puztu. Berdezkoek trizikloetan ibili behar dute, eta trizikloetan dabiltzala gorrizkoek botatako globoak zulatu, lehertu, eskurik erabili gabe; bide batez kontuz ibili behar dute, laranjazkoek, zankodunek, arorik sar ez diezaieten; baten bati sartuz gero hori eliminaturik geratzen da berehalaxe, eta bere ordez zutik geratutako beste berdezko batek har dezake eta hartu behar du trizikloa beren ekinean jarraitzeko; zutik dauden berdezkoek bestela ezin dezakete globorik uki. Laranjazkoek zankoetan igo behar dute, eta bertatik triziklodunei burutik behera aroren bat sartzen saiatu; nahi adina aro erabil dezakete, eta zutik geratzen diren laranjazkoek emango dizkiete zankodunei eskura, bota ditzaten; triziklodunek ezin dezakete zankorik ez zankodunik uki, baina hauetakoren bat berez eta inork bultzatu gabe erortzen bada, zutik geratu beharko du, laguntzaile gisa, eta bere ordez beste laranjazko bat igo bere zereginean segitzeko; alabaina, laranjazko bat behin eta berriro, hiru aldiz, erortzen bada, behin-betiko geratzen da eliminaturik. Horizkoek kontularitza daramate, eta aldi berean gertakarien aldarrikapen ozena egin behar dute; batak zenbat globo puztu askatzen den zenbatu eta esango du; bigarrenak triziklodunek zenbat globo lehertzen duten; hirugarrenak zankodunek zein trizikloduni sartzen dieten aroa; laugarrenak azkenik, zein zankodun erortzen den eta zenbat aldiz. Urdinezkoek ordena-zerbitzua osatzen dute, bi bikoteek izkina banatan hankak zabalik eta besoak gurutzatuta egon beharko dute serio begira, eta horizkoek norbait eliminatuta dagoela esaten dutenean —triziklodun bati aroa sartu diotelako edo zankodun bat hiru aldiz erori delako—, bikote hurbilena harengana joan eta airean aterako dute bi indartsuek jokalekutik eta eserlekuetan utzi, berriro ere beren lekura itzuliz. Azkenik, arrosazkoek bi zeregin dituzte: batetik baten batek organilo moduko zera hori jo behar du, eragingailua jira-biraka erabiliz ferietako musika sortuz, eta beste guztiek koloretako kadeneta apaingarriak egiten dihardute. Zutik daudenek bere kolorekoak animatu eta txalotu egin behar dituzte. Azalpen eta argibide guztiak eman ondoren, nolabaiteko hasiera ofiziala egin behar dutela esaten du JOKALARIAk, ordura artekoa entrenamendu tankerakoa izan dela, eta orduantxe hasi behar dutela benetako lehian, jolasari serio ekinez. Txilibitu bat atera eta hura joz ixilarazten eta geldiarazten ditu denak nola edo hala, eta hitz labur batzuk esango dizkie.

 

ADIBIDEZ: Ixo, ixo denak momentu batez, mesedez, geldirik! Ez zulatu globorik, faborez, ez puztu. Bueno: orain artekoa proba gisa egin dugu; entrenamendu bat izan da, nolabait esatearren. Orain hasiko dugu benetako jolasa; hemendik aurrera hasiko dira kontatzen idazkariak; eta hau benetako lehia izango da; berde, gorri eta laranjazkoen artekoak borroka bizia izan behar du. Eta beste guztiek ere badakizue zer egin behar duzuen. Beraz, nik txilibitua jotakoan hasiko zarete denok martxan; konforme? Bueno ba: bat, bi, eta hiru: Piiiii! Hasi!

            Denak hasiko dira bapatean beren jardunean. JOKALARIA orain ere batetik bestera ibiliko da, berritsu eta jostalari, partehartzaileak zirikatuz, hau bultzatuz, bestea baztertuz, bati kolpetxoa emanez, besteari laguntzatxoa eskainiz, behin tranpa bat galeraziz eta hurrengoan berak eginez eta abar, beti ere hizketan gelditu ere egin gabe. Bertan gertatuak komentatzen ditu, ahal duela barre eraginez. Ez dugu adibiderik ipiniko, partehartzaileek egingo dutena ezin baita aurrikusi. Bi unetan edo bi eratara buka daiteke jolas honetako lehiatze aldia. Bata, talderen bat osoki eliminatuko balitz: hau da, berdezkoak oro edo laranjazkoak oro eliminaturik suertatuko balira, edo bestela triziklodunek agertoki gaineko globo puztu guztiak lehertzea lortuko balute, une horretan gorrizkoak, nahiz eta patrikan puztugabeko globo gehiago eduki, deskalifikatuta geratuko bailirateke. Egoera horietakoren bat gertatuko balitz JOKALARIAk bukatutzat emango luke lehia, ixilarazi egingo lituzke organilokoak eta horizkoak, eta denak geldiarazi, esku artekoa bertan behera utziz. Hitz egingo luke ondoren, jolasaren amaiera iragarriz eta sari banaketa antolatuz.

 

ADIBIDEZ: Geldirik, geldirik denak, X-zkoek (kolore bat esanez) galdu egin dute eta; ixildu denak eta gelditu; geldirik! Bueno, bukatu da jada jolas hau, X-zkoek galdu egin baitute, denak gelditu dira eliminaturik. Oso ondo pasatu dugu denok baina bukatu da, jolas guztiak bukatzen baitira; eta amaiera emateko, amaierarako, sari banaketa. Hementxe dauzkagu gure lagun arrosazkoak, irabazleentzako kadeneta polit-politak egin dituztenak. Ekar itzazue, mesedez, zuen kadeneta horiek, eta irabazi duzuen bi taldeetakook jar zaitezte denok hemen, ilaran, saria jasotzeko.

            Hala arituko da. Musika kutxara joan eta zerbaiti eraginez edo, musika mota aldatzen du: lehen feriakoa baldin bazen, barraketakoa, orain aldiz himno solemnetsu bat entzungo da eragingailua astindutakoan, Britainia Handikoa kasu. Lehen esan dugu lehia amaitzeko modu bat berezkoa zela, talderen bat eliminatua suertatzen bazen. Bestela, nahiz eta talderik eliminatu ez, JOKALARIAk ikusten badu jolasa gehiegi luzatu dela, amaitzeko itxurarik ez duela eta partehartzaileak eta batipat ikusleak aspertu egingo direla laster batean, aspertze hori gertatu baino lehen hobe du berak eragitea bukaera. JOKALARIAk egin dezakeena hauxe izan daiteke: taldeetako bati lagundu inolako lotsarik gabe, garai dezan, beste batek gal dezan eta lehia buka dadin. Edo bestela, batzuk eta besteak nahastu, kaosa sortaraziz. Batera zein bestera, jolasa amaitutzat jo beharko du, eta sari banaketaren aurretik lehen jarri ditugun hitzak esan ditzake, gutxi gorabehera. Adierazi bezala, himno musika ipini eta irabazle suertatutako taldeetakoak ilaran jarrita, arrosazkoak joango zaizkie kadenetetako idunekoekin, lepotik zintzilik jartzeko asmotan. Bien bitartean iruzkinetan jarraituko du JOKALARIAk, ganorabako txotxolokeriak esanez. Sari banaketa amaitzean ikusle eta partehartzaile guztiei txalo joaraziko die JOKALARIAk, eta horrenbestez jolasa zeharo amaitu dela adieraziko die.

 

ADIBIDEZ: Hori da eta! Hau bukaera polita, hau sari banatze bikaina! Jo txalo denek nerekin batera! Holaxe, holaxe, segi txalo jotzen. Bai ederra! Bueno, eta txalo hauekin, nik uste dut gure jolas hau amaitutzat eman beharko dugula. Oso ondo pasatu dugu denok —nik bai behintzat— baina bukatu beharra dago. Izango dugu berriz ere jolasteko aukerarik. Txalo hauekin beraz, bukatua dugu. Eskerrik asko. Agur.