Hiru jolas gaizto
Xabier Mendiguren
Hiru jolas gaizto
Xabier Mendiguren
Elkar, 1993

 

Jokalari bakarrarentzako ikusleekiko jolasa I
(lehiaketa)

 

Jokalari bakarrarentzako ikusleekiko jolasa II
(erakusketa)

 

Jokalari bakarrarentzako ikusieekiko jolasa III
(txapelketa)

 

            Honako antzerki hau osatzen duten hiru jolasak dauden daudenean emateko pentsatuak izan dira: hirurak eta bata bestearen atzetik. Alabaina, beharrezko aldaketak eginez gero posible litzateke jolasen ordena aldatzea, bai eta jolas bat edo beste kentzea ere. Denboraz nahi bezain luze gera dadin egin beharreko aldaketa eta moldaketetarako ez du arazo handirik aurkezten antzerki honek, hiru jolasak arras malguak baitira, esan nahi baita luzatzeko, murrizteko, gauzak kendu eta eransteko parada ezin hobea eskaintzen dutela.

            Jokalari bakarrarentzako ikusleekiko jolasok, izenak berak adierazten duen bezala, jokalari bakar batentzat dira eginak. Hiru jolasetan jokalari bakar bat arituko da beti agertokian, baina ez halabeharrez jokalari bera: hau da, jolas batetik bestera aldatu egin daiteke jokalari bakar hori. Honez gainera, interesgarri litzateke jokalari horri buruzko zertzelada batzuk eskaintzea: inprobisaziorako ahalmen bereziaren jabe izan behar du batetik, eta jendea erakartzeko, jendea erabiltzeko lider gaitasuna eduki behar bestetik.

            Berehalaxe konturatuko zaretenez, antzerki honek ez du testu finkorik. Eta hori halabeharrez egin dugu: ezin lezake inondik ere hitz egiteko testu behin-betikorik izan. Jolas hauetan jokalariak ikusleei hitz egin behar die, etengabe, eta ikusleak jarri behar ditu dantzan, mugitzen, jokatzen; beraz, ikusle-jokalari horien jarrera eta jokaeraren araberakoa izango da jokalariaren jarduna, unez unekoa alegia. Adibide gisako esaldi eta pasarte osoak eskaintzen ditugu, baina horiek ez dira adibide soil baino, aprobetxa daitezkeenak baina beti ere osatu beharrekoak.

            Azkenik, adierazi behar dugu antzerki hau proposamen irekia dela, hau da, burura eramaten duenari sortzelana eskaintzen eta eskatzen diona. Ez halere, gure zabarkeriaz eta alferkeriaz, ikuskizunaren tankerak berak hori eskatzen duelako baizik: zabalik dagoen kutxa bat da jolas bakoitza eta jokalariak bete beharko du bere lanaz. Zenbaitetan azalduko dugu dagokion lekuan antzezteko dauden aukera desberdinak.