Garai(a) da Euskadi
Xabier Mendiguren
Garai(a) da Euskadi
Xabier Mendiguren
Kutxa Fundazioa, 1993
Garai(a) da Euskadi
Xabier Mendiguren
Kutxa Fundazioa, 1993
[aurkibidea]

 

2. ekitaldia

 

IDA: (bere txokoan, gainerakoa ilun; historia liburu batetik irakurtzen bezala; gero altxatu eta ohi bezala ibil daiteke) Mila bederatziehun eta hirurogeita seiko maiatzaren batean etako zuzendaritzak Jabier Zumalde “El Cabra” eta bere taldekoei Erandiora joateko agindua eman zien, bertan panfletoak eta bestelako propaganda botatzeko. Cabrari gustatu ez, nonbait, eginkizun hori eta beste ekintza mota bat burutzea pentsatu zuen. Zumalakarregik bezala, Santa Kruz apaizak bezala, gerrilaren sistemaz menditik jaitsi eta herri bat hartzea, askatzea izan zen bere ideia. Horrek beste neurri bat emango baitzion euskaldunen borrokari, eragin sinboliko nabarmena izango zuen eta... Bueno, gehiegi aurreratzen ari naiz akaso, eta kontatzea baino hobe izango da ikustea...

 

(Txokoa ilundu, ezkerraldea argitu eta MUTILAK ikusiko ditugu: 1 buruzagia, 2 militarista baldar samarra, 3 intelektual betaurrekodun despistatua, 4 axolagabe jostatzailea. Mendian dabiltza, metrailetak eskutan, militar antzeko jantziz, erdi makurturik, sasi artean iduri)

 

MU 1: Kontuz! Hor eskuman amildegia dago eta.

 

(Geroxeago MU 3 erori egiten da muturrez aurrera, betaurrekoak ere jausten zaizkiola; itsumustuan eta behaztopaka aurkitu beharko ditu berriro)

 

MU 2: Zertan habil?

MU 3: E... Zera, erori egin naiz eta... Horko abar hori bidean... Eta nire betaurrekoak...? A, hemen, hemen daude.

MU 1: Txorakeria gutxiago, garaiz iritsi behar dugu eta.

IDA: (Off) Mendirik mendi dabiltza gure mutilak, argia urratu orduko euren helburua iritsi asmoz. Igo hemendik, jaitsi hortik, baserri eta herrixkak saihestuz inork ez ikusteko, hotzari eta goseari aurre eginez askatasun egarriz diren gudari ausartak...

MU 1: Hara hor, ezkerretara, han behean... Ikusten duzue?

MU 2-3-4: Bai, bai, bai.

MU 1: Hura da Garai: gure helburua. Goazen!

MU 4: Yujuu! (jauzika)

MU 1: (zorrotz) Ixo, hau ez da jolasa eta.

 

(Tropelean korrika abiatzen dira LAURAK, desagertu, argia itzali, eta IDAZLEA agertzen da berriz ere bere txokoan)

 

IDA: Garai: hori da euren helburua. Baina zer da Garai? Non dago? Nolakoa da?, galdetuko duzue zuetako askok. (Berriz ere liburukoteren bati begiratzekoak eginez) Garai Durangaldeko herri txiki bat da, gain batean dagoena. Oitz mendiaren magaletan ia. Errepide bakarra dago hara iristeko —gaur egun bada besteren bat ere (publikoari begira dio)—, eta honek, eta bazter samarrean egoteak ekarri dute garaitarren izaera berezia, bertakoek eta bailarako beste herrietakoek aipatzen eta azpimarratzen dutena. Hirurehun biztanle izango zituen guri dagokigun garaian, bi eliza eta...

 

(Kanpai-hotsa aditzen da, din-dan; IDAZLEA gelditu, zutitu eta berriro hasten da hizketan)

 

IDA: Egun horretan, jaia zen eta, goizean goiz lehen mezatik irteten ari ziren hara joandako baserritarrak; tabernan salda eta haragi egosiz hamaiketakoa egitera abiatuko dira orain, lagunekin berriketan jardutera pixka batean, berriz ere etxera itzuli aurretik...

 

(Guzti hauek esaten dituen bitartean, ezkerraldea argitu eta HERRITARRAK hasi dira agertzen, gizon-emakumeak, baserritar itxurakoak gehienak. Mezatatik irten berriak, patxadan somatzen ditugu, lasai, elkarrekin berriketan. Hemen ipiniko ditugun solasak adibide huts dira, batzuk eta besteak batera ariko baitira berbetan, edozeren gainean. Lan hau Bizkaian antzezten denetan HERRITARREN solasok behintzat bizkaieraz ematea komeni da, baina osterantzean euskalkien gaineko broma txiki honekin hasiko da)

 

HE 1: (oso arin) Esan neutson emongo neutsola eta hak esan eustan ez ebala gura eta.

IDA: (txokotik atera eta HERRITARRENGANA doala) Barkatu, barkatu, ez dizuet trabarik egin nahi baina...

HE 1: Zer gura dozu? (ahoskatzean noski, “ser gurosu”)

IDA: Zera, ni obra honen egilea naiz eta, bueno, axola ez bazaizue, idazlana Euskal Herri osorakoa denez, ba nahiago nuke pertsonaia guztiek batuaz hitz egingo balute.

HE 2: Guk geure berbekerea egiten dogu ta.

HE 1: Euskera garbia ganera.

IDA: Bai, bai, ulertzen dut, baina nik esan bezala egin beharko duzue, agur (badoa txokorantz)

HE 1: Zelan...?

HE 3: Zer diņo horrek gixonorrek?

IDA: (Off, txalo bat jo ondoren) Ea, hasi denak berriro.

 

(HERRITARREK atzera egiten dute moviolak gidaturik bezala, eta berriz ekingo diete lehengo mugimendu, keinu eta berriketei, holakook, esan bezala, adibide huts baino ez direla)

 

HE 1: Bai ba. Nik esan nion, mila hogerlekotan salduko niola, eta berak ezetz, gehiegi zela eta.

HE 2: Argi ibili horrekin, ziria edonori sartzen dio eta.

HE 1: Neri ez dit sartuko ba. Mila hogerleko balio ditu eta mila eman beharko dit. Errealik ere ez diot jaitsiko.

HE 2: Hori ere...

HE 1: Ez, ez. Errealik ere ez!

 

(BI EMAKUME, aldi berean, edo, argiarekin jokatuz, geroxeago)

 

HE 3: Pentsa, amama gaixotu zaigu!

HE 4: Berriz? Ene! Zer du ba?

HE 3: Ez dakit ba. Urdaileko mina omen du baina...

HE 4: Onena, berbena belarrak ematea.

IDA: (Off) Eta bapatean...

 

(MUTILAK agertzen dira eta agertokian zehar hedatu, izkina guztietan estrategikoki kokatu arte, noranahi begira eta metrailetak beti prest)

 

MU 1: (bitarte horretan) Zu hona, hi horra, hi hara, zabaldu, kontuz etsairik ba ote den, adi!

 

(HERRITARRAK aldi berean izututa, babes bila, erdi korrika, elkarren ondora, noraezean eta oihuka: “Zer da hau? Nor dira? Poliziak? Zer nahi dute? Militarrak? Guardia Zibilak”)

 

MU 2: Ez. Gudariak gara.

MU 1: Eusko Gudariak, eta Garai libratzera gatoz.

MU 3: Askatzera.

MU 1: Espainiarren atzaparretatik askatzera.

MU 2: Garai ez da Espainia, Euskadi da.

MU 1: Momentu honetatik, Garain kokatzen da Euskadi independentearen Gobernua.

MU 3: (herabe) Jaurlaritza.

MU 1: Gobernua esan dut, redios! Altxa ikurrina!

MU 3: Eta propaganda?

MU 1: Hori gerorako utziko dugu.

 

(MUTILEK motxilaren batetik edo ikurrin handi bat atera eta leku nabarmenean ipintzen dute, obra osoan zehar egongo den tokian. MU 1 bitartean, martzialki zutik)

 

MU 1: (jendeari) Zer egiten duzue denok hor geldirik? Ez al diozue ohore egin behar ikurrinari, gure ikurrin maiteari?

MU 2: Gatzatuta edo urtuta daukazue odola? Zutik denok, tente ikurrinaren aurrean.

HE 3: Gure etxean ere bagenuen bat baina...

HE 2: Guk ere bai.

HE 3: Txikitan.

HE 4: Baina gero gerra etorri zen eta...

HE 2: Galdu egin zen eta...

MU 1: Gu gatoz orain gerra irabaztera!

MU 3: Gudua.

MU 1: Gudua irabaztera gatoz, herri osoa askatzera. Baina non da hemen herria? Etor dadila herri osoa, askapena zelebratu egin behar dugu eta.

MU 3: Ospatu.

MU 1: Ostiatu egingo haut hi isiltzen ez bahaiz... Esan jendeari etortzeko, eta azkar...

 

(HERRITARRAK sakabanatu egitera dira. Ezkerraldea ilundu eta IDAZLEA ageri da bere txokoan)

 

IDA: (pozik) Ikusten duzuenez, herria pozez beterik, bere askapena ospatzeko prestaketetan ari da. Diktadura ilunpean hainbeste urte igaro ondoren, azkenik Euskadi bere buruaren jabe izango da berriz ere, Garain besterik ez bada ere, eta Agirre lehendakariaren garaietan bezala denek bat egingo dute ikurrinaren ondoan. Honezkero jende guztia saltoka, kantari eta dantzari ibiliko da herriko plazan.

 

(Txokoa ilundu, ezkerraldea argitu, eta MUTILAK ageri dira bakarrik, lehen bezala baina urduri, 1 batez ere, batetik bestera pauso azkarrez)

 

MU 1: (erlojuari begira) Bost minutu! Bost minutu pasa dira eta oraindik ez da inor etorri.

IDA: (Off) Ezin liteke...

MU 3: Ez zieten sinistuko. Propaganda eman bagenie...

MU 2: Guretzako jai handi bat prestatzen ariko dira.

MU 1: Jai! Nahi nuke bai! Izututa, beldurrak akabatzen daude denak, etxean gordeta. Hola ez dago herria askatzerik, herriak berak ez badu askatu nahi... (bere artean bezala) Nola etorrarazi?

MU 2: Udaletxeari su ematen badiogu denak etorriko dira...

MU 1: Udaletxeari?

MU 2: Eta elizari.

MU 1: Ez, ez, ez, salbajada hutsa da hori.

MU 3: Basapiztikeria.

MU 1: (gogaiturik) Basapiztikeria.

MU 4: Erromeria egitera goazela esango diegu.

MU 1: Eta erroskilak zozketatzera?

MU 4: Ardo goxoarekin!

MU 1: Baita zera ere. Ez, ez, ez. Bitarteko zerbait behar dugu. Jendea pozez bezala ekarriko duena, baina etorri nahi ez duena akojonatuko duena.

MU 3: Kokildu...

MU 1: Akojonatu, hemen potrorik baldin badago! Kanpaiak jo eta bandoa irakurriko dugu. Esanez, ba... idatzi (pentsakor; 3k papera eta luma atera eta idatzi). Garairen liberazioa...

MU 3: Askapena.

MU 1: Berdin duk. Hik kopiatu eta gero aldatu aldatu behar dena. Garairen liberazioa ospatzeko koma herritar guztiak plazara gonbidatzen ditugu koma atsegin handiz punto y seguido Ez datozenak afusilatu egingo ditugu punto y aparte Gora Euskadi Askatuta punto fi...

 

(EUXEBIO sartzen da nonbaitetik, 50en bat urteko moxkorra, eskuan botila erdi hustua daramana, obra osoan zehar iraungo diona bestalde, hau ez bada beste bat, beti erdizka beteta)

 

EUX: (bestearen jarduna etenez, oihuari erantzuteko) Gora!

MU 1: Nor da hau?

EUX: (agur militarra eginez) Gabikagojeaskoa’tar Euxeba Mirena, Itxarkundia batalloiko Sarjentoa. Zure agindutara... Zer zara, kapitaina?

MU 1: Ezin dizut izena eta graduazioa esan. Misio sekretuan gabiltza.

MU 3: Ezkutupekoa.

MU 1: Horixe. (Bestea oraindik firme baina zutik egon ezinik dagoela ikusirik) Des-kanso, Gabikago...

EUX: Euxebio, deituidazue Euxebio (MUTILAK banan-banan besakartzen dituela) Hau poza eman didazuena. Bizitza osoa ametsetan, gureak noiz etorriko, reketeei bueltak noiz emango eta azkenik... bazen garaia! Agirre lehendakariak bidalita etorri zarete...?

MU 1: Agirre hil zen.

EUX: Hil zela? Agirre? Eta nor da ba orain lehendakari?

MU 1: Ez du axolarik, gu geure kasa gatoz.

EUX: Baina... gutarrak izango zarete ba?

MU 2: Bai, bai, gu beti gutarrak.

EUX: Horixe jakin nahi nuen. (Ahapeka) Baina... harrapatu al dituzue herriko reketeak?

MU 2: Reketeak? Zein?

EUX: Sakristaua eta bere familia, estankokoak ere bai... Karlista enteruak den-denak.

MU 1: Bueno, zera... Bideak itxiko ditugu, inor goardia zibilei abixatzera ez jaisteko. Telefono-hariak ere ebaki ditugu... (MU 2ri), jaitsi errepidera eta badakizu. Hi berriz (MU 3ri), hasi bandoa zabaltzen.

MU 3: Eta propaganda?

MU 1: Gerorako uztak. Hi (MU 4ri), ospakizunak prestatzera, eta Euxebio eta biok karlistak zertan diren ikustera goaz.

EUX: Eta taberna zabaltzera. (botila pasatuz)

MU 4: Horixe! (hartu eta edanez)

EUX: Fuera Karlistak!

DENAK: Fuera!

MU 1: Gora Euskadi Askatuta!

DENAK: Gora!

 

(Argitutako eremutik ateratzen direla, haien hots eta deiak aditzen dira argia itzaliz doan heinean —bandoaren deia eta gora batzuk—; IDAZLEA ageri da bere txokoan)

 

IDA: Bueno, dena ere ez da perfektoa. Ezin perfektoa izan. Borrokaren baldintza gogor eta latzak ezaguturik, ez da zaila konprenitzea nola suertatzen diren halako... desbiazio txiki batzuk. Ulertzekoa da bestalde, faxistek izututako herritarrak, hainbeste urtetako zapalketaren ostean beldur izatea lehen momentuan; ez da ahaztu behar poliziaren salatariak ere hor izaten direla eta... B aina tira, dena konponduko da, eta berehalaxe bilduko dira herritar guztiak herriko plazara pozez gainezka...

 

(Txokoa ilundu, ezkerraldea argitu eta HERRIKO JENDEA agertzen da, aurrenekoak uzkur samar, inguruetara fidakaitz begira, beren artean marmarka. Beste zenbait eta MUTILAK bitartean, batetik bestera)

 

JE 1: Ez digute ezer egingo, ezta?

JE 2: Auskalo! Holako jende eroa...

JE 3: Ai ama! Nik etxera joan nahi dut.

 

(MU 4 dator, TXISTULARIA besotik dakarrela)

 

MU 4: Txistularia bilatu dut, herriko txistularia. Ea, hasi jotzen, herri osoa alaitzeko.

TXI: (izutu samarra) Zer-zer joko dut?

MU 4: Edozer gauza, baina zeozer alaia. Arin-arina edo, kalejira egiteko zerbait edo...

 

(TXISTULARIA jotzen hasten da)

 

MU 4: (Jendeari) Eta zuek mugi, benga, hasi dantzan, hau jai egun handia da-ta, Garairen askatasun eguna!

 

(Jendea dantzan hasten da, behartu antzean hasieran, alaiago gero)

 

MU 2: (handik pixka batera iritsita, MU 4ri) Zer demontre da hau?

MU 4: Ez al duzu ikusten? Askatasuna ospatzeko festa.

MU 2: Ze festa eta ze festa ondoko? Desfile militarra antolatu behar da, gero herriaren defentsa prestatzeko.

MU 4: Oraintxe iritsi berri gara eta. Jai pixka bat egin behar da.

MU 2: Borroka ez da jaia, lana egin behar da, lana. (haserretuz)

MU 4: Jaia! (haserretuz hau ere, elkarri muturka erasotzeko prest ia-ia)

MU 2: Lana!

MU 4: Jaia!

MU 2: Lana!

MU 4: Jaia!

 

(Haserrea gogortuz joan den neurrian, Jendeak dantzari utzi eta azken momentuan TXISTULARIA ere isildu denean, IDAZLEA sartzen da eta banatu egiten ditu MU 2 eta MU 4)

 

IDA: Ez al dizue lotsarik ematen? Euskadi askatzen hasi eta zuen artean holako komeriatan hastea... Lotsagarri utziko duzue askapen borroka, barregarri. Hori nahi al duzue? Horretarako ez dugu etsai beharrik, geuk hondatzen badugu geure burua...

MU 2: Baina nik...

IDA: Ixo! Ni naiz hemen idazlea eta. Nik esandakoan hitz egingo duzue. Ez lehenago. Aditu duzue? Bueno, esan orain nahi duzuena, ea.

MU 2-4: (biak batera) Ba nik...

IDA: Banan-banan.

MU 2-4: (batera berriro) Ba honek...

IDA: Ea ordena pixka bat jartzen dugun, bestela jai dugu eta.

MU 2: Horixe esaten nion nik honi, jai dugula beti jai egin nahi badugu...

MU 4: Baina niri esan dit Ka...

MU 2: Izenik ezin dugu esan!

MU 4: Nire agindua zen askapena ospatzea, eta horretarako musika eta dantza...

MU 2: (etenaz) Eta ezin al zen desfile militar batez ospatu, hartara jendea defentsa armatura ohitzeko?

MU 4: Baina hain goiz...

MU 2: Inoiz ez da goizegi...

IDA: (biak isilaraziz) Bueno, bueno, bueno. Uste dut ari naizela kontua ulertzen. Zuk (MU 4ri), askapena ospatzeko, dantza-saio bat antolatu nahi duzu, txistulari eta guzti. Eta zuk (MU 2ri) ez deritzozu oso serioa, eta nahiago zenuke desfile moduko bat, martzialagoa edo...

MU 2: Bai, hori da.

MU 4: Bai, horixe.

IDA: Ea nola konpontzen dudan...

MU 2: Zuk konpondu behar al duzu?

IDA: Ni naiz obraren egilea, ezta? (pentsakor) Adibidez, adibidez....

TXI: (zerbait esan nahian) E, aizu...

IDA: (begiratu ere gabe) Ixo! Oraintxe bururatuko zait eta. (bere artean) Adibidez, adibidez...

TXI: Barkatu, ni...

IDA: (TXISTULARIAri begiratuz oraingoan, baina jaramonik egiteke) Isiltzeko esan dizut. Aber, aber... esate baterako... (batetik bestera dabil, ezer bururatzen ez zaiola, urduri)

TXI: Maisu, nik, e...

IDA: Zer? Zer behar duzu? Ez al zara konturatzen kontzentrazioa galarazten didazula? Horrela ezin da ez obra bat idatzi, ez ezer egin. Zuk uste duzu horrela ezer idatz daitekeela, e? Zer uste duzu zuk?

TXI: Ez dakit, maisu jauna, nik ez dakit ezer, baina entzun dut zuen artekoa, dantzaren arazo hori, ez da hala?, entzun dut eta...

IDA: Esango al duzu behingoz zer nahi duzun?

TXI: Ba, atrebentzia ez bada, ba, zera... badakidala nola konpondu, nik uste.

IDA: Zuk? Zuk konpondu...? (barrez bezala) Bueno, bueno... Txistulari batek? Besterik ez genuen behar.

TXI: (haserre antzean, muzinduta) Jakin nahi ez baduzu...

IDA: Axola zaidalakoan ala?

TXI: Niri gutxiago. Hor konpon zure obra.

IDA: (pentsatu eta gero) Bueno, tira, herriak ere izaten ditu ideia onak eta, tira, bota ezazu zure asmazio hori.

TXI: (uzkur) Ez.

IDA: Esan beldurrik gabe.

TXI: Ezetz.

IDA: Ez lotsatu, gizona.

TXI: Ez dut hitzik esango.

IDA: Nola? Hitzik ez duzula esango? (noraezean) Ni naiz egilea eta... Baina, baina, nola liteke?

MU 2: Utzi niri...

IDA: Zer?

MU 2: Uzteko niri eta ikusiko duzu zein azkar hitz egingo duen.

 

(IDAZLEAk baiezko keinua egin eta MU 2 TXISTULARIAgana doa, txistua kendu, besoa bihurritu eta metraileta buruan jartzen diola hitz egiten dio, hori guztia oso azkar)

 

MU 2: Konta ezak orain isildu nahi huen hori. Konta ezak edo bestela...

TXI: Bai, bai... (izututa)

MU 2: Esan ba esan beharrekoa.

TXI: (larri hitz eginez) Bai, bai... Ba, nire ideia zen, ba, zera, nola batek txistuarekin-eta dantza egin nahi zuen, eta besteak berriz desfile antzekoa, ba, biak batera egin litezkeela, Garain badugulako dantza zahar bat, ezpatarekin dantzatzen dena...

IDA: Horixe! Bai ideia polita! Lehenago ez bururatzea ere... Ea ba, datozela dantzariak, has daitezela dantzan eta... (bapatean gelditu, pentsakor, eta bere artean dio) Baina... zertan ari naiz ni hemen? Ni ez naiz pertsonaia eta... Bueno, agur, banoa... (ezkutatu egiten da berriro)

MU 2: Aditu duzue, datozela dantzariak!

MU 4: Has daitezela dantzan!

MU 2: Eta ez ahaztu ezpatak!

MU 4: (Txistulariari) Tira, hasi ttunttuna jotzen.

 

(Lehendik ilunean desagertua zen JENDEAren ordez DANTZARIAK hasten dira sartzen txistuaren doinura eta beren dantzari ekiten diote)

(MU 1 eta EUX iristen dira. MU 1 tente jartzen da, desfile militar baten aurrean bezala agur eginez. DANTZARIAK gelditu eta txaloka hasten dira)

 

MU 4: (DANTZARIEI) Ez, ez, zuek ez duzue txalo egin behar, zuei egin behar dizuegu txalo, edo...

MU 2: Ez, ez, orain desfilatu egin behar duzue, ikurrinaren aurrean, ezpatak bizkarrean jarrita.

EUX: Ez, ez, jeneralaren aurrean makurtu behar dute, zera, gerran bezala...

 

(Hiru hauetako bakoitzak berera erakarri nahi ditu DANTZARIAK, eta hauek nahastuta, batetik bestera, zer egin ez dakitela, denen artean gero eta zalaparta handiagoa eraginez, harik eta MU 1ek oihu egiten duen arte)

 

MU 1: Geldiii!!! Zer nahasketa da hau? Hau al da Euskadi berria eraikitzen hasteko modua? Hau al da formalidadea?

MU 2: Nik esan nahi nuen...

MU 4: Txalo batzuk...

EUX: Agur militarra...

MU 2: Desfilea...

MU 1: (oihuka berriro) Ixooo!!! Gure artean konpontzen ez bagara nola askatuko dugu Euskadi? Gauzak tajuz egin behar ditugu, lehenengoak lehen eta...

MU 2: Horixe, jurabandera...

MU 4: Baina dantzariak...

EUX: Obedientzia...

MU 1: Ixiltzeko, redios! Obedientzia, niri zor zaidana lehendabizi. Horixe agintzen dute jerarkiak eta potrokoloak.

MU 3: Potro zer?

MU 2: Puto zer?

MU 4: Kulo?

MU 1: Potrokoloak.

MU 3: Protokoloak.

MU 1: Potrokoloa izango duk ba nik baino potro gehiago ez baldin badaukak. Ados? (paparretik heltzen diola-edo pistola lepoan)

MU 3: Bai, bai.

MU 1: Eta ba al dakik zer agintzen duen orain potrokoloak? E, ba al dakik?

MU 3: E-ez, ez, ez dakit.

MU 1: (bultzatuz) Zertarako behar diat orduan frente kulturala?

TXI: Barkatu baina... (herabe)

MU 1: Zer?

TXI: Nik, ba, atrebentzia ez bada, zera...

MU 1: Esan ba!

TXI: Ba... zera, badakidala, nik uste, nola egin behar den ba, zera...

MU 1: Potrokoloa?

TXI: Horixe.

MU 1: Nola?

TXI: Ba, dantzariak ezpataz arkuak eginda jarri, eta zuek, ba, erditik pasatu.

MU 1: Eta zuk txistua jo bitartean.

TXI: Bai ba.

MU 1: Hori duk eta! Hi haiz gizon argia, eta ez beste txatxu hau... Hasi jotzen, jarri dantzariak errenkadan, bagoaz eta...

 

(MUTILAK eta EUXEBIO dantzarien arkuaren azpitik pasatzen dira, pozez gainezka, jira egin eta behin eta berriro, gero eta azkarrago, ekintza hori guztiz zentzugabe bilakatzeraino)

 

MU 1: (bapatean geldituz, eta honekin batera besteak) Geldi!!! Eta orain zer? Zer egin behar dugu orain, e?

 

(Denak batera ia-ia)

 

MU 2: Desfile militarra.

MU 4: Erromeria.

EUX: Reketeen juizioa.

MU 3: Diskurtsoa.

MU 1: Ez, ez, diskurtsoa gero, aurrena behar duguna bedeinkazioa da, elizaren bedeinkazioa...

DENAK: Bai, bai, bedeinkazioa, elizan...

MU 1: Apaiza, non dago herri honetako apaiza?

DENAK: Apaiza!! Non dago apaiza? Apaiza!

MU 1: Zoazte apaizaren bila eta ekar ezazue lehenbailehen.

DENAK: Bai, bai, goazen!, apaizaren bila, goazen, lehenbailehen...

 

(Sakabanatu egiten dira, denak oihuka, eta berehala itzultzen dira, APAIZA dakartela erdi arrastaka)

 

APA: Utzi, utzeko! Aska nazazue... askatzeko!

 

(Erdi bultzaka MU 1en aurrean botatzen dute)

 

MU 1: (Apaizari altxatzen laguntzen diola) Baina, baina... Mutil hauek... Barkatuko diezu, badakizu, gazteak dira eta, txoro samarrak ere bai eta...

APA: Bekatu mortala ari dira egiten, mortala! Infernuko sutara joango dira, infernuetara erretzera!

MU 2: Sakristian zegoen gordeta.

MU 4: Konfesonario zahar baten atzean ezkutatuta.

 

(barrezka JENDEA)

 

APA: Ezkutatua ni, ezkutatua? Ba al dakik hik, ni nor naizen? Don Martin, herri honetako erretorea. Eta nor zarete zuek, Jainkoaren etxean arma eta guzti sartzeko?

MU 2: Eusko gudariak.

APA: Eus... zer?

EUX: Euskadi askatzera datozen gudariak, eta hasteko Garai askatu dute.

MU 1: Orain zuri tokatzen zaizu esatea eliza Euskadi ala Espainiaren alde dagoen.

APA: Eliza? Ba, jakingo duzu, eliza denona da, gu ez gara politikan sartzen eta...

MU 2: (metraileta aurrean jartzen diola) Francorekin ala gurekin?

APA: Aizu, hori ez da modua, hori... (oso urduri)

MU 1: Lasai, lasai. Ez zaitezte urduri jarri. Kontua oso erraza da. Guk, Euskadiren indar armatuok, askatu egin dugu Garai; Garai ez da hemendik aurrera Espainia, Euskadi baizik. Eta elizaren ordezkaria zu zarenez, gure ekintza bedeinkatzeko eskatzen dizugu, Elizarekin harreman onak izan nahi baititugu.

APA: Eta nahi ez badut?

MU 2: Jo eta txiki...

MU 1: Ixo! Orduan, gogoz kontra baina, elizarekin harreman txarxeagoak izan beharko genituzke.

APA: Nola txarrak...?

MU 1: (MU 2 seinalatzen diola) Galdetu nire lagunari.

APA: Bueno, bueno... Orduan, ba, bedeinkatuko zaituztet, beste edozein eliztar bedeinkatuko nukeen bezala, baina horretarako Jaungoikoaren eta Eliza Ama Santuaren manamentuak beteko dituzuela agindu behar duzue...

MU 1: Bainoski.

APA: Mezatara joan.

MU 1: Jakina.

APA: Eta inor ez hil.

MU 1: Ez juiziorik gabe behintzat.

MU 3: Epaiketa.

APA: Jui... epaiketak? Epaiketak egin behar al dituzue?

MU 1: Euskadiren etsaiei bakarrik.

APA: Eta zein dira Euskadiren etsai?

MU 1: Hori epaileek erabakiko dute.

APA: Baina...

EUX: Baina baina zer? Bedeinkatzen duzu, bai ala ez. Zeuk aukeratu.

MU 1: Lasai, ez dago hola jarri beharrik. Nik uste erretore jaunak egina duela bere aukera.

APA: Bueno, bueno... Baina gero...

MU 2: Zer?

APA: Ezer ez, ezer ez. Jarri belauniko. In nomine patri et filii et Spiritu Sancti...

 

(Denak belauniko direla, APAIZAk latinezko formulekin segituko du, urrun entzuten bada ere, eta aldi berean bere txokoan ageri da IDAZLEA)

 

IDA: Tirriki-tarraka bada ere, aurrera doa Euskadi berriaren antolamendua. Elizaren bedeinkapena ere lortu du, Francoren eta Vaticanoaren arteko paktu zikinak gorabehera. Herritarren konfidantza irabazita, aro berri bat zabaltzen zaie aurrean.

 

(Txokoa iluntzen da. Bedeinkapena eta ondoko otoitza amaitu dira eta denak zutik jartzen dira)

 

EUX: Eta orain diskurtsoa.

MU 3: Eta propaganda?

DENAK: Diskurtsoa, diskurtsoa!

MU 1: Ez, ez: aurrena, gobernua izendatu behar dugu.

MU 3: Jaurlaritza.

MU 1: Gobernua, redios, eta hago isilik!

MU 3: Baina zuk zeuk esan zenidan, euskara garbitu egin behar genuela eta...

MU 1: Hemen garbitu, txibatoak egin behar ditugu, eta hi ere bai deskuidatzen bahaiz. Konforme? (denak isilik) Orduan, gobernua izendatuko dugu.

EUX: Badugu bat eta! Agirre lehendakari eta...

MU 1: Agirre hil egin zela!

EUX: A, bueno...

MU 1: Eta gainera, hura erbestekoa da. Hemen bertan aukeratu behar dugu bat, Euskadin bertan.

APA: Nork aukeratu behar du ba?

MU 1: Herriak.

APA: Nola?

MU 1: Herriak. Hau ez da Espainia, hemen ez da diktadurarik izango. Herria da bere buruaren jabe eta herritarrek aukeratuko dituzte euren buruzagiak. Hau demokrazia da. Denok ados?

MU 2-3-4: Bai!

 

(Zati guzti honetan koro moduan emango dituzte erantzunak MUTILEK, EUXEBIOk eta beste zenbaitek, jende-taldeko besteak ixilik geratzen direla; irudi bera behin eta berriz errepikatuko da, beti berdin baina gero eta azkarrago, azkenerako zinema komikoaren gisako bihurturik)

 

MU 1: Lehenengo, defentsako ministroa aukeratuko dugu. Nik gizon hau proposatzen dizuet? (MU 2 hartu eta bera lehen igo den mailara igoaraziz) Denak ados?

DENAK: Bai!!!

MU 1: Alde zaudetenok altxa eskua (esku batzuk gora). Kontra daudenak altxa eskua (inork ez). Ez dago beste kandidaturik? Orduan, aho batez izendatzen dugu defentsa-ministraria. Txalo bat mesedez (txaloak). Orain kultura ministroa. Nik gizon hau proposatzen dizuet (MU 3 igoaraziz): jantzia, jakintsua, seminarioan ikasitakoa, eta euskara inork baino garbiago hitz egiten duena. Ados zaudete?

DENAK: Bai!!!

MU 1: Beste kandidaturik? Ados zaudetenok altxa eskuak. Kontra daudenek altxa eskua. Beraz, ahobatez izendatzen zaitugu kultur ministrari.

MU 3: Sailburu.

MU 1: Bueno, hori. Txalo bat. Orain ekonomi ministroa aukeratuko dugu. Nik gizon hau aurkezten dut (MU 4 igoaraziz). Denak ados?

DENAK: Bai!

MU 1: Beste kandidaturik? Ados zaudetenok altxa eskua. Kontra daudenek altxa eskua. Aho batez izendatzen zaitugu ekonomi ministrari. Txalo bat. Orain auzitegiko epaile nagusia aukeratu behar dugu. Nik gizon hau proposatzen dizuet, Euxebio (igoaraziz) Ados?

APA: Mozkor hori?

EUX: Mozkorra zu izango zara, beti ardo goxotik dzanga-dzanga.

APA: Zuk uzten zenuenean izango zen.

MU 1: Bakea, bakea. (APAIZAri) Zuk izan nahi al duzu kandidatu?

APA: Ez, ez.

MU 1: Bueno ba. Alde zaudetenok altxa eskua. Kontra daudenek altxa eskua (Apaizak altxatu). Gehiengo handiz aukeratzen zaitugu epaile nagusi.

APA: Gizon hori ez da mezatara joaten.

EUX: Zuk etorri beharko duzu ba epaitegira, karlista halakoa!

APA: Emango diat.

EUX: Ezetz.

 

(Elkar joka hastekotan direla, MU 1 eta 2 tartean sartu eta lasaitzen dituzte)

 

MU 1: Lasai, lasai, Euskadin bakea behar dugu eta. Gerra etsaiei egin behar diegu, ez gure artean. Bale? Bueno, eta bukatzeko lehendakaria aukeratu behar dugu. Ni neu izango naiz kandidatu. Ados zaudete?

DENAK: Bai!!!

MU 1: Beste kandidaturik? Alde zaudetenok altxa eskua. Kontra daudenek altxa eskua.

 

(MU 1 azken hau esaten ari dela Txokoa argitu eta IDAZLEA agertu da).

 

IDA: (ezkerraldera doala, haserre, besoak altxaturik) Zer fartsa da hau? Hau iruditzen al zaizue zuei demokrazia? Euskadi askea ez baina tirania merkea eraikiko duzue zuek.

MU 1: Nor da hau? Eutsi!

 

(2, 3 eta 4 IDAZLEAgana joan eta denen artean eutsi)

 

IDA: Utzi! Askatu! Baina... zer uste duzue? Ba al dakizue nor naizen?

MU 1: Horixe jakin nahi dugu. Nor zara?

IDA: (harro) Idazlea! Obra honen idazlea!

 

(Jende guztiaren marmarra, “Idazlea!, idazlea?” diotela)

 

MU 1: Idazlea, e? Eta ba al duzu horren frogarik?

IDA: Frogarik? Zertarako behar dut nik frogarik? Nik nahi badut, luma-kolpe batez zuek denok deuseztuko zaituztet, denok zarete desagertuko.

MU 1: Eta zu obrarik gabe geratuko. Eta ez zaizu hori interesatzen, ezta?

IDA: (noraezean) Baina, baina... Nik agintzen dut hemen. Nik idazten dut antzerkia eta nik nahi dudana egin behar duzue...

MU 1: Ea, ikus dezagun. Antzerkia zuk idazten duzu, ezta? Ados. Baina Garai nork askatzen du, e? Guk. Eta guk nahi dugun bezala gobernatuko dugu.

IDA: Baina zuen hauteskunde metodo hori ez da batere demokratikoa, hola ezin dugu Euskadi librea jendearentzako eredu erakargarri bezala jarri, eta obraren helbumak huts egingo du eta...

MU 1: Gure metodoa ez zaizu demokratikoa iruditzen, e? Ba gu demokrata garbi-garbiak gara. Zu ere demokrata zara?

IDA: Bai, noski!

MU 1: Orduan eman diezaiogun herriari hitza. Hara: idazlea ez dago gure jokaerarekin konforme. Berak beste era batera egingo lituzke gauzak. Beraz, pentsatzekoa da berak ere lehendakari izan nahi duela. Bi kandidatu dituzue orain. Nork aukeratzen du idazlea? (MU 3k bakarrik jasotzen du, herabe, besoa, eta ondoren lotsatuta jaitsi) Nork aukeratzen nau ni? (hainbat beso) (IDAZLEAri) Ikusten duzu ba, zer nahi duen herriak. Eta zuk herriak nahi duena nahi duzu, ezta? (Isiltasuna; MUTILEI) Aska ezazue. Zer duzu esateko orain?

IDA: (zalantzan) Ba, hau ez dela... hola ezin dela... hau zera...

MU 1: Zuk idatz itzazu obrak, egiten baldin badakizu, eta utzi guri gerra egiten, zuk baino hobeto dakigu eta. Ez da hala?

 

(MUTILAK-eta barrezka hasten dira, eta IDAZLEA txokorantz doa, lotsatuta)

 

IDA: (ezintasunezko haserrez) Oraindik ez dut nire azken hitza esan. Ikusiko duzue bai, ikusiko duzuenez. (Ilunpean desagertzen da)

MU 1: Utz dezagun bakean gure idazle gaixoa, nahiko pena badu-ta, bere obrak burura eraman ezinik. Eta orain (solemneki), Garain kokaturiko Euskal Gobernu probisionalaren lehendakari naizen aldetik...

HE 1: Diskurtsoa!

HE 2: Bai, bai, diskurtsoa!

MU 1: Lehenik eta behin, Txistularia izendatzen dut nire protokolo-bura. Esan, txistulari, zer egin behar dut orain?

TXI: (zalantzan) Ba... Diskurtsoa?

MU 1: Ondo da! (ozen, sutsu ekingo dio, erretolika eta beharrezko geldialdiekin. Bere gainean soilik argia. JENDEAk eten egingo du jarduna aldian behin, beren txalo eta aupadekin, mutilek-eta batipat) Garaitarrok! Aberkide maiteok! Historiak une zail batean kokatu gaitu. Gure garaian, euskaldun eta abertzale izatea ez da leun, ez da erraz, ez da gozo. Espainiako piztia zapaltzaileak inoiz baino gogorrago erasotzen digu, eta batzuetan badirudi bizitzeko arnasa ere falta zaigula. Baina ez etsi, anai-arrebok, ez etsi! Iritsi da kopeta gora jasotzeko eguna, eta Garai honetan hasiko da aldatzen gure garaiaren patua. Latza eta garratza izan daiteke bidea, baina zailtasun guztiak izango zaizkigu arinak bide hori elkarrekin eginez gero. Eta etorkizuna berriz, etorkizun argia izango da, ederra, distiratsua. Gaur Garain hasten den gobernu hau laster Euskal Herri osora zabalduko da, espainiarren eta frantsesen atzaparrak gainetik kenduko ditugu. Eta denok izango gara zoriontsu.

HE 1: (norbait ikustezina, jende artetik) Zer egingo duzu?

EUX: (MU 1en ondora igoz) Nik esango dizuet zer egingo dugun. Garai izango da laster Euskadi osoko herri aurreratuena. Sondikako aireportua, Garaira ekarriko dugu, Peruren baratzan badago toki ederra. Eta Bermeoko hondartza, udan neska gazteak ikusteko, erreka ondoan ipiniko dugu, errota parean. Eta San Antonio Urkiolakoa, mutilzaharrak azkar ezkontzeko...

 

(Barre eta algara artean denak hasiko dira batera etorkizuneko ametsak esaten. Adibide moduko batzuk:)

 

HE 1: Eta Bilboko portua.

MU 3: Eta Durangoko azoka.

APA: Eta Burgosko katedrala.

HE 2: Eta Puente kolgantea.

HE 3: Eta San Mamesko kanpoa.

HE 4: Eta Santimamiņeko kobak.

MU 1: (ahotsa goratu eta besteak isilaraziz). Dena, dena duzue eskura, hau izango baita askatasunaren herria. Eta pobreak nahi badu unibertsitatean ikasiko du, eta txikia handi izango da, eta langilea nagusi, eta herrenak nahi badu korrika egingo du. Nahi duzuena, Euskadi askatzen denean, oraintxe hasten den bidean. Garai delako Euskadi. Garaia delako Euskadi osoa Garai izateko!

 

(JENDE GUZTIA aupaka eta iufaka)

 

MU 4: Eta orain denok tabernara.

EUX: Hori, hori.

 

(DENAK kantuka eta saltoka, Gora Garai eta Gora Euskadi esaka, oihala eroriz eta argia itzaliz doala)

 

oihala