Garai(a) da Euskadi
Xabier Mendiguren
Garai(a) da Euskadi
Xabier Mendiguren
Kutxa Fundazioa, 1993
Garai(a) da Euskadi
Xabier Mendiguren
Kutxa Fundazioa, 1993
[aurkibidea]

 

1. ekitaldia

 

(Eskuineko txokoa bakarrik dago argiturik —ezker-eskuinak, ikuslearenak—. Hori da eta izango da obra osoan, Idazlearen Txokoa. IDAZLEA bertan egon daiteke aulkian eserita bere lanmahaiaren aurrean, edo agian hobe berak eramaten baditu: aulkia, mahaitxoa, idazmakina, gero zerbait ahaztu zaiolakoa egin eta paperak ekarri... guzti hori argitutako gunetik sartu-irtenez. Idazlearen barregarrikeria nabarmendu nahi bada, beste zenbait deskuido, nahaste eta tik xelebre erakuts litezke: tipex bila joan, dena era berezi batean kokatu behar, baso bat ur, gargarak eta abar. Agian egokiago, dena ahalik eta xinpleen egitea, mamian sartzeko. Dena dela, Idazlearen jazkeran eta itxuran ezer nabarmenik ez).

 

IDA: (pentsakor egon eta ezinegonez mugitu ondoren) Antzerki lan bat idatzi behar dut, zerbait erreala, benetakoa. Herriko errealitateari buruzko zerbait kontatu behar dut. Gauzak garbi esan, nahiz eta gordinak izan. Gauzak diren bezala agertu, antzerkia behingoz herriaren ispilu izan dadin. Herriaren borroka eta sufrimenduen ispilu. Adibidez... kartzela hauta nezake mintzagai.

 

(Hori esatearekin batera, agertokiko ezkerralde guztia argitzen hasiko da. Kartzela da: argi-jokoez irudika daiteke edo bestela imajinazioaren baitan utzi, jokalekua hutsa baita. Kartzelan, GIZON BAT, lurrean eserita, burua belaunen artean bilduta. Hau dena agertzeaz batera itzalduz doa Idazlearen Txokoa, baina oraindik aditzen da haren Off ahotsa)

 

IDA: Kartzelan hainbat herritar ditugu, geure anai-arrebak, askatasunaren alde borrokatzeagatik hara eraman dituztenak... Nahiz eta batzuentzat, askorentzat, borroka hori zuzena ez izan, basakeria hutsa izan... Baina nolanahi ere geureak ditugu, urrun ditugu eta onar ezinezko bidegabekeriak egiten dizkietela, jasan ezinezko tratua ematen dietela...

 

(Ezkerretik BI FUNTZIONARI sartzen dira)

 

FUN 1: En pie!

FUN 2: Contra la pared!

FUN 1: Firme!

FUN 2: Desnúdese!

 

(PRESOA ez da mugitu; besoetatik hartzen dute, indarrez altxatu, bultzatu, jipoitu eta lurrera botatzen dute berriro, aldi berean oihuka dihardutela)

 

FUN 1: Te vamos a matar, cerdo!

FUN 2: Cabrón!

FUN 1: Vasco, hijo de puta!

FUN 2: No vais a quedar ni uno!

 

(PRESOA lurrean etzanda, auhenka utzi eta alde egiten dute FUNTZIONARIEK)

 

IDA: (Off) Zer egin dezake presoak egoera honetan? Zer irtenbide geratzen zaio...?

 

(EMAKUME FUNTZIONARIOA sartzen da ezkerretik, emeki, paper bat aurrean duela; gasatan bezala bildua dator eta goxo hitz egiten du, goxo mugitu, aurrekoen zakarkeriarik gabe)

 

FUN 3: Zuk badakizu irtenbide erraxa duela honek. Paper bat sinatu besterik ez duzu. Beste konpromisurik gabe, beste betebeharrik gabe. Sinatu eta laster baldintzapeko askatasunean, etxean, libre... Ez al duzu nahi?

 

(PRESOA uzkur egon da, buruaz ezetz eginez, EMAKUME FUNTZIONARIOAri begiratu nahi ez diola, eta bapatean ikaragarrizko garrasia egiten du)

 

PRE: Eeeeeeeeeez!!

 

(Oihu hori entzunda itzali egiten da ezker aldea eta Idazlearen Txokoa argitu)

 

IDA: (zutitzeaz batera, supituki) Ez, ez ez! Ezin dut holakorik idatzi (ibiltzen hasten da agertokian zehar, eta argia atzetik doakio. Ordurako desagertuak dira PRESOA eta kartzela) Zera, markatuegi litzateke, gogorregia batzuentzat, propaganda hutsa beste zenbaitentzat. Gainera, barrutik ezagutu gabe, zera, errealitatea faltsutzeko arriskua dago, gauzak lardaskatzeko... Eta barrukoek ez dute errukirik eskatzen, ez dute heroi moduan agertu nahi... (Burumakur eta pentsakor antzean ibili da agertokian zehar, ezkerralderantz orohar, eta orain bapatean itzultzen da txokorantz, pauso azkarrez) Kito! Ez dut kartzelaz idatziko, akabo (idazmakina aurrean eseri eta gogoetan gelditzen da berriro nahi bada, pausaldia adierazteko edo, une labur batez iluna egin daiteke, eta berehala argitu)

IDA: Beste zerbait pentsatu beharko dut orduan. Ez hain lazgarria; arinagoa, alaiagoa, baina bere kritika punttua galdu gabe. Zirikatzailea. Herri honetan bada zer kritikatua eta. Agintarien ustelkeriak eta... Horixe egin nezake, bai: fartsa bat, gure politikoen azpildurak eta azpikeriak agertarazteko fartsa, hauteskundeetako agindu eta gezur guztiak, teatro errepikatu hori salatzeko...

 

(Azken esaldiarekin batera argituz joan da ezkerrealde osoa eta txokoa ilundu. BI POLITIKOAK ageri dira: hauen itxura eta antzezpena ez da batere errealista; politikari amerikarren karikatura dira: dena irribarre eta optimismo. Jazkeran-eta, biek itxura estereotipatu berbera, salbu-eta paparrean edo daramaten ezaugarria, alderdi-ikurra alegia. Txotxongiloen mugimenduak egingo dituzte, eta ahotsa ere distortsionatua izan daiteke, egiantzik gabekoa. Nahi bada, aurrean jendea, lurrean eserita)

 

POL 1: (aurreratu egiten da, publikoari begira; argitasun handiagoa bere gainean; maila bat gorago jar daiteke eta mikrofono baten aurrean kokatu) Botoa ematen badiguzue, herri bakoitzean ospitale bat eraikiko dugu (aldian behin, POLITIKARIAren jarduna etenaz, txalo-zarta zaratatsuak adituko dira), eta eskolak hobetu, eta zaharren pentsioak handitu. Zuen seme-alabak medikuak izango dira, edo abokatuak, edo ingeniariak, formazioa delako aurrerapenerako bidea, eta gure herria aberatsagoa izango da, eta bertan bizi garenok zoriontsuago. Hori da guk geure herriarentzat nahi duguna. Beste horiek berriz (beste POLITIKARIAri begiratzen dio eta lehen txaloak bezala orain txistuak eta marmarrak aditzen dira)... Dena hankaz gora jarri beste asmorik ez dute. Mixeria latza ekarriko liokete gure herriari, gosea, atzerapena eta zorigaitza. Baina lasai, ez da horrelakorik gertatuko eta. Ez behintzat zuen konfidantza ematen badiguzue, eta ziur gaude hala egingo duzuela.

 

(Txalo artean, besoak altxata eta uvea eginez doa atzealdera; bestea aurreratzen da)

 

POL 2: (argi nabariagoz, aurrekoaren hizkera, txalo, txistu eta abar beretsuekin) Zuen botoarekin guk lantegi eta enpresa berriak sortuko ditugu; denok izango duzue lanpostua eta ez da pobrezia gehiago izango. Etxebizitza berriak ere egingo ditugu, eta gazteek ez dute gaur bezala, bizileku bila zoro moduan ibili beharko. Beste horiek berriz... Herriaren izenean beren poltsikoak bete nahi dituzte, bakar batzuen mesedetan gu denok mixeria gorrian utzi. Baina ez diegu utziko, ez horixe. Zuen boto eta laguntzarekin, herri libre, aurreratu eta zoriontsuagoa lortuko baitugu.

 

(Txalo artean eta besoak altxaturik atzeratzen da, argiak ahuldu egiten dira, jendea erretiratu, baldin bazegoen)

 

IDA: (Off) Eta politikoen arteko trapitxeoak, beren tratu zikin eta kontratu zikinagoak...

 

(POLITIKARIAK elkarri besotik heldu eta hizketan ari dira, belarrira kontu txikiak esan eta barre ozenak eginez. Gero botila bat zabaldu eta edaten hasi. Antzezpena errealistagoa da orain eta hizketa bizia)

 

POL 1: Orduan urbanismoa eta hezkuntza gureak.

POL 2: Baina osasuna eta polizia gureak...

POL 1: Baina gero ez esan hau eta beste egin dugunik eta...

POL 2: Eta zuek ere ez hau ez dugula egin eta bestea bete gabe dagoela eta...

POL 1: Lasai gizona! Zurekin bai egin daitezkeela tratuak. Konforme? (bostekoa luzatuz)

POL 2: Konforme. Baina ez ahaztu telebista guretzat dela.

POL 1: Ez, ez. Telebista guretzat.

POL 2: Guretzat!

POL 1: Guretzat!

POL 2: Guretzat!!

POL 1: Guretzat!!

IDA: (ezkerreko argiak itzali eta Idazlearen Txokoa aldi berean pizten dela; haserre) Kaka zaharra biontzat! (zutitu eta agertokian zehar ibiltzen hasiz, pentsakor, argia atzetik duela) Ez, ezin dut holakorik idatzi: topiko usaina dario alde guztietatik, ez du graziarik, ez du txisparik. Eta gainera... nola emango diote gero obra honi dirulaguntza ofizialik? (berriro ere txokora itzultzen da urrats azkar eta erabakiorrez) Argi dago beraz: politikoen fartsarik ez.

 

(Idazmakina aurrean eserita; une batez iluna, lehen bezala)

 

IDA: Zertaz idatziko dut orduan? Onena denok anaia sentitzen gineneko garaietara itzultzea litzateke. Gure artean agintearen ustelkeriarik ez eta etsaia nor zen oso argi zegoenean. Nazien kontrako pelikuletan bezalaxe. Bai horixe! Gerra zibilari buruzko antzerki bat idatziko dut. 36ko gerra, euskaldunen alderditik.

 

(Ezkerraldea argitzen hasten da —txokoa iluntzen—, eta JENDE SALDOA ageri da bertan. Jazkerak eta abarrek, errealistegi izan gabe ere, garai hura iradoki behar digute: gudariak eskopetak bizkarrean dituztela, amak haurrak besoetan dauzkatela, gauzen garraioa...)

 

IDA: (Off, ahots epikoagoz orain) Faxisten eraso ankerraren pean, Euskal Herri osotik ihesi zetozen, jende xeheazen, euskalduna, abertzalea, bizia salbatu beharrez etxea eta ondasunak atzean utzi zituztenak, edota euren duintasunaren eta askatasunaren alde bizia jokoan jartzen zutenak.

 

(Gurditxo bat garraiatzen ari den AGUREA erori egiten da eta GUDARIA doakio laguntzera. GUDARIAgana doa haurra besoetan duen EMAKUMEA. Interpretazio esajeratu samarra filme zaharretan bezalakoa)

 

EMA: Mesedez, ihesi gatoz, non lo egin ere ez daukagu. Ba al dakizu zuk...?

GUD: Bai. Oraintxe esango dizut. Itxaron apur batean. (Pasatzen ari den Emakume Zahar bati) Amama, badaukazue etxean ihesi datorren emakume honentzako tokirik?

 

(AMAMA hurbildu, besoetako haurrari begiratu eta irribarrez dio)

 

AMAMA: Bai noski. Zatoz, zatoz, nirekin.

 

(Une horretan abioien burrunba entzuten da. Denak gora begira, izua aurpegietan)

 

GUD: Abioiak dira! Alemanak! Denak ezkutura, etxe barrenetara, azkar!

 

(GUDARIA aginduak ematen ari dela, jendea harat-honat hasten da, zoro moduan, abioien burrunba gero eta ozenagoaren artean garrasika: “abioiak”, “alemanak” e.a.)

 

IDA: (Off) Zapaltzailearen basakeria bortitza bere indar guztiaz erori zen euskaldun babesgabeen gainera, errugabeak kolpatuz, armarik gabeko zaharrak, emakumeak, haurrak...

 

(Bonben erorketa hasten da. Argi-aldaketak: gorriak eta abar. Zarata handitu, jendearen histeria areagotu. GUDARIAk ezin du jendearen emana kontrolatu. Haurra daraman EMAKUMEAk estropozo egin eta erori egingo da halako batean; besoetako haurra lurrera doa eta orduantxe pasatzen da gurditxo bat gainetik. EMAKUMEAk garrasi lazgarria egiten du eta une beretsuan metrailadoreen tiropean jausten da GUDARIA. Irudi guzti honek Picassoren Gernikarekiko nolabaiteko antza izan behar du)

 

IDA: (ezkerraldea ilundu, txokoa argitu eta zutitzen dela) Ez, ez, ez! Hau ere ez da nik nahi dudana. (Betiko moduan hasten da ibilian) Melodramatikoegia da. Eta ez du egiazkoa ematen, pelikula bat ematen du garai hura ezagutu ez dutenentzat. Gehienontzat. Gainera, beharko litzatekeen atrezzo eta guztiarekin, oso konplikatua izango litzateke. Gehiegi (ohi bezala itzultzen da txokora). Kanpora gerra zibila; beste zerbait pentsatu beharko!

 

(Idazmakina aurrean eserita; momentu batez iluna)

 

IDA: Baina zer? Gutxienez, denboran hurbilagoa izan behar du. Izan dira gero ere euskaldun guztiak anaiak sentitu garen une dramatikoak, hala nola, ba... (pentsakor momentu batez, gero pozarren) Burgosko prozesua, horixe!

 

(Txokoa ilundu, ezkerraldea argitu eta zenbait EPAITU sartzen dira lerroan, eskoltaturik. Gero EPAILEAK —Militarrak— sartzen dira, eta parez pare esertzen dira batzuk eta besteak. Pastoraletako koreografia gogoraraz lezake guzti honek. Posibilitate bat ere izan liteke —bitxiegia hala ere— pastoral gisa antzeztea, bere ohizko ahapaldi eta guzti)

 

IDA: (Off, irrati ahots klandestinoz, EPAITU eta EPAILEAK kokatzen diren bitartean) Mila bederatziehun eta hirurogeita hamargarren urtea zen. Txabi Etxebarrieta hila zen eta Meliton Manzanas torturatzailea ere bai. Euskal Herriak gogortu egin zuen askatasunaren aldeko bere borroka, eta Espainiako gobernu faxistak eskarmentu gogorra eman nahi zien etari eta borrokatzaile guztiei. Hamasei gudari, hamasei iraultzaile epaitu behar zituzten militarrek Burgosen, juizio sumarisimoan. Fiskalaren eskaera: hirurogeita sei herio-zigor eta zazpiehun eta berrogeita hamabi kartzela-urte eta sei hilabete.

MIL 1: (EPAILE MILITAR BAT altxatu eta, betaurrekoak egokitu eta gero, paperetik hasten da irakurtzen, ahots mehez. Marmar batean ari da eta bukaera baizik ez diogu argi aditzen, honakoa) ... Se les acusa de violar la ley, de Rebelion Militar, Bandidaje y Terrorismo.

MIL 2: (altxa eta berehala, ahots gogor eta aginkorrez) Acusado primero: reconoce usté que asesinó alevosamente al miembro de la benemérita, sargento...

EPA 1: (EPAITUETAKO BAT bapatean zutitu eta ozen hasten da erantzuten) Yo no reconozco a este tribunal símbolo de la opresión nacional de la oligarquía española sobre el pueblo trabajador vasco...

MIL 3: (zutituta) Hagan callar al acusado!

 

(Eskoltako FUNTZIONARIEK EPAITUA eserrarazi egin nahiko dute, BESTE EPAITU BATZUEK ere zutitu eta hizketan hasi nahiko dute, EPAILE MILITARREK utzi ez eta halako iskanbilatxo bat eratzen da, sordinaz entzuten duguna, eta gainetik Idazlearen ahotsa)

 

IDA: (Off) Epaituek agerian utzi zuten juizio haren fartsa, ustelkeria, beren borrokaren sustrai eta arrazoietara joaz. Eta hala, Euskadiren kontrako epaiketa izan nahi zuena Frankismoaren kontrako epaiketa bihurtu zen, kalean eta atzerrian manifestaldi eta protestak ugalduz zihoazen bitartean.

 

(EPAITU eta EPAILEAK eserita geratu dira unetxo batez)

 

MIL 2: (zutik jarrita) Se condena al acusado a dos penas de muerte y sesenta años...

 

(EPAITU GUZTIAK batera zutitu eta ukabilak altxatuta “Eusko Gudariak” kantatzen hasi dira; EPAILE GUZTIAK haserre bizian zutitu eta oihuka)

 

MIL 3: (gorriturik) Silencio! Que se callen. Hacedlos callar!!!

 

(FUNTZIONARIEK EPAITUEI heltzen diete baina hauek kantari segitzen dute)

 

IDA: (ezkerraldea ilundu eta txokoa argiturik; eserita dago, etsita) Ez, ez, ez; hori ere ez. Oso estatikoa da eta. Gainera dena erdaraz eta. Bestalde... (pentsakor) Komisaldegietako galdeketak eta azalduko banitu... (ezkerraldera begiratzen du)

 

(Txokoa ilundu, aldi berean ezkerraldea argitu eta ATXILOTU BAT ikusten dugu POLIZIA BATZUEN erdian, mahai batean kirofanoaren tortura ezaguna egiten diotela, edo elektrodo batzuekin...)

 

POL 1: (andaluziar doinuz edo) Dinoh donde tiene er sulo...

 

(ATXILOTUAk garrasi zirraragarri, erdiragarria egiten du eta une berean itzaltzen da ezkerraldea eta argitu txokoa)

 

IDA: (izututa altxatuz; hotzikarazko keinu eta ahotsa) Ezta pentsatu ere! Pentsatze hutsak hotzikara ematen dit eta... Beldurtiegi izango naiz akaso baina... (agertokian ohi bezala ibiliz) Ez, ni ez naiz gogorkeria horiek eramateko gauza; gainera hau ere erdaraz izango litzateke eta... (txokora itzuli eta eseriz) Ez dut berehalakoan asmatuko. Kaka zaharra!

 

(Momentu batez iluna)

 

IDA: Agian, iraganean egin beharrean, istorioa etorkizunean kokatuko bagenu... Hartara ez legoke loturarik, libreago litzateke dena. Eta libreago izango ote da Euskadi geroan...? Eman dezagun baietz. Imajinazioa behintzat libre da! Imajina dezagun beraz, Euskadi independentea dugula etorkizunean... (ameskoi) Zazpi probintziak bat eginik, euskal armada herrikoi bat askatasun hori zaintzeko, euskara denontzako hizkuntza nazionala, aginte osoa duen gobernu eta lehendakari demokratikoak...

 

(Ametsetan hasi denetik itzaliz joan da txokoa eta argituz ezkerraldea: bulego moduko batean LEHENDAKARIA ageri da, jazkera eta abarrak futuristak, baina euskal kutsu nabarmeneko xehetasunekin. Txirrin moduko bat aditzen da—beti ere futurista antzekoa, soinu eta irudi guztiak bezala—eta LEHENDAKARIAk botoi bat sakatzean IDAZKARIAren emakumezko ahotsa entzungo dugu. Horretarako baliapide teknikorik balego, haren burua paretan isladatua)

 

SEK: Lehendakari jauna: Kultur ministrari jaunak ikusi nahi zaitu.

LEH: (urduri; ibiltzeko era berezi samarra du, agerraldi honetako guztiek izango duten berbera) Bai, bai: esaiozu sartzeko, azkar.

IDA: (Off, ahapetik, irrati transmisio batean legez ari da eta hala hitz egingo du gero ere pertsonaien jardunen arteko isiluneetan) Gure lehendakari herrikoia, bere herriaren kulturaz benetan kezkaturik, ikusten duzuenez, kultura baita nazio baten erro eta sustraia, eta hizkuntza bertako guztien bilgune eta lokarri...

 

(KULTUR MINISTRARIA sartzen da)

 

KMI: Eup!

LEH: Eup!

 

(Bien arteko besarkada)

 

IDA: (Off, ahapetik) Ikusten duzue nolako jatortasuna erakusten duten etorkizuneko gure agintariek.

KMI: Milesker hain azkar hartu nauzulako, lehendakari jauna.

LEH: Ez horregatik, badakizu zure saileko arazoek biziki kezkatzen nautela... baina eser gaitezen.

IDA: (Off) Nolako apaltasuna gure lehendakariarena...

KMI: (eseri berria) Izan ere, arazo larriak ditugu bai...

LEH: (adi) Esazu...

KMI: eggetan ejpik porrot egin du, bitak greban hasi baitira bmapbaren igoera eskatzeko.

 

(Ezkerraldeko irudia geldirik, argazki bat bezala geratzen da une batez, Idazlearen Txokoa pizten den aldi berean)

 

IDA: Et-et-et... Garai aurreratu horietako siglakera bat ulertezinak zaizkigu. Gauza bera esanarazi beharko diot ministrariari, baina hitz osoak esanaz oraingoan.

 

(Txokoa itzali eta lehengo keinu berberekin errepikatu bere esan luzatua MINISTRARIAk)

 

KMI: Erdaldun Gogorrentzako Guneetan, Euskalduntze Jatorrerako Plangintza Intentsiboak porrot egin du, Berreuskalduntzeko Irakasle Trebatuak greban hasi baitira Belarri Motzekin Aritzeko Plus Bereziaren igoera eskatzeko.

IDA: (Off, etsita) Dena ere ezin ona izan...

LEH: Eta ehtb?

IDA: (Off) Zer da ehtb?

KMI: Euskara Hutsezko Telebista...? Inork ez du piztu ere egin nahi.

LEH: Uf!

IDA: Ene!

 

(Txirrina)

 

LEH: (botoia sakatuz, bizkor) Bai?

SEK: Segurtasuneko Ministrari Jaunak ikusi nahi zaitu.

LEH: Esaiozu sartzeko.

KMI: Joango naiz edo...?

LEH: Ez, ez, gelditu hemen.

SMI: (sartuaz) Kaixo!

LEH: Kaixo!

 

(Besarkadak)

 

SMI: (kmiri) Kaixo!

KMI: Kaixo!

 

(Besarkadak)

 

IDA: (Off, besarkaden artean) Badira arazoak noski, baina bai jende sanoa, apala eta demokratikoa!

LEH: Eta? Terroristak atxilotu al dituzue?

IDA: (Off, izututa) Hori ere ba al dugu?

SMI: San Migel komandoko bat, jauna. Oraintxe ari dira gure mutilak... interrogatzen.

LEH: Ondo, ondo, orduan hitz egingo du, lehenago edo beranduago.

IDA: (Off) Ai Jesus.

SMI: Baina pintada eta panfleto berriak ere azaldu dira.

LEH: Non?

SMI: Tuteran, Zangotzan, Agoitzen, Txantrean, Lizarran, Elizondon eta Etxarri-Aranatzen, orain artean behintzat.

LEH: Ia Nafarroa osoan! Eta zer diote?

SMI: Betikoa... Fuera vascos imperialistas, Navarra no es Euskadi, Independencia para Navarra, Unete a nsns...

IDA: (Off) Zerdahori?

KMI: Navarros Somos y Navarros Seremos...

LEH: Iparraldeko Vive la France-koak nahikoa ez zirela, orain nafar hauek... Ez al dute ulertzen beraiek direla euskaldunik euskaldunenak...?

KMI: Nafarroa dela Euskadiren mamia eta muina, funtsa eta oinarria, sorleku eta jatorri, ama eta sehaska...

SMI: Horiek ez dute ideiarik ere. Terrorista hutsak dira, kartzelan sartu beharreko hiltzaile arriskutsuak.

KMI: Fanatikoak.

LEH: Kriminalak.

SMI: Mertzenarioak.

KMI: Sarraskijaleak.

LEH: Odolzaleak.

IDA: (dena batera: ezkerraldea itzali, txokoa argitu, bera bapatean zutitu eta indarrez ekin) Ez, ez, ez, ez! Inolaz ere ez (ezkerraldera doala, buruari bi eskuez eutsiz) Hau... hau nere imajinazio gaiztoaren asmakeria hutsa da, ez dakit nondik etorritako txorakeriak. Euskadiren etorkizuna ez da hori, noski, ezin izan liteke (txokora itzuliz, burumakur oraingoan) Baina zer da orduan... ? Nola imajinatu Euskadi askea, gaur arte inoiz izan ez bada...?

 

(Une labur batez iluna eta berriro argia)

 

IDA: (pentsakor) Gaur arte inoiz ez... inoiz ez... Baina... Bai noski (pozez gainezka), izan da. Izan zen. Euskadi izan zen behin batez librea, independentea, Cabraren mutilek Garai okupatu, edo askatu zutenean... Herri txiki batean eta bi orduz besterik ez zen izan baina. Bi ordu... antzerki batek irauten duen adina. Jakina! Hauxe izango dut neure antzerkiaren gaia. Banoa datu bila, oraintxe arte, berehala bueltatuko naiz.

 

oihala