HIRUGARREN TOPAKETA
AUZOTARRA 2
BOABDIL
AMAZONA 1
AMAZONA 2
amazona 2rena egin lezake sukaldariak.
Azkenean sukaldaria agertzeko, irten liteke beste edozein.
boabdil eta auzotarra 2, zaborketari dabiltza, pala eta erratz banarekin.
boabdilek ez dauka kufiyarik ez aberastasun ezaugarririk: Barçako kamiseta bakarrik.
ABESBATZA: (Xenpelarren Iparragirre abila dela…)
Mundua mundu, zerua zeru
pobrea beti da pobre
etorkizunaz amets gozorik
egingo ez banu hobe.
Plazako garbitzaile
edo zikin biltzaile
aterako dut bizia
lanpostu hauxe eman didate:
zaborraren polizia.
AUZOTARRA 2: Aizu, barkatu, zu ez al zara Boabdil?
BOABDIL: Bai, hala naiz.
AUZOTARRA 2: Zer egiten du Granadako erregeak kalea garbitzen?
BOABDIL: Lorezain lanpostu bat zegoen hutsik Alhambran… Al Andaluseko Aldizkari Ofizialean irakurri nuen, eta presentatu egin nintzen. Hamalau mila ginen.
AUZOTARRA 2: Eta, zer gertatu zitzaizun?
BOABDIL: Azken frogan eliminatu ninduten.
AUZOTARRA 2: Ez da egia izango!
BOABDIL: Bai, oso arabiera polita neukala esan zidaten, baina akats batzuk egin nituen ortografian.
AUZOTARRA 2: Izugarria da, lorazain izateko akatsik gabe idaztea eskatzen dute orain!
BOABDIL: Ez, ez, ahozkoan izan zen! Ahozkoan egin omen nituen akats ortografikoak!
AUZOTARRA 2: To! Injustizia berdina munduko bazter guztietan!
Jarraitzen dute lanean, isil.
Zaldi irrintzi batzuk entzuten dira.
AUZOTARRA 2: Eta non egiten zenuen lana lehen?
BOABDIL: Wall Streeten.
AUZOTARRA 2: Zer, operazio txarren bat egin zenuen, ezta? Funts pozoitsuak?
BOABDIL: Ez… Zor batzuk egin nituen, pozik bizitzeko. Oso tristea da zorrik gabe bizitzea.
AUZOTARRA 2: Nik ez dakit zer den zorrik gabe bizitzea.
BOABDIL: Zeinen bizitza alaia izan duzun!
AUZOTARRA 2: Bai, izugarri alaia! Ba al dakizu hemen nola duten izena bankuek?
BOABDIL: Bankuek? Banku.
AUZOTARRA 2: Ez, hemen bankuek kutxa dute izena. Begira hor bertan, Rural Kutxa. Hortik gora jarraituta, Kutxabank. Gorago, Laboral Kutxa.
BOABDIL: Kutxa… trasteak gordetzeko leku itxi bat …
AUZOTARRA 2: Trasteak bakarrik?
BOABDIL: Datilak ere bai, gatza…
AUZOTARRA 2: Hil-kutxa, ez dakizu zer den?
BOABDIL: Bai, badakit hil-kutxa zer den.
AUZOTARRA 2: Ba hemengo bankuek, bizirik sartzen zaituzte kutxan.
BOABDIL: Ba ote? Kartzelak dira hemen orduan bankuak!
AUZOTARRA 2: Zerorrek esan duzu!
Triste banantzen dira, nor bere aldetik, erratza pasatzen jarraitzeko.
boabdil begira geratzen zaio auzotarra 2ri:
zikin inbisibleak biltzen ditu, parodia hutsa da bere lana.
BOABDIL: Aizu, jakin al liteke zer biltzen duzun?
AUZOTARRA 2: Zer ba?
BOABDIL: Erratza mugitzen duzu, biltzearena egiten duzu… Eta lehengo hautsa bera geratzen da plazan.
AUZOTARRA 2: Ixo! Utzi entzuten!
Badoa lasterka ikusle multzo batengana.
Bertaratutakoan, mugimendu berdinak egiten ditu, ezer biltzeke.
BOABDIL: Ez dut ezer ikusten zure palan.
AUZOTARRA 2: Ixo!
Erne, eskua belarrian, urrunekoa entzuteko.
Badoa lasterka ikusle multzo batengana.
Bertaratutakoan, mugimendu berdinak egiten ditu, ezer biltzeke.
AUZOTARRA 2: Ikusi duzu? Ez, ez duzu ikusi. Ezin da ikusi. Entzun egin behar da.
BOABDIL: Salam Aleykum esan eta gaizki begiratzen didate. Nahiago dut ez entzun zer esaten duten nitaz.
AUZOTARRA 2: Ni, zabor intangiblea biltzeko nago.
BOABDIL: Zabor intangiblea… Zer da zabor in-tan-gi-blea?
AUZOTARRA 2: Zabor ikusezina, zabor mentala…
BOABDIL: A, ulertu dut! Vladímir Vladimírovitx Puttinentzat egiten duzu lana.
AUZOTARRA 2: Eeeeez! Hitzaren birziklatze prozesurako ari naiz lanean.
BOABDIL: Ederki… Jakin al liteke zer bildu duzun oraintxe?
Pala jasotzen dio belarrira.
AUZOTARRA 2: Entzun!
AUZOTARRA 1: (belarria palara hurbilduz, jendeari errepikatzen dio entzuten omen duena)
Gu beti izango gara minoria bat…
Epel hauek ez dute ezer egingo…
Ni leihoz leihokoaren alde nago…
Pintxo onik ez dago inon…
Bizikletan ez ibiltzeko eskubidea daukat…
Hondartza aspergarria da…
Ni ez naiz donostiarra…
AUZOTARRA 2: Hori dena zabor mentala da, zabor espirituala… Birziklatu egin behar da!
Badatoz karrosakoak, eta zaku batean sartzen dute auzotarra 2k botatzen dien zikinkeria mentala.
Zaldi irrintziak ostera.
ABESBATZA: (Iparragirreren Zibilak esan naute…)
Hizkuntza bakarrean
zenbat hitz desberdin
belarriak garbitu
zaborrari ekin.
Denok bat e'in dezagula
zuzen eta herren
eskola eman digute
Sagasti Ederren!
amazona 1 eta amazona 2 azaldu dira.
Ez dute gonarik erabiltzen, jinete jantzian datoz, beren zartailu eta guzti.
auzotarra 2 haiengana doa disimuluz.
boabdil ere bai, geldoago.
bisitariok oso erne begiratzen dute inguruan, eraikinetara eta hiri altzarietara…
AMAZONA 1: Hauxe dugu, beraz, Sagasti Eder printzesaren plaza.
AUZOTARRA 2: Ezin da, ez dago historikoki frogatua.
Ez diote begiratu ere egiten. Publikoari mintzo dira.
AMAZONA 1: Historikoki frogatua? Zer dago historikoki frogatua? Eneko Haritzaren ezkurrak?
AUZOTARRA 2: Eneko Haritzarenak ez ziren ezkurrak! Intxaurrak ziren, intxaurrak!
Ez diote begiratu ere egiten. Publikoari mintzo dira.
AMAZONA 2: Sagasti Eder printzesa, Antxo Handiaren alaba, Nafarroako eta Bizkaiko erregina izan behar zuena.
AMAZONA 1: Napoleonek amorante hartu nahi izan zuena!
AMAZONA 2: Del Burgo zaharrak moja sartu nahi izan zuena!
AMAZONA 1: Urralburuk usteldu nahi izan zuena!
AMAZONA 2: Patxi Zabaletak….
AMAZONA 1: Ixo! Vardulia traidorean gaude! Kontuz ibili behar dugu.
AMAZONA 2: Sagasti Eder plaza bat Vardulia traidorean hiriburuan! Ez al da zo-ra-garri-a?
boabdilek lan egiteari utzi eta kokotsa erratza gainean duela emakumeen jardunari erreparatzen dio.
AMAZONA 1: Hau izango da gure plaza gotorra Vardulia traidorean.
AUZOTARRA 2: Plazandreok kakoan utzi dute gona.
AMAZONA 1: Eta ideia bat kaskoan etorri gara hona.
AUZOTARRA 2: Zuek ideia, eta nik testosteroná.
Badator boabdil zikinkeria mental hau jasotzera.
AMAZONA 2: A, gizajoa! Nongoa ote zen hire amona!
AMAZONA 1: Honi errazio doblea eman zioten astazakilen hormona.
auzotarra 2k ez daki nola jarraitu errima lehian.
Urduri, telefonotik deitzen du.
AUZOTARRA 2: Amets Arzallus?...
AMAZONA 2: E, hori geurea da! Eten segituan.
Obeditu egiten du, kikilduta.
Telefonoa markatzen du…
AUZOTARRA 2: Maialen? Maialen Lujanbio?...
AMAZONA 2: E, hori ere geurea da!
Obeditu egiten du, are kikilduago.
Telefonoa markatzen du…
AUZOTARRA 2: Joxe Manuel? … Lujanbio, Joxe Manuel Lujanbio. … Txirrita, horixe! … A, ez? Barkatu, barkatu. Gaizki sakatuko nuen.
Itzali egiten du, nolako porrota.
boabdili eskatzen dio laguntza…
Ezin diozu deitu Angela Merkeli? Edo Michelle Obamari?
BOABDIL: A, lankide tobaritx, mai friend, mai broder! Ni ez naiz jadanik Boabdil!
AUZOTARRA 2: Ez?
BOABDIL: Ni Mohamed naiz.
amazonak, bitartean, sukaldariak ekarritako kartoi triangeluak jango dituzte estilo sofistikatuan.
AUZOTARRA 2: Mohamed?
BOABDIL: Fartsa guztietako arabiar ergela.
AUZOTARRA 2: Etorkin ilegala?
BOABDIL: Oker guztien susmagarria! Errudun ideala!
AUZOTARRA 2: Eta Aladinoren lanpararen bat ere ez daukazu, sikiera?
BOABDIL: Esan dizut, zu bezalako ergel bat naiz.
AUZOTARRA 2: Noski, noski…! Zeeer? Zer esan duk?
Mehatxu egiten dio erratzarekin, eta itzuli batzuk egiten dituzte bata bestearen atzetik, nekatu eta elkar besarkatu arte.
AMAZONA 1: Ez baldin badakizue, jakin ezazue gu segako ordezkariak garela.
AUZOTARRA 2: Hau miseria, hau miseriaren beltza! Hau bertsolaritzaren miseria!
BOABDIL: Sega esan du. Euskal gillotina da hori.
AUZOTARRA 2: Sega, esan duzu? Horixe behar dugu! Ideia ona! Lau mila lepo ordu betean!
AMAZONA 1: sega, Sagasti Ederren Gorteko Amazonak.
Karrosatik, badatorrela, interpelazioa.
KARROXA: Sega? Itxaron, itxaron hortxe!
Heldu dira.
Liburutzar bat kontsultatzen du karrosakoak.
Ea, kontsulta dezadan… se, se, se… Hemen ez da ageri sega elkarterik! Ez zaudete alta emanda.
AMAZONA 2: Alta emanda? Probintziano ez bertzea! Alta emanda zakurrak egoten dira.
AMAZONA 1: Guk geure legalitatea dugu.
AMAZONA 2: Forala, korala eta morala.
auzotarra 2 eta boabdil, horrelako hitzak entzunda, zabor morala biltzera datoz, bere mugimenduak egiten dituzte amazonen inguruan.
Berdin jokatuko dute hemendik aurrerako pasarteetan, komeni denean.
amazona 1ek Koldobika Jauregiren monolitoari begiratzen dio erne…
AMAZONA 1: (zartailua auzotarra 1engana noratuz) Zu, probintziano ez bertzea, zatoz.
Hurbiltzen da auzotarra 1, ikarati, erratza jasoz badaezpada, zartailuaren zigorkadak ekiditeko edo.
Zer da hura?
AUZOTARRA 1: Guk ez genuen jarri, udalak jarri zuen….!
AMAZONA 1: Udalak paratu zuen, baina zuek ez duzue bota!
AMAZONA 2: Erran, zer egiten du sinbolo faliko horrek hor!
boabdilek barre egiten du bare kolkorako, istilutik urrun.
AUZOTARRA 2: Baina… Baina… Guk ez genuen uste hori…
AMAZONA 1: Zuek ez zenuten uste, baina sasian masuste.
AMAZONA 2: Sinbolo falikoak hemen, Sagasti Eder printzesaren plazan!
AUZOTARRA 2: (urduri) Baimena behar da, eta baimena lortzeko Gobernu Batzaren gehiengoa lortu behar da, eta udal araudiaren arabera, gainera…
BOABDIL: (publikoari) Printzesa esan du, Sagasti Eder printzesa. Ni Granadako Erregea nintzen garaikoa!
AMAZONA 1: Hori suntsitu egin behar da berehala!
AUZOTARRA 2: Suntsitu?
AMAZONA 2: Birrindu, txikitu, porrokatu!
AMAZONA 1: Lurrarekin berdindu!
ABESBATZA: (Iparragirreren Zibilak esan naute…)
Goizean jaiki eta
joan zaigu izeba
ederki zorroztuta
eraman du sega.
Erresumatik irtenda
jo du probintzira
Vardulia biltzeko
bere iritzira.
KARROXA: Barkatu, baina Sagasti Eder ez da printzesa, baserri baten izena da.
AMAZONA 1: Hain zuzen! Baserri hori Sagasti Eder printzesaren gaztelua zen!
AMAZONA 2: Non da baserri hori!
KARROXA: Bota egin zuten!
AMAZONA 1: (publikoari) Bota egin zuten, Sagasti Ederren gaztelua!
KARROXA: Ez, Sagasti Eder baserria bota zuten.
AMAZONA 1: Nafarroaren konkistak jarraitu egiten du! Vardulia beti traidore!
KARROXA: Hementxe: Sagasti Eder. Caserío.
amazona 1ek kendu egiten dio liburutzarra.
AMAZONA 1: (publikoari) Sagasti Eder. Caserío. Arrasado por expropiación del Ministerio de la Vivienda... Zer erran nahi du horrek? Zer erran nahi du?
AMAZONA 2: (publikoari) Etxeak egiteko bota zutela baserria!
AMAZONA 1: (publikoari) Sagasti Ederren gaztelua zena!
AMAZONA 1: (publikoari) Bi mila deabruren kiratsa! Konturatzen al zarete non bizi zareten?
AMAZONA 2: (publikoari) Etxebizitza Ministerioak suntsitu zuen gure printzesaren gaztelua zuei etxebizitzak eraikitzeko!
AMAZONA 1: (publikoari) Inbaditzaileak zarete!
Horrelakoak errepikatuz, zartailuekin joka bezala egiten diete karrosakoei, alde eginarazteraino…
Bitartean boabdil telefonoz, auzotarra 2k harrituta begiratzen diola.
BOABDIL: Florentino, amigo, laguna, bihotzeko aurkaria, jauntasunaren eta joko garbiaren lehendakaria! … Aspaldikoa … Zer moduz mesetan? … Eta Ronaldo? … Eta Bale? … Eta Benzema?... Eta Casillas, zer moduz Casillas? … Ongi, ongi … Begira, badaukat negozio bat … Oso negozio segurua … Sinbolo zatar bat bota eta jauregi bat eraikitzea … Qatar estiloan, bai, printzesa baten jaiotetxea izan behar du, eraikuntza internazionala! … Qatar dago atzean, bai … Baldintzak ikusiko ditugu datorren astean … Non esan duzu? … New Yorken? Ez, hor ezin dut azaldu. … Ados, Txistu jatetxean orduan.
auzotarra 2, buruari hazka eginez, amazonengana.
AUZOTARRA 2: Barkatu baina, pentsatzen egon naiz…
AMAZONA 2: Seguru?
AUZOTARRA 2: Zer egiten zuen hemen Nafarroako Erregearen alabaren gaztelu batek? E? Nor da inbaditzailea?
AMAZONA 1: Baina zer diozu! Nafarroako Erresuma zen Gipuzkoa osoa!
AMAZONA 2: Eta Frantzia erdia!
AUZOTARRA 2: Bizkaiko Golkoa ere bai?
AMAZONA 2: Pirinioetako Nafarroa, Kantauriko Nafarroa eta Erriberako Nafarroa, horra Nafarroaren hiru puntu kardinalak.
BOABDIL: Barkatu, baina puntu kardinalak lau dira.
AMAZONA 2: Kardinalak Vatikanora! Eta puntuak zure buruko pitzaduran!
AMAZONA 1: Lasaitu gaitezen… Ni ere pentsatzen egon naiz…
BOABDIL: (publikoari) Historia eraiki behar da! Eraikuntza! Eraikuntza internazionala!
AMAZONA 1: Sagasti Eder suntsitu egin zuten. Baina geratuko dira nonbait sagastiak.
AUZOTARRA 2: Sagastirik ez dago, ez sagasti ederrik ez sagasti itsusirik.
AMAZONA 2: Intxaurrondoak landatu dituzue sagarrondoen ordez!
AUZOTARRA 2: Ez, intxaurrik ere ez daukagu.
AMAZONA 2: Nola liteke! Taberna hark, Intxaurdi du izena!
AUZOTARRA 2: Gure intxaurrondo galduen omenez. Eta Sagasti Eder, gure sagasti eder galduen omenez ipini genion plazari.
AMAZONA 1: Hitzetan bizi zarete!
BOABDIL: Baina hitz birziklatutan, aizu.
sukaldaria erdira.
SUKALDARIA: Intxaurra eta Sagarra, konbinaketa berria! Interesgarria! Interesgarria benetan! Fruta berri bat: sagarrintxaurra!
Telefonoa sakatuz:
Patenteak eta markak? Bai, denominazio bat erregistratu nahi nuke…
AMAZONA 1: Begira zuen memoria zertan den: hidrogenoz egindako fruitu bat.
AMAZONA 2: Zementuz betetako plaza bat.
AUZOTARRA 2: Intxaurrondo Zahar, han behean dago!
BOABDIL: Nortasun berri bat da gurea.
AUZOTARRA 2: Haiek intxaurrondo, gu sagasti.
BOABDIL: Haiek trena, guk metroa.
AUZOTARRA 2: Barkatu, topoa.
BOABDIL: (publikoari) Entzun intxaurrondotarrok, Alam Saleykum! Intxaurrondotarrok, zernahi duzue nahiago, Alderdi Eder ala Sagasti Eder?
JOKARI GUZTIAK: Esan, publiko maitea, entzule zoragarriok! Zer duzue nahiago, Alderdi Eder ala Sagasti Eder?
ABESBATZA: (Hegoak ebaki banizkio…)
Nafarroan sortu da printzesa
lo luzeko ametsa
tramankulu traketsa
Sagasti Eder
gure plazako erregina
gezurrak
birziklatuz egina.
Espero genuen amazona
Nafarroako madona
guztion zoriona
Sagasti Eder
zara eta izango zara
zu beti
Intxaurrondon printzesa
Badator sagasti eder, San Joan sutarako panpina bezalakoa, karroxan.
Sagar tarta puskak, intxaurrak, ziririkuak, confettiak, txaranga…
Erregina ipini eta neska-mutildantza edo antzeko zerbait.
dantzariek, behar izanez gero, egin dezakete, fartsaren hainbat unetan, segurtasun kordoiaren papera biribilean dantzatuz…