BIGARREN TOPAKETA
AUZOTARRA 1
AUZOTARRA 2
BOABDIL
sukaldaria bazter batean arituko da, mahaitxo batean, janariak manipulatzen.
Tarteka, jesarri egingo da: ura edan, intxaurrak hautsi, antzerkia jarraitu…
Intxaurrak emango dizkie ikusleei, eta bestelako jatenak: mingain errebozatua, esaterako (Robespierrerena, suposatzen da).
auzotarra 2, lehen egintzan bezala, gauza ikusezinak biltzen ibiliko da erratzarekin eta palatxoarekin noizean behin.
jekea, aberastasun ezaugarriak eraztunez eta horrelakoz.
Eraman ditzake eguzkitarako betaurrekoak ere, noizean behin kopetara eramanez zer edo zer hobeto ikusteko eta abar.
ABESBATZA: (Xenpelarren Iparragirre abila dela…)
Batzuek barre, besteak irri,
hauxe da ikusgarria
mozkortzen ez gaituen sagardoz
kentzen dugu egarria.
Hemen dator jekea
bidean zer nekea
andre gazte baten bila:
urriarekin aspertu eta
orain nahi du apirila.
Jendea zain, ez dator inor… bateren baten zain daude aktoreak!
auzotarra bat eta auzotarra bi batera eta bestera…
karrosakoak ere bai, argazkiak ateratzen eta abar…
Telefonoak erabili… (lehen egintzaren hasierako urduritasun berdina).
Bitartean aurreskua jotzen txistularia, eta dantzaria dantzan.
AUZOTARRA 2: Koberturarik ez!
AUZOTARRA 1: Euskotren defizientziaz betea dago!
AUZOTARRA 2: Agian Zarategitik irten da Sagasti Ederrera etorri gabe!
AUZOTARRA 1: Ez, kartela ipinia dago: Antzerkia hemendik, eta gezi bat marratua Sagasti Ederrerako eskaileretara.
Telefono batek jo du. Norena ote den, konfusioa.
AUZOTARRA 2: Salam Aleykum! Non zaude ba? Non?
Metroaren sarrerarantz abiatzen dira tarrapataka, baina han ez da inor ageri.
Beste aldetik dator boabdil: itxura bikaina dauka, bere jantzi arabiar dotorearekin.
Benetako jekea dirudi. Lepoan dakar pelestindarren kuffia.
BOABDIL: Jainkoak egun on dizuela!
Lasterka berarengana dantzaria eta txistularia.
Aurreskuaren azkenera heldu da. Berak ere makurtzen du burua, eskertuz.
Poltsa bat ateratzen du, eta poltsatik urrezko txanpon mordoa: txistulariari eta dantzariari ematen die.
Lore sorta bat ematen diote. Asko estimatzen du boabdilek.
Ondoren, erregeren tronua balitz bezala, karrotan ibiliko dute.
Publikoan dauden emakumezkoen artean banatzen ditu loreak boabdilek bere karrosatik, "Salam Aleykum, emazte maiteok!" koipetsu esanez.
Bitartean, dantzaria, axolagabe, txanponak zabaldu eta barruko txokolatea jaten hasi da.
txistulariak haserre egiten dio, jendearen aurrean halakorik ez egiteko adieraziz.
BOABDIL: Salam aleykum!
Salam aleykum, intxaurrondotarrok!
Salam aleykum!
IKUSLEEK: Salam aleykum!
BOABDIL: Zuek intxaurrondotarrak eta intxaurrik gabe, gu arabiarrak eta petroliorik gabe: zuek eta gu, intxaurrondotarrak eta arabiarrok, senideak gara, anai-arrebak gara.
AUZOTARRA 1: Baina guk ez daukagu intxaurdolarrik, ez sagardolarrik.
AUZOTARRA 2: Pobre bizi gara, Boabdil. Tristura handian bizi gara.
AUZOTARRA 1: Zorrez beteak gaude.
BOABDIL: Hori ez da posible! Zorrez beteak eta triste! Tristea, zorrik gabeko bizitza da! Kreditu berria eskatu behar zenuke, alaitasun pixka bat izateko!
AUZOTARRA 2: Barkatu, Boabdil, erabaki al duzu Meskita non egin?
BOABDIL: Ni ere pobrea naiz, ez pentsa.
Txalo jotzen du.
Bere zerbitzaria azaltzen da.
Astotxo bat dakar (kartoizkoa da, pirrilen gainean dabil).
boabdilen aurrean utzi eta badoa burumakurtu batzuk eginez.
BOABDIL: Hauxe izan da nire rolls royza.
AUZOTARRA 1: Honekin etorri al zara honaino?
BOABDIL: Israeldarrek jan zidaten asto zaharra, bide guztiak zekizkiena.
AUZOTARRA 2: Eta honen gainean iragan duzu basamortua? Eguzkipean?
BOABDIL: Ez, gerizpean etorri naiz bide osoan, gerizpean eta inork ikusi gabe.
AUZOTARRA 2: Ez da sinestekoa!
AUZOTARRA 1: Basamortuan inor bizi al da ba?
BOABDIL: Lehendabizi Gazara, eta gero palestinarrek egindako Gazako tuneletik Intxaurrondoraino zuzen, Euskotrenen tuneletan barrena. Gu tuneleko gizakiak gara, arabiarrak eta euskaldunak. Elkar ulertzera kondenaturik gaude: hala nahi du Alahk.
AUZOTARRA 1: Gu ez gara arabiarrak, gu berbereak gara.
BOABDIL: Berbereak, barbaroak. Jatorriz aldatzea komeni zaizue.
AUZOTARRA 2: Aizu, Boabdil, ez al duzu esan israeldarrek jan zizutela bidea zekiena?
BOABDIL: Bai.
AUZOTARRA 2: Baina asto berriak ere ekarri egin zaitu.
BOABDIL: Berak ni ekarri baino, nik ekarri behar izan dut gehiagotan. Ez duzu ikusten kartoizkoa dela?
AUZOTARRA 1: (publikoari) Motza izan behar du batek, kartoizkoa dela ez konturatzeko!
BOABDIL: Oso asto praktikoa da: ez du arrantzarik egiten. Isilean etorri naiz. Israeldarrek ezin izan naute harrapatu.
AUZOTARRA 2: Asto guztiak Intxaurrondora datozela badakigu… Ikusi, belarrik gabe utzi gaituzte. Zementu hutsa.
BOABDIL: Hala nahiko du Alahk. Edo Tel-Avivek, auskalo.
AUZOTARRA 2: Beraz, meskita bat eraiki nahi duzu hemen, gu musulman bihurtzeko.
BOABDIL: Proiektu asko dauzkat.
Jendearen aurrean paseatuz, txilabaren azpian daukan Barçaren kamiseta erakusten du, harro: "Qatar Foundation".
auzotar biak, "Qatar Foundation" ikusirik, txundituta geratzen dira.
AUZOTARRA 1: Ka-tar fo-un-da-tion!!!
AUZOTARRA 2: Kátar fundeíxon!!!
AUZOTARRA 1: Atletismoko pistak kenduko dituzu Anoeta Stadiumean?
AUZOTARRA 2: Kontxa pribatizatuko duzu?
AUZOTARRA 1: Meskita bihurtuko duzu Tabakalera?
BOABDIL: Ikusiko dugu. Proiektu asko dauzkat. Bilera sekretu bat daukat bihar progibelekin.
sukaldariak, mahaiko lanak utzita.
SUKALDARIA: Progibel… Gibelaren aldeko elkartea! Zer ideia ona! Ni gibelaren profesionala naiz!
Badator boabdilengana bera ere.
AUZOTARRA 1: Progibel?
AUZOTARRA 2: Zer da hori?
BOABDIL: Provisional Government of Igeldo.
SUKALDARIA, AUZOTARRAK: Zeeer?
BOABDIL: Igeldoko Gobernu Probisionala. Klandestinoa da oraindik, baina Igeldoren aldeko botoa emango dugu arabiarrok Nazio Batuen hurrengo Batzar Nagusian.
SUKALDARIA: Hau miseria, hau miseriaren handia! Hau tomate hidroponikoaren geza!
BOABDIL: Erabaki estrategikoak hartuko ditugu. Zumalakarregi jeneralak zuzenduko du bataila guztien ama. Fronte berri bat irekiko du Igaran seguru asko, Antigua bizkarretik okupatzeko. Hondartza behar du Igeldok.
Emakumezkoak karrosarekin, panfletoak banatzen publikoari: "Poligamia, emakumearen esklabotza".
boabdili ere ematen diote. Irakurri egiten du.
BOABDIL: Hau eta arraioa! Profetaren izen garbia zikintzen!
Melodia arabiar bat. boabdilen telefonoa da, joka.
Ateratzen du telefonoa noizbait.
BOABDIL: (zenbakia ikusirik) Obama! Mai friend! Mai broder! Jaguar yu, Obama?
Batetik bestera doala bere Barçako kamiseta erakutsiz.
... Eta zure emaztea? … Oraindik haserre? … Eta zure alaba nagusia? … Eta zure alaba gaztea? … Eta gurasoak, ondo beti? … Eta… Bai zera! … Larria da, bai! … O, ez, hori ezin dut! … Beri beri beri zaila dago Siriako gatazka … Ba niri israeldarrek astoa jan zidaten lehengo astean … Ezin duzula ezer egin? … Guk, lehen, kartoia ematen genien astoei jateko … Entzun, entzun Obama, mai broder, entzun ongi: lehen kartoia ematen genien astoei jateko, eta orain astoak egin behar ditugu kartoiarekin!
Haserre, eten egiten du komunikazioa.
Lehengo lekura doa sukaldaria, bere buruarekin hizketan.
SUKALDARIA: Kartoia, izan ere, frijitu egin liteke, egosi egin liteke, gordina ere samurra da, eta inprimatu egin liteke… "Jan nazazu nik jango zintudan bezala"… Interesgarria, txit interesgarria… Zintudan edo zintuzkedan?
Bere lan-mahaira doala, boabdilen astoa hartu eta eraman egiten du.
Ongi lotu eta labana zorrozteari ekiten dio.
Geroxeago, astoa desagertu egingo da…
ABESBATZA: (Iparragirreren Zibilak esan naute…)
Jekeak behar gaitu
egin musulmanak
fede berrian gaude
sendo hitz emanak.
Asto guztiak ez daude
Igeldoko erroldan:
kartoia jatea 're
jarriko da modan.
BOABDIL: Zertan ginen?
Oraindik eskuan daukan papera seinalatzen dute auzotarrek.
AUZOTARRA 1: Zenbat emazte dituzu zuk?
AUZOTARRA 2: Zer egin behar nuke musulmana izateko?
BOABDIL: (papera kopetara eramanez, bisera) Eta hori?
AUZOTARRA 2: Zer hori!
BOABDIL: Horko menhir berezi hori.
AUZOTARRA 2: A, ezetz asmatu zer diren menhir horretakoak!
BOABDIL: Nik esango nuke… Nik esango nuke horko horiek ez direla zaldi-hankak!
AUZOTARRA 2: Ez, ez dira zaldi-hankak
BOABDIL: Behor-hankak direla esango nuke nik!
AUZOTARRA 2: Ez ba, ez duzu asmatu!
BOABDIL: Orduan, ez dakit zer izan litezkeen.
AUZOTARRA 2: Horko horiek, asto-hankak dira!
BOABDIL: Asto-hankak!!! Ez da egia izango…!
AUZOTARRA 2: Bai.
AUZOTARRA 1: Egia berdaderoa. Mahomaren erlijioa bezala.
AUZOTARRA 2: Basamortuan kartoia jaten zuten astoen omenez egina da!
BOABDIL: Alahren bideak Euskotrenarenak baino bihurriagoak dira!
AUZOTARRA 1: Zenbat emazte eduki lezake musulman batek?
BOABDIL: Zenbat amorante eduki lezake kristau batek?
AUZOTARRA 2: Oroitzen, Boabdil, Orreagako batailan, nolako julipa eman genien nafarrok eta arabiarrok bat eginda, kristau energumeno haiei?
Telefonoak jotzen du, lehengo melodia arabiarrarekin.
BOABDIL: (zenbakia ikusiz) Vladímir Vladimírovitx Púttin! ! Mai friend! Mai broder! Jaguar yu, Púttin, tobáritx?
Batetik bestera, goraki hitz eginez, jendearen aurrean nabarmen, tarteka txilaba zabalduz "Qatar Foundation" erakusteko:
... Pozten naiz. Eta zure nobiak? … Oraindik horrela? … Eta zure ama maitea? … Eta zure aita beneragarria? … Eta arreba disidentea, ondo beti? … Eta… Bai zera! … Lan du sinesteak! … Utzi hori nire kontu! … Igeldoren aldeko botoa segurtatua dago! … Obama deika ari zait, bai … Zu lasai! … Aizu, entzun Vladímir, mai fiend, mai broder, tobáritx: ezagutzen Intxaurrondo? … Zure zerbitzu sekretuak ez dute ongi turulatzen, Vladímir! … In-txaurr-on-do, Basque Country, muino estrategikoa, Eroski aireportua … Independentzia nahi dute, Igeldok bezala … Bai? … Asko eskertzen dizut … Kontuan edukiko dut … Txao, Vladímir. Besarkada.
denak harri eta zur, noski.
AUZOTARRA 2: Zuk nondik atera duzu…?
BOABDIL: Nola ez nuen ahalegina egingo zuen alde, zuek, intxaurrondotarrok, beduinoaren asto zintzoak munduan daukan monumentu bakarra eginda gero?
auzotarra 1 tekla zapaldu eta zapaldu ari da mugikorrean.
AUZOTARRA 2: Zer ari zara?
AUZOTARRA 1: Mao Tse Tuni deika ari naiz, baina ez du hartzen.
AUZOTARRA 2: Zertarako behar duzu Mao Tse Tun?
AUZOTARRA 2: Txinak betoa jarriko duen jakiteko.
Ahaleginean segituko du, alferrik.
BOABDIL: Púttinek esan du aztertuko duela zuen eskaera. Lanean jarriko ditu diplomaziaren zerbitzu zikinak.
AUZOTARRA 1: Baina zuk uste duzu Púttin…?
BOABDIL: Zor dizkit fabore batzuk.
AUZOTARRA 1: Hau miseria! Hau miseriaren handia! Hau intxaur ustelaren nazka!
BOABDIL: Zer duzu ordea?
AUZOTARRA 2: Izan ere, guk….
AUZOTARRA 1: Guk ez dakigu zer garen gu!
BOABDIL: Erabakitzeko eskubidea duzue: intxaurrondo ala sagarrondo.
AUZOTARRA 1: Bietan ondo.
AUZOTARRA 2: Gu, zer gara, eh? Altza ala Egia?
AUZOTARRA 1: Gezurra ez behintzat.
BOABDIL: Intxaurrondo bazarete, zertarako izan behar duzue beste ezer? Leninek ez al zion independentzia eman Astigarrari? Astigarra astigarra baldin bada, zergatik ez da izango Intxaurrondo intxaurrondo?
AUZOTARRA 1: Egia da!
AUZOTARRA 2: Altzak ez du palmondoa izan nahi!
AUZOTARRA 1: (zeruan ikusiko lukeen titulua irudikatuz eskuarekin) Islamik Republik of Intxaurrondo… Hau intxaur-saltsa jarri diguzuna, Boabdil!
ABESBATZA: (Iparragirreren Zibilak esan naute…)
Boabdilek esan du
egia galanta
zuztarretik kenduta
gezurraren planta:
Hemengotarrak gara 'ta
ez beste inongo:
enbor bereko adarra
beti Intxaurrondo!
sukaldaria bandeja batekin,
jendeari eskaintzen.
SUKALDARIA: Kartoi triangelu kurruskariak, Kartoi triangelu kurruskariak Rifeko mendabelarrarekin!
AUZOTARRA 1: Zer uste duzu zuk, astoak garela kartoia jateko?
SUKALDARIA: Hobe guk jatea kartoia, bestela gu baino hobeak hasiko dira egiten kartoiarekin.
AUZOTARRA 1: Nondik atera duzu jaki hau?
AUZOTARRA 2: Alegia, nondik atera duzu kartoia?
SUKALDARIA: Alahren bideak Euskotrenarenak baino bihurriagoak dira.
BOABDIL: Egia handia da hori!
Dastatu egiten du triangelu bat, eskultura aldera begiratzen du.
BOABDIL: Horiek, asto-hanka horiek, asto emearen hankak dira! Halako dotorezia, halako fermutasuna, hori, emetasunaren ezaugarriak dira! Emakumea, izan ere…
Musu ematen dio panfletoari.
Musua izan ote den edo musua garbitzeko erabili duen, ikusle bizkorrek erabakiko dute.
Feministek behintzat, bolak egiten hasi dira panfletoekin…
BOABDIL: Aizue, eta nire astoa, non dago? Non dago nire astoa?
Eztulka hasten dira denak, triangeluak kontrako eztarrira joanda.
Panfleto-bolak botatzen dizkiogu ikusle guztiok boabdili…
BOABDIL: Salam Aleykum emazte maiteok, Salam Aleykum…!
Badoa ihesi, sukaldariak eta auzotarrek babesten dutela.
ABESBATZA —1' 40"—: (emakumezkoak bakarrik, Hegoak ebaki banizkio…)
Intxaurrak apurtu banizkio
hantustea adio
arrak gutxi balio
baina horrela
ez zen gehiago senarra izango
eta nik
asto lana egin behar
Intxaurrak apurtu banizkio
hantustea adio
arrak gutxi balio
baina horrela
ezingo nion errieta eman
eta nik
isilik egon behar