LEHENENGO TOPAKETA
AUZOTARRA 1
AUZOTARRA 2
SUKALDARIA
karrosa (aulki pirriladuna), taxi lanak egiteko
sukaldaria, emakumezkoa da.
auzotarra 1, tarteka, beti eskuan edukiko dituen pala eta erratza baliatuz, zikinkeria ikusezinak biltzen arituko da.
Behar izanez gero, aldian behin karrosa (aulki gurpilduna) azalduko da auzotarra 1ek bildutako zabor ikusezina biltzera.
ABESBATZA: (Xenpelarren Iparragirre abila dela…)
Heldu da eguna, heldu da ordua
dastatzeko intxaur fartsa
natarik ez du baina badauka
pipermina eta gatza.
Zatoz gure plazara
damutuko ez zara
alai zazu aurpegia:
algara batek bereizten ditu
gezurra eta egia.
jendea marmarka, ez dator inor… bateren baten zain daude aktoreak!
auzotarra 1 eta auzotarra 2 batera eta bestera…
karrosakoak ere bai, argazkiak ateratzen eta abar…
Telefonoak erabili…
AUZOTARRA 1: Koberturarik ez!
AUZOTARRA 2: Koberturarik ez, hemen? Nola ez dugu edukiko koberturarik plaza agerian!
AUZOTARRA 1: Hemen bai! Santimaminen daude koberturarik gabe!
AUZOTARRA 2: Santimaminen?
AUZOTARRA 1: Azpi horretan!
Telefono batek jotzen du. Norena ote den, konfusioa.
AUZOTARRA 1: Egunon bai! Non zaude ba? Non?
Oihu batzuk jendearen atzetik, metroaren sarreran
SUKALDARIA: Hemen naiz! Hemen! kaixo, morroiok!
Badator jokalekura.
Bere lanbideko jantzian, kapelu eta guzti.
Laban handi bat dakar gerrian, Donostiako danborradako zurezko tresnen estilokoa.
SUKALDARIA: Brrr! Hotza egiten duela azpi horretan!
AUZOTARRA 2: Santimaminen hotz handiagoa egiten zuen, gogoratzen zara?
SUKALDARIA: Ni ez nintzen Santimaminen bizi, ni Landarbason bizi nintzen.
AUZOTARRA 2: Euskaldun epela!
SUKALDARIA: Intxaurrak behar ditut.
AUZOTARRA 1: Leku ederrera azaldu haiz…
SUKALDARIA: Intxaur naturalak, biointxaurrak, eta jator esateko, "Intxaurrondoko intxaurrak". Adarretik mahaira.
AUZOTARRA 1: Hemen, egia esan…
AUZOTARRA 2: Hemen adarrak egongo dira nonbait, baina…
SUKALDARIA: Hau ez al da Intxaurrondo?
AUZOTARRA 1: Hego Intxaurrondo edo Polloegaina.
SUKALDARIA: Ez zait interesatzen Polloe.
AUZOTARRA 1: Txurkoeneko baratzea. Baratze hobeagorik!
SUKALDARIA: Hezurrak eta haragi ustela…
AUZOTARRA 1: Baita harrak ere, Txinan harrak jaten dituzte
SUKALDARIA: Emeak ere bai. Kontuz mingain hori!
AUZOTARRA 1: Beste zerbait asmatu beharko duzu, hemen ez dago intxaurrik.
SUKALDARIA: Tira, ikus ditzagun intxaurrondo horiek! Intxaurrondoak edukiko dituzue Intxaurrondon, ezta?
AUZOTARRA 1: Trenak jan zituen Intxaurrondo zaharrean.
SUKALDARIA: Ez da posible!
AUZOTARRA 1: Eta Hego Intxaurrondon genituen apurrak metroak jan ditu. Zuztarretik gainera. Hain zuztar luzeak zeuzkaten intxaurrondo haiek… Batere gabe utzi gaituzte.
SUKALDARIA: Hau miseria, hau miseriaren beltza, hau bertsolaritzaren miseria!
AUZOTARRA 1: Sukaldaritzaren miseria esan nahiko zenuen noski.
SUKALDARIA: Nola, zer duzu zuk gure kontra?
AUZOTARRA 1: Entzun, sukaldari anderea: hainbeste injustizia pairatu behar izan dugu…
AUZOTARRA 2: Intxaurretaraino gaude!
AUZOTARRA 1: Hemen ez da arazoa konponduko gillotina bat jartzen ez badugu.
SUKALDARIA: Hummm! Interesgarria. Sukalde tresna interesgarria izan liteke gillotina.
AUZOTARRA 1: Gillotina hementxe, plaza honetan bertan!
ABESBATZA —40"—: (Iparragirreren Zibilak esan naute…)
Ogiak mantentzen du
anitz lepogizen
gure kalte askoren
zuztarra hori zen.
Laster dugu ekarriko
Andre gillotina
botikarik onena
kentzeko zotina!
Gillotina aipatutakoan, telefonoa hartu eta :
AUZOTARRA 1: Aloh? Robespierre, sil bu plé?
Telefonoa tapatuz, jendeari:
Asanbladan dago, hau beti dago asanbladan.
Telefonotik, ozenki, batetik bestera mugituz:
Robespierre? Içi Prakagorri! Pra-ka-gorri. Hi, edukiko duzue hor nonbait gillotina zaharren bat… Nola? Denak okupatuak? … Beraz, ez duzuela iraultza esportatu nahi … E, guk ongi ordainduko genuke: jeke bat espero diagu laster, finantzatuko digula esan ziguk… Iraultza finantzatu, bai … Ongi, iraultza herrialde bakarrean orduan … Troskista, ni? Hi estalinista! … Aditu al duk? Aditu al duk? … Robespierre? Robespierre? Robes…
Publikoari:
Lepoa moztu diote! Lepoa moztu diote Robespierreri!
SUKALDARIA: Teknika handia behar da horretarako.
AUZOTARRA 1: Behar dena, gillotina da.
SUKALDARIA: Utziko al zenidake segapotoa faborez? Dei bat egin behar dut.
AUZOTARRA 1: Ezin dizut utzi, ez dakizu nola gauzkaten orain!
SUKALDARIA: Nola zauzkate orain?
AUZOTARRA 1: Ez digute laneko telefonotik dei partikularrik egiten uzten. Pentsa, oporretara ere ezin ditugu eraman. Izugarrizko murrizketak.
SUKALDARIA: Murrizketak, esadazu niri! Jenero eskasian daude maila goreneko platerak. Horregatik nago hemen.
AUZOTARRA 1: Eta gaueko txandan gakotu egin dizkigute orrialde beroetako sarrerak Interneten.
SUKALDARIA: Halakorik! Gauez egiten duen hotzarekin!
Publikoari:
Gizonezkoak…! Ez bururik ez buztanik!
AUZOTARRA 1: Esan dizugu, gillotina jarri behar dugu plaza publikoan.
SUKALDARIA: Kontaktu asko al dauzkazu Frantzian?
AUZOTARRA 1: Zu… zu espioitzan zabiltza, ezta?
SUKALDARIA: Beharko! Konpetentzia izugarria daukagu sukaldariok. Badakizu, lehia-kor-ta-su-na…
AUZOTARRA 2: Gillotina lau turnotan gelditu gabe Sagasti Ederren!
SUKALDARIA: Sagasti Eder?
AUZOTARRA 1: Plaza honen izena.
SUKALDARIA: Ikustagun… Aizu, zuhaitz hauek ez dira sagarrondoak!
Badoa sasi zuhaitzetara, hartzen du fruitua, probatzen du.
Tu egiten du, eztulka hasten da…
AUZOTARRA 1: Ez, ez dira sagarrondoak.
SUKALDARIA: Sagarrondorik gabeko sagastia, beraz! Interesgarria, sagarrik gabeko sagar tarta, sagarrik gabeko konpotak…
AUZOTARRA 2: Sagarrik gabeko sagardoa…
SUKALDARIA: Sagasti Eder, sagasti alfer!
AUZOTARRA 1: Intxaurrondon bizi gara eta ez daukagu intxaurrik, ez onik ez ustelik. Sagasti Ederren bizi gara eta ez daukagu sagarrik, ez ederrik ez itsusirik.
SUKALDARIA: Hau miseria, hau miseriaren beltza, hau bertsolaritzaren miseria!
AUZOTARRA 1: Sukaldaritzarena esan nahiko zenuen noski?
SUKALDARIA: Eta hura, zer da hura? (eskua kopetan bisera)
AUZOTARRA 1: Koldobika Jauregiren eskultura bat.
SUKALDARIA: Zer eskultura eta zer kultura puntu kom! Zaldiak dira!
AUZOTARRA 1: Dokumentuak ikusi al dizkiezu?
SUKALDARIA: Zer?
AUZOTARRA 1: Izan litezke behorrak.
SUKALDARIA: Zaldiak edo behorrak, hor zaldi-hankak ikusten ditut nik.
AUZOTARRA 1: Izan litezke behor-hankak. Hemen feminista asko dago, ez dakit zu nola ez zaren feminista, emakumezkoa izanda.
SUKALDARIA: (kasurik egin gabe, eskulturari begira) Hummm… Interesgarria, txit interesgarria!
AUZOTARRA 1: Granitozkoak direla esango nuke nik, hanka horiek.
SUKALDARIA: Badakizu? Gustatzen hasi zait auzo hau….
ABESBATZA —40"—: (Iparragirreren Zibilak esan naute…)
Amak esaten zidan
bazkaltzeko ondo
platera bat barbantzu
eta bi mondongo.
Baske, baske, baske, baske
onik non egongo?
Baske Kulinari Zenter
onena Intxaurrondo.
AUZOTARRA 1: Orduan, gustatzen zaizu gure barrioa?
SUKALDARIA: Nazkagarria iruditzen zait, eta horrek… horrek balio erantsia dauka!
karrosa jokalekuan barrena saski bat daramala.
SUKALDARIA: Zer ote darama horrek saskian? Garirik gabeko ogia, agian?
AUZOTARRA 1: Zu, geldi hor!
Buru bat ateratzen dute saskitik, buru lepamoztu bat.
SUKALDARIA: Ooooooh!
AUZOTARRA 1: Aaaaaah!
SUKALDARIA: Baina hau…
AUZOTARRA 1: Robespierreren burua da... Gizajoa!
AUZOTARRA 2: (publikoari) Ergela!
SUKALDARIA: Hummmm…! Aizu, lagun, adiskide. gillotina oso makina interesgarria da…
AUZOTARRA 1: Baina ez daukagu, eta ezin dugu inportatu. Frantsesek daukate esklusiba eta ez zaie batere geratzen almazenean. Eta patentea kopiatzeko dirua behar da. Itxaron.
Segapotoa atera, markatzen du, batetik bestera publikoaren aurrean…
Boabdil! Boabdil! Salam aleykum! … Içi Prakazuri! Pra-ka-zu-ri! … Ongi, eta zu? … Ongi, eta zure emazteak? … Gazteena haurdun? … Pozten naiz! … Ongi, eta zure semeak? … Ongi, eta zure anaia? … Ongi, eta zure astoa? … Israeldarrek jan? … Palestinaren alde hil da gizajoa! … Bai, noski, noski, israeldarrak gizentzeko! … Erromes abiatu zarela? … A bai? … Ongi, ongi, Alak gida zaitzala basamortuan! … Baita zuri ere! … Berdin …
Publikoari:
Nola arraio etorriko da jekea, astorik gabe?
SUKALDARIA: Begira, nik ordainduko nizuke ondo…, ondo samar alegia, gillotinaren produkzioa.
AUZOTARRA 1: A bai?
Gerrian dakarren labana hartu eta manipulazio batzuk egiten ditu saskian…
Gero, labana gorriturik ateratzen du saskitik, tantaka. Gerrian sartzen du ostera.
Eskuak garbitzen ditu auzotarra 2k eskaintzen dion urarekin.
Lehortzen ditu karrosakoak eskaintzen dion toilarekin.
Azkenik parsimonia handiz, eskunarru profilaktiko bana janzten du.
Ondoren, eskua saskian sartu eta benetako txekor mingaina ateratzen du.
SUKALDARIA: Robespierreren mingain rebozatua intxaur-saltsan!
auzotarra 1 geldirik, telefono deiak egiten eta batekin eta besterekin hitz egiten.
Eta produktua erakusteko oihu bera errepikatuz ibiliko da jendearen aurrean.
Atzetik auzotarra 2 doakio, publikoari esplikazio hau emanez ahapetik:
AUZOTARRA 2: Intxaurrik gabeko intxaur saltsan! Intxaurrondoko intxaur-saltsan!
Badoa karrosa bere saskiarekin, eta haren atzetik doaz sukaldaria eta auzotar biak.
Guztiz erretiratu baino lehen:
AUZOTARRA 2: Hau miseria! Hau miseria beltza! Hau bertsolaritzaren miseria!
ABESBATZA —1' 40"—: (emakumezkoak bakarrik, Hegoak ebaki banizkio…)
Ipini banizkio adarrak
senarraren negarrak
kukurruku oilarrak
baina horrela
intxaurrak zizkidan emango
eta nik
ustela nuen jango!
Ipini banizkio adarrak
senarraren negarrak
kukurruku oilarrak
baina horrela
sagarrak zizkidan emango
eta nik
ustela nuen jango!