Sendagile maltzurra
Lourdes Iriondo
Sendagile maltzurra
Lourdes Iriondo
Gero, 1973
Sendagile maltzurra
Lourdes Iriondo
Gero, 1973
[aurkibidea]

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

(Lebengo gela bera, aldaketa bakarraz: orain xoko guztietan loreak daude. maria, bakarrik, josten ari da. Noizpehinka ahozabalka egiten du.)

 

MARIA: Aaaaaah! Hau aspertzea, amatxo! Etxe hontan ez ahal da sekula santan ezer gertatuko? Zortzi egun daramatzit aurpegi alaia jarriz... Peru pozez txoratzen eta zeharo harritua dago. Zeinen den erraza gizonen engainatzea!... Baina gaur nazkatua nago. Hau bizimodu aspergarria! Zoritxarra nerea... Gazte izan, eder izan, eta hemen egon behar hazitarako usteltzen! Eta sendagiletxo petral hori bada astebete agertu ez dela. Gaur gutxienez agertuko balitz!... (Atea jotzen dute.) Ene! Sendagile jauna!! (Atea irekitzera doa lasterka, josteko tresnak lurrera boteaz. Atean atso zahar bat dago.)

ATSOA: “Ave Maria Puisima”! Sar ahal ninteke?

MARIA: (Berekila.) Kaka zaharra zuretzat!...

ATSOA: Zer zaude hain bakarrik, Maria? Bakarrik eta lanean, jo ta ke... Horrela gustatzen zaizkit neri andere ezkonduak.

 

 

MARIA: (Era txarrean.) Zerk zakartzi, andere Joxepinaxi?

ATSOA: Ez da ezer, alabatxo, ez da ezer. Hemendik pasa naiz, eta perrejil pixka bat ba ote zendukan... Gabe geratu bainaiz.

MARIA: Perrejila? Eta borretarako ahal zatoz goiko kaletik honeraino? Ez ahal zenduen hurbilagoko adiskiderik?

ATSOA: Beno... tira ba... perrejilaren atxekiaz zuri bisitatxo bat egin nahi nizun... Hor zehar baidiote erdi-gaixorik zabiltzala edo...

MARIA: Ni erdi gaixorik? Eta zer axola zaizkio jendeari nere gorabeherak?

ATSOA: Ez haserre, Maria, ez haserre... Je, je! Badakizu... jendeari marmarra gustatu ohi zaio.

MARIA: (Berekila.) Bai zuri ere, atso zahar infernuko hori!...

ATSOA: Zerbait ahal zenion? Je, je!...

MARIA: (Erremindua.) Ezer ez!

ATSOA: (Lurrean dauden josigailuetaz ohartzen da.) Zer da hori? Dena lurrean dago, emakumea.

MARIA: Bai... Zuri atea irekitzerakoan erori egin zaizkit.

ATSOA: Arraioa, arraioa!... Ez zenedukan nolanahiko presa. Edo... beste norbaiti itxoiten ote zenion?

MARIA: (Zeharo aztoratua.) Eta zuri zer axola zaizu, atsoa?

ATSOA: Ezer ez, alabatxo, ezer ez, baina...

MARIA: (Badoa azkar eta perrejil xorta bat dakarkio.) Hona, hemen duzu zure perrejila. Eta orain, mesedez, utz nazazu bakean.

ATSOA: Tira, tira, ez du merezi horrela haserretzerik... Banoa, banoa... Baina, joan baino lehen, anis ttantta bat ematen badidazu, hor zehar entzun dudan kantatxo bat kantatuko dizut...

MARIA: Kantuetarako nago ba ni!

ATSOA: Andere... tragotxo bat besterik ez. Mesedez!

MARIA: Ai, jauna!... Tira, kanta ezazu nahi duzuna, eta zoaz behingoz. (Anis ttantta bat ateratzen dio.)

ATSOA: (Gustora edanaz, ezpainak miazkatuz.) On xamarra ttantta hau... on xamarra! Tira ba... Honek kantatxo bat merezi du. (Piperki eta maliziatsu kantatzen du:)

                        “Andere gazte eder bat zegoen gaixorik neork ez zekiela gaitzaren berririk, midiku bat ekarri zioten argitzat eta honek aginduta sendagarritxo bat.

                        Andereak goiz batez zion gorriturik etzala berarentzat behar midikurik, ez botikariorik, bazen agurea:

                        bere gaitz hura zela ezkondugabea!”

MARIA: Kanpora! Kanpora hemendik, atso lotsagabe, sorgina!

ATSOA: Ez haserre, haurra, ez haserre... Ez eta zuregatik esan banu ere, je, je... (Kantari doa.)

MARIA: (Bakarrik.) Atso urdea! Sorgin arraioa!... Zerbaiten susmorik ote daduka? Ez da posible! Hala ere, kontuz ibili beharko dut. Baina, egia esan, leporaino nago. Aspertu egiten naiz, aspertu... Berriz ere gaixorik jarri beharko dut, ea horrela gure sendagiletxoa noizpait agertzen den... (Urratsak entzuten dira.) Norbait dator! Bera ote da?... (Ate aldera doa azkar... peru sartzen da.) Zu ahal zinen?...

PERU: Jakina ba ni naizela. Peru, zure senarra... Zein nintzela uste zenduen ba?

MARIA: O, ez... Inor ez.

PERU: Aurpegi txarra dadukazu... Zerbait gertatzen ahal zaizu?

MARIA: Ez dakit ba... Berriz ere txorabioa... Ez naiz oso ongi aurkitzen!

PERU: Berriz ere horrela? Nola liteke? Zer sentitzen duzu?

MARIA: Bestetan bezalatsu... Larrialdi bat... buruko mina... O!...

PERU: Ezin nezake egoera hau gehiago jasan! Beste sendagile bati deituko diogu! Hemengo honek deus ere ez daki!... Behar den tokira joanen gara: Madrida, Parisa... edo Ameriketara! Sendagile on batengana, behintzat!

MARIA: (Erdi txorabiatua.) Bai, Peru, nahi duzun bezala... Baina orain...

PERU: Orain zer, andretxo? (Kezkatua.)

MARIA: Orain oso gaizki sentitzen naiz. Deitu zaiozu lehengo eguneko sendagileari. Ezin ninteke Parisko sendagilearen zai egon... Azkar, mesedez!...

PERU: Bai, Maria, arrazoi osoa duzu... Zaude lasai! Berehala deituko diogu... Xebaxtian! Xebaxtian! (Ez da nehor agertzen.) Non sartu ote da alfer hori? (Berriro deituz, baina alferrik.) Kaka! Neroni joango naiz. (Bere emazteari etzaten lagunduz.) Berehala noa, zaude lasai... Oraintxe bertan nator sendagilearekin.

MARIA: Bai... bai... (peru badoa. Atera bezain laster, maria jeikitzen da eta bere burua apaintzen du.) “Oraintxe bertan nator sendagilearekin”... Gaizoa! (Orraztuz.) Ongi ote nago horrela? (Ispilura begiratuz.) Norbait etortzeko garaia zen!... (Kantuz hasten da:)

                        “Bihotzetik minez nago ez da ageri zauririk.

                        Ikhustera jin balekit nik nahi dudan barberik, bertan bertan sendo naite eta libra gaitzetik...”

 

(Berriro etzaten da. Handik laster, peru eta sendagilea sartzen dira. maria, beti bezala, gaixo aurpegiaz.)

 

PERU: Hemen gaude, Maria!

MARIA: (Begiak pixka bat irekiz.) A!... Eskerrak...

SENDAGILEA: Zer moduz doa hori, andere?

MARIA: Gaizki... gaizki... Ur pixka bat, mesedez...

PERU: Ura diozu? Ura?...

SENDAGILEA: Bai, ura eskatu duela dirudi.

PERU: Xebaxtian! Xebaxtian!...

SENDAGILEA: Barkatu, Peru, baina hobe da denborarik ez galtzea. Zoaz zerori ur bila. (peru badoa. sendagilea eta maria bakarka geratzen dira. mariak, aurpegia aldatuz, irrifarre batez.)

MARIA: Zenbat egun agertu gabe, sendagile!

SENDAGILEA: (Txoratua, lerdea dagiola.) Zer nahi duzu ba!... Lehenago etortzera ez nintzen ausartzen... Baina egun guzti hauetan zurekin ametsetan jardun dut. Zutaz txoratua nago!... Nik... (Hurbiltzen zaio eta musu eman nahi dio.)

MARIA: Ea, ea... Geldi, sendagile jauna! Nere senarra berehala sartuko da ta.

SENDAGILEA: O, Maria! Noiz ikusiko zaitut bakarka?

MARIA: (Jostakor.) Orain bertan ere bakarka ikusten nauzu...

SENDAGILEA: Ez dut hori esan nahi!... Ez zaidazu adarrik jo! Nik... (Urratsak entzuten dira.) Erne, Peru dator!

MARIA: (Keinu batekin, azkar.) Gero mintzatuko gara! (peru sartzen da.)

PERU: Tori, hemen duzu ura...

SENDAGILEA: Pastila honekin har dezala. (Bat ematen dio.)

MARIA: (Poliki edanaz.) Oso ona dago... Mila esker, Peru.

PERU: (sendagileari.) Pultsoa hartu ahal diozu?

SENDAGILEA: Bai... bai... ongi daduka.

MARIA: Hobekiago sentitzen naizela uste dut.

SENDAGILEA: (Pultsoa hartuz.) Ea, ea... Um!...

PERU: Zer?

SENDAGILEA: Bai! Badirudi txarrena pasa dela...

PERU: Jaunari eskerrak!

SENDAGILEA: (Maltzurki irrifarrez.) Eta neri, zer?

PERU: (Harritua.) Zuri?...

SENDAGILEA: Neri ez ahal didazu eskerrik eman behar?

PERU: Barkatu, lagun. Arrazoi osoa duzu... Oso pozik nago... Zuri esker bizi da nere emaztea!

SENDAGILEA: Tira, tira! Ez da hainbeste, ez da hainbeste...

PERU: Entzun, Mendigarai, eta barkatu esango dizudan hau: ez ahal litzake komeni nere emazte Maria sendagile espezialista batengana eramatea?

SENDAGILEA: Espezialista batengana?... (Kezkati.) Ez dut uste inondik ere beharrezko denik...

PERU: Ez zazu gaizkitzat hartu, lagun. Badakit, inondik ere, zu aski sendagile eta aski ona zarena. Jainkoak libra, bestela! Baina, badakizu... lau begik bik baino gehiago ikusi ohi dute eta... Hain da bihurria nere emaztearen eritasun hau!

SENDAGILEA: Tira ba... zer nahi duzu nik esatea... Nik ez dut uste beste munduko sendagilea naizenik, baina, hala eta guztiz ere, bene-benetan mintzatuz, kasu hontan ez zait espezialista batengana joatea beharrezko iruditzen. Horiek, badakizu, dirua eskatzen dute ugari; baina hortik kanpora... (Ausarki.) Zure emazteak dadukana asma leun bat baizik ez da. Etxetako hautsak batzutan kalte egiten dio...

MARIA: Zer?...

SENDAGILEA: Ez zaitez ikara, andere. Asma leun bat esan dut, eta hortik datozkizu txorabio, eztul eta buruko minak... Bi hitzetan esateko, ezer garrantzitsurik ez.

MARIA: Uste nuen ba! (Jokoari jarraituz.) Egia esan, nik ere ez dut sendagiletan ibiltzeko gogorik. Nahiago nuke hemen, etxetik mugitu gabe sendatu. Hori zure esku dago, sendagile. Badakizu bestela nere senarra espezialista bati deitzeko prest dagoela... (peruri begiratuz.) Ez ahal da horrela?

SENDAGILEA: Lasai, lasai, zaudete biok lasai... Orain, eritasunaren berri dakigunez, tratamendu bat aginduko dizut, eta bi hilabete barru, zeharo sendatua. Ikusiko duzu! Espezialista horiek dirua ateratzeko bestetarako ez dute balio... Benetan diotzuet! Begira, Peru, bihar goizean bialdu zaidazu etxera zure morroi Xebaxtian, eta zure emazteak behar duen tratamenduaz errezeta prest edukiko dut. Ongi ahal deritzaizu?

PERU: Tira ba. Ongi esan beharko...

SENDAGILEA: (Tresnak bilduz.) Beno, oso berandu egin da, eta banoa.

PERU: (Zalantza baten ondoren.) Zergatik ez zara afaltzera geratzen? Xebaxtianek berehala prestatuko digu afaltzeko zerbait.

SENDAGILEA: Ez dakit ba... Ez nuke enbazorik egin nahi.

MARIA: Ez duzu inondik ere enbazorik egiten! Begira, ni ere hobeki nago. Zuekin afaltzera jeikiko naiz.

PERU: Ez, Maria, hobe da zu oraindik etzanda egotea. Ez ahal da hala, Mendigarai?

SENDAGILEA: Ez dakit ba zer esan... Nere ustez...

MARIA: Mesedez! Ez naiz hil-zorian aurkitzen, eta buruko mina pasa zait.

SENDAGILEA: Tira ba, tira ba; baina oso gutxi afaldu behar duzu, entzun?

MARIA: Zuk agindu bezala eginen dut. Mokadu bat baizik ez dut probatuko.

PERU: Tira ba... Hirurok prest orduan. Ea zerbait afaltzen dugun. Xebaxtian! (morroia agertzen da. Bitartean, maria mahaia prestatzen ari da.)

MARIA: Adizak, Xebaxtian, sendagile jauna gurekin afaltzera geratzen duk. Afaritarako deus txukunik ba ahal diagu?

XEBAXTIAN: Gaur gauza gutxi izango dugu, etxekoandre. Lehenago esan bazenidaten!

SENDAGILEA: Ba! Nik gauz gutxirekin aski dut... Zaudete lasai. Lagunartea da neri gehien gustatzen zaidana.

PERU: Bai; gaur, dirudienez, lagunartearekin konformatu beharko dugu. (morroiari.) Arrautzak izango dituk, noski...

XEBAXTIAN: Arrautzak? Baietz uste dut.

SENDAGILEA: Eta lukainka mutur bat?

XEBAXTIAN: Bai, bai; lukainka mutur bat ere bai. Eta gazta pixka bat...

SENDAGILEA: (Brometan.) Ezin liteke esan beste munduko mauka denik; baina, tira... Moldatuko gara. Esan dizut, Peru, neretzat lagunartea dela hoberena.

PERU: Tira ba... Horrela hobe. Izan ere, mutil inozo honekin batek ez daki nondik ibili!

MARIA: (morroiari.) Atzo ez ahal nian ba esan txuletak erosteko?... Ez ahal diat ba beti gauza bera esaten?

XEBAXTIAN: Bai... baina ahaztu egin zait.

PERU: Beno, berdin ziok. Dagoena ekatzak, eta kito. Okerrak zuzentzeko, botil’ardo bat irekiko dugu.

SENDAGILEA: To! Botil’ardo goxo bat. Ez da mauka txarra...

PERU: Ardo ona, gainera. Bada bost urte beheko apalean dagoela. Ikusiko duzue zeinen ardo ona. Bila noa. (Badoa. sendagilea eta maria bakarrik geratzen dira.)

SENDAGILEA: (Lerdea dariola.) Zuk nere onetatik atera egingo nauzu!...

MARIA: (Farrez.) Bai, e? Ez zaude zu diagnostikoak egiten makala!

SENDAGILEA: (Hurbilduz.) Maria! (Berriro ere musu eman nahi dio... baina hontan, bat-batean, morroia agertzen da.)

MARIA: (Azkar konturatuz, eta baztertuz.) Bai, bai!... Hobekiago nagoela uste dut.

SENDAGILEA: (Disimulatu nahiz.) Arrazoi duzu... arrazoi osoa. Askoz ere hobeto zaude. Dirudienez, pastillak bere efektoa egin du... Pultsoa bere onera etorri zaizu...

XEBAXTIAN: (Honek eroarena egiten du... Mahaia prestatzen ari da, gauzak jarriz.) Urdai-azpikoa ere ekarri dut...

MARIA: (Begirada bat boteaz.) Eta ogia? Non dago ogia? Gauza guztiak erdipurdi! Tira, ospa... Utzi bertan dena, eta zoaz ohera, garaia da ta. (xebaxtian zapuztua doa. Irtetzerakoan “gabon” dio, frango haserre... Berehala, ardoa eta ogiarekin, peru sartzen da.)

PERU: Hona hemen! Hona hemen ur gorri, usaidun, zoragarria! Ikusiko duzu, Mendigarai, ikusiko duzu zeinen ardo zoragarria. (Izugarrizko aipamen eta espantuak eginaz begiratzen dute... Eseri eta afaltzen hasten dira. peruk botil’ardoa irekitzen du.) Tori, Mendigarai, tori! Proba zazu!

MARIA: Eta zure emaztea, deabruak eraman dezala!...

PERU: Barkatu, Maria, barkatu! Oraintxe nindoan zuri ere eskaintzera. (biei ateratzen die. Probatzen dute... “Ai!” “O!” “Ona, e?” eta horrelako esaldi bitxiak entzuten dira. Jaten dute, edaten dute, berriz jaten dute. Eta honelako elkarrizketa bitxia trabatzen da beren artean:)

            —Goxoa ziok lukainka hau, arraioa...

            —Bota ardo gehiago, mesedez!

            —Nork egina da ogi hau?... Alfontxo okerrak? Ez zegok txarra alproja hori!

            —Zer ba?

            —Krexentxi, erretor jaunaren neskamearekin, halako... istillutxoak omen daduzka.

            —Ez zazu esan! Krexentxi horrek ez daduka ba nolanahiko bibotia...

 

 

(Elkarrizketa, gero eta biziago, era hortan jarraitzen da.)

 

SENDAGILEA: Emakume gaizoa! Ongi pentsatzen jarri ezkero, martiri bat da.

MARIA: Martiri Krexentxi? Eta hori, zergatik?

SENDAGILEA: Broma irudituko zaizue hainbeste urtetan erretore jaunaren jenio bizia aguantatu beharra!

PERU: Tira, gizona, gure don Rufino ez da hain zakarra.

SENDAGILEA: Ez dela hain zakarra? Desastre hutsa da. Musean jokatu eta orroa atera besterik ez du egiten.

PERU: Esaten ez dute ba ikasketa sakonak egina dela!

MARIA: Bai! Horregatik daki lugartzaren aurkako konjuroak nola bota, eta zein baserritan bota, gero oilasko parea erregalatu dizaioten.

SENDAGILEA: Bai, jauna! Hor dago koxka! Ja, ja! Esan duzun horrek, nere aitonak kontatzen zuen gertakizun bat oroitarazi dit. Berak zioenez, Amezketako erretore jaunarekin gertatu omen zitzaion. Edozeinek daki egia den ala ez!

PERU: Ea, ea, bota gertakizun hori!

SENDAGILEA: (Purua piztu du, eta masaila gorriz, puntto-punttoan dago.) Nere aitonak zioenez, ezkondu aurretik, ohitura zen bezala, erretore jaunarengana agertu omen zen, erlijiozko azterketa pasatzera. (Parodia eginaz:)

            —Jainkoak arratsalde on dizaiola, erretor jauna.

            —Bai eta zuri ere.

            —Hemen gaude ba... Asunto batera etorri naiz, ta...

            —Bai, bai, antzematen dut zertara zatozen.

            —Ezkondu egin nahi dugu... Posible ahal da?

            —Andregaia non duk? Ez ahal duk ekarri?

            —Andregaia?... Ez! Etxean geratu da! Jakin izan banu...

            —Tira, tira; berdin ziok. Andregaiarekin edo andregairik gabe, ezkontzeko lehenik behar dena dotrina jakitea duk. Gure dotrina saindua ba ahal dakik?

            —Zerbait...

            —Zerbait? Zerbait besterik ez?... Ez ahal dik lot-sarik ematen? Jaten eta edaten bestetan ez dakizue. Jan, edan eta... jostatzen! Bai, jauna! Eta, hala ere, ezkondu egin nahi duzue. Horrela nola nahi duzue familia txukun bat aurrera ateratzea? Ikasteko gogoa behar dik, bestela hireak egin dik... Hara ni hemen: neure aita, baserri bateko morroi; ni, berriz , erretore!... Ea, erantzun nere galderei; behar bezala erantzuten ez baduk, ezkondu aurretik dotrina ikastera!

                        “Nola sinesten duzue kristauen artean

                        hiru pertsona direla Jaungoiko batean?

                        Errespondi ezak inxtante batetan

                        nik liburutik txartela atera bitartean.”

            Nere aitona aho zabalik geratu omen zen, zer erantzun ez zekiela. Orduan, erretoreak honela jarraitu omen zuen:

                        “Errespondituko dautzut sustantziarekin,

                        horra konparazioa sagartxo batekin:

                        kolorea, usaina, zaporearekin,

                        horra nun ttuzun hiru gauza pieza batekin.”

MARIA: Hori jakituria! “Cuanta sabidurentzia!” Ja, ja!

PERU: Begira, Mendigarai, nere emazteari. Gaixoa sendatu bide zaigu... Orain aski alai dago!

SENDAGILEA: Bai, bai! Horra hemen gure eria! Andere, esazu berrogei, be-rrogei!

PERU: Nere emaztea ederra da, ez da? E, zer diozu?... Ardo goxo hau edo bera, ez dakit bietan gehien zer gustatzen zaidan.

MARIA: Zer, zer?

SENDAGILEA: Neri, bera!

MARIA: O! Zeinen galai prestua!

PERU: Eta nola kantatzen duen! Kanta zaiguzu zerbait, Maria...

SENDAGILEA: (Zeharo zizpatua.) Hori, hori, kanta dezala!

MARIA: (Zalantzan.) Ez, ez, orain ez... Oso nekatua nago!

PERU: Tira, Maria, badakizu ba oso kanta polit bat... “Bentara noa” delako hori.

MARIA: Lotsa ematen dit...

SENDAGILEA: Lotsa!... ji, ji...

MARIA: (bi gizonak menperatuz, irrifarrez.) Zer emango didazue kantatzen badut?

PERU: Nik musu bat!

SENDAGILEA: Eta nik beste bat! (peruk, pixka bat harritua, mozkor aurpegiaz begiratzen dio.)

MKKLK: (Kantuz:)

                        “Bentara noa bentatik nator

                        bertan da nere gogoa,

                        Bentako arrosa krabeliņetan

                        hartu dut amorioa.”

MARIA: Eta orain, eskainitakoa kunplitzera, jaunak! (peruren ondora doa eta honek musu ematen dio.) Orain zuk sendagile... Edo eta damutu ote zara?...

SENDAGILEA: Ez, ez, alajainkoa! (Hurbiltzen zaio eta musu azkar bat ematen dio... peru, erdi batean, irrifartsu begira dago.)

PERU: Ongi... Ongi!

MARIA: (Bat-batean serioski jartzen da.) Beno, jaunak, oso nekatua nago. Ohera noa.

SENDAGILEA: Ez! Dagoeneko ohera?...

PERU: Onenean geunden ta!

MARIA: Berandu da, eta ni erdi-gaixorik nago... Bakoitza bere txokora biltzeko garaia da. (Sofa zabalean etzaten da.) Sukaldera eraman itzazue ondar horiek, xagurik bil ez dadin. Eta gero zuk, Peru, zakurra aska ezazu.

 

(peru eta sendagileak afariaren ondarrak sukaldera daramatzite. maria etzana dago. Isilune bat. Handik laster, atean norbaitek dan-dan eme bat jotzen du. maria kezkati... Itxoiten du. Atea poliki-poliki ireki, eta sendagilearen burua agertzen da.)

 

SENDAGILEA: (Kantuz:)

                        “Atea ttan-ttan jo nizun eta

                        ez zaundan erresponditu.

                        Ene maitea, nahi nikezu

                        zure hitz bat beharriratu.

MARIA:

                        Xakurra xaingalari dizugu

                        harek salaturen gaitu.

SENDAGILEA:

                        Ogia sakelan dizut eta

                        hartarik emanen diogu.

MARIA:

                        Gure xakurrak ez dizu nahi.

                        hertzek emanez ogirik.

SENDAGILEA:

                        Urzo eta eper emanen diogu

                        ez baldin bada bertzerik.

MARIA:

                        Atea ere karrankari dugu

                        harek salaturen gaitu.

SENDAGILEA:

                        Olioa sakelan dut eta

                        hartarik emanen diogu.”

MARIA: Zoaz! Zoaz Peru itzuli baino lehen!

SENDAGILEA: Maria! Hurrengo noiz ikusiko zaitut?

MARIA: (Izutua.) Zoaz! Zoaz azkar, Peru dator ta!...

SENDAGILEA: Noiz! Esazu noiz!

MARIA: Ixo! Abisatuko dizut... (Kanpora bultzatzen du. Berriz etzaten da. peru beste atetik sartzen da.)

PERU: Maria!

MARIA: (Logale handia balu bezala.) Zer!...

PERU: (Kantuz:)

                        “Jeiki, jeiki, Maria,

                        pizt dezagun argia,

                        solairuan zerbait badun

                        sorgin iduria, la la la la.”

MARIA: (Begiak igurtziz, kantuz:)

                        “Peru, zaude isilik,

                        amets ein bide duzu,

                        solairuan bi katuņo

                        jostetan dituzu. la la la la...”

PERU: Bi katuņo? Tira ba... goazen lotara. (Badoaz.)

 

(Dena ilunpean geratzen da.)