Sendagile maltzurra
Lourdes Iriondo
Sendagile maltzurra
Lourdes Iriondo
Gero, 1973
Sendagile maltzurra
Lourdes Iriondo
Gero, 1973
[aurkibidea]

 

LEHEN AGERRALDIA

 

(Etxe txukun batetako gela nagusia. Sofa baten gisako jarleku zahar eta atsegin bat. Mahaia eta silak. Bi ate: batetik etxe-barrura joaten da, bestetik atarira. Gertakizun honen garaia, orain ehun bat urte aurretik.

xebaxtian morroia, mahaian eserita, diru kontaketan ari da.)

 

XEBAXTIAN: Bat, bi, hiru, lau eta... bost! Bost mila pezeta! Hau txorikaka! Bost mila pezeta, denak neretzat! Ongi irabazi dizkiat... (Pena pixka batekin.) Jakina, gertatutakoa penagarri xamarra izan da, baina... Nagusi gizarajoa! Berak ez zuen horrelakorik merezi, gizon ona baita... Baina, zer egingo dugu ba, bizitza horrela da, orain negarrez, gero farrez... Ni behintzat oraingo hontan aberastu egin naiz. Ederki, Xebaxtian, ederki! (Zutituz.)

            Bihar amak baserriko atarian ikusten nauenean ezingo du sinestu. Bost mila pezeta! —”Nondik lapurtu dituk, alproja?” —Lapurtu? Inondik ere ez! Irabazi egin ditut. —”Irabazi?” —Irabazi, bai, irabazi! —”Jesus! Eta nola?” —Mandoa salduta. —”Mandoa? Noren mandoa”! —Neure mando zuria. —”Hire mando zuria?...”

            Eta horrela, den-dena kontatu beharko diot. Ezingo du sinestu. Beti gezurterotzat eduki ohi nau ta... Ea nere ipuia ongi kontatzen diodan; bestela kapaz baita neri diru hau itzul erazteko ere... Izan ere, historio hori ez da kontatzen oso erraza. Nagusi gizarajoa... Baina bizitza horrela da. Ea!

 

(Entzuleei historioa kontatzen hasten da. Bakarrizketa hau keinu askorekin esan behar da, aspergarri gerta ez dadin.)

 

            Jaun-andreok, ni Xebaxtian naiz. Xebaxtian. Nere amak ttikitan Peru jaunaren etxera ekarri nintuen. Peru Elizegi jaunaren etxera. Peru jauna zahar xamarra da, eta bera baino gazteago den andre eder batekin ezkonduta dago. Bai, jauna! Andre eder batekin. Eta nor dugu emazte atsegingarri hori? Etxekoandre Maria! (kantuz): “Ai, hori egia, zingulun-zangulun Maria”... (Mintzatzen jarraitzen da.) Semerik ez dute. Biak bakarrik bizi dira, eta orain arte ni haien morroi nintzen. Peru jaunak diru asko omen duela diote; gazte denboran Ameriketan egona da. Herriko karrika nagusian denda eder bat daduka, eta han denetik saltzen du... Bi edo hiru baserri ere erosi zituen, eta maizterren eskuetan utzirik daduzka. Berak ez du lan gehiegi egiten, hori da egia. Begiratu eta zuzendu, batez ere. Gero, etxean sartuko zaizu eta hor egongo da liburu lodiak irakurtzen. Nola nahi ere, etxetik irtetzea gutxi gustatzen zaio.

            Ni haien etxean morroi bezala sartu nintzenean, Peru eta Maria ezkonberri ziren, eta zoriontsu ziruditen. Baina, poliki-poliki, etxekoandre Maria triste eta ilun jartzen hasi zen; edozer txorakeriagatik gisatxartu egiten zen... Nagusi jauna gero eta kezkatuago zebilen... Gaur hobekiago eta bihar okerrago, era hortan urte pare bat pasa dute; baina orain hilabete paren bat etxekoandrea ohean gaixorik geratu zen. Peruk honela esan zidan: “Xebaxtian, zoaz herriko sendagile berriaren bila.”

            Esan eta egin, han joan nintzen Mendigarai sendagileari deitzera. Sendagile berri hau tipo arin eta maltzur xamarra da. Bada lau urte herrira etorri zela, baina ordutik honuntz “sendagile berria” deitzen diote, don Fermin zaharra oraino ere bizi baita...

            Horrela, Mendigarai hori Peru jaunaren oso adiskide mina zen, eta larunbatetan elkarrekin musean partida bat jokatzen zuten.

            Etorri zen ba sendagile hori Maria ikustera. Esan zuenez, ez zion ezer txarrik aurkitu, eta arazoa hortan utzi zuten... Baina joan den astean Maria berriro gaixotu egin zitzaigun. Etorri zen ba berriz ere sendagilea, eta etxekoandrea zerbait hobeagotu zen. Nagusia kezkatsu zebilen...

 

(Agertokia ilunpean geratzen da. Urrutiko abots bat kantuz entzuten da:)

 

            “Ene oilanda nabarra

            kurkubil eta xabala,

            oilarra etxean denean

            zertan goaten da landara?...

            Ai, hori egia! Ira-jira-bil Maria!”

 

(Agertokia berriro argitzen denean, maria mahaiaren ondoan josten dago. peru atzera eta aurrera dabil, eta noizpehinka emazteari kezkati begiratzen dio.)

 

PERU: Maria...

MARIA: Zer dugu?

PERU: Maria, andretxo, zer ote da zuri gertatzen zaizun hori?

MARIA: (Gisatxartua.) Neri? Zer gertatzen zait ba?

PERU: Ez dakit ba... Gozagaitz zaude, eta ni kezkatsu.

MARIA: Ez dakit zergatik egon behar duzun kezkatsu.

PERU: Begira, Maria (zintzurra garbituz), bada lau urte ezkondu ginela. Orduan oso zoriontsu ginen, oroitzen ahal zara? (emazteari xamurki begiratzen dio, baina ez du erantzunik.) Orduan zu beti pozik zeunden, alai, bizkor... Benetan atsegingarri zinen.

MARIA: Eta orain ez naiz atsegingarri, ez da hala? Orain kaka zaharra naiz!

PERU: Baina, andretxo... nik ez dut horrelakorik esan!

MARIA: Nola ezetz! Esazu nitaz mukurraraino aspertua zaudela... Tira, esazu!

PERU: Baina, Maria, nola diozu horrelakorik? Zutaz arduratzen naizela eta zure zoriona nahi dudala ez ahal duzu ikusten? Nola esan zenezake ez zaitudala maite?

MARIA: (Bere onera etorriz.) Tira, tira, ez zaitez hain triste jar... Badakit nerekin oso ona zarela. Barka zaidazu lehen esandakoa... Ez naiz ongi aurkitzen, hori da guztia.

PERU: Horixe da, hain zuzen, kezkatzen nauena: zure ongieza. Zer da gertatzen zaizuna, Maria? Zer sentitzen duzu?

MARIA: (Keinu bat egiten du, bere zalantza adieraziz.) Ez dakit...

PERU: Nere lagun Mendigarai sendagileak bi aldiz miatu zaitu; eta bietan gauza berdina esan dit: “Ez kezkatu, Peru, ez dirudi zure emazte Mariak deus txarrik duenik.” Baina zu kexu zara, eta harek ez du asmatzen.

MARIA: Zer nahi duzu asma dezan? Ez dakit... Nekatua aurkitzen naiz, hori da guztia.

PERU: Maria! Mesedez! (Hurbiltzen zaio.)

MARIA: Zer?

PERU: Maria, ahalegin zaitez lehen bezala izaten... ahalegin sendatzen, alai bizitzen! Zergatik ez? Denetik duzu: dirua, lasaitasuna.

MARIA: Bai, horixe batez ere! Lasaitasuna!

PERU: Maria! Nik hainbeste maite zaitut, eta... (Berriro hurbiltzen zaio.)

MARIA: Utz nazazu! Ez ahal duzu ikusten gaixo nagoela? Ai, zer da hau!... Badirudi... badirudi... (Burua ukituz.)

PERU: Zer duzu, Maria?... Zer duzu? (Zeharo ikaratua.)

MARIA: Izugarrizko txorabioa, Peru...

PERU: Ai, jauna!

MARIA: (Erdi eroria.) Ai, ai... oso gaizki sentitzen naiz...

PERU: Xebaxtian! Xebaxtian!! (xebaxtian lasterka agertzen da.)

XEBAXTIAN: Zer gertatzen da?

PERU: Korri, Xebaxtian, korri! Etxekoandrea ongiezik zegok! Hoa sendagilearen bila!

XEBAXTIAN: Zein sendagile, zaharra ala gaztea?

PERU: Edozein! Baina azkar, azkar!...

MARIA: (Abots ari batez.) Edozein ez, Xebaxtian. Deitu zak lehengo egunekoa. Berak ongi ezagutzen nau.

PERU: Arrazoi duzu... Korri, Xebaxtian, korri! Deitu zak Mendigarai sendagilea.

 

(xebaxtian lasterka doa. maria etzanda dago. Senarra kezkatsu dabil, gelditu ezinik. emazteari begiratzen dio, jantziak lasaitzen dizkio... Handik laster, bor datoz sendagilea eta morroia. sendagilea ohituraz gizon potzolo eta lasaia da; oraingo hontan, ordea, arnas-hestuka dator.)

 

SENDAGILEA: Zer gertatzen da hemen? Arratsalde on, Peru!

PERU: Kaixo, Mendigarai, eskerrak etorri zaren! Begira nere emaztea, txorabio bezalako bat eman dio.

SENDAGILEA: Ea, ea... ikus dezagun... (eriarengana hurbiltzen da, pultsoa neurtzen dio, begietara begiratzen. mariak hauek poliki-poliki irekitzen ditu. Eztulka hasten da, eta, azkenik, badirudi hobeagotu dela.)

SENDAGILEA: Zer dugu, andere? Nola doa hori?

MARIA: (Emeki, oso nekatuta bezala.) Ai, sendagile jauna...

SENDAGILEA: Lasai, Maria, lasai. Hau ez da ezer! Buruko minik bai?

MARIA: Ez... bai... bueno, buruan ez.

SENDAGILEA: Eta beste nonbait?

MARIA: Ai, jauna! Itoko banintz bezala... Hestutasun larri bat...

 

 

PERU: (Zeharo ikaratua.) Maria!

SENDAGILEA: Lasai, Peru, lasai. Ez da ezertxo ere. Ni hernen nagoelarik, zu lasai. Ea oraingo hontan behin eta betirako asmatzen dugun. Eta egun batzu barru, zeharo sendatua! Zuek, Peru eta Xebaxtian, atera gelatik une batez. Eriari miaketa sakon bat egin behar diot. Amaitzean deituko zaitut, Peru. (peru eta morroia kanpora doaz. sendagilea mariarengana hurbiltzen da.) Ea, andere, lasaitu zaitez. Non duzu min?

MARIA: O, ez dakit!... (Lauxenga eginaz.)

SENDAGILEA: Tira, andere, tira... Sendagilearengan konfiantza eduki behar da. Bestela ezingo zaitut sendatu.

MARIA: (Oraindik lauxenga gehiagoz.) Lotsa ematen dit...

SENDAGILEA: (Orain bera urduritzen da.) Tira, tira! Ea, non duzu min?

MARIA: Hemen, sendagile... bulargainean.

SENDAGILEA: Ejem! Bulargainean beraz... Ea, ikus dezagun. Erantzi mina duzun hortaraino... (sendagilea anderearen ondoan esertzen da, eta ikusleei bizkarra emanaz dago, gertakizuna estaliz.) Ea, esazu “berrogei”.

MARIA: (Entzungor.) Berrogei?

SENDAGILEA: Bai, “berrogei”.

MARIA: (Jostaketan.) Berrogei... berrogei...

SENDAGILEA: Benetan diozut, ez dut deus berririk aurkitzen. Zure bular hori oso ongi dago... (Albora begiratuz.) Hain ongi ere!

 

(maria eztulka eta asperenka.)

 

SENDAGILEA: Ea, ea, ikus dezagun... Zure eritasunaren aztarrenak behin eta betirako somatu egin behar ditugu. Noiztik sentitzen zara gaixorik?

MARIA: O! ni... Egia esan, ba... ez dakit.

SENDAGILEA: Zer nabaitzen duzu? Lorik egin ezina? Buruko mina? Edo giltzurrunetakoa, agian.

MARIA: Ez, ez... Horrelakorik ez.

SENDAGILEA: Zer da ba nabaitzen duzuna?

MARIA: (Ausarki.) Ba, egi egia esan behar badizut... asperkeria!

SENDAGILEA: (Ahoa bete hezur.) Asperkeria? Baina... baina...

MARIA: (Negar zotinka hasiz.) Oso zoritxarreko naiz, jauna!

SENDAGILEA: Baina, baina...

MARIA: (Negarrean gehituz.) Hain zoritxarreko ere! (sendagilea mariaren ondoan esertzen da. Honek negarretan dihardu. sendagileak besoa bizkarretik pasatzen dio, beti esanaz: “lasai zaitez, lasai”...) Izan ere, etxe hontan hainbeste aspertzen naiz... Beti sukaldean, josten, irakurtzen...

SENDAGILEA: Baina, zure senarrak, Peruk...

MARIA: Peruk? O! Horrek ez du deus ere ulertzen. Ez sentitzen, ez sufritzen: harrizkoa dirudi! Ez da gainera oso gaztea. Bere liburuez eta bere baratzaz nahikoa dibersio eta denborapasa badu. Ez nau sekula ere dantza batetara edo festa batetara eramaten. Beti etxean sartuta! Kokotzeraino nago, jauna... Hori da egia! Nik hemendik atera egin nahi nuke, festetara, adiskideetara!... Atera behintzat...

SENDAGILEA: O, Maria gaixoa!... (Leunki eta maltzurki.) Beraz... nik zure alde zerbait egin ahal baneza...

MARIA: (Jostakor.) Bai... Esan, esan.

SENDAGILEA: Noizpehinka zu ikustera etorriko banintz, pixka bat sendatuko ote zinake?

MARIA: (Gero eta jostagarriago.) Zuri zer iruditzen zaizu, sendagile jauna?...

SENDAGILEA: (Zeharo liluratua.) Maria... nik! (Hurbiltzen zaio eta muxu bat eman nahi dio. Kanpotik peruren abotsa entzuten da.)

PERU: Zer moduz doa hori? Sartu ahal ninteke?

SENDAGILEA: (Ikaratua.) Itxoin! Itxoin pixka batean... (mariak eri itxura hartzen du. sendagileak gelako atea irekitzen du.) Sar zintezke, Peru.

PERU: (Aurpegi kezkatuaz.) Denbora asko pasa duzu, lagun. Zerbait aurkitu ahal diozu?

SENDAGILEA: (Sendagile trazak hartuz.) Entzun, Peru, ez dirudi zure emaztearena gauza grabea denik. Hala ere...

PERU: (Urduri moztuz.) Hala ere... zer?

SENDAGILEA: Lasai, Peru, lasai... Esaten nizun ez dudala uste gauza grabea denik. Baina...

PERU: (Berriro moztuz.) Baina zer? Esazu, mesedez!

SENDAGILEA: Batere gustatzen ez zaidan eztul txar bat daduka. Ea, andere, egizu eztul, mesedez.

MARIA: (Eztul izugarri bat eginaz.)

SENDAGILEA: Oinazerik ba ahal. duzu eztul egiterakoan?

MARIA: Oinaze bizia, jauna.

SENDAGILEA: Eta non, andere?

MARIA: Hemen, sendagile jauna. (Kopeta ukituz.)

SENDAGILEA: Ikusten, Peru? Hori da, hain zuzen, gustatzen ez zaidana...

PERU: Baina gauza grabea ahal da? Mintza zaitez, jainkoarren!

SENDAGILEA: Lasai, gizona, zer arraio! Ez da oraindik gauza grabea. Baina behar bezala zaintzen ez badugu, izan liteke.

PERU: Zaitu dezagun, beraz! Zaitu dezagun! Zu sendagile ona zara, eta zure eskuetan uzten dut nere emaztearen osasuna. Entzun?

SENDAGILEA: Bai, gizona! Nola ez... Horretarako zara zu nere adiskiderik minena.

PERU: Mila esker, Mendigarai! Nere emaztea sendatzen baduzu, ongi ordainduko dizut...

SENDAGILEA: Tira, tira! Hori esan beharrik ez dago... Zure emaztea benetan ongi jarriko dugu. Ez da horrela, andere?... (Keinu bat boteaz.)

MARIA: (Esker oneko irrifarrez.) O, jauna! Ahaleginduko naiz.

SENDAGILEA: Tira ba... Gaurkoz nahikoa dugu. Botika batzuk aginduko dizkizut. Afal aurretik, gauero, har itzazu pastila hauek. Eta bazkal aurretik, berdin... Ea mejoriarik somatzen duzun. Egun batzu barru berriro hemen izango naiz.

MARIA: Egun batzu barru? Eta bitartean berriro ongiezik sentitzen banaiz?

SENDAGILEA: (Bere ezkutukoa gorde nahiz.) Adiskide Peru, zure emaztetxo hau guztiz xelebrea duzu... Ez zaizu ezer txarrik gertatuko, emakumea! Zaude lasai. Denboralditxo bat barru ikusiko duzu nola zeharo sendatuko zaren... Tira ba: lehen agindutakoak bete itzazu xuxen. Eta horrekin, agur, eta laster arte. Agur, Peru... Agur, andere.

PERU: Xebaxtian! Lagun zazu atariraino sendagile jauna... (xebaxtian eta sendagilea badoaz.)

PERU: (Bere emaztearen ondora itzultzen da.) Maria, andretxo! Eskerrak sendagile jaunari!... Gizon zuhurra dirudi. Nahiz eta pertsonalki aspalditik ezagutu, sendagile bezala nolakoa zenik oraintxe arte ez nekien...

MARIA: Bai, bai; benetan zuhurra dirudi... (Bere ezpainetan irrifar izpi bat nabari da.)

PERU: Egi-egia ahal da sendatzeko ahalegintxo bat egingo duzula?

MARIA: (Itxuraz senarrari jarraituz, abots leun batez.) Bai, Peru... Oraingoan sendatuko naiz. Zaude lasai!