LEHEN ZATIA
Eskuineko aldetik, Mendizelaiko sukaldea.
janamari ta maite, ama alabak, afariaren prestatzen ari zoko batean, Maite-ren haur ttipia bere ohakoan.
Eskerreko aldean, agertuko dira ttottek afaltzeko denboran, eginen dituen pentsaketa eta ametsak.
Lehen agerraldia
janamari, maite (Mendizelaiko sukaldean)
JANAMARI: Mahaina planta zan berehala. Gizonak laster etorriko ditun afaltzerat.
MAITE: Ba, xaude ama! Gilbert-i behar diakoxut so egin.
JANAMARI: Haur horri ezar hakon zerbait buruaren gibelean! Itoko zaun halako aldi batez gisa hortan buruz beheti atxikitzen balin badun!
MAITE: Ez preseski! Medikuak errana dautaxu hobe duela ahuspe egoitea!
JANAMARI: (Kexu) Ba, bixtan dena! Eta haurra itotzen balin bada, medikuak emanen dauna ordaina? Sosa ba sakelarat bilduko, beren moda berriko xinfonia guziekin! Guk altxatu zaitutegu, no, sino gutiagorekin!
MAITE: Zer nahi duxu, ama... Denborak kanbiatu dituxu...
JANAMARI: (Solasa moztuz) Bon bon... bego hortan, gizonak heldu baidira... Mahain hori ezar han, fite!
(maitek fite fitea mahaina ezartzen du oraino ari delarik, “gizonak” sartzen dira.)
Bigarren agerraldia
janamari, maite, xarles, piarres, ttotte.
XARLES: Afaria ez dea oraino prestatua, ez?
JANAMARI: Ba, ba, prest duxu, zaurte gustuan, mahaina dixiu ez oraino plantatua.
(xarles-ek kaseta hartzen du eta jartzen du. ttotte ta piarres haur ttipiari so daude.)
XARLES: (piarres ta ttotte-ri) Zaurte zuek ere jartzerat, denek batean jan dezagun. Ttotte, pitz hak telebixta, “information”-en tenorea duk.
(piarres ta ttotte jartzen dira eta ixilik egoiten telebixtari so. xarles-ek badu lanik aski kaseta eta telebixta biak batean ezin segituz.)
XARLES: (Apur baten buruan) Afaria heldu dea ala auzorat joan behar dugu?
JANAMARI: Baietz gizona! Har hazu pazientzia puxka bat!
(Ta salda ekartzen du mahain gainerat. gizonak xerbitxatzen dira, xarles lehenik; janamari kozinan dago ta maite haur ttipiarekin.)
XARLES: Gatz gehiagoxot hartuko zukeen salda hunek. Zer den bi etxeko anderen ukaitea! (gizonak irriz)
(Salda ixilik jaten dute. Gero, xarles-ek basoa harturik, eskua luzatzen du eta beha dago norbaitek zerbitza dezan. Ixtant batez, nehorez da mugitzen eta undarrean, piarres-ek du arnoa xerbitxatzen.)
XARLES: (piarres-i) Errak! Bihar behar gindizkek ardi antzutuen horiek bereixi, artzainari igortzeko.
PIARRES: Ez dugu ez halere sobera ardi esnadun etxen begiratu behar! Artzaina ohart baledi, laster samurtuak gintaizke.
XARLES: Ez, ez, bixtan dena. Bainan hoberen horiek egonen dituk ba xoko batean nehork ikusi gabe. Guk ere, gozoa egin dezagun...
JANAMARI: Bihar Ttotte ere hor dukezue laguntzeko...
TTOTTE: He! Bihar igandea duxu gero!
XARLES: (Kexu) “Kone”! Jauna! igandetan lanean ez ari nahi. Guri esku ukaldi baten emaitea sobera zauka ba?!!!
TTOTTE: Aste egunaz akitu eta ez duxu emeiarik igandetan hartzeko...
XARLES: Akitua balin bahaiz, gaur egon etxen! Ba, ba, bainan gau guzia ibiliko baitzirezte airean, Jainkoak zakik nun eta zer moldetan! Eta bihar, Jauna goiz guzia ohean! Gu anartean lehereginik, hor?
Ez, ez, ez! Hire bederatzi orenak eginak dituzkalarik, hemen ukaiten duk salda! Eta hire aitanoak hiu laneko leku hortan sar-arazia.
Hainbeste daudelarik auher, laik gabe! Aprendizgoak eginez, ofizioa ikasi duk leku on bat segurtatuz! Orduan, bihar...
(xarles-ek bere predikua egitean, argia ttipituz doa, undarrekotz ttotte baizik ez duela argitzen. Denbora berean, taula gainaren ezkerreko aldea emeki emeki argitzen da. aitaren botza gero ta gutiago ezagun da, haren partez marteilu ta motur arrabots bat dugu aditzen. Arrabots edo soinu horrek iraunen du hirugarren agerraldi denboraguzia. Eskuineko alderdia —ta agerraldi undarrean ttotte— argitzen zen argia itzaltzen da.)
Lehen Zati huntan, ttotte-k amets bat eginen duen aldi oroz, taula gainaren eskuineko aldetik, (Mendizelaiko sukaldetik) exkerreko alderat, ttotte-ren amets tokirat pasatzea molde berean eginen da.
Hirugarren agerraldia
ttotte, nagusia
jokolariek ez dute hitzik aterako, keinuka bakarrik dira ariko. Taula gaina ere ez da untsa ezagun? Kolorezko argi ezti batek baitu doi doia argitzen eta beti marteilu ta motur arrabots hura.
Taula gainean, motur bat eta tresna andana bat badira. mekanizier nagusia eta beribilaren antolatzerat etorria den bat solas haunditan ari dira (keinuka bixtandena), nagusia dena irri, pereka eta milika besteari.
Beribilaren antolatzerat etorria ateratzen da eta huna nun ttotte, mekanizier soinekoetan, gako andana bat eskutan, sartzen den erne ernea, eta segidan kitzikan hasten moturrean, artetan marteilu ukaldi on batzu emaiten dituela. Bat batean, nagusia zernahi erranka hasten zaio, eskuarekin bertze lan bat erakutsiz.
ttotte badoa lasterka nagusiak erakutsi lekurat eta itzultzen da berehala gako batzuen bila. nagusiak, bertze orro bat eginik, lekuak husten ditu. Gibeletik, ttottek keinu tzar bat egiten dio bainan itxtantean nagusia berriz hor da haren erasiatzeko.
ttotte badoa umil umila ta nagusia, beharri gibelean duen eztiloa harturik paper batzuen betatzen hasten da, bere buruaz arras satifos.
Argia itzaltzen da ezkerrekaldean eta berriz pizten Mendizelaiko sukaldean.
Laugarren agerraldia
janamari, maite, xarles, piarres, ttotte.
janamari ari da xingar eta arroltze moletaren xerbitxatzen. maitek aldiz haurra troixatzen du xokoko mahain ttipi baten gainean.
JANAMARI: (xarles-i) Ixabel izan duk arratsalde huntan...
PIARRES: Nungo Ixabel?
XARLES: Ba auzoko perla hori, seguro!
JANAMARI: Bai, bai, hura bera.
XARLES: Zer zuen arrangura?
MAITE: Gilbert-en ikusterat jina zuxun.
XARLES: Luzaz egon ote dea?
JANAMARI: Arizana duk ba, bulta bat ez trenka eta ez koropila.
MAITE: Ba eta nola erran dautan. (Eskarnua eginez.)
“Biziki haur pollita duxu, xantza dixi hunen aita-amek zinez elgar maite baitute.
PIARRES: Hori pikoa!
JANAMARI: Aski zinduten ezkondu aintzin geldirik egoitea. Ez zinduten pikorik entzunen!
MAITE: Gu ezkondu gitxu bederen! Ixabel-ek ez dixi nik uste deus erraitekorik, berak bi baxtart eginak eta bat bestearen ondotik aintzina!
XARLES: Zer nahi dun! Xerri mainatuak laguna nahi!
(Solasa bururatzean argia ttotte-ren gainean da. Gero argi hori itzaltzen da eta ezkerreko aldean pizten.)
Bostgarren agerraldia
ttotte, ixabel.
(Harantxokoko sukaldea argi ezti batekin ixabel josten ari da. ttottek atean jo egiten du.)
IXABEL: Aintzina! (ttotte sartzen da.)
TTOTTE: Gau on, Ixabel.
IXABEL: To hi hiza, gaizo Ttotte. Libratu haute armada hortarik?
TTOTTE: Ba; ba undarrean!
IXABEL: Orai ez duzue ez halere, lehen bezainbat sofritzen.
TTOTTE: Denbora luze baita ordea, eta bereziki han diren buru handiekin!
IXABEL: Hortan sinesten hiut Ttotte, guk ere jakin zak zonbait pentsaketa egiten dugula. Gure Louis-ek ukana dik galdea hire ber lekurat joaiteko helduden ilabetean. Ez dakiat lanak nola eginen dituztan bakarrik! Katti oraino eskolan duk. Nahiz, orai arduraxko heldu zirezten etxerat, neretako astea luze izanen duk. Beharrik esperantxa poxi bat badiagu, Louis klase denboran utziko daukutela, ikusiz gure manera.
TTOTTE: Untsalaz ba...
IXABEL: Bainan zer zozoa naizen! Hortxet atxikitzen haut ene miseriekin eta hi, hain segur, Louis-en ikusterat etorria haiz ez?
TTOTTE: Ba ba bainan...
IXABEL: Ago, ardi undarren deizten ari duk, jinen duk berehala.
TTOTTE: Joanen nitzako nihaur arteirat!
IXABEL: (Irriz) Ziek bait ditutzue zuen sekretuak, guk entzun behar ez ditugunak...
TTOTTE: Ez, ez, ez da hori...
IXABEL: Habil, habil gustuan, ez dik balio ez ene xoxokerier behatzea... Haatik, zuen solasak pasatu ondoan, haugi hi ere gurekin afaltzerat. Hola, ni ere gaztetuko nauk zier bier kontra.
TTOTTE: Ez naiz egoiten ahalko eta gainerat etxen berantetsiko naute...
IXABEL: Haugi gustian mutikoa! Etxekoek badiakie nun haizen?
TTOTTE: Ba, bainan errana...
IXABEL: Ez haiz galtzeko lekuan, jinen haiz?
TTOTTE: Ba, ba...
IXABEL: Sarri artio, afaria fitexko prest izanen duk.
TTOTTE: Ixtant arte (eta ateratzen da).
IXABEL: (Bakarrik) Ah gaizo Ttotte. Mutiko on eta franko bat haiz. Badakiat ba hire etxekoek ez nautela maite!
Eta argia itzaltzen da.
Seigarren agerraldia
Mendizelaiko familia afaltzen ari oraino.
XARLES: Ba, aste huntan ere, kasik gau guziz kanpoan zukan!
PIARRES: Ala emazte gai zonbait badu?
XARLES: Mmm... ! Ez dakiat.
MAITE: Adinean duxu ba orai!
XARLES: Hortako adinean lukeen bai. Bainan ni beldur ez ote duenez berak deus ikustekorik ez duen aferetan sudurra sartzen!
PIARRES: A bon!
XARLES: Ba, baduk hor multxo bat noiz nahi elgarretaratzen dena. Bertzen kritikatzen eta bazterren nahasten pasatzen die beren denbora. Hobe likeie lanari gehiago lotzea!
MAITE: Halere aita! Louis ez duxu ez halakoa!
XARLES: Nolakoa den ez dakinat, bakarrik hobe dela hortaz ere mesfidatzea. Badakin biltzarre eta puskileria horretan elgar burua muntatzen, dine eta gero zernahiren egiteko, prest ditun.
(Undar solas horretan argia ttotteren gainean zagon eta aitaren predikua bururatzean argi hori itzaltzen da eta ezkerreko aldean pizten.)
Zazpigarren agerraldia
ttotte, louis, armadako karguduna.
Agerraldi denbora guzian, armadako musika bat, zinta batek errepikatuko du. Entzuten da ere gibeletik aintzindariaren orroa: “AN, DEE, AN, DEE... AN, DEE, section Halte!!! Repos. Section à mon commandement, Gardavous!!! En avant, marche!!! AN, DEE, AN, DEE,AN...
Izkin batean, frantses ikurrin handi bat, erdian emazte baten argazkiarekin (hori arinki beztiturik...).
ttotte, louis ta aintzindaria sartzen dira armadako soinekoetan eta urratsean. Taulagainaren itzulia egiten dute bizpahiru, aldiz, ikurrinari ohartu gabe.
Undarrean, heldu dira urratsean publikoari buruz.
Taula begirat heltzean, louis-k, emaztearen argazkia aintzindariari erhiaz erakusten dako urratsean segituz publukoraino eroriz.
louis ta ttotte taula hegian gelditu dira. Aintzindariak erortzean orro handi bat egiten du. ttotte ta louis, zalu zalua urruntzen dira, beren ukaldia erreusiturik, argia ttipituz doa frantses ikurrina ta emaztea memento batez erakusten dituela, armadako musika azkar batekin.
(Argia itzaltzen da.)
Zortzigarren agerraldia
Mendizelaiko sukaldea.
JANAMARI: Alo, Xarles, Ez duxu ukatzen ahal halere haur plantakoak atera direla Harantxokokoak, bereziki ikusiz zer ama duten!
XARLES: (Maltzurki) Ama ere ez xuxun ez gaizki leheno...
JANAMARI: Zer zozoa xiren, alo...
PIARRES: Halere, Ixabel-ek bi haur hazi ditu ba, bakarrik...
XARLES: (Berriz serios) Hazi ba bainan nola hazi? Jakizak Harantxokotik ez dela behin ere deus onik atera!
PIARRES: Nexka horrek iduriz gixakoa emaiten du...
XARLES: Ah Katti! Ba, ba ixila duk ba bena hemeretzi urtetan oraino eskolan eta etxerata arras gutti ageri kanpo horietan. Eza esku ukaldi bat emanen etxekoer? !!!
TTOTTE: Ikasteko ainitz bai duke, hain segur...
XARLES: Ba, hik defendia zak ba! Urrun joanen haiz!...
Bederatzigarren agerraldia
apeza, katti, ttotte.
apeza beha da liburu bat eskuan eta entzuten da Haendel-en “Alléluia”. Orduan ttotte eta katti untsa bestiturik (katti xuriz, lilizko korona bat buruan eta ttotte igandetako paltoarekin) hari urrantzen dira gero gelditzen. apezak predikua hasten du:
“Haurride maiteak,
Gaur, hemen, gure Ttotte eta Katti-ri esker, Ezkontzaren sakramenduaren mixterioa ohoratuko dugu; Bainan haurride maiteak mixterio sakratu hori zer da?
Zeraren zeretik so egiten badugu, ez gira segur betidanik zera zertu denez ala deusetarik zera sortu denez.
Denaden zera izan ordutik, bi zerek elgar zertu dute ezagutzen dugun betiko zeretik zertuz zeretan.
Beraz bat zera, bestearen zer eta, ber gisan beste zera haren zer, bi hauek elgar zertzen direla, biak elgarren zer izanez eta zertuz...,
Noiz danik zera zeretik zertu den? Ez da xuxen zertzen ahal; haatik oraiko zera leheneko zeraren zera da zertik zertua, eta zeraren zertzaile zertasun beretik zertua.
Zonbait zertze zor ditugu haatik, zer horri:
—Zer da zera?
—Nor dira zertuak eta zertzaileak?
Ala bi zer izanagatik, bat ote dea bestearen zertzaile hau zertua delarik, ala al rebes?
Zerua zaut lekuko zera zertzen dutalarik, bi zerak elgarren zer izanik ere, biak zertuak direla zer batean eta biak, zertzaile beste zerean.
Eta hauek biek behin zertuak izan ondoan, zertzen dira zer bat sor arazi arte... eta hola ditugu gure hiru zatiak bilduak: bi zerak eta zertu ondoan heldu den zera!!!
(Hortan telefona bat jausten da zerutik eta jo egiten du! apeza, harrapatua, lotzen da dardarra haundi betekin telefonaren puntari: —“Ba nor da...” eta entzuten da botz sarkor bat:
—“Ni naiz...? ni naiz izana, izaitekoa, dena”.)
APEZA: (Ikaran) Bainan nor?
BOTZAK: Apez malerusa ez duzua ezagutzen zure jaun eta jabea; Badu bulta bat aditzen zaitudela eta zure arrazoinamenduan, gain gainetik tronpatu zira.
APEZA: (Izerdi uharretan, arrunt joana.) Noiz tronpatu naiz, ... zertan.
(Ta hortan argia itzaltzen da eta entzuten da, untziz beterik den untzitegi batek, erortzean egiten duen arrabotsa.)
Argia itzaltzen da.
Hamargarren agerraldia
Mendizelaiko sukaldea.
ttotte-k, ametsetarik ari zelarik, undarrerat, basoa uzkaili du eta bat batean, iratzartzen bezala da.
JANAMARI: Lo hiza ba? Hobe huke segur gaur etxen egonik.
PIARRES: (xarles-i) Zer erraiten zinduen?
XARLES: (Erdi-apalik) Dorrexurik erran daitak astelehenean elekatu duela Harantxokoaren jabea. Heldu den azaroan bururatzen duk horien kontratua.
PIARRES: Ah bon?
XARLES: Ba ta saltzeko ideian omen duk oraikoan. Jadanik ba gindikan zerbait aditurik eta Dorrexuri-rekin hitzartuak ginduzkan nagusia ikusten baginduen eskaintza bat aski axkarra egiteko; Harantxokoko horiek bai dira alabainan lehenik dretxodun. Aski joite, balin badugu hatsarretik, ez die horiek xantza izpirik ta laster deskuraiatuko dituk.
PIARRES: Untsa karkulatua zinduten... Eta zonbateko eskaintzarendako hitzartuak zirezten?
XARLES: Oh, berrogoi miliun bakotxak.
PIARRES: Zer, lau etan hogoi miliun etxalde txar hori pagatuko duguia?
XARLES: Batez ukaitea baino hobeago duk 80 miliun pagatzea. Orai artean ere zerbait egin diaguk, gero ere zerbait aterako duk ba plantan lanean ari denarendako.
(ttotte xutitzen da. Ageri du ez dela bere gustuan.)
JANAMARI: Norat ari haiz?
TTOTTE: Ba, euh... (ez daki soberakinik zer erran) prestatzea badiaxu.
PIARRES: (Irriz) Ez duk oraino lanerako tenorea...
XARLES: Badea egun ere nihundik huts egiten ahal ez den zerbait?
(ttotte ixilik ateratzen eta badoa ikuzterat. Uraren arrabotsa entzuten da.)
XARLES: Izigarri duk ba bestenaz oraiko gaztek ez baidute ibiakoitz bat ere hutsiten ahal!...
(Argia itzaltzen da eta ezkerreko aldean pizten.)
Hamekagarren agerraldia
ttotte, ixabel, louis, katti, xarles, janamari, piarres, maite.
(ttotte bakarrik kadera batean jarririk da, burua bi eskuen artean.)
TTOTTE: Zer egin behar dut nik? Zer egin behar dut?
80 Miliun... Aitak erosten, ene aitak... Zer egin behar dut? Eta Louis? Ixabel? Harantxokotik joan beharko dute? Eta Katti? Katti? Katti?
(ttotte mintzo delarik, sartzen dira:
— haren ezkerreko aldetik ixabel, louis ta katti;
— haren eskuineko aldetik: xarles, janamari, marres, maite.)
Horiek mintzatuko zaizkolarik, ttotte geldituko da burua eskuen artean, higitu gabe eta deus erran gabe. (amets bat du egiten)
XARLES: Ez ahal dituk hire etxekoak trahituko (ukatuko).
IXABEL: Bainan Ttotte, guk zer egin dugu hire etxekoer, heiek guri hola amengatzeko?
JANAMARI: Ez duk makur haundia izanen ematzar hori hemendik joanik ere!
(Ematzar: emazte tzar.)
LOUIS: (Oihuka) Zer debru! Ni Harantxokoan sortua nauk ez? Nere biziko ametsak, neure geroa hemen finkatuak dituk! Mendizelaiek zendako ditu Harantxokoko lurrak? Zendako? Ez dia bizitzeko aski bere 30 hektarekin? Untsa diren laborariek ihesten badituzte gu bezalako ttipi guziak, norat doatzi gure herriak?
Ni bezalako gaztek zer egin behar dute?
PIARRES: Guk geroari ere behar diaguk pentsatu... orai 30 hektara ez duk gaizki, bainan bihar eskas izanen dituk... Nahi badugu gure haurrak ere laborantxatik bizi ditezen, behar ditiaguk xantza guziak, oraidanik, heien alde ezarri.
MAITE: Badakiat Louis ta Kattirekin lagun ona haizela. Bainan ez zakala otoi gure familian samurgoarik ezar... Otoi... Otoi.
KATTI: Ttotte, Ttotte, ni ere Harantxokokoa nauk. Ez diat sekulan ene sor lekua ukatuko... Harantxokoko Katti nauk ni...
TTOTTE: Harantxokoko Katti... Harantxokoko Katti... (botza eztituz doa eta argia ere ttipituz ttotte-ren gainera.)
(ttotte intziri luze bat egin eta kaderatik xutitzen da, soinekoak aldatzen eta kaderaren hegian ziren “igandetako” soinekoak jaunzten. Artean bertzeak atera dira taula gainaren ezkerreko aldetik.)
Berriz ere ttotte jartzen da oinetakoen trukatzeko eta ixtant bat badago gurua eskuen artean harturik. Xutitzen da eta kanporat ateratzen “kaka dela denen to” oihu eginez. Taula gainaren eskuineko aldetik, aditzen da:
JANAMARI: Egon emeki bide horietan, sar hadi goizik eta plantan goberna, eh! Entzun duk?!!
XARLES: Orroit hadi bihar ardi antzutuak bereixi behar ditugula!
(Ate bat “blanbez” hesten aditzen da.)
Oihala hesten da.