Txotxongillo
Txotxongillo
Txotxongillo
Txotxongillo
Antzerti, 1983

 

JAXINTO ETA JOXEPA

 

            Egia al da fantasma guztiak itsusiak eta gaiztoak direla? Egia al da ipuinetako protagonista guztiak onak, egiatiak eta kementsuak direla eta horregatik beti irabazten dutela? Dirudienez ez. Dirudienez gauzak zerbait konplexuagoak dira eta ondorio honetara iristen gara jaxinto eta joxeparen ipuina irakurri edo ikusi ondoren. jaxinto, protagonista, jatorra da, batzutan harrosko samarra, ia beti alferra eta noiz behinka gezurtia, baina, tira! atsegina eta jostagarria tratatzeko. Gauzak ez zaizkio ateratzen zeharo ongi ez zeharo gaizki, guri bezalaxe.

            nikasio, fantasma, egiazko fantasma da baina ez du ikaratzen. Edo ez du ikara sartzerik lortzen behintzat. Adarra jotzen dio jaxintori, bihurrikeriaren bat egiten du baina besterik ez. Zuriz jantzirik ibiltzen den arren, benetako fantasma guztiak bezala, bitxia da. Patata-tortila gustatzen zaio, goizetan kantari ibiltzen da eta tximiletek nola hega egiten duten begira ematen du denbora.

            Ez da harritzekoa, beraz, historia bukatzean jaxinto eta nikasio adiskide izatea. Ez da harritzekoa, beraz, nikasio bezalako fantasmak ere pertsona onak direla edo izan daitezkeela konturatzea haurrak ere.

 

 

1974.ean estreinaturiko obra

 

 

Banaketa:

            JAXINTO

            JOXEPA

            NIKASIO FANTASMA

            SORGINAK

 

JOXEPA: Jaxintoooo!!!! Jaxintoooo!!!! Ai ene, ene! Lan ederra dut egunero eta egun guztia nere senarrarekin. Lo egiten besterik ez daki. Goizean hamaikak arte lotan egon ohi da. Gero bazkal aurrean kuluxka bat bota behar izaten du. Bazkaldu ondoren... siesta noski!!!! Eta lan egin?... Hori ez. Oiturarik ez daukala esaten du. Alferra, alfer haundi bat da. Baina aspertu naiz... Jaxintoooo!!!! Jaxintoooo!!!! Begira, begira ze patxadan dagoen zuhaitzpean. Zer asmatuko ote dut nik hori esnatzeko?... Ez dakit... Ah, badakit. Ikusiko duzue zeinen laster esnatzen den?... (Poliki) Jaxinto, gosaria gertu dago...

JAXINTO: (Zutik jartzen da) Non?... Non dago?... Ze gosari prestatu duzu?

JOXEPA: Ikusi al duzue nola igarri dudan?... Gosaria sukaldean duzu. Bi arrautza prejitu, txistorra eta ogia ardoarekin...

JAXINTO: Ummm. Nik bai dudala andre bikaina. Ireki etxeko atea... Oraintxe noa...

JOXEPA: Orain ez... Gero...

JAXINTO: Gero ez... Orain...

JOXEPA: Gero.

JAXINTO: Orain.

JOXEPA: Gerooooooo!!!! Lan egin ondoren...

JAXINTO: Baina Joxepa. Tripa hutsarekin ezin daiteke lanik egin... Ez al da egia umetxoak jan gabe ezin daitekela lanik egin?... Lan egin baino lehen jan egin behar da... ez al da?... Ikusten?...

JOXEPA: Berdin zait!... Badakizu. Lana bukatzen duzunean, etxera etorri eta hitzegingo dugu (Leihoa ixten du indarrez).

JAXINTO: (Poliki, poliki) Joxepaaaa... Joxepaaaa... Joxepatxooooo! Ogi puxka bat behintzat... Joxepaaaaaa!

JOXEPA: Tori... Gero esan ez dezazun, eh!

JAXINTO: Gaur oker eman diot egunari hasiera. Lan egin beharko dut. Ni, egia esateko, oso langilea naiz. Baina... badakizue zer gertatzen zaidan?... Ohiturarik ez daukatela... Eta ohiturarik gabe... Ze ordu da? Hamaikak laurden gutxi... Ordurik onena kuluxka bat botatzeko. Ahhhhhhhhhhhhhhhhhhhhh (etxanda jartzen da) (Lo hartzen du. Bitartean fantasma dator eta ogia hartzen du). (Esnatuta gero) Ongi puxka bat jango dut eta... Nere ogia... nere ogia... (Haur bati begira) Zergatik hartu duzu nere ogia. Ekarri oraintxe bertan. Azkar. Aizue, ez al da egia mutiko horrek nere ogia hartu duela?... Nork hartu du ba?... Fantasmaren batek? Baita?... Zuek ogia hartu didazue... Bai... bai eta bai... bai eta bai eta... Lotsarik ez duzue!!! Ez nuen uste hain pardelak zinetenik!

JOXEPA: (Kanpora doa) Baina zer gertatzen da?... Nor ari da zarata ateratzen?...

JAXINTO: Ai, Joxepa... neska-mutil hauek, zuk emandako ogia lapurtu didate eta orain fantasma batek hartu duela esaten ari dira... Baina gezurra da...

JOXEPA: Ia ba, ia ba, Umeok, nork hartu du ogia? Nork?...

JAXINTO: Jaramonik ez egin... Hauek, hauek hartu dute...

JOXEPA: Bai, ala ez?...

JAXINTO: Gezurra!... Gezur haundi bat da...

JOXEPA: Nik dakidana zera da, eguna aurrera doala eta zu oraindik ez zarela hasi lanean... Har ezazu beste puxketa bat, eta bizkor lanera!...

JAXINTO: (Oso haserre) Eta bizkor lanera... Zeinen ederki eh?... Eta zu nere kontura barre egiten... Hau ez da batere barregarria... Umetxo gezurti hauek... Zuen erruz, begira ze puxketarekin gelditu naizen... Zergaitik esan duzue gezur hori?... Fantasma bat etorri dela... Zuek hartu duzue ogia... Bai ala ez?... Bai, bai... Bai eta bai.

            (Hitzegiten ari den bitartean nikasiok berriz sartu eta ogia hartzen du). (Halako baten jaxinto ogirik ez dagoela konturatzen da)... Nola?... Harrituta nago!... Hemen zer edo zer gertatzen da... Nere ogia berriz ere izkutatu egin da... Zuek, inork ikusi al duzue?... Beste fantasmaren bat?? (ahotsa aldatuz) Txorakeriak utzi eta esan egia. Hau neretzat oso gauza serioa da... Benetan sorginik ikusi al duzue? Bene-benetan?... Aiii, ai, ai, ai, ai, amatxo maitea, ai amatxo nerea... Zerbait egin behar dut!... Hemen izara bat dago. Bertan ezkutatuko naiz. Makila bat hartuko dut eta fantasmarik azaltzen ba da zuek hotsegin neri... JAXINTOOOO!... Ia... proba egingo dugu. Ederki!... Nik kenduko dizkiot hautsak horri... (ongi estalita)

            (Argia beheraka, txistua... nikasio azaltzen da) Hemennn?... Hemennn?... (nikasiok alde egiten du eta joxepa sartzean, jaxintok harrapatu egiten du).... Hemen?... Hemen harrapatu zaitut... Tori... tori... eta toriii... Hurrengoan ez duzu egingo barrerik nere kontura... Tori... Tori...

JOXEPA: Baina zu txotxolotua zaude!... Mozolo haundi bat zara!... Zer uste duzu zuk!...

JAXINTO: Ai Joxepa... barka zaidazu... Nik uste nuen fantasma zinela...

JOXEPA: Ze fantasma eta ze ipuin!... Begira, aspertuta nago, baina ez dakit nola esan... Ba al dakizu gauza bat?... Etxean ez agertu fantasma hori ilda ekarri arte!...

JAXINTO: Baina, andrea!... Zertarako behar duzu fantasma etxean?...

JOXEPA: Zertarako?... Bere gonarekin maxifalda polit bat egingo dut!... Ez ahaztu, fantasmarekin, bestela ez etorri!!!...

JAXINTO: Ai amatxo nerea!... Ai amatxo maitea!... Zuek zuek zarete honen errudun... Sekula ez dut ikusi zuek bezalako haur txotxolorik... Zergaitik esan didazue fantasma etorri dela?... Hori ez zan fantasma bat, nere andrea zen... Ba al dakizue gauza bat?... Zuen laguntza beharrik ez dudala!... Neu bakarrik konponduko naiz!... Baina nola?... Nola harrapatuko dut nik fantasma?... Horiek sorginen gauzak dira!...

SORGINAK:

                        Makalabaka truki eta traka.

                        Makalabaka truki eta kro.

                        Ba al dakizu zer egin behar duzun

                        Fantasma harrapatzeko?...

SORGINAK: Kanta bat kantatu.

JAXINTO: Eta... Zer kanta?...

SORGINAK: Entzun eta ez ahaztu... A la kinkirrinera... a la xamurrera...

JAXINTO: Ai aaamatxo nerea... Ai aammmmaatxo maite... Auxe da nere azkena. Aproba egingo dut. Bainan ez dakit gogoratuko dudan horrenbeste kantu (Kantatzen hasten da baina ez da gogoratzen)... Zuek gogoratzen al zarete? Bai?... Kantatu ba... (haurrak kantatzen hasi dira, eta nikasio sartu da, e. a.)

NIKASIO: Zer nahi duzuuuuuuuuuuuuuuu?

            (jaxintok lasterka ihes egiten du... Aaaaaiiiiii)

            Joan da. Gizon hauek ez ditut ulertzen. Nahi ba duzue denok batera berriz abestuko dugu... (kantari)... (Badoa)

JAXINTO: (Poliki, poliki azaltzen da)... Fantasma joan al da?... Bai?... Eskerrak, ikara ederra hartu dut ba...

JOXEPA: Eta zer Jaxinto... Gure fantasma-kontua, nola doakizu?...

JAXINTO: ... Ai, Joxepa... Ez dakizu, oraintxe bertan ia ia harrapatu nuen. Baina umetxo hauek ikaratu egin dira eta... Begira ni hementxe-nengoen fantasma azaldu denean eta ukabilkada bat eman diot, orduan fantasmak eskupeta haundi bat atera du, baina nik beste zartada bat eman diot, orduan fantasmak eskupeta haundi bat atera du, baina nik beste zartada bat eman diot. Fantasmak berriz bi aizto atera ditu, eta... (telebistako abestia) nik beste ostiko bat eman diot... Berriz fantasma gainera etorri zait baina nik beldurtu gabe laugarren betondokoa eman diot... Baina orduan neska-mutiko hauek negarrez hasi dira... Negar eta negar... negar eta negar... negar eta negar... Buaaaa, buaaaaa. Eta ni...

JOXEPA: Jaxinto, Jaxinto, nik uste dut telebista gehiegi ikusi duzula zuk... Kontatu didazun guzti hori, egia al da?... Bai, ziur?... Benetan umeok?... Jaxinto, lepotik goraino jartzen ari naiz, eta hau ezin da... Belarritik helduta fantasma ekartzen ez badidazu, nik ez dut maxifaldarik egingo, baina zu ez zara etxean sartuko.

JAXINTO: Ai, sekula ez zait gertatu horrenbestekorik... Zer egingo dut nik? Horiek sorgin kontuak baldin badira... (sorginak berriz)

SORGINAK:

                        Makalaba truki eta traka

                        Makalaba truki eta kro

                        Ba al dakizu zer egin behar duzun

                        fantasma harrapatzeko...

            Jarabe berezi bat prestatu... Fantasmak edaten duenean, lo geldituko da. Eta orduan oso erraza izango zaizu harrapatzea... Jarabea, holaxe egin behar duzu... Entzun ondo eta ez ahaztu.

                        Epai belar bi...

                        lau asto larrosa

                        makarroi bat

                        perretxiko pixkatxo bat

                        goilarekada bat koņaka

                        eta litro erdi itsasoko ura...

JAXINTO: (Barruan egiten du jarabea)

            Hola da, ez al da ala?... Ez, ez, ni ziur nago hola esan didatela... Bai, bai. Zuek ez dakizue ez hori eta ez beste. Gertu dago. Hementxe utziko dut botila eta orain... Itxaron... Fantasmak lo hartzen duenean, oso erraza izango zait harrapatzea... (argia beheraka, txistu nikasio... Jarabea edaten du)...

JAXINTO: (Makil batekin agertzen da)... Oraintxe nago gertu... Bat... bi eta... Moskortu da!... Nik uste dut koņaka gehiegi jarri diodala...

NIKASIO: Tarerooooo, tareroooo... txun txun txun...

JAXINTO: Egia esateko ez du ematen hain txarra denik. Zer edo zer esango diot... Eh... fantasma jauna!...

NIKASIO: Yeeeeepaaaaaa! ... Nere izena Nikasio da...

JAXINTO: Kaixo Nikasio... Zu benetako fantasma al zara?...

NIKASIO: Noski!... Ez al duzu ikusten?

JAXINTO: Ez bai nago fantasmekin hitzegitera ohituta...

NIKASIO: Eta ni ere ez gizonekin!...

JAXINTO: Eta zuk zertan pasatzen duzu denbora... Haurrak ikaratzen?

NIKASIO: Bai zera!... Hori ez zait batere gustatzen... Ba al dakizu zer atsegin zaidan?... Goizean abestea, patata tortilla jatea eta pinpilinpausak nola ibiltzen dira alde batetik bestera ikustea...

JAXINTO: Neri ere bai orduan...

NIKASIO: Orduan lagunak izango al gara?...

JAXINTO: Nigatik...

NIKASIO: Lagunak izango gara!

JAXINTO: Nik uste Joxepa pozik jarriko dela. Maxifalda gabe geldituko da, bainan maxifalda eta beste edozein gauza baino hobea honelako lagun on bilatzea da...

 

(Kantari aldegiten dute.)