Txotxongillo
Txotxongillo
Txotxongillo
Txotxongillo
Antzerti, 1983

 

TXOTXONGILLO

 

            Zer, gero, ez ote da txantxetakoa marioneten teatro hau? Teatrotxo batean, ahotsa desitxuratuz elkarri segika ibiltzen diran pin-pan-punezko panpinatxo batzuei paso emateko itxi eta irekitzen diren gortinatxo batzuren barruan egon litezkenak baino garrantzi handiagorik ba ote du gero? Hau besterik ez al da marioneten teatroa? Ez ote dago besterik honen atzean eta batez ere sakonean? Galdera hauek egin diezazkioke bere buruari irakurleak, Antzerti (teatro-aldizkariak) marionetei buruzko ale monografiko horren aurrez-aurre. Galdera hauek guk ere egin dizkiogu geure buruari gure herrietako plazaren batean teatrotxoren bat zeharka ikustean.

            Bai, badago besterik, gauza askoz gehiago dago, eta batez ere mila bider gehiago egon liteke marioneta-teatroan. Eta hauxe ikuserazi nahi genuke artikulu honetan.

            Marioneta-teatroa adierazpen modu bat da azken buruan, aintzinakoenetarikoa agian. Zibilizazio guztiek ezagutu dute panpina, doblea, azken finean totemaren fenomenoa eta magia eta erlijiozko helburuetarako erabili dute. Hildakoaren gauza kutunen artean, ehortz-lekuetan aurkitu dira horrelako panpina hondakinak. Zer esanik ez dago Egiptoren kasuan, “Ka” delakoak (hildakoaren harrizko edo zurezko irudiak) hainbesteko garrantzia duen Egiptoren kasuan. Jabearen betiko bizitza segurtatzeko beharrezkoa zen “doble” horri inolako kalterik egin gabe irauneraztea. Doble hau, panpina hau, txotxongillo hau izango da azkenean, era berean, mendez-mende haurren jolasetako protagonista. Jakina da nola aintzinatik haurekintzaren partaide den panpina eta beroren bitartez adierazpidetzat erabiliz agertzen du haurrak bere barne-mundua.

            Ez da harritzekoa, beraz, lehenengo teatro-adierazpenetan panpina, mozorroa, ikuskariaren atalik funtsezkoenetakoa izatea.

            Esan bezala, marionetak adierazpide dira. Azken finean ez pertsona-aktore sailen bitartez baizik eta panpinen bidez eginiko teatroa da eta beren expresio-indar guztia lortzeraino iristen dira, eta batzutan, egiazko pertsonek egindakoa baino ere handiagoa.

            Beraz, marioneta-teatroak teatroaren berezitasun guztiak ditu eta bakarren bat gehiago ere bai gainera.

            Teatroan bezelaxe, panpina bitartez, istorioa kontatu edo idea nahiz sentimenturen bat adierazten diogun ikuslegoarekin harremanetan sartzen gara. Honetarako hara zer behar den:

            — aktoreak (kasu honetan panpinen laguntzarekin).

            — textua edo komunikarazi nahi den idea.

            — mezua hartu behar duen ikuslegoa.

 

            Aktoreak. Panpinak mila modu desberdinetara egin eta maneia daitezke. Elemena dira erabil daitezkeen estiloak eta materialak. Ez dugu uste hau denik zerrenda eskaintzeko lekurik egokiena, baina egoki derizkiogu beroni buruz zerbait esateari:

            — Irudimena funtsezkoa da panpinak egiterakoan.

            — Eraikuntza materiala baino garrantzizkoagoa da panpinari ezartzen diogun nortasuna.

            — Eta azkenik ez dago panpina itsusirik fedez eta maitasunez egina eta erabilia bada.

 

            Textua. Kalitate edo ideazko edozein textu da ona txotxongiloen bitartez interpretatzeko.

            Ez dago inolako hesirik egokitza-lan arretatsuaren ondoren gainditu ezin daitekeenik.

 

            Ikuslegoa. Txotxongiloak adierazpide direlarik ez daude ikuslego jakin batera mugatuak. Beraz, printzipioz haurrentzakoa edota nagusientzakoa izan daiteke, egiten den muntaketaren arabera.

            Honela, bada, titereen mundu honetan dago murgildurik Txotxongillo-taldea azkeneko 12 urte hauetan.

            Piskanaka, egunero, ikuskizun eta ekitaldi berri bakoitzarekin ezagutzen ari gara mundu hau eta beronen ahalbideak mugagabeak direla jabeturik gaude.

            Gure hasierak xumeak izan dira. Auzategiko ikastolan jaialdi bat, inolako goranahirik gabe egin genuen emanaldi bat eta Gipuzkoako irakasleek eman zioten bultzada, berehala ulertu bait zuten zenbaterainoko garrantzia izan zezakeen haurren artean euskerazko ikuskariak. Etengabeko bultzada horri esker ezin izan diogu utzi lan egiteari orain arte eta guk geuk ere, egia esan, seriotasun eta iraupenarekin erantzun diogu, hasita dagoen lanaren garrantziaz jabeturik. Hamabi urte hauetan atseginez ikusi ahal izan dugu ez dela makalaldirik gertatu eta urtez-urte, igandez-igande, hutsik egin gabe agertu garela Euskal Herriko herri guztietara.

            Argi utzi behar da ez zela hau izan ikuskarien munduarekiko gure lehen harremana. Lehenago ere parte hartuak ginen 60. hamarkadan teatro-ekintzak. Donostian loratzen zirenean: Donostiako “Teatro Estudio”, Antigona, T.E.U. taldeetan lanean ari izanak ginen bai aktore eta bai zuzendaritza lanetan.

            Txotxongiloekin lanean hasi ginenetik orain arte, 10 obra eszenaratu ditugu eta beronetatik bost dira gure errepertorioa osatzen dutenak eta gehienetan antzesten ditugunak.

            Geuk idatzi ditugu obra hauen textuak. Batzuk erabat osatuak dira, eta beste batzu Euskal Herriko ipuin eta alegien moldapenak dira txotxongilo-teatrorako. Orain arte erabili ditugun ipuinak, sorburuz eta izpirituz, gure herrikoak izan dira. Pertsonaiak, Erreka Mari, laminaren edo Pernando Amezketarraren kasuan bezala; bertsoak plazan egiteko; alegiak: sugea, gizona eta azeriaren kasuan; abestiak, paisaiak.

            Horregatik esan nahi dugu “Txotxongillo” ez dela euskalduna hizkuntzaz soilik baita bere konzepzio, argudio eta estetikarengatik ere. Dena den, beste biderik egiteko asmoa ere badugu. Gure taldearen asmoek beste bide batzu urratzera garamatzate baina non gauden eta nondik gatozen ahaztu gabe, ordea.

            Eta beti haurrentzat lan eginez, beraiengan pentsatuz. Hasieran, geure ibilerari ekin genionean, talde hau zela behartsuena uste genuelako. Orain, behar bada arrazoi beragatik edo agian beraien artean ongi sentitzen garelako, onartzen gaituztelako, elkar ulertzen dugulako. Haurrekin, errespetorik handienarekin katatzeko asmoz. “Ba... edozer... haurrentzat da” bezalako esaldiei kontra eginez eta beste hau haren ordez jarriz: “Ahal dugun ongien... haurrentzat da...”.

            Ongi dakigu txotxongiloek gure ikusleengan duten eraginaren berri, gure mezuak errazak, argiak eta guztientzakoak izaten dira: izadiarenganako maitasuna. Besteenganako errespetoa; itxaropena, poza...

            Eta beti bide berriak urratzen. Txotxongiloen mundu aberats hau ezagutzeko hain aukera gutxi dagoenez gero gure herrian, muntaketa berria egiten dugun bakoitzean bide berriak urratzen eta aurrera pauso bat ematen saiatzen gara. Ipuin bakoitza aurrekoa ez bezalako izaten da argudioz, panpina estiloz, muntaketaz, hitz batez esateko. Eta etorkizuneko ipuin guztiak ere desberdinak izango direlakoan gaude.