2. Agerraldia
milagros eta miren pelikula bat ikusten ari dira milagrosen gelan. Filma bukatzen ari da eta biak negar isilean ari dira.
MIREN: Zein polita, amona!
MILAGROS: Eta tristea.
MIREN: Ez da tristea; hunkigarria da.
MILAGROS: Baina aita hil dute.
MIREN: Semea aitari esker salbatu da eta gero amarekin elkartu da. Jendea askatu dute eta hemendik aurrera ama-semea zoriontsu biziko dira.
MILAGROS: Aitarik gabe.
MIREN: Seme horrentzat aita beti bizirik izango da. Niri ez litzaidake axola mutiko hori izatea.
MILAGROS: Zure aita bizirik dago; gaur hona ekarri zaitu.
MIREN: Nire aita aspaldi hil zen, amona. Orain daukadana da hamabostean behin mesede bat egiten didan gizona, noizbait aita deituko diodan itxaropenaz.
MILAGROS: Zenbat urte dituzu?
MIREN: Hamabi.
MILAGROS: Ez du ematen; helduen moduan hitz egiten duzu... Barkatu, heldu batzuen moduan.
MIREN: Erabiltzen ditudan esaldi asko ikusitako pelikuletan ikasi ditut.
milagrosek irribarre egiten du masaila laztantzen dion bitartean. Negarrez jarraitzen du, baina ez dirudi amaitu berri den pelikulak eraginda denik. milagros zutitu eta leiho aldera doa. Bertan dela, itsasora begiratzen du, pentsakor.
MILAGROS: Hil aurretik pelikula hau zurekin ikusi nahi nuen, eta ozta-ozta lortu dut.
MIREN: Hain gaizki izan zinen?
MILAGROS: Medikuek ez dakite oraindik nolatan nagoen hemen. Azkenean, auskalo zergatik, bihotzak erreakzionatu zuen; dena den, ez dakigu luzaroan iraungo duen.
MIREN: Hurrengo bisita egin arte, bai? Bestela gaur izango da ikusiko zaitudan azken aldia.
milagros jiratu eta mireni begiratzen dio, harriduraz eta harrotasunez.
MILAGROS: Gezurra dirudi nola hitz egiten duzun heriotzaz.
MIREN: Zuk erakutsi didazu, zure bizitza eta elkarrekin ikusi ditugun pelikulen bidez.
MILAGROS: Filma hau ikusten dudan bakoitzean zure birraitonarekin gogoratzen naiz. Ez dizut inoiz nola hil zen kontatu, ezta?
MIREN: Ez.
MILAGROS: Nahizenuke?
MIREN: Bai, noski.
milagrosek, berriz ere, itsasoa begiratzen du, zeruertzean iraganeko bizipenak bilatuko balitu bezala. Hainbat segundoz horrela dago, adore bila, mireni kontatu behar dionak oraindik min ematen dio eta. Azkenean, leihoari bizkar eman eta mirenen ondoan esertzera doa.
MILAGROS: Dena ondo ulertzeko, Franco zein zen jakin behar duzu.
MIREN: Hori euskaraz hitz egitea debekatu zuena da?
MILAGROS: Horixe egin zuen gauzarik okerrena balitz...! Dena dela, agian hobe da bakarrik horregatik ezagutzea...
MIREN: Zer egin zuen?
MILAGROS: Uff..., zer ez zuen egin! Adibidez, guda bat hasi.
MIREN: Zu jaio zinenekoa.
MILAGROS: Horixe bera... Kontua da, labur esanda, Franco horrek guda irabazi zuela eta agintean hogeita hamasei urte eman zituela. Guda galdu zuten askok beste herrialde batzuetara alde egin zuten, hemen zapalduta biziko zirelako, baina zure birraitonak hemen jarraitzea erabaki zuen.
MIREN: Zergatik?
MILAGROS: Bere ustez, erbestera joatea Francori poz bikoitza ematea zen; guda irabazteaz gain, galtzaileek ospa eginez gero, Espainian bakarrik bere aldekoak geldituko ziren.
MIREN: Oso ondo egin zuen.
MILAGROS: Ondo edo gaizki, esan dizudan bezala, hemen jarraitzeak zapalduta bizitzea zekarren, seinalatuta... Guda aurreko lanpostua galdu zuen eta ezagun batzuen bitartez Bilboko kafetegi batean zerbitzari hasi zen. Jabea Francoren aldekoa zen; beraz, ez pentsa nire aitari mesede egin zionik. Oso gutxi ordaintzen zion, baina badakizu nire ama ni jaioberria nintzela hil zela, eta dirua behar genuen.
MIREN: Amona, ez dut ulertzen zergatik kontratatu zuten. Jabeak Francoren aldekoak ezagutuko zituen.
MILAGROS: Dudarik ez izan... Ea, zeu ulertzen saiatuko naiz...! Kafetegiko jabeak nire aita hartu zuen uneoro langile bat umiliatu ahal izateko, eta bezeroek ere zerbitzari hura gutxiets zezatela. Kafetegi horretara guda irabazi zuen jendea joaten zen; bada, guda irabaztearekin nahikorik ez, eta galtzaileak iraindu edo lotsarazi behar zituzten. Zure birraitonari kristorenak esaten zizkioten, baina batez ere “gorri zikina” deitzen ziotenean gozatzen zuten...
MIREN: Zer da hori?
MILAGROS: Ene, nire adineko amona batekin hitz egiten ari naizela pentsatzen dut...! Eskolan ikasiko duzu, baina apur bat ulertzeko imajinatu traidorea esaten ziotela... Horrez gain, txanponak lurrera botatzen zizkioten kobratu beharrekoa handik jaso zezan. Edo edariak ekartzen zituenean bultzadatxoak ematen zizkioten edalontziak eror zitezen. Hori gertatuz gero, jabearen hitz gordinak eta mehatxuak jasan behar zituen, eta soldatatik dirua kentzen zion.
MIREN: Kabroia...!
MILAGROS: Ez nuen hori adierazi nahi, baina ni ez naiz izango hori ez esateko esango dizuna... Eta zure birraitonak, eraso horiek guztiak jasan behar bazituen ere, ez zen isiltzen eta bere ideiak azaltzen jarraitzen zuen. Horrengatik, batzuetan bezeroek jotzen zuten.
MIREN: Eta han hil zen, jabeak egun batean hil zuen.
MILAGROS: Ez, Miren, ez...! Nire aitak garaileak zirela sentiarazteko balio zien jabeari nahiz bezeroei, eta hutsegite galanta izango zen hiltzea. Panpinatzat zuten, gudan nagusitu arren, ariman artean gordetzen zuten gorrotoa isurtzeko diana ezin hobea... Etxean hil zuten.
MIREN: (Ikaraz) Zuen etxean?
MILAGROS: Bai, biok bertan ginen eta atea jo zuten. Ez geunden inoren zain, Carmen beranduago iristea espero baikenuen.
MIREN: Carmen jaiotzera lagundu zizuna zen?
MILAGROS: Bai, ama hil zenetik gurean bizi zen, aitari laguntzeko eta konpainia gisa. Ezkongabea zen eta gurekin egoteak guztioi on egiten zigun... Kontua da nire aitak ez zuela ireki behar.
MIREN: Baina ireki zuen.
MILAGROS: Bai, eta atearen beste aldean bi gizon agertu ziren. Niri ez zitzaidan haien itxura gustatu eta ez dut uste aitak atsegin zituenik. Hala ere, bere lagunak zirela esan eta nire gelara joateko agindu zidan. Nik kasu egin nion eta gelan sartu orduko atea itxi nuen.
MIREN: Zer gertatu zen gero?
MILAGROS: Hasieran ahotsak entzun nituen, gero ahots horiek oihuka, beranduago kolpeak eta iraulitako edo jaurtiriko altzarien hotsak, eta azkenean... garrasi beldurgarriak.
MIREN: Ez zenuen atea ireki?
MILAGROS: Ezta erotuta ere. Hamar urte nituen eta ez nekien zer aurkituko nuen beste aldean. Negarrez hasi nintzen, ikaratuta, norbait nire gelara sartuko zen beldur. Handik gutxira isiltasuna nagusitu zen, baina nire beldurra ez zen desagertu. Negarrez jarraitu nuen eta ez dakit zer unetan loak hartu ninduen. Beranduago, Carmenek besarkada batez esnatu ninduen eta egongelara joan ginen. Jada, aita ez zegoen, eta ez nuen gehiagotan ikusiko. Ez nuen ezer galdetu eta Carmenek ez zidan gorpuaren inguruko xehetasunik azaldu. “Zure aitak salbatu zaitu”, esan zidan.
MIREN: Pelikulan bezala?
MILAGROS: Antzekoa, bai... Kafetegiko bezero batek bi gizon horiek gure etxean lapurtzera eta aita jipoitzera bidali zituela esan zidan Carmenek.
MIREN: Zergatik?
MILAGROS: Dirudienez, egun batean bezero hori aitaren kontura disfrutatzen ari zela, inongo motiborik gabe jipoitzen hasi zen. Eta egun horretan aitak, bere onetik aterata, indarkeriaz erantzun zion. Lurrera bota zuen eta hantxe jotzen jarraitu zuen, ero moduan. Gizon hura beste bezeroen aurrean barregarri geratu zen eta aitak lana galdu zuen, baina ez duintasuna.
MIREN: Orduan, bezeroak mendekua nahi izan zuen.
MILAGROS: Bitartekarien bidez, koldar hutsa zelako, beste guztien antzera. Bi gizon haiei, aitari zuen guztia lapurtzeko eta etxea hankaz gora uzteko esan zien. Kafetegiko gertaeraren ondoren, aitak nekez aurkituko zuen lan txukunik eta aurreztutakoa kenduz gero, kale gorrian amaituko genuen. Gorri zikin bat kale gorrian; horixe nahi zuen.
MIREN: Lapurtzera sartu ziren, birraitonak aurre egin zien zu ezer gabe ez gelditzeko, eta aitarik gabe gelditu zinen.
miren guztiz hunkitua dago eta milagros besarkatzen du. Elkar besarkatuta denbora dezente ematen dute. Askatutakoan, miren zutik jarri eta gelako apalategian bildutako pelikulak begiratzen hasten da, presarik gabe, dvd batzuen izenburuak irakurtzen dituela. Bat-batean, bat hartu eta azala begiratzen du.
MIREN: Errepikatua duzu ikusi dugun pelikula.
MILAGROS: Bat hondatuz gero, beste ale bat izan nahi dut.
MIREN: Interneten egongo da; jaitsiko nizuke.
MILAGROS: Internet berandu heldu zait. Horrela nahiago dut.
miren leiho aldera doa, itsasoa ikusteko. Hari begira geratzen da.
MIREN: Egia da izenburuak dioena?
MILAGROS: Zer esan nahi duzu?
MIREN: Bizitza ederra da?
MILAGROS: Bai.
MIREN: Dena? Zurea ezbeharrez betea da.
MILAGROS: Guztiena da ezbeharrez betea.
MIREN: Nahasten ari naiz.
MILAGROS: Bizitzan gauza ederrak daude eta zaindu behar dira.
MIREN: Eta desagertzen badira?
MILAGROS: Zure esku dago oroitzapen ederrak izatea.
MIREN: ... Zu oroitzapen ederra izango zara, amona.
MILAGROS: Zeu ere bai, Miren... Nagoen tokian nagoela.
MIREN: Aitona oroitzapen ederra da?
MILAGROS: Oso. Berarekin bizi izandakoa ez dut inoiz ahaztuko. Nire bizitzaren lehen zatia erabat desagertu zenean agertu zen, eta bigarren zatia zoriontasunez bete zuen.
MIREN: Ez nuen aitona ezagutu.
MILAGROS: Jaio zinen urtean hil zen. Beste egun batean aitonaz hitz egingo dizut. Polita izango zen zuek biok elkar ezagutu izana.
MIREN: Amaren sabelean nengoen istripua gertatu zenean, ezta?
MILAGROS: Bai.
MIREN: Amak esaten du zure dei bat hartzeagatik izan zela.
MILAGROS: Hori dio, e?
MIREN: Gezurra da?
MILAGROS: ...
MIREN: Amaren oroitzapenik ba al duzu?
MILAGROS: Zure amarenak? Nola izango ditut bizirik bada?
MIREN: Bizirik dago, baina hilda balego bezala. Ez duzue elkar ikusten eta ez duzue hitz egiten.
mirenen esaldiak ustekabean harrapatzen du milagros. Hori dela eta, egin beharrekoa bitan pentsatzen du. Azkenean, zutik jartzen da.
MILAGROS: Miren, niri begiratu.
MIREN: Zer?
MILAGROS: Elkar maite dugu; hori da garrantzitsuena.
MIREN: Amona, horrela amak hitz egiten du; eta zu ez zara ama bezalakoa.
MILAGROS: Zer nahi duzu?
MIREN: Ez dakit... Beste bertsio bat, eta bertsio hori zuk dakizu, eta laster ezin izango dizut galdetu.
MILAGROS: Zein da zure bertsioa?
MIREN: Ez zarela gurekin bizi zuk ez duzulako nahi, amak gurekin bizitzeko esan zizula...
MILAGROS: Zer gehiago?
MIREN: Betidanik oso independentea izan zarela, bakarrik ibiltzea gustatzen zaizula, aitona hil zenean zuregana jo zuela eta ez zenuela gure bizitzan traba izan nahi esan zeniola...
MILAGROS: Segi, mesedez.
MIREN: Bihotzak lehen abisua eman zizunean gure etxera etortzeko eskaini zizula, baina zuk zeureari eutsi zeniola eta hona etortzea erabaki zenuela, hemen oso profesional onak daudelako eta hogeita lau orduz primeran zainduta egongo zinelako.
MILAGROS: Egia da hemen oso ondo zainduta nagoela, eta lagun berriak egin ditut.
mirenek egiten ari den ahalegina keinu doi batez eskertzen dio milagrosi, eta berarengana hurbiltzen da.
MIREN: Amona, hori horrela balitz ama bisitan etorriko litzateke, eta ez ni; edo biok etorriko ginateke. Ezkutuan etorri behar dut hona hamabostean behin, Gasteiztik, txikitan egiten zidanagatik oraindik gorroto dudan aitarekin tokatzen zaidanean. Eta aita nazkagarri horri eskerrak eman behar dizkiot zu ikustera ekartzeagatik eta amari ezer ez esateagatik... Benetan bizitza ederra al da?
milagrosek miren besarkatzen du eta mirenek utzi egiten dio, eskertuta. milagrosek bizkarra laztantzen dio esku batez eta besteaz mirenen ilearekin jolasten da.
MILAGROS: Bi bertsio daude, bai, baina ez dizut guztia kontatuko. Dena den, ez ezazu uste ezer larririk dagoenik... Agian, horrexegatik da tristeagoa... Zure amak beti nahi izan du nahi zuena egin. Ez zuen guk aholkatzea nahi eta berak hartu behar zituen erabakiak. Zure aitonak utzi egiten zion eta nik..., hogeita hamasei urtez Franco horren agindupean bizi ondoren, debekatzea zen egin behar nuen azken gauza. Hala ere, ama batek alaba bati bizitzak irakatsi diona erakutsi behar diola uste dut, eta horixe egiten nuen. Hamasei urterekin lagun batzuekin ez ibiltzeko esan nion eta ez zidan kasurik egin; hemezortzi urterekin ikasten jarraitzeko esan nion eta ez zidan kasurik egin; adin horrekin ere zure aitarekin ez ateratzeko esan nion...
MIREN: (milagrosen bularretik urrundu eta hari begiratzen dio) Eta zuk beti asmatu duzu.
MILAGROS: Nik ez dut hori inoiz esango.
MIREN: Ez zuen haurdun gelditu nahi? Hogei urte zituela jaio nintzen ni.
MILAGROS: Ezjarraitu, ados?... Sentimenduak bihurriak dira eta ama batek eta alaba batek ez dute zertan ongi moldatu; guri hori gertatu zaigu.
MIREN: Eta niri berarekin.
MILAGROS: Aitzitik, gu biok oso berdintsuak gara, eta hori aprobetxatu behar dugu.
MIREN: Eta zuk deituko bazenio?
MILAGROS: Berak erabaki behar du behar nauen ala ez.
MIREN: Zuk ez duzu behar?
MILAGROS: Ohitu naiz, eta ez zait gustatzen jendeak nirekin egoteko obligazioa duela nabaritzea.
MIREN: Zure alaba da...
MILAGROS: Burugogorra naiz, Miren; batzuetan gehiegi.
MIREN: Orduan...
MILAGROS: (mireni mozten dio) Entzun, maitea! Bizitza ederra da, ederra denean, eta zure amari ederra denean izugarri gustatzen zaio, baina bizitza okertzen denean edo berak nahi duen bezalakoa ez denean, ez daki bizitzaren alde horri aurre egiten... Hogei urterekin, bere lagunak parrandan zebiltzan eta berak zu zaindu behar zintuen.
MIREN: Eta nire aitak?
MILAGROS: ... Hogei urterekin aita hil zitzaion, eta berdin dio nik deitu nion deitu behar ez nionean edo berak erantzun zuen erantzun behar ez zuenean. Zure ama bere aitarekin oso gustura bizi zen eta nirekin ez da eroso bizi. Aukeran, ni hiltzea nahiago zuen... Zure amaren lagunen amak hirurogei urteren bueltan dabiltza, asko lanean ari dira eta ez dute arazorik ematen; euren bizitza dute. Baina ni hiltzear nago, bihotzak esan dit gutxi gelditzen zaidala eta zure amak ez nau egun batean zuen etxean hilda aurkitu nahi... Horretan utziko dugu, ados? Gehiegi azaldu dizut, eta agian elkar ikusiko dugun azken aldian ez dut horrela bukatu nahi.
MIREN: (Negarrez ari da) Ados.
MILAGROS: Miren, ni hamar urterekin gurasorik gabe gelditu nintzen eta zuk hamabirekin biak dituzu. Ni laster ez naiz hemen egongo eta bizkorra izan behar duzu. Hasi zure gurasoak berreskuratzen, garaiz zabiltza eta!
MIREN: Ongi da... (Erlojua begiratzen du) Alde egin behar dut.
MILAGROS: Hau pena! Lagun bat ezagutzea nahi nuen; lagun berezia. Berehala azalduko da.
MIREN: Zure nobioa da?
MILAGROS: (Barre egiten du) Ez, mesedez! Nire heriotzaz duela rninutu erdia hitz egin dut eta zuk ea nobiorik dudan galdezka...
MIREN: Ez dakit! Aurkeztu nahi badidazu, garrantzitsua izango da.
MILAGROS: Zuk berari heriotzaz hitz egiteko aurkeztuko nizuke; oso ondo etorriko litzaioke gaztetxo bati zuk ibiltzen duzun ausardiaz entzutea.
MIREN: Amona... Joan beharra daukat. Honezkero, aita zain izango da. (milagros besarkatu, musu eman eta ate aldera doa. Atearen parean gelditzen da) Maite zaitut.
MILAGROS: Neuk ere bai.
MIREN: Hurrengora arte.
MILAGROS: Hurrengora arte.
milagros bakarrik geratzen denean, hasperen egiten du, nekatuta. Jarraian, dvd-a gailutik atera eta jaso egiten du. Azala begiratu eta bere baitarako “Bizitza ederra da” dio. Ondoren, apalategian utzi eta gelako horma nagusian dauden posterrak begiratzen ditu, malenkoniaz. Posterrak ikusten ari dela, manuel azaltzen da.
MANUEL: Ez zen gezurra, ez zen broma.
MILAGROS: Arratsalde on... Zuri ez zizuten erakutsi sartu aurretik atea jo behar dela?
MANUEL: Bazenekien zertaz ari zinen.
MILAGROS: Atea jo behar dela! Ezin da besteen etxeetan hola sartu.
MANUEL: (Amore ematen du) Irekita zegoen.
MILAGROS: Bilobak irekita utziko zuen.
MANUEL: Zure biloba hemen izan da?
MILAGROS: Bai, duela gutxi joan da. Zu ezagutzea nahi nuen, baina bere aita zain zeukan.
MANUEL: Duela bi aste izan zenuen bisita bera...
MILAGROS: Hamabostero etortzen da, aitarekin tokatzen zaionean.
MANUEL: Eta zure alaba?
MILAGROS: Nire alaba, zer?
MANUEL: Zure alaba ez al zaizu bisitan etortzen?
MILAGROS: Ez.
MANUEL: Behin ikusi nuen; hona iritsi zinen egunean, hallean... Zure maleta zeraman, emakume ederra zen.
MILAGROS: Nire antza duela diote.
MANUEL: Zergatik ez da gehiagotan etorri?
milagros deseroso dago alabaz hitz egiten eta leiho aldera doa, itsasoa begiratzera. manuelen galderari muzin egiten dio.
MANUEL: Bizirik egonda ere, hilda ditugunak... Zer moduz zaude?
MILAGROS: Gaizki.
MANUEL: Itxura ona duzu.
MILAGROS: Arropak eta makillajeak mirariak egiten dituzte... Ez zinen ospitalera azaldu bertan emandako zortzi egunetan.
MANUEL: Ez zintudan gaizki ikusi nahi.
MILAGROS: Oraindik ez duzu beldurra guztiz uxatu?
MANUEL: Nire heriotzari diodana bai, baina zureari ez.
MILAGROS: (Ahotsari zirrara dario) Heriotza aurrez aurre ikusi nuen, Manuel.
MANUEL: Argia tunelaren bukaeran?
MILAGROS: Ez, askoz politagoa.
MANUEL: Konta...
MILAGROS: Gero. Orain nire etxea erakutsi nahi dizut.
MANUEL: Zahar-etxeko gela honi etxea deitzen al diozu?
MILAGROS: Bai, nire etxea da; eta zuk diozun moduan, nire azken etxea hilerrira joan aurretik.
MANUEL: Oso dekoratua daukazu; zinea nonahi.
milagrosek gelan zehar ibiltzeko gonbitea egiten dio manueli, eta honek onartzen du. Posterrak presarik gabe begiratzen ditu, eta ondoren, pelikulaz beteriko apalategia.
MANUEL: Zure txokoa ezagutzeko irrikaz nengoen.
MILAGROS: Hau espero al zenuen?
MANUEL: Ez nuen hainbeste... magia espero. Santutegi bat dirudi; izar guztiak daude: Humphrey Bogart, John Wayne, Cary Grant, Katharine Hepbrun, Greta Garbo, Bette Davis...
MILAGROS: Tira, zinea nire pasioa da, nire erlijioa, nahi izanez gero.
MANUEL: Eta ihesbidea... Zer duzu bihotzean, orain arte azaldu ez didazuna?
MILAGROS: Bihotzak bi abisu eman dizkit eta hirugarrenean ez du barkatuko.
MANUEL: Hirugarrenik bada.
MILAGROS: Izango da. Bihotza gaixo dut, gaitz genetikoa du eta noiz esnatuko zen itxarotea zen gakoa. Nire unea iritsi da eta heriotza oso zintzo jokatzen ari da nirekin.
MANUEL: Berarekin harreman berezia duzulako.
MILAGROS: Bi aldiz esan dit nire jendea agurtzeko garaia dela, hurrengoan ez baitut aukerarik izango.
MANUEL: Zer sentitu zenuen? Zer ikusi zenuen?
MILAGROS: Nire burua beste dimentsio batean zen, ez nekien non nengoen, eta bat-batean, zine erraldoi bat ikusi nuen. Sarreren salmenta-gunera hurbildu nintzen eta arduradunak aurreko lagunak azkena erosi zuela esan zidan. Hura zein zen jakiteko asmoz, ate nagusia irekita zegoela baliatu eta aretorantz begiratu nuen... Hura aretoa! Eserleku ilarek ez zuten amaierarik eta bertan orain arte hildako guztiak zeudela imajinatu nuen.
MANUEL: Horrek ez du zentzurik!
MILAGROS: Eta zeruan paradisua dagoela bai? Zuk zer imajinatzen duzu, oasia basamortuaren erdian, lorategi bukaezina, edo eskuan giltzak dituen gizon bizardun bat zeruko atea zaintzen?
MANUEL: (Burua makurtzen du) Ez dakit...
MILAGROS: Nik ikusi nuena edo nire irudimenak erakutsi zidana, horixe izan zen. Mundu hau uzten duena zine horretara doa eta bertako pantaila handian bere bizitzako pasarteak etengabe ikusten ditu. Eta aretoan hil zaizkion pertsonekin elkartzeko aukera du. Oso irudi magikoa eta xarmangarria ikusi nuen.
MANUEL: Argiaren hautsarena bezalakoa. Zure irudimena benetakoari nagusitzen zaio eta inork ezin dizu agindu zer den sinetsi behar duzuna.
MILAGROS: Zure mamuak eta zure beldurrak bezalakoak. Zentzuzkoak izan ala ez, izugarri eragiten dizute.
MANUEL: Orduan, zure gurasoak eta Carmen hantxe izango dira.
MILAGROS: Ziur naiz, eta elkarrekin guztion bizipenak ikusiko ditugu.
MANUEL: Irudia polita da, zalantzarik gabe. (Ingurua begiratzen du) Pelikula guztiak ikusi al dituzu?
MILAGROS: Bai, denak. Asko bi aldiz, batzuk hiruzpalau, dozena bat hamar edo hogei aldiz... Nik ospitalean igarotako denboraldian, hemengo ekintzetara joan al zara?
MANUEL: Bai, behartuta.
MILAGROS: Zer bada, behartuta?
MANUEL: Zu ez zinelako.
MILAGROS: Sebas zegoen, eta Fermin, David eta Kontxi... Otorduetan?
MANUEL: Bakarrik egon nahi nuen, baina ez didate utzi. Zuk esandakoekin ibili naiz, bakarrik egoteko gogoa nuen arren.
MILAGROS: Primeran egin duzu... Bakarrik ibiltzeko garaia iluna da eta duela sei aste bukatu zitzaizun... Eseriko gara? Oraindik ahul nago eta nekatzen hasia naiz.
milagros eta manuel eseri eta tarte batez isilik daude, batzuetan elkarri begira, beste batzuetan pelikulei, posterrei edo leiho aldera. Une batez, elkarri dena esana diotela dirudi, eta milagrosek zerbait esan behar duela dirudienean, manuelek urduritasunez kutxa txiki bat poltsikotik atera, beste eskuaz milagrosena heldu eta eskuaren gainean kutxatxoa uzten dio.
MANUEL: Ireki ezazu; zuretzat da.
MILAGROS: Zerda?
MANUEL: Ireki.
MILAGROS: Ez da pentsatzen ari naizena izango.
MANUEL: Ez dakit.
MILAGROS: (Kutxa aurrean duen mahaitxoaren gainean uzten du, pentsakor) Entzun ondo, Manuel. Oraindik ez dut kutxa irekiko. Izan ere, kutxa irekiz gero, egoerak ez du atzera egiterik izango.
MANUEL: Aurrera egin dezala, bada.
MILAGROS: Bi gauza esango dizkizut, eta biak entzun ondoren oraindik kutxa hori eskaini nahi badidazu, halaxe egin, eta nik erantzun behar dizudana esango dizut.
MANUEL: (Listua irensten du) Ados.
MILAGROS: Carmenek eta biok ia hogeita hamar urte eman genituen elkarrekin zinean; Franco hil zen egunean hil zen arte, hain zuzen ere... Bai, bitxia; oso bitxia... Ni Gernika bonbardatu zuten egunean jaio eta bera diktadorea hil zen egunean hil. Ez zuen ezta egun bat gehiago iraun, Francorik gabe egun batez bizi izan zela esan ahal izateko. Bat-batean, bakarrik gelditu nintzen eta Carmen gabe zinean ez nuela jarraitu nahi erabaki nuen.
MANUEL: Zure pasioa zen.
MILAGROS: Pasioa eta ihesbidea, baina Carmen gabe pasioa ez zen hain sutsua eta Franco gabe ez nuen ihesbiderik behar; edo beste bat behar nuen. Horregatik, nire iraganarekin hautsi eta Ingalaterrara joan nintzen, itsasontziz. Ez nuen hegazkinez joan nahi nire bizitza berria antolatzeko bidaia luzea behar nuelako. Ingalaterran nire etorkizuna eraikitzen saiatu nintzen, lan eta soldata ziztrinak onartuz, ingelera ikasteko helburu soilarekin. Bost hilabete pasa zirenean hura ez zela nire tokia ebatzi nuen. Hemen ez neukan irtenbide hoberik, baina hizkuntza eta gizartea ez ziren arazo izango. Demokrazia pizten ari zen eta nik, neurri batean, berpiztu behar nuen. Hegazkinez itzuli nintzen, itzuleran ez nuelako ezertan pentsatu behar. Aireportutik etxera autobusez joan nintzen eta bidean loak hartu ninduen. Esnatu nintzenean ez nengoen etxean, Mundakan baizik, eta nire aurrean pelikula klasikoetako aktoreak bezain ederra zen gizona zegoen. Gidaria zen eta autobusean gu biok besterik ez geunden. Azken geltokian jaitsi ez nintzenez niregana hurbildu eta lo seko nengoela ikusi zuen. Nirekin errukitu eta, esnatu ordez, bizi zen herrira jo zuen.
MANUEL: Zer egin zenuen esnatu zinenean?
MILAGROS: Bere begiak begiratzean sarean harrapatutako arrainen modura sentitu nintzen. “Hortxe bertan bizi naiz”, esan zidan. “Nahi baduzu, lotara gelditu zaitezke; nahi baduzu, zure helbidea esan eta etxera eramango zaitut”.
MANUEL: Ez da zaila erantzuna asmatzea.
MILAGROS: Bere etxean pasa nuen gau hura, eta hurrengoa, eta hurrengoa... Gure herrira ez dakit garai hartan demokrazia iritsi zen, baina nire bizitzara betetasuna heldu zen. Hogeita hemeretzi urte nituen eta hogeita lau urtez berarekin ezkonduta izan nintzen. Ez dizut urte horiez hitz egingo, zoragarriak izan zirelako eta Urdaibairen parean maite duzun pertsonaren alboan goizero esnatzea bezalakorik ez dagoelako. Hau baino ez dizut esango: senarra hil ondoren ezer ez zen berdina izan. Nire senar bakarra izango zela hitzeman nuen eta nire zina betetzea merezi du.
manuelek kutxa hartu eta esku batetik bestera pasatzen du, jolas urdurian. Azkenean, mahaiaren gainean uzten du berriro.
MANUEL: Hori dena erabat ulergarria da, eta zure senarra zenari autobus hartan zu ikustean gertatu zitzaiona, niri egoitza honetako hallean gertatu zitzaidan gauza berbera da. Hala ere, ezin gara iraganean gelditu, niri esan berri didazun legez. Dagoeneko, ez zara Mundakan bizi; hemen bizi zara eta hemen ezagutu nauzu. Sekula ez da berandu bihotzak agintzen duena egiteko. Nik maite zaitut eta zuk...
MILAGROS: Nik ezin dut maite egia osoa esaten ez duena.
MANUEL: Zergatik esan duzu hori?
milagros zutitu eta leiho aldera doa. Itsasoa begiratzen ari dela, hasperen luzea egiten du.
MILAGROS: Niretzat itsasoa askatasuna eta osotasuna da. Askatasuna, Ingalaterrara joan nintzenean iragan beltzaren bukaeraren isla eta etorkizun berriaren iragarlea zelako, eta osotasuna, egunero autobus gidari hari helduta itsasoa gozatzen nuelako. (Jiratu egiten da) Zuretzat, ordea, itolarria da, edo mehatxua, edo... Zuk esan beharko didazu zein den hitz zehatza.
MANUEL: Nora iritsi nahi duzu?
MILAGROS: Duela bi aste arratsalde gozoa igaro genuen; xakean jokatu, nire benetako jaiotza eta egoitza honetakoa gogoratu, nire pasioaz eta zure beldur arinduaz hitz egin... Gero Begoņa etorri zen, igelen ipuin hura irakurri eta nik bisita nuela esan zidan. Hilabete eskasa igarota zen elkar ezagutu genuenetik eta nire bilobaren bila nindoala zurekin oso gustura izan nintzela pentsatu nuen. Arratsalde hartan “lagun on” deitu nizun, zure heriotza negar egingo nuela esan nizunean, baina Begoņa eta zu agurtu ondoren lagun berezia zinela antzeman nuen. Nire baitan benetako adiskidetasuna sentitu nuen, adiskidetasun sakona, eta nire buruari hobeto ezagutu behar zintudala agindu nion.
MANUEL: Oso ondo ezagutzen dugu elkar.
MILAGROS: Ez nago batere seguru. Askotan hitz egin dugu, bai, eta luze, baina gai orokorrez, nahiz eta mamitsuak izan; bizitzaz, heriotzaz, etxe honetako giroaz, ekintzez eta jendeaz; adiskidetasunaz, zaletasunez, eguneroko albiste politiko eta sozialez... Hala ere, gutaz ez ginela apenas mintzatzen ohartu nintzen; gure familiez esan nahi dut, gure kanpoko lagunez, baldin bazeuden, gauden egoitzan egoteko arrazoiaz... Gauza gehiegi jakintzat eman ditugu, edo ez dugu besteaz gehiago jakin nahi izan. Gaur jakin duzu ezkonduta izan nintzela eta nik ez dakit zu noizbait ezkondu zaren. Nik nire gurasoen heriotzaz hitz egin dizut, baina non daude zureak? Laino gehiegi gure laguntasuna osoa izan dadin... Arratsalde polit hartan gogoratu nuen hurrengo egunean iganderoko irteera egingo zenuela eta jarraitu nizun. Badakit ez duzula inoiz huts egiten, berdin zaizula eguraldia eta zure birika ahulak gaixotzeko prest zaudela, ordainetan txangoa egitea baduzu. Nioen bezala, jarraitu nizun eta itsaslabarretan amaitu nuen jazarpena. Itsasoari begiratu zenion eta amiltzeko zorian izan zinen. Itsasoari tinko begiratu zenion, bertan zerbaiten erantzunak bilatuko bazenitu bezala.
manuelek bere burua babestuko duen zerbait esan nahi badu ere, ez zaio hitzik irteten eta lurrera begiratzen du, etsita.
MILAGROS: Manuel, zuk ez diozu, edo ez zenion heriotzari beldurra. Zuk heriotzaren ondoren datorrenari diozu beldurra, bekatuan sinesten duzulako, zigorrean, erruduntasun-sentimenduan, agian infernuan...; nik bezala, guda irabazi zuenaren mehatxupean hezi zinelako. Nik bihotzean gaitz genetikoa dudala azaldu dizut... Zuk, berriz, zer duzu bihotzean?
milagrosek badaki manuel gaindituta dagoela. Horregatik, harengana doa, ondoan eseri eta eskua heltzen dio, konfiantza eman nahian. manuel sufritzen ari da, lotsaturik, amorraturik eta etsita dago, milagrosi huts egin diola uste duelako. Azkenean, nonbait adorea bilatu eta burua jasotzen du, milagrosi aurrez aurre begiratzeko.
MANUEL: Duela hilabete eta erdi entzuten hasi nintzaizunetik, gure bizitzek antzekotasunak eta ezberdintasunak dituztela ohartu naiz. Beharbada, hori da gure bizitzaren bukaeran patuak gu biok elkartzeko zergatia. Zure ama guda garaian hil zen, eta nire aita ere bai, nahiz eta nire aita bala batek frontean hil zuen. Zure aita “gorria” izateagatik hil zuten, hasiera batean hiltzaileek hiltzeko asmorik ez zeukaten arren. Nire ama guda irabazi zutenen aldekoa izateagatik hil zuten, nahiz eta jaso zuen tiroaren jomuga zehatza bera ez izan. Gudaren garaipenaren lehen urteurrena ospatzeko asmoz, lagun talde handia elkartu zen Bilboko hotel batean. Berria komeni ez zen belarrietara iritsi zen eta galtzaile pare batek mendeku sinbolikoa bilatu zuten. Hartara, hotelean azaldu eta jendea tirokatzen hasi ziren. Hotelean bildutakoen artean oso azkar erreakzionatu zuten militarrak zeuden eta bi gizonak akabatu zituzten. Zoritxarrez, hiru lagun hiltzeko denbora izan zuten.
MILAGROS: Tartean, zure ama.
MANUEL: Hamar urte genituela, biok gurasorik gabe gelditu ginen, baina horri aurre egiteko aukeratu genuen modua erabat ezberdina izan zen. Zuk Carmenengan bilatu zenuen babesa, eta zureek guda galdu zutenez, zure aitaren galera galtzaile batek bere printzipioei eusteagatik jasotako ordain mingots baina duintzat hartu zenuen. Ni, aldiz, irabazleen artean nengoen eta gudan nagusitu ondoren etorkizun oparoa zetorkigun. Zureak ziren aurrerantzean sufritu behar zutenak, guk gozatzen genuen bitartean. Horregatik, nire amaren heriotza guztiz samingarria izateaz gain, absurdoa izan zen; nolabait esatearren, tokiz kanpokoa.
MILAGROS: Eta norbaitengan babesik bilatu beharrean, begia begi truk izan zen zure konponbidea.
MANUEL: Nire gurasoen lagunak ziren senar-emazteek hartu ninduten. Gerraostea izanda ere, etxe horretan ez zegoen ezeren beharrik; txanponaren alde onean zeuden. Hala ere, ni ez nengoen ondo eta mendeku-egarria zainetan zebilkidan. Nire erraiek arma bat eskuratzeko agintzen zidaten, baina buruak nire amaren omenezko ekintza gauzatzeko beste era arruntagoa bilatu behar nuela esaten zuen. Horrez gain, ez nion nire mendekua edonori zuzendu nahi. Gorrotoa sentitu behar nuela uste nuen eta adin horretan eskola zen sentimendu hori sortzeko tokirik aproposena. Hamar urte dituzunean beti dago gustura joko zenukeen mutikoa, behin eta berriz zapalduko zenukeen mukizua. Eta gerra baten ondoren, aukera handia zegoen jasaten ez zenuen haur hori etsaia izateko; gerra galdu zutenen semea izatea, alegia... Nire gelan ezaugarri horiek betetzen zituzten bi biki zeuden, guztiz gorrotagarriak, eta eskolarekin kostaldera egin beharreko irteera bat nire plana aurrera eramateko une aproposa iritzi nion. Irteera burutu beharreko astean guztiz lagunkoi jokatu nuen beraiekin. Lehen egunetan ez ziren nire portaerarekin fidatzen, baina pixkanaka euren konfiantza irabazi nuen. Irteera egunean, itsaslabarretara joan ginen eta haurrok amildegiaren ertzetik gertuen jartzera jokatu genuen. Etxera itzultzeko garaia iritsi zenean, denok elkartzeko gunera abiatu ginen. Itzulera bidean ginela, lepoan neraman urrezko katea galdua nuela esan nien bi anaiei, baita hura bilatzen laguntzeko eskatu. Hirurok amildegira iritsi ginenean eta makurtua zeudela baliatuz, bultza egin nien.
Kontakizunaren une honetara helduta, manuelek etenaldi laburra egiten du, milagrosen erreakzioa aztertzeko. milagrosek ez du zirkinik txikiena egiten, baina manuelek zerbait esatea espero duela nabaritzen du.
MILAGROS: Hiltzaile batekin ezkontzea nahi zenuen, hiltzailea zinela jakin gabe.
MANUEL: Barkatu, berriz ere.
MILAGROS: Ez duzu zertan barkamena eskatu, baina kutxa hori eskaini aurretik esan behar zenidan.
MANUEL: Egia da... Hiltzaile batekin ezkonduko zinateke?
MILAGROS: Prest nengoke. Nire aitak ez zuen inor hil, baina hiltzeko prest zegoen. Kontua ez da hiltzea; hiltzeko arrazoia da gakoa.
MANUEL: Eta nik ez nuen arrazoirik.
MILAGROS: Inolaz ere ez. Bi haur hil zenituen, defendatzeko aukerarik eman gabe, koldarkeria handiz, bizkarra erakusten zizutenean... Zer gertatu zen ondoren?
MANUEL: Urte asko igaro diren arren, denbora laburrean azaltzea dago. Nik esan nuen erori zirela, eta haur guztiek nire testigantza suspertu zuten, lehenago joko horretan aritu ginelako. Horrenbestez, irakasleek ere sinetsi ziguten.
MILAGROS: Gorrien semeak izateak bertsioa sinesten lagunduko zuen.
MANUEL: Baliteke... Eskolan, gehienek kontakizun ofizialarekin bat egin zuten, baina ahots batzuek zalantzak zituzten. Semeen gurasoak, noski, aurka agertu ziren eta eskola salatzeko asmoa azaldu zuten. Intentzioa irabazleek gidaturiko bulegoetan galdu zen, nire familia berriak jende egokia ezagutzen zuen eta. Dena den, hainbaten artean ezbeharra ikertzeko grina piztu zen eta nire inguruan susmoak zabaldu ziren, denek baitzekiten Bilboko hoteleko hildako baten semea nintzela. Nire alde aipatzen zen argudio bakarra hamar urteko haur batek holakorik egitea ezinezkoa zela zen. Zorionez, eskolak bukatu ziren eta nire guraso berriek mugaz bestaldera bidaltzea erabaki zuten, nire aurkako zurrumurru batzuek etenik ez zutelako eta inork justizia bere kaxa egingo zuen beldur zirelako.
MILAGROS: Ez zizuten zuri zuzenean galdetu?
MANUEL: Ez; ziurrenik ez zuten baiezkorik edo isilune zalantzatirik entzun nahi.
MILAGROS: Nora bidali zintuzten?
MANUEL: Bordelera. Bertan gizonaren lehengusu bat, honen emaztea eta alaba bizi ziren. Mesederen bat zor omen zieten eta onartu zuten. Alaba nire adinekoa zen eta ongi moldatu ginen. Udara amaitu zen eta Bilbora bueltatu behar nuenean Bordelekoek nire gurasoen lagunen gutun bat erakutsi zidaten. Bertan zioenez, bazegoen nik itsaslabarretan egindakoa larrutik ordain nezan biziki nahi zuenik. Ni udaran desagertzeak susmoak indartu omen zituen eta denboraldi batez Bilbon ez azaltzea gomendatzen zidaten.
MILAGROS: Ez zinen bueltatu.
MANUEL: Duela bi urte arte, nire emaztea hil zenean, eta hona etorri nintzen zuzenean.
MILAGROS: Zure adineko neskatxarekin ezkondu zinen.
MANUEL: Behartuta eta maitemindu gabe.
MILAGROS: Nork behartuta?
MANUEL: Nire buruak... Familia horrek dena eman zidan eta lehenengo urteetan pozik bizi izan nintzen. Hasieran, Bilbora itzuli nahi nuen, baina maleta hartzeko prest nengoen bakoitzean, Bordelekoek betiko mezua jasotzen zuen gutuna erakusten zidaten: nire aurkako mehatxuak indarrean zirauen.
MILAGROS: Eurek idatziko zituzten.
MANUEL: Urte batzuk beranduago hori pentsatu nuen.
MILAGROS: Behartuta esan duzu...
MANUEL: Hamahiru urte nituenean, gizona frontera joan zen eta ez zen bueltatu.
MILAGROS: Bigarren Mundu Gerra... Guda madarikatuak!
MANUEL: Hirurok gelditu ginen, ni gizonezko bakarra, alaba nirekin primeran ibiltzen zen... Lagunak ginen, ziurrenik beste erremediorik ez genuelako. Urteek aurrera egiten zuten eta toki nahiz emakume horiei gero eta lotuago sentitzen nintzen. Bat-batean, inertzia agintzen hasi zela konturatu nintzen. Alaba eta biok hazten gindoazen, emakumea zahartzen... Ezkontzeko adina iritsi zen eta balizko neska lagunik ezin gertuago izan. Harekin ezkonduz gero, amaginarreba alargunduarekin batera bizitzeko aukera, edo obligazioa, edo konpromisoa... Nire bizitza bizitzeari utzi nion.
MILAGROS: Nik bezala.
MANUEL: Gure bizitzen antzekotasunekin hasi naiz.
MILAGROS: Alaba maitemindua zegoen?
MANUEL: Bai, eta neu ere maitemindua nengoela sinestarazi nion.
MILAGROS: Hori gogorra da.
MANUEL: Egia esatea gogorragoa zen.
MILAGROS: Lagunak zineten, ongi moldatzen zineten, hil arte lagundu zenion... Zergatik dakizu ez zinela maiteminduta?
MANUEL: Nik beti pentsatu izan dut maiteminduta egotea maila bat gorago izatea zela..., eta zurekin sei astez elkarrekin egon ondoren, ez nengoela maiteminduta argi daukat.
MILAGROS: Ni zinean eta zu Bordelen, biok hilda bizirik izan arren, aukeratu ez genuen bizitza bizitzen...
MANUEL: Parekotasun zitalak...
MILAGROS: Zertara itzuli zinen?
MANUEL: Nire mamuen bila. Hirurogeita hamar urtez haur horiei egin nienaren zama jasan dut, eta hori ez da samurra. Mendekuak askatuko ninduela uste nuen eta kontrakoa gertatu zitzaidan.
MILAGROS: Zer egiten duzu igandero itsaslabarretan?
MANUEL: Itsasoa begiratzen dut eta haurren irudia datorkit; haien garrasiak erortzen ari zirela ere bai.
MILAGROS: Penitentzia modukoa al da? Izugarri sufritu behar duzu amildegiaren ertzean!
MANUEL: Beraiekin hitz egiten dut eta nire buruarekin bakeak egiten saiatzen naiz. Otoitz egiten dut eta nire amari barkamena eskatzen diot, bere omenez astakeria hura egiteagatik.
MILAGROS: Hilda egonda ere, bizirik dirauten pertsonak...
MANUEL: Nahikoa da?
MILAGROS: (Irribarretsu) Nahikoa eta gehiago... Eskerrik asko, Manuel.
MANUEL: Zuri; hil aurretik hau konpartitu behar nuen.
milagrosek eskua estutzen dio eta manuelek buruaren mugimendu doiaz eskertzen dio. Bakean daudela dirudi.
MILAGROS: Dagoeneko, esan dizkizut esan behar nizkizun bi gauzak. Berriz eskainiko didazu kutxa hori?
MANUEL: Ez. Bitxi-dendara joango naiz bueltatzera.
MILAGROS: Ez dut inoiz ezezko bat hain pozik hartu...
Hala ere, ezezko honek ez du esan nahi ezer egin gabe geldituko garenik.
MANUEL: Zer esan nahi duzu?
MILAGROS: Kutxa horren barruan dagoenari ezetz esan diot, baina nire lagun berezia zarela adierazten duen eraztun bat nahi dut. Biharko eskulanetan egingo duzu eta bukatu bezain pronto jantziko dut.
MANUEL: Eskerrik asko.
MILAGROS: Heriotzaren inguruko azken ikasgaia esaten utziko didazu?
MANUEL: Horixe, baietz.
MILAGROS: Manuel, zure beldurrak betiko uxatuak dira, eta jakin ezazu hiltzeko prest zaudela. Une hori iristen zaizunean ni ez naiz egongo...
MANUEL: Milagros!
MILAGROS: Mesedez... Laster nire bihotzak hirugarren aldiz aski dela esango du. Horregatik, hil aurretik egin ezazu egin beharrekoa eta ahal duzun neurrian zure heriotza antolatu.
MANUEL: Hori dena pentsatua daukat.
MILAGROS: (Harriduraz) Noiz pentsatu duzu?
MANUEL: Ospitalean eman dituzun zortzi egunetan nahikoa denbora izan dut. Kontrakoa adierazi arren, hasieratik jakin nuen laster ez zarela egongo... Zu falta zarenean, gela honetara bizitzera etorriko naiz... Lasai, Begoņaren baimena daukat, jada... Hona etorriko naizen egunean zure hileta izango da. Hantxe izango naiz eta zure heriotza negar egingo dut. Elizan, zure alabari esango diot bere amak aurreko urteetan behar zuela alaba bat, eta ez hilkutxa batean dagoen egunean, eta zure bilobari esango diot bere amonarekin harro egon behar duela, bere amona berarekin egon den bezala. Elizatik gela honetara itzuliko naiz, posterrak eta pelikulak dauden tokietan utziko ditut eta koaderno batean zuk erakutsi didazun guztia idatziko dut. Nahiz eta gogorik ez izan, egoitzako ekintzetara joango naiz, hamar urterekin nire inguruan piztu nituen susmoak ez pizteko. Zure heriotza gainditu dudala sinestaraziko diet, zu gabe bizitzen saiatuko naiz, alperrik izango dela dakidan arren, eta bizirik egonda ere, erabat hilda sentitzen naizenean, hurrengo igandean betiko irteera egingo dut eta amildegiaren ertzeko jokoan tarte batez aritu ostean, egun horretako jokaldia galdu egingo dut.
MILAGROS: (Hunkituta) Eta ondoren?
MANUEL: Ondoren, zuk imajinatu duzun areto erraldoi horretara joango naiz, bertan bilatuko zaitut, zure senarra, gurasoak eta Carmen aurkezteko esango dizut, eta zure ondoan eseriko naiz oraindik elkarri kontatu ez dizkiogun gure bizitzako pasarteak pantaila amaigabean ikusteko.
milagrosek manuelen eskuak askatu eta zutik jartzen da. manuelek gauza bera egiten du eta biak zutik daudenean, milagrosek eskuez aurpegia hartu eta musu ematen dio masailean.
MILAGROS: Hau ospatu beharra dago.
MANUEL: Nola?
MILAGROS: Zinera joango gara.
MANUEL: Erotu al zara? Zer pelikula ikusi nahi duzu?
MILAGROS: Berdin zait. Edozein aretotan sartuko gara, elkarren ondoan eseri, eta pelikula hasten denean, gela ilunpetan dagoela, eskua elkarri emango diogu eta burua jasoko dugu.
MANUEL: Argiaren hautsa ikusteko.
MILAGROS: Eta bertan nahi duguna irudikatuko dugu.
MANUEL: Goazen?
MILAGROS: Goazen..., gelditzen zaidan apurra gozatu nahi dut eta!
MANUEL: Inork zapuztuko ez digun apurra.