1. agerraldia
milagros eta manuel xakean jokatzen ari dira zahar-etxeko gela handi batean. Tableroan ez dira pieza asko gelditzen eta mugimenduak egiterakoan zalantzak dituzte.
MANUEL: Partida luzatzen ari da.
MILAGROS: Gaur oso fin zabiltza; azken porrotak min eman zizun?
MANUEL: Azken porrota txiripa izan zen.
MILAGROS: Bada gaur berriro irabazi behar dizut; txiripa dela esango duzu?
MANUEL: Ez dut ezer esan beharko, neuk irabaziko dudalako.
MILAGROS: Besteak gutaz ariko dira.
MANUEL: Hitz egin dezatela... Dena den, Sebasi zurekin hitz egin behar nuela esan diot.
MILAGROS: Orduan, ziur gutaz ariko direla... (Ordua begiratzen du) Honezkero, Begoņarekin izango dira eta horrek galdetuko die non gauden.
MANUEL: Aurki gaitzatela... Hor utzi behar duzu erregina?
MILAGROS: Bai.
MANUEL: Mugimendu suizida egin duzu. Agur, erregina...
MILAGROS: Batzuk sakrifikatu behar beste batzuek bizirik jarraitzeko... Xake-matea.
MANUEL: Ez da posible. Nolatan ez naiz zure jokaldiaz jabetu?
MILAGROS: Erregina babesik gabe utzi dudanean begiz jo duzula konturatu naiz. Haren atzetik hasi zara ondoren, gainontzeko piezak ahaztuta. Zenbaiten heriotza, hainbaten salbamena. Bizitzan bezalaxe.
MANUEL: Berriz heriotza.
MILAGROS: Eta bizitza.
MANUEL: Jaio zinen egunetik.
MILAGROS: Heriotzaren artean jaio nintzen.
MANUEL: Gernikan.
MILAGROS: 1937ko apirilaren 26an.
MANUEL: Egun tragikoa, ezta?
MILAGROS: Ni jaio nintzelako?
MANUEL: Xakean bezain trebea zara hitzekin jolasean... Oso ongi dakizu zure jaiotza ez zela tragediaren arrazoia... Ziur aski, zu munduratzea izan zen egun hartan merezi izan zuen gauza bakarra.
MILAGROS: Zergatik?
MANUEL: Hura gertatu ezean, ez zintudan ezagutuko.
MILAGROS: Duela hilabete bat ezagutu ninduzun... Berandu samar zure bizitza luzean ni ezagutu izanak garrantzirik duela esateko.
MANUEL: Sekula ez da berandu, bizi izandakoa ederra bada. Eta nik ez dut hainbeste oroitzapen eder gordetzen.
MILAGROS: Beste partida bat?
MANUEL: Ez.
MILAGROS: Irabazten utziko dizut.
MANUEL: Jaio zineneko partida konta iezadazu.
MILAGROS: Duela aste pare bat kontatu nizun.
MANUEL: Beste behin entzun nahi dut. Izugarria iruditzen zait zure aitak egin zuena.
MILAGROS: Niri izugarria iruditzen zait alemaniarrek egin zutena.
milagrosek xakeko piezak hartu eta tableroan kokatzen ditu, Gernikako biztanleak bailiran. Ondoren, beste batzuk eskuan hartzen ditu hegazkinen zeregina bete dezaten. Kontakizunean, piezak erabiliko ditu gertaera hobeto irudikatzeko.
MILAGROS: Arratsaldean hegazkinen orroak entzuten hasi ziren. Jendeak ez zekien zer gertatzen ari zen. Hasieran, ezjakintasuna, gero, harridura, ondoren, kezka eta, azkenean, izua. Azoka eguna zen, jendea kalean zebilen, alarmen hotsa nagusitu zen... Ez, berehala gernikarren garrasiak alarmen hotsei nagusitu zitzaizkien.
MANUEL: Baina zure ama ez zegoen kalean.
MILAGROS: Nire ama etxean zegoen, urak bota zituelako.
MANUEL: Hegazkinak Gernikara hurbiltzen ziren unean.
MILAGROS: Halaxe izan zen. Hegazkinek heriotza zekarten eta nire amak bizitza; antagonisten arteko borroka latza, eta desorekatua.
MANUEL: Zure aitak ez zekien zer egin.
MILAGROS: ... Zergatik nahi duzu pasarte hau berriz azaltzea bumz baldin badakizu?
MANUEL: Zuri entzutea gogoko dudalako.
MILAGROS: ... Bai, nire aitak ez zekien zer egin, nahiz eta amak hamaika aldiz esana zion urak botaz gero Carmenengana joan behar zuela.
MANUEL: Familiaren laguna zen, ezta?
MILAGROS: Hori baino gehiago. Izeko deitzen genion.
MANUEL: Eta zure aita kalera atera zen, artean hegazkinak Gernika bonbardatzen ari zirela.
MILAGROS: Bere bizitza arriskuan jarri zuen nirea salbatzeko. Carmen kalean zegoen eta nire aitak ozta-ozta aurkitu zuen, jada ihesean zebilelako. Jendea ikaratua zegoen, harat-honat zebilen, eta aitak ez zuen Carmen ikusten. Baten bati galdetu zion ea ikusi zuen, baina jendeak nahikoa zuen onik irteten ahalegintzearekin.
MANUEL: Hala ere, azkenean aurkitu zuen.
MILAGROS: Bai, eta gure etxera korrika abiatu ziren, herritarren garrasiak eta bonben txistuak lagun zituztela. Bidean, hildakoak eta zaurituak topatu zituzten arren, aurrera egin zuten. Ama erditzear zegoen eta Carmenen laguntza behar zuen.
MANUEL: Eta, nola edo hala, iritsi ziren.
MILAGROS: Ama izugarri sufritzen ari zen... Badakit ez dela oso bidezkoa hori esatea, kalean jendea hiltzen ari zen eta, baina halaxe zen. Ohean etzanda zegoen, kosta egiten zitzaion arnasa hartzea eta Carmen erditzera laguntzen hasi zen unean bertan, huraxe konplikatzen ari zela ohartu zen. Ez zuen ezer adierazi, noski... Hala ere, amak larridura igarri zion. Ez zioten elkarri ezer esan; begirada batzuk elkar gurutzatu baino ez.
MANUEL: Eta zure aita?
MILAGROS: Nire aita urduri zegoen, agian bonben hotsagatik, agian hilda jaioko nintzelako, agian ezer egiteko ez zuelako, eta horrelako egoeratan zain egotea okerrena izaten da. Horregatik, Carmenek amaren eskua heltzeko eskatu zion, gertutasuna eskaintzeko, babesa emateko, edo amak arreta beste nonbait jar zezan.
MANUEL: Benetan zaila aitaren papera; edozer eginda ere, enbarazu egiten ari zelako ustea.
MILAGROS: Batek daki... Amari, ordea, ongi etorri zitzaion aitaren presentzia. Aitak eskaini zion eskua ez ezik, besaurrea ere indarrez heldu zion. Gero eta min handiagoa sentitzen zuen eta hura arintzeko modua besoan aurkitu zuen.
MANUEL: Aitari zauriak eragin zizkiola esan zenidan aurrekoan.
MILAGROS: Aitari zauriek bost axola zioten. Ni bizitzea nahi zuen, amak bizirik jarraitzea, erditzea gero eta arriskutsuagoa bihurtzen ari zelako. Txikizio haren erdian nik jaio behar nuen, eta jaio nintzen, nahiz eta ni jaiotzeagatik amaren osasuna okertu zen. Gainera, erditzeko unean bonba batek etxea jo zuen eta sabaiaren zati bat gure ondora jausi zen. Zorionez, ez zitzaien..., edo ez zitzaigun ezer gertatu.
MANUEL: Miraria izan zen.
MILAGROS: Orain hori esateak ez dauka meriturik, anekdota ezagutzen duzulako.
MANUEL: Gustura entzungo dizut berriz ere.
MILAGROS: Carmenek munduratu ninduen eta lepoaren inguruan nuen zilbor-hestea kontu handiz askatu eta moztu egin zuen. Ondoren, amaren bularraldean jarri ninduen, bizi izandako tentsioa besarkada batean kanpora zezala. Kanpoaldean bonbardaketak ez zuen etenik, eta nire negarra sarraskiaren hotsekin nahasten zen. Une horietan, ama, aita eta Carmen isilik zeuden. Leher eginda zeuden, beldurrak eta zoriontasunak izoztuta, eta euren onera itzultzea zen berehalako helburua.
MANUEL: Amak isiltasuna hautsi zuen arte.
MILAGROS: Ez zaizu ezer ahaztu... Ni ongi aztertu ondoren, aitari neska nintzela esan zion, baita zer izen jarriko zidaten ere.
MANUEL: Zu jaiotzea miraria izan zela esan zion, orduan. Eta Milagros jarriko zizutela... Zinez, ederra eta hunkigarria.
MILAGROS: Aitak ez zuen ezer esan; buruaz baiezkoa besterik ez.
MANUEL: Esan ez, baina egin...
MILAGROS: Bai, amak sekula barkatu ez ziona egin zuen. Amaren besoetatik ni hartu eta korrika kalera atera zen.
MANUEL: Abioiek bonbak jaurtitzen zituzten bitartean.
milagros zutik jartzen da eta pasartea azaltzearekin batera, aitaren mugimenduak eta ahotsa imitatzen ditu.
MILAGROS: Kaleko egoera gero eta larriagoa zen. Hildakoak nonahi ikus zitezkeen, etxeak sutan edota birrinduta zeuden, eta bizirik zirautenak noraezean zebiltzan, zeruko erasoa gelditu ezinik, loteria zital hartan erositako zenbakia egokituko ez zitzaielakoan.
MANUEL: Eta infernuaren erdian, gizon bat pozik.
MILAGROS: Amorratuta ere bai... Baina bai, pozik zegoen... Nola ez zen egongo, bada! Aitak behin adierazi zidan moduan, gorputzari itsatsita zeraman umetxoa baliatu zuen heriotzari keinu ironikoa egiteko. Bonba-hotsek, gernikarren aieneek, madarikazioek eta hodeiei igorritako alferrikako mehatxuek inoiz amaituko ez zutela zirudienean, gizon hark alabatxoa besapetik atera eta inguruan zuen orori erakutsi zion, harro, gehienak hilda edo hilzorian bazeuden ere. Zerura begiratu zuen gero, besoak erabat jasoz, eta jaioberria hegazkin hiltzaileei eskaini zien, jainko bati soro edota sabeleko fruitua eskaintzen zaion antzera. “Nire alaba da, nire alaba da!”, oihukatu zuen kementsu. “Eta ez duzue inoiz hilko!”
milagrosek kontakizuna doinu sutsuaz amaitu duenez, oso nekatuta dago. Erabilitako piezak begiratu eta berriz esertzen da.
MANUEL: Eta ez zuten hil... Eta geroztik, heriotzarekin harreman berezia garatu duzu, hura maitatzerainoko harremana.
MILAGROS: Nik ez dut hori inoiz esan!
MANUEL: Maitatzea ez bada, sentimendu horren gertu zabiltza. Heriotzaren erdian jaio zinela diozu beti, eta egoera latz hartatik onik atera bazinen, zerbaitengatik izan zela uste duzu. Heriotzari iskin egin zenion, eta zure aita zorionekoa izan zen aurrerantzean ez zuelako zure heriotzaren kulpa bere baitan eraman behar izan...
MILAGROS: Edo heriotzak seinale bat egin zidan, eta ni Gernikako bonbardaketan ez hiltzea erabaki zuen.
MANUEL: Ez dakit horrela izan zen, hori frogatzea ezinezkoa delako, baina hala gertatu bazen, baduzu nahikoa motibo heriotza maitatzeko.
MILAGROS: Ez da maitasuna, atxikimendua baizik. Niretzat heriotza kontu arrunta da, guztioi iritsiko zaiguna. Horregatik, ez dut ulertzen zergatik saihesten duen jendeak gai hau... Begira, guk heriotzari esker ezagutzen dugu elkar.
MANUEL: ...
MILAGROS: Norbait hil zelako sartu nintzen hona; ohe bat libre gelditu zen.
MANUEL: Umore beltza gustuko duzu, bat-batean.
MILAGROS: Ez da txiste bat; gertaera hutsa azaldu dizut.
MANUEL: Ba al dakizu nik horrelako zerbait esan niola nire buruari lehen aldiz ikusi zintudanean?
MILAGROS: Ez.
MANUEL: Egoitzara iritsi zinenean ni hallean. nengoen. Zuk ez ninduzun ikusi, noski, sartzeko tramiteak egin behar zenituen eta.
MILAGROS: Ikusi ninduzun eta...
MANUEL: Begiratu nizun, zure dotoreziak atentzioa eman zidan, zure irribarre patxadatsuak harritu ninduen...
MILAGROS: Gauza askori erreparatu zenion ezezaguna izateko.
MANUEL: Eta orduan nire esaldi kutuna xuxurlatu nuen... “Bat gehiago, bat gutxiago”.
MILAGROS: Halaxe zen. Eta zer gehiago esan zenuen?
MANUEL: Hilerrirako bidaian, emakume hau azkenaurreko geltokira heldu da.
MILAGROS: Osoona!
MANUEL: Oso ona? Gustatu zaizu?
MILAGROS: Ez dakit hitza gustatzea den, baina oso komentario ona da.
MANUEL: (Harriduraz begiratzen dio) Zuk hil nahi al duzu?
MILAGROS: Lehengo astean galdera bera egin zenidan... Ez zenuen esan nizuna sinetsi?
MANUEL: Ba...bai.
MILAGROS: Ez, ez zenidan sinetsi... Ez dut hil nahi, baina hiltzeak ez nau kezkatzen, eta zenbaitetan hiltzea zer den jakiteko grina dut. Hori sentitzetik heriotza maitatzera alde handia dago.
manuel milagrosi begira iltzatuta gelditzen da. Isilik ematen du tarte luzea, entzundakoa benetan sinesteko denbora behar balu bezala.
MANUEL: Xakean errege eta beste pieza asko hil dizkidazu, eta orain zure jaiotzetik heriotzara pasa gara berriz. Zer deritzozu gaia aldatzeari?
MILAGROS: Zu izan zara jaiotza heriotzara eraman duena... Nahi izanez gero, nire jaiotzaz hitz egiten jarrai dezakegu.
MANUEL: Oraintxe azaldu didazu, bada...
MILAGROS: Ez naiz nire benetako jaiotzaz ari, zuretzat jaio nintzeneko uneaz baizik.
MANUEL: Ez, ez, inolaz ere ez!
MILAGROS: Zerba?
MANUEL: Ez dut une hori batere gogoko.
MILAGROS: Bada une hartan izugarri gozatu zenuen.
MANUEL: Une hura pasa den hilabetean gertatu zen eta gauzak aldatu dira.
MILAGROS: Horregatik gogoratu nahi dut; gauzak nola aldatu diren ikusteko, alegia.
MANUEL: Ezetz esan dizut.
MILAGROS: Zuk nire jaiotza entzun nahi zenuen eta nik beste “jaiotza” hau. Justua da bion nahia betetzea.
manuelek berriro ezezkoa azaltzen duen arren, milagros zutitu eta mahaitik urrundu da. Bost bat metrora dagoenean, gelditzen da.
MILAGROS: Estreinako gau hura oroituko dugu eta gela handi hau jangela izango da. Xakean aritu garen mahaia, berriz, afaldu genuen tokia, eta afarirako erabilitako tresnak imajinatuko ditugu.
MANUEL: Hau egitea beharrezkoa al da...?
MILAGROS: Bai.
MANUEL: Nire lepotik barre egin nahi duzu, ni lotsatzea nahi duzu...
MILAGROS: Inondik ere ez; zure bilakaera erakutsi nahi dizut. Hasi egingo naiz.
milagros pixkanaka mahaira hurbiltzen da, berak eta manuelek lehen aldiz hitz egin zuteneko pasartea antzezpenaren bidez gogora ekarriz.
MILAGROS: Blusa loreduna eta gona urdina jantzita nituen jangelara sartu nintzenean. Langile bat hurbildu zitzaidan eta zure mahaira lagundu zidan. Zure ondoan eseri eta bertan bildutakoen jakin-mina nabaritu nuen. Beranduago jakin nuen zuk beti bakarrik egiten zenituela otorduak. Berehala jakin nuen zahar-etxera iritsitako lagun berriak zure mahaira eserarazten zituztela, baina artean ez zela bigarren aldiz zure ondoan eseri zenik.
MANUEL: Nahikoa da.
MILAGROS: Zerbitzariak aurkezpena egin ondoren alde egin zuen eta lehenengo platera ekarri aurretik beti egiten zenuen galdera egin zenidan.
MANUEL: Zergatik eseri zara hemen?
MILAGROS: Hona ekarri naute.
MANUEL: Beste mahai batzuetan ere badago tokirik.
MILAGROS: Zerbitzariak zurekin esertzeak axola zidan galdetu dit.
MANUEL: Eta...?
MILAGROS: Ezetz erantzun diot.
MANUEL: Horixe diote denek lehen aldian, baina ez dute inoiz errepikatzen.
MILAGROS: Zerbitzariak barazki zopa ekarri orduko, berriketan hasi nintzen, atsegina izan nahian. Zahar-etxeari buruzko kontu arruntak jakin nahi nituen: nolakoak ziren langileak, nolakoak beste zaharrak, nolakoak antolatutako ekintzak...
MANUEL: Mesedez, Milagros...
MILAGROS: Ixo!... Zaude isilik, gau hartan bezala... Nik hamaika galdera egin nizun eta zuk ez zenidan bakarra ere erantzun. Nonbait, ni urduri eta deseroso sentitzea zen zure asmoa, baina ni ez nintzen urduritu eta zure jokabide berbera aukeratu nuen. Bigarren platera ekarri zuten, eta postrea. Zu isilik eta ni ere bai. Zu niri begira eta ni zuri, oraintxe bertan bezala. Lehia sutsua genuen, irabazi nahi zenuen.
MANUEL: Eta ez nuen irabazi; zaila zen begirada hari nagusitzea.
MILAGROS: Jangelatik ateratzeko garaia zen eta zuk ez zenuen zure helburua lortu. Amorratua zeunden, baina baita harrituta ere. Orduan, zure azken bala erabili zenuen. Afarian ibili zenuen isiltasun zakarrak ez zizula balio izan ikusita, hitz mingarriak baliatu zenituen.
MANUEL: ...
MILAGROS: Hitz horien zain nago.
MANUEL: Ez ditut berriz esango.
MILAGROS: Bai, esan..., ez naiz haserretuko. Egun hartan ez banintzen haserretu...
MANUEL: Ezdutnahi.
MILAGROS: Nik gau hartan ez nuen esatea nahi, eta esan zenituen.
manuel gaizki pasatzen ari da eta milagrosek mahai gainean duen eskua heltzen dio. Buruaz esateko eskatzen dio.
MANUEL: Gaur sartu zaren tokitik ez zara sekula zure kabuz aterako... Aterako zaituzte.
MILAGROS: Halaxe da, eta zuk ez didazu geratzen zaidan apurra zapuztuko.
manuelek ezin ditu milagrosen hitzak jasan eta zutik jartzen da. Urrats motelak eginez, bizpahiru metro urruntzen da, horrela babesa lortuko duelakoan. Burua apur bat makurtzen du, ez diolako milagrosi zuzenean begiratu nahi, baina hari begiratzera behartuta ere sentitzen da.
MILAGROS: Negarrez ari zara.
MANUEL: Ez naiz negarrez ari.
MILAGROS: Ez, ez ukatu... Oso polita da... Begiak bustita dituzu.
MANUEL: Ez da egia.
MILAGROS: Zergatik ari zara negarrez?
MANUEL: ... Nire buruari ez diodalako barkatzen egun hartan esan nizuna.
MILAGROS: Egun hartan gozatu zenuen... Zer aldatu da harez geroztik?
MANUEL: Dena.
MILAGROS: Dena ez da ezer... Gogoratu zein ona den sentimenduak hitz bihurtzea..., edo malko.
manuelek burua jaso eta lotsarik gabe begiratzen dio milagrosi. Orain ez du negarra ezkutatzen eta zotinak ez dio ongi arnasten uzten.
MANUEL: Zergatik eseri zinen nire ondoan hurrengo goizean gaueko jokabidearen ondoren?
MILAGROS: ...Zatoz eta eseri. Zutik jarraituz gero, lepoko minez bukatuko dut.
MANUEL: Ez barregurarik eragin; negarra eta barrea ez dira ongi ezkontzen.
MILAGROS: Bizitzaren osagai nagusiak dira, ordea.
MANUEL: (Berriz esertzen da) Zergatik...?
MILAGROS: Zure jokabidearen arrazoia jakin nahi nuelako eta erronkak gustuko ditudalako.
MANUEL: Nire jokabidea erronka zela pentsatu zenuen.
MILAGROS: Bai, ez zitzaidan benetakoa iruditu. Zakarregia ematen zenuen, nazkagarriegia, desatseginegia..., eta nire lehen egunean zure mahaira eraman nindutenean erabaki horren atzean zerbait zegoela igarri nuen, baita besteek guri begiratzeko moduan ere... Bai, gau hartan gizon zahar atsekabetua ikusi nuen, bere ariman kontu ilunak zeuzkan gizona.
MANUEL: Bete-betean asmatu zenuen.
MILAGROS: Astebete beranduago.
MANUEL: Nik astebetez modu berean jokatu nuelako, eta zuk, hala ere, zeureari eutsi zenion. Egunero egin zenituen otorduak nire alboan.
MILAGROS: Eta egunero, ezta hitz bat ere.
MANUEL: Zergatik ez zenuen amore eman?
MILAGROS: Batzuetan, burugogorra naiz, eta, egia esan, toki honetan ez nuen hasieran denbora-pasa hoberik aurkitu.
MANUEL: Igandean izan zen.
MILAGROS: Nire bigarren igandean. Igande batean iritsi nintzen eta hurrengoan azaldu zenidan, afarian.
MANUEL: Ez genuen elkarrekin bazkaldu; kanpora joan nintzen.
MILAGROS: Igandero irteera bat egiten duzulako.
MANUEL: Eguneroko bistak aldatzearren, nire birikek astean behin haize berritua arnas dezatela.
MILAGROS: “Zergatik jokatzen duzu horrela?”, galdetu nizun.
MANUEL: Hogeigarren aldiz... Izan ere, gosari, bazkari eta afari guztietan galdetu zenidan... “Horrela, nola?”.
MILAGROS: Denbora irabazi nahi zenuen.
MANUEL: Edo zu aspertzea. Eta ez zinen aspertzen.
MILAGROS: Burugogorra naizela esan dizut.
MANUEL: “Heriotzari beldurra diot”, esan nizun, ahopeka. “Bizitzen ere uzten ez didan izua”. Eta esan orduko poztu eta damutu nintzen. Alde batetik, azkenean urdaileko korapilo itogarria askatua nuen. Bestalde, une horretatik bertatik bazegoen nire sekretua ezagutzen zuenik, eta horrek biluzik uzten ninduen.
MILAGROS: “Zergatik diozu beldurra?”, jarraitu nuen.
MANUEL: Nik bukaera zelako esan nizun, eta zuk agian hasiera zela erantzun, eta orduan eztabaida filosofikoan amaitu genuen, eta eztabaida horietan ezer baieztatzerik ez zegoenez, kale itxi batera iritsi ginen.
MILAGROS: Eztabaida horien helburua ez da erantzunak aurkitzea, bilatzea baizik.
MANUEL: Nik erantzunak behar nituen.
MILAGROS: Ez nik galdera mordo batekin itotzea.
MANUEL: Horrexegatik erabili nuen kontraerasoa eta ea zuk beldurrik zenion galdetu.
MILAGROS: “Ezin beldurra izan neure egindakoari”, esan nizun.
MANUEL: Eta harez geroztik zure ikasgaiak jasotzen hasi nintzen, beldur hori lehenbailehen uxa nezan.
MILAGROS: Hilabete honetan gogoeta asko egin ditugu gaiaren inguruan eta oso gustura aritu naiz zurekin hizketan.
MANUEL: Jaio zinen egunetik heriotza zure barnean daramazula esan zenidan.
MILAGROS: Nik ikusi nuen lehen gauza hildakoak izan ziren, eta entzun nuen lehen soinua garrasiak, abioen orroak eta bonben hotsak. Aditu askok amaren sabelean gauzak antzemateko gaitasuna badugula baldin badiote, zer esanik ez kanpoan gauden lehen aldian. Nik egun hartan heriotza barneratu nuen eta zure aitorpena entzun ahala lagundu behar nizula erabaki nuen... Lortu al dut?
MANUEL: Ez nago guztiz seguru.
MILAGROS: Zer moduz zure gaueroko mamuak?
MANUEL: Gutxiagotan etortzen zaizkit bisitan.
MILAGROS: Jakin nahi al duzu ea gaur lasai hil zaitezkeen?
MANUEL: Horixe baietz.
MILAGROS: Inork zure hutsunea nabarituko badu eta inork negar egingo badu, hiltzeko prest zaude.
MANUEL: Ezin nik hori esan.
MILAGROS: Nik negar egingo nuke.
MANUEL: Eskerrik asko... Seguru al zaude?
MILAGROS: Lagun on bat hiltzen bazait, negar egiten dut... Eta toki honetan jende gehiagok nabarituko luke zure hutsunea.
MANUEL: Ospatuko lukete.
MILAGROS: Duela hilabete, bai; gaur egun, ez.
MANUEL: ...
manuelek miresmenaz begiratzen dio milagrosi. Zerbait esan nahi diola dirudi, beste aitorpen bat akaso, baina ez da ausartzen. Horren ordez, tableroko piezekin jolasten hasten da.
MILAGROS: Zoritxarrez, ezin izango dut zure heriotzagatik negar egin.
MANUEL: ...
MILAGROS: Zu baino lehenago hilko naiz.
MANUEL: Ez txorakeriarik esan! Zu baino zazpi urte zaharragoa naiz eta nire birikak paperezkoak dira.
MILAGROS: (Irribarrez) Gogoratu heriotzarekin harreman berezia dudala.
MANUEL: Baina zergatik diozu hori!
MILAGROS: Berdin dio... Zer gehiago ikasi duzu hilabete honetan izan ditugun solasaldiei esker?
MANUEL: Ez dio berdin! Esadazu!
MILAGROS: Zer gehiago?... Ez ahaztu temati hutsa naizela; astebetez itxaron nuen zure aitorpena entzun arte. Ez zait axola beste astebetez itxarotea zer gehiago ikasi duzun jakin arte.
manuelek eskuaz tableroa jotzen du, haserre, eta pieza batzuk lurrera erortzen dira. Ondoren, zutik jarri eta ibiltzeari ekiten dio, amorruz.
MANUEL: Arrazoi duzu! Ni bezala jokatzen ari zara eta eskubide osoa duzu... Gezurra da, ezta? Edo broma, igual da.
MILAGROS: (Errukiaz) Bai, broma zen; amona baten bihurrikeria.
MANUEL: Eskerrak! Ez dut zure hiletara joan nahi.
MILAGROS: (Zutitzeko keinua egiten du) Ez badidazu esaten zer ikasi duzun, besteengana joango naiz.
MANUEL: Ez, Milagros, ez... Berriz eseriko naiz eta hizketan jarraituko dugu. (Esertzen da) Batez ere, beste pertsona bat izaten ikasi dut... Iritsi zinenean zakarra, iluna eta goibela nintzen. Ez nuen inorekin hitz egiten eta jendea niregana ez hurbiltzeak harrotzen ninduen. Errespetua zidatela uste nuen, nahiz eta gero nazka eta mespretxua zirela jakin dudan... Axolaez bazaizu, ez nuke nolakoa nintzen gogoratu nahi.
MILAGROS: Heriotzari beldurra zenion..., bizitzen ere uzten ez zizun beldurra. Eta beldur hori desagertzen joan den neurrian, bizitza biziago bizitzen ari zara.
MANUEL: Hitzen jostalaria zara.
MILAGROS: Izua neurtzerik balego, zenbat gelditzen zaizu ariman?
MANUEL: Gutxi, espero dut... Zuk erakutsi didazu heriotzarekin adiskidetzen, heriotza bizitzarekin uztartzen, jaio garen unetik bertatik hiltzen ari garelako.
MILAGROS: Oso ongi.
MANUEL: Zuk erakutsi didazu heriotza ez dela kontzeptu absolutua, gure hildakoek gugan bizirik jarrai dezaketelako, eta gurekin bizi direnak aspaldi hilda egon daitezkeelako. Horrexegatik dakit zure aita bizirik dagoela, duela urte asko hil zen arren; eta Carmen. Hala ere, zure ama hilda duzu zu jaio eta handik gutxira hil zelako, erditu ondorengoa ez zuelako gainditu.
MILAGROS: Baina Carmenek azaldutako istorioei esker, nire amaren irudi jakin bat gordeta dut.
MANUEL: Zure hildakoek bizirik jarraitzen dutela argi gelditu zait, baina ba al duzu bizirik egonda hilda daukazunik?
MILAGROS: (Mikaztuta) Bai.
MANUEL: ...
MILAGROS: Gaur ez dizut horretaz hitz egingo, beste heriotza mota bati buruz baizik.
MANUEL: Zein? Eta ba al dago jakiterik zenbat mota ibiltzen dituzun?
MILAGROS: Nahi adina, hori ere ikuspegiaren araberakoa delako. Gernikan hil zirenena heriotza injustua izan zen, nire amarena gordina, bere alaba oso egun gutxitan ikusi zuelako, nire aitarena ausarta eta Carmenena naturala. Orain, ordea, bizitzan bertan gertatzen den heriotzaz mintzatuko natzaizu, nork bere bizitza baldintzatuta duelako; bizitza zanpatuek dakarten heriotzaz ari naiz.
MANUEL: Heriotza metaforikoa, beraz.
MILAGROS: Bai, baina horrengatik ez samurragoa... Nik bizi izandako heriotzaz ari naiz.
MANUEL: Zure aitaren historia ezagututa, frankismoaz hitz egingo didazula uste dut.
MILAGROS: Frankismoaz eta nire pasioaz; zineaz, hain zuzen ere... Ongi dakizunez, nire aita hil zutenean, Carmenekin batera bizi izan nintzen. Carmenek Bilboko zine batean lan egiten zuen eta egunero eskolatik atera ondoren hara eramaten ninduen, ni etxean bakarrik ez uzteko. Txikitatik hasi nintzen pelikulak ikusten eta txikitatik hasi nintzen irakurtzen. Nire burua arlo intelektualean, sozialean eta politikoan garatu nahi nuen, baina emakumea nintzen, eta ezkertiarra. Eskolan ezinezkoa zen, Estatuaren ideologia bakarrak dena hartzen zuelako eta emakumeei lan jakin batzuk erakusten zizkigutelako. Hamalau urterekin eskola utzi eta Carmeni laguntzen hasi nintzen, zinea garbitzen eta gozokiak saltzen. Carmenek hasieran ezetz esan zidan arren, azkenean amore eman zuen. Kalean dena grisa zen eta zineak irudimena garatzeko aukera ematen zidan, amesteko aukera. Konturatu gabe, zinearekin maitemindu nintzen eta konturatu gabe ere nire adineko neskek egiten zutena alboratu nuen. Ez nien mutilei begiratzen, aktoreek txundituta nindutelako, ez nuen eguneroko monotonoa eta kolore bakarrekoa jarraitzen, zineak istorio erakargarriagoak eskaintzen zizkidalako.
MANUEL: Fikziozkoak, baina.
milagrosek adeitasunez begiratzen dio manueli, ados egon ez arren, ez duelako eztabaidatu nahi. Jarraian, zutitu eta ibiltzen hasten da, ondoren esango duena ahotsaz nahiz mugimenduez pasioz azalduz.
MILAGROS: Eta kanpokoa zer zen, bada? Erregimenari men egin ezean, erbestera joatea edo isilpean bizitzea ziren irtenbide bakarrak. Eta nik ez nuen hori nahi. Noizbait alde egitea pentsatu nuen, baina Carmenekin konpromiso pertsonala nuen. Berak beti lagundu zion nire familiari eta ni munduratzen lagundu zidan. Nik ez nuen amarik eta berak ez zuen alabarik. Zurrunbilo batean sartu nintzen, edo korapilo batean, ez dakit... Momentu zehaztugabe batean ur-lasterrak gidatu ninduela uste dut, zuhaitzetako hosto eroriak ibaiak daramatzan legez. Agian koldarra izan nintzen...
MANUEL: Ez dut uste. Bi lehentasun zenituen, pertsonala eta kolektiboa, eta pertsonala aukeratu zenuen.
MILAGROS: Hala izango da, eta mila esker hori esateagatik... Laburrean, ni bezalako emakume batentzat kaleko bizitza ez zela bizitza adierazi nahi dizut, mugatuak bizi ginelako, hesituta, eta zinean ihesbidea aurkitu nuen. Gezurretakoa zen ala ez, berdin dio. Niri balio zidan, aretoan barre egiten nuen, negar egiten nuen, poztu, hunkitu eta sufritu... Bizirik nengoela sentitzen nuen... Gainera, zein da ezberdintasuna zinearen gezurra eta zinearen magiaren artean?
MANUEL: Zuk diozun bezala, hori ere ikuspegiaren araberakoa izango da.
MILAGROS: Pantailaren aurrean ilunpetan esertzea kitzikagarria zen, misterioz beteriko unea. Proiektoreak argia isurtzen zuenean nik gora begiratzen nuen eta izpi erraldoi horretan dantzan zebilen hautsa ikusten nuen. Orduan, beste dimentsio batean murgiltzen nintzen. Argian ikusgai zen hautsa magikoa zela pentsatzen nuen eta hari begira gelditzen nintzen denbora luzez. Musika-banda entzuten hasi eta pelikularen lehen irudietako kreditu-tituluak azaldu arren, nik gora begiratzeari eusten nion, filmak kontatu behar zuen guztia hauts horretan bilduta balego eta huraxe arreta osoz miatuz gero nik gainontzeko ikusleek baino lehenago istorioaren nondik norakoa asmatu ahal izango banu bezala. Argiaren hautsa deitzen nion, eta kanpoko bizitza ahazten zein beste toki edo garai batean banintz bizi nezakeena imajinatzen laguntzen zidan... Orain, hori guztia gogoratzean irribarre mingotsa zabaltzen zait. Polita izan zen, baina gogorra. Zinean izugarri gozatu nuen, baina beste gabezi batzuk estaltzeko erabili nuela onartu behar dut... Ez dakit hil ondoren zer izango den, baina ezer badago bizitza zapalduak baino hobea izango dela ziur naiz.
Bat-batean, begoņa azaltzen da, eskuan orri bat dakarrela.
BEGOŅA: Hara! Begira zeintzuk dauden hemen!
MANUEL: Sebasi Milagrosekin hitz egin behar nuela esan diot.
BEGOŅA: Bai, badakit. Eta beranduago etorriko zinetela.
MANUEL: Solasaldia luzatu da.
BEGOŅA: Zeinek esango luke duela gutxi! Non ote dago ezagutu nuen gizon mutua?
MILAGROS: Gauzak aldatu dira.
BEGOŅA: Zu iritsi zinenetik, dirudienez.
MILAGROS: Guztion meritua da.
BEGOŅA: Batzuena beste batzuena baino handiagoa da.
MANUEL: Zer da paper hori?
BEGOŅA: Gaur taldean irakurri dugun ipuina. Entzutea nahi?
MILAGROS: Ongi da.
MANUEL: Laburra bada?
BEGOŅA: Manuel, ez dakit zure ustez laburra zer den, baina zeuk irakurriko duzu. Eta zuk, Milagros, amaitu orduko segi hallera, bisita duzu eta.
milagrosek irribarre egiten du, begoņarekin batera mahaira esertzen da, eta begoņak bien artean dagoen manuelen aurrean orria uzten du.
BEGOŅA: Hasi irakurtzen.
MANUEL: (Betaurrekoak janzten ditu) Igel talde bat basoan barrena zihoan eta, bat-batean, bi igel zulo sakon batera erori ziren. Gainontzeko igelek zuloa inguratu eta honen sakontasuna ikusi zutenean, lagunak ez zirela handik aterako esan zuten. Bi igelak zulotik ateratzen saiatu ziren, baina beste igelek ezinezkoa zela adierazten zieten. Igeletako batek lagunek ziotena aintzat hartuz, amore eman zuen eta hil zen. Besteak, aldiz, jauzika jarraitu zuen, nahiz eta besteek oihuka alperrik ari zela zioten. Azkenean, ateratzea lortu zuen, eta besteek ea ez zien entzuten galdetu ziotenean, igelak erantzun zien gorra zela eta lagunak zulotik ateratzeko animatzen ari zitzaizkiola uste izan zuela.
BEGOŅA: Gustatu al zaizue?
MILAGROS: Oso mezu ederra du.
MANUEL: Bai, ipuin guztiek dute mezu ederra; horregatik dira ipuinak.
BEGOŅA: Bizitza ere oso ederra izan daiteke.
MILAGROS: (Mahaitik altxatzen da) Beno, ni banoa; zuek debatearekin jarraitu.
milagrosek alde egiten du eta, urruntzen den neurrian, begoņak ikusten du manuel milagrosi begiratzen ari zaiola.
BEGOŅA: Noiz begiratu zenion horrela azken aldiz emakume bati?
MANUEL: Inoiz ez. Lizunkeriaz bai, baina horrela ez.
BEGOŅA: Ez zenuela erantzun behar uste nuen. Zuri baino, haizeari egin diot galdera, beti bezala.
MANUEL: Eta haizeak erantzun dizu, ustekabean.
BEGOŅA: Hitz egin behar dugu. Hamabostaldiko elkarrizketa...
MANUEL: Hementxe bertan egitea daukagu.
BEGOŅA: Ados. Hitz egiteko gogoa duzula aprobetxatu behar dut.... Zer moduz zaude?
MANUEL: Primeran.
BEGOŅA: Zure aurpegia ikusterik baino ez dago; beste bat ematen duzu.
MANUEL: Aurrekoetan baino hobeto nagoela ezin dut ukatu.
BEGOŅA: Eta ez saiatu ukatzen, alperrik izango da eta. Milagrosek ba al du zerikusirik aldaketa honetan?
MANUEL: Zalantzarik ez.
begoņa harrituta dago manuelen erantzunekin. Hamabostero elkartzen da berarekin honen jarraipena egiteko eta beti isilik egoten denez, ez daki nola jokatu.
BEGOŅA: Barkatu, Manuel. Benetan erantzuten ari zarela esango nuke, baina zurekin modu honetan mintzatzera ohituta ez nagoenez, baieztatu nahi dut.
MANUEL: Nire bihotza hitz egiten ari da; ez nire ahoa.
BEGOŅA: Zer egin du Milagrosek hilabete honetan?
MANUEL: Dena. Lehen astean nire zakarkeria jasan, bigarrenean entzun, hirugarrenean hitz egin eta laugarrenean nire bizitzako pertsonarik garrantzitsuena bihurtu.
BEGOŅA: Ezin argiago esan... Ez dut inoren etxean sartu nahi, baina maitemindu berrien antzera hitz egiten ari zara.
MANUEL: Ez dakit zer den maitemintzea.
BEGOŅA: ... Ezkonduta izan zinela uste dut.
MANUEL: Egia da... Ez bazaizu inporta, Begoņa, Milagrosi buruz aritzea atseginago dut.
BEGOŅA: Bai, noski... Zer eman dizu emakume horrek?
MANUEL: Bizitza eta heriotzaren inguruko ikasgaiak, nire sentimenduak berpiztu ditu, bizipoza...
BEGOŅA: Manuel... Zurekin askotan hitz egin dut, edo hitz egiten saiatu naiz, gure bilerak bakarrizketak zirelako. Elkarrizketa profesionalak izan ditugu maiz, zurekin beste era batera hitz egitea ezinezkoa zelako. Zurekin elkartzeko eguna iristen zenean aurreko gaua gaizki pasatzen nuela aitortuko dizut, zure isiluneak jasangaitzak eta zure begiradak iraingarriak zirelako.
MANUEL: Ez nau harritzen, eta barkamena eskatu nahi dizut.
BEGOŅA: Ez, mesedez! Ez dizut barkamena eskatzeko azaldu... Hau dena azaldu dizut gaur gozatzen ari naizelako. Gaurkoa ez da elkarrizketa profesionala.
MANUEL: Pozten naiz.
BEGOŅA: Etxe honetako langileok era guztietara saiatu gara zu integratzen. Jendearekin harremanetan jarri zaitugu, antolaturiko ekintzetara gonbidatu, batzuetan mehatxuen bidez ia behartu. Psikologoek, gizarte-hezitzaileek, kirol-begiraleek..., denok egin dugu genekien guztia zu besteekin batera ibil zintezen, eta ez dugu sekula ezer lortu. Hamaika proba eta diagnostiko egin dizugu, ea patologiaren bat zenuen, ea zure buruan zerbait oker zebilen. Galduta geunden, haserre geunden, agure batzuen kexa sendoak genituen, batzorde exekutiboan baten batek noiz edo noiz zu kaleratzea proposatu izan du... Eta orduan, duela hilabete bat, zerutik eroria bailitzan, emakume bat iritsi zen hona eta denbora laburrean zure jokabidea aldatu zuen. Hasieran besteekin hitz egiteari ekin zenion, gero eskulanetara etortzen hasi zinen, beranduago prentsaren irakurketa-saioetara, eta azkenean... soinketara, txandala eta guzti!
MANUEL: Milagrosek oparitu zidan, eta txandala jantzita agertu nintzen lehen egunean inoiz pasa dudan lotsarik handiena sentitu nuen.
BEGOŅA: Bat-batean, guk prestaturiko ekintza guztiak gustuko izan zenituen?
MANUEL: Ez, horixe. Nik egin nahi nuen gauza bakarra Milagros zegoen tokian egotea zen. Uneoro ikusi nahi nuen, berari entzun, berarekin hitz egin. Berarekin gustura nago eta bera nirekin gustura egotea nahi nuen. Laguntzen ari zitzaidan eta bera nitaz harro egotea nahi nuen... Zu maiteminduta zaude?
BEGOŅA: Manuel, nolatan galdera hori? Zu zara hemen aztertu behar den laguna.
MANUEL: Ez dut behin ere sentitu Milagrosekin sentitzen ari naizena, eta izen bat jarri nahi diot.
begoņak pozaz eta gupidaz begiratzen dio manueli. manuelen sentimenduari ederra deritzon arren, ez dio ezertan gauzatzeko aukerarik ikusten. Horregatik, ongi pentsatu nahi du esango duena.
BEGOŅA: Txundituta zaudela nabaria da; liluratuta... Zure begietara distira itzuli da eta zure aurpegiko zimur batzuk desagertu dira. Hala ere, maitemintzea sentimendu sakonagoa da eta denbora eskatzen du.
MANUEL: Nik ez daukat denborarik.
BEGOŅA: Hilabete baino ez da igaro elkar ezagutu zenutenetik.
MANUEL: Nire adinean hilabeteak urteak dira.
BEGOŅA: Hori ere egia da... Ez dakit, gaur ez nuen espero zurekin honetaz jardutea.
MANUEL: Zu emakumea zara eta emakume baten iritzia nahi dut. Ni izango bazina ezkontzeko eskatuko zenioke?
BEGOŅA: Ezkondu? Oraintxe bertan maitemintzeaz hitz egiten ari ginen... Gainera, Milagrosen sentimenduak zeintzuk diren ba al dakizu?
MANUEL: Nirekin gustura dagoela esango nuke, baina nik dakidanez, inor ez da inoiz nirekin maitemindu. Beraz, zaila da benetan zer sentitzen duen asmatzea.
BEGOŅA: Azkarregi zoaz... Lagun onak zarete; horrekin ez da nahikoa?
MANUEL: Ez. Eta jakin nahi duzu zergatik?
BEGOŅA: Esan.
MANUEL: Irakurri dugun ipuineko hildako igelaren modura jokatuko nukeelako. Gure gizarteak nire adineko agure bat ezagutu berri duen emakume batekin ezin dela ezkondu agintzen duelako, etorkizunik ez duelako, gauzak bere horretan ongi daudelako... Eta nik beste igela izan nahi dut.