Egia
Arrate Egaņa
Egia
Arrate Egaņa
Alberdania, 2012
Egia
Arrate Egaņa
Alberdania, 2012
[aurkibidea]

 

HIRUGARREN EKITALDIA

 

mila aulki batean eserita dago, aurrera begira; noizbehinka edan egiten du. lurdes zutik, atzean. Beste aldean, leiho ondoan, elsa, zutik bera ere. Festako zarata entzuten da, urrun. Telefono bat entzuten da. lurdesen sakelakoa da eta hartu egiten du. mila eta elsa begira gelditzen zaizkio.

 

LURDES: Kaixo! Nola? Ez, ez, lasai, ez da ezer gertatzen. Umea lo? Jakina, oso berandu da. Bai, orain itzuliko naiz etxera, ea lagun batek taxi-geltoki batera hurbiltzen nauen. Ez, ez etorri bila, moldatuko naiz. Nik ere bai. (Telefonoa eskegitzen du).

 

Isiltasuna itzultzen da. adela, mirelur eta joxan atetik sartzen dira. Nekatuta ematen dute. Ez dira dantzan ari. joxan sofan esertzen da; mirelurrek bere edalontzia hartzen du eta joxani beste bat ematen dio. Biek edaten dute. adelari ere edalontzi bat hartzen du eta eskuineko hormaren kontra bermatzen da, lagunei begira.

 

LURDES (egonarri): Beno, ondo pasatzen ari zaretela ematen du. Ni joan egingo naiz, hemen denbora galtzen ari gara. (Hala ere ez da mugitzen).

 

Isilune baten ondoren, mirelur mahaiko edalontzi bat hartu eta osorik edaten du; gero hizketan hasten da.

 

MIRELUR (edan eta gero): Orduan, egoera ez da ezertxo ere aldatu?

LURDES: Zerbait egin al duzu zeuk aldatzeko?

MIRELUR: Ondo da, emakumea, ondo da. Zuri ere komeniko zitzaizun festan bueltatxo bat ematea, ea ozpindura eztitzen zaizun!

LURDES: Familiarekin egon, ahal bezpn luzaro, horixe da nahi dudana, semea kenduko didaten arte.

MIRELUR: Eta zuk, Joxan, zer nahi duzu zuk?

JOXAN (bere gogoetan murgilduta harrapatu du): Zer?

MIRELUR: Ea zer nahi duzun galdetzen dizut...

JOXAN (elsari seinalatuz): Munstro hori hiltzea (gogo barik esan du). Bitartean... bizi.

ELSA: Damu dut horrela ikus dezazun, baina...

MIRELUR: Tira, andrea, isil zaitez! Zure hitzek ez digute ezertarako balio! Goazen, Joxan; hemen ezin dugu deus egin.

 

joxan geldoki altxatzen da sofatik, eta mirelurrekin batera irteten da, astiro, triste.

 

LURDES: Ni ere banoa.

MILA: Hurbilduko zaitut etxera; ez daukat presarik.

LURDES: Eskertzen dizut; goazen.

 

Agur esan gabe alde egiten dute biek. Kanpotik oraindik entzuten zaie.

 

MILA (offean eta urrutian bezala): Pixka bat edanda nagoela uste dut.

LURDES (offean eta urrutian bezala): Lasai, moldatuko gara.

 

elsa eta adela bakarrik geratu dira.

 

ADELA: Izurrite beltza baino ikaragarriagoa zara...

ELSA: Jakin behar zenuke zure irainek oraino oinazetzen nautela.

ADELA: Nik oinazea zuri? Nondik nora? Nahi bai, baina, ikusi duzunez, ez gara kapazak izan.

ELSA: Horregatik gaurko eguna, horregatik besta baten erdian... Ni hiltzeko gai zara!

ADELA: Hori drama! Ez itxurak egin!

ELSA (altxatzen da eta gelan barrena ibiltzen hasten da): Joxanek ia-ia jo nau buruan, ordenagailuarekin!

ADELA: Nik ere gogoa izan dut, ez pentsa, horregatik eta beste guztiagatik.

ELSA: Adela...

ADELA: Orain zoaz, mesedez. Nire ospakizuna gozatu nahi dut, beste bi horiek bezala.

ELSA (adelarengana hurbiltzen da): Zuk antolatu duzu hau guztia, ezta?

ADELA: Nire burua salbatu nahi nuen, badakizu egoista hutsa naizela; eta mendeku hartu ere bai.

ELSA: Mendeku?

ADELA: Baliteke zuk ahaztuta edukitzea; nik ez.

ELSA (doinu enfatikoz): Ez. Ez dut deus ere ahaztu.

ADELA: Nik oraindik..., zera: hilda ikusi nahi zintudan. Egiten didazun mina bikoitza delako. Hala sentitzen dut nik behintzat, eta uste dut ulergarria dela.

ELSA: Hura ere akats bat izan zen, nire bezeroa baitzinen.

ADELA: Bai, noski, eta Egia hori ez dut zure blogean ikusi.

ELSA: Niri ez zait fitsik axola, ez nuke deus galduko. Kontu makurragoak aitortu ditut. Zuregatik egin dut.

ADELA: Niri ere ez zait inporta. Bestea, ordea... Azkenean plazaratuko duzu, ezta? Ez al duzu zalantza izpirik ere?

ELSA: Aski da, Adela; egin beharrekoa eginen dut.

ADELA: Asko aldatu zara.

ELSA: Ez. Pertsona bera naiz, baina hobea, zinezkoagoa.

ADELA (leunki, elsari begiratu gabe baina arropa ukitzen dion bitartean): Niretzat historiarik benetakoena izan da zurea, ezin hobea izan da gure artekoa.

 

elsak, besoak gurutzatuta, baietz egiten du buruaz, ezer esateke. adelari eskua hartzen dio eta ahora eramaten du. adela altxatzen da. Elkarrengandik hurbil geratzen dira une batez; ondoren elsa oinez hasten da.

 

ELSA: Biziki latza izaten ari da hau guztia zu gabe.

ADELA: Bidaia horretan ezin zintudan lagundu.

ELSA: Gauza bera esan nizun hura onartu zenuelarik.

ADELA: Eroskeria.

ELSA: Hori.

ADELA: Garesti ordaindu dut, bai. Baina ez gara perfektuak.

ELSA: Egia baita perfektua.

ADELA: Ziur al zaude? Ezin dut sinetsi Egia horrek gure lagunei eragingo dienak ez zaituela bigundu; ez, ez zara hainbeste aldatu.

 

Une batez elsa isilik geratzen da.

 

ELSA: Izugarria izan da; hunkiturik utzi naute.

ADELA: Gaur arte ez diezu zure biktimei entzun, ezta? Horrela, gordinean, zuzenean...

ELSA (apur bat haserre): Ez.

ADELA: Lortu dugu zure burubidea pittin bat aldatzea?

ELSA: Ez dakit; orain arras nahasturik sentitzen naiz.

ADELA: Guretzat itxaropenik bai?

ELSA: Zuen kasuak ezagutarazteaz mintzo zara?

 

adela elsaren ondo-ondoan kokatzen da. Beso batez gerritik besarkatzen du.

 

ADELA: Ez, nire ondora itzultzeaz.

ELSA (maitekiro): Adela... (berarengandik aldentzen da.) Orain ez dakit nitaz egiazki zer nahi duzun...

ADELA: Zintzoa izango naiz zurekin, beti bezala: ez dut nahi nire delitua ezagutaraz dezazun. Baina horren gainetik, ororen gainetik, zu nirekin egotea nahi dut.

ELSA: Horretaz guztiaz gogoeta eginen dut. Utzi egun pare batean, otoi, eta berriro mintzatuko gara.

ADELA (pozik): Ados!

 

elsak hurbildu eta musu bat ematen dio adelari ezpainetan. adelak aurpegiari eusten dio eskuaz, une batez. Ondoren, atetik irteten da. adela eskuak bularrera eramaten ditu, ilusioz.

 

ADELA: Elsa, Elsa...

 

Leihotik auto baten argiak nabaritzen dira, eta autoaren irristatzea eta danbatekoa entzuten da. adelak leihorantz begiratzen du. Leihoraino joaten da, eskuak bertan jartzen ditu. Ondoren, aterantz doa, azkar. Festako musika garbi entzuten da, atea irekitzen duenean. Bera, lurdes eta mila barrura sartzen dira. lurdesek atea ixten du. lurdes eta mila hizketan ari dira, sartzen diren bitartean.

 

LURDES: Baina, zer egin behar dugu?

MILA: Sar gaitezen minutu batez eta hitz egingo dugu.

ADELA (ozenki): Zer gertatu da?

LURDES (larrituta): Harrapatu egin dugu, baina nahi gabe izan da! (etsita, negarrez ia).

ADELA: Eta? Nola dago? Lagundu behar diogu... (berriro aterantz doa; milak galarazten dio).

MILA (estu): Beranduegi. Hilda dago, auto azpian.

ADELA (zorabiatuta, aulki batean esertzen da): Hilda?

LURDES: Adela, nahi gabe izan da; Adela...

ADELA (burua galduta bezala, gorputza aurrera eta atzera mugituz): Hilda...

MILA: Erreakzionatu, Adela. Anbulantziari deitu behar diogu, edo poliziari...

ADELA (aulkitik apur bat altxatuz): Zu izan zara, ezta? Zure ohiko teknika erabili duzu...

MILA: Baina zer esaten ari zara? Lelotuta zaude!

LURDES: Ni izan naiz. Milak autoa nik gidatzeko eskatu dit, berak zertxobait edan baitu. Kostatu egin zait autoari neurria hartzea, eta gero...

MILA (larri): Istripu bat izan da; Lurdes arrankatzen ari zen, Elsa hemendik lasterka atera denean. Ez dugu ezta ikusi ere egin, oso azkar zihoan.

ADELA (besoen artean babesten du burua): Istripu bat... Gu izan gara azkenik bere patua! (Negarrez hasten da).

LURDES (milari): Gehiegi edan du; gu moldatu beharko gara.

MILA: Abisua eman beste bioi; zer edo zer egin behar dugu. Eta bizkor.

LURDES: Ongi.

 

lurdes irten da. mila adelarengana hurbiltzen da. Apatx jartzen da.

 

MILA: Adela, lasaitu.

ADELA (burua altxatzen du eta urrutirantz begiratzen du): Nire errua izan da, nik erakarri dut hona... (milari begiratzen dio). Baina nik ez nuen hil nahi, ez nuen benetan esaten...! (milari alkandoratik tira egiten dio).

MILA: Lasai, Adela, sinesten dizut, baina zerbait egiteko unea da. Orain ezin zara behera etorri!

ADELA (ero moduan): Bai, pentsatu egin behar dugu... (Negarrez hasten da berriro.) Hilda!

MILA: Baina zer...?

 

milak adela besarkatzen du; adelak berak milaren besoak indarrez harrapatzen ditu, eta negarrez segitzen du. joxan, mirelur eta lurdes sartzen dira; oraingo honetan ez datoz kantari, larrituta baizik. Festa-zarata entzuten da atea zabaltzean eta moteltzen da lurdesek ixten duenean. Harrituta geratzen dira beste biak besarkatuta ikustean.

 

LURDES: Oraindik ezin onera egin?

 

mila altxatzen da eta adela ere tente jartzen da.

 

MIRELUR: Shock egoeran dago.

 

lurdes, joxan eta mirelur begira geratzen dira, arretaz. adelak malkoak sikatzen ditu. mila urrundu egiten da, apur bat. lurdes atzeko txokoan dago.

 

ADELA: Ondo nago.

MIRELUR: Uste genuen zuk nahi zenuela, nolabait, desagerrarazi...

ADELA: Amorratuta nengoen baina hiltzea...

JOXAN: Orduan, auto azpian dagoen gorpua berea al da?

 

adelak berriro estaltzen du aurpegia bi eskuez. Baina berehala jartzen da ondo.

 

JOXAN: Eta orain?

ADELA: Poliziari deituko diogu.

LURDES: Neuk deitu diot; etortzear daude. (Denak begira ditu lurdesek.) Nik harrapatu dut, eta nik azalduko diet zer gertatu den. Ez naiz beldur; istripu bat izan da.

MILA: Zurekin geratuko naiz, autoa nirea baita. Bion artean argituko dugu kontua.

ADELA: Eta etxea nirea; gainera, Elsa nirekin zegoen istripua gertatu aurretik. Gauza pare bat kontatuko dizkiet nik ere.

JOXAN: Eta guk? Zer egingo dugu guk?

ADELA: Hemen ez da ezer apartekorik gertatu. Lurdes eta Mila lagun gisa etorri dira. Elsa gonbidatu nuen terapeuta izateaz gain maitale ere banuelako.

MIRELUR: Maitale?

MILA: Hori kontatuko diezu poliziei?

ADELA: Bai; horrek azalduko du zergatik irten zen hain agudo hemendik. Nik itzultzea nahi nuen, baina berak ez.

MIRELUR (adelaren sorbaldan ipintzen du eskua): Orain ulertzen dut...

ADELA: Joxan, Mirelur, zuek biak, nahi baduzue, joan zaitezkete. Inor ez da konturatuko. Eskerrik asko etortzeagatik.

 

Leihotik poliziaren autoaren argi gorri-urdinak nabaritzen dira, bai eta sirena ere. Sirena isiltzen da. Festako musika ere apaltzen da; orain abesti erromantiko eta geldo bat entzuten da soilik.

 

LURDES: Goazen.

ADELA: Goazen ba.

 

adela da irteten azkena; joatean, gelako argia itzaltzen du eta argi motelpean geratzen dira mirelur eta joxan, baina ez erabat ilunpean. Barrutik kanpokoei entzuten zaie gainerako pertsonaiei; gero eta motelago. Bitartean, joxan sofan eseri da, eta mirelur atetik gertu. biek kanpoan gertatzen ari dena entzuten dute.

 

POLIZIA 1 (offean): Gabon. Zer gertatu da?

MILA: Istripu bat...

LURDES (offean): Andre bat harrapatu dut autoarekin nahi gabe...

POLIZIA 2 (offean): Goazen ikustera.

POLIZIA 1 (offean): Eta etxeko jabea?

ADELA: Neu naiz; festa bat eman dut.

POLIZIA 1: Goazen barrura...

 

joxan eta mirelur mintzo dira, baxu baina garbi. Musika ez da gelditu.

 

MIRELUR: Irten beharko ginateke.

JOXAN: Zuk uste? Hemen ondo egoten da.

MIRELUR: Beno, ez dakit..., baina kontuak ez du ondo ematen.

JOXAN: Auskalo honek nola amaituko duen...

MIRELUR: Badaezpada, aprobetxatu beharko genuke.

JOXAN: Zatoz...

 

joxan altxatzen da. Berak eta mirelurrek musu luze bat ematen diote elkarri. Besarkatuta lurreraino jaisten dira eta han geratzen dira. Kanpotik abesti geldoa entzuten da, halaber jendearen zurrunbiloaren zaratotsa. Leihotik kolore asko nabaritzen dira, jendea toki batetik bestera dabilela, polizia-autoaren argiak, eta abar, baina dena era apalean, musika erromantikoa gailentzen baita.

 

iluna eta amaia