Egia
Arrate Egaņa
Egia
Arrate Egaņa
Alberdania, 2012
Egia
Arrate Egaņa
Alberdania, 2012
[aurkibidea]

 

BIGARREN EKITALDIA

 

Agertokia argituta dago. Leihotik ilun ikusten da: gaua da. lurdes eta mila agertokian daude; lurdes zutik, besoak gurutzatuta, eta mila sofan eserita, hankak urduri mugitzen. Kanpoan festa-giroaren hotsak entzuten dira ozen. Halako batean, adela, joxan eta mirelur atetik sartzen dira lepotik helduta, erdi dantzan eta barreka.

 

JOXAN: Hau festa mandoa, hau!

MIRELUR: Egia esateko, aspaldian ez nuen hainbeste barrerik egiten. Eskerrak ez dudala etxera itzultzeko ordurik!

 

joxanek eta mirelurrek barre egiten dute. adelak basoak betetzen ditu berriz ere, eta edan egiten dute.

 

ADELA: Esan nizuen ba: nire urtebetetze ospakizunak mundialak dira. Are gehiago, berrogeita hamar urte betetzean.

LURDES (altu eta haserre-doinuaz): Nahikoa da! (Kanpoko zarata bat-batean moteltzen da.) Ni ez naiz sasi-festa batera etorri, zeregin inportanteagoak dauzkat etxean!

ADELA: Lurdes, ez zaitez berriro haserretu. Plan bat osatuko dugu oraintxe, ikusiko duzu...

 

joxanek eta mirelurrek barre egiten dute ahapeka, umeak balira bezala.

 

LURDES: Ni banoa!

 

lurdes ateraino hurbiltzen da eta atea irekitzen du, baina adelak geldiarazten du eta berriro ixten du atea.

 

ADELA: Et, et, et... Nora zoaz? Oraintxe dator alde interesgarriena. (Edaten du.) Horrela jartzeagatik, zurekin hasiko naiz (denei zuzentzen zaie): Lurdesen familia eder hori, etxean zain daukan familia zoragarria, ba al dakizue nola lortu duen? Semetxoa, hamar urteko semetxo ederra, mojatxo batzuei erosi zien! Hori da bere egia!

 

lurdesek eskuak ahora eramaten ditu, eta pixkanaka atzerantz egiten du, berriro atzeko txokoan kokatu arte.

 

Gainerakoak isil-isilik daude, adelari begira. Galdetzean, ia aldi berean egiten dute:

 

MIRELUR: Zertaz ari zara?

JOXAN: Nolatan?

MILA: Adela, mesedez, horrela ez...

ADELA: Azken hilabeteotan ikerketak hasi dira, eta gure Lurdes zintzoa jota dabil... Zoaz, bai, eta hemendik egun batzuetara zure kasua Interneten agertuko da, Elsaren blogean edo auskalo non. Ume lapurtuen batzordea benetan poztuko da zure berri izateaz!

LURDES: Ixo, mesedez, isildu! (Negarrez hasten da).

MIRELUR: Horixe da hain zuzen ere jakin nahi ez duguna, jakiterik ez duguna! Ez duzu inongo eskubiderik horrelakoak ezagutzera emateko.

ADELA: Ezetz? Hori eta gehiago ere bai. Zu, adibidez, langile progre eta ezkertiarra, ama eredugarria, hobe zenuke isilik! Sekulako plataforma duzu Turismo bulegoa, beste gizon batzuk topatzeko! Zure senarra ez baita gai zure desio lizun horiek asetzeko! Eta, jakina, ezin duzu eraman; gizona enteratuko balitz zure bizimodu perfektua pikutara joango litzateke...

MIRELUR: Bi baino ez ziren izan!

ADELA: Bi mila balira berdin! (Besteei): Okerrena abortuarena izan zen ordea; gidari greziar batek haurdun utzi zuen, senarra lunbagoak jota mugitu ezinik etxean zeukala, gizona ohean bai baina lo egiteko baino ez, eta..., jakina, nabarmenegia zen!

MIRELUR: Aski da, sorgin arraioa!

ADELA: Ideologia aldetik ez zuen arazorik izan, baina kontzientzia, barruko ahotsa... hori beste kontu bat zen! Goitik behera sentitu zinen errudun!

LURDES: Nola ez ba!

MIRELUR (histeria puntu batez): Zu ixo, ume-lapurra!

 

mirelur negarrez hasten da. mila sofatik altxatzen da.

 

MILA: Nahikoa da, ez gara gu ere aldamenekoa epaitzen hasiko. Adela, nola jakin duzu zuk hori dena?

 

adelak koaderno lodi bat hartzen du atzeko apalategi batetik eta besteei erakusten die.

 

ADELA: Hemen dago dena! Politikari boteretsua naiz, ez ahaztu, eta koaderno hau eskuratzeko nire metodoak erabili ditut. Hemen dago gure inguruko informazio guzda.

 

joxanek oso modu bortitzean kentzen dio koadernoa adelari.

 

JOXAN: Hala baldin bada, ez zenuke horrela erabili behar; ez da zuzena! Elsaren jokabide okerra errepikatzen ari zara!

MILA: Bai, eta hori zinez da arriskutsua.

ADELA: Zuretzat bereziki, Mila. Zure autoz harrapatu zenuen polizia bat. Inoiz ez zuten jakin zein izan zen... Elsa zen jakinaren gainean zegoen bakarra, eta orain gu. Hiltzaile bat zara.

MILA: Eta zu erotuta zaude.

ADELA: Litekeena da, nire ondasuna ez galtzearren erotua! Urte hauetan guztietan nire esfortzuaz lortu dudana kareletik ez botatzearren!

JOXAN (azkenean oihuka): Eta horretarako gure arazo guztiak plazaratu behar dituzu? Hori ez da bidea! Isildu behingoz!

ADELA (oihuka, halaber): Hara, gure negozio-jauna urduritzen hasi da; ez da harritzekoa. Kontatu al dizu, Mirelur, hor musukatzen aritu zaretenean, familia bat duela hemen, gure herrian, eta beste bat Ginean, egur-enpresa duen tokian? Hori bai bonba! (Koadernoa seinalatuz:) Irakurri, hor dakar guztia: gaur egun ez du gaitasunik bi familiak aldi berean aurrera eramateko, eta bietako bat betiko uztea ari da pentsatzen...

MIRELUR (eskuez belarriak estaliz): Nahikoa da! Ez dut ezer jakin nahi!

JOXAN: Ixo behingoz!

 

joxanek koadernoa txikitzen du, eta adelaren gainera jaurtitzen ditu zatiak, honek azken hitzak ahoskatzeaz batera. adelak barre egiten du eta joxanek bultzatu egiten dio. adela lurrera erortzen da. Gainerakoek oihu egiten dute: “kontuz!”, “Ai!”, eta horrelakoak. Azkenik, isiltasuna nagusitzen da; adelaren barre eroxka baino ez da entzuten, negar-intziri bilakatua; azkenean isiltzen da. lurdesek zatiak jaso eta mahai gainean pilatzen ditu; aztertu egiten ditu. joxanek zatiak hartu ditu eta sutara botatzen ditu; sua bizkortu egiten da.

 

ADELA (altxatuz eta barrerik gabe): Koadernoa apurtzea ez da soluzioa.

MILA: Gure arazoak aireztatzea ere ez.

 

adela aulki batean esertzen da. Edan behar du, baina lurdesek edalontzia kentzen dio. joxan gelan barrena dabil, eskuak buru gainean jarrita. mirelur sofan eseri da; sabela besarkatzen du, eta zabuka ari da.

 

ADELA (mozorroaren koroa kendu eta mahai gainean uzten du): Nire armak erakutsi nahi nizkizuen, baina lasai, zintzo ibiliko naiz. Nik ere badut nire bekatua, eta ez da arina. Dirua onartu dut, bi aldiz. Niretzat eta alderdiarentzat. Diru asko, egia esateko. Eta zuen akats berdina egin nuen: Elsa traidoreari kontatu...

JOXAN (oso haserre): Ez zaigu hori interesatzen! Norberaren faltak norberarenak dira, eta ez beste inorenak! Ostia!

MILA: Lasai...

ADELA: Horretan oker zaude, Joxan. Ez baldin badugu zerbait egiten, eta berehala, Elsak daukan informazio guztia erakutsi egingo du, publikoa izango da.

MIRELUR (oso larri): Eta horretarako azaldu behar zenituen gure miseriak? Ze psikopata mota zara zu?

ADELA: Ez nahastu, Mirelur; gure terapeuta da psikopata, ez ni. Nik nire burua babestu baino ez dut egiten. Orain guztiok dugu guztion berri, helburu berdina, eta hau dena argitu arte ez da inor hemendik joango.

LURDES (doinu minduz): Hala ere, Adela. Ez zen beharrezkoa kontatu duzun guztia kontatzea.

ADELA: Bat erortzen bada denok eroriko gara, horixe. Honezkero ez dugu beste irtenbiderik: zerbait pentsatu behar dugu, eta azkar.

 

Kanpoan festa-musika entzuten da.

 

JOXAN (gelan gora eta behera, urduri oraindik, eskuak ferekatuz): Moduren bat egongo da holakorik egin ez dezan konbentzitzeko.

MIRELUR: Berak ez al du eguzkitara atera daitekeen inongo trapu zikinik?

MILA: Ez. Nik arakatu egin dut eta ez du deus. Garbi dago. Erotu egin da, antza, baina bestela ez du ezkutatzekorik.

JOXAN: Eta dirua eskaintzen badiogu? Eros genezake agian, diru mordoxka ederra pilatu genezake denon artean.

ADELA (aulki batean esertzen da eta berriro betetzen du edalontzia): Hori izan liteke aukera bakarra, baina egia esango dizuet: ez dut uste hortik doanik gure psikologo psikopata hori. Hala ere, saia gintezke.

LURDES: Zerbait egin ahalko dugu, barren!

MIRELUR: Mehatxatuko dugu, esango diogu...

ADELA (mozten dio): Zer esango diogu? Hilko dugula? Horretarako hobe...

MILA: Hobe zer? Gaur bertan...?

MIRELUR: Ixo, mesedez. Hori ezta brometan ere!

ADELA: Nor dabil brometan? Traidore zikin horrek zernahi egitea merezi du.

LURDES: Adela, hori aipatu ere ezin dugu egin.

ADELA: Bai, jakina; orain santuak gara!

MILA: Ez, ez gara santuak, baina ze uste duzu, inguruko jendeak ez duela akzio txarrik egiten? Denek dute gordetzeko zerbait.

ADELA: Bai? Jendea beste pertsonak hiltzen dabil?

MILA (lurrera begiratzen, lotsatuta): Ez nuen hori esan nahi.

JOXAN: Bikotekidea engainatu, lapurtu, gezurrak esan, desio ezkutuak elikatu...

MIRELUR: Ondokoa zapaldu, zurrumurruak sortu, lagunak saldu...

MILA (ozenki): Torturatu!

ADELA: Ados; jendeak horrelako gauzak egiten ditu, ez beti agian, noiz edo noiz soilik, bizitzan behin akaso... Baina guk kontatu egin dugu: horra gure bekatua.

LURDES: Ez; ez da hori kontua. Hori gure ahuldadea izan da: kontatzeko beharra izan dugu, gaizki sentitzen ginelako. Errua sentitzen genuen zerbait gaizki egin izanagatik, oso gaizki hain zuzen. Horixe baita bekatua.

MIRELUR: Sakristiako misterioak, eliza-usaina dario!

LURDES: Nahi duzun bezala deitu, baina hori da. Erruak eraman gintuen Elsarengana. Bekatuak eragindako erruak...

ADELA: Eta erruak ez gaitu hobetzen.

MILA: Jakina: gaitza egina dago. Baina egia plazaratzeak ez digu lagunduko.

ADELA (pentsakor): Guri ez; beste batzuei beharbada bai...

MIRELUR: Bere alde jarriko zara?

ADELA: Ez, noski, burua galtzen ari naiz, burua galtzen ari gara denok. Goazen harira.

JOXAN (urduri oraindik): Salatu egingo dugu; terapeuta batek ezin die bezeroei horrelakorik egin!

MILA: Blogean agertu den zenbaitek horixe bera egin du dagoeneko, baina zer irabazten duzu horrekin? Kaltea egina dago.

ADELA: Neuk ere eginak ditut gogoeta eta kalkulu horiek guztiak; ez dago irtenbide errazik.

JOXAN: Orduan?

ADELA: Dakidan guztia zera da: ez diot nire bizitzari uko egingo. Edozer gauza egiteko prest nago. Zuen laguntzarekin beti ere.

 

lurdes, mirelur eta joxanek ia aldi berean hitz egiten dute eta iskanbila sortzen da.

 

LURDES (doinu etsiaz): Edozer gauza? Berriro ari zara hori iradokitzen? Nahi duzuna esan, baina muga batzuk ezin dira hautsi...

MIRELUR: Horrelako zerbait baldin bada gure konponbide bakarra, jai dugu!

JOXAN: Izorratuta gaude!

 

Atean sendo jotzen dute. Isiltasuna egiten da gelan, soilik festa-musika entzuten da, baxu.

 

ADELA (doinu misteriotsuz): Hemen dugu.

MIRELUR (ahopeka): Nor?

ADELA: Gure Elsa.

 

Denek oso azkar hitz egiten dute, ia aldi bereun.

 

LURDES: Elsa?

MILA: Gonbidatu al zenuen?

JOXAN: Ongi; horrela zirt edo zart.

ADELA: Senper ordua heldu da.

 

adela aterantz doa. Gainerakoak geldi-geldi geratu dira ateari begira. adelak atea irekitzen du eta elsa agurtzen du. elsa sartzen denean, denek begiratzen diote tinko, mugitu gabe.

 

ADELA (elsa sartzean): Gabon, Elsa, eta mila esker etortzeagatik.

ELSA: Aukera handirik ez zenidan utzi...

 

elsa besteak ikustean geldirik geratzen da sarreran, segundo batez.

 

ELSA: Bakarrik izanen ginela uste nuen... Ez dio axolarik. Kaixo Mirelur, eta Joxan. Lurdes. Zu, Mila, hemen zaude, halaber.

 

Gainerakoek agurra xuxurlatzen dute, indarrik gabe, lotsatuta bezala.

 

JOXAN (sofan esertzen da): Kaixo.

MIRELUR: Gabon.

LURDES: Kaixo.

MILA: Bai. Kaixo.

 

adelak aulki bat eskaintzen dio eta elsa eseri egiten da. adelak mahai gainean geratzen diren edalontziak betetzen ditu, inork ez du hartzen. elsak besoak mahai gainean uzten ditu leunki, zain balego bezala. mirelur sofako ezker aldean esertzen da, joxanengandik oso gertu. lurdes zutik geratzen da atzeko aldean, eta mila eta adela elsaren inguruan esertzen dira. Denek elsari begiratzen diote.

 

ADELA: Zurekin hitz egiteko elkartu gara.

ELSA: Bai, susma dezaket zertaz. Eta aldameneko besta?

ADELA: Nire urtebetetzea.

ELSA: Baiki, zure urtebetetze arranditsu horietako bat... Data bitxia gu guztiok biltzeko, haatik. Zuei entzuteko prest naukazue.

 

Zenbait segundoz inork ez du ezer esaten. Pertsonaiek beste aldera begiratzen dute, hankak mugitzen dituzte, azkazalak koskatu... Azkenean, adelak eta mirelurrek aldi berean ekiten diote hitz egiteari.

 

ADELA: Gure egoera ezagutu nahi dugu...

MIRELUR: Blogarena komentatu nahi dizugu...

MIRELUR (adelari): Zeuk hitz egin.

ADELA: Ez dago esateko gauza handirik... Badakizu... Zure blog hori...

JOXAN (adelaren diskurtsoa moztuz): Gure kasuak ezin dituzu atera!

ELSA (joxani so): Zeuk eragotziko didazu, adiskide?

ADELA: Geuk!

ELSA (mahaitik altxatzen da): Gai horretaz deus gutxi dugu solastatzeko, gauzatua baita deliberamendua.

JOXAN (sofatik altxatzen da, halaber): Horrela? Ez diguzu inongo aukerarik ematen?

MIRELUR: Ba al dakizu Ibonek bere buruaz beste egin duela, zuk Interneten berari buruz publikatu duzunagatik?

ELSA: loan eginen naiz; ez dizuet azalpenik zor.

ADELA: Ezetz? Elsa, zugan konfiantza osoa jarri genuen!

LURDES: Zure bezeroak ginen!

ELSA: Banoakizuela...

 

lurdes bere bidean kokatzen da eta eskuekin adierazten dio lasaitzeko. joxan ere harantz hurbildu da.

 

LURDES (doinu gozoz): Barkatu, Elsa. Ulertu gure kezkak, eta entzun mesedez esan behar dizuguna. Guretzat oso inportantea da, eta entzutea bai zor diguzula, ez duzu uste?

MILA (atzetik): Lurdesek egia dio. Eseri lasai eta hitz egin dezagun.

ADELA: Barkatu, Elsa. Pixka bat edan dugu...

LURDES: Zuek edan duzue!

ADELA: ...eta gainera oso urduri gaude, zure blogarekin gertatutakoa dela eta. Zergatik egingo diguzu horrelako zerbait?

 

elsa berriro esertzen da; aulki gainean balantza egiten du une batez, artega.

 

ELSA: Nire arrazoiak deskriba ditzaket, baina beldur naiz ez zenuketela deus ere konprenituko.

JOXAN (sofan esertzen da berriro): Oso zaila da, bai, egin duzuna ulertzea.

ELSA: Lehenik, erran behar dut Ibonen heriotzak biziki hunkitu nauela, baina bera suizidioarekin jostatzen aritu da urtea joan urtea jin. Ez dut uste nire webean atera dudanak bere erabakian eragin zuzena ukan duenik...

MIRELUR: Ba niretzat oso garbi dago.

ELSA (begiratzen dio, baina ez dio ihardesten): Bertzalde, hondar urteotan nire bidaietan ezagutu dudanak goiti beheiti aldatu nau. Beste hainbat errealitate ezagutu baitut, ametsetan ere imajinatuko ez zenituzketen errealitate guztizkoak...

MIRELUR: Bidaiarik luzeenek ere sarritan ez dute pertsona aldatzen. Hori jakinarazi zenidan zeuk.

ELSA: Egia izaki, halatan gertatzen da maiz, baina...

MIRELUR: Bidaiarik inportanteena, ederrena, barnekoa dela.

ELSA: Horixe. Nire bidaiak ez dira fisikoak izan soilik.

LURDES: Eta?

 

elsari listua irentsi eta bere hitzaldiari jarraitzen dio.

 

ELSA: Higikunde global bat ezagutu dut Indian, mundu osoan zabaltzen ari baita. “Egia” du izena. Korronte honen bidez, Egiak gure bizitza gobernatu behar du, orobat gure ingurukoen bizitza. Egiak behar du ororen ardatz eta bihotz izan. Zuek guztiek min egiten duzue zuen gezurrekin: lehenbizi zuen buruari, ondoko pertsonei gero, eta oro har jendarteari. Nolatan dugu bertzela hain jendarte ustela? Errotik behar dugu gaitza erauzi. Horixe baita, arras labur, nire oraingo filosofia.

MILA (ez oso altu, bere buruari bezala): Utopia. Eta zoramen galanta...

ADELA: Munduak gezurra behar du; gezur txikiak edo handiak, baina gezurrak funtsezkoak dira; komunitateek behar dituzte! Zeuk ere ondotxo dakizu hori!

JOXAN (sofatik altxatzen da berriro, eta alde batetik bestera dabil hitz egitean): Benetan uste duzu mundua hobea izango dela kaka guztia libratzen baduzu?

ELSA: Hasieran ez, eta ziur aski oinaze-kuota bat ordaindu beharko dugu, baina finean...

LURDES (etsita, mahaira hurbiltzen eta bertan eskuak bermaturik): Oinaze-kuota bat? Semeak adoptatua dela badaki, eta hori da jakin behar duen guztia. Uste duzu, egia kontatuta, gure arteko harremanek hobera egingo dutela? Kendu egingo didate! Salatuko gaituzte. Lanik gabe geratuko naiz, familiarik gabe, eta ez dut besterik mundu honetan!

ELSA (lasai): Kasuak oro ditut arretaz aztertu, Lurdes, eta zurea, preseski, gai horren inguruan gertatzen ari dena aintzat harturik, ezagutarazi egin behar dela uste dut. (lurdesek atzera egiten du.) Haur bat ebatsi baitzenuten! Ez dut inongo zalantzarik. Pentsatu duzu noizbait mutikoaren ama nola geratu ote zen erran ziotelarik bere haur jaio berria hila zela? Jakin duzu zer gertatu den bere zinezko familiarekin?

LURDES: Mojek esan zidaten ama hura oso gaztea zela, eta aldez aurretik bazeuzkala beste hiru.

ELSA: Hamar balira ere; hori da zure aitzakia? Egiatan?

LURDES (atzerantz erretiratuta, eskuez aurpegia estaliz): Gaizki jokatu nuen, badakit, baina orain beranduegi da okerra zuzentzeko.

ELSA: Sekula ez da berandu kalteak konpontzen hasteko, Egia lora dadin. Justiziaren eskuetan jarriz gero, konponbide bat sortuko da.

MILA: Justizia diozu? Zein justizia baina? Umetatik ikasi dugu gure herrialdean ez dagoela inongo zuzenbiderik: komunikabideek deskomunikatzen duten bezala, justizia injustua izan ohi da!

ELSA: Tentuz gero, Mila! Zuk hori erratea ere! Kriminal bat zara!

MILA: Beste asko bezala torturatu egin ninduen, bortxatu, nire bizitza hondoratu zuen; non zegoen justizia orduan?

ELSA: Zuk ezarri zenuen justizia, eta hori ez dagokizu zuri.

JOXAN: Eta zer egiten ari zara zu orain? Zuk ere justizia administratzen duzu, Jainkoa bazina bezala.

ELSA: Ez; nik Egia plazaratzen dut. Justizia beste batzuek egiten dute.

JOXAN: Kasu honetan, berdin dio. Kontua zera da: zuregana jo genuela bagenekielako gaizki jokatzen ari ginela; ikaragarri sufritzen dugulako gure okerren erruz!

ELSA: Eta haboro sufritzea dagokizue. Zuen familiek Egia behar dute. Egiak askatasuna eta burujabetza ekarriko die! Zure emaztekiek, ez dute Egia merezi? Zuk ere onartu didazu maiz!

JOXAN (sofatik, bere buruarekin mintzo bezala): Nik ez dakit zer nahi duten nire emazteek, nire seme-alabek. Behar dutena ematen saiatzen naiz ni, errespetatzen ditut, eta den-denak maite ditut...

ELSA: Amodioa erakusteko manera ederra, alafede: tronpatuz, beste zenbaitekin kateatuz... Egia erranik, zure buruko alde ilunaz libratuko zara.

JOXAN (ernegazioz): Utzi niri erabaki hori hartzen; horretan nabil!

MIRELUR: Hori da, utzi guri gure arazoak konpontzen; aurrerantzean ez zara gure terapeuta izango, konforme; baina ez zaitez izan gure zigortzailea!

ELSA: Zuek zarete zuen buruaren zigortzaile; ez dakizue arazoak bideratzen, beti bizi izan baitzarete gezurretan murgildurik.

MIRELUR: Ez pasatu, Elsa. Gezur batzuk bota ditugu, humano guztiek bezala, baina zeregin asko primeran egiten ditugu: zergak ordaintzen ditugu, umeak ondo zaindu, lankide onak gara... Jainkoarren, ez naiz deabrua!

ELSA: Zure senarrarentzat traidorea zara, zuk erranik dakit.

MIRELUR: Berak ez du inongo Egiarik nahi! Nik inor baino gehiago maite dut, badakit zaila dela hori ulertzea...

LURDES (jostari): Biziki zaila...

MIRELUR: Baina zu noren alde zaude?

 

lurdesek eskuak altxatzen ditu desenkusatzeko.

 

MIRELUR (jarraitzen du): Sinetsi ala ez, egia da. Pertsonok modu desberdinetan maite dugu elkar; batzuk gai gara bat baino gehiago maitatzeko, beste batzuekin lotzeko, horri garrantzirik eman gabe...

ELSA: Baina senarra ez duzu tankera horretakoa. Errazu Egia. Guztiek zor diozue Egia munduari. Halatan, zuen aitzakiak, zuen pairamenduak leunduko lirateke.

ADELA: Hori ezin duzu ziurtatu, Elsa; nahiago dugu gauden bezala gelditu, zure laguntza sasi-mistiko hori gabe...

ELSA: Trufatu nahi baduzu, Adela, aitzina, futitzen bainaiz.

ADELA: Ni pozik bizi naiz, nahiz eta zure eta zure saioen falta dudan, falta handia gainera. Baina nik ez daukat nire lagun hauen antzeko aitzakiarik, ezta sufrimendu larririk ere. Dirua eman didate, nik nahi bezala kudeatzeko, udaletxetik egin ditzakedan mesede batzuen truke. Beti egin da eta beti egingo da. Ez nago harro, ez baita zuzena; are gehiago: gaizki sentitzera ere iritsi naiz. Baina ez naiz damu: une hartan egin behar nuen. Zurekin asko ikasi dut, nire burua sakonkiago ezagutu dut. Badakit ez dudala berriro horrelakorik egingo, hobeto sentitzen naizelako deliturik egin gabe. Kito. Ez dut horregatik nire bizimodua aldatu nahi. Orain, mesedez eskatzen dizut: ez erakutsi gure datuak.

ELSA (suspirio luze bat egiten du): Zenbait jendek aiseago egin lezake: ez baitute ezagutzen beren Egia baizik; aldiz, ni Egia ugariren jabe naiz, tamalez. Zuek zarete nire patua, nire zigorra! Egin behar dut. Egiaren alde, baiki; baina, halaber, zuen alde ere bai.

MIRELUR: Guregatik libre zaude, ez duzu zertan egin! Landu zeure Egia eta utzi gureak albo batean!

JOXAN: Ez egin, mesedez!

LURDES: Mesedez...

 

elsak burua astintzen du eta mahaitik altxatzen da, nahiz eta eskuak mahaigainean bermatuta mantentzen dituen.

 

ADELA: Zeinek eman dizu gure egiak jakinarazteko eskubidea? Antzinako apaizen moduan jokatzen ari zara!

LURDES: Apaizek barkamena ematen zuten, bederen, otoitzen eta penitentzien truke!

MIRELUR: Besterik ez genuen behar!

LURDES: Horrela iritziz aldarazten badugu, ni prest nago!, baita belauniko jartzeko ere!

JOXAN: Eta ni!

ELSA (akiturik bezala du mintzo): Ez da hori ene bidea. Konpreni ezazue, lan handia egin dut nire buruarekin; nik ere penitentziak eta zigorrak pairatu ditut, zinezko oinazea ezagutu dut, harrapagaitza litzaizukeen oinaze sakona. Baina merezi zuen, finean Egiaren hazpegia kontenplatu baitut. Eta jakin dut zer egin behar dudan. Mingarri zait zuek horrela ikustea, baina molde honetan dago nire xedea zuen bizitzekin loturik. Sentitzen dut.

 

elsak amaitzen duenean, besteek oso jarraian hitz egiten dute.

 

JOXAN: Hortaz, zure patua gu izorratzea da?

LURDES: Barka gaitzazu! Erruki zaitez!

MILA: Elsa, aldendu zure ondotik zama astun eta ero hori...

MIRELUR: Gugatik egin...

 

elsak patxadaz erantzuten du, pazientzia handiz baina erabakitasunez.

 

ELSA: Gaztigatu dizuet, ez zenutela konpreni ahalko.

JOXAN: Proba ditzagun, horrenbestez, beste neurri batzuk: dirua behar duzu?

ELSA: Uste duzu Egia eros daitekeela? Zentzugabekeria galanta.

JOXAN: Diru pilo batez ari gara, zure elkarte horretarako dirua. Errazago zabalduko zenukete zuen asmoa munduan, pentsa ezazu: izugarrizko egoitzak, langileak kontratatu... Bultzada itzela litzateke!

ELSA: Konprenitu gabe segitzen duzue.

LURDES: Ez dugu irtenbiderik: salatuko gaitu!

ELSA: Salaketarik ez da...

MIRELUR (histeria puntu batez): Zer egin dezakegu?!

 

Leihotik jendea igarotzen ikusten da; musika ere altuago entzuten da. joxan, sofa utzi eta elsarengana hurbiltzen da, erasokor; supituki aldendu egiten da, eta berriro hurbildu, jotzeko asmoz. Azkenean ordenagailua hartzen du eta bere buruaren gainetik altxatzen du. elsak, ikaratuta, bere burua babesten du.

 

JOXAN: Zer iruditzen, hemen frijituta uzten bazaitut?! Orduan agur salaketak, eta agur egia santu guztiak!

 

Mehatxu bortitz horren aurrean, mirelur eta lurdes oihuka hasten dira. mila eta adela hurbiltzen dira eta ordenagailua kentzen saiatzen dira (patxadaz).

 

MILA: Geldi Joxan; horrela ez!

JOXAN (ordenagailua lurrera botaz): Horrela ez? Nola orduan?!

 

joxanek atzera egiten du, eskuak buruan, harrituta bezala bere buruarekin, eta elsa eseri egiten da, aurpegia eskuen artean daukala. adela eta mila ondoan esertzen zaizkio.

 

JOXAN: Hala ere, ezingo nuke... Kaka! Koldar hutsa naiz!

 

Musika oso ozenki entzuten da eta jendea berriro sartzen da. Urtebetetze tarta bat ekartzen dute, piztutako kandelez apaindua. Jendeak dantza egiten du gela barruan. lurdes bere txokoan babestu da; mila eta elsa ere atzerantz erretiratzen dira. adelak edan egiten du eta dantzan hasten da. joxan oraindik jota dagoela ikusten da. mirelur atzean jarri eta besarkatzen du; aurpegia haren aurpegira asko hurbiltzen du, sekretu bat kontatzen arituko balitzaio bezala. biek mugitzeari ekiten diote, hasieran motelki, baina gero eta animatuago. Barruan sei bat lagun geratzen dira builaka eta dantzan.

 

LAGUNA 3: Berehala gauerdia!

LAGUNA 4: Hamar segundo geratzen dira urteak betetzeko!

LAGUN GUZTIAK: A-de-la! A-de-la!

ADELA: Goazen ba, berrogeita hamar urte horiek ezin dute itxaron!

 

lagunak, adela, joxan etu mirelur kanpora irteten dira, eta musika moteltzen doa. Atea ixtean, jendeari offean entzuten zaio “Zorionak zuri” abesten, eta adela zoriontzen.

 

LAGUNAK (offean abesten): Zorionak zuri, zorionak zuri... Zorionak! Zorionak!

 

lurdes, mila etu elsa txokotik aurreratzen dira. Ateari so geratzen diru.

 

LURDES (bere buruari bezala): Berriro joan dira. Hau ez da serioa.

 

iluna