Egia
Arrate Egaņa
Egia
Arrate Egaņa
Alberdania, 2012
Egia
Arrate Egaņa
Alberdania, 2012
[aurkibidea]

 

 

Xabier Mendigurenen egiei

 

 

Sapere aude

E. Kant

 

 

 

Antzezpena

 

            Antzezlan honek hiru ekitaldi ditu; ordu eta laurdeneko iraupena izango du, gutxi gorabehera.

 

 

Denbora eta tokia

 

            Gaur egun gertatzen da, Euskal Herriko herri bateko kanpoaldean.

 

 

Pertsonaiak

 

ADELA: 50 urte inguruko emakume handi eta indartsua. Erreginaz mozorrotuta dago, koroa eta guzti. Ziurtasunez eta ozenki hitz egiten du.

MIRELUR: 40 urte inguruko emakumea. Aingeru jantzia du, buru gainean aureola darama. Ederra da, ile luzekoa. Alaia bezain kaskarina da.

LURDES: 40 urte inguruko emakumea, argala eta ile laburrekoa. Moja itxura du. Ez doa mozorrotuta. Janzkera xumea. Serioa da eta zorrotza.

JOXAN: 45 urteko gizona. Abade trajea darama.

MILA: 30 urte inguruko emakumea. Ile rasta du. Informal doa jantzita: zapi palestinarra, galtza zabalak; mozorrotu gabe hau ere.

ELSA: 50 urteko emakumea. Ez dago mozorroturik, nahiz eta hippy itxura eduki. Mugimendu neurtuak egiten ditu, ez da batere histrionikoa. Lasai eta astiro hitz egiten du.

lagun batzuk: Halako batean, pertsonaia anonimo batzuk sartuko dira agertokian, goitik behera mozorroturik, eta zalapartaka; baten bat instrumenturen bat jotzen joan daiteke (turuta, pandereta, danborra...), festa giroa hedatuz.

 

 

Agertokia

 

            Saloi zabal bat, nekazari girokoa. Paretak harrizkoak dira. Ezkerreko aldean atea dago, pertsonaiak hortik sartzen dira, eta irten. Parean tximinia bat ikusten da, su motelekoa, aurrean alfonbra bat duela. Tximiniaren ondoan, egur ezpalez betetako saski bat. Kebidearen alboan leiho luze bat dago, gortinarik gabea, baina kristal lausoduna. Leiho horretatik formak eta koloreak nabarituko dira, jendea aurretik igarotzean, autoren bat heltzean, eta abar. Leiho azpian, bizpahiru apalategi ikusten dira, liburuz hornituak.

            Eskuineko horman edari-altzari txiki bat ikus daiteke eta horren azpian sofa bat. Ezkerreko aldean mahai bat dago, hiru aulki txiki inguruan ezarrita (banku modukoak).

            Hormetan koadro klasikoren bat (paisaiak) eta orein buru pare bat, ehiza trofeoak.

            Borda kutsua du tokiak, nahiz eta, akzioan azalduko den legez, etxe handi baten eranskina den, etxola antzeko bat.

 

 

Argiak

 

            Argitze atsegina da, apala, epela; ez argitsuegia. Akzioa garatzen ari denean, zenbait kolore eta argi nabarituko dira leihoan zehar, esan den moduan (autoen argiak, jendea ondoko etxean irteten eta sartzen...); beraz, egongelako argitasunaren indar mailak baimendu behar ditu efektu horiek. Lehenbiziko ekitaldian, arratsa da: ilun dago, baina ez beltz (gorrixka edo); bigarren ekitaldian erabat beltz dago; eta hirugarrenean, beltza hasten da izaten baina bukaeran argitzen hasten duela ikusiko da.

            Ekitaldi bakoitzaren amaieran agertokia ilundu egingo da.

            Efektu zehatz bat agertuko da eszena batean: Adela eta Mila ordenagailua tekleatzen ari direnean agertokia apur bat ilunduko da, eta pertsonaiek eta ikusleek atzeko horman ikusiko dute ordenagailuan agertzen ari dena: testuak, eta proiekzio baten bidez egingo da. Pertsonaiek irakurri edo komentatu egingo dute; ez diote hormari begiratuko, hori ikusleentzako efektua delako soilik. Hori izango da ohiz kanpoko efektu bakarra obra osoan.

 

 

Soinuak eta musika

 

            Musika ondoko etxetik helduko da; pertsonaiek hitz egiten dutenean moteldu egingo da. Mozorro-festa bati dagokionez, parrandetako musika entzungo da: disko musika, dantzaldietako euskal musika eta Inauterietan jartzen diren abestiak. Maiz entzungo da, nahiz eta gehienetan baxu; ozenago entzutean adierazi egingo da.