Jon gurea, Parisen hatzana
Karlos del Olmo
Jon gurea, Parisen hatzana
Karlos del Olmo
BBK , 1999
Jon gurea, Parisen hatzana
Karlos del Olmo
BBK , 1999
[aurkibidea]

 

BIGARREN AGERRALDIA

 

Eszenatokian jon baino ez da. Atzealdean ez da inor ikusten. Schubert-en “Amaitu gabea” entzuten da.

 

JON MIRANDE:

            Bihotza etsipenez izozturik dut. Garai batean uste nuen hobe zela sehaskan dagoen haurrari lepoa tinkatzea, norberaren bihotzeko nahikari bakar bat itotzea baino. Orain ez nekike zer esan! Beldur latz bat daukat bihotzean! Gorputza sutan daukat eta ikara gogoa! Itxaropenik ez dugunean, diotenez, bizitzen irauteko borrokatu behar dugu eta horrelaxe jokatu ohi dugu, ia mirariz bizi garela. Hala ere, nik ezin dut haboro borrokatu horren alde.

            Laster ur zabal horretatik itsasontzi bat thesaurez kargatua etorriko da Sartalde herrimin pizle horretatik eta Gazteen Lur ezkutatu horretaraino eramango nau! Aspaldi honetan irudimenaren solasetan jardun dut, amets esaten dioten horretan. Badakit, bai, irrikari amore eman eta hondamendira noala. Nire ezagun, adiskide eta ahaideen artean, ba ote da nire kezka eta grina berak ezagutu dituenik? Sartaldetar itsasoko bazterrean dagoen herrialde zahar honetan, nik bakarrik ote dut sekula antsiatu eta ikusi, itsasoaz bestaldean, heriotza gabeko Gazteen Lurra, kristalezko abardun sagarrondoz estalia den hura?

            Lehen, pattarrak askotan burmuinak berotzen zizkidan eta pentsamendu minak sorgortzen, azaletik baizik ez bazen. Baina orain aski dut sakonkixeago pentsatzea berriz ere bihotz mina agertzeko inoiz baino mingarriago. Aspaldi honetan pilulak, ametsak eta oroitzapenak ditut lagun bakartzat. Alkoholak egiazko mozkorraldia emango al dit, lo egiteagatik soilki, ametsik gabeko lo astun, ahaztuarazgarria! Ai vodkak irazan ahal baleza nirekiko mundu bat, zoroa, burzoratua, ezagun okazgarririk gabea, gezurrezko eginbiderik behintzat aurkeztuko ez lidakeena...! Edan ala ez edan, ez al da oro berdin, guztia orobat? Mutil nintzelarik hasi nintzen edaten biziak zerakuskidan gaitz-itxaropena uxatzeagatik, gurasoen eta lagunen isilean. Gero, gizon adinean kezka eta beldurrak egiaztatu zitzaizkidanean, edaten jarraiki nintzen, edonoren agerrean. Orain berriz ere alkohola lagunik onena. Besterik ez bada ere, harbitxizko jauregi torredunera eramango nau, jaun eta jabe eskubide osokoa izatera, jendeen zintzotasun ankerretik sendoki zaindua!

            Debekatzen dizkidaten edertasun mozkorgarriak gozatu ahal izango ditut Gazteen Lurraldean. Debekurik ez da izanen! Ezertarikoak ere ez! Han zaldun jokatu ahal izango dut asto jakintsu horietatik urrun! Batzuetan koldar izaten gara, ez diogu munduari uko egin nahi izaten eta bide erraza aukeratzen dugu. Ez ote da hobe heriotzaraino edo norberaren buruaz beste egin arte amets gurenarekin bizitzea santutasunaren bila dabilen eremutar bat irudi? Haragi margul eta beroetan bilatu dut ene etsipena itotzeko mozkorraldia! Alferrik hori ere! Azkenean hautatu beharrean nago: ez dut gehiago luzatzerik! Loa amets eskuragaitz bilakatu zait eta gero eta neketsuago dut hura erdiestea! Betiko loa? Nire baita, aspaldi honetan, etengabe jotzen dute lurrikara moduko batzuek eta ez dut bakerik ezagutzen. Oso gutxitan lortzen dut behar besteko adimen zorroztasun eta argitasunik. Batzuetan bizitzan erabaki beharreko kontu garrantzitsu bakarra nork bere burua hiltzeko zer erabili. Horretara biltzen da dena! Hil gogoetek izpiritua zeharkatzen didate haize bolada hotzen antzera, gotorleku setiatua bihurtzen nauten arte.

            Gogor egin dut orain arteraino! Gogor ontasunaren eta zuzentasunaren izenean lagun hurkoari min egiteko jakintzan adituak diren horien aurka! Buztinezko oinak dituen moralkeria hori borrokatu dut! Zergatik ezin betiko maitearen ondoan izan, inguruko mundua hilik, grin txarrak, kezka urragarriak eta irriki hilortuak itzalita?

            Theresa, jainkosa... ondoan nahi hintudan, ezagutu nahi nituen poz bakan guztiez merezi genuen bezala gozatzekotz, eragozpenik eta gibel-asmorik ezean, askatasun oso bat, inor jakile gabe, inor so egile gabe. Baina ez haiz nik nahi bezala agertu mundu lurtar honetara. Eta bestera joan beharko dinat bila! Orain ni negon negarra dariola, ene etsipen ezin kontsolatuari osoki emana, parke ilunetako bide-txigorretan zehar. Larrazkena eta negua nagusi... Negar dagit asko, gorputz, bihotz minez, gauzetako minez... Zergatik, zertako, nork erranen neri hemen... hor... han... ni... ni? Jainkoen Lurra ezagutu nahi eta... Parisko kale bateko zuloan, ifernuan bizia xahutu!

            Badirudi ezen bizitza ukatze etengabe hutsa baino ez dela! Haurtzarotik irrika eta nahiak ukatu behar ditugu eta atsekabearekin bizitzen ikasi, nahiz eta geroago eta nekezago izan dena! Zoriona eragozpenik gabe gozatu nahi izaten dugu eta lotsarik gabe denon aurrean agertu! Ordainez, eskandalua baino ez dugu sortzen gizartean. Mundu orori eman nahi diogu gure zorionaren berri, gurekin bat egin dezaten! Baina ez! Azkenean, munduan arrotz sentitu behar!

            Lurra eta gizonak gazteago ziren aspaldiko adin horietan bizi nahi izan dut maite nituenen ondoan! Erresuma eratu nahi nuen urrutiko Amerikak baino urrutiago, indianoen lur urretsuak baino urrezkoago diren ugarte dohatsuetan, arimaren sorterri den Gazteen Lur mirarizko horretan! Itsaso maiteari sarri eskatzen diot ingurukoen zikinkerietatik garbitzeko! Ai, itsaso ezti eta haserrakorra! Ainintz betiko sorgor egon! Alkohol maiteak batzuetan adimena argitu dit! Aspaldi honetan, alta, ez dut erdiesten! Alkoholak lehen pizten zidan su hori, bihotzeko sua, itzaliz doa. Bihotza ahul, gogoa ahul, haragiak ahul, ulermena ahul...

            Gorrotoz eta izotzez beteriko mundu batean galdurik nago, oro etsai ditut edo halaxe iruditzen zait, behintzat! Inoren aldera ezin ingura naiteke kontsolamendu bila, salbakuntzaren bila... Inoren aldera ezin ingura, inorengandik ez zait laguntzarik helduko! Ele adiskidetsu bat edo beste baino ez balira... Etsipena nagusitzenago zait... Bizitzak merezi ez badu, azkenean erantzun behar izango diot filosofiaren galderarik garrantzitsuenari?

            Osotoro agertu naiz gizartean: gogor eta gotor bezain eme eta amoltsu. Alferrik, ordea! Bizialdi honek ez du ihesbiderik! Azken muturreraino eraman behar ditut ene usteak, ene sinesmenak! Baina unatuegi nago... Theresa... hire su eztiak behintzat barreneko izotza urtuko balit! Baina ez, hi ez hago mundu honetan! Jainkosen herrialdera joan beharko dinat bila! Nekeak ahaztu, ereti bakar batez baizik ez bada ere! Maitasunezko uneak ezagutu ditinat, betikotasun hobearen iragarle!

            Ez dakit Goizerriko mistikoek erakutsitakoaren araura, gorputza ezbehar edo eragozpen bat den ala arimara daraman bidea. Ez dakit, gorputzak eta arimak bat egin didate nahasmendu eta etsipenean! Ai, nonbaiteko ahalmen batek nahi izango balit arima baretu! Maite ditudan oro ez dira gehiago alde honetako munduan! Bestaldekora jo beharko dut betiko elkarrekin egotera! Bat eginik betikotasunean!

            Beldur naiz, ezin gehiagoko beldurraz! Beldur agian zulo beltz batean hondatuko bainaiz betikotz! Beldur, berdin izugarria, bestela, hil ondoren hainbeste irrikatutakoa ez ote dudan erdietsiko! Ene jainko zaharren aldareak zutik balira oraindik ez nuke beldurrikan, aspaldion joana nintzateke Theresarekin batean gaiztoek eta txarrek ahaztarazi, gezurtatu nahi diguten Gazteen Lur irrikatu hartara...

            Ezin zen... ez diezadake ezerk, ez Oro zen Ezerk, ez eta ezerrezak ere Theresa ken betikotz, jainko zaharren ernegatzaile diren gizon eta emakumezkoek hori ezin lortu badute! Baina, zer gertatzen zaio ene adimen ergel honi, zer dela eta bihotza ausikitzen didaten ezbai ergel hauek? Guztiak azalpena du, bai, azalpenen bat behar du nonbait... Non, baina?

 

Deiadarka, negarrez.

 

            Oi, Theresa! Zoratu beharrean negon! Ez dezanala kezkarik eduki bat ere, beti elkarrekin izango gaitun biok, beti! Ni neu ezbaika ikusten banaun ere, ez jaramonik egin! Ni ere, azken buruan, beldurtia naun, sarri askotan gogortasuna, gudarien kemena aldarrikatu dudan arren! Zoriontasuna aurkituko ahal dinat, behintzat! Batzuetan iruditzen zaidan bizialdia xahutu dudala zentzubikotasun gabeko haurtasunaren zorionaren eta sariaren xerkan! Betikotz betikotasunerako, eragozpenik eta areriorik izango ez den atsedenleku loredun horretara abiatu behar dinat, bai! Baina irrikak eta beldur latzak nahas-mahas hutsa naitek! Mundu zahar hau utzi nahi dinat, bai... zer, bestela? Otoitz egin nahi niken, baina, zein jainkori? Ez ote dira alferretan egiten balizkako jainkotasun bati zuzendutako otoitz erdi sinetsiak? Hobe... Bai, hobe Zoriaren meneko uztea ene burua. Zoriontasuna, zorigaitza... zer zion, bada, Theresa, jainko-jainkosak, hildako lagunak berriro aurkituz gero?

            Theresa, Theresa, etor hadi, izan hadi ene gidari! Elkarrekin ibil gaitezen bide berrian gaindi! Non hago, non haiz?

 

Alde guztietara begira, xerka balebil bezala.

 

            Koldarra izan naun askotan, bai eta askotan madarikatu dut ene koldarkeria hau, alkoholez busti eta ito nahi izan dudan koldarkeria! Etsi egin dinat! Barkatuko ahal didan? Barkatuko ote zidaten lagunek? Laster bat egingo dinagu poesiazko lurraldean Izate ahaltsua lagun! Lotsa eta beldur guztiak galdu zorionleku ustekizuneko horietan?

            Adimena garretan dut, baina gar horiek ez dira alkoholak eragindakoak! Orain arteko mozkorraldi guztiak gainditzen dituen mozkorraldi lehor batek jota nago, lehengo eldarnio guztiak atzera uzten dituen eldarnio ikaragarri batek menperatu nau!

            Theresa! Behin hondartzan, elkarrentzat elkarrekin beti izango ginela esan ninan. Psikiatra ezjakinek liburu bateko pertsonaia asmatua baino ez zarela diostate! Asko dakite horiek! Elkarren ondoan sartu ginen uretara azken aldiz! Olatuen oldarrek eraman hinduten itsasbeteari buruz, ene ur-lili maitea! Ni gabe joan hintzen! Uretan amildu hintzen eta galdu hintudan! Uraren oldarrak hainbat gutiziatu genuen zabalerantz eraman hintuen eta Gazteen Lur hainbeste amestu hartaraino ni baino lehenago heldu hintzen. Orain betiereko lurraldera joan nahi dinat, hire altzora! Itsasoko jainkoak bere anker gordina erakutsi zidanan behin hi eroanda! Etsi-etsi eginda oihuka aritu nindunan luzaro! Ene buruarekin hizketan urratu nizkinan hiriko kaleak! Zorotzat hartzen ninditen! Eroak bai eroak! Sartaldeko ur-jauregi irrikatuak ikusi nahi dizkinat eta hire ondoan izan, beti haur, beti urre, beti elur izango haizen ene printzesa, loreen eta kristalezko abardun sagarrondoen artean... Gazteen Lurrean, undin undinen artean, itsas-neska itsas-nesken artean!

 

Baretuago dirudi.

 

            Gazteen Lurretik etengabe heltzen zaizkit deiak: Theresarenak, Andimarenak, aita-amarenak, jainko-jainkosenak... Argiro entzun ditzaket! Maitasuna darie! Banator, bai, banator Sainduen eta Jakintsuen Uhartera! Parnasora, poesiaren lurraldera joan nahi dut behingoz! Nik neure olerkietan euskaraz lehenago erabili ez ziren gaiak hartu ditut, gainontzeko euskal poeta gehienak elizgizonak izan dira eta sujet batzuk ezin uki zitzaketen! Eta elizgizonak ez zirenak, besteak bezain herabe, beldur! Euskaldun gehienek gogorxko eta gordinxko aurkitu dituzte nire poemak. Eskandalu gorri ere izan dira askorentzat! Baina nolatan uko egin diezaioket neure barneari euskaldunon esamesak esamesa? Poemak sentitu bezala idatzi ditut eta nire arimaren erreinu bizi dira! Ene arima gustatzen ez bazaie, aterbea bilatu beharko dut paganoen artean, jainko-jainkosa zaharren artean! Poematan irauli ditut nire maitasun, maitakeria, sinesmen eta sineskeriak. Filosofiari buruz ere nireak oro jaulki ditut, neuk endelegatu eta pentsatu bezala. Eta, jakina, atsegin eta etsipenak ere. Etsipenetatik ugariago, gure bizitzaldi hau etsipenez oretua esan baitaiteke. Ezkorregiak irudituko zaizkizue nire olerkiak gehienak. Zer egingo dut, bada? Ezin liteke bestela izan ere, baikortasunak ene bihotzean oraindik ez baitu igo. Seguru egon, zinez diotsuet eta: inoiz hots egiten badu nire barne honetan, hori ere gatzatuko dut nire olerkietan. Ene bame egia izan daitezen ahaleginduko naiz. Bai, batzuk eskandalizatuko dira, baina hori bederik iritsi dut.

            Behin lagun poeta batek esan zidan olerkiak neure barne egiaren lekukorik bizkorrenak zirela. Sentitu eta atzeman bezala bota dut barne egia hori. Euskal Herriko olerkari gehienak maltzurregi ibili dira barneko nahikariak estali eta itotzen ere. Ez dute beren amets eta ustekizunak ausart azaltzeko kopetarik izan: hutsal eta azal samar ageri dira. Neuk egin egin dut eta horra hor ordaina: on eginaren pagua, aste ostean palua. Nik ez ditut neurtitzak idatzi onurarako, solaserako baino, noizik behin jomuga gurenak ere alde batera utzi behar baitira!

 

Eldarnioak jota balego legez. Borodin-en “Requiem”a adituko da.

 

            Akelarrea! Akelarrea deitzen dut! Zatozte denak, etsai nahiz adiskide! Sorginak dabiltza leize hozpelean. Kanpoan, iluna. Suziriek pizturik diraute! Urrezko tronoan Satan, nagusi ona. Gizon-emakumeak biluzgorri, dantzari, biloak haizean... Gauazko Erregina ere etorri da. Zatozte denak goizak gau beltza hil baino lehen! Bil zaitezte ene ingurura! Luza dezagun gaua betiko! Izan zaitezte ezti gozo, esne, gari ene gosete handi honetan! Ortzi jaunak zain nazala! Ekar dezagun hona Gazteen Lurraldea! Betoz jainko-jainkosa zahar guztiak! Gar jori eder gorriak doaz haizean!

            Udazkena datorkit, hil aroa. Karriketako haurrek ez dute jostatzeko gogorik, badakite beharko dutela behin zahartu eta itzali... Maitaleen bekaitz naiz, halere, elkarturik daudelarik ez dute besterik ohar... Nire bihotzean ilunabarra, iluntzea baino ez da, gauzen itxura lausotzen duelarik... Baina, hor diraute guztiek egiazki? Bele beltzak hilbeharra iragartzen du: etorkizun herioa bizidun guzietan gorderik dago, haziaren araura noiz ematuko zain. Gau mina, gauzazko hotsek ikaran jartzen naute! Noan Gazteen Lurralde argitsu eta eguzkitsura! Ene maitalea ikusi nahi dut argi bete-betean! Zoazte, zoazte, alde egin ezazue ilunpetako arima erratu eta iratxo horiek!

            Inoiz edo lo-antzeko egoera berezi horretan jarrita, bake eta bozkario handiak lortu ditut eta egia aurkitu ene baitan. Baina mundu aizun hau ezin dut gehiago jasan, ezin irentsi bere arau aizunak... Ez dut gehiago nahi goiko edo kanpoko Jaun Egilerik, ni ere naizen Arima orokor horrekin bat egin baizik! Bizia eritasun da gizaki gehienontzat, behin ere ez dira beren baitaratzen oro den Arimaren bila. Eta halaxe hiltzen dira! Neuk, aldiz, antzinatekoen antzera egia bakarraren alde lehiatu naiz. Hil-beldurra gainditzea ere lortu dut maiz, mundua irudipen hutsa denez gero, heriotza ere irudipena baino ez da eta! Horixe sinesten dut, bederen... Alta, oro gezurra izanez gero, zer egin? Eraman nazazue jainko-jainkosa horiek, arren eta arren! Gero eta nekezago egiten zait ametsa eta esna-aldia bereiztea! Harreman guztiak irudipen hutsak balira? Eta irtenbidea Dena-ren itsas handi mugarik gabean hondoratzea balitz?

            Itsasgorrira joanen naiz, harrizko jainkoen egoitzara! Otsoak eroango ditut bidaide, otso-ar eta otso-eme latzak! Gaia-rengandik urrundu naiz eta ez dut batasunera, Amalurrengana itzultzeko biderik aurkitzen, jainkoak eta ez-jainkoak parekideak izaten garen gunera! Azti izan nahi izan dut, aztiek batasuna sumatzen dutelako, pizti izan nahi izan dut, piztiak gizakia bezain hobendun ez direlako. Otsoak eta gizakiak berdinak gara: gizalegea otsolege da, gizakiak gizotsoak! Izaki guztiak izankide garela aldarrikatu dut lau haizetara, baina haize kontra omen noa eta eleak ene baitara itzuli dira, barreiuan, deslai, nahas-mahas! Hil ondoan gizakia berriro ere Batasun, Oro bihurtzen da eta hiltzea zor omen dudanez, zorra ahalbait arinen ordaintzeko gerturik daukat bihotza! Benetako urkamendia bera baino urkamendi zitalagoa ezagutu dut! Sinesle kristauek gauza bat, behintzat, ezin hobeto asmatu dute: Miserere-a!

 

Miserere gregorianoa adituko da lipar batez.

 

            Maite ditugunak hiltzen direnean, hutsune moduko bat sentitzen dugu geure barnean. Baina lagun hurko horrek bere burua hiltzen duenean, hutsuneari inoiz ere erantzunik izango ez duen itaun bat geratuko da airean, betiko deseroso utziko gaituela. Suizidaren ondoan bizi direnak, agerikoa da, gogoz saiatzen dira egia ezkutatzen errudun sentitzen direlako, bestela jokatu izan balute agian horrelakorik gertatuko ez zatekeelakoan. Nekez: bere burua hiltzea erabaki duena laguntza modu guztiez bestaldean dago.

            Maitagailua egiteko eskatu diot sorgin den atsoari eta haur hilortu baten hezurtxoak neskaren lehen odolaz nahasi ditu. Alferrik, baina! Berak ere barneko begiak galdu ditu, sinesmenik ez du. Zahar jakituria maldan behera doa, gautar poetak zioenez! Barrea eta malkoa elkarrengandik hurbil daude, bereizten dituen muga ia antzemangaitza da! Beste horrenbeste gertatzen da herioa eta biziaren artean! Baina noizbait jaikiko dira lehen bezain indartsu jainko-jainkosa zahar guztiak! Eguna hurbil da! Gudu deia aditzen da harrizko mendietan, zeru izar gabeen azpitik! Bero iezadazue, arren eta arren, bihotz hotza! Zeru bake gozo baten harmonia, haize arinaren baltsamua emaizkidazue! Neguak hozten ez duen lorea nahi dut apaingarri, beti eguzkitan dauden mendi gailurretara igo. Euskaldun zenbaiten ibaiko ur goiak lur maite hori erdiestea galeratzen dit! Beldurrak gainditu behar ditut! Jainko guztien arren! Lainoa berriro ere! Ez, mesedez, ez! Theresa, Theresa, non haiz?

 

Bila hasten da, baina eszenatokia hutsik dago.

 

            Paganoa izatea aurpegiratu didate! Asko dakite halakoek zer den pagano izatea! Harako poeta hark zioenez, edonor ezin daiteke pagano izan. Bihoztuna izan beharra dago. Eguzkia eta ardoa maite, nahitasuna zainetan sentitu! Bizia maite! Amalurren magalean irrikak oro aurkitu, hil arte asperarik gabe bizi, beldurrik gabe! Lurra maite dut nik ama maite nuen beste. Edertasuna maite dut eta maitale guztietan bilatzen dut! Horra hor paganoaren hobena! Zeru guztiak gezur dira, txoriek hegaldatutakoa izan ezik, izartegia izan ezik! Zerua eta lurra loratzen ikusten ditu etengabe paganoak bere baitan! Horra hor erruak! Zer edo zertan sinestekotan, zergatik ez hautatu edertasuna? Deusen alde hil behar izatekotan, zergatik ez gauza eder guztien alde? Euskaldun laminen alde hil egingo naiz! Andere Lurraren seme-alaba guztien alde! Jentilen alde hilko naiz! Lur Ama defendatuko dut azken hatsa bota arte! Biok elkarrenak gara, bat gara!

            Lehenago beste batzuek ere ibili dute minezko bide hau, nire ariora. Goizerritiko Jaungoikoaren herri hautetsiko lagun guztiak: gizon beltzek martirio latzen ondoren plazetan errauts egindako sorgin eta Aker Beltzaren gurtzaileak, etorkizunaren bila etengabe lehiatzen ziren aztiak, herritarrei sendabideak maitekiro prestatzen zizkieten belagileak, Jakintza Zaharra ikertzen zuten jakitunak, Mari Munduko, basa jaun-andreak, lamiak, iratxoak... Zuen odolaren hazi paganoak erro sendoak ditu eta noizbait berriro ere ematuko da benetako teologia zaharraren landarea!

            Gogoa nahastuta ukanen bide dut, bai, baliteke! Baina argiro dakusat nora joan nahi dudan eta Gazteen Lurralde horretara heltzeko borroka egin behar badut, egin egingo dut! Maitasuna, poesia, irrikak, paganismoa, jakintza zaharrak defendatzean bizia eman behar badut, emanen dut, baliorik badu oraindik! Eta zergatik ezin ditut ene aburu guztiak aldarrikatu? Nik besteon iritziak deusik egin gabe irentsi behar ditut, higuinak itotzen banau ere!

 

                        Ai neza gal bizia goiz batez

                        iskiludun, ixil eta zutik

                        guduan hilda lurr zahar honen maitez

                        mendietan etsaien eskutik.

 

                        Ainendi hil gazterikan, nihaur

                        ikurrinik et’ikurrik gabe

                        ezpainetan othoitzik ez, burhau

                        itzalik ez, baikorr ez herabe.

 

                        Ai nitza gal hats, arima, odol,

                        hiretako, ene jainko eidol

                        Zaharra Lurr! mendi-gudu baten.

 

                        Iguzkiek, inguruz inguru,

                        Nire soin haur, berri sorr haiduru

                        hiretan lo, garrez jo lezaten.

 

Argiak guztiz iraungi arte motelduz joango dira.