Jon gurea, Parisen hatzana
Karlos del Olmo
Jon gurea, Parisen hatzana
Karlos del Olmo
BBK , 1999
Jon gurea, Parisen hatzana
Karlos del Olmo
BBK , 1999
[aurkibidea]

 

LEHENENGO AGERRALDIA

 

1972.eko abenduaren 28a. Parisko ganbara sotil bat. Eszenatokiaren erdian mahai bat. Horren gainean liburu eta paper batzuk, pilula poto batzuk eta hainbat botila. Liburutegi bat ere ikusten da. mirande pilula potoak eskukatzen ditu. Bere buruaz beste egiteko prestatzen ari da. Schubert-en Amaitu gabea aditzen da. Dena erdi ilunpean. Agertuz joango diren guztiak, jon izan ezik, koloreko argi batez nabarmenduko dira, benetan han ez direnez gero.

 

JON MIRANDE:

            Bai, Theresa, laster izango gaitun elkarren ondoan. Laster amaituko dun hire itxaroa! Azkenean Euskal Herria uztera behartu naiten eta hi hagoeneko Gazteen Lurrera joango naun, hire ondora! Eramango al nain itsasoko jainko onak!

 

Argi indartsuago bat piztu eta neskatxa bat agertuko da, theresa. Elkarrengana hurbilduko dira, baina ez dute elkar ukituko. Beethovenen “A Thérese” adituko da.

 

THERESA:

            Ez larritu, Jon. Honez gero ez negok-eta triste. Gazteen Lurra prest zegok hiretzat ere! Mila pot ditiat hiri emateko, mila laztan gorderik hire etsipena leuntzeko! Noiz etorriko haiz, bihotza?

 

Argia indargabetuko da. neska eszena atzealdean geratuko da, jezarrita eta joni begira. Musika ere gero eta apalago.

 

JON MIRANDE:

            Bai, Theresa, arima unaturik dinat, zauriturik, sarraskiturik. Gorputza ere ez zeukeat hobeto! Seme desleialtzat naiten euskaldunek. Nire poemak irakurri ondoren, zenbaitzuen bizar beneragarriak haserrearen haserrez zutitu zaizkidan, dena lizunkeria eta blasfema merke naizelakoan. Ai lekite zer gordetzen dudan ene baitan, Theresa bihotzekoa! Idazle guztien ariora, ene asmoak, ene ametsak hartu ditinat idazgaitzat! Gustukoa ez badute, aski dun ez irakurtzea! Paganoa, nazia, pederasta izatea, horra hor bizkarreratu dizkidaten hobenak!

 

Liburu bat hartzen du mahai gainetik eta irakurtzen hasten da, berriro ere Beethovenen “A Thérese”.

 

                        Gizonak, zuen artean nenbilen arrotza.

                        Maitatu nituenak ez naute maitatu.

                        Adixkide onenak egon dira mutu,

                        Alperretan diet egin Zeruai otoitza...

 

Eszenatokiko beste toki batean, argia piztu eta abade bat ikusten da. Musika astiro iraungiko da.

 

APAIZA:

            Maite? Zelan maite dezakete euskaldunok zulako ateo sinesgabe eta umezalea? Zure ekandu eta zaletasun haragizko horiek euskaldun gazte eta fededunen esku utzi, ustelkeria hori guztia? Ez eta mila bider ez! Gogotik saiatu ginen zure zarama hori Vaticanok liburu debekatuen Indexean sar zezan. Ez genuen lortu, baina, besterik ezean, liburu lizun horrek baino ez du argirik ikusi gure artean! Ez zara damu? Erreka jo duzu! Porrot eginda zaude, gizona! Eta orain zeure burua hiltzekotan? Heriozko pekatua? Eska esaiozu Jaungoikoari barkamena eta baliteke oraindik ere salbatzeko aukerarik izatea! Zorigaitzekoa bai zorigaitzekoa!

 

Argia amatatzeaz batera, apaiza theresaren ondora doa, eszenatoki atzealdera. Schubert-en Amaitu gabea entzungo da. mirandek liburua mahai gainean utzi du. Ez die begiratzen theresari eta apaizari.

 

JON MIRANDE:

            Baliteke nigan dena txar izatea? Nire asmo eta iritzi guztiak negatiboak? Nire pentsaera beti gaiztoa? Nire aurkakorik sutsuenek segur asko lerrotxo bat ere ez didate irakurri! Besteri entzunda dihardute! Ez ote dute ikusi zer datzan ene poemetan? Itsuak bide dira! Bai, itsuak, erabat! Askatasuna eta zoriontasuna! Horra hor ene pekatuak! Horra hor ene hutsak! Pedofilia bizkarreratu didate, bai, nortzuk eta apaiz gazte-usteltzaile horiek! Kontraesan ederra, benetan! Zeren dira beldur? Nik ariman sinesten dut, erran nahi dut izaki bakoitzean alderdi psikiko bat badagoela.

 

theresarenganantz doa. Argi indarge bat neskaren gainean. Ez da higituko. Etsipenez hitz egingo du.

 

            Theresa, hik esaien! Esaion abade zital horri zer den ene baitan, nolako maitasunez beterik nagoen! Esaion, laztana! Esaion! Esaion nolako Euskal Herria nuen amets!

 

neskak besoa luzatzera egiten du, baina besterik ez. Atzera ere, bere gaineko argia itzaliko da.

 

JON MIRANDE:

                        Esperantza bat oraino denik

                        ur berdearen kolore

                        edo haur-eme baten soaren...

                        Ukhan dezala ondore

                        nik baratzetan, behin, harzara

                        biltzeko zenbait goiz-lore...!

 

Irudi batzuk eszena atzealdean: erotikoak, bukolikoak, zelten ikurrak, sorginak.. Musika Carmina Buranaren hasiera.

 

THERESA:

            Ene, Jon errukarria! Gizarajoa! Oso pertsona bitxia izan haiz. Beti buru makur, beti astirotsu. Ondo gogoan diat gauez begietako koloreak aldatzen zaizkiala berdetik beltz-beltzeraino. Horrenbeste maite duan goblin misteriotsu horietako baten antzeko irribarrea daukak, alaia, hortzak, tabakoak ilunduak. Beti betarurreko beltzak soinean. Beginini gorriak. Etengabe liburu artean, beti sorginak eta Gazteen Lurraldeko beste biztanleak gogoan. Orain, hi ere sorginduta hago! Aska hadi! Hoa lamien altzora! Joan!

JON MIRANDE:

            Behin batean idatzi nuen gazterik hil nahi nuela, goiz batez lur zahar honetan, mendietan eta etsaien eskutik. Hori ere ukatu didate! Hemen naiz, deserri honetan. Barrutik zaharturik, nik gura baino urtetsuago, ezkor, itxaropenik gabe. Euskal Herritik kanpo eta ene eskuz hilko naiz. Hala ere, nire ezpainetatik ez duzue otoitzik entzungo (eszena atzealdera begira) Ez, enda zikinekook! Lehengo Waskoniko dukerriko gudulari eta guduzale bakarti gisa bizi izan naiz, ia ororen etsai! Bakarrik hilko naiz, esklabuen arrazakoa ez bainaiz! Amalur zain daukat... hartuko ahal nau bere sabelean! Inoizko batean urkamendiak orduko antzoki eta zinemak ziren! Zatozte denak, kondenatuak bere burua hil behar du eta! Aspaldi ez dela, hiltzera epaitutakoei gilotinak lepoa nola ebakitzen zien ikusita, frantses askok sarri poz handia hartu dute horrelako ikuskizunetan! Ezen gizakia halakoa da jaiotzaz. Atsekabe ematen baitio hurko lagunari min eragiteak. Gizabideak behartzen gaitu, baiki, gure jaidura basa horri uko egitera; gizartean bizitzekotan, emetu, malgutu, otzandu, zibilizatu behar gara, irrits sadikoak zapalduz, gure beste grina txarrak bezala, apaiz aitor-hartzaileen hizkeran mintzatzeko. Baina zapaldurik ere, grina txarrok beti hor, gure bihotz ondoan! Hilezinak dira!

 

Argi batek psikiatra bat argituko du. mirande mahaira jezarriko da. Buru makur begiratuko die pilulei.

 

CHAUTELINGO PSIKIATRIA KLINIKAKO MEDIKUA:

            Jon Mirande Aiphashoro jaunak bost depresio jasan ditu. Ezin esan daiteke, inondik inora, gaixo arrunta izan denik. Kontraesan ikaragarri batek menperatu du gaixoaldietan: idaztea sendabidea zuen, baina, halaber, inork ez omen ziola irakurtzen bazekienez gero, nahigabetu egiten zen eta ez zuen hobetzerik lortzen. Klinikatik atera da, baina ez dut uste bat ere ondo dagoenik. Ikusi besterik ez dago! Gainera, ez du batere konfidantzarik gugan. Terapia saioetan Heriotza eta heroien antzera hiltzea askotan erabiltzen zituen mintzagai. Idazle edo pentsalari gisa ona ala txarra den, nik ezin esan! Gaixoa baino ez dut aztertu. Barrena, gogoa oso minduta duen laguna da. Oso gaitza da, gainera, depresioa ala psikosi sakonagoren bat duenentz jakitea! Benetan ezinikusia diote Euskal Herri horretako adituek? Baztertuta dute ala bere buruaren asmazio, eldarnio hutsa da, alegia, paranoia? Etikak hala agintzen baitit, ezin ditut ñabardura guztiak eman jendaurrean. Baina depresio delako hori hitzetik hortzera darabiltenez gero, agian komeniko litzateke irunzkintxo bat edo beste ematea. Gauza jakina da artistek-eta maiz depresioak, paranoiak eta bestelako buru gaitzak pairatzen dituztela. Asko idatzi da horretaz eta ez nituzke entzuleak nekatu gura! Ezta hurrik eman ere! Edozein liburudenda edo liburutegitan eskura ditzakezue horren gaineko liburu eta aldizkariak. Horrelako gaixotasunetan larriak eta arinak izaten dira, iraunkorrak eta iragankorrak. Batzuk aldian-aldian baino ez dira azaleratzen. Gaixoek asko sofritzen dute, larridura sortzen dietelako, mundu estu-estuan bizi dira, gizartearekiko borrokan.

 

mirandek apal batetik gutun batzuk hartu eta berriro mahai gainean utziko ditu.

 

JON MIRANDE:

            Eroa? Zainetako gaixotasuna? Psikastenia? Buru ahulezia? Nola esan dakioke adimenaren argitasunak bere jabeari ikaratzeko moduko lasterketan alde egiteari? Ba ote dago hitzik horren berri osoa emateko? Tristura iraunkor eta kaltegarria gaixotasuna dea? Depresio, erorialdi deritzon gaitz hori ezin antzeman dezake gaixoak. Beraz, neu jota egotekotan, ezin nitzake horren muga guztiak heldu. Nola jakin. gainera, noiz nagoen gaixo eta noiz alkoholak ajeatuta? Tristura munstro asegaitza da, zenbat eta handiagoa den, orduan eta eskakizun gehiago egiten baitizkizu!

            Ene izpirituak, ene gogoak aringarriren bat aurkitu nahi du, baino ezin asmatuta dabil noraezean! Nork arinduko dit goibel honen astuna? Erorialdi hau behintzat egunetik egunera desagertuko balitzait! Baina ez, likitsa da, itsaskorra, Lovecraftek eta Poek ezin hobeto azaldu zuten legez.

            Gabonak omen dira... Oroitzen dudanez, 1961. urteko gabonak Zuberoan eman nituen. Oso eguraldi hotza. Aspalditik ez nuen ematen negua Euskal Herrian eta ez nuen gogoratzen hain hotza izan zitekeenik... Orain badakit gauza hotzagorik ere badela: euskaldunen bihotza. Asperturik nago zinez aldi honetan Euskal Herriaz. Beste lan batzuk egin gogo nituen. Irudimena berpiztu zitzaidan azkenekotz, eta ideia asko banituen. Bainan astia urri, bai eta ondikotz bihotza ere; irakurle izpiritu zabal gehiago balira oraindik! Berriz ere gure herritarren konformismoak nazkaturik nauka.

            Nik maite dut herria angles edo frantses batek berea maite duen bezala. Euskal Herriko dantza eta abesti herrikoiak laket zaizkit naski; eusko edestia ikasi dut, bainan geroari behar bizi behar genukeela deritzait. Kristau zintzo batentzat hitz dorpeen erabiltzea eta idazki pomografikoen irakurtzea bekatu handi dela zioten Bizkaiko bi euskaltzalek. Aditu dun, Theresa! Hi pornografikoa omen haiz, kuttuna! Ergel itsu bai itsuok!

            Bekatua, ordea, hizkuntza batetan edo ertzetan egonik ere, berdin handi da nik dakidanez. Zergatik ez dugu, beraz, geure hizkuntzan eginen, gure arimarik kalterik gehiago eragiten ez zaiolarikan? Odolak, hizkuntzak, bai eta nahiak ere egiten dute euskaldun. Ez baptismak. Odolez eta hizkuntzaz edonor bezain euskaldun naiz (non ez naizen euskaldunago...) eta hala izan nahi dut ere. Euskalduntasunak ez luke bihotzarekikoa izan behar, maizegi denez, baizik gure izaiki-alde guztiekikoa, onak eta txarrak. Euskara maita? Zergatik? Gizakiek ez dituzte hizkuntzak maite edo higuin: haietan hitz egiten dute edo ez dute egiten.

            Badirudi euskal idazleak Mariaren Alabentzat baizik ez lukeela idatzi behar. Gure lehen autoreak ez ziren hain herabe, eta Biziaren egia gordinak ere azaltzen zituzten behar orduan, bainan egungoek apezak baino apezago izan nahi dute!

            Euskal Herria oraindik ez da Ihaveren bigarren herri hautetsia. Euskaldunen herri izan dadin aski izan bekigu, otoi!

 

Azken esaldiak amorruz eta etsipenez esan ditu, ukabila altxatu eta gero, atzera ere, jaitsita. Argi bat piztu eta theresa agertuko da.

 

THERESA:

            Jon, Jon... Hire lagun batek esaten dik mutantea haizela. Hik ez daukaala zerikusirik bestelako gizakiekin. Askotan mintzo izan gaituk sorginei buruz. Ontsa oroitzen nauk behin De Lancreren liburua esku artean heukala. Baionako Euskal Museoan liburu hori katea bati lotuta zeukatek, inork eraman ez dezan! Liburua bera euskaldun jazarritakoen ikur. Liburu zikinak, omen. Zikinkeria beren buruetan baino ez zegok! Zure lagun estatubatuarren haurra oso izututa egoten duk hire begiengatik, demonic eyes, aditu? Deabru begiak! Egia duk, bestalde! Bazidurik hi beste ordena batetik hatorrela, txakur batek pertsona bati begiratzen dionean legez. Bi adimen ezberdin. Giza adimenaz bestaldean hago! Horrelako kontuak, halere, euskaldun petoaren helmenetik kanpo zeudek! Animaliak ondoan ditugula ere, nolabaiteko izpiritu indarra nabaritzen diagu, baina ez zekiagu horrekin komunikatzen. Hik, bai, Jon, hik badakik komunikazio horri buruz. Maiz aurrea hartzen diok jendeari eta besteak pentsatzen ari direna esan, gogoa irakurriko bahie legez.

            Ez dituk inoiz helduko hire kezka batzuk ulertzera: sorginak, belagileak, druidak... Beste garai batekoa haiz edo beste lurralde batean bizi haiz, gizaki arruntek ezin ikus dezaketen lurraldean? Hi bai zorigaitzekoa, Jon! Antimaterialista izanik, euskaldunek hire izpiritua ulertu ez! Izan ere, kontraesanik kontresanguratsuena!

            Ai, Jon, Jon, etorriko ahal haiz druiden herrira? Sorgin-aztiak zain dauzkak! Hator, hator!

 

mirandek besoa luzatu du, indarge.

 

JON MIRANDE:

            Denetarik esan didate euskaldunek! Unatu arte, indar guztiak xahutu arte jardun dut herri zaharren jakinduriaren bila! Alferrik, baina! Inork ez du aditu nahi! Ezin izan dut ukitu lurralde hori, bakanetan baino! Gazte denborako sua itzali dit gaixoaldiak. Gero eta neketsuago gertatzen zait ene betiko usteei, idealei eustea! Edertasuna lortu nahi eta hainbat urtetan egon behar buro zikin batean, atso hiztunen artean, gaur ere gogoa iluntzen dit haien aipatzeak berak!

            Barkatuko didate Txominek eta han hemenka oraindik ditudan lagun euskaldun bakan horiek? Ulertuko ote dute? Onartuko dute ene jokabidea? Ai liezadate barka! Eta nik, barkatuko ote diot neure buruari?

            Egunak aurrera egin ahala, alde iluna, goibela nire baitaz jabetuz doa. Alkoholaz, poesiaz, sexuaz borrokatzen dut haren aurka, baina alferrik da! Beti garaitzen nau!

            Frantzian eta Parisen ezagutzen ditudan euskaldun askotarik nehor ez da nitaz arduratu. Honek mintzenago dit ene egoera. Bai, behin batean esan nuen nik haiek ere bazter utziko nituela. Baina, hain da gogor bakardade honetan bizitzea! Mintzatzeko libertate gehiago bazegoen Hitler-en Alemanian gure herrian baino; eta dena dela orduan beren herrian debekatuta zeuden aleman idazleek erbestean idatz zezaketen. Baina, euskaldun fededunen eskua munduko txokorik ezkutueneraino heltzen da eta nik ezin plazaratu barrenak eskatzen didana!

            Ai, ene zorigaiztokoa! Basati landua izan nahi nuen eta ez gizon-bildotsa! Orain, zer naiz? Ez dut bildots izutu izan nahi! Ene grina jaidura txarrek zirt edo zart erabakitzera naramate! Basa izatea aldarrikatzen nuen lau haizetara! Orain, erakutsi beharrean nago! Nola atera kakamendu honetatik? Nire gogogiroa aldatu da eta aspaldi honetan ez naiz lehengo Jon-a. Nire leheneko sua eta garra —gaztaroko amets urdin ergelak— itzali zaizkit oso! Ergelkeria izan da euskaldunei indarraren berri ona aldarrikatzea, gure herritar bihotz samurrekoak Germaniako basatien bizi-kontzeptuetara eraman nahi izatea. Ergelkeria horien pekatuak damutzen nau txit —mea maxima culpa— eta ez dut gehiago egin nahi!

 

Bila balebil bezala hasten da noraezean eszenatokian. Berehala galduko ditu indarrak.

 

            Non zarete, jainkoak eta ez-jainkoak? Zuen argiaren beharra dut! Erotzat ote nauzue zuek ere? Artista guztiak eroak omen gara eta! Ez eta ez! Ni ez nago gaixorik, mundua bera baizen! Uzkur agertu naiz beti psikiatra horiengana joateko tenorean eta, egia erran, inoiz edo behin lagun onen batek eroan behar izan nau, ezer egiteko gauza ez nintzela! Nork esan dezake burua galdu dudala? Zein giza seme edo alaba ez dago eromenak ukiturik? Nork bere buruari aitortzea da kontua!

 

Paper bat hartu du mahaitik eta irakurtzen hasten da. Gogotsu hasi, baina berehala indargetuko da.

 

                        Iluntasun... egun bat geio

                        Iluntasun... ezin beste

                        Gauero, alkolean eta kean ametsak ito,

                        Soilik goiza arte,

                        Ta arratsero bihotz makala

                        Oinaztatzen da ostera...

 

theresa berriro ere agertuko da.

 

THERESA:

            Ai, Jon! Hire alde bat baino ez ditek gogoan hartu! Balekitek amaz, aitaz nolako ardura huen. Eri zirenean nola zaintzen hituen! Zenbat negar malko isuri hituen ama hil zenean! Zeinen leial eta jasankor haizen adiskideekiko! Eta gurasoen etxea utzi izan behar huenean? Inori laguntzarik eskatu ez eta gauza guztiak hik bakarrik etxez aldatu! Larrutik ordaindu huen, hala ere! Jan gabe, edan gabe, lanera gabe luzaro. Eskerrak Pennaod lagun onak aurkitu hinduena! Bai, Jon, aitor ezak! Gurasoak eta etxea galtzea ia ezin gaindituzko zorigaitzak izan hituen. Nor ote harrituko hainbeste miresten huen Poeren antzera mozkorraldian murgiltzen bahintzen? Ohiz kanpokoa ote da zainek huts egitea? Etxe aldaketa horrek ospitaleratzea ekarri zian, baina bidea lehendik ibiltzen hasia hintzen. Lagun on horiek guztiok ezin aurrera atera hazakete! Hamar lagun horiek ez dute asmatu hire barruko bakartasuneko fantasma harrigarriak eta etsipenak usatzen! Laster batzuek ondo damu sakona sentituko dute, alferra eta orduz kanpokoa, baina!

 

theresak jon besarkatu du.

 

            Gogoratzen duk, Jon, Sohutan elkar ezagutu genuenean nolako harremanak izan genituen? Arimari eta biziari buruz dituan iritziak agertzen hizkidan, maitale gisara! Hamabost urte nizkian artean eta, zinez, erotuta ninduan! Hain zen berri eta zabala hik eskainitako ikuspegi berri hura! Zenbat ordu ez genuen eman jakinduria ezkutuen gainean!

 

Maitasun ikaragarriz mintzatuko zaio theresa.

 

            Jon, Jon! Paidofiliaren edertasuna aurkeztu nahi hion euskaldun jendeari! Denik eta eromenik eroena! Asmorik zentzugabeena! Hori eta nazien zein bortxaren aldeko defentsa baino ez ditiztek nabarmendu! Hi, paradoxa hutsa! Aske izan nahi eta zapaltzailerik handienak defendatu! Azkenean, nazien jokabidea zuritu eta horien botika garratza edan behar izan duk! Euskaldunekin bat egin nahi eta, begira, begira iezaiok heure buruari! Oraindik uste al duk, zoritxarrekoak bai zoritxarrekoak, Hitlerrek eta LePen jaunak utziko liaketela hire zaletasunak lantzen? Ez, Jon, ez, hi ez haiz hemengoa!

            Tira, laster amaituko duk dena! Inoiz uste al huen, benetan, paganoa izateak merke ordainduko huenik? Ez larritu, arren! Azkenean aukera izango dik Walhalla ezagutzeko! Aurki ibiliko gaituk hire jainko eta jainkosa paganoen ondoan, benetan axola duten gauzen gainean eletan, mugarik ez duten zelai jainkozko horietan! Pentsa ezak zer izango litzatekeen aurpegiratu izan diaten pedofilia —hitz nazkagarria, benetan— haboro ezkutatu beharrean ez egotea! Basa izango haiz! Alai hadi, laztana! Pekatu asko leporatu diate eta ez dituk gai izan maitasuna baino ez huela bilatzen ikusteko! Hire modukoen artean biziko haiz, kristau batzuek ukatu dituzten plazerrez gozatzen dakitenen ondoan!

            Beti lagunartean baina beti barreneko bakartasuna lagun! Noiznahi lagunez inguratua hintzen, zeri egiten hion ihesi?

            Ez hadi triste, azkenean, baliteke hi joandakoan euskaldun batzuek hire lanak gogoz irakurtzea eta mirestea ere, paperean kateaturiko berbak ezin ditu-eta haizeak eroan!

APAIZA:

            (Oihuka, bikotea indarrez banatuko du) Alden zaitezte elkarrengandik, lotsagaldu halakoak! Asmo eta iritzi lizun horiek barreiatu nahi ote zenituen euskaldunen artean? Eta euskaltzaina izan? Euskaldunekin bat egin nahi ez duen batek Euskaltzaindiari batasuna eske idatzi! Zure ipuin beltz txar horiek bezain irrigarri, benetan! Zure buruari errepara iezaiozu! Alkoholak jota, zoratuta, haragizko grin guztien menpeko. Ez bide zaituko harrituko, inortxok ere zure lanak argitaratu nahi ez izateak! Zaborra! Poeta zarela diozu? Simaurraren poeta, ezer izatekotan! Goragalea baino ez duzu sortzen! Kristau naizen aldetik, erruki dizut, galbidean zoaz eta! Aldarrikatzen ditudan sinesmen eta iritzi guztien aurkako adibiderik nabarmenena zara! Nolatan ausart zaitezke, baina, zure buruari euskaldun esaten? Gure euskara garbia lizuntzen! Neskatxa, urrun zaitez bekatari horrengandik areago galdu baino arinago!

 

Guztiz haserre.

 

            Ez zara ase zure bekatu eta grin larri horiek ezkutuan izaten eta orain gazteño hau ere galdu nahi duzu betiko! Pagano sinesmenik gabe halakoa! Zulakoxeek lizundu nahi dituzte gure ekandu garbiak! Ez zara oraindik konturatu pertsona “non grata” izendatu zaituztela euskal aldizkari gehienetan? Nolatan izan zaitezke eskuindar edo “faxista” eta apaizak eta Eliza horrela zapuztu? Izpiritua haragia bezain ahul duzu! Ustel ahalena!

THERESA:

 

Berriro besarkatu du jon.

 

            Ez, ez! Jonek ez nau inondik inora galbidetik eroan behar, borondatez noa-eta bere ondoan! Zuk eta zure modukoek usteltzen eta zikintzen duzue dena! Ahaztuta ote duzue erromatarrak kristauak zirkuan hiltzen zituzten garaia? Ederto ordaindu diezue horrez gero zuen antzera bizi eta sinesten ez dutenei! Ez, gure harremana ez da lizuna, biok nahita onartu dugulako! Bazeneki zer daraman Jonek bere baitan! Nolako maitasun ikaragarria! Nolako bakardade maitagarria!

APAIZA:

            Neskatxaren defentsa ere behar izan duzu! Begira iezaiozu zeure buruari! Ez zara gai ezta zeure idealen defentsa egiteko!

JON MIRANDE:

 

Berpizturik.

 

            Utzi, Theresa, laztana! Alferrik dun halako bati hitz egitea! —apaizari— Zure eta nire euskal herriak ez dira berdinak! Zuk azaleko folklorea baino ez duzu aldarrikatzen: kantak, dantzak eta kirolak gordetzea eta hedatzea! Eta jakina, fedea! Jaungoikoa eta Lege Zaharra! Horra hor zuen kultura! Euskal Herria, zuri gustatu zein gustatu ez, Europa da! Kultura ziklo bat dago eta herri bezala haren barnean gaude, ez jende, ez frantses edo espainol herritar legean! Euskaldun kulturaren alde lan egitea helburu denean, europar kultura horretaz jabetzea on da: izan gaitezen europar on! Eta bitxi baderitzozu ere, ene aburuz Shakespeare, Poe, Sofokles eta Platon itzultzen duten euskaltzaleek lan beharrezko bat egiten dute, eta abertzale zentzu egiatiago bat ez badute besteek baino, zuek, jagole horiek, baino argiago dira, nolanahi! Herriak utzi zorian edo zeharo utzirik duen dantza piko bat salbatu nahi duzue edo sekulan jantzi ez diren soinekoak kontserbatu! Baina euskaldun folklorea eta kultura nahastea eta lehen hori bakarrik gordetzeko lan egitea eta, hala, euskaldun nazioaren gogo bizitza salbatzea, inora eramaten ez duen bazter bide itsua da, desilusio garratza ez bada! Tamalgarria, benetan, hainbeste borondate on eta talentu borroka antzu batean higatzen ikustea!

APAIZA:

            Kulturaz diharduzunean, zeren gainean mintzo zara? Zure eta zure lagun umezale ustel horien gainean? Hain zuzen ere, zuk hainbeste gorroto duzun folklore horretan datza herri honen arima, itsu bai itsua! Zuen berrikeria horiek guztiek ustelduko diote erroa euskal landareari! Baina, ez zalantzarik izan, horrelakorik ez da jazoko gu bizirik gauden artean! Zelako euskaldun mota zara zu, bada, euskararen etsai amorratua bazenuen arreba, zuk zeuk bretoina ikasi bazenuen lehenik, gurasoek elkarri euskaraz egin bai, baina zuri frantsesez egiten bazizuten?

 

Barre egin du.

 

            Halere, gauza bat aitortu behar dizut: horiek horrela, guztiarekin ere, ez zeniola uko egin euskarari! Ederto ere ikasi zenuen! Baina, zertarako? Lohikeriak besterik ez idazteko! Miarritzeko bileran hartu zintugun 1947an, baita Parisekoan ere. Irakasle paregabeak izan zenituen, baina euskara baino ez zitzaizun itsatsi, euskalduntasun jatorrik ez! Ekandu zaharrik ez! Haragiaren grinak gainditu zaitu! Emaztezalea izan zara, baina... ezkondu? Ez, ez! Nolatan? Emakumeak galbidetik eraman bai! Bai horixe! Baina familia sortzeko ardura? Utikan! Poema deritzezun horietan ezin argiago erakutsi dituzu behe grin horiek: lesbos maitasuna, masturbatzea, pedofilia, nekrofilia, pederastia, menturazko maitakeria... Esateak berak goragalea sortzen dit!

 

Sutsu, haserre.

 

            Ondo aditu zer esango dizudan, beste euskaldun askoren berbak ere badira eta: euskarak frantsesa eta espainola adina zikindu behar badu, ez bedi gurean idazlerik! Euskara galtzen ari da, hiltzen ari da. Bizi dadila liburuetan, bederen, antzezlan bikainetan; ez, ordea, ipuin berri nabarmenetan, ez satsukeriatan! Gordinkeriei ateak zabalduz gero, zergatik ez gordintxoagoei ere? Zergatik ez gordinenei? Lotsa galdurik zabiltzate oraingo idazle ia guztiak! Lokazti horretan sartzen ari zarete bestetarako antzerik ez duzuelako edo jakinkizunetan ahul zaudetelako!

 

Badoa baina une batez geratu eta irribarre egin du, maltzur.

 

            A! Kontutxo bat... nolaz zaitezke hain euskaldun izan eta Parisen bizitzen iraun?

 

apaiza barrezka doa. mirande, atzera ere etsita, mahaira jezarri da. theresak buruan pot egin dio eta atzealdera doa, astiro. Beste argi bat piztu eta gizonezko bat etorriko zaio.

 

LAGUNA:

            Jon! Ene besoetara, anaia!

 

Elkar besarkatu dute. mirande erdi sinesgaitz, negarrez hasiko da. lagunak eztiki berba egingo dio.

 

            Ez zaitez ikara, Jon! Trankil egon, lagun! Lasai zaitez! Barreneko guztiak aska itzazu! Herioak eroan ninduen, bai, baina beti izan naiz zure ondoan! Orain aukera eman didate tarte batez zureganaino heltzeko. Guztiz penaturik nago nola zauden ikusita! Eutsi, Jon! Zelan ausartu dira euskararen ardurarik ez duten abertzale erdi horiek zu baztertzen? Biok ezagutu dugu erbestea, badakigu zeinen latza den! Baina ia ausartuko nintzateke zurea gogorragoa izan dela esaten! Ederto batean dakigu ondo eginaren pagua aste osteko palua dena! Esker txarra baino ez dugu jaso, bai, baina... Zer dio horrek? Gainera, diktadoreak oraindino bizirik dirau eta Euskal Herriko txoko askotan gezurra eta abarra besterik ez dabiltza adi ez daudenak atzipetzeko. Askatasuna? Bai zera... hor ifernua besterik ez dago eta, agian, hik eta biok bizi duguna baino askozaz ere txarragoa! Eta apaiz “palangista” horiei dagokienez, txatxu halakoak, Frankorekin buru bat eginda ez dabiltza eta! Euskarari jaramonik egiten badiote, diruaren indarra dela-eta baino ez da, izan ere, diruaren indarra Francorena berarena baino handiagoa dela esango nuke! Sakelak berotu behar eta ona, bada... Gero esango digute euskara ez dela negoziorako ona!

 

Gelditu eta lagunak sendoago besarkatuko du.

 

            Baina zu, laguna, zertan horrela egon? Ausarta, bulartsua, idazle bikaina, jator eta ameslaria, langile oldartsuena izan zara! Ni ere etsipenak jota izan nintzen askotan. Gogoratzen duzu 1951.eko uda? Zure laguntzarik izan ezean...! Hura larrialdi gorria! Bihotza erdiraturik nuen, gogoa axanpaz. Lagungarri ikaragarria izan zinen! Lanen bati eutsi eta... kito penok! Baina, laguna, laguna, gora bihotzak! Gu biok beti ibili gara berdin: batak beltzaldia gainditu eta orduan, bestea erori! Baina ez etsi, Jon! Zure lanak oso beharrezkoak dira euskalgintzan! Ni ere maiz ene barnean akitaldi beltzenak eraginda, gogoeta goibeletik erabiltzen dut: inoiz Turrifelaren puntan ene burua urkatzeko gogo biziak ere izan ditut. Baina ez: paulo maiora canamus, oraindik egiteko handiak bete behar ditugu... Egingo handi bat daukagu: euskara goi-mailatara jaso eta aberri guztian heda. Eta hori iritsi artio, sendo ekingo diogu edonolako iskiluak erabiliz!

            -Ederto dakit zeinen soin eta gogo akiturik zauden! Lan guztiek eskas eta funts gabeko dirudite. Beldur naiz burua ere onetik aterako ez ote zaizun! Baina, ez lagun! Lehen ere horrelako mehealdiak izan eta aurrera irteten jakin duzu! Gogoratu biok hain gogoko izan dugun esaera ingelesa: “It's better to have fought and lost than never to have fought at all”! bai. Hobe da borrokatu eta galdu izana ezen ez batere borrokatua.

 

miranderengandik aldenduko da, sutsu.

 

            Nihilismo zale porrokatuak izan gara, bai, ezin uka! Euskal eliztarkeriaren eta euskaldun fededun zintzoen berba zitalek higuintzen zaituzte! Hori ez da zer txarra, bizirik zaudelako erakusgarria baizik!

            Higuina bizia da! Behin esan zenidan kakazko itsasandi batean hondatzera zindoazela! Ez zinen hondoratu, ordea! Ez guztiz, behintzat, dakusakedanez! Bai, euskaldun Peioek erabat aspertu zaituzte! Baina ez atzendu neu ere ibilita nagoenik bide horretatixe!

 

Atzera ere hurbildu da jonengana. jonek bizkortuago dirudi.

 

            Jon, Jon! Gogotik inoiz ez zait kendu Galindez zorigaitzekoari bezala gertatuko ez ote zitzaidan zeinen arduratua zeunden! Ez, azkenean ez ninduten “indiano basatiek” egosarazi edo “politikero” batzuek eraman, bihotzeko huts eta arrunt batek baino. Pentsatzen hasiz gero, ondo baino hobeto ulertzen dut zu orain horrela egotea, benetan diotsut!

            Nik ere badakit zer den izpiritua gaixorik izatea. Zukurutzak eta desgobernuak egunero eta etengabe erasotzen zaituztenean, tai gabe, adimena uholde pozointsu eta adierazgaitz batek itotzen duenean... Loaren atzetik joan ia atzamar puntekin ukitzeraino eta hura berriro ihesi atera.

JON MIRANDE:

            Esker mila, lagun. Asko laguntzen nau zu bezalako adiskide leialik badudala ikusteak. Baina, adiskideen parte-hartzeagatik ere, zail da horrelako galtzapen bat jasatea... Nik bezain ongi dakizu, ordea, amaren heriotzak zer bihotz-mina ekarri zidan, zoritxarrez.... Ongi ulertuko duzu zeinen bakarrik izan naizen deserri honetan. Lagun bakan batzuk baino ez ditut ikusten. Herria eta hizkuntzaren alde lan egin uste dut, bai, baina oker nengoen: gure herritarrek ez dute beren zabarkeria ahaztu eta, jakina, ez dira gurekin jarri.

            Inoiz ez duzu jakingo zeinen min handia sentitu nuen Herioak eraman zintuenean. Ama galdu ondoren, zurea galera ikaragarria izan zen.

 

Negarrez hasiko da. laguna hurbiltzen zaionean, berriro hasiko da hizketan.

 

            Orain mamu gisa agertu zara. Ez dut bestelako laguntzailerik erdietsiko, ene sormenaren alaba, Theresa, eta mamu bat baino? Eldarnioaren emaitzak... Barkatu ene eleek bihozmindu bazaituzte, baina ezin jarrai dezaket bertzeei ene burua abertzale bezala agertuz, abertzaletasun eta euskaldungoan gehiago sinesten ez dudalarik, agian adiskidetasunean sinetsi ahal izanen dut oraindik... Ez dakit, bada, laguna! Urte askoan ia zeu izan zara bakarra ene lanak, “Haur besoetakoa” bame, ebazteko eta ulertzeko ahaleginak egin duzunik. Besteok goraipu batzuk igorri dizkidate, baia, baina ezpain muturretatik zetozenak bakarrik. Geroago eta konturatzenago naiz gauza pixka bat sakonak euskaraz eta euskaldunentzat idaztea “margaritas ad porcos” emaitea dela...

            Bai bizia mingarri dugu Lur deritzon kaka-borobil honetan... Mozkortzeak berak ez dit ezer onik ekarri. Baina botila asko eta asko hustu behar izan ditut horretaz konturatzeko! Ai, behintzat elkarren ondoan Martela edo whiskya edaten genuenean etsipena itotzea lortzen genuen! Minez eta saminez bete zitzaidan bihotza Ameriketara joan zinenean eta ezin esateraino goibeldu urrutiko erbeste hartan Heriok aurkitu zintuenean! Orain, bihotzik ba ote dudan ere zalantza egingo nuke! Horiek garaiak ia astero biltzen ginenekoak! Ai ninderama Heriok ni ere zure antzera! Baina ez, zutik eta borrokan hil nahi dut! Borroka... borroka... Zeren alde? Noren aurka? ...

            Zenbateraino desiratu nuen zu berriro Europaratzea! Erpai egon nintzen noiz elkar berriro ikusiko genuen! Zu berriro Parisera edo Euskal Herrira etortzea nuen nahi bakarra! Sarri ikusi hala izatea, elkarrekin eta elkarren lankidegoaz, gure amets zaharretatik zenbait egiak bihurtuko genituzkeelakoan azkenekotz! Alferrik!

            Zain-eritasun gaitza jasan dut eta jasaten dut oraindik. Psykhastenia dauka izentzat jakintsuen mordoiloan. Psykhastenia! Potroak! Nazka! Higuina! Goragalea! Horra hor ene gaixotasuna! Ezjakin alenak! Zonbi bihurtuta nago eta ez didate inongo sendabiderik eskaintzen. Barne minaren sakonak ezer esan ezin izateraino narama gero eta sarriago! Aurki ez dut indarrik izango ezta laguntza eskatzeko ere!

            Odolak, hizkuntzak, bai eta nahiak ere egiten dute euskaldun. Ez baptismak! Sekulan ez dut osoki sinetsi Arana-Goiri-ren baietzean, Euskal Herria nazione bat izan dela, baina uste nuen behintzat geroan nazione bat izan zitekeela; eta helburu horretarako ekin diot, gaztaroa ekintza zoro horretan higatuz... eta, zertarako? Ohartzeko nire burua sakrifikatu dudala ez amets huts batentzat —hori ez litzateke hain damugarri—, baina merezi ez zuen populu batentzat. Populu ttipi bat baikara, ez eremuari dagokionez, baina gizontasunari dagokionez... Gure oraingo herrikide maiteak... oro har, ez dira frantsesak edo bertze “latindar endekatuak” baino gehiago... Horregatik ez dut euskal politikarekin ezer ikustekorik ukan nahi hemendik aitzina. Eta politika alde batera utzirik, euskararen alde soilik lan egiteak ez du ganorarik...

 

Beste batek etengo du jarduna. laguna apur-apurka atzealdera.

 

PENTSALARI EZKERTIARRA:

            Orain, orain erakutsi duk hire benetako aurpegia! Zein euskal herriren alde ari zineten laguna eta zuok? Euskaldunen askatasunerako borrokan, hik ez duk lekurik batere! Oker zebiltzak hire mezu bortitz hori baliosduna dela uste dutenak! Hire pentsamendu politikoa ez duk ez pentsamendua, ez politikoa! Kaotikoa, inkoherentea... Horra hor bere bertuteak.. Hik aldarrikaturiko euskaldun jentila entelekia hutsa duk! Europar arraza, euskaldunak eta euskal historia salbatzeko amarru txiki bat! Zartako batzuk airean ematearen pare duk hire filosofia!

            Apaiz zahar batzuk eskandalizatzeko besteko indarra dik hire pentsamoldeak!

            Ez, dena ez diat txartzat jotzen hiregan! Euskal Herria utzita Parisko zulo batean etsi-etsi eginda bizi den artista bakartu eta minduaren garrasia duk hire ekarpen teorikorik aberatsena, erakargarriena! Jon, ezin uka zezakeat poeta abertzalea haizenik! Baina hik erasotzen dituan apaiz zahar horiek bezain antimodernoa haiz hi! Triste bizi haiz, ia hire buma hiltzekotan hago. Baina, oso oker ez banago, nik esango nikek euskal letretan eragin handia izango duala! Baztertua eta madarikatua izateak dirdira berezia emango dik!

 

miranderi besotik oratu dio eta paseoan hasten dira elkarrekin. mirande indarge. Adiskidetsu mintzatuko zaio.

 

            Aldez edo moldez, hire aldekoa nauk! Literatur molde berriak ekarri dituk, jelkideak gogotik zafratu. Bejondeiala! Denak demokrata gisa agertzen zirenean, hi antidemokrata. Denak ezkertiar samarrak zirenean, hi eskuindarrik eskuindarrena! Biba hi! Jon, Jon hire alde nor agertu eta Gabriel Aresti “komunista” deabru hori azaldu! Hire ideologia gaitzesten duen arren, euskal literaturari egin dioan mesedeagatik laudorioak baino ez dizkik bota! Baita poema bat ere opa!

 

Bat-batean askatu eta haserre berba egingo dio.

 

            Baina hi arrazista eta nazi porrokatu arriskutsua haiz! Niri ez didak ziririk sartuko, txikito! Hire nazismoa ez duk inondik inora folklorikoa! Bai, euskara eta Euskal Herria maite dituk. Baina idazle nazia haiz! Munduko gerra amaitutakoan, hala ere, ondo ezkutaturik ibili haiz, ez duk? Zergatik ez haiz inoiz ausartu jendaurrean nazi edo abertzale gisa agertzen? Ez duk biderik aurkitu hire politika pentsamoldea agertzeko eta paperetara jo huen! Gehiegikeriak idatzi dituanean, ondo ohartuta hengoen sujetaren garrantziaz, ez? Auschwitz eta besteak ondo gogoan izan dituk! Ondotxo dakik zer idatzi duan, baita guk ondo baino hobeto zer irakurri dugun!

            Hi hildakoan baliteke belaunaldi berriek predikamendu handiagoa izatea hirekiko! Zinez espero diat horrela ez gertatzea! Hire testuak oso arruntak dituk eskuin muturreko literatura kontuan izanez gero! Hire eldarnio arrazista eta nazia pobre eta estereotipatua duk!

JON MIRANDE:

            Ez didazu esango Euskal Herri historikoak ez dituela inoiz juduak, agotak, ijitoak baztertu? Eta maketoak? Eta manexak? Onar ezazu: euskaldunek beti jakin dute goi arraza batekoak direla! Nik soilik eskatzen dut hori onartzeko eta horren arabera jokatzeko! Gezurrak, egia erdiak eta erdi egiak alde batera utzi!

PENTSALARI EZKERTIARRA:

            Horiek pezeta baten esanak baino ez dituk! Hutsaren hurrengoak! Lizarrako progroma “gure” loria handienetariko bat! Ederra pitokeria! Okaztagarria! Odol garbia?

JON MIRANDE:

            Zuek, Euskal Herria armak hartuta askatu nahi duzuenok ez zaudete oso urrun nigandik! Komunismo merke gehiegi... baina, tira! Elkarrengandik hurbil gabiltza, bai! Dena herriarentzat, baina herririk gabe!

PENTSALARI EZKERTIARRA:

            Barretan hasiko nindukek hain tristea ez balitz! Hire uste ustelek oinarri historiko eta kulturalik ez ditek eta hori dela-eta, esoterismoa gehitu diek! Euskal Herria inoiz ez duk izan heroi herria! Historialariek dakitela, euskaldunek ez ditek inor konkistatu eta hik esanak esan, nekez izango duk arrazista horretarako aukerarik izan ez duen herria.

            Tira, hala ere, apaiz horien euskaldun baketsu giristinoa eta hire euskaldun bortitz paganoa mito huts eta oinarririk gabeak baino ez dituk. Literatura! Ipuinak! Zelten paganismo magikoa! Druidak Euskal Herrian! Gaitza duk salda hori irenstea, benetan! Hik erlijioa eta arraza hire nahierara nahastu dituk!

            Eta hori gutxi balitz, horra hor supergizona! Herri xeheak supergizona —ez superemakumea— itotzen dik! Espiritu nobleak ez ditiztek mugatu behar funtzionarioek, burgesek eta konformistek! Nori irakurri zioat horrelako zer edo zer? Nazien filosofoari? Bai ote? Kasualitate galanta, benetan! Ai, Jon, Jon! Benetan sortu al duk zer edo zer berririk? Egia esan, ez diat inon ikusten! Kiratsa zeriek hire idatziei! Hilda jaio dituk!

JON MIRANDE:

            Kiratsa? Zuoi, herri salbatzaile moskuzaleoi darizuen bera, segur aski! Materiazale mekanizatzaileak! Arima errealitate bakarra eta bakoitza da! Zuek ez duzue ariman sinesten, baina jainko batean sinesten duzue: Komunismoa! Nik aski dut ene arimaz. Zuek ez! Kanpoko jainko bat behar duzue! Eta nolatan ausartzen zara niri ezer aurpegiratzera? Zuentzat gizakia ezer ere ez da. Niretzat gizakia dena da!

PENTSALARI EZKERTIARRA:

            Gizakia ala gizona? Zeren hiretzat emakumea ezer ez duk! Hainbeste maite omen duan Theresa horren gaineko liburua misoginia nabari baino nabariagoa da. Haur besoetakoan aipaturiko emakumeen alde txarrak baino ez dituk agertzen. Gorrotagarri bihurtu dituk.

 

theresa dagoen lekurantz begira.

 

            Eta zu, Theresa? Zer izan zara zu? Jonek paperean hil zintuen nerabe zinela, emakumetu baino lehenago. Misoginia hori arrazismoaren beste alde bat baino ez da izan. Nolatan maite dezakezu horrelako gizon bat?

            (Berriro ere joni) Hire testuak paternalistak bezain antifeministak dituk eta hire poemei balioa kendu ziotek. Molde hausle gisa agertu nahi eta... homosexualitatearen aurkakoa. Horra hor modernotasuna! Baina, azken buruan, zer espero daiteke juduen masakrea kondaira hutsa dela aldarrikatzen duen negazionista batengandik? Euskaldunak zapaldurik daudenean, erbestean —hire lagun batzuen antzera—, nola uka dezakek juduei egindako txikizioa? Horixe al duk hik Euskal Herrirako defendaturiko eredua, hire poesiaren mamia? Hireak Frantziako eta Espainiako arrazista zabarrenen purrustada merkeen pare-parean zeudek! Bejondeiala, hitlertxo, monsieur Le Pen-en adiskidea!

            Itsu batzuek hire mezuak eta ezker abertzalearenak zaku berean jarri ditiztek! Hori bai itxuragabekeria! Ez nauk gehiegi luzatuko, baina zelan elkartu Nietzsche, Rosenber, Chamberlain, Gobineu, Splenger eta nazien oinarri izan diren beste pentsalari batzuk eta ezkerraren iparra izan diren “Sartre eta sartretxoak”, hik esandako berbez adieraztearren?

THERESA:

            (Oihuka) Aski da! Aski da, bakean utzi! Ez ote duzu ikusten nola dagoen, zenbat sofritzen ari den? Nork eman dizu eskua Jon horrela erabiltzeko? Berari aurpegiratzen dizkiozun huts berberak zuk ere! Nor zara zu artista bat epaitzeko? Antzea antze da askea den aldetik! Nolako antzea sortuko du bere burua zentsuratzen ibili behar duen artistak? Euskal Herriaren askapenaren izenean antzeari ateak itxi nahi dizkiozue? Askatzaile ederrak zu eta zulakoak!

PSIKIATRA:

            Lasai utzi behar genuke gaixoa! Horrelako eztabaidak ez ditu bat ere komenigarri! Psikastenia neurosi mota bat da. Gaixoak larritasuna, obsesioa, inhibizoa eta fobiak izaten ditu. Depresioak jota egoten da, arreta zer edo zertan josteko zailtasunak izaten ditu. Lo egin ezina izan ohi dute eta ahultasuna apur-apurka gaixoaz jabetuz joaten da. Lo egiteko pilulak hartu behar izaten ditu eta horrek oso egoera berezian izaten du gero egunez. Sano arriskutsua edale porrokatua izanez gero. Buru gaixotasunen kontuan, oso gutxi daki Medikuntzak. Baina gauza bat esan dezake ziur samar: artistetan maizago gertatzen direla buru gaixotasunak: eskizofrenia, paranoia, depresioa, fobiak... Hona hemen adibide ageri-agerikoa: Jon, idazlea izanik, idazteari ia guztiz utzi dio, horixe izanik maiteen duen zeregina.

            Bestalde, ez da ahaztu behar gizon honen bizitza nolakoa izan den. Herriak baztertu du ala bera aldendu herritarrengandik? Nolanahi ere den, edozer dela eta gizartean ondo egokitzerik ez duen lagunak emana du lehenengo urratsa Psikiatriaren bide mingotsean. Eta bide horretatik abiatuz gero, oso latza da atzera itzultzea. Eguneroko bizitzatik gero eta urrunago, eta besterengana hurbiltzen diren bakanetan, konturatu gabe, gizarteak zokoratu!

            Baina... Nork daki zelan dabilen garuna? Depresioari ez zaio behar besteko garrantzia ematen. Eta horrek gaixoaren egoera txarragotzen du. Paranoikoak, bestalde, bere eldarnioa bizi du etengabe berretzen ari den zirrikitua estaltzeko lan amaigabetik alde egiten utziko dion irteerarik aurkitu gabe: Danoa-ren alaben antzera, hondorik gabeko upela betetzera zigortuta dago.

            Hemen hizketan jardundako pentsalari horrek megalomaniaren koadroa marraztu du. Megalomania duen pertsonak bere gaitasun fisikoak (gorpuzkera, indarra, sexu ahalmena) eta adimenekoak neurriz gain balioesteko joera du. Megalomanoak jokabide bitxia edo barregarria duten gezurrezko nortasunak sor ditzake beregan. Ez nekike esaten Jon gurea horrelako baten menpean dagoen.

            Hemen zaudetenok apika ez duzue jakingo “ate birakariaren sindromea” zer den: buru gaixotasunen tratamenduetan asko aurreratu dugun arren, gaixoak ate birakari horietako batean harrapatuta dagoela dirudi, ezin irtena du. Birgaixotzeak larriagotzea, etsipena, interesik eza, tratamendu garestiagoa eta abarrak dakartza.

            Ez, ez daukat jendaurrean gaixo baten gaineko gordeak kontatzerik, baina buru gaixotasun jakin batzuetan %80k ezkongabe dirau bizialdi osoan. Nik ezin esan dezaket Jon ez dela ezkondu estatistika talde horretako partaide delako. Baina, ez daukat kontrakorik ere aldezterik!

            Batzuetan eztabaida moduko bat izan da eroen gainean, ene iritziz bat ere funtsik ez duen denbora galtzea baino ez da. Alegia: psikofarmakoak hartuta bizi den gizakia gizaki izaten dirau? Ala drogazalerik drogazaleenaren pareko bihurtu eta giza zaborra baino ez da?

            Baina, zer jazotzen da gaixoaren garunean? Asko dakit nik! Zelan edo alan esateko, burmuina zatitan sailkaturik dago. Zati bakoitzak bere zereginak ditu. Gaixotasun edo ezbeharren batek halako zati jakin bat kaltetuz gero, adibidez, mintzamena gobernatzen duena, atzera ere ikas liteke burmuineko beste alde bat erabilita. Oroitzapenak ere isola daitezke. Inoiz izan ez balira bezala lurperatu.

            Irteera gisa gure gizarteak eskizofrenikoari eta paranoikoari, eroari, gaixoari, gaur egun erlijioa eskaini ohi die. Lagundu egiten die eldarnioa ondo gauzatzen. Ordezko atxikimendua ematen die, gizarte zirkulazio gutxieneko bat izan dezaten.

            Askotan eskizofreniko kronikoak zonbiekin edo bizi hildakoekin konparatu dira, bizitasuna ahitu zaien izaki ameslariak baitirudite. Errealitatea interpretatzerakoan eriarengan sortzen den eldarnio gero eta handiagoak ez du akatsik sortzen arrazoimenean. Bi gaitz moduko dira: izaera paranoikoa, hau da, mesfidantza kronikoa, harropuzkeria, malgutasunik gabeko arrazonamendua, iritzi okerra, autokritika eza, oldarkeria... Bai, horrelako jende asko dabil munduan inortxok ere erotzat jotzen ez duela.... Gero psikosi paranoikoa dugu. Horretan gaixoak arrazonamenduaren argitasuna oztopatzen ez duten eldarnio koherente sistematikoak izaten ditu: jeloskorkeria, erotomania, handikeria, jarraitua sentitzea... Normalean ondo moldatzen da bestekiko harremanetan: batez ere bizitza pribatua antolatzen du eldarnioaren arabera. Eta horrelako gaixoek jendearekiko eta errealitatearekiko harremana galdu ohi du, nortasuna erabat aldatuta. Mundua antolatzen dute errealitatea guztiz ahaztuta. Ondorioz, ingurukoek nekez ulertuko dituzten jokabideak izaten ditu gaixoak. Ez dago oso argi zergatik sortzen den, ezta osa daitekeenik ere. Gaur egun hainbat substantzia lasaigarri ematen zaizkie. Depresioak zuzenean jotzen ditu hamaikatxo gizaki eta zeharrez, milioika batzuk, senideak eta lagunak bame hartuta. Guztiz demokrata da eta ez du adin, arraza, sinesmen eta klase bereizketarik egiten!

            Gure kulturak errealitatea zatika eskaintzen digu. Alde batetik, arrazoimena, bestetik sentipenak. Horrek arazo ugariak sortzen dizkigu. Batzuek zelan edo alan lepoan hartu eta aurrera goaz. Baina ahulagoek edo sentiberagoek ezin dute halakorik egin eta errealitatearekiko loturak hausten dituzte. Besteek ero esaten diegu, baina...

 

jonek denak uxatzen ditu eszenatokitik, lokamutsean balego bezala. Pilulak hartzen ditu mahaitik. Gabon kanta bat aditzen da, jazz moduan jota.

 

JON MIRANDE:

            Eguberri eguna! Higuin eguna! Eta zer dit niri, Eguberri eguna besteak bezalako edo besteak baino txarrago baita? Euskaldun fededunek jan eta edan ezazue, haur ttipi bat jaio zaigu! Eguberri alegera! Bozkarioko Eguberria! Eguberri on!

            Zer digu gauaren ilunean zaldien intziriak entzuten ditugunoi? Zer minutu bakoitzak hirurogei segundo eta segundoak askoz gehiago duenari? Zer die errabia negarretan lokartzen direnei Pariseko karriken bozkario arrama entzuten dutelakotz? Zer dio hotel ate aurrean hortzikaratzen den putari, bezero berandu bat noiz helduko zain dagoen horri? Eguberri gaua izateagatik ez dio, urdeak, hogei sos gehiago emanen! Eta sekulan emaitzarik hartzen ez dutenei? Eta sekulan emaitzarik egiten ez dutenei?

            Horrelako Eguberri gau batean gogoan dauzkat zakur gosetiak, oinazean dautzan baztertuak, liburu zaharraren orrialdetan biziaren sekretua ediren nahi dutenak...

            Ukan al dezake Eguberri onik gela honetako leihotik horrelako ikuspegi zikina dudan honek? Ez tabakoak, ez alkoholak ez naute bat ere alaitzen. Eta begiak hertsi eta atseden har baneza? Iparburu zelaietan haizeak ziztu dagi, ziztu zuhaitz eta aintzira izoztuetan. Tximini zikin hauek baino urrunago begiratu behar dut, Eguberri izai, arrain gorri, alaitasun argi ontziz, zamatu horiek baino urrunago!

 

Negarrez hasiko da. Baretzen denean, berriro ekingo dio berbetan. “Nil igitur mors est” poema irakurriko du.

 

                        Oi uda egun azkendu hau!

                        Kirol-ez, haurrek zahar amets...

                        Ateetan haatik, maitaleak...

                        ... egia dela ustez ala

                        nik duta uste, arratsetan?

 

                        Maitez gor, gautar maitaleok:

                        gizenden landa-baratzetan

                        beleak daude, hitz egile.

                        karrikan ahurok, zaharregi

                        alan da harra zituetan.

 

                        Itzalak gelan izugarri;

                        hots eta hitzak, areago,

                        Despotê gel! Hel Sineslegai

                        egun bainago-beldur handiz!

                        —Espa ta deiak alperretan.

 

                        Bakea jin da. Nondikoa?

                        Niago utzi ahal naute

                        bi jainko bele ahantziek

                        —mirariz hitzak, zergarri txar

                        zirenak itzalerazirik?

                        Jai eder gure jauregian

                        liburu denak hetsi eta,

                        aburu denak gutietsiz;

                        mintzo dut ezen niagoan

                        —ez hemen, ez gaur ez-jainko bat.

                        Gizendak eri zirelarik

                        “Bizi min” deitu minbiziaz,

                        mintzo zen, ixil, ez-jainkoa;

                        “Deus ez da” zion “herioa”:

                        ez dena Ezin diteke hil”.

                        Et’ezak oro zituen jo:

                        hiria, haurrak, maitaleak

                        eta botz neukan bihotzean,

                        “hil beldur” deitu gezur-minaz

                        gizendak eri ziradela.

 

            Neuk ere badut ene Eguberri izaia. Urrun, ilargia barrez dagoen muino zuri hotzean, izai mehar bat dago, urkatu beldurti eta ihar bat junpatzen den urkabea da. Buruan lastozko kapela irrieragingarria eta ni bere katinaren muturrean balantzatzen dakust.

            (Atzealde ilunean omen daudenei mintzo) Eguberri ederrak, nonbait! Zatozte zuek ere! Bat egin ezazue Ekialdetik, Mendebaldetik, Iparraldetik eta Hegoaldetik urkabeari buruz haratustela jatera hurbiltzen diren hegaztin beltzekin! Eguberri on, Eguberri on! kantatzen dute zati bat jan aldikal. Kanta dezagun haiekin batera! Denok batera! Zatozte afaltzera! Eguberri on! Eguberri on!

            Ni neu nauzue urkatua! Jan ezazue ene haragi usteletatik! Zauri guztietatik odola galtzen ari naiz! Edan ezazue zuek ere! Zeren lotsa zarete? Zerk dizue higuin?