Azken neuronen heriotza
Pako Aristi
Azken neuronen heriotza
Pako Aristi
Artezblai, 2011
Azken neuronen heriotza
Pako Aristi
Artezblai, 2011
[aurkibidea]

 

BIGARREN ATALA

 

ertzaina 2 sartzen da. Poltsa bat dakar eta lurrean uzten du. Gogoratu afeminatua dela. ander paseatzen dabil gelan, eta ertzaina 2-k pistola ateratzen du, ihes egitera doan atxilotu arriskutsua bailitzan. Alde guztietara begiratzen du ertzaina 2-k, harrituta inor ez dagoelako. Laguntza eske hasten da.

ERTZAINA 2: Laguntza! Bizkor! Fite! A-25 bat daukagu!

 

Inor ez dator.

 

ERTZAINA 2: Hau pulamentua!

 

Bat-batean mahai gaineko argazkiak ikusten ditu.

Pistola jaisten du, zorroan gordez.

 

ERTZAINA 2: Zer gusto txarra! Zein dabil oraindik makarra hauen atzetik?

 

ertzaina 2-k kajoia irekitzen du, mahai gaineko argazkiak ezkutatuz eta beste bi jarriz: Freddie Mercury eta Miguel Bose, adibidez. Haiei begira geratzen da, begiak loretan. ander une horretan beregana doa, baina ertzaina 2-k mehatxutzat hartzen du haren mugimendua eta berriro pistolaz apuntatzen du.

nagusia agertzen da arnas-estuka.

 

NAGUSIA: Zer gertatzen da? (anderri begira) Oraindik hemen al zaude? (ertzaina 2-ri begira) Zer egiten duzu pistola horrekin? (ertzaina 2 “kuadratu” egiten da, soldaduskan bezala, baina eskuan pistola duelarik, honen kanoia bekokiaren kontra jartzen du) Kontuz gizona, bekokia zulatu gabe!

ERTZAINA 2: (Eskua jaitsiz) Nire promozioko tiratzailerik onena izan nintzen. Beti apuntatzen nuen zulotxo beltzaren erdian!

ANDER: (Katxondeoz) A bai? Eta zer zenuen nahiago, tiratzailea ala diana izatea?

NAGUSIA: Orain ez duzu behar. Gorde ezazu pistola hori hor, ondo, barrabilen ondoan!

 

ertzaina 2-k pistola gordetzen du.

nagusiak anderri heltzen dio besotik, ertzaina 2-rengana bultzatuz.

 

NAGUSIA: Tira, eraman atxilotua ziegara epaitegitik deitu arte.

 

ertzaina 2-k eskua jartzen du anderren bularrean, haren mugimendua geraraziz.

 

ERTZAINA 2: Ez, nagusi. Barkatu, baina atxilotu honi B-120 protokoloa itsatsi behar zaio.

ANDER: Itsatsi? Zer, lotiterekin?

ERTZAINA 2: Barkatu, nagusi, ezarri esan nahi nuen.

NAGUSIA: B-120a? Baina lapur ziztrin bat besterik ez da, kinki bat.

ERTZAINA 2: Ez al zara konturatzen? Gezurretan ari zaigu!

ANDER: Hara! Bigarren aldia da gaur esaldi hori entzuten dudala!

NAGUSIA: Delinkuente bat da!

 

nagusia mahai gaineko argazkietan fijatzen da.

 

NAGUSIA: Eta argazki hauek jarri dituena ere delinkuente bat da! Nor izan da?

ERTZAINA 2: (Kasurik egin gabe, berearekin jarraituz) Gauza garrantzitsu bat deskubritu dut. Harrituta geratuko zara!

NAGUSIA: Ez al nizkizun eman zuri ere Aresen eta gure Patxiren argazkiak?

ERTZAINA 2: (Ohartzen da nagusia argazkiez ari dela) Patxiri ere Freddie Mercury gustatzen zaiola deskubritu dut.

NAGUSIA: Eta hori esatera etorri zara pistola eskuan?

ERTZAINA 2: Ez, nagusi. Atxilotua kale borrokako buruzagi bat da! Hori esan nahi nizun.

 

anderrek barre algara ozena egiten du.

 

ANDER: Kale borroka? Ia ez naiz etxetik ateratzen eta. Manta izter gainean jarrita han bezala ez da inon egoten!

ERTZAINA 2: Kasurik ez! Engainatu nahi gaitu! etaren biberoa zaintzen du, alebinak gizentzen ditu, gero marrazo bihur daitezen: Gure sistema politikoari haginka egingo dioten terroristak!

NAGUSIA: (ertzaina 2-ri) Oso akusazio larriak dira horiek.

ERTZAINA 2: Teoria bat daukat. Eta frogak ere bai. Erreparatu duzu bere abizenean?

NAGUSIA: Aseginolaza, ez da? Zer dauka berezirik?

ERTZAINA 2: Esan poliki, a-se-gi-no-la-za.

NAGUSIA: a-se-gi-no-la-za.

ERTZAINA 2: a-segi-no-la-za. (segi silabak elkarren jarraian esaten ditu, entzun daitezen)

 

nagusia eta ander begira dauzka, ulertu ezinik.

 

ERTZAINA 2: Hor duzu klabea: segi talde terroristaren akronimoa abizenean darama, a-segi-no-la-za.

ANDER: (Barrez lehertzen da) Orduan, Canoute zer da, porreroa? Eta Zorion Gerribera? Eta Miren Amiano?

NAGUSIA: (Ez dago konbentzitua) Abizenagatik ezin dugu inor akusatu. Epaileak ez du onartuko.

ANDER: Ni jaio nintzenean ere Aseginolaza nintzen, eta Segi sortugabea zen.

ERTZAINA 2: Ez egin kasurik. Segi legez kanpoko talde bat da, eta bere aktibitateak aurrera ateratzeko klabeen bitartez funtzionatzen dute.

NAGUSIA: (Interesatuta) Esplika ezazu hori, mesedez.

ERTZAINA 2: Segikoek ezin dute bildu. Haien posta elektronikoak, mugikorrak eta dena kontrolatuak dauzkagu. Baina irudika ezazu hitzaldi bat antolatzen dela herri batean.

NAGUSIA: Zer hitzaldi? Hainbeste antolatzen dira astero!

ERTZAINA 2: Imajinatu kartelak jarri dituztela: “Erresistentzia modu berriak mundu globalizatuan”. Hizlaria: Ander Aseginolaza.

ANDER: Hitzaldi polita emango nuke, bai... (Ahots pedantea jarriz) Erresistentzia egin nahi baduzu, hartu zerbeza lata bat eskuan, ireki, jo trago luze bat...

 

Korrokada botatzen du!

 

NAGUSIA: (ertzaina 2-ri) Hasi natzaizu ulertzen. Dena tapadera bat da. Amarru bat.

ERTZAINA 2: Hor dugu konbokatoria: Aseginolaza denean hizlari, Segikoen bilera dagoela esan nahi du. “Erresistentzia” hitzean zer daukagu? erre aditza. “Modu berriak” horrek “arma berriak” esan nahi du.

NAGUSIA: Eta “mundu globalizatuan”?

ERTZAINA 2: Hori disimulatzeko jartzen dute, gu despistatzeko.

NAGUSIA: (Serio begiratzen dio anderri) Eseri zaitez. Etzazu erresistentziarik erakutsi, mesedez. Zeuretzat hobe izango da!

ANDER: (Eseriz, harrituta) Eta hau dena autoa ondo aparkatzeagatik!

NAGUSIA: (ertzaina 2-ri) Jarri eskuburdinak!

 

ertzaina 2-k entusiasmaturik jartzen dizkio, eta abilezia handiz.

 

ANDER: Joe, hori abilidadea daukazuna eskuburdinak jartzen! Praktika asko egiten duzu?

ERTZAINA 2: Sartzazu zure zinismoa kab...

NAGUSIA: Tira! Probokazioetan ez erortzen erakusten digute! Frogak aipatu dituzu. Sendoak izango direla espero dut.

 

ertzaina 2-k poltsa irekitzen du. Bidoi handi bat ateratzen du.

 

ERTZAINA 2: Bere neskaren autoan aurkitu dugu: hamar litro gasolina!

ANDER: (Ironikoki) Ez da gasolina, kerosenoa baizik. Kalefazioa pizteko balio du, baina zuk esnifatu egin duzula dirudi!

ERTZAINA 2: Gasolindegiak kontrolatu genituenetik erregai berrien bila dabiltza. Kerosenoak su berdin-berdin hartzen du.

NAGUSIA: (Kezkatan) Baina kerosenoa legala da, edozeinek eros dezake!

ERTZAINA 2: (Poltsatik botila hutsak ateraz) Hauek ere bazeuzkan! Koktel molotovak egiteko ontziak!

ANDER: Ez dut ukatuko atzo festatxo bat egin genuenik! Kontenedore berdera neramatzan botilak. Hori ere delitua al da?

NAGUSIA: Arrazoi dauka... zerbait falta da elementu horien artean, konexio bat, lotura bat...

ERTZAINA 2: Zerk bihurtzen du botila huts bat koktel molotov batean?

NAGUSIA: Erregaiak... eta metxak, noski!

ERTZAINA 2: Erregaia badugu!

NAGUSIA: Eta metxa?

 

ertzaina 2-k guraizak hartuz rasta bat mozten dio anderri, eta nagusiaren begien aurrean jartzen du.

Honek sudurra ixten du, apur bat atzeratuz.

 

ANDER: Zertan ari zara? Ez duzue eskubiderik nere aukera estetikoa deusezteko!

NAGUSIA: Ez eman usaintzera, mesedez. Badakit nolako lurrina duen.

ERTZAINA 2: Ez daukazu usaindu beharrik. Begiratu, soilik!

 

ertzaina 2-k keroseno apur bat botatzen du botila batean, eta muturrean rasta sartzen du, paper batez eutsiz, metxa baten moduan.

 

ERTZAINA 2: Horra falta zitzaigun elementua: metxa!

NAGUSIA: Orain ulertzen dut gazte radikalek zergatik uzten dituzten txurroak!

ANDER: (Aluzinaturik) Ezin dut sinetsi! Hau peñari kontatzen diodanean berriro petak erretzen hasi naizela pentsatuko dute!

NAGUSIA: (ertzaina 2-ri) Baina zergatik nahiko zuen gure auto bat lapurtzea?

ERTZAINA 2: Ekintza txikietatik ekintza handietara pasatzeko. Gure autoarekin terrorismo praktikak egin nahi zituzten. Adrenalina pizten die Ertzaintzako auto batek. Ez al zara konturatzen? Eskalada bat da, kabinak erretzetik ertzainak kiskaltzera!

ANDER: Eskalada? Zurea bai eskalada, itzela gainera!

NAGUSIA: (Sakeleko telefonoa ateraz, urduri) Epaileari deitzera noa segituan. (ertzaina 2-ri) Arrazoi zenuen, honek B-120 protokoloa eskatzen du, eta K-X-202aren babesa!

 

nagusia eszenatik ateratzen da. ertzaina 2 pozik dago, orguilos, anderren inguruan oinez, poliki.

 

ERTZAINA 2: Esaidazu dena. Kontaidazu non daukazuen materiala, kideen izenak, dena, eta zure kondenarentzat beherapenak lortuko ditut.

ANDER: Beherapenak? Noiz, Gabon ostean, urtarrileko aldapan?

ERTZAINA 2: Grande Marlaska ezagutzen dut, pertsonalki... oso pertsonalki gainera (Gorputzari mugimendu lizunak eragiten dizkio).

ANDER: Aizu, zu marikoia zara, benetan? Ala atxilotuen oreka hausteko estrategia bat da?

ERTZAINA 2: Aizu! Errespetu pixka bat uniformeari!

ANDER: Hara, beste bat uniformearekin obsesionatuta. Zure nagusia uniformea jazteagatik egin zen ertzain... zuri kentzea gustatuko zaizu, ezta? Edo nahiago duzu porrarekin jostatzea?

ERTZAINA 2: (Porra ateratzen du) Ez dudarik egin, pottoko. Beste leku batean bageunde, Parisera begira jarriko zintuzket!

ANDER: Zenbat sofistikatu diren polizia akademiak Euskal Herrian!

NAGUSIA: (Dator) Gorde porra hori, ez ahaztu kamarak dauzkagula!

 

ertzaina 2-k porra gordetzen du eta ilea txukuntzen du, irribarre behartu bat eginez goian dauden kamerei.

 

ANDER: (ertzaina 2-ri) Eman buelta, atzetik perfil hobea daukazu!

ERTZAINA 2: Sartzazu zure zinismoa kab...

NAGUSIA: Tira! Probokazioetan ez erortzen erakusten digute!

ERTZAINA 2: Bai, baina nik ere neure sentimenduak dauzkat!

ANDER: Sentimendu asko eta neurona gutxi!

 

nagusiaren sakeleko telefonoak jotzen du.

 

NAGUSIA: Bai? Sí? Enseguida, señor juez. Esta ansioso.

NAGUSIA: (ertzaina 2-ri) Grande Marlaska da, zurekin hitz egin nahi du personalki!

ERTZAINA 2: (Oso urduri jartzen da. Telefonoa hartu eta hizketan hasten da, barre histerikoak eginez) Kaixo Fernando! Sííí... gracias, tú sí que eres grande... grande marlaska, ja, ja ja!

NAGUSIA: Prestatu dena atxilotua zentralera eramateko. Deitu eskolta autoei!

 

nagusia atera egiten da. ertzaina 2-a ere kanporantza doa, eta ez dio entzun.