Azken neuronen heriotza
Pako Aristi
Azken neuronen heriotza
Pako Aristi
Artezblai, 2011
Azken neuronen heriotza
Pako Aristi
Artezblai, 2011
[aurkibidea]

 

LEHEN ATALA

 

ertzaina 1-ek ander dakar gelara, atxilotuta.

Eztabaidan datoz.

 

ANDER: Hau gaizki ulertu bat da! Oker zaude!

ERTZAINA 1: Gaizki ulertu duena zu zara. Atxilotuta zaude, eta ikusiko dugu zein ateratzen den hemendik okertuta!

ANDER: Zure autoa mugitu nahi nuen apur bat, nirea ateratzeko, besterik ez!

ERTZAINA 1: Besterik ez izateko, bi urte pasa beharko dituzu itzalean! (Oihuka) Nagusi! Nagusi!

NAGUSIA: (Eszenan sartzen da) Zer gertatzen da? Zer egin du honek?

ERTZAINA 1: Ertzainen autoa harrapatzen saiatu da, baina ez du martxan jartzerik lortu, eta azkenean bazterra jota utzi du!

ANDER: Bat: autoa bigarren ilaran zegoen, ondo aparkatuta zegoen nire autoaren irteera itxiz.

NAGUSIA: (ertzaina 1-i) Egia al da hori?

 

ertzaina 1ek burua mugitzen du, ezinbestean onartuz.

 

NAGUSIA: Aber behingoz ikasten duzun: Jende normalak uzten ditu autoak bigarren ilaran, ez Ertzaintzak! (anderri begira) Eta bi?

ANDER: Ba autoak ez zeukala Ertzaintzaren ezaugarririk. Txoferraren aldetik, ni sartu naizen lekutik, txuria zen! Eta txuria da oraindik ere. Hor egongo da atarian!

NAGUSIA: (ertzaina 1-i begira) Zer egin duzu oraingoan? Autoa tuneatu?

ERTZAINA 1: Oso erraza da ulertzea, agertuko dizut dena. Atzo tailerrean utzi genuen autoa, margotzeko. Baina gaur goizean emaztea erdiminez hasi da, eta neure autoa semeari utzia nionez...

NAGUSIA: Zer pintatzen du zure emazteak hemen? Ez al nizun esan ez nahasteko bizitza pribatua eta lanbidea?

ERTZAINA 1: Emazteak ez du ezer pintatzen, ez, arrazoi duzu. Tailerrekoak ziren autoa pintatzekoak. Larritu egin naiz, eta tailerrera jo dut patruilako autoaren bila, baina erdia bakarrik zuten margotua, kopilotoaren aldea.

ANDER: Beste aldea txuri-txuri zegoen. Zer delitu dauka auto normal bat mugitzeak?

NAGUSIA: (ertzaina 1-i) Eta ausartu zara horrela kalera ateratzen?

ERTZAINA 1: Emaztea minez zegoen. Eramango nuen bizkarrean, nagusi, 80 kilo pisatuko ez balitu.

NAGUSIA: Tira, larrialdi bat larrialdi bat da.

ANDER: Eta nerea ez al da larrialdia? Lanera berandu iritsiko naiz. Eta zer esango dut? Non egon naizela? Nagusiei ez zaiei gustatzen langilea zipaioekin arazotan dabilela jakitea!

ERTZAINA 1: Oraindik ez duzu ezer ikusi. Baina zipaio (Hitza azpimarratuz) honi barrabilak ikutzen badizkiozu orduan bai arazotan sartuko zarela.

NAGUSIA: Tira, lasaitu gaitezen denok. (ertzaina 1-i) Ea, noiz lapurtu dizu honek autoa?

ERTZAINA 1: Anbulatoriora iritsi naiz, baina ate aurrea okupatua zegoen...

ANDER: Noski, ni han bizi naiz eta, orduantxe nindoan ateratzera!

ERTZAINA 1: Herio hartan bigarren ilaran utzi dut, eta emaztearekin barrura joan naiz.

ANDER: Ni ere herio batean nengoen! Lanera joan behar eta ezin autoa atera! Zer egin behar nuen? Gilipoias honen zain geratu? Txoferraren atea ireki dut, barrura sartu naiz, esku-frenoa kendu diot eta apur bat aurreratzen hasi naiz!

ERTZAINA 1: Emaztea medikuarekin uztea izan da, kanpora atera naizenean hor ikusi dut autoa aldapan behera...

ANDER: Urduri jarri naiz astazakil honen oihuekin, eta ez dakit zer gertatu zaidan. Sekulako aldapa dago, eta han joan naiz, beheko pareta jo arte.

ERTZAINA 1: Bere parera iritsi naizenean porra zeukan eskuan. Jarri hori paperean: polizi-auto bat lapurtzea, autoritateari entzungor egitea eta atxiloketa unean erresistentzia agertzea!

ANDER: Porra neukan eskuan kanbio-palankarekin nahastu dudalako. Pentsatu ere egin dut sado-maso praktikatzen duen kafreren batena zela autoa!

NAGUSIA: (Pentsakor, biei begira, harri eta lur) Oso gaizki egin duzue biok. Zuk (anderri) ondasun publikoa den auto bat lapurtzeagatik. Eta zuk (ertzaina 1-i) polizia identifikatzen duen auto bat anfibio bihurtzeagatik!

ERTZAINA 1: Autoarena da gutxiena. Begiratu honi (ander seinalatuz). Ez al zara konturatzen?

NAGUSIA: (anderri begira) Zertaz konturatu behar nuke?

ERTZAINA 1: Gezurretan ari zaigu!

ANDER: Zenbat antxoa hartu dituzu gosaltzen?

ERTZAINA 1: Entzun duzu?

NAGUSIA: Antxoak gosaltzen al dituzu?

ERTZAINA 1: Antxoa kokaina arraia bat da hauen argotean. Ez al dituzu entzun aurretik esan dituenak: kafrea, gilipoiasa, astazakila...

ANDER: (Mahai gaineko argazkiak seinalatuz) Kutrea esatea falta zait, argazki hauek zureak badira, behintzat. Kutrea zara gero. Metallica eta ac-dc. Matusalen baino pasatuago daude eta!

NAGUSIA: (ertzaina 1-i) Ez al nizun esan horiekkentzeko? Ez al nizkizun eman Aresen eta gure Patxiren argazkiak?

ERTZAINA 1: Baina Patxiri ere gustatzen zaio eta ac-dc! Gainera igualeko melenak dauzkate Aresen ondoan!

NAGUSIA: Errespetu bat, mesedez!

ERTZAINA 1: (ander seinalatuz) Delinkuente bat da. Hau ez da anbulatorio ondoan bizi, okupatutako etxe batean baizik.

NAGUSIA: Nola dakizu hori?

ERTZAINA 1: (Guraizak atera eta rasta bat mozten dio, raust, nagusiari sudurrean jarriz. Honek aurpegia okertzen du kiratsarekin) Zenbat denbora uste duzu behar dela motots hau horrela potroiltzeko? Ilerik ez du garbitu honek azken zazpi urtetan! Zergatik? Urik ez daukalako etxean! Eta zergatik ez dauka urik? Okupa bat delako eta udalak ura moztu ziolako. Honek ez dauka autorik. Eta lana gutxiago. Beno, lana hemendik libratzen izango du!

ANDER: Etzazue esan orain txurroak edukitzeagatik atxilotuko nauzuela! Jende askok dauzka!

ERTZAINA 1: Bai, baina txukun txukunak, ile-apaindegian jarritakoak.

ANDER: Diseinuzkoak, bai. Baina nereak urte askotako errebeldiaren sinbolo dira!

NAGUSIA: (Interesaz begiratzen dio anderri, ertzaina 1-i esanez) Harrituta utzi nauzu behingoz, baina ziurta dezagun guzti hori. Tira, konproba ezazu autorik ba al duen! Eta aldatu argazki horiek!

 

ertzaina 1 gelatik ateratzen da eta ez dio entzun.

 

NAGUSIA: (anderri bultza egiten dio, aulkian eseritzera behartuz) Ni ere zu bezalakoa izan nintzen gaztetan. Barrioko mutilik gaiztoenaren neska nintzen (Bere gorputza laztantzen du probokazioz). Ritxi zuen izena, eta horixe zeukan txikiena; zelako melena, zelako bizepsak, zelako... (Tristetuz) Baina...

ANDER: Zer? Gaindosi batekin hil zen, ezta? Zer izan zen, zaldia, perika, hala zure gaindosia...

NAGUSIA: Ez. Bizi da. Ni aldatu nintzen. Behin ertzain batek katxeatu ninduen, urde batek bezala den-dena igurtziz (Bere gorputza laztantzen du probokazioz)... Buf, nola jarri ninduen... Ertzaintzan sartzea erabaki nuen. Gurasoek ez zuten nahi, pentsa, errebeldea nintzela esan zidaten... Ertzaintzan sartzeagatik. Uniformea gustatzen zitzaidan. Umetan nire lagun guztiak joan ziren mojen kolegiora, uniformatuta, eta ni eskola nazionalera.

ANDER: Sofistikatua benetan.

NAGUSIA: Sofistikatua, zer?

ANDER: Polizia onaren eta txarraren antzerkia. Zer maila lortu duzuen akademian!

NAGUSIA: (Haserre) Gaizkileak holakoak zarete, zinikoak, errukigabeak, baina umm... (Gorputza laztanduz berriro), zenbat gustatzen zitzaidan nire Ritxi!

ERTZAINA 1: (Dator) Lokalizatu dugu berea omen den autoa. Orain dakar nire lankideak. Eta ez. Ez da berea. Neska baten izenean dago.

ANDER: Nere neskaren izenean, noski.

ERTZAINA 1: A bai? Nola deitzen da?

ANDER: Yurre... pitxurre. Izugarri gustatzen zaio horrela deitzea.

ERTZAINA 1: Abizenak?

ANDER: Bai... abizenak... nola zen... Jode, familiako liburuan datoz.

ERTZAINA 1: Familiako liburu eta guzti! Non ezkondu zineten, Begoņako basilikan?

NAGUSIA: Nolakoa da?

ERTZAINA 1: Autoa?

NAGUSIA: (anderri begira) Neska!

 

ertzaina 1-ek arraro begiratzen dio. anderrek denbora hartzen du erantzuteko, iribarretsu.

 

ANDER: Gorputzaren figura, ilejera, ezpainak... Zu bezalakoa da. Hark ere horrela egiten du (nagusiaren keinua imitatuz) ondo engantxatzen dudanean!

NAGUSIA: (Oihuka, azken agindua emanez) Jaso datu guztiak, egin txostena eta eman sinatzeko atxilotuari. Eskatu zita epaitegian!

ANDER: Epaitegian? Ez dut ezer egin, eta badakizu.

NAGUSIA: Ez duzu ezer egin, ez. Baina babua izateagatik atxilotuko zaitut. Kapritxo hori daukat. Begira zein erraza!

 

ertzaina 1 paperak begiratzen ari da. Idazten hasten da.

 

ERTZAINA 1: Ander Aseginolaza Agote, 38 urte, gizonezkoa, akerra ematen badu ere...

 

nagusia kanpora ateratzen da.

Une horretan sakelekoak jotzen dio.

 

ERTZAINA 1: Bai? Laztana? Non zaude? Nora zaramatzatela? Baina erotu al dira? Badatorrela? Baina, ez al dio aitari itxoin behar? Oraingo gazte hauek! Zer? Ez dut entzuten! Banoa...

 

ertzaina 1 korrika ateratzen da, papera mahai gainean utzita.