Mikel Ayllon: “Gurea antzerki politikoa da, gertatzen dena aztertu eta hortik sortzen dugu”
Xole Aramendi Alkorta
Gara, 2023-06-10

2033. urtera jauzi egin eta gure kaleei begi berriekin erreparatzeko gonbita da Piszifaktoria Ideien Laborategiaren lan berria. Aurikularrak belarrietan, Mikel Ayllon, Irati Agirreazkuenaga eta Igor Arzuaga dituzte gidari ikusleek. Esperientzia barneratzaile honetaz gaur gozatu ahal izango da Gasteizko Kaldearte jaialdian. Udan zehar hitzordu gehiago dituzte.

      Ukronia. Errealitatean gertatu ez dena. 2022-2023an covidaren oso aldaera bortitza egon da eta horren ondorioz hamar urtez etxean sartuta egon behar izan dugu. Kalea ateratzeko unea iritsi da atzera. Nola eman lehen pausoa?

      “Kalera jaisten garen lehen egunean hasten da, Gobernuak antolatutako ‘kalera berregokitzeko programa’ da ikuskizuna. Ibilaldia egiten dugu jendearekin berriro kalea geureganatzeko. Noski, gauzak asko aldatu dira, hamar urteak ez dira doakoak izan”, esan du Mikel Ayllonek (Laudio, 1980).

      Piszifaktoria Ideien Laborategiko kide da, Irati Agirreazkuenaga eta Igor Arzuagarekin batera. Arrigorriagan, Leioan eta Hendaian izan dira eta udan zehar Gasteizen -Kaldearten gaur-, Bilboko Kalealdian, Zarautzen eta Antsoainen erakutsiko dute lana.

      Kalea du ardatz eta hausnarketa-gai lan berriak. “Bertan gaudenean dugun jokamoldea, zeri erreparatzen diogun, zer usaintzen dugun, denon bizitzaren agertoki diren kaleak zelan erabiltzen ditugun eta kaleak zelan erabiltzen gaituen gu... Hirigintza oso kontu politikoa da, jendearen bizitza modu zuzenean baldintzatzen du. Horren inguruan ere egin nahi genuen hausnarketa eta horretarako konfinamenduaren esperientzia oso interesgarria iruditzen zitzaigun. Kalearen balioaren kontziente izan ginen etxean geundenean. Orduan ulertu genuen kaleak zer balio daukan eta zenbat gauza egiten ditugun bertan”.

      Bilbo, Gasteiz, Hendaia eta Antsoaingo herritarrekin landu duten proiektua du oinarri. Iaz ikerketa abiatu zuten. Denera 200 pertsonarekin elkartu dira. “Zeure hiriari begiratu, inoiz begiratu ez diozun bezala; adibidez pentsatu ze usain dagoen. Zure hiriko soinurik esanguratsuena zein da? Egunero zapaltzen dugun asfaltoaren azpian zer egon daiteke? Halako erradiografia metaforikoa egin dugu. Gure asmoa ere bada ikerketa artistiko luzea egitea aurrerago”, iragarri du.

      Zure hirian nora joango zinateke kaleratu bezain laster? galdera eginda hiri guztietan erantzuna bera izan da: ‘naturaz gozatzera edo lagunekin edo familiarekin elkartzera’. Jendearekin komunitatea eta proiektuak sortzeko nahia ere agertu da. Oso balio polita da; izan ere, oso hiri sozialak ditugu gurean. Hala ere, esango nuke galtzen ari dela. Gure buruari egin diogun galdera da pandemia aurretik erantzuna bera izango ote zen”.

      Antzerkiaren eta performancearen artean kokatzen da lana. “Inguruan gertatzen denaren arabera aldatuz doa gidoia”, esan du.

      Zuzendaria eta protagonistetako bat da Ayllon. Irati Agirreazkuenaga ere ari da aktore lanetan. Aurikularrak belarrietan, Igor Arzuagak zuzenean jotzen duen musikak harrapatuko du publikoa. “Beste mundu batean sartzen da keytar-aren bidez sortutako soinu bereziei esker”, aipatu du. Karrikan elkarteak [Euskal Herriko kale antzerki jaialdi nagusiak biltzen ditu] emandako bekari esker ondu dute ikuskizuna. “Ekoizpenerako eta zabalpenerako laguntza eskaintzen du. Horri esker, Euskal Herriko jaialdi horietan parte hartuko dugu”.

      Daukaten arazo handienetakoa da arte bizien esparruan laguntza urri gehienak produkziorako bakarrik ematen direla. “Pieza asko sortzen dira, baina ondoren erakusteko ez dago baliabiderik. Karrikan elkartearen beka interesgarria da alde horretatik. Jaialdi garrantzitsuak dira, publikoaren aldetik jende asko biltzen dute eta, horrez gain, hainbat herritako eta nazioarteko programatzaileak ere bertan izaten dira; eta erakusleiho polita dira”, adierazi du.

 

      Zigilua

      Lengoaia propioa sortzea izan ohi da sortzailearen nahia. Hori lortu ote duten sentipena daukan jakin nahi izan dugu. “Gure ikuskizunen helburua ez da jendea entretenitzea. Saiatzen gara pauso bat haratago joaten, hausnarketarako bideak eskaintzen. Entzuten, ikusten, bizitzen… errazak ez diren obrak dira, ispiluaren aurrean jartzen gaituztelako, gure eta gure gizartearen miseriak erakutsiz. Gurea antzerki politikoa da, zer gertatzen ari den aztertzea, eta kezka horretatik sortu eta partekatzea. Hori nahiko genuke izatea gure zigilua, nahiz ez den saltzen errazena. Hori da gure aukera eta zentzua ematen diona gure sorkuntzari”. Konpainia txikia izanagatik ekoizpen oparoa du azken hilabeteotan. Thusia konpainiarekin elkarlanean “Hau ez da gerra bat” eraman zuten agertokira orain hilabete eskas. “Ateak jotzen dituzu ia etengabe, dirulaguntzak eskatzeko. Askotan ez dago inor atearen bestaldean. Justu azken bi lan hauentzat aldi berean jaso dugu babesa eta finantzaketa. Zoramen hutsa izan da, baina halaxe tokatu da! Tamalez, ez dugu guk erabakitzen. Egitura txikia daukagu eta daukagunarekin egiten dugu aurrera”.

 

      Bide nekeza

      Ayllonek garbi esan du: “Oso zaila da bidea egitea. Gure ekoizpenak, gainera, apur bat ezohikoak dira. Kalean ohituta gaude zirku arloko ekintza ikusgarriak ikusten. Gure proposamenak patxadatsuagoak dira, hausnarketarako bide ematen dutenak. Murgiltze esperientzia proposatzen dugu eta ikusle kopuru txikiarekin egin beharreko lana da hori. Beti da zailagoa kale antzerkiaren zirkuituan lekua egitea. Jaialdi handiei egiten diegun ekarpena da beste proposamenak eta beste publiko mota bat erakartzea, beste zerbaiterako gosea ere baduena”.

      Tristea iruditzen zaio Aylloni jaialdi hauetan euskarak duen presentzia urria. “Ia ez dago ekoizpenik. Askotan testurik gabeak dira. Kaldearten 50en artean gurea da euskarazko proposamen bakarra. Kalealdian ere 60 inguru izango dira eta hiru besterik ez dira euskaraz. Gure herrian badugu gabezia handia euskarari dagokionez. Bai antzokietan bai kalean, eta azken hau larriagoa da. Programatzaileek honen inguruko hausnarketa egin beharko lukete”.

      Proiektuak badu loturarik aurreko lan batekin. “Noiz utziko dio euria egiteari” sorkuntzak 2021ean ikusi zuen argia. Kale-antzerki ibiltaria zen hura ere, istorio desberdina kontatzen zuena. “Han sortutako giroarekin eta esperientziari jarraipena ematea pentsatu genuen. Euriak sinbologia negatiboa zuen han; orain kontatzen dugunaren bigarren partea zen. Konfinamendutik atera eta 40 urtez jarraian euria egiten zuen. 2063. urtean kokatu genuen geure burua”, gogoratu du.

      Orain hasierara itzuli dira. “Euririk ez du hasi eta esperantza antzekoa da, batzuetan gorrotagarri zaizkigun hirietan azpian esperantza -euria- balego bezala, hiriak beste modu batera bizitzeko”. Badu jolasetik. “Obedientzia jolasak planteatu ditugu. Gure hirietan ere makinak bezala portatzen garela konturatzen gara. Etxean sartuta egon garen hamar urteotan androideak sortu ditugu eta haiek mantendu dute sistema martxan etxean geunden bitartean. Orain izuari aurre egin behar, ez ote garen gu ere makina bihurtu. Bogan dagoen Adimen Artifizialarekin lotzen dugu. Zer puntutaraino ez ote garen bihurtu makinak, gehiegizko obedientziaren ondorioz”.

      Antzerkilariak zuzenean ikusita sorkuntza puri-purian ikusten du publikoak, baina inor gutxik du enpresa-jarduerak eragiten dituen buruko minen berri. Ayllonek ez du zalantzarik. Sistema ez dago ondo antolatuta. “Nire lan jardueraren %80 edo gehiago txostenak idazten eta paperak betetzen pasatzen dut eta oso ehuneko txikia da sorkuntzari emana, idazten, entseatzen edo sortzen. Burokrazia izugarria dago, askotan ezer ez lortzeko. Erraztu egin beharko litzateke. Eta askotan proiektua baino horren atzean zein dagoen baloratzen da, aktorea telebistan agertzen den… ez da berria diodana. Sistema ona zein den ez dakit, baina argi dago hau ez dela oso ona”.