Ganbila bildumak bi antzezlan eta elkarrizketa liburu bat eman ditu
Ainhoa Sarasola
Berria, 2023-06-21

Gotzon Barandiaranek zenbaki berean bildu ditu Hildako haurra eta Besaulkiak obrak; Maddi Goikoetxeak euskal teatroaren gaur egungo egoera aztertu du Ura jaten liburuan.

      “Euskal teatroaren argazki garaikide bat egitea” du helburu Ganbila liburu sailak, Oier Guillan bildumaren editoreak gogora ekarri duenez. Hiru libururekin abiatu zuen bilduma Susa argitaletxeak, 2019an, Ehaze Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin batera. Ordutik, askotariko edukiak plazaratuz, argazki hori eguneratzen segitu dute. Eta orain, beste bi liburu gehitu dizkiote zerrendari: Hildako haurra du izenburu saileko 20. zenbakiak, zeinak Gotzon Barandiaranen bi antzezlan biltzen dituen; 21. zenbakia, berriz, Maddi Goikoetxea Juanenak idatzi du, eta Ura jaten. Antzerkia, prestigio soziala eta prekaritatea Euskal Herrian izenburupean, antzerkigintzaren egungo egoera hartu du aztergai.

      Kulturgintzan hainbat arlotako proiektuak landu baditu ere, literaturan aritu izan da batez ere Barandiaran. Hala ere, antzerkigintzarekin ere izan du harremanik. Guillan: “Bada asko interesatzen zitzaigun profil bat, literaturatik datorren idazle bat nola gerturatzen den bere eremutik antzerkira”. Berak idatzitako bi antzezlan bildu ditu liburuan: Hildako haurra, orain arte antzeztu gabea; eta Besaulkiak, Abarka antzerki taldeak Ander Lipusen zuzendaritzapean oholtzara eraman zuena.

      Besaulkiak hartu du hizpide lehenik egileak. Idazketa prozesua kolektiboa izan zela nabarmendu du, eta, horregatik, bere beste obra batzuekiko sumatu zuela alderik; entseguz entsegu, bere lehen testu haren hamahiru bertsio idatzi zituzten. “Idazlea ohartu egiten da bere barne ahotsean entzundakoa beste batzuen ahots eta gorputzetan entzundakoan mudatu egiten dela, eta beste ahots eta gorputz horiek bestelako hitzak eskatzen dituztela”. Berak bakarka idatzitakoak ez zirela aldaezinak ez perfektuak ere jabetu zen. “Apaltasun ariketa itzela da idazlearentzat behin idatzi duena hamahiru aldiz berridatzi behar izatea”. Hain zuzen, gogora ekarri du antzezlanak erosotasunaz eta erosokeriaz hitz egiten duela, eta idazketa prozesuan aurrera egin ahala biak sentitu zituela. Beste genero batzuetan idazten aritzen direnentzat esperientzia “guztiz gomendagarria” iruditu zaio.

      Bestelakoa izan zen abiapuntua Hildako haurra obraren kasuan, eta bestelakoa da kontatzen duen istorioa. Esaldi bakarrean laburbildu du Barandiaranek: “Durduzatzen gaituzten gertakarien aurrean sortzaile gisa egin dezakegunak asebetetzen ez gaituenean bizi dugun barne gatazka”. Eta gehitu du: “Alegia, literatura idazteaz harago, zer”. Antzezlanaren muinean, irudi bat, poema bat eta bere bizipen bat daudela azaldu du. Siriako gerratik ihesi itota hil zen Alan Kurdi haurraren argazkia litzateke irudia. Poema, berriz, Bernardo Atxagaren Markak. Gernika 1937 liburuan aurkitu zuen. Bertan jasotzen denez, 1936ko gerran Euskal Herritik Ingalaterrara ebakuatutako umeak laguntzen aritu zen Luis Cernuda idazlea; haietako batek, hilzorian zela, poema bat errezitatzeko eskatu zion, eta idazleak irakurri eta berehala hil zen haurra. Tragedia hark sakon markatu zuen Cernuda, eta Niño muerto deitzen zaion poema idatzi zuen. Eta, antzezlanaren oinarrian dagoen bizipenari dagokionez, Barandiaranek kontatu du 2019an Lesbosko kanpalekuan izan zela, errefuxiatuei janaria banatzen aritu zela, eta haien esker oneko hitzak entzutean “apurtu” egin zela. “Ez dut horrenbesteko lotsa eta tristurarik inoiz sentitu”. Osagai horiekin idatzi zuen antzezlana.

 

      Prestigioa eta prekaritatea

      Maddi Goikoetxea, berriz, antzerki eskolen direktorio bat osatzeko asmoak eraman zuen, azkenean, Ura jaten lana idaztera. “Nahiko modu inuzentean” prestatutako hamar galdera bidali zizkien, tartean, zituzten zailtasunei buruzko bat, eta gogoetagai ugari ireki zizkioten erantzunek. “Harritu egin nintzen ikustean alde guztietatik desafioa eta zailtasuna bera zela: prekaritatea, ziurgabetasuna, lan baldintza kaxkarrak, babes falta... Hau da, ezintasun bat existitzeko eta lanbidean aurrera egiteko”. Artikulu bat idatzi zuen hasieran, eta zer ikertua bazela ikusi zuen.

      Egungo gizarte ereduak antzerkiari eta kulturari aitortzen dien balioaz pentsatzera eraman zuen prekaritatearen arrazoietan arakatzen hasteak, eta bere hipotesia ondu zuen: “Antzerkiak prestigio sozialik ez duen artean, prekaritatera kondenatua dago. Hau da, gizartearen sinesmen batzuengatik gaude horrela. Prekaritatea gaixotasun baten sintoma da, eta, nire ustez, gizarte hau gaixo dago pentsatzen duelako kulturak eta arteak ez dutela garrantzirik”.

      Elkarrizketa sakonagoak egiteari ekin zion, eta teatroaren egoeratik haragoko gaiak ere atera ziren haietan. Administrazioarenganako kritikak maiz errepikatu ziren, baina baita autokritikak ere. Lanean ez dira solaskide guztien hitzak kabitu, baina jasotakoen artean daude, besteak beste, Manex eta Ximun Fuchs, Marise Urruti, Ixabel Etxeberria, May Gorostiaga, Eneritz Artetxe, Idoia Zabaleta eta Ainara Gurrutxagarenak.

      Guillanen ustez, “ezinbestean herrena” da Goikoetxearen liburua, askoren hitzak eta gogoetarako beste kontu asko geratu baitira kanpoan. “Baina bada hanka bat; orain arte ez dugu material garaikiderik izan euskarazko teatroan zer gertatzen den eztabaidatzeko, eta izugarrizko garrantzia ematen diogu tresna hau izateari. Lehen urrats ezinbesteko bat izatea nahi genuke; etor daitezela eztabaida, ikerketa eta gogoeta gehiago”. Bide horretan, teatroaren argazkia eguneratzen jarraituko dutela ziurtatu du. Eta gogorarazi paperera heltzen ez diren eduki gehiago aurki daitezkeela www.ganbila.eus atarian.