Ekainaren 9an, 10ean eta 11n egingo dute Eztena antzerki jaialdia, Errenterian. Kalea kontzeptuaren inguruan osatu dute egitaraua.
Jendez bete da aretoa, Donostiako Liburutegi Nagusian; jendez, ileordez, txabusinaz, eguzkitako betaurrekoz eta umorez. “Zer jarri behar digute, ba?”. Aurkezpena bera performance bihurtu dute Eztena antzerki jaialdiko antolatzaileek, eta horixe izan daiteke haren aurkezpenik argiena: ekainaren 9tik 11ra, era askotako emanaldi eszenikoekin ziztatuko dute Errenteria (Gipuzkoa).
Ikuskizunak, performance kolektiboak eta aste horretarako antolatutako tailerren erakustaldiak egingo dituzte herriko kaleetan eta agertokietan. “Inoiz baino kaletartuago” dator jaialdia; izan ere, kalea kontzeptutik abiatuta osatu dute aurtengo egitaraua, eta horregatik du Kalean badena leloa. “Kalean badenarekin eta kalean ikusten ez denarekin lan egin nahi dugu”, azaldu du Eider Perez antolatzaile taldeko kideak. “Kalera atera esaten dugunean, kalera sartzen ari garela esan genezake: eraikinek harresitutako lurrak dira hiriak eta auzoak, etengabeko performance erraldoietan dauden espazioak, hormigoizko eta asfaltozko areto biziak, eta denok gara bertako ikusle zein antzezle”. Kalearen beste dimentsio batzuekin jolastu nahi dute, artetik abiatuta.
Hiru ikuskizun izango dira Eztenaren egitarauan. Lehena, Moreno Solinas eta Igor Urzelai koreografoek sortutako Igor x Moreno konpainiaren Concerto lana: koreografiaren, kantuaren eta musikaren hizkuntzak batzen dituen saio bat. Sardiniako tradizioa, bestetasuna eta queer identitateak irudikatuko dituzte, besteak beste. Gainera, testuak euskaratu dituzte propio emanaldirako.
Koldo Arostegi dantzari eta koreografoak, bestalde, Bobo bakarkako lan eszenikoa egingo du. Dantzaren eta kantuaren bidez, behin eta berriz errepikatuko du film bateko eszena: “Gizona izaten saiatzen naiz, ez dut lortzen, aspertu egiten naiz eta abesti horretatik zintzilik geratzen naiz etengabe bueltaka”, azaldu du artistak ohar batean.
Azkenik, Tripak kolektiboak Platea ikuskizuna emango du. “Tarteko existentziaren edo arimen trantsizioaren ideiatik abiatuta, imajinatutako linbo baten irudikapen gisa, bankete baterako prest dagoen mahaia aurkezten zaigu padura baten erdian”, kokatu du obra Perezek. Azken ospakizun bat irudikatuko dute. Andrea Berbois, Mayi Martiarena, Maite Mugerza, Marina Suarez eta Natalia Suarez kideek osatzen dute Tripak konpainia.
Bestalde, ekainaren 5etik 10era hiru tailer antolatu dituzte, antzerkiaren eta performancearen zaleentzat. Tailer horien emaitza jendaurrean erakutsiko dute gero, egitarauan zehaztu dituzten emanaldietan. Myriam Rmz-k eta Garazi Gorostiagak soinuari eta musika elektronikoari lotutako saio bat egingo dute, ekainaren 9an, Ekintzak eta lekuak soinutu izenekoa. Koldo Arostegik eta Eneko Gilek, berriz, dantzaren bidez inprobisazio saio batzuk prestatu dituzte: “Hiru dimentsioko gorputz erabilgarri bat lortzeko arreta landuko dugu”, haien hitzetan. Momentua bizi, espero ez dugun gorputz baterantz du izena, eta hilaren 5etik 8ra egingo dute. Eta gorputzaren eta paisaiaren arteko harremana landuko dute Marina Suarezek eta Andrea Berboisek Gorputzak pasieran tailerrean, hilaren 6tik 8ra bitarteko saioetan.
Performance kolektiboak ere izango dira jaialdian: Kale garbitzaileen manifestua inaugurazio ekitaldia, Parkineo gaueko ikuskizuna, Durangokoa ezten azoka da! eta Familia bazkaria.
Eztena Kids lantaldea
Eztena jaialdia orain hamalau urte sortu zuten, helburu batekin: edukietan, formetan zein antolakuntza moduetan arriskuak hartzen zituztenei plaza bat eskaintzea. “Eta arrisku horren parte izan da aurtengo lantalde berria ere”, Elene Carreto antolatzailearen hitzetan. Izan ere, gazte talde batek parte hartu du aurten jaialdia prestatzen: Edurne Azkaratek, Intza Alkainek, Oihana Vesgak, Andrea Berboisek, Perezek eta Carretok, besteak beste. “Eztena Kids lantaldeak”. Orain arte jaialdia antolatzen aritu direnen babesa eskertu dute —horren erakusgarri, haiek aretoa bete izana—, entzuleen negar zotin ozenen eta malkoak lehortzeko keinuen artean.
Eztenako lantaldeak, Zizt kultur elkarteak eta Errenteriako Udalak antolatu dute jaialdia. Aizpea Otaegi alkatea ere izan da aurkezpenean, eta, herriaren “kultura bizitza handia” ospatzeaz gain, eskerrak eman dizkie taldekideei: “Beti eskaintzen diguzue lehenago bizi izan ez dugun esperientziaren bat”.