Preso baten “bakarrizketa lagundua” du oinarri Kepa Errasti gidoilariak sortu berri duen Postdatarik gabeko gutunak antzezlanak. Gaur estreinatuko du Xake konpainiak, Tolosako Leidor aretoan.
Bost urte eman ditu Mikelek preso, eta ordubete besterik ez zaio geratzen itxialdia behingoz bukatzeko. Azken hilabeteetan jaso dituen gutun batzuek, ordea, ezinegona sortu diote; postdatarik ez dute, eta ez daki nork bidali dizkion. Kartzelan geratzen zaion azken ordubete hori izango da, azkenean, igorle misteriotsua nor den argitzeko momentua. Honela deskribatu du Kepa Errasti aktore eta gidoilariak Postdatarik gabeko gutunak bere antzezlan berriko protagonista: “40 urte baino gehiago ditu, eta denbora luzea eman du bizi egoera berdinean atrapatuta. Errealitateari aurre egin behar dio orain, baina obsesionaturik dago igorle sekretu horrekin”. Igorlea aurkitzeko bide horretan, baina, ez da bakarrik egongo; Bakarne izeneko pianista izango du irudimenezko lagun. Xake konpainiak ekoiztu du lana, eta gaur estreinatuko dute, Tolosako (Gipuzkoa) Leidor Aretoan, 20:00etan.
Errastik interpretatzen du Mikel, eta Nerea Ariznabarretak Bakarne. Bikote berezia osatzen dute biek: bakarrizketan aritzea gustatzen zaio lehenengoari, eta bigarrena mutua da. “Bakarne kokoteraino dago Mikelek ematen dion txaparekin, eta, oro har, haren hitz jarioarekin”. Jaso duen azken gutuna irekitzeko besterik ez dio eskatzen. “Eta horretara bultzatuko du”. Klaxon batekin komunikatzen da Bakarne, baina bere ezaugarririk bereziena Charlot, Charlie Chaplinen pertsonaiaren mozorroa da. “Pertsonaia mutu bat sartu nahi nuen istorioan, eta Chaplinen ikonografia oso polita eta adierazgarria iruditu zitzaidan”, aitortu du egileak. Hala ere, ezin izan du aurreratu mozorro horrek obran beteko duen benetako helburua. “Momentu zehatz batean zentzu handia hartuko du , nahiz eta hori ez den hasieran zuen helburua”.
Iñigo Legorburu idazleak idatzi ditu igorle sekretuak Mikeli bidaltzen dizkion gutunak. “Gidoia idazten hasi nintzenean, argi neukan gutun horiek testuaren parte izan behar zutela, baina beste norbaitek egitea ideia hobea iruditzen zitzaidan”, adierazi du Errastik. Kartetako batean, “bakardade lagundua” aipatzen du Legorburuk, eta gidoilariak uste du bere antzezlan berria definitzeko hitz egokienak direla. “Irakurri eta esan nuen: ‘Ze polita den gure obraren izaera adierazteko!’”. Mikelen antzera, Errastik ere hamaika gutun jaso ditu, baina, gehiegi zirenez, gutxi batzuk besterik ezin izan ditu antzezlanaren parte bihurtu.
Iraganekoa gogora
Testua idaztea izan zen, Errastirentzat, sorkuntza prozesuko parterik latzena. Aurretik bakarrizketetan aritu gabe ekin zion bat idazteari, bere “erronka pertsonala” baitzen hori. “Zerbait desberdina egin nahi nuen, eta bakarrizketa bat egitea erabaki nuen. Ez nuen nahi pertsonaia besterik gabe hizketan jartzea; istorioak mugimendua ere behar zuen”. Antzezlanaren nondik norakoak zehazten hasi zen orduan, eta bakarrizketa batean bakardadeaz aritzeak “paradoxikoa” izan zitekeela pentsatu zuen. “Nork hitz egin zezakeen bakardadeaz? Preso batek”.
Testuarekin entseatzen hasitakoan, baina, hasierako osagai asko aldatu behar izan dituzte, eta beste itxura bat eman diote istorioari. Gaiak, dena dela, berbera izaten jarraitzen du: “Gutunen igorlearen aitzakiarekin, bere bizitzaren inguruan hitz egingo du Mikelek”. Iragana ekarriko du gogora, eta “bakardadearen erpinen” errepaso sakona egingo du: “Beldurra, bizitzako nahitaezko aldaketak, zaintza, errua...”. Prozesu horretan, 1980ko eta 1990eko hamarkadetako kantutegia izango du gidari. Abesti gehienak Latinoamerikako kantautoreek sortutakoak izango dira, Mikelen sustraiekin lotura zuzena dutelako. “Nikaraguan jaio zen, aita erbestean zegoelako, eta ama ere euskalduna zuen”.
Eszenografiari dagokionez, leku itxi batean gertatzen da obra osoa. Espetxeko gela bat irudikatu nahian, bederatzi metro koadroko espazioan mugituko dira Bakarne eta Mikel. “Garbi nuen hala izan behar zuela, horrek nolabaiteko berezitasuna ematen diolako antzezlanari”. Ez da gela huts bat izango, baina; kutxaz eta gutunez beterik egongo dira txoko guztiak, are gehiago murriztuz espazioa.
Bihar estreinatuko dute antzezlana, eta, publikoa “pozik” ateratzeaz gain, Postdatarik gabeko gutunak lanak hausnarketarako bidea irekitzea ere nahi du Errastik. “Zenbateraino gaude kanpoko begiraden menpe? Horren irudikapen bat dira gutunak”. Gehiago kezkatzen du Mikel ezezagun batek beraren inguruan izan dezakeen ideia, berak bere buruaz pentsatzen duena baino. Oso identifikatuta sentitzen da, alde horretatik, Errasti, berak ere maiz izaten duelako antzeko sentipena: “Norberak idazten dituen gauzetan, beti dago norberarengandik jaiotzen den zerbait”.
Lortutako emaitza ona dela uste du Errastik, eta aitortu du talde lana ezinbestekoa izan dela horraino heltzeko. “Lasai iritsi gara estreinaldira. Beti gerta daitezke ustekabeak, eta argiztapena zehaztu behar dugu oraindik, baina lasai gaude”. Oholtzara igotzeko irrikan daude, eta obra errepikatzeko aukera izatea besterik ez dute nahi. “Oraindik ez dugu beste datarik itxi, baina Barakaldon (Bizkaia) eta Donostian laster eskaintzeko aukera izatea espero dugu”. Sekulako ahalegina egin ostean, hain zuzen, gauza bera nahi dute taldekide guztiek: “Ahalik eta jende gehienak obra ikustea”. Oraingoz, udazkenera edota negura arte itxaron beharko du publikoak Mikelen bakarrizketaz gozatzeko.