Konpainia: Iruñeko Jaso ikastola. Elkarte kolaboratzaileak: ANA, ANFAS eta Luciernaga. Zuzendaritza taldea: Imanol Janices, Irantzu Zabala, Eva Lopez de Lahoz, Dabid Albira. Iruñeko Gazte Orkestra zuzentzen: Mirari Etxeberria. Musika-konposizioak: Gorka Pastor, Ramon Garcia. Lekua: Barañaingo auditoriuma. Eguna: Maiatzak 5.
Bizitzaren bidaian maleta desegokia heldu zaie Espektro Autistaren Nahasmendua (EAN) dutenei, eta hori berori azaldu digute Iruñeko Jaso ikastolaren aurtengo musikalaren estreinaldian.
Barañaingo auditoriumera sartu garenean, hiru azafata zeuden antzokiko pasillo bakoitzean banatuta, eta hegazkin batean sartu izan bagina bezala agurtu gaituzte, profesionaltasun eta atsegintasun osoz. Hegaldia hastekotan zegoela, ohiko segurtasun neurriak azaldu dizkigute koreografia itxurako ohiko keinuak baliatuz, baina larrialdietarako irteerak eta segurtasun uhalen erabilera azaldu beharrean, autismoari buruzko jakingarri esanguratsuak eman dizkigute. Ildo beretik, esan behar dugu esku-programaren diseinua eredugarria izan dela, hegazkin konpainiek banatzen dituztenen antzekoa izan delako, baina autismoaren gaineko informazioekin osatua.
Hortik aurrera, Enara eta Amets gaztetxoen bidaiak hartu du protagonismoa. Nahasmendu hori dute biek ala biek, baina bakoitzari era diferentean eragiten dio, eta, beren autonomia luzaro landu ostean, Latinoamerikara bidaiatuko dute, ustez bakarrik baina egiatan baten ahizpa eta bestearen arreba haien atzetik ezkutuan doazela, zer gerta ere. Hemen ez dizuet argumentua agerian utziko, baina bai esango non eta Buenos Aireseko Villa 31 auzoan agertuko direla lau lagunak, eta ia-ia handik irten gabe ezagutuko dituztela kontinenteko herri eta kultura asko.
Jaso ikastolaren musikaletan ohikoa den bezala, puntako gai sozial eta gizatiarrak landu dituzte ikasleek. Oraingo honetan, autismoa ezagutzera emateaz gain, era batean edo bestean agertu dira beste gai batzuk emanaldian zehar, hala nola Latinoamerikako villa miseria delakoen egoera, haien kultur aberastasuna, sexu berekoen arteko maitemintzea eta euskaldunek han daukagun presentzia. Bide batez esanda, soilik hango Euskal Etxeko zuzendariaren figura ezagutzeagatik merezi izan du emanaldia ikustea.
Beren aurreko lan guztietan bezala, ikasleek beraiek diseinatu eta kontrolatu dituzte arlo artistikoak eta teknikoak, eta Iruñeko Gazte Orkestrak zuzenean jo du kalitate sinfonikoa zeukan musika, hip-hop eta doinu latinoekin ederki uztartuta: argien diseinua ikusgarria izan da, atzeko proiekzio digital garbiek girotu dituzte eszenak, Enara eta Ametsen emozioak txotxongilo koloredunen bidez adierazi dira, Euskal Etxean Lantzeko inauterien irudikapena ikusi dugu, eta erdi akrobazia erdi dantza ziren eszena politek edertu dute bidaia emozionala. Azkenik, lerro hauek musikalaren lelo batekin amaituko ditugu: “Autismoa duten pertsonak ez dira 'beren munduan' bizi; mundu bakarra dago, eta haiek ere honetan bizi dira”.