Konpainiak: Piszifaktoria eta Thusia. Egilea eta zuzendaritza: Mikel Ayllon. Musika: Igor Arzuaga. Jantziak: Betitxe Saitua. Argiak: Marc Cano. Ikus-entzunezkoak: Esti Alonso. Eszenografia: Amaia Garate Olano, Iñaki Ziarrusta (Atx Teatroa). Antzezleak: Irati Agirreazkuenaga, Gabriel Ocina, Aiora Sedano. Lekua: Gasteizko Principal antzokia. Eguna: maiatzak 10.
Piszifaktoria taldearen lehen lan luzearen estreinaldia izan berri da Gasteizko Principal antzokian, bertako besaulki-patioa ia beteta zegoela. Nik dakidala honako hau da taldearen lehendabiziko lan luzea —formatu handian emana, gainera—, eta aukera honetarako Thusia elkartearekin elkarlanean jardun dute. Piszifaktoria Ideien Laborategia artearen hainbat diziplinatan dabiltzan bi laudioar artistak sortu zuten —Mikel Ayllonek eta Igor Arzuagak—, eta Thusia Creadores de Ficcion (fikzio sortzaileak) kooperatiba Bernedotik dator.
Hau ez da gerra bat antzezlanak bi gerra erakusten dizkigu. Beraz, ez da gerra bat, bi baizik. Batean bikote baten desegiteak dakartzan zauri emozionalak eta hondamendia ikusiko ditugu. Bestean munduan dauden benetako gerren irudikapena jasoko dugu. Emanaldian zehar biak egongo dira presente eta etengabe gurutzatuko dira Aiora Sedanok antzezten duen Lei izeneko pertsonaiaren bidez. Izan ere, Lei da hiruren arteko txirikordaren hari zentrala, Zan delakoarekin izandako hausturaren ostean Magenta soldaduarekin solastatuko delako gerrei buruzko kontu askoren inguruan.
Mikel Ayllonen testuak rol nagusia jokatu du antzezlanean, eta garbi esan dezakegu obra honek bete-betean konplitzen dituela testu-antzerkiaren ezaugarriak, egileak idatzitakoak gidatu dituelako une oro eta ezinbestean antzezleen jarduna eta taula gainean gertatu dena. Dena den, ez gaude, inolaz ere, argumentuzko ohiko testu baten aurrean, eta nik nahiago nuke esan testu literario baten antzezpena bizi izan dugula: emanaldian zehar ez da ia argumentu-progresiorik existitu eta pentsamenduari eta etikari dagozkion gogoetak izan dira nagusi protagonisten digresioetan, haiek guztiak tonu poetiko tragikoan blaituta.
Pertsonaia bakoitzaren barne isolamendua irudikatzeko hiru gune desberdindutan banatu da agertokia: ezkerreko gunean edozein kafetegiko mahai borobilak eta aulki metalikoek ordezkatu dute gerrak behin-behinean —ustez— hondatu duen kale-bizitza. Lei egurrezko gela itxi batean egon da denbora ia osoan —laugarren pareta delakoa ez da existitu—, eta bere bikote ohia haren gainean paratu duten beste gela zarratu batean ikusi dugu gehienetan. Goiko laugarren pareta oihal zeharrargi batez estalita zegoen eta han proiektatu dira noizean behin zuri beltzeko irudi prozesatuak.
Amaitzeko, nabarmentzekoa da Gabriel Ocinak eta Aiora Sedanok ahoskera eta deklamazio bikainaren bidez beren pertsonaiei eman dieten egiazkotasuna —Irati Agirreazkuenagak testu gutxi eduki du—, eta bestetik, esan beharra dago proiektu honek osagarri batzuk dakartzala berarekin: pertsonaien iragana ezagutzeko audioak, disko bat soinu-bandarekin, Bunker izeneko aurre-ikuskizuna eta ikasleentzako material didaktikoa. Ez da gutxi, gero!