Konpainia: Anodino Teatroa. Zuzendaritza: Pako Revueltas. Antzezleak: Aiora Sedano, Juanjo Otero eta Aitor Fernandino. Eszenografia eta atrezzoa: Atx Teatroa. Soinu espazioa: Ruben G. Mateos. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Apirilak 29.
Anodino Teatroaren langileen klase borrokari buruzko komediak hausnarketarako parada eskaintzen digu, hain justu, Mendebaldeko gizartean, klase hori bere azkenetan dagoelako ideia asumitua dugunean. Dena den, Anodinok ez du desagerpen hori antzezlanaren eztabaidagune bihurtzen, baizik eta langileriaren gatazkaren indarkeriaren zilegitasuna eta eraginkortasuna.
Jonek eta Eliasek itxialdian jarraitzen dute Ibaialdeko fabrikaren itxieraren aurka. Txarli kanpotik azalduko zaie azken berriak ekartzera. Akordioa lortua dute, baldin eta eguerdirako lantokitik ateratzen badira. Hirugarren pertsonaia azaldu arteko eszenek, ekintzetan baino gehiago, hitzetan dute indarra. Bi diskurtso kontrajarriak mahai gaineratu dizkigute bi langileek, bakezalea bata, indarkeriaren aldekoa bestea. Tarteka-marteka, haien zalantzak adituko dizkiegu: Zenbateraino dugu Ibaialdeko jendearen babesa? Nagusiek lantokia ixtea erabaki dutenean, esate baterako, zein indar du familien larunbat goizeko lapiko jotze sinpatikoak? Eliasi eta Joneri, azken borrokalariei, udal lorezain lanpostu bana lortu diete. Ez al da akordioa izateko motibo nahikorik?
Aktoreek ondo defenditzen dute euren rola; erritmoari ondo eusten dio Obsoletus-ek. Lehenbiziko zatian, eszena bakar baten aurrean geunden inpresioa jaso, eta komediatik askorik ez zegoela pentsatu dut. Bigarren zatian, aldiz, ekintza azkartzearekin batera, histrionismoak gora egin du, eta barre algara ozenagoak zabaldu dira ikusleen artean.
Ordubete pasatxoko Obsoletus hau ausartuagoa da bigarren partean, non Txarlik dioen esaldi batek laburtzen duen fartsa gisa ontzen zaigun kritika: “Iraultzaile folklorikoak bihurtu gara”.
Emanaldian zehar, ez da aldaketa nabarmenik egon ez eszenografian, ez eta argiaren edota soinuaren diseinuan; argumentu mailan, ez da desbideraketarik sortu, ez eta azpi-istoriorik ere; hartara, era sinple bezain argian eta efikazean garatuta dago Obsoletus-en argumentua.
Hamarkadak dira Bilboko zein Ibaizabaleko eraldaketatik, ekonomia zikloaren aldaketatik eta langileen klasearen ustezko suntsiketatik. Hasieran postmoderno honek pentsatu du Obsoletus, antzerki politiko moduan, berandu zetorkigula. Oker nengoen: antzokitik etxerako bidean Maiatzaren Leheneko manifestaldiaren horma irudiak ikusi ditut. Jaka horiak eta ospitaletako garbitzaileen manifestazioak etorri zaizkit akordura, besteak beste. Gure gazteek langileen borroken genealogiaz zenbat dakiten galdetu diot neure buruari.
Horregatik, gurasoentzako edota historia, filosofia, ekonomia eta abarreko irakasleentzako aholkua: gonbidatu gazteak antzokira, eta, historiaren itzalean, egin solasaldia Obsoletus komediaren istorioari buruz. Gogoratzeaz gain, eztabaidatzen hasi, ea akordiorik lortzen duzuen.