antzezpen kritikak
< Duin bizi, duin hil | Hobe bestela >
Besteen ametsak
Agus Perez
ehaze.eus, 2023-02-22
“Ez naiz inoiz Dublinen”

Egilea: Markos Goikolea. Zuzendaritza: Mireia Gabilondo. Zuzendari laguntzailea: Sara Cozar. Eszenografia: Fernando Bernues. Jantziak: Ana Turrillas. Argiak: Xabier Lozano. Antzezleak: Iñigo Aranburu, Iñigo Azpitarte, Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia. Lekua: Galdakaoko Torrezabal antzokia. Eguna: Otsailak 10.

      Pozteko modukoa da antzoki bat ondo beteta ikustea, are gehiago euskarazko lan batekin, are gehiago euskara naturalaren mugan dagoen Galdakao bezalako herri batean. Faktore asko batu behar dira horrelako berri pozgarririk gertatzeko, eta haien artean, seguruenik, programatzaile sendo baten lana zenbatu beharko genuke.

      Orain dela gutxi Zornotza aretoan egon ginen, Titzina Teatreren Búho antzezlana ikusten, eta han aurkitu genuen Luisja bertako programatzaile historikoa, orain gutxi erretiratu dena. Emankizuna hasi bitartean hurbildu nintzaion eta komentatu: “Orain atseden ederra, e?, honezkero ez da zure ardura aretoa beteta ala erdi hutsik egotea!”. Eta berak —lakoniko baina adeitsu, beti bezala—, “badakizu: programatzailearen bakardadea”. Eta nik bueltan, “ados, la soledad del programador de fondo —Alan Sillitoeren liburua gogoan, zu iraupen-programatzailea izan zarelako”.

      Orain urte batzuk, Torrezabalen geundela, hantxe elkartu ginen Josu Kamara, Gotzon Barandiaran eta laurok —Lali Marimon ere gurekin zegoen—, eta Kamarak komentatu zigun nola batzuetan animador cultural-aren rola bete beharko dutenek desanimador cultural bezala jokatzen duten. Aurkikuntza kontzeptual ederra, gero! Ikusleak antzerki onarekin zaletu eta euskarari beldurra galaraztea denbora, pedagogia eta tematze kontua da, eta nik esango nuke nolabaiteko fruitua ari dela ematen Torrezabalgo programazioak.

      Ez naiz inoiz Dublinen egon deitu da han ikusi duguna, eta Arantzazu Fernandez Iglesiasen kritika irakurrita (Berria, urtarrilak 11) animatu naiz antzezlana ikustera. Markos Goikolea gidoilariaren planteamenduan eguberriko familia-afarian gertatzen da guztia: Elena alaba gaztea Londrestik itzuli da han hiru urte eman ostean, eta bere neska-lagun irlandarra aurkeztuko die gurasoei, baina ustez gatazkatsua izan litekeenak ez du batere arazorik sortuko, bai gurasoek bai nebak ondo onartuta dutelako alaba eta arrebaren hautu sentimentala.

      Arazoak, beraz, beste leku batetik etorriko dira, majo etorri ere, inork espero ez zuen lekutik eta egoera posible guztiei ateak irekiz. Spoiler-ik ez egiteko, ezin dut hemen argitu zertan den arazoen jatorria, baina argi dago Markos Goikolearen aurkikuntza bikaina emankorra suertatu dela joko dramatikorako. Alde horretatik, esan beharra dago dohain bereziak behar direla Elenaren pertsonaia antzezteko, eta Aitziber Garmendia gaztetxo eternalak distira berezia eman diola bere pertsonaiari, jakitun izanik esku artean zeukan rola opari berezia dela bera bezalako antzezle on batentzat. Bestetik, haren pare ibili da Iñigo Azpitarte nebaren rolean, eta harengan ere irudikatu da, ahalmen handiz irudikatu ere, norberaren ametsek eta nahiek giza ariman daukaten poderioa. Hain zuzen ere, irudikapen horretan eta besteenak onartzeko ditugun zailtasunetan dautza komedia fin honen balio nagusiak.

      Eta amaitzeko, ezin ulertu bat: zertara dator honen moduko lan hau antzerkigintza berri bezala sailkatuta saltzea? Hau betiko antzerkigintza da, sitsek jandako aspaldiko tresillo erakoa, ondo egina —eskerrik asko—, zozokerietan erori gabe —bazen garaia— eta ohiko familia arazoei ikuspegi garaikidetik heltzen diena —XIX. mendea aspaldi igaro zen—, baina antzerkigintza berritik —nuevas dramaturgias, gaztelaniaz— ez dauka ezer, eszenografia hipernaturalistak eta argumentuzko testuak zalantza izpirik gabe erakutsi diguten moduan.