Non: Antzoki Zaharra (Donostia). Noiz: urtarrilak 27. Egilea: Salomé Lelouch. Konpainia: Txalo Produkzioak. Zuzendaria: Begoña Bilbao. Aktoreak: Itziar Ituño eta Ramon Agirre.
Bikote bat da, bikote sentimentala, emakumea eta gizona. Konfidantzazko, errespetuzko eta maitasunezko harremana irudikatzen dute. Zer-nolako gaietan kontraesanak airean uzteko beldurrik ez dute azaltzen elkarren aurrean. Zintzotasun hori, ordea, ez da berdin islatzen munduarekiko duten jarreran, eta horretaz hitz egiteko beta ematen die egunerokotasunak. Hala nola, genero arteko berdintasunean, jarrera matxistetan eta zintzoa izatean oinarritzen dituzte elkarrizketak eta gatazkak.
Hamahiru eszena labur, deskonektatzeko aukera gutxi ematen dutenak. Trantsizio azkarrak eta interesgarriak, atrezzoa ordenaz aldatuta espazioan eta denboran mugitzen gaituztenak: autobus geltokia, etxea, taberna, eskola, jatetxea... Finean, bizitza partekatzen dute protagonistek eta edozein une edo lekutan izaten dituzte hizketaldiak, azalekoak diruditenak batzuk, baina zinez sakonak diren gaien bueltan.
Emakumea ala gizona, nor den matxistagoa. Afera horrekin jokatzen du egileak eta egoera zehatzekin adibideak ematera dator eszena bakoitza. Biloba musika eskolan hasi da. Nahiago zuten irakaslea emakumezkoa izatea, baina gizonezkoa da eta pedofiloa ote den beldur da emakume protagonista. Gizonak zalantzan jarriko du ikuspegia.
Egoera bakoitza round bat litzateke boxeoan. Ea nork irabazi, ea nor zentzudunago. Faboritoa zein den erabakitzen du ikusleak; ez dakit, baina, etikoki zuzenena denaren ala identifikatuta sentitu garen horren alde egiten dugun. Matxismoa jarrera bat dela irudikatu nahi dute, feminista militante batek ere izan ditzakeela kontraesanak, hala ikusarazten du protagonistak. Eta gizona etsaia izatearen ideia horretatik aldentzen du, konplize bilakatuz. Abiapuntu interesgarria da ez balute gizona politikoki eskuin alderantz bideratu uneren batean, arazoari konponbide bat eskainiko baliote, edo genero problematikaren existentzia testuinguruan jarri eta hura gauzatzeko agenteak zeintzuk diren identifikatuko balituzte.
Umorea nonahi darabil antzezlanak, baina jorratzen dituzten gaiak serioak dira. Musika alaiak, dantzaren errekurtsoak eta energia positiboak publikoa bereganatzen du, baina antzezlanaz gain gaia ere umorez hartzeko arriskua dakar. Bikote bat den heinean kontu pribatuak direla uler daiteke, pertsonala eta norbanakoarena den fenomenoa. Ez ote da eskas geratu hausnarketara bultzatzeko ahalegina? Errealitatea erakusten duten bezalakoa balitz, onartzera baino ez garamatza proposamenak, gure buruaz barre egin eta betiko lez jarraitzera. Bestelako ordena bat existitzeko aukerarik ez balego gisan. Hala ere, baten batek izango du nondik tira.