Konpainia: Dxusturi. Obra: “Lakoste”. Lekua: Errekaldeko udal-aretoa (Bilbo). Data: Otsailak 23. / Konpainia: Atx. Obra: “Balbea”. Lekua: Lemoako Kotxepin kultur etxea. Eguna: Otsailak 25.
Duin bizi, duin hil. Horixe izan daiteke hiru eguneko epean ikusi ditudan antzezlan bien mezu zentrala. Artista bakar banaren sorkuntza izan dira biak ala biak, baina oso planteamendu diferenteetatik heldu dio lan bakoitzak gaiari.
Dxusturi taldearen Lakoste obrak Donostiako Poltsiko Antzerki saria eskuratu zuen orain urte pare bat-edo —merezimendu osoz, nik uste—, eta Eneritz Artetxek berak azaldu digu hori berori taulagaina zapaldu bezain pronto, esanez saria jaso bai, baina horrekin ordaindu zizkiotela gero eman beharreko emanaldi batzuk.
Lanbidearen prekaritatea, beraz, baina hori ez da izan proposamen ausart, gogotsu eta lotsagabe honen gai bakarra, bakeak egiteko beharra duten kontuak beste asko izan direlako: emakumearen gorputzak gazte izateari uzten dionekoa, jendeak tribuetan elkartzeko daukan joera —dela Ternua tribua dela Lakoste tribua—, normala izatearen plantak egiteko ahalegina eta horrek dakarren frustrazioa, beti txarto ateratzen zaigulako (eta, artistak dioen legez, ez da izango ahalegindu ez garelako)...
Diskurtso eszenikoak gehiago edan du alderdi fisikoetatik gogoeta intelektualetatik baino —bertute moduan diot—, eta Artetxe denak emanda ibili da gorputz diziplinatua era koreografikoan erabiliz, aurpegiari distira emanez betaurreko sinestezinei eta ezpainen bizi bereziari esker, hitzak erregistro askotako ahots landuekin hornituz eta emanaldian zehar era guztietako erokeriak txertatuz. Azkenik, tarteka proiektatu diren bideo esanguratsuak eta euskara dotorean izandako ahoskera garbia nabarmenduko ditugu.
Bigarren proposamen eszenikoa —Balbea— Atx Teatroko Iñaki Ziarrustak ekarri digu bere bizkaiera benetan zaporetsuan, Lemoako Kotxepin kultur etxera etorri diren euskaldunen gozamenerako.
Bertan aurkitu dugun agurea aulki gurpildun elektrikoan zegoen gure zain, oxigeno maskara jantzita eta marmarka ikusleok lekua hartu bitartean. Artetxeren obran bezala, errepasoa egin die bizitzaren kontuei, baina guztiz kontrako planteamendu batetik, hau da, zahartuta dagoen gizon baten ikuspegitik. Lan honetan ere plazaratu dira bizitzarekin suminduta egoteko arrazoi asko —beti arerioen eta zailtasunen kontra ibili beharra, zahartzaroak eskaintzen digun destino petrala, inoiz bisitan ez datorkion semea...—, baina, aurrekoan bezala, adore eszeniko itzela eta antzezpen bikaina izan dira lan honetatik hobekien gogoratuko ditugun gauzak.
Armairu misteriotsu batek presiditu du guztia —Ziarrustaren ezaugarri diren gauzaki ilun horietako bat—, eta artistak, agurearen pertsonaia gorpuzteaz gain, Valentina Raposoren txotxongilo eta maskara esanguratsuak maneiatu ditu tarte batzuetan, betiere pertsonaia zentralaren dentsitatea areagotuz. Bestetik, oso gozagarria izan da ikusleekin eduki duen harreman pertsonalizatua, umore beldurgabea nagusi eta unean uneko intzidentziak protagonistaren alde eta salbuespenik gabe jarrita.