Konpainia: Pabiloi 6ko Gazte Konpainia. Egilea: Tomas Afan. Euskaratzea: Idoia Barrondo. Zuzendaritza: Saioa Iribarren. Zuzendari laguntzaileak: Ander Basaldua, Gaizka Chamizo. Eszenografia: Maria Casanueva. Jantziak: Mirari Aranburu. Argiak: Fernando Alcauzar, Edu Berja. Antzezleak: Silvia Larrauri, Luis Mitxelena, Andrea Mora, Uxue Fuertes, Ziggy Docherty, Aitzol Villahoz. Lekua: Bilboko Pabiloi 6 aretoa. Eguna: Urtarrilak 29.
Esanguratsua da Pabiloi 6ren aurtengo lehen estreinaldia euskaraz gertatu izana, Bilbon izaten den euskarazko edozein gauza ia gertakizuntzat jotzen dugulako. Era berean, poztekoa da hirugarren emanaldira ere hainbeste ikusle euskaldun gerturatu izana.
Oraingo honetan, Saioa Iribarren nafarrari enkargatu diote bertako Gazte Konpainia zuzentzea Komedia madarikatua honetan, eta nik uste dut hautu egokia izan dela, kontuan izanda berak Ander Basaldua bizkaitarrarekin gidatzen duen Goitibera konpainiaren estiloa. Olatz Enzunza Mallonaren artikuluan irakurri dugunez (Berria, 2023-1-27), bi testuren arteko aukeraketa planteatu zioten Pabiloi 6tik, eta Iribarrenek Tomas Afan dramaturgoarena (Jaen, Espainia, 1968) hartu zuen, seguruenik gai potoloak tratatzen zituelako, baina baita ere modu eskematikoan idatzita zegoelako.
Egia da jatorrizko izaera horrek aukera eman diela dramaturgiaren arloan askeago jarduteko, baina nik ez dakit noraino izan diren libre testuaren demaseko luzera eta ideien errepikapena inausteko. Izan ere, antzezlan honekin testu-antzerki predikatiboaren arloan aurkitu gara bete-betean, zuzendariak bereak eta bi egin arren erabateko testualtasunari aurre egiteko eta era askotako baliabideak erabiltzeko testuaren zama arintze aldera.
Alde horretatik, nik esango nuke Iribarrenek ahalik eta hoberen jokatu dituela esku artean zeuzkan karta markatuak, groteskotasuna, pantomima eta txantxa bisual ugariren bidez eta ondo bideratuz antzezle gazteen energia neurrigabea. Agertokiaren diseinuak gerra baten irudikapena ekarri digu gogora, horixe izan delako, azken finean, hasiera lausoaren ostean etorri zaigun argumentua. Baina dekorazio hutsaren rola jokatu du, emanaldian zehar ez baitu zeregin aktiborik eduki dramaturgiari edo sakoneko gaien tratamenduari begira.
Horrekin bat egin duten jantziek ere Tadeusz Kantorren estetika ekarri digute gogora, eta ahotsek izaera deklamatibo hanpatua hartu dute une oro, etengabeko epikotasun horrek ikusleengan sor dezakeen nekea gorabehera. Kontrako platerean, presentzia eszeniko sendoa, ahoskera garbi-garbia, keinu aberastasun polita eta talde moduan erakutsi duten kohesioa nabarmenduko ditugu antzezle berri horiengan, eta, bide batez, eskertu sormen prozesua euskaraz gertatu izana.