Noiz: Irailaren 11n. Non: Santana plaza (Iruñea). Hurrengoak: Irailaren 30ean Baionan, urriaren 8an Aiziritzen eta urriaren 15ean Hazparnen.
Han agertu da Antxo Azkarra bere soldadu *mullet-dun* eta bibotedun hipsterrekin. Aita Santuaren gurutzadan dira, mairuen kontra —horiek ere nahiko modernoak, Nike zuriak oinetan—. Gizonak hil, eta andreak Quechua kanpin-denda tuneatuan bortxarako sartzen dituzte. Gerraren gorabeherak ari dira komentatzen, baina arreta gehiago jarri diet aktoreak, Santana plazako eguzkipean, nahi gabe, lehen lerroetara botatzen ari diren izerdi tantei, ea ez ote gaituzten zipriztinduko.
Ez dira gehiegi nekatu borrokaldietan, zerbezak, ordea, batzuk hartu dituzte, kasko urdin bakezaleei, euren euskalkiari eta beste kontu batzuei umoretik erreferentziak eginez. Halako batean, gerra irabazi dute. Califato 3/4 taldearena izan daitekeen musika entzun da orduan, eta Aixa sartu da, printzesa mairua. Danba, fletxazoa. Antxo maitemindu zaigu bere poesiak ulertzen ez baditu ere, eta Afrikara doa.
Sanferminak egin dituzte gero, erregearen itzulera ospatzeko, baina populua eta Javier haserre daude, Gasteiz gaztelarrek hartu dutelako, eta emazte mairua dakarrelako besapean. Merkatariak, aldiz, turismo-eredu neoliberalean oinarritutako plana dute eskuartean, Donejakue bidea aitzakia. Aurrerago ikusiko dugu herri-kirolak direla bide onena.
Iluntzen hasi du eta Antxo langilez jantzita ageri zaigu. Nafarroako armarria taladroarekin egiten ari da. Aixa hil egin delako mezua heldu da Erriberriko jauregira, baita beste batzuk ere (hipsterrak). Baina, azkenerako, Antxo ere eldarnio artean daukagu, bere izenean hildakoak diren mamuekin hizketan: bufoia, mairuak, Gasteizko herritarrak...
Sartzean eskuorria banatu digute testuinguru gisara, baina abaniko gisara erabili dugu gehienok. Iruinkokoaren usaina edo soinua hartu diogu etenaldi laburretan aritu den Izurriaren fanfarreari. Navas de Tolosatik, Olitera eta Tuterara joan garen honetan, historiografoa, apaizak, hartza eta beste agertzen direla ere azalduko nuke, baina ez zaizkit kabitzen hiru ordu luze karaktere hauetan. Amaieran Antxori eskaini dioten performanceak nahikotxo harritu gaitu, eta hori ez dizuet zapuztu nahi.