Cyrano japoniar bat
Agus Perez
ehaze.eus, 2022-10-06
“Cyrano”

(Obraren izenburu osoa: "Izpiliku sasi gibelean gordeturik, Cyranok lixibaren usain ona zuen")

Konpainia: Hecho en casa. Zuzendaritza: Hervé Hestebeteguy. Testua eta moldaketa: Taï-Marc Le Thanh. Euskaratzea: Txomin Urriza Luro. Eszenografia, jantziak eta gauzakiak: Fran Dussourd. Musika: Clo. Maskarak: Annie Onchalo. Kartela: Rebecca Doutremer. Antzezleak: Barbara Rivas, Alazne Etxeberria, Maryse Urruti. Lekua: Galdakaoko Torrezabal kultur etxea. Eguna: Urriak 1.

      Txile, Euskal Herria, Frantzia eta Japonia batzen dira izenburu laburtuz Cyrano deitzen den obran. Txile eta Euskal Herria, Lapurdiko Hecho en casa konpainiak esandako bi herrietan dituelako erroak. Frantzia eta Japonia, orain Galdakaon ikusi dugun lanak Japonian kokatua ekarri duelako eszenara Cyrano de Bergerac frantziar eleberria. Eta izenburu laburtua, jatorrizkoa askoz luzeagoa delako.

     Hartu patxada, irakurle maitea, eszenaratze honen genesia jakin nahi izanez gero. Hasteko eta behin jakin beharra dugu Cyrano bera benetan existitu zela XVII. mendean, eta bi mende geroago Edmond Rostand idazle frantziarrak bere antzezlanik ezagunena plazaratu zuela, haren bizitzan oinarrituta. Gure garaietara etorrita, duela bost urte Hecho en casa konpainiak oraingo Cyrano-ren euskarazko bertsioa estreinatu zuen, eta horretarako Rébecca Dautremer ilustratzaile bikainaren liburu grafiko preziosista eta poetikoan oinarritu ziren, Taï-Marc Le Thanh-ek egindako bertsioa eta moldaketa erabiliz.

     Zer moduz, irakurle? Galdu egin zara sorkuntza honen ibilbide korapilatsu bezain mamitsuan? Espero dut ezetz. Edozein modutan ere, beti gomendatuko dizut Dautremerren ilustrazioak nonbait bilatzea, eskertuko didazulakoan nago eta. Azken datu bat, hala ere: antzezlanak bostehun emanaldi baino gehiago izan ditu Euskal Herrian, Okzitanian, Frantzian eta Espainian –lau hizkuntzotako bertsioak dauzka–, eta Donostiako Gazteszenan ikusi nuen bere garaian, baina ezin nuen harribitxi hau berriz ikusteko aukera galdu.

     Kontua da kalitate bikaineko obra hau ume-antzerki bezala sailkatuta datorkigula eta, horren arabera, arratsaldeko seietan programatzen dute, horrek dakarren balizko ikusleen nahasmenarekin: antzezlan onak eta ausartak bilatzen dituzten ikusleak kanpoan geratzen dira etiketa eta ordutegiagatik, eta euskarazko kulturan sinesten duten gurasoek beren ume txikiak ekartzen dituzte, antzezlanean zehar maila literarioko testu asko izan arren.

     Nola jazo da, orduan, miraria? Zer dela-eta geratu da ume eta gurasoen arreta ordubeteko emanaldian harrapatuta?

     Seguruenik, faktore askoren elkarketa dago fenomeno deigarri horren atzean. Alde batetik, umeek ez dituzte hitzak era intelektualean atzematen, bide emozionaletik baizik, eta alde horretatik garai bateko Japonia klasikoak guretzat daukan exotismoak lehen uneetatik erakarri ditu ikusleak. Bestetik, alderdi eszenikoen lirismoak efektu intentsua sortu du gu guztiongan, eta horretan zerikusi nagusia eduki dute eremu eszeniko poetiko baina dinamikoak, argien erabilera leunak, atzeko oihal zeharrargiak, jantzien eta maskaren diseinu finak eta soinu-bandaren inspirazioak.

     Dramaturgiak ere rol indartsua jokatu du. Alde horretatik, atentzioa eman didate antzezleen keinu-zehaztasunak eta, pasarte dantzatuez gain, edozein mugimendu zehazki koreografiatua izatea. Eta azkenik, hiru antzezleen jarduera –narratzaile bezala ibili dira maskararik gabe, eta pertsonaiak antzeztuz maskarekin– eredugarria izan da, presentzia eszenikoari, ahotsen proiekzioari, deklamazioari eta keinuei begira. Obra hau maisulantzat jo behar dugu, benetan, eta Gazteszenakoaz gain bakarrik Galdakaon eman izanak asko esaten du Hegoaldeko programazioari buruz.