antzezpen kritikak
< Wilt gogoangarri hura | Puntuak lotzen >
Komedia gizatiarra
Agus Perez
Berria, 2012-01-31
“Hil arte bizi”

Konpainia: Txalo Produkzioak. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: urtarrilak 27.

      Itxura batean, Ate joka dibertigarri haren bigarren atalean aurkituko da ikuslea Hil arte bizi hau hasten denean. Dekoratu guztiz figuratiboak erdi pub erdi kafetegia dirudien leku atsegin bat irudikatzen du, eta bertan aurkituko ditu orduko aktore berberak, hiruren nortasunen jarraipena izan zitekeenarena egiten.

      Laster batean, baina, ahaztuta edukiko ditugu komedia hartako pasadizo barregarriak, eta oraingo hariari segika hasiko gara, lehen egoerak eta solasaldiak edozein ikusleren berberak izan litezkeen arren. Baina, hain zuzen ere, horretantxe datza oraingo proposamenaren balio nagusia, eta hasierako eszena horietatik bertatik, argi geratu da ikusle gazteengan sortutako identifikazioa eta pertsonaiekiko atxikimendua.

      Izan ere, Javier Veiga galiziarraren testua printzipioz arruntak diren planteamenduetatik abiatzen da, eta umorezko txinparta etengabeak ateratzen ditu gazteen artean ohikoak diren solasaldi azkar, sarkor, argitsu eta gupidagabeetatik. Bide horretatik, ikusle gazte zein helduek gozamena hartu dute hiru protagonisten arteko egoeren bilakaera ikustean, eta horretan zeresan handia eduki du Iker Galartzaren euskaratzeak, batere konplexurik gabe jaso baitu euskaraz Hegoaldeko lagunarteko hizkera freskoa. Hitz egiterakoan ere bere saltsan ibili da Iker, bere pertsonaiaren arazo larriei sinesgarritasun osoa emanez eta beste bi protagonistekin —Sara Cozar eta Joseba Usabiaga—hirukote eszeniko maitagarria osatuz.

      Jatorrizko testuaren planteamenduan, ordea, sinesteko zaila da sakoneko egoera, eta horren aurka aritu dira hiru aktoreak etengabe, denak emanda aritu ere, zeren eta pertsonaien bat-bateko bilakaerak zerbait gehiago eskatzen zuen inguruko alderdi eszenikoen aldetik —musika, argiztapena…— eta batez ere gertakizunen tempoaren aldetik. Hala ere, sano gozatu dugu laguntasun hautsia berreskuratzearen aldeko apustuarekin, eta oso sentsazio gozagarria utzi digu duintasun parametroetatik eraikitako komedia gizatiar honek.