antzezpen kritikak
< Komedia gizatiarra | Zentzumenak gozatuz >
Puntuak lotzen
Agus Perez
Berria, 2012-01-03
“Ilargiaren bi aldeak”

Konpainia: Hika. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Abenduak 30.

      Geometriak dioenez, marrak bi punturen arteko lotura zuzena dira, eta zientziaren hoztasunetik bizitzaren berotasunera igarota, zeregin berbera eduki dezakete marrek, edo kontrakoa, gauzen arteko eremu kontrajarriak bereiziz. Hori berori diosku Ilargiaren bi aldeak antzezlaneko testuak, eta bide batez ohartarazten gaitu marrak ez direla inoiz korapilatzen utzi behar, oso lan nekeza izaten delako korapiloak deslotzearena.

      Poetika apal baina polit horretan oinarritu da Agurtzane Intxaurraga Hika taldearen azken sorkuntza eratzeko, eta seguruenik, gutxienekoa da bere proposamena haur-antzerki bezala sailkatuta etortzea, zeren eta kasu honetan gutxitan gertatzen diren mirari haietariko bat jazo baita. Izan ere, umeak ikusleen erdiak ziren eta beren ulermena martxan jartzeko lain aurkitu dute, beren gustukoak diren kolore, irudi eta sentsazio gozoetan bilduta; beste erdiak ziren gurasoek eta helduek, berriz, mundu errealaren interpretazio zorrotza eta aldi berean samurra aurkitu dute, eta jakitun izan dira ez zeudela Familia erako ikuskizun ohiko baten aurrean, baizik eta benetako pertsonengana zuzendutako lan baten aurrean.

      Baina mirariak ez dira inoiz zerutik jausten, eta gizakiok eraiki behar ditugu, haiek gertatzekotan ahalik eta prestutasun handiena eta ahaleginik sendoena eginez. Horra hor mirari honetan ezinbestekoak izan diren elementu nagusi batzuk: Makala dj-ak kudeatu duen soinu-banda alai eta koloretsua, Miriam Perez Cazabonek diseinaturiko koreografia jostagarriak, Arantxa Iturbe eta Agurtzane Intxaurragaren testu poetikoak eta, zelan ez, taula gainean aurpegi alaiak eta freskotasun itzela eskuzabal eskaini duten Miren Gaztaņaga eta Amaia Pascual aktore-dantzariak eta Maider Yabar aktore-akrobata.

      Hala eta guztiz ere, ni erdi galduta ibili naiz hasiera batean, ikusten ari nintzenari hari argumentala bilatu nahian, zeren eta emanaldian zehar amonaren oroimenez idatzitako testu ederrak nahastu egin dira jostailu pantailadunen arazoarekin, betiko jolasen aldarriarekin eta gerretako umeen bizipenekin latzekin, fantasiazko irudiak eta musika zituztela lagun. Halako batean, ordea, helduon logika bilatzeari uko egin eta orduan hasi naiz umeen erara gozatzen eta elementu guztien arteko ezkutuko lotura esanguratsua aurkitzen.