Konpainia: Ados. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Otsailak 4.
Zalantzarik gabe gertakizun gogoangarria izan zen Tom Sharperen Wilt eleberriaren agerpena. Nik uste dut 80ko hamarkadaren hasieran irakurriko nuela, eta gogoan dut mundiala iruditu zitzaizkidala haren umore freskoa eta konformismoaren fazeta guztiak satirizatzeko zeukan gaitasuna. Liburuaren arrakasta ikusita, egileak sail bereko lau ondorengo argitaratu zituen, baina ordurako beste gauza askotan murgilduta genbiltzan haren irakurleok, eta hasierako Wilt izan zen gure oroimen kolektiboan betiko iltzatuta geratu zena.
Eta halako batean, hara non Euskal Herriko konpainia batek euskaraz egin duen mundu osoan ezaguna den liburuaren antzerkirako lehen egokitzapena. Ez da marka makala gero! Izan ere, esku artean dugun muntaiaren balio nagusia jatorrizko testuaren moldaketa izan da, eta alde horretatik, aipatzekoa da eleberriaren izpiritu eta tonu azidoa aurkituko dutela ikusleek taula gainean, eta asmatze bikaina izan dela linealtasuna apurtzea eta antzezlana ikerketa polizial zentzugabearen inguruan eratzea.
Dramaturgiaren arloa ere asmatzeen saskian jarri behar dugu, eta horretan zerikusi handi eduki du eremu eszenikoaren diseinu soilak, horrek izugarri erraztu baititu lanaren erritmoa eta eszena ugariren arteko trantsizioak. Taula gainean aulki pare bat eta proiekzioetarako pantaila besterik ez da egon, eta horrekin nahiz jantzien aldaketa egokiekin gauzatu dira argumentuak eskatutako eszena ugariak. Irudi proiektatuek, bestalde, komikien izaera eskematiko baina adierazkorra eduki dute eta kutsu berezia eman diote lanari.
Azkenik, antzezleen lana azpimarratu behar da, beraiek izan direlako testu mardularen gorputza eta arima. Mikel Laskurain eta Isidoro Fernandezek arerio bikote dibertigarria osatu dute, eta gainontzeko guztiek —Aitziber Garmendiak, Miren Gojenolak, Koldo Losadak— beren antzezpenik gozagarrienak eskaini dizkigute interpretatu dituzten hamaika roletan. Antzezleak, gainera, beren hizkera naturalean aritu dira, eta horrek handiagotu egin du pertsonaia bakoitzaren sinesgarritasuna eta emanaldiaren bizitasuna.
Bitxikeria moduan, How to murder your Wife filmeko Stanley Forden muturreko mezu matxista jasateko kapaza denak paralelismo harrigarriak aurkituko ditu eszena batzuetan Tom Sharpek erabilitako argumentu-aitzakiarekin. Sharpek, ordea, askoz bide sanoetatik bideratu zuen bere istorioa. Eskerrak!