Lekua: Donostiako Gazteszena. Eguna: Abenduak 18.
Donostiako Gazteszenan izan dugu Jasone Alba zuzendariaren hirugarren sorkuntzaren berri. Donostiako Arte Eszenikoen Tailerreko irakasleak hamarkada bakoitzean behin plazaratzen du bere lanetariko bat, ezkutuko kronometro batek bultzatuta edo, eta aurreko bietan bezala —Bihozkadak (1995) eta Isla(da)k (2004)— elementu eszeniko guztien elkarketa poetikoa gauzatu da haren eskuetan berriz ere.
Oraingo proposamenak neska takoidun baten kontakizunean du oinarria, eta taula gainean Maider Yabar ibili da —harena ere izan da jatorrizko ideia—, baina egia esateko, behegainetik aldenduta ibili da denbora gehienean, dela takoien gainean dela trapeziotik edo oihal bertikaletik eskegita.
Zuzendariak Dario Fo eta Franca Rameren ipuin dibertigarri bat aukeratu du taula gaineko emakumearen pertsonaia hezurmamitzeko eta, bere ohiko estiloari jarraiki, dentsitate poetiko nabarmena eman dio guztiari, testuaren izaera eskatologiko eta surrealista jatorrizko ideiaren norabide berean jarriz. Gainontzeko alderdi eszenikoak ere, mimo handiz hautatu ditu dena zentzumenen gozamenerako izan zedin eta, bide horretatik, bereziak izan dira jantzien koloreak eta Xabier Lozanoren argi gozagarriak, Rene Aubry eta Metallica eraldatuarekin sorturiko soinu-banda samurra eta elementu eszeniko txikien erabilera magikoa.
Agertokian bakarlari, Maider Yabar-ek trapezista, clown eta aktore moduan dituen gaitasun nabarmenak erakutsi ditu —Rio de Janeiron eta Habanan hezia da, besteak beste—, eta bere ahoskera perfektuak bat egin du Julia Marinen euskaratze argiarekin. Gainera, aipatzekoa da Yabarren ahotsaren tinbre dotoreak eta modulazio landuak asko erraztu dutela ipuineko pertsonaia guztien artean saltoka ibiltzea eta haietariko bakoitzari zegokion nortasuna ematea, trapezio gainean jarrera ikusgarriak gauzatzen zituen bitartean.
Horren guztiaren gainetik, ordea, denboraren neurketa jakintsua eta erritmo pausatu baina sostengatua egon dira, beraiei esker eskuratu baitu pieza hauskor honek bere sakoneko justifikazioa eta sendotasun osoa.